Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2011ko apirilaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
1876

EBAZPENA, 2011ko otsailaren 25ekoa, Industria eta Energiako sailburuordearena; honen bidez, teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Industria programa arautzen duen Aginduan ezarritako esparruan, 2011ko ekitaldirako laguntzak emateko deialdia iragartzen da.

Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2007ko maiatzaren 21eko Aginduaren bidez teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Industria programa arautzen da (2007ko ekainaren 12ko EHAA, 112. zenbakia), eta 2007ko abenduaren 18ko beste Agindu baten bidez aldatu egin zen (2008ko urtarrilaren 29ko EHAA, 20. zenbakia).

Laguntza horiek emateko ekonomia-baliabideak abenduaren 23ko 5/2010 Legean ezarritako aurrekontu-partidetatik aterako dira, eta Lege horren bitartez, 2011ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dira.

Azaldutakoaren arabera, eta Agindu horren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, bidezko da bertan finkatutako laguntzetarako deialdia egitea 2011ko ekitaldirako eta horretarako beharrezkoak diren arauak ematea.

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Honako hau da ebazpen honen xedea: teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Industria programa arautzen duen Aginduan aurreikusitako laguntzak, itzuli beharreko aurrerakin gisa, 2011 ekitaldian emateko deialdia egitea.

Horretarako 26.000.000 euro bideratuko dira, 5/2010 Legean (abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) ezarritako aurrekontu-partidetan esleitutako kredituen kargura.

Deialdi honen kontura emango diren diru-laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko artikulu honetan ezarritako zenbatekoa edo zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena, indarreko legedian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraiki. Beraz, zenbateko hori agortzen denean ez da laguntza gehiago emango, eta xedapen honek une horretan bertan utziko dio eraginkorra izateari. Kasuan kasu, bi egoera horien berri jakinarazi behar da Industria eta Energiako sailburuordearen ebazpen bidez.

2. artikulua.- Eskakizunak.

Eskatzaileek, teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Industria programa arautzen duen Aginduan aurreikusitako laguntzak baliatzeko, erakunde onuradun izan beharko dute, 2007ko maiatzaren 21eko Agindu horretan ezarritakoari jarraiki.

3. artikulua.- Eskabideak eta epea.

1.- Era berean, eskabideak eta gainerako dokumentazio gehigarria Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatean (SPRI SA) -bulegoak Bilboko Urkixo zumarkaleko 36. zenbakiko 4. solairuan dituen erakundean- aurkeztuko dira, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean -urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutakoan- aurreikusitako edozein bidetik.

Eskabide-eredua eta formularioak Interneteko helbide honetan bete edota bertatik deskarga daitezke: www.spri.es/gauzatu.

2.- Eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta horretarako kreditua lehenago agortzen ez bada, 2011ko maiatzaren 13an amaituko da.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da indarrean.

Bigarrena.- Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 25a.

Industria eta Energiako sailburuordea,

FRANCISCO JAVIER GARMENDIA MARTÍNEZ.


Azterketa dokumentala