Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2011ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Herrizaingo Saila
2830

AGINDUA, 2011ko maiatzaren 30ekoa, Herrizaingoko sailburuarena, Genero-indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntza emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duena.

Genero-indarkeriaren aurkako Babes Osorako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak, 27. artikuluan, genero-indarkeriaren emakume biktimei zuzendutako diru-laguntza jasotzea arautzen du, baldin eta errenta-maila jakin bat badute eta lana lortzeko zailtasun bereziak izango dituztela susmatzen bada, adina, prestakuntza orokorra edo bereziaren falta eta beste gorabehera sozial batzuk direla eta. Eskubide subjektibo hori aitortzeak aipatu lege organikoaren printzipio zuzentzaile horietako bat segurtatu nahi du, hau da, genero-indarkeriaren biktimentzat baliabide ekonomikoak bermatzea, horiek gizarteratzen laguntzeko asmoz.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2007ko azaroaren 29ko Aginduaren eta Herrizaingoko sailburuaren 2010eko martxoaren 3ko Aginduaren bidez, diru-laguntza hori garatu zen eta laguntza horiek emateko eskakizunak eta baldintzak ezarri ziren. Araudi horiek aplikatzean lortutako esperientziak aditzera eman du hainbat aldaketa sartzeko beharra, besteak beste aipatu behar dugu laguntza horiek bateragarriak direla administrazio publikoek edo horren edozein organismok, erakundek edo entitatek, baita erakunde pribatuek ere, emandako beste edozein laguntzarekin, baldin eta hori lortzeko baldintza genero-indarkeriaren biktima izatea ez bada. Eta horren guztiaren helburu nagusia da genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeak ez zigortzea, nahiz eta diru-sarrera baxua osatzera begirako laguntzak eskatzen dituzten.

Adierazitakoagatik, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Hauxe da agindu honen helburua: genero-indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako laguntza ekonomikoa genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeei emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzea.

2. artikulua.- Onuradunen eskakizunak.

Genero-indarkeriaren emakume biktima guztiak izan daitezke laguntza honen onuradun, baldin eta, laguntza eskatzen dutenean, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea, eskabidea aurkeztu baino sei hilabete lehenago. Baldintza hori ez da beharrezkoa izango, baldin eta emakumea Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldaturik egon bada lehenago.

b) Indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75etik gorako errentarik ez izatea (hilabetero), kontuan izan gabe aparteko bi ordainsarien zati proportzionala.

c) Lana lortzeko zailtasun bereziak izatea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako txostenaren bidez egiaztatuko dena.

d) Lehenago jaso ez izana 1/2004 Lege Organikoaren arabera ezarritako laguntza, ez Euskal Autonomia Erkidegoan ezta Estatuko beste erkidego batean ere ez.

e) Hurrengo artikuluan aurreikusi bezala, genero-indarkeriaren egoera egiaztatzea, babesteko neurriak indarrean sartu zirenetik eta laguntzaren eskabide-egunera urtebete baino gehiago pasatu ez bada.

f) Erasotzailearekin ez bizitzea.

Errolda-agirian erasotzailea ere egongo balitz, horretarako nahikoa izango litzateke bertan aurkeztea bajaren eskabidea, nahiz eta oraindik ebatzi gabe egon.

3. artikulua.- Genero-indarkeriaren egoera egiaztatzea.

Agindu honek araututako diru-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen duen genero-indarkeriaren egoera baliabide hauen bidez egiaztatuko da:

a) Genero-indarkeriaren gertakariak zigortzen dituen epaia, biktimaren aldeko babes-neurriak adosteko dena.

b) Biktima babesteko agindua indarrean egotea eskabide egunean.

c) Salbuespenez, Fiskaltzaren txostenak egoera hori egiaztatuko du: horrek adieraziko baitu salatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak badaudela.

4. artikulua.- Errentak zehaztea.

1.- Errenten gabezia baldintzatzat hartzerakoan, bakar-bakarrik hartuko dira kontuan diru-laguntzaren eskatzaileak dituen edo izan ditzakeen errenta edo diru-sarrerak, aintzat hartu gabe biktimarekin bizi diren familia-unitateko beste kide batzuen errentak edo diru-sarrerak.

2.- Laguntzaren eskatzaileak familia-erantzukizunak balitu, errenten gabezia delako betekizuna betetzen duela ulertuko da, baldin eta familia-unitateko multzoaren hileko errentak, familiako kideen artean zatituta, lanbide arteko gutxieneko soldata baino % 75 gainditzen ez badu.

3.- Errenta edo diru-sarrera konputagarriak izango dira genero-indarkeriaren biktimek edo bere kargura dauden pertsonek dituzten edo izan ditzaketen edozein ondasun, eskubide edo etekin, lanetik eta kapital higikor edo higiezinetik etorrita, baita ondare-gehitzeak, jarduera ekonomikoen eta prestazio izaerako gehitzeak ere, ardurapeko seme-alaba edo adingabe bakoitzeko Gizarte Segurantzako esleipen ekonomikoak izan ezik.

4.- Lanetik ez datozen eta hilean behin baino maiztasun luzeagoz jasotzen diren errentak horretarako zenbatuko dira eta hileka heinean banatuko dira.

5.- Artikulu honek arautzen ez duen guztian, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuak ezarritakoa beteko da.

5. artikulua.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren txostena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak landuko du agindu honen 2.c) artikuluak aipatu txostena; horretan jasoarazi beharko du laguntza jasoko duen emakumeak, adina, prestakuntza orokor edo bereziaren falta eta beste gorabehera sozial batzuk direla eta, ez duela nabarmenki hobetuko baliagarriagoa izatea lanerako, lan munduan sartzeko ezarritako lan-programa berezietan parte hartzearen ondorioz.

Hortaz, laneratzeko ibilbide pertsonala egiterakoan, aurreko paragrafoan adierazitako faktore bakoitza baloratuko da, baita horiek batera duten eragina ere, biktima laneratzeko gaitasunean eta enplegu gaitasuna hobetzen. Adinari dagokionez, kontuan hartuko dira, Lanbideren esperientziaren arabera, laneratzeko zailtasunak eragin ditzaketen adinak. Biktimaren prestakuntza orokorraren edo bereziaren gorabeherei dagokienez, funtsean balioetsiko dira eskolatzerik eza edo, hala egokituz gero, analfabetismo funtzionala. Gorabehera sozialak baloratzeari dagokionez, jasandako indarkeria-egoerarekin eta minusbaliotasun-maila aitortuta duten laneratzeko programetan parte hartzearen edo aprobetxatzearen eraginarekin lotutakoei erantzungo zaie, baita, Lanbideren iritziz, biktimaren laneratzeko gaitasunean eragin ditzakeen beste edozein ere.

6. artikulua.- Senideen erantzukizunak.

1.- Onuradunak, gutxienez, bere kargura dagoen odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senidearekin bizi bada, familia-erantzukizunak egongo dira. Ez dira kargutzat hartuko lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako edozein izaeratako errenta duen seniderik, kontuan izan gabe aparteko bi ordainsarien zati proportzionala.

2.- Eskaera egiterakoan, familia-erantzukizunak bete beharko dira, salbu hurrengo hirurehun egunetan jaioko diren seme-alaben kasuetan. Horrelakoetan, jasotako diru-laguntzaren zenbatekoa berrikusiko da egokitutako zenbatekoari egokitzeko, eskaera egunean ardura horiek elkartu badira.

3.- Dena dela, bizikidetza ere dagoela ulertuko da, genero-indarkeriaren egoeratik etorritako arrazoiak direla-eta etenda badago.

4.- Bizikidetzaren betekizuna ez da beharrezkoa izango mantenu-beharra badago, hitzarmenaren edo epailearen ebazpenaren arabera. Kontrako frogarik ez dagoen bitartean, bizikidetza dagoela uste izango da biktimaren izenean dagoen agirian senideei aitortzen bazaie Gizarte Segurantzako osasun-laguntzaren onuradunak direla.

7. artikulua.- Laguntzaren zenbatekoa.

1.- Oro har, laguntza honen zenbatekoa langabeziako sorospeneko sei hilekoaren baliokidea izango da.

2.- Genero-indarkeriaren biktimak familia-erantzukizunak baditu diru-laguntzaren zenbatekoa honen baliokidea izango da:

a) Langabeziako sorospeneko hamabi hilabete, biktimak bere kargura baldin badu senide edo hartutako adingabea.

b) Langabeziako sorospeneko hemezortzi hilabete, biktimak bere kargura baditu bi edo senide gehiago edo hartutako adingabeak, edo senide bat eta hartutako adingabea.

3.- Genero-indarkeriaren biktimari ofizialki onartu bazaio % 33ko ezintasun maila edo goragokoa, diru-laguntzaren zenbatekoa honen baliokidea izango da:

a) Langabeziako sorospeneko hamabi hilabete, biktimak familia-erantzukizunik ez badu.

b) Langabeziako sorospeneko hemezortzi hilabete, biktimak bere kargura baldin badu senide edo hartutako adingabea.

c) Langabeziako sorospeneko hogeita lau hilabete, biktimak bere kargura baldin baditu bi edo senide gehiago edo hartutako adingabeak, edo senide bat eta hartutako adingabea.

4.- Genero-indarkeriaren biktimak bere kargura badu % 33ko ezintasun maila edo goragokoa ofizialki onartuta duen senidea edo hartutako adingabea, laguntzaren zenbatekoa honen baliokidea izango da:

a) Langabeziako sorospeneko hemezortzi hilabete, biktimak bere kargura baldin badu senide edo hartutako adingabea.

b) Langabeziako sorospeneko hogeita lau hilabete, biktimak bere kargura baldin baditu bi edo senide gehiago edo hartutako adingabeak, edo senide bat eta hartutako adingabea.

5.- Familia-erantzukizunak dituen genero-indarkeriaren biktimak edo harekin bizi den senideak edo hartutako adingabeak ofizialki onartuta badu % 65eko edo goragoko ezintasun maila, diru-laguntzaren zenbatekoa langabeziako sorospeneko hogeita lau hilabeteren baliokidea izango da.

6.- Genero-indarkeriaren biktimak edo harekin bizi den senideak edo hartutako adingabeak ofizialki onartuta badu % 33ko edo goragoko ezintasun maila, diru-laguntzaren zenbatekoa langabeziako sorospeneko hogeita lau hilabeteren baliokidea izango da.

8. artikulua.- Tramitazio elektronikoa.

1.- Interesa duten pertsonek prozedura honen izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ditzakete, baliabide elektronikoen bidez.

2.- Hauek arautzen dute izapide elektronikoa: administrazioaren prozeduretan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak nola erabili behar diren arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua; Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua; eta PLATEA E-Administrazioarentzako Plataforma Teknologikoa ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

3.- Laguntza horiek izapidetzen erabiliko diren baliabide elektronikoen jarraibideak argitaratuko dira helbide elektroniko honetan:

http://www.interior.ejgv.euskadi.net/r42-avvg003/eu/contenidos/ayuda_subve ncion/ayudas_victimas_vg_2010/eu_ayudasvg/ayudas_victimas_vg_2010.html

9. artikulua.- Eskabideak eta halabeharrezko agiriak.

1.- Eskabideak, eskatutako agiriekin batera, aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, adierazitako guztian behar bezala betetako eskabide-orri normalizatuaren bidez. Eskabide-orri eredua agindu honen eranskinean dago, baita helbide elektroniko honetan ere:

http://www.interior.ejgv.euskadi.net/r42-avvg003/eu/contenidos/ayuda_su bvencion/ayudas_victimas_vg_2010/eu_ayudasvg/ayudas_victimas_vg_2010.html

Era berean, eskabideak baliabide elektronikoen bidez aurkez daitezke euskadi.net izeneko helbide elektronikoan:

http://www.interior.ejgv.euskadi.net/r42-avvg003/eu/contenidos/ayuda_subve ncion/ayudas_victimas_vg_2010/eu_ayudasvg/ayudas_victimas_vg_2010.html

2.- Eskatzaileek eskabidea, erantsitako egiaztapenekin batera, aurkez dezakete aukeratuko duten hizkuntza ofizialean. Halaber, eskabideko jardueretan eta prozedura osoan zehar, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, hala ezartzen baitute Euskararen erabilera arautzeko den azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek.

3.- Eskabideek aukera hau ere izango dute: laguntzaren eskatzaileak baimena emango du berariaz, diru-laguntza kudeatzen duen organoak agirien zatiren bat lor edo egiazta dezan eta, horrek ez du galaraziko Administrazio Publikoarenak diren ikuskapen, egiaztapen, kontrol eta ikerketa ahalmenak gauzatzea.

4.- Eskabideak adieraziko du zein egiaztapen ordezka dezake erantzukizunpeko adierazpenak, eskatzaileak sinatutako agiri gisa; horretan adierazten duenez, bere erantzukizunpean, diru-laguntza lortzeko, indarreko araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela eta hala egiaztatzen duen dokumentazioa baduela. Betekizunak jasota egon beharko dira modu zehatzean eta garbian dagokion erantzukizunezko adierazpenean. Erantzukizunezko adierazpenarekin batera doan edo sartzen den edozein datu, adierazpen edo agiriren zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez aipatzeak prozeduran jarraitzeko ezintasuna zehaztuko du eta horrek ez die kalterik eragingo gerta litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administraziokoei. Era berean, aipatu gorabeherak aitortuko dituen Administrazio Publikoen ebazpenak zehaztuko du interesatuak dirua itzultzeko betebeharra, hala badagokio.

Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren aurrean betetzeko egiaztapena automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar bezain beste aldiz, eta aurretik onarpena eman beharrik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Nafarroako Ogasuneko Zerga da salbuespena, bertan zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar baita.

5.- Behar bezala betetako eskabide-orri normalizatuarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen identitatearen kreditazioa (NANa, pasaportea edo baliokidea) eta kargura dituen senideena edo hartutako adingabekoena ere, hori izateko beharra badute.

b) Genero-indarkeriaren egoera egiaztatzen duen dokumentua, agindu honen 3. artikuluan aurreikusitako terminoetan.

c) Bizilagun guztien zerrenda duen erroldatze-agiria, laguntzaren eskabidea aurkeztu baino hilabete baino tarte laburrago bat lehenago egina.

d) Familia-liburua edo, bestela, zaintza, babesa edo tutoretza egiaztatzen duen agiria.

e) Eskatzaileak edo ardurapeko pertsonek % 33ko ezintasun maila edo handiagokoa onartuta badute, eskumeneko erakundeak egindako indarreko ezintasun-egiaztapena.

f) Eskatzailearen eta bere ardurapeko bizikidetza-unitateko kideen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpena edo, hala badagokio, Foru Ogasunean aitorpena egiteko beharra ez izatearen ziurtagiriaren kopia.

g) Enplegagarritasun-txostena.

h) Eskatzailearen edo lan egiteko adina duten bizikidetza-unitateko kide guztien lan-bizitza (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra).

i) Familia-unitatean lan egiteko adina duten pertsona guztien langabezia-txartela edo, hala egokituz gero, ikasten egotearen ziurtagiria.

j) Eskatzailearen eta bere ardurapeko pertsonen kontuen eta bankuko tituluen egoerari buruzko bankuko agiriak.

k) Hirugarrenaren alta-datuak. Hona hemen eredua:

http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta _terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html

6.- Eskabidea izapidetzean eta agiriak aurkezterakoan, aurrez aurreko kanala edo kanal elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen horietaz baliatzera prozeduraren hurrengo izapideetan, izan ere edozein unetan alda baitaiteke. Eskabidearen ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, euskadi.net/nire gestioak izenekoaren bidez egingo dira.

10. artikulua.- Eskabideko akatsak zuzentzea eta dokumentazio osagarria aurkeztea.

1.- Eskabideak oso-osorik beteta ez baleude edo horiekin batera nahitaezko dokumentazioa eransten ez bada eskatzaileari eskatuko zaio hamar lanegunetan eskabidea zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Hori egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko da. Administrazioak, ordea, eskaeraren gaineko ebazpena eman eta jakinarazi egin behar du berariaz, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.- Era berean, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak interesatuei eskatuko die beharrezkoak diren beste datu eta dokumentu aurkeztea, prozeduraren edozein unetan.

11. artikulua.- Kudeaketa, ebazpena eta errekurtsoak.

1.- Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza izango da prozeduraren instrukzioa egiteko eta horiek ebazteko eskumena duen organoa.

2.- Diru-laguntza eman edo ukatuko da Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariaren ebazpen adierazi eta arrazoituaren bidez.

Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio bidea eta beraren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Herrizaingoko sailburuari, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

3.- Laguntzak ematea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskabideak sarrera izan duen egunetik hasita; ebazpen adierazia eman gabe epe hori amaitzen bada emandakotzat hartuko da, betiere Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera jakinaraziko da edo, hala badagokio, Administrazioaren prozeduretan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak nola erabili behar diren arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuaren 21., 22. eta 23. artikuluen arabera.

4.- Azkenean, laguntzaren eskabidea ukatzen bada betekizunen bat ez betetzeagatik, berriro eskatu ahal izango da lehenengo ukapena eragin zuten gorabeherak aldatzen badira.

12. artikulua.- Laguntza ordaintzea.

Laguntza eman eta berehala, ordainketa bakarrean ordainduko da, eskatzaileak eskabide-orria betetzean adierazitako bere titulartasunpeko banku-korrontean. Hortaz, kontu horrek aktibo egon behar du, espedientea bukatzen ez den bitartean.

13. artikulua.- Zenbatekoa berrikustea.

1.- Emandako laguntzaren zenbatekoak goranzko berrikuspena izango du, baldin eta laguntza lehenengoz eskatu eta hurrengo hirurehun egunen barruan jaiotako seme-alabarik badago.

Zenbatekoa berrikusteko eskaera jaiotza gertatu eta hurrengo hiru hilabeteren buruan aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:

a) Eskatzailearen seme-alaben jaiotza-agiria.

b) Laguntza eman eta gero jaiotako seme-alaben batek ezintasuna badu, alegatutako ezintasuna aitortzen dioten agiri ofizialak.

2.- Era berean, zenbatekoaren goranzko berrikuspena egongo da agindu honetan aurreikusitako laguntza ematerakoan biktimak eskatuta balu, beretzat edo bere ardurapeko pertsona batentzat, % 33ko ezintasun maila edo handiagoa aitortzeko eskabide ofiziala, baina oraindik Foru Aldundiari dagokion Zerbitzuak hori ebatzi gabe balego.

Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak emandako laguntzaren zenbatekoa berrikusiko da, betiere ezintasuna aitortzeko ekintza agindu honen babespean egindako eskabidea hurrengo sei hilabeteren buruan gertatuz gero.

3.- Berrikusteko eskaera horri aplikatuko zaio Agindu honetan aurreikusitako prozedura orokor osoa.

14. artikulua.- Diru-laguntza lortzeko baldintzak aldatzea.

Laguntza ematerakoan kontuan hartu diren baldintzak aldatzeak laguntzak emateko ebazpena ere aldatzea ekar dezake, betiere diru-laguntzaren helburua beteta dagoela ulertzen bada eta, hala dagokionean, Administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko batzuk aldi berean emandako diru-laguntzak eta laguntzak jaso direla ulertzen bada, eta, betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak bete badira. Ondorio horietarako, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak aldatzeko ebazpena eman beharko du; horretan, emandako laguntzen zenbatekoak berregokituko dira eta onuradunak behartuta geratuko dira soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera.

15. artikulua.- Baldintzak ez betetzea eta erantzukizunak.

Laguntzaren onuradunak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluak ezarritako kasuetako batean badago edo agindu honetan aplikatu beharreko gainerako arauetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzetako bat betetzen ez badu, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez, ordaintzeke dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko da eta, bidezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta laguntza ordainduz geroztik sortutako legezko korrituak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra; horrek ez ditu eragotziko bidezkoak diren ekintzak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira bidezko lege-ondorioetarako eta erantzukizunen araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

Halaber, jasotako zenbatekoak osorik itzuli egin beharko dira baldin eta laguntza eman bada eskatutako betekizunak bete gabe edo hori ematea eragotziko luketen egintzak edo datuak faltsutuz edo ezkutatuz.

16. artikulua.- Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan, hau izango da jasotako diru-laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak interesdunari jakinaraziko dizkio itzultzeko prozeduraren hasiera eta hori oinarritzeko arrazoiak eta 15 eguneko epea emango dio, interesdunak egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko.

b) Alegazioak jaso edo alegaziorik egin gabe epea pasa ondoren, prozedura amaitutzat joko da, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez.

Itzulketako prozedura ebazteko gehienezko epea sei hilabetekoa da.

Ebazpenean adierazten bada ez-betetzea egon dela, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra adieraziko da. Epe hori borondatezko epealditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin ahal izateko, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoaren arabera.

17. artikulua.- Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

1.- Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza jasotzea bateragarria izango da administrazio publikoek edo horren edozein organismok, erakundek edo sozietatek edo edozein erakunde pribatuk emaniko beste batzuekin, betiere laguntza hori ez bada jaso xede bererako, hau da, hori jasotzeko baldintza ez bada genero-indarkeriaren biktima izatea; dena dela, horrek ez dio kalterik eragingo hurrengo paragrafoan adierazitakoari.

2.- Xedapen honetan araututako prestazioa bateragarria da Indarkeriazko Delituen eta Sexu Askatasunaren aurkako Delituen Biktimentzako Laguntzei eta Asistentziari buruzko abenduaren 11ko 35/1995 Legean aurreikusitako diru-laguntzekin.

3.- Eskatzaileak abenduaren 11ko 35/1995 Legearen babespean laguntzak jasoko balitu edo administrazio publikoek edo horren edozein organismok, erakundek edo sozietatek edo edozein erakunde pribatuk emaniko beste laguntza bat diru-sarreratzat hartu beharko dira, agindu honen 4. artikuluan ezarritako errenten gabezia izeneko betekizuna betetzen duten zehazteko asmoz.

18. artikulua.- Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoa betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak jakinarazten du eskabideetako datuek Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzea izeneko fitxategia osatuko dutela; horren xedea da laguntza-espedienteak kudeatzea, Datuak Babesteko Agentziari jakinarazi eta gero, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar dituen segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaie hirugarrenei jakinaraziko, legeak gaitutako suposamenduetatik kanpo. Datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera, DBLOk espresuki aitorturiko atzipen-, zuzenketa-, baliogabetze- eta aurkaratze-eskubideak burutu ahal izango dituzte, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin harremanetan jarriz (Vitoria-Gasteizko Donostia kalean, 01010).

Administrazio Publikoak aurkeztu diren datuak alderatu ahalko ditu eta beharrezko egiaztapenak egin, laguntzak behar bezala adjudikatzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA.- Finantzaketa eta aurrekontuen egozpena.

1.- Agindu honek arautzen du diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura eta horiek finantzatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.

Publizitate-printzipioa betetzeko asmoz, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariaren ebazpenez argitara emango da, aurrekontu ekitaldi bakoitzaren hasieran, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako emandako dotazioa.

Aurrekontu ekitaldi bakoitzean eman beharreko diru-laguntzen zenbateko osoak ez du gaindituko aipatutako zuzkidura edo haren kopuru eguneratua, Euskal Autonomia Erkidegoan indarreko aurrekontu erregimenaren arabera. Horrelakorik gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Genero-indarkeriaren Biktimak Laguntzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez.

2.- Laguntzak ematea ukatu egingo da, horretarako den aurrekontuan ez badago kreditu egoki eta nahikorik nahi den xederako eta, beraz, agindu honen eraginkortasuna eten egingo da, beste laguntza batzuk emateari dagokionez. Horregatik guztiagatik, agindu hau indarrean dagoen bitartean, ekitaldi ekonomiko batean ezarritako kreditua agortuz gero, egoera horren berri emango da, administrazio-ebazpen baten bidez, eta, ebazpen horretan, kreditua noiz agortu den azalduko du. Ebazpen hori, gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.- Kontuan hartuz arau honen izaera denboran mugagabea dela, aurrekontu-aurreikuspenaren baldintzapean dagoela eta jakin gabeko ekintzak gertatu izana, dagokion ekitaldi osoan zehar aurkez daitezke eskabideak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- Izapidetzen ari diren prozedurak.

Agindu hau indarrean sartu aurretik aurkeztutako eskabideak ebatziko dira agindu honen arabera: genero-indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntza emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duen Herrizaingoko sailburuaren 2010eko martxoaren 3ko Agindua.

Bigarrena.- Gehieneko zenbatekoa ebazpen honetan ezarriko da: genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariaren 2010eko abenduaren 30eko Ebazpena, Herrizaingoko sailburuaren 2010eko martxoaren 3ko Aginduan aurreikusitako diru-laguntzei Euskal Autonomia Erkidegoko 2011rako Aurrekontu Orokorretan emandako dotazioa iragartzen duena. Izan ere, agindu horrek Genero-indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntza emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen baitu. Hain zuzen, 380.000 eurotan finkatu da eta, era berean, agindu honetan ezarritakoaren arabera, 2011ko ekitaldian emango diren laguntzen gehieneko muga izango da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabe geratzen da Herrizaingoko sailburuaren 2010eko martxoaren 3ko Agindua, hor ezartzen baita zer prozedura jarraitu behar den Genero-indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntza emateko eta ordaintzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Interpretazioa eta aplikazioa.

Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariari ahalmena ematen zaio agindu hau betearazteko beharrezko diren jarduerak burutzeko, baita bere eranskina ebazpen bidez aldatzeko edo eguneratzeko ere.

Bigarrena.- Izapide elektronikoa.

Agindu honen 8. artikuluan aurreikusitako izapide elektronikoa abian hasiko da agindua indarrean sartu eta hiru hilabeteko epearen barruan, gehienez ere.

Hirugarrena.- Legedi aplikagarria.

Agindu honek aurreikusten ez duenari dagokionez, aintzat hartuko dira bi hauek: genero-indarkeriaren aurkako Babes Osorako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa eta azaroaren 11ko Legegintzako Dekretuaz onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.

Laugarrena.- Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 30a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.


Azterketa dokumentala