Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2011ko maiatzaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea
2687

EBAZPENA, 2011ko apirilaren 19koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorra Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emateko dena.

Otsailaren 15eko 17/2011 Dekretu bidez (2011ko otsailaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 38 zk.), Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak onartu ziren.

Estatutuen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen zuen gehienez sei hilabeteko epean Gobernu Kontseiluak egutegi bat egingo zuela Estatutuak garatzeko arautegia berrikusteko. UPV/EHU osatzen duten egiturek beren kide anitzeko eta kide bakarreko organoak Estatutu berrien arabera berritu ahal izateko arautegi bat behar dutela ikusita, ebazpen honen bidez argitaratzen den Hauteskunde Arautegi Orokorrak aipatutako egutegia egin eta onartzeari aurre hartu dio. Horrela, Estatutuen 162.1 artikuluan ezarritakoa betetzen da; izan ere, artikulu horren arabera, Gobernu Kontseiluak kide anitzeko eta kide bakarreko organoen Hauteskunde Arautegi Orokorra onartuko baitu.

Ebazpeni honen eranskinean argitaratzen den arautegia UPV/EHUko Estatutuetako 11. artikuluaren lehen eta bigarren ataletan jasotako kide bakarreko eta kide anitzeko organo gehienen hauteskundeetarako ardatza izango da aipatutako arautegiko 1. artikuluan ezarritako baldintzetan. Horrela, bada, 1. artikuluaren irakurketa funtsezkoa da unibertsitateko egitura bakoitzak bere kide anitzeko eta kide bakarreko organoak aukeratzeko Hauteskunde Arautegi Orokorrarekiko duen lotura maila ulertu ahal izateko.

Bestalde, arautegia UPV/EHUko Estatutuetara egokitu da ezinbestean, eta horren adierazgarri da 23. artikulua; izan ere, ikastegietako dekano eta zuzendariak sufragio unibertsal bidez aukeratzeko bertan ezartzen diren ehuneko berriak Estatutuetako 169. artikuluan Unibertsitateko Klaustrorako ordezkariak aukeratzeko jasotako ehunekoak islatzen baitituzte, nahiz eta Unibertsitateen 6/2001 Lege Organikoaren 18. artikuluak ezarritakoaren aginduz, irakasle eta ikertzaile iraunkorrei dagozkien ehunekoak multzo bakarrean elkartu diren, doktore titulua izatea edo ez izatea kontuan hartu gabe. Halaber, hirugarren xedapen iragankor bat gehitu da, ikastegietako batzarren osaerari buruzkoa, Estatutuen 201. artikuluan jasotako agindua betetzeko Estatutuetara egokitutako Ikastegien Oinarrizko Arautegia onartu bitartean. Artikulu horrek eskatzen du hautatuak ez diren pertsonen kopuruak ez desitxuratzea 169. artikuluan ezarritako kidegoen ordezkarien banaketa.

Azkenik, Hauteskunde Arautegi Orokorrak azken urteotan izan dituen aldaketak kontuan hartuta, beharrezkoa zen berregituraketa bat egitea, testuari koherentzia eman eta haren irakurketa errazteko.

Aurreko guztia ikusita, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, 2011ko apirilaren 14ko bileran, Euskal Herriko Unibertsitateko Hauteskunde Arautegi Orokorra onartzea erabaki zuen, eranskinean jasotako moduan.

Bestalde, UPV/EHUko Estatutuetako 187.1 artikuluaren d) atalak idazkari nagusiari ematen dio UPV/EHUko erabaki guztien publizitatea bermatzeko agindua.

Hori guztia kontuan hartuta,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Euskal Herriko Unibertsitateko Hauteskunde Arautegi Orokorra ebazpen honen aginduan jasotako moduan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Bigarrena.- Arautegia indarrean sartuko da argitaratzen den egunean.

Leioa, 2011ko apirilaren 19a.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

ERANSKINA

HAUTESKUNDEEI BURUZKO ARAUTEGI OROKORRA

I. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Araubide juridikoa.

1.- UPV/EHUko Estatutuetako 11. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan jasotako kide anitzeko eta kide bakarreko organoak aukeratzeko hauteskundeak hauteskundeei buruzko arautegi orokor honetan zehaztutakoari jarraituz egingo dira. Salbuespena dira artikulu horretako 1. paragrafoko a) eta i) letretan zehaztutako organoak aukeratzeko prozesuak; hala ere, organo horien arautegietan xedatu ahal izango da arautegi honi jarraitzea.

2.- Ikastegietako, sailetako eta unibertsitateko institutuetako organoak aukeratzeko hauteskundeak arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz egingo dira; hala ere, horien arautegietan xedatu ahal izango da arautegi honi jarraitzea.

3.- Campusetako batzarrak, doktorego eskoletako organoak eta gainontzeko egituretako organoak aukeratzeko hauteskundeetan I. Tituluan zehaztutakoa ezarriko da, hauteskunde prozesuko epeei buruz 6.6 artikuluan zehaztutakoa izan ezik. Gainontzekoan, kasuan kasuko arautegiari jarraituko zaio, arautegi horietan jasota egongo baitira bakoitzaren ezaugarri bereziak eta noiz jarraituko zaion Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrari; kasu horietan, arautegi hau, edozelan ere, osagarria izango da.

4.- Errektorea aukeratzeko hauteskundeetan prozesu horretarako berariazko araudiari jarraituko zaio. Hartan zehaztuta ez dagoen guztirako arautegi hau ezarriko da, baina osagarri izango da.

5.- Klaustroko kideak aukeratzeko eta Klaustroak Gobernu Kontseiluan izango dituen ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak Klaustroak onartutako arautegiari jarraituz egingo dira. Arautegi horretan zehaztuta ez dagoen guztirako arautegi hau ezarriko da, baina osagarri izango da.

6.- UPV/EHUko hauteskundeei buruzko arautegia garatzea eta interpretatzea Hauteskunde Batzorde Nagusiaren eginkizuna da.

2. artikulua.- Erantzukizuna.

Kide anitzeko edo kide bakarreko organoetako karguei esleitutako eginkizunak ez betetzeak erantzukizunak eskatzea ekarriko du.

3. artikulua.- Sufragiorako eskubidea.

1.- Hautesle eta hautagarri izango dira -bakoitza bere hauteskunde taldean- edozein titulazio edo ikasketetan matrikulatuta dauden guztiak edo indarreko izendapen edo kontratua izanda Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean zerbitzuak betetzen ari diren guztiak, betiere, artikulu honetan zehaztutakoari jarraituz kasuan kasuko erroldan ageri badira. Sufragiorako eskubidea pertsonala da eta ezin da beste inoren esku utzi, beraz, ezin daiteke ordezkarien bidez gauzatu.

Sufragio aktiborako eskubidea izateko bete beharreko baldintzak erroldak ixteko egunean ez ezik (hauteskundeetarako egutegian zehaztutako egunean), botazio egunean ere bete beharko dira. Sufragio pasiborako eskubidea izateko bete beharreko baldintzak erroldak ixteko egunean bete behar dira (hauteskundeetarako egutegian zehaztutako egunean) eta agintaldi osoan mantendu.

Hautesle eta hautagai izateko bete beharreko baldintzak betez gero erroldak ixteko egunean, kontrako probarik agertu ezean baldintzok betetzen jarraitzen direla ulertuko da.

Hautagai ez izateko eta bateraezintasunerako arrazoiak legeetan, Estatutuetan, arautegi honetan eta ezar daitezkeen gainontzeko arautegietan ezarritakoak izango dira.

2.- Oro har, ondokoak izango dira hautesle eta hautagai:

a) Unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaile doktoreak; talde honetakoak dira: unibertsitateko katedradunak; unibertsitate eskoletako katedradunak; unibertsitateko irakasle titularrak; doktore titulua daukaten unibertsitate eskolako irakasle titularrak, baldin eta doktore badira. Talde honetakoak izango dira, bestalde, irakasle agregatuak, irakasle osoak, irakasle lankide iraunkorrak, betiere, doktore badira, ikerketa-irakasle eta doktore ikertzaileak.

b) Lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaile ez doktoreak.

c) Gainontzeko irakasle eta ikertzaileak, aurreko bi taldeetako baten ere sartuta ez daudenak.

d) Unibertsitateko lehenengo eta bigarren zikloko eta graduko titulazio ofizialetan matrikulatutako ikasleak, bai eta master ofizialetan, doktoregoan edo berezko tituluetan matrikulatutakoak ere (graduko ikasketa ofizialetara lotutako berezko ikasketetakoak izan ezik). Doktoregoko ikasletzat honakoak hartuko dira: doktoregoko programaren batean matrikula egina dutenak; ikertzeko gaitasuna aitortuta izanik eta tesi proiekturako matrikula egina izanik, ez dutenak tesiaren defentsa egin.

Ikasketa osagarrietako edo bizi osoko prestakuntzako ikasketa berezietako ikasleek sufragio aktiborako eskubidea izango dute, baldin eta eskubide hori izateko bete beharreko baldintza guztiak betetzen badituzte, kontuan izanda, batez ere, prestakuntzaren iraupena eta bozketa eguna, eta, betiere, hauteskundeetan parte hartzeko asmoa adierazten badute.

e) Administrazio eta zerbitzuetako langileak, hau da: UPV/EHUko funtzionarioak eta lan kontratudunak, eta indarreko legediari jarraituz UPV/EHUn zerbitzuak betetzen ari diren beste administrazio publiko batzuetako funtzionarioak.

3.- Unibertsitateko egitura bakoitzerako arautegi honetan eta gainontzeko arautegietan zehaztutakoari jarraituz, aurreko paragrafoko letretan sailkatutako hautesleak beste era batera banatu edo antolatu ahal izango dira kasuan kasuko hauteskundeetarako zehaztutako taldeen arabera.

4.- Konfiantzako lanpostuetan dauden langileak sufragio aktiborako eskubidea baino ez dute izango, baldin eta UPV/EHUko langileen lanpostuen zerrendan berariaz agertzen bada ezaugarri hori.

5.- Hauteskunde talde batean baino ezingo da erabili sufragio aktibo eta pasiborako eskubidea. Pertsona bat aldi berean irakasle eta ikertzailea eta administrazio eta zerbitzuetako langilea bada, arduraldi handieneko profila gailenduko da. Edozelan ere, pertsona bat irakasle eta ikertzailea bada edo administrazio eta zerbitzuetako langilea bada, ezin izango du ikasleen taldean parte hartu hauteskundeetan.

Hauteskunde prozesu jakin batean talde bateko errolda batean baino gehiagotan ageri direnek, arduraldi handien daukaten barrutian baino ezin izango dute eman botoa eta, zalantzarik izanez gero, antzinatasuna izango da irizpide nagusia.

6.- Ikastegi atxikietako ikasleak, administrazioko langileak eta irakasleak ez dira ez hautesle ez hautagai izango.

7.- Hautesleak kasuan kasuko hauteskunde-mahaian emango du botoa; dena dela, botoa aldez aurretik emateko eskubideari buruz zehaztutakoa ere izan beharko da kontuan.

8.- Inor ezin izango da behartu, ezelan ere, botoa ematera edo botoa nori eman dion esatera.

9.- Kasuan kasuko hauteskunde batzordeak ebatziko ditu errolden kontrako inpugnazioak.

4. artikulua.- Ordezkari izateari uztea eta behin betiko eta behin-behineko ordezkapenak.

1.- Ordezkaria izatea norberari dagokion ezaugarria da. Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi:

a) Heriotza, ezintasuna edo kargurako gaitasuna kenduta izatea.

b) Hauteskundeak baliogabetzea.

c) Agintaldia amaitzea.

d) Dimisioa aurkeztea.

e) UPV/EHUko kide izateari uztea edo ordezkari izateko aukeratu zuen ikastegikoa, sailekoa, egiturakoa edo taldekoa izateari uztea.

f) Behin eta berriro, eta arrazoitu gabe, jarraituko hiru (3) bileretara edo, txandaka, sei (6) bileretara ez joatea, kasuan kasuko arautegian bestelakorik jasota egon ezean.

2.- Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena indarrean sartuko da organoko idazkaria jakitun jartzen denean kasuan kasuko arautegian jasotako epearen barruan.

3.- Bestalde, kide anitzeko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoiak emanda, behin-behineko ordezkoak beteko du haren lekua. Horretarako, titularrak kide anitzeko organoko buruari bere egoeraren berri eman beharko dio kasuan kasuko arautegian zehaztutako baldintzak beteta.

5. artikulua.- Ordezkariak aukeratzea.

1.- Hauteskundeak sufragio unibertsal, libre, berdin, zuzen eta sekretuaren bidez egingo dira.

2.- Kide anitzeko organoetarako talde bakoitzeko ordezkariak taldekideek eurek aukeratuko dituzte euren artetik.

3.- Botoak hondar handienaren sistema proportzionala erabiliz zenbatuko dira (ikusi I. eranskineko adibidea).

4.- Kide anitzeko organoetako ordezkariak hautatzeko hautagai zerrendak kolektiboak, itxiak eta ordenatuak izango dira, eta kasuan kasuko barrutiko hauteskunde batzordeari aurkeztu beharko zaizkio hautagai guztien sinadurarekin. Hautagai zerrendek kasuan kasuko hauteskunde taldeari dagozkion kideen laurdenak edo gehiago bete ahal izango dituzte, eta, edozelan ere, gutxienez bi hautagai. Zerrendan, edonola ere, emakumezko bat, gizonezko bat, emakumezko bat, gizonezko bat.... Hurrenkera bete behar da. Hori posible ez bada, arrazoi sendoak, behar bezala egiaztatuak, aurkeztu beharko zaizkio hauteskunde batzordeari eta hark hori erabakitzeko UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzari txostena eskatu ahal izango dio. Ordezkaritza parekatutzat hartuko da kide anitzeko organoan sexu bietako jendea dagoenean ordezkatuta gutxienez % 40an.

6. artikulua.- Hauteskunde prozesua.

1.- Hauteskunde prozesua organo eskudunaren erabakiaren bidez irekiko da.

2.- Honako organoek dute hauteskundeetarako deia egiteko eskumena:

a) Campuseko errektoreordeak, campuseko batzarren hauteskundeetarako, aldez aurretik campuseko batzarrak erabakia hartuta.

b) Ikastegiko dekano edo zuzendariak, ikastegiko batzarrerako hauteskundeetarako edo ikastegiko zuzendaria edo dekanoa aukeratzeko; aldez aurretik ikastegiko batzarrak horri buruzko erabakia hartuta.

c) Zuzendariak, saileko kontseilua edo zuzendaria aukeratzeko hauteskundeetarako, aldez aurretik saileko kontseiluak horretarako erabakia hartuta.

d) Zuzendariak, unibertsitateko institutuko kontseilua edo zuzendaria aukeratzeko hauteskundeetarako, aldez aurretik institutuko kontseiluak horretarako erabakia hartuta.

e) Doktorego eskolako edo beste egitura bateko zuzendariak.

3.- Ezinezkoa bada organoa eratzea, hauteskundeetarako deia egiteko eskudunak artikulu honetako 2. zenbakian adierazitakoak izango dira, aldez aurretik UPV/EHUko errektoreak erabakia emanda; horiek ezean, errektoreak egingo du deia arautegi honetako 9.5 artikuluan zehaztutakoa kontuan hartuta.

4.- Hauteskundeetarako deia egiteko erabakian jasota egongo da zein izango den hauteskunde eguna: erabakia argitaratu eta gutxienez hamar egunera eta gehienez hirurogei egunera izango da, hauteskunde batzordeak kontrako erabaki arrazoiturik eman ezean.

5.- Erabakian, era berean, jasota egongo da hauteskunde egutegia:

a) Errolda ixteko eguna.

b) Behin-behineko erroldak argitaratzeko eguna.

c) Errolda inpugnatzeko epea.

d) Behin betiko errolda argitaratzeko eguna.

e) Hautagai zerrendak aurkezteko epea.

f) Behin-behineko hautagai zerrendak aldarrikatzeko eguna.

g) Hautagai-zerrendak inpugnatzeko epea.

h) Behin betiko hautagai zerrendak aldarrikatzeko eguna.

i) Bozketa eguna.

j) Behin-behineko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

k) Behin-behineko emaitzak inpugnatzeko epea.

l) Behin betiko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

a), b), c) eta d) letretan adierazitako egunak hauteskundeak sufragio unibertsalaren bidez egiten direnean baino ez dira zehaztu beharko; beraz, ez dira zehaztu beharko kide anitzeko organoak berak aukeratzen duenean ordezkaria.

6.- Hauteskunde prozesu guztietan ondoko epeak bete beharko dira:

- Behin-behineko errolda argitara emango da errolda itxi eta gehienez ere 5 egunera, honako lekuetan: ikastegietan eta zerbitzu orokorretan horretarako jarritako iragarki oholetan eta, nahi izanez gero, iragarki ohol elektronikoan. Hauteskunde kanpaina egoki egin ahal izateko, behin betiko aldarrikatutako hautagai zerrendetako ordezkariek erroldaren kopia eskatu eta lortu ahal izango dute, baina erroldak kasua kasuko hauteskunde prozesuarekin zerikusia duten helburuetarako eta arautegi honetan jasotakoetarako baino ezin izango dira erabili. Horrez gain, hautagaiak konpromisoa hartuko du lortutako datuak ez zabaltzeko eta datuon ezelango tratamendurik ez egiteko.

- Erroldan akatsik egonez gero, erroldak argitaratu eta hurrengo hiru egunetan interesdunak inpugnazioa aurkeztu ahal izango du; zuzenketak, epe berean, ofizioz ere egin daitezke, baldin eta hauteskunde batzordeak berak okerrik antzemanez gero.

- Erroldak eta, beraz, hauteskunde taldeen banaketa (hautagai edo hautesle izan zaitezkeen jakin ahal izateko), hauteskunde eguna baino hilabete lehenago itxiko da, hauteskundeetarako onartzen den egutegiari jarraituz.

- Hautagai zerrendak aurkezteko epea, gutxien dela, botazio eguna baino hamar egun lehenago amaituko da.

7.- Hautagai zerrendak aurkezteko epea behin amaituta, barrutiko hauteskunde batzordeak ondokoak egingo ditu: hautagaiek baldintzak betetzen dituztela egiaztatu eta behin-behineko hautagai zerrendak argitaratu; epea zehaztu inpugnazioen kontrako alegazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko eskariak aurkezteko; horiek guztiak ebatzi eta behin betiko hautagai zerrendak aldarrikatuko ditu gehienez bost eguneko epean behin-behinekoak aldarrikatu zirenetik kontatzen hasita edo, akatsak zuzentzeko edo alegazioak aurkezteko eperik egonez gero, epe hori amaitu denetik kontatzen hasita. Ondoren, hautagai zerrenden txartel ofizialak egingo ditu.

8.- Hauteskundeak sufragio unibertsal bidez badira, botoa deialdian zehaztutako egun eta ordutegian emango da kasuan kasuko mahaian, eta hautesleak berak eman beharko du (hurrengo artikuluan adierazitako kasuan izan ezik). Horretarako, kontuan hartuko da hauteskundeak beti eskolaldian egingo direla, eskola orduetan, eta bai goizez, bai arratsaldez. Hauteskunde batzordeak ordutegi bereziak zehaztua ahal izango ditu, horretarako erabakia behar bezala arrazoituta. Mahaiak hauteslearen nortasuna egiaztatuko du unibertsitateko txartela, NANa, pasaportea edo gida baimena erabilita (indarrean egon behar dira), eta erroldan dagoela ziurtatu ondoren, boto txartel ofiziala -behar bezala betea eta behar izanez gero gutunazalean sartuta- boto kutxan sartuko dute; botoa eman ahala, mahaiak boto emailea markatuko du kasuan kasuko erroldan.

7. artikulua.- Botoa aldez aurretik ematea.

1.- Sufragio unibertsal bidez egiten diren hauteskunde prozesuetan parte hartzea errazteko asmoz, hauteskunde batzordeak botoa aldez aurretik emateko aukera onartuko du eta behar den ziurtagiria emango dute. Hauteskunde prozesua kide anitzeko organoaren barruan egiten denean, botoa aldez aurretik eman ahal izango da baldin eta organoaren arautegian aukera hori berariaz zehaztuta badago. Botoa aldez aurretik emateko epea hauteskunde egutegian jasokoa izango da, baina, edozelan ere, hautagaitzak behin betiko aldarrikatzen direnetik botazio eguna baino 48 ordu lehenagoko tartera bitartean izan behar da.

2.- Botoa emateko, boto txartel ofiziala erabiliko da gutunazal ofizial itxian sartuta. Gutunazal itxi hori eta NANaren, pasaportearen, gidatzeko baimenaren edo unibertsitateko txartelaren fotokopia bat beste gutunazal batean sartu beharko dira (edozein izanda ere txartela indarrean egon behar da), eta dagokion mahaiburuari zuzendu. Gutunazal horren kanpoaldean hauteslearen izen-abizenak eta zein taldetako kidea den adierazi beharko da, eta hautesleak hegalean sinatu eta zinta itsasgarriarekin ondo itxiko du.

3.- Behin botazioa amaituta, horrela emandako botoak boto kutxan sartuko dira, hauteslea erroldan agertzen dela egiaztatu ondoren. Hala ere, botoa aldez aurretik eman arren hautesleak berriro eman badu botoa hauteskunde egunean, edo hautesle izateko eskubidea galdu badu, aldez aurretik emandako botoa baliorik gabe geratuko da eta ez da kutxan sartuko.

4.- Hautesleak berak eman beharko dio aldez aurretiko botoa hauteskunde-mahaiko buruari edo eskumenak eskuordetuta dituenari.

5.- Aldez aurretik emandako botoak balioa izan dezan, balioz osatzeko legez zehaztutako quorumarekin osatuko beharko da kide anitzeko organoa eta bozketa egin.

8. artikulua.- Botoak zenbatzea.

1.- Botazioa amaituta, botoak jendaurrean zenbatuko dira.

2.- Boto baliogabeak izango dira:

a) Boto txartel ez ofizialetan emandako botoak edo oharren bat duten txarteletan edo izenen bat ezabatuta edo aldatuta dutenak.

b) Hautagai zerrenda bat baino gehiago adierazita dutenak (zerrenda bat baino gehiago daukaten txartelak direnean); gutunazalean txartel desberdinak sartuta dituztenak, edo, gutunazala nahitaezkoa izanda gutunazal gabe ontzian sartutakoak.

c) Gutunazal ez ofizialetan emandako botoak edo gorabeheraren bat dutenak edo txartel ez ofizialak dituzten gutunazaletakoak.

3.- Boto zuriak izango dira:

a) Txartel ofiziala zuriz daukatenak.

b) Hautagai zerrendarik aukeratuta ez dutenak (zerrenda bat baino gehiago daukaten txartelak direnean).

c) Boto txartelik ez daukaten gutunazalak.

4.- Botoak zenbatzen amaitu ondoren, mahaiko buruak emaitzak irakurriko ditu eta botazioaren akta egiteko prozesua gainbegiratuko du. Mahaiko kide guztiek sinatuko dute akta hori. Aktan honakoak zehaztuko dira: hauteskunde barrutia; emandako boto kopurua; boto baliodunak, baliogabeak eta zuriak; hautagai zerrenda bakoitzak lortutako botoak; eta proposatutako hautetsien izen-abizenak. Era berean, talde bakoitzerako hautatuentzako ordezkoak ere proposatuko dituzte boto kopuruaren arabera ordenatuta, hautaturen batek kide anitzeko organoko kide izateari uzten dionerako. Beraz, norbaitek organoko kide izateari utziz gero, kasuan kasuko zerrendako ordezkoa izendatuko da.

5.- Emaitzetan berdinketarik egonez gero, boto gehien lortu dituen zerrendakoak beteko du postua. Boto kopuruan ere berdinketa badago, zozketa publikoa egingo da.

6.- Emaitzak behin betiko aldarrikatu ondoren, suntsitu egingo dira boto txartelak (ingurugirorako jasangarria den prozeduraren bat erabilita), erreklamazioren bat izan dutenak izan ezik.

9. artikulua.- Hauteskunde batzordeen osaera.

1.- Ordezkariak aukeratzeko hauteskundeetan, hauteskunde batzorde bana osatuko da hauteskunde barrutietan, eta batzordeko kide izango dira hauteskunde talde bakoitzeko kide bat (kasuan kasuko hauteskundeetan boto eskubidea izan behar du).

2.- Hauteskunde Batzorde Nagusiko kideak izango dira: errektorea (batzordeburua izango da); idazkari nagusia; hauteskunde taldeetako kide bana, Gobernu Kontseiluko kideen artetik zozketaz aukeratuak. Zozketan talde bakoitzerako titularra eta bi ordezko aukeratuko dira. Zozketa horretarako, Gobernu Kontseiluko kide guzti-guztiak bakoitza bere taldean sartuko dira.

3.- Ikastegiko hauteskunde batzordeko kideak honakoak izango dira:

a) Dekanoa edo zuzendaria edo hark eskuordetutakoa (batzordeko burua izango da).

b) Idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da); Idazkari akademikoa ez badago, dekanorde batek edo zuzendariorde batek ordezkatuko du. Dekanorde horrek edo zuzendariorde horrek eskuordetuta baditu batzordeburuaren eginkizunak, beste dekanorde edo zuzendariorde batek ordezkatuko du idazkari eta horrek ere ezin badu, beste batek eta abar.

c) Bestalde, ondokoak ere izango dira ikastegiko hauteskunde batzordeko kide, guztiak zozketa bidez ikastegiko batzarreko kideen artetik aukeratuak:

c.1.- Unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat.

c.2.- Gainontzeko irakasle eta ikertzaileen ordezkari 1.

c.3.- Ikasleen ordezkari 1.

c.4.- Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

4.- Saileko hauteskunde batzordeko kideak honakoak izango dira:

a) Saileko zuzendaria edo hark eskuordetutakoa (batzordeko burua izango da).

b) Saileko idazkaria (batzordeko idazkaria izango da). Saileko idazkaria ez badago, saileko zuzendariak izendatutako kidea izango da haren ordezkoa.

c) Bestalde, ondokoak ere izango dira saileko hauteskunde batzordeko kide, guztiak zozketa bidez saileko batzarreko kideen artetik aukeratuak:

c.1.- Irakasleen ordezkari bat.

c.2.- Ikasleen ordezkari bat.

c.3.- Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

5.- Hauteskunde batzordearen osaera ikastegian, sailean edo UPV/EHUko egituran gobernu organorik ez dagoenean:

Unibertsitateko dena delako egituran gobernu organorik ez badago (egitura sortu edo banatu egin delako) arautegi honetako 11. artikuluan zehaztutako eginkizunak betetzeko, hauteskunde batzordea honakoei jarraituz eratuko da:

a) Batzordeko burua: egitura horrek gobernu organorik izango balu, organo horretako buru izateko baldintzak beteko lituzketenen artetik zaharrena.

b) Idazkaria: egitura horrek gobernu organorik izango balu, organo horretako buru izateko baldintzak beteko lituzketenen artetik gazteena.

c) Bestalde, egitura horretako hauteskunde batzordeko kide izango dira egitura osatzen duten taldeetako ordezkari bana, zozketaz aukeratuak taldeko kideen artetik. Ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak egitura sortu edo banatzeko egindako proposamenean jasotako hauteskunde egutegiaren arabera egingo dira.

6.- Campuseko batzarren, doktorego eskolen eta gainontzeko egituren kasuan, bakoitzak bere arautegian zehaztuko du zein osaera izango duen hauteskunde batzordeak, betiere, artikulu honetako lehenengo paragrafoan zehaztutakoari jarraituz.

7.- Hauteskunde batzordearen agintaldia lau urtekoa izango da. Ikasleen ordezkariak bi urterik behin aldatuko dira.

8.- Hauteskunde batzordeko kideren bat hautagai bada, ordezkoa izendatu beharko da adierazitako prozedurari jarraiki, betiere, hori posible bada. Hori egiterik ez badago, saileko, institutuko edo kasuan kasuko egiturako batzarrak edo kontseiluak erabakiko ditu egin beharrekoak.

10. artikulua.- Hauteskunde batzordearen bilerarako deia eta batzordearen funtzionamendua.

1.- Hauteskunde batzordearen bileretarako deia batzordeburuak egingo du.

2.- Batzordearen bilera baliozkoa izan dadin, batzordeko burua eta idazkaria egon behar dira bertan, eta horiez gain, gutxienez batzordeko hiru kide.

3.- Erabakiak hartzeko, bertaratutakoen botoen gehiengoa beharko da. Berdinketa dagoenean, batzordeko buruaren botoak erabakiko du.

11. artikulua.- Hauteskunde batzordearen eskumenak.

1.- Hauek dira hauteskunde batzordearen eskumenak:

a) Hauteskunde prozesuaren gestioa, deialdiari jarraituz.

b) UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra garatzeko Hauteskunde Batzorde Nagusiak erabakitakoa edo batzorde horrek arautegiari buruz interpretatutakoa ezartzea.

c) Hauteskunde prozesuari buruzko gainontzeko arautegia interpretatzea.

d) Antzematen diren hutsuneak edo akatsak zuzentzea, xedapen egokien bidez.

e) Hautesle errolda osatzea, administrazioko zerbitzuek emandako zerrendak oinarri hartuta.

f) Erroldak argitaratzea.

g) Hautesle errolda kontuan hartuta zenbat hauteskunde mahai jarri behar diren erabakitzea; dena dela, ikastegiko edo saileko atal bakoitzeko gutxienez mahai bat jarri beharko da, behar bezala arrazoitutako kasuetan izan ezik.

h) Hauteskunde mahaietako jarduerak zuzentzea eta koordinatzea.

i) Hauteskundeko akta egitea, eta egoki bada, hautagaien behin betiko zerrenda aldarrikatzea, hauteskundeko behin betiko emaitzak ematea eta hautagai hautetsiak aldarrikatzea.

j) Egindako galderei erantzutea eta irizpideak zehaztea, emandako eskumenen babesean.

k) Hauteskunde arloko erreklamazioak ebaztea.

l) Boto txartel ofizialak egitea.

2.- Hauteskunde batzordeak hartutako erabakien kontra erreklamazioa jarri ahal izango zaio errektoreari hiru eguneko epean, eta errektoreak 5 egun izango ditu ebazteko. Errektoreak emandako erabakiaren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa.

3.- Estatutuetako 162.2 artikuluan jasotako Hauteskunde Batzorde Nagusiaren eskumena da UPV/EHUren Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra garatzea eta arautegi hori interpretatzea, betiere, hauteskunde prozesuetan Klaustroak eta errektoreak dituen eskumenak kontuan hartuta.

12. artikulua.- Hauteskunde prozesuari buruzko zalantzak eta galderak.

Unibertsitateko kideek hauteskunde prozesuari buruzko galderak egin ahal izango dizkiote kasuan kasuko hauteskunde batzordeari, idatziz edo ahoz. Galderaren arazoa oso premiazkoa izanik ezinezkoa bada batzordearen bilerarako deirik egitea, baina Hauteskunde Batzorde Nagusiak lehendik emandako erabakiren bat edo bestelako erabakiren bat egoerarekin bat badator, batzordeko buruak edo idazkariak, erabaki horietan oinarrituta, behin-behineko erantzuna eman dezake. Edozelan ere, batzordeak egingo duen hurrengo bileran erantzuna zuzendu edo aldatu egin ahal izango da.

13. artikulua.- Hauteskunde mahaia.

1.- Hauteskunde mahaia hauteskunde talde bakoitzeko kide batez osatuta egongo da, eta kideok aukeratzeko, kasuan kasuko hauteskunde batzordeak jendaurreko zozketa egingo du hautagai zerrendak aurkezteko epea behin bukatuta. Zozketan erroldan agertzen diren guztiak sartuko dira, eta zozketaren buru batzordeburua bera edo hark eskuordetutakoa izango da. Idazkaria batzordeko idazkaria bera edo mahaiaren erabaki bidez izendatutako besteren bat izango da. Mahaiko kideen ordezkoak ere izendatuko dira. Hautagaiak ezin izango dira izan hauteskunde mahaiko kide, betiere hori posible bada. Dena dela, egoera kontuan izanda hautagairen bat mahaian egotea nahitaezkoa bada, hauteskunde batzordearen ustez egoki diren neurriak ezarriko dira.

2.- Hauteskunde mahaiko buru edo kide izatea egokituz gero, nahitaezkoa da eginkizun hori betetzea. Izendapena denbora nahikoaz jakinarazi beharko zaie interesdunei, eta izendapenari uko egiteko aukera izango dute agiri bidezko arrazoi justifikatuak aurkeztuta hauteskunde batzordeko idazkariari. Horretarako epea hauteskunde eguna baino berrogeita zortzi ordu lehenagora artekoa izan behar da. Idazkariak hartuko du horren inguruko erabakia, eta ordezkorik izendatzekotan, horren berri eman beharko du.

3.- Mahaia eratzean ez bertaratzeak zehapenak ezartzea ekar dezake.

4.- Mahaiko zenbait kide bertaratu ez direlako ezinezkoa bada mahaia eratzea, berton daudenek unean bertan emango diote egoeraren berri hauteskunde batzordeari, haren ustez hauteskundeak behar bezala egiteko egokien diren pertsonak aukera ditzan, edo dekano edo zuzendariaren esku utz dezan ardura hori.

14. artikulua.- Hauteskunde mahaia eratzea eta mahaiaren funtzionamendua.

1.- Hauteskunde mahaia botoa ematen hasteko adierazitako ordua baino ordu erdi lehenago eratuko da, hauteskundeei buruzko arautegiari eta hauteskunde batzordeak zehaztutakoari jarraituz. Botoa hauteskunde mahai horren aurrean emango da.

2.- Hauteskunde mahaiaren eginkizunak dira:

a) Botazioan buru izatea.

b) Bozketa bakez egiten dela zaintzea, eta hautagai zerrenda guztietarako nahikoa txartel eta gutunazal daudela ziurtatzea.

c) Boto emailearen nortasuna egiaztatzea.

d) Prozesua gardentasunez egiten dela eta hauteskunde arauak bete egiten direla zaintzea.

e) Botoak zenbatzea eta hauteskundeko akta egitea.

3.- Mahaiak botoen gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak. Berdinketa suertatuz gero, mahaiko buruaren kalitatezko botoak erabakiko du.

4.- Hauteskunde prozesuan gorabehera larririk gertatuz gero, mahaiko buruak Hauteskunde Batzorde Nagusiari jakinaraziko dio lehenbailehen, eta horren berri jasoko du aktan.

5.- Hala nahi duten hautagaiek ikuskari bat proposatu ahalko dute mahai bakoitzeko. Ikuskaria kasuan kasuko mahaiko hauteslea izan beharko da. Ikuskariak izendatzeko eskariak Hauteskunde Batzorde Nagusiari bidali beharko zaizkio, hautagaiak behin betiko aldarrikatu eta hurrengo bi egunen barruan. Ikuskariak izendatzeko eskarian proposatu nahi diren ikuskarien izen-deiturak, helbidea eta telefonoa eman beharko dira, eta horrekin batera interesatuek sinatutako onarpen idatziak aurkeztu. Ikuskari titularra eta ordezkoa izendatu ahalko dira, hartara txandak egin ahal izango dituzte hauteskunde egunean.

6.- Hauteskunde batzordeak, baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, bakoitzaren izendapena egingo du, bi kopiatan. Ikuskariak kopietako bat mahaiko buruari emango dio eta hark mahaia eratzeko aktari erantsiko.

15. artikulua.- Hauteskunde kanpaina.

1.- Hauteskundeetarako deia egiten denetik aurrera, bilerak edo hauteskundeei buruzko informazioa emateko jarduerak egin ahal izango dira. Behin betiko hautagai zerrendak aldarrikatzen diren egunean hasi ahal izango da botoa ekitaldi publikoan eskatzen, ez lehenago.

2.- Jarduera horietakoren batek gorabeherarik sor badezake eskoletan, administrazioan edo beste lan arlo batzuetan, antolatzaileek baimena eskatu beharko diote ikastegiko dekanoari edo zuzendariari edo, egoki izanez gero, saileko zuzendariari.

II. TITULUA

KIDE ANITZEKO ORGANOETARAKO HAUTESKUNDEAK

16. artikulua.- Gutxieneko baldintzak.

1.- Hauteskundeetarako deia egiteko epea hiru hilabetekoa izango da, kide anitzeko organoaren agintaldia legez amaitu denetik edo organoa eratzea ezinezko bihurtu denetik kontatzen hasita. Hala ere, kide anitzeko organoak egoera aztertu, eta kide batzuk bakarrik aukeratzeko egin dezake hauteskunde deia.

2.- Ikastegiko batzarrerako hauteskundeetan, irakasle eta ikertzaileak hauteskunde talde bitan banatuko dira, eta banaketarako irizpidea UPV/EHUrekin lortura iraunkorra izatea edo ez izango da; beraz, 3. artikuluko 2. paragrafoko a) eta b) letretan zehaztutako taldeak hauteskunde talde bakarrean batuko dira.

3.- Kide anitzeko organoetako ordezkariak hautatzeko hautagai zerrendak kolektiboak, itxiak eta ordenatuak izango dira, eta kasuan kasuko barrutiko hauteskunde batzordeari aurkeztu beharko zaizkio hautagai guztien sinadurarekin.

Hautagai zerrenda bakoitzak posta elektronikoko helbide bat edo harremanetarako baliabide arinen bat zehaztuko du (posta elektronikoko helbide, hobe), hauteskunde batzordeak, berak bakarrik, prozesu guztian erabili ahalko duena agiriak eskatzeko, informazioa bidaltzeko edo hautagai zerrendei eskariak egiteko; horrela, azkar eman ahal izango zaie hauteskunde batzordeak hartutako erabakien berri hautagai zerrendei, eta hauteskunde prozesua bizkorragoa eta eraginkorragoa izango da.

4.- Talde bateko kide kopurua kontuan hartuta ezinezkoa edo zaila baldin bada hautagai zerrendak adierazitako eran eratzea, kide anitzeko organoak, interesdunek esan beharrekoa entzun ondoren, ordezkariak aukeratzeko edo izendatzeko egoki diren irizpideak ezar ditzake.

5.- Kide anitzeko organoetarako ikasleen ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak urtero egingo dira, oro har, azaroaren 30etik urtarrilaren 30era bitartean.

Edozelan ere, ahalegina egingo da ikasleei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko, eta azterketa gehien dituzten sasoitik kanpo jarriko da hauteskunde eguna.

17. artikulua.- Botoa emateko prozedura.

Hauteskunde taldeetako kideek boto txartel ofizialen bidez emango dute botoa. Horretarako, onartutako hautagai zerrenda guztietarako nahikoa txartel daudela bermatu beharko da, bai eta boto zuria emateko txartel nahikoa ere, boto emaileak askatasun osoz aukera dezaten txartela boto eskubidea gauzatzeko orduan. Irizpidea bera izango da nahiz eta hautagai zerrenda bakarra egon.

III. TITULUA

KIDE BAKARREKO ORGANOAK AUKERATZEKO HAUTESKUNDEAK

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

18. artikulua.- Kide bakarreko organoak aukeratzeko hauteskundeak.

1.- Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak, saileko zuzendariak edo institutuko zuzendariak bilerarako deia egingo dio saileko batzarrari edo saileko kontseiluari (kasuaren arabera) hauteskundeetarako egutegia erabakitzeko kontuan hartuta 6. artikuluan zehaztutakoa. Bilera horretarako deia egiteko epea agintaldia amaitu baino 30 egun lehenago hasi eta agintaldia amaitu eta hamabost egunera bukatuko da.

Ikastegiko batzarrak edo saileko kontseiluak ohiko edo ez ohiko bilera egingo du deialdian zehaztutako egunean, eta hauteskundeetako egutegia erabakiko du arautegi honetako 6. artikuluan zehaztutako eduki eta epeak kontuan hartuta.

2.- Jardunean dagoen dekano edo zuzendariak ikastegiko batzarrari edo saileko edo institutuko kontseiluari ezohiko bilerarako deia egingo dio dekano edo zuzendari berria aukeratzeko. Dei hori egiteko epea hilabetekoa izango da hauteskundeetarako deia egiten duen erabakia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Edozelan ere, hauteskunde egutegian zehaztutako hauteskunde egunean agintaldia amaituta egon beharko da.

3.- Ikastegiko dekano edo zuzendari eta saileko edo institutuko zuzendari izateko hautagai zerrendak unibertsitateko erregistro orokorretan aurkeztu beharko dira; idatzia ikastegiko, saileko edo institutuko hauteskunde batzordeko buruari zuzendu beharko zaio eta hautagaiaren izen-abizenak zehaztuta eta hautagaiaren sinadura izan beharko du. Horretarako epea barne arautegian jasotakoa izango da eta horrelakorik zehaztuta egon ezean, epea hamar egunekoa izango da hauteskundeetarako deia egiteko erabakia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

4.- Ikastegiko dekano edo zuzendarirako hautagai zerrendari, nahi izanez gero, gobernu taldea eta programa erantsi ahal izango zaizkio, betiere barne arautegian nahitaezkotzat zehaztuta ez badago. Saileko edo institutuko zuzendarirako hautagai zerrendari, nahi izanez gero, idazkaria eta programa erantsi ahal izango zaizkio, baldin eta barne arautegian horrela zehaztuta badago.

5.- Hautagai zerrendak aurkezteko epea behin bukatuta, hauteskunde batzordeak zerrenda onartuak jendaurrean jarriko ditu, eta jarduneko dekanoari edo zuzendariari emango dio horren berri bost eguneko epean.

19. artikulua.- Hautagaiek bete beharreko baldintzak.

1.- Ikastegietako zuzendariak eta dekanoak ikastegiari atxikitako irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik hautatuko dira eta errektoreak izendatuko ditu. Halako irakaslerik ez balego, irakasle eta ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko lirateke.

2.- UPV/EHUren Estatutuetako 212. artikuluan zehaztutakoari jarraituz, saileko zuzendaria saileko kontseiluak aukeratuko du, saileko kide diren irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik, eta errektoreak izendatuko du.

3.- Kide bakarreko organoetako hauteskundeetan hautagai aurkeztu nahi izanez gero, hautagaiak idatzia bidali beharko dio kasuan kasuko organoari, eta ikastegiko batzarreko edo saileko edo institutuko kontseiluko kideen % 10aren babesa izan beharko du. Paragrafo honetan zehaztutakoa ezarriko da, horretarako arautegian bestelakorik zehaztu ezean.

20. artikulua.- Botoa emateko era, botoak zenbatzea eta izendapena.

1.- Ikastegiko dekanoa edo zuzendaria eta saileko edo institutuko zuzendaria aukeratzeko hauteskundeetako boto txarteletan hautagai bakar baten izena agertu beharko da, nahiz eta boto zuria emateko aukerarik ere izango den.

2.- Ikastegiko dekano edo zuzendaria edo saileko edo institutuko zuzendaria aukeratzeko botazioa egin ahal izateko, kide anitzeko organoa balioz eratzeko beharrezko den kide kopurua egon beharko da bertaratuta.

3.- Hautagai bat baino gehiago dagoenean, hautetsia izango da, lehenengo txandan, boto baliodunen gehiengo osoa lortzen duena. Inork lortuko ez balu boto kopuru hori, bigarren botazioa egingo da, baina horretan bakarrik lehiatu ahal izango dira lehen botazioan boto gehien lortu duten hautagai biak. Bigarren txanda honetan boto gehien lortzen duena izango da hautetsia.

4.- Hautagai bakarra dagoenean edo hasiera batean hautagai bat baino gehiago egon arren hauteskunde egunean hautagai bakarra balego gainontzeko hautagaitzak bertan behera utzi dituztelako, txanda bakarra egingo da. Horrelakoetan, hautagaiaren aldeko botoa edo boto zuria eman ahal izango da. Hautagai bakarra ikastegiko zuzendari edo dekano edo saileko edo institutuko zuzendari kargurako hautetsi aldarrikatuko da, baldin eta boto baliodunen herena baino gehiago aldekoak badira.

5.- Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa. Hala ere berdinketa izanez gero, ondokoak izango dira dekanoa edo zuzendaria aukeratzeko irizpideak: maila akademiko handiena; kategorian antzinatasun handiena; nagusiena. Irizpideok hurrenkera horretan ezarriko dira.

6.- Hautagairik ez badago edo zehaztutako prozedurari jarraituz ez bada lortu aldeko boto nahikoa dekano edo zuzendari hautetsia aldarrikatzeko, jarduneko dekanoak edo zuzendariak hauteskundeetarako beste deialdi bat egingo du 30 eguneko epean. Egoera errepikatuz gero, errektoreak ikastegiko dekano edo zuzendari edo saileko edo institutuko zuzendari izenduko du unibertsitatearekin lortura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaile doktoreetako bat. Izendapena arrazoitua izan behar da eta agintaldirako baldintzak zehaztu beharko ditu.

7.- Batzarreko edo kontseiluko idazkariak errektoreari jakinaraziko dio nor izan den hautetsia, hark izendapena egin dezan. Dekano edo zuzendariarekin batera, nahitaez, idazkaria izendatu beharko da.

8.- Ikastegiko dekano edo zuzendari kargua edo saileko edo unibertsitateko ikerketa institutuko zuzendari kargua lau urterako da. Barne arautegiak mugatu ahal izango du zenbat agintaldi egin daitezkeen segidan.

21. artikulua.- Kargua uzteko arrazoiak.

1.- Ikastegiko dekano edo zuzendariak edo saileko edo institutuko zuzendariak hauetako arrazoiren batengatik utziko du kargua:

a) Hilez gero.

b) Legezko ezintasuna izanez gero.

c) Dimisioa aurkeztuz gero.

d) Kargurako gaitasuna kenduta izatea.

e) UPV/EHUko kidea izateari utziz gero, edo ordezkari den ikastegiko, saileko edo institutuko kidea izateari utziz gero.

f) Agintaldia amaituz gero.

g) Ikastegiko batzarrak edo saileko kontseiluak zentsura mozioa onartuz gero, Ikastegien Oinarrizko Arautegian zehaztutakoari jarraituz.

h) Hauteskundeak sufragio unibertsalaren bidez izan badira, kargua utziko du ikastegiko edo saileko batzarrari UPV/EHUko Estatutuetako 172. artikuluan zehaztutakoa aplikatuz.

2.- Nahiz eta agintaldia bukatu edo dimisioa aurkeztu, jardunean jarraituko du ordezkoa aukeratu arte.

3.- Dekano edo zuzendariak legezko beste arrazoiren bategatik edo gaixorik edo kanpoan dagoelako ezin baditu bere eginkizunak bete, arautegiaren arabera dagokion ordezkoak beteko ditu behin behinekoz, eta arautegian zehaztuta ez badago, kasuan kasuko kide anitzeko organoak erabakiko du nor izango den behin-behineko ordezkoa. Sei hilabete baino gehiago emango balu gaixorik edo kanpoan, kasuan kasuko kide anitzeko organoak hauteskundeetarako deia egingo du.

4.- Ikastegiko dekano edo zuzendariak edo saileko edo institutuko zuzendariak kargua utziz gero, haren proposamenari jarraituz izendatutako kargu akademiko guztiek ere utziko dute kargua, baina jardunean jarraituko dute harik eta titular berriak izendatu arte.

5.- Lanpostuan izendapen askez dauden AZPko langileen izendapena berariaz berretsi beharko du dekano edo zuzendari berriak, edo, bestela, ahalik eta arinen egin beharko da lehiaketarako deia.

II. KAPITULUA

KIDE ANITZEKO ORGANOAK IKASTEGIKO KIDE BAKARREKO ORGANOAK AUKERATZEA

22. artikulua.- Ikastegiko zuzendaria eta dekanoa ikastegiari atxikitako irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik hautatuko da eta errektoreak izendatuko du. Halakorik ez balego, irakasle eta ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke. Zuzendaria edo dekanoa aukeratzeko hauteskunde egutegian arautegi honetako 6. artikuluan jasotakoak zehaztu beharko dira eta, horren gain, botaziorako bigarren txanda ere adierazi beharko da, lotura iraunkordun doktorerik hautetsi aldarrikatu ez bada, bigarren txanda egin beharko bailitzateke.

III. KAPITULUA

IKASTEGIKO DEKANO EDO ZUZENDARIA SUFRAGIO UNIBERTSAL HAZTATUAREN BIDEZ AUKERATZEKO PROZEDURA

23. artikulua.- Hauteskundeak sufragio haztatuaren bidez.

1.- Ikastegiko arautegian berariaz jasota badago, ikastegiko dekano edo zuzendaria sufragio unibertsal bidez aukeratu ahal izango da. Ikastegiko zuzendaria eta dekanoa ikastegiari atxikitako irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik hautatuko da eta errektoreak izendatuko du. Halakorik ez balego, irakasle eta ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke. Zuzendaria edo dekanoa aukeratzeko hauteskunde egutegian arautegi honetako 6. artikuluan jasotakoak zehaztu beharko dira eta, horren gain, botaziorako bigarren txanda ere adierazi beharko da, lotura iraunkordun doktorerik hautetsi aldarrikatu ez bada, bigarren txanda egin beharko bailitzateke.

Sufragio aktiborako eta pasiborako eskubidea gauzatu ahal izateko, hauteskunde egutegian berariaz jaso behar da zein egunetan egingo den bigarren txandako bozketa lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaile ez doktoreen artetik aukeratzeko zuzendaria edo dekanoa; izan ere, lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaile doktoreen taldetik aurkeztutako hautagaiak ez badira hautetsi aldarrikatu hurrengo artikuluan zehaztutakoari jarraituz, bigarren txanda egin beharko da.

Erroldak ixteko egun bakarra zehaztuko da hauteskunde prozesu osorako, bai sufragio aktiborako bai pasiborako, eta hautagai hautetsirik ez badago, bozketako emaitzak argitaratuko dira. Hauteskunde egutegian gehienez ere 15 eguneko tartea egongo da lehenengo eta bigarren txandaren artean. Horrela egin ezean, behar bezala arrazoitu beharko da.

2.- Dekanoa edo zuzendaria hautatzeko hauteskundeetako botoa haztatua izango da, ikastegiko talde banaketaren araberakoa. Taldeak eta bakoitzari dagozkion ehunekoak honakoak dira:

a) A taldea, unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaileak: % 63,75.

b) B taldea, gainerako irakasle eta ikertzaileak: % 2,09.

c) C taldea, ikasleak: % 22,08.

d) D taldea, administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 12,08.

Botoen haztapena egiteko, hautagaiei emandako boto baliodunak baino ez dira kontuan izango. Artikulu honen ondorioetarako, boto baliodunak hautagai bakar bat markatuta dutenak izango dira. Beraz, ez dira hautagaiei balioz emandako bototzat hartuko ez boto zuriak, ez boto baliogabeak.

Zenbaketaren akta egin ondoren, hauteskunde batzordeak hautagaia hautetsia aldarrikatuko du behin-behinekoz.

3.- Boto baliodunen haztapena kasuan kasuko hauteskunde batzordeak egingo du. Botoen haztapenari dagokion koefizientea lortzeko, zatiketa egingo da: 2. puntuaren arabera talde bakoitzari dagokion ehunekoa zati hautagai guztiei talde horretan balioz emandako boto guztiak. Hauteskunde batzordeak koefiziente hori ezarriko die hautagai zerrenda bakoitzak talde bakoitzean lortutako botoei, ondorengo puntuan adierazitako irizpideei jarraituz.

4.- Eragiketak egiteko, ondorengo formula eta II. eranskineko adibidea hartu behar dira kontuan.

Gehiengoa osoa izango da boto haztatuen % 50 baino gehiago lortu bada. Formula aplikatzeko irizpideak:

Sa A taldea: Unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaileak.

Sb B taldea: gainerako irakasle eta ikertzaileak.

Sc C taldea: ikasleak.

Sd D taldea: administrazio eta zerbitzuetako langileak.

Pr talde bakoitzari dagokion ehunekoa (artikulu honetako 2. puntuan adierazitakoak).

Vv Hautagaiei talde bakoitzean balioz emandako boto kopurua.

Cp Talde bakoitzaren haztapen koefizientea.

V1 1. hautagaiak lortutako boto kopurua.

V2 2. hautagaiak lortutako boto kopurua.

V3 3. hautagaiak lortutako boto kopurua.

C1 1. hautagaiak lortutako boto haztatuen %.

C2 2. hautagaiak lortutako boto haztatuen %.

C3 3. hautagaiak lortutako boto haztatuen %.

Talde bakoitzean hautagai bakoitzak lortu duen boto haztatua kalkulatzeko formula:

Cp = Pr/Vv, Ci = Cp x Vi, i = 1, 2, 3,...

Hautagai bakoitzak guztira lortutako boto haztatuak hautagai bakoitzak talde bakoitzean lortutako botoen batura izango dira.

24. artikulua.- Hautetsiak aldarrikatzea.

1.- Lehenengo txandan hautetsi aldarrikatuko da hautagaiei balioz emandako boto guztien artetik erdiak baino gehiago lortu dituen hautagaia, aurreko zenbakiak adierazitako haztapenak behin aplikatuta. Inork lortuko ez balu boto kopuru hori, bigarren botazioa egingo da, baina horretan bakarrik lehiatu ahal izango dira lehen botazioan boto gehien lortu duten hautagai biak, lehen aipatutako haztapenak kontuan hartuta.

Bigarren txandan botoen gehiengo soila lortzen duen hautagaia aldarrikatuko da hautetsi, botoen haztapena egin ondoren. Bigarren txanda lehenengo txandako emaitzak argitaratu eta gehienez 10 egunera egingo da.

2.- Hautagai hautetsia behin-behinekoz aldarrikatzen denean, erreklamazioak jarri ahal izango dira aldarrikapena egin eta hurrengo bi egunetan. Kasuan kasuko hauteskunde batzordeak bi eguneko epea izango du (erreklamazioak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatzen hasita) erreklamazioak ebazteko, eta, ondoren, behin betiko aldarrikatuko du nor den hautetsia.

3.- Hautagai hautetsia behin betiko aldarrikatzearen kontra errekurtsoa jar dakioke errektoreari hiru eguneko epean, eta hark bost eguneko epea izango du errekurtsoa ebazteko. Epe hori igarota ez badu horren gaineko berariazko erabakirik eman, erreklamazioa ezetsi egin dela ulertu beharko da eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du erreklamazio egileak.

4.- Hautetsia behin betiko aldarrikatu aurretik, hauteskunde batzordeak baliogabetu egin ahalko du mahai bateko edo zenbaitzuetako botazioa, baldin eta botazioaren emaitzan eragina izan dezakeen akatsik egon bada. Horrelakoetan, berriro egingo da botazioa ahalik eta arinen.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lehenengoa.- Kide anitzeko gobernu organoen aldi baterako osaera.

Kide anitzeko gobernu organoek egungo egitura mantenduko dute UPV/EHUko Estatutu berrietan zehaztutakoari jarraituz organook berritu edo eratu arte, eta hori Estatutuak indarrean sartu eta bi urteko epean egin beharko da.

Bigarrena.- Sail sortu berrietarako behin behineko gobernu organoak.

1.- Sail berria eratu behar denean (saila sortu edo banatu egin delako), saileko kontseilua eratu bitartean eta behin-behinekoz, kide anitzeko organo bat eratuko da sailaren funtzioak bermatu ahal izateko.

2.- Behin-behineko kide anitzeko organo horrek honako osaera izango du:

a) Saileko burua: saileko hauteskunde batzordeko burua den bera.

b) Idazkaria: saileko hauteskunde batzordeko idazkaria den bera.

c) Irakasle iraunkor guztiak eta irakasle doktore ez iraunkor guztiak.

d) Sailari atxikitako gainontzeko irakasleen artetik ordezkari bat hiru irakasleko.

e) 1. zikloko edo graduko ikasleen ordezkari bat eta 2. zikloko edo master ofizialeko ikasleen beste bat, Ikasleen Kontseiluak aukeratuak.

f) Doktoregoko ikasleen ordezkari bat. Aukeratzeko, behin-behineko kide anitzeko organoko buruak bilerarako deia egingo die bai saileko doktoregoko programa eta tesietan, eta berezko tituluetan matrikulatutakoei, bai kontraturik ez daukaten ikerketako bekadunei.

g) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Hirugarrena.- Ikastegiko batzarraren adi baterako osaera, baldin eta Ikastegien Oinarrizko Arautegia onartu baino lehen berritu behar bada.

1.- Estatutuei jarraituz Ikastegien Oinarrizko Arautegi berria onartu bitartean ikastegiko batzarra berritu egin behar baldin bada, ondokoa izango da osaera:

2.- Ondokoak izango dira ikastegiko batzarreko kide: dekanoa edo zuzendaria (bera izango da batzarburua); idazkaria; administrazio eta zerbitzuetako langileen artetik, ikastegiko administrazioaren arduradun nagusia dena; ikastegira atxikitako sail ataletako koordinatzaileak; eta egungo barne arautegietan jasotako kide kopurua, unibertsitateko taldeen arabera era honetara banatua:

Unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaileak: % 63,75.

Gainerako irakasle eta ikertzaileak: % 2,09.

Ikasleak: % 22,08.

Administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 12,8.

Ikasleen taldean eta gainontzeko irakasle eta ikertzaileen taldean, gehiegiz biribilduko da hurrengo zenbaki osora. Gainontzeko taldeetarako, hamartar handienera biribilduko da.

Edozelan ere, hauteskunde talde guztiek gutxienez ordezkari bana izango dute ikastegiko batzarrean.

3.- Ikastegiko batzarreko berezko kide dira: dekanoa edo zuzendaria (bera izango da batzarburua); idazkaria; administrazio eta zerbitzuetako langileen artetik, ikastegiko administrazioaren arduradun nagusia dena; ikastegira atxikitako sail ataletako koordinatzaileak. Estatutuetako 169. artikuluan zehaztutako banaketatik ahalik eta gutxien aldentzeko, dekanordeek eta zuzendariordeek ikastegiko batzarrean gehienez izango duten berezko kide kopurua ondorengoaren araberakoa izango da:

Lehenengo eta behin, ikastegiko dekanorde edo zuzendariorde kopuruaren eta koordinatzaile kopuruaren arteko batura egingo da.

Batura zati bi egingo da.

Emaitza horri koordinatzaile kopurua kenduko zaio.

Kendura hori izango da ikastegiko batzarrean dekanorde edo zuzendariordeek izango duten berezko kide kopura. Hala ere, ikastegiko batzarrean, dekanordeak ezin izango dira izan batzarreko kide hautagarrien ehuneko hamar (% 10) baino gehiago.

Sail ataletako koordinatzaile guztiak dira ikastegiko batzarreko berezko kide; beraz, aurreko paragrafoan koordinatzaileen gainean egindako aipamenak ikastegiko batzarrean dekanordeek edo zuzendariordeek izango dituzten berezko kideak kalkulatzeko baino ez dira.

4.- Ondokoak izango dira ikastegiko batzorde iraunkorreko kide, baldin eta batzorde iraunkorrik badago: dekanoa edo zuzendaria; idazkaria; ikastegiko administrazioaren arduradun nagusia; eta hauteskunde taldeetako ordezkarien kopuru jakin bat (ikastegiko batzarrean talde bakoitzak daukan ordezkari banaketa mantenduko beharko da). Edozelan ere, batzorde iraunkorrean gutxienez ordezkari bana izango dute ikastegiko batzarrean ordezkaria daukaten taldeek, eta behar izanez gero, gorantz biribilduko dira kopuruak.

5.- Ikastegiko batzarra eta batzorde iraunkorra arautegi honetako I. Eta II. Tituluetan zehaztutakoaren arabera aukeratuko dira.

Laugarrena.- Saileko kontseiluaren adi baterako osaera, baldin eta Sailen Oinarrizko Arautegia onartu baino lehen berritu behar bada.

1.- Estatutuei jarraituz Sailen Oinarrizko Arautegi berria onartu bitartean saileko kontseilua berritu egin behar baldin bada, ondoko izango da osaera:

a) Saileko zuzendaria (kontseiluko buru izango da).

b) Idazkaria.

c) Irakasle iraunkor guztiak eta irakasle doktore ez iraunkor guztiak.

d) Sailari atxikitako gainontzeko irakasleen artetik ordezkari bat hiru irakasleko.

e) Doktoregoko ikasleen ordezkari bat.

f) Bigarren zikloko edo master ofizialeko ikasleen ordezkari bat eta 1. zikloko edo graduko ikasleen beste bat.

g) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

2.- Saileko kontseiluan hogeita sei kide baino gehiago direnean, batzorde iraunkorra eratuko da, saileko kontseiluak bere kideen artetik aukeratua. Saileko kontseiluak hogeita sei kide baino gutxiago dituenean, batzorde iraunkorra eratu ahal izango da saileko kontseiluak hala erabakitzen badu. Erabaki hori hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo osoa behar izango da. Edozein dela ere saileko kontseiluko kideen kopurua, batzorde iraunkorreko osaera honako izango da:

a) Saileko zuzendaria (kontseiluko buru izango da).

b) Idazkaria.

c) Sail ataletako koordinatzaileak.

d) Irakasleen sei ordezkari: 5 ordezkari irakasle funtzionario, lan kontratuko irakasle iraunkor, irakasle iraunkor eta irakasle doktore ez iraunkor guztien artetik aukeratuak; ordezkari 1 sailari atxikitako gainerako irakasleen artetik aukeratua.

e) Bekadunen eta ikasleen ordezkari bat.

f) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

3.- Saileko kontseilua eta batzorde iraunkorra arautegi honetako I. Eta II. Tituluetan zehaztutakoaren arabera aukeratuko dira.

Bosgarrena.- Unibertsitateko beste arautegi batzuetan hauteskundeei buruz zehaztutakoa modu automatikoan aldatzea.

Ikastegien Oinarrizko Arautegian, Sailen Oinarrizko Arautegian, ikastegietako arautegietan eta sailen arautegietan hauteskundeei buruz zehaztutakoa modu automatikoan aldatuko da Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokor honetan zehaztutakoagatik, arautegi hau UPV/EHUko Estatutuetara egokitzeko aldatu den heinean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehenengoa.- Saileko, ikastegiko edo institutuko arautegia Hauteskunde Arautegi Orokorrera egokitu bitartean, ez dira, inolaz ere, bertan behera utziko Estatutu edo arautegiei jarraituz egin beharreko hauteskunde prozesuak.

Bigarrena.- Arautegi honetako 5.4 artikuluan zehaztutakoa ezarriko da, baldin eta kasuan kasuko taldean kide gutxien dituen sexukoak talde osoaren gutxienez % 25a badira. Hori bete ezean, hautagai zerrendan gizon eta emakumezkoek duten ehunekoa, gutxien dela, campusean, ikastegian, sailean edo ikerketako unibertsitate institutuan hauteskunde talde berak kide gutxien dituen sexurako daukan ehuneko bera izan beharko da, eta zerrendan, edonola ere, emakumezko bat, gizonezko bat, emakumezko bat, gizonezko bat.... Hurrenkera bete behar da horretarako aukerarik dagoen heinean.

Hirugarrena.- Hauteskunde prozesu baten ondorioz edo bat-bateko arrazoiengatik kide anitzeko organoan posturen bat bete gabe badago eta ezinezkoa bada betetzea, organoa balioz eratzeko beharrezko den kopururako betetako postuak baino ez dira kontuan hartuko.

Laugarrena.- Botoa boto kutxa elektronikoan edo bide telematikoz eman ahal izateko, errektoreak baimena eman beharko du, aldez aurretik egiaztatuta baliabide tekniko egokiak daudela bermatzeko urraezintasun printzipioa, hautesle bakoitzak boto bakarra emango duela, pribatutasuna, hautesleari bere botoa zenbatu egingo dela egiaztatu ahal izateko sistema eta irisgarritasuna. Horrelakoetan, Gobernu Kontseiluak garatutako arautegiari jarraitu beharko zaio.

Bosgarrena.- UPV/EHUk Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo betez gero jarduera akademikorik, deialdietan bideak zehaztuko dira hauteskunde taldeen parte hartzea bultzatzeko eta botoa ematea ahalbidetzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen gehigarrietatik bosgarrenean zehaztutakoa gorabehera, arautegi honek indargabe utziko du Hauteskunde Arautegi Orokorra, Gobernu Kontseiluak 2004ko otsailaren 25ean onartua (2004-03-30eko EHAA; 61. zk.), eta ondoren aldarazia Gobernu Kontseiluaren ondoko erabakien bidez: 2004-06-17ko erabakia (2004-07-22ko EHAA; 139. zk.), 2005eko irailaren 29ko erabakia (2005-11-04ko EHAA; 210. Zk.), eta 2008ko maiatzaren 8ko erabakia (2008-06-13ko EHAA; 112. zk.).

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, eta argitaratu ostean abian jarriko diren prozedura guztiei ezarriko zaie. Tramitean dauden prozesuak, ostera, baliodunak izango dira.

I. ERANSKINA

Ordezkariak honela banatuko dira hondar handienaren sistema proportzionalari jarraiki:

Hautesle errolda: 120.

Esleitutako ordezkariak: 6.

Emandako boto kopurua: 118.

Boto baliogabeak: 2.

Boto baliodunak: 116.

Boto zuriak: zero.

Boto baliodunak = Emandako boto kopurua - boto baliogabeak

Ondoko formula hau erabiliko da koefizientea lortzeko:

Boto baliodunak - Boto zuriak = 116

Ordezkari kopurua 6

Koefizientea = 19,33 (hamartar birekin kalkulatuko da)

Hautagai zerrenda Boto kop. Kozientea Ordezkariak Hondarra 2. banaketa

1 12 19,33 0 12 1

2 7 19,33 0 7

3 5 19,33 0 5

4 27 19,33 1 7

5 6 19,33 0 6

6 26 19,33 1 6

7 15 19,33 0 15 1

8 18 19,33 0 18 1

Banaketa honakoa izango da:

Lehenengo banaketan 4. eta 6. hautagai zerrendek ordezkari bana lortuko dute.

Bigarren banaketarako zenbaki osoak erabiliko dira. Horrela, bada, 4. eta 6. hautagai zerrendek 19,33 erabili dutenez lehenengo banaketan, 7,67 eta 6,67 geratuko zaie, hurrenez hurren; beraz, bigarren txandarako zenbaki osoak baino ez direnez erabiliko, hondarra 7 eta 6 izango da, hurrenez hurren. Horrela, 1., 7. eta 8. hautagai zerrendek ordezkari bana lortuko dute.

Ordezkari bat dago oraindik esleitu gabe, eta hautagai zerrenda bi geratzen dira banaketarako (hondarra: 7): 2. eta 4. zerrenda.

Berdinketa dagoenerako, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 8. artikuluko 5. paragrafoan jasota dago zein irizpide erabili: boto gehien lortu duen hautagai zerrenda; hala ere berdinketa badago, zozketa egingo da.

Irizpide horien arabera, beraz, 4. hautagai zerrendak lortuko du ordezkaria, horixe izan baita boto gehien lortu duena.


Azterketa dokumentala