Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2011ko martxoaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
1652

AGINDUA, 2011ko otsailaren 17koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena; agindu honen bidez, nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzen deialdia egiten da, 2011ko ekitaldirako, uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren babesean.

Nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzei buruzko uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuak xedetzat du nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza suspertzeko eta pizgarritzeko laguntzen araubidea ezartzea eta arautzea. Dekretuak xede du Nekazaritzako Elikagaien eta Arrantzaren sektoreetan I+G+B bultzatzea, eta Elikagaien Industriaren Kalitatearen Plan Estrategikoa eta Zuraren Plan Estrategikoa bultzatzea.

Araubide horrek aukera ematen du diru-laguntzak modu zuzenean emateko.Arestian aipatutako dekretuaren 10. artikuluak ezartzen du urtero bertan ezarritako laguntzak deituko direla eta artikulu horretan jasotzen diren puntu batzuk zehaztuko direla.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarri egingo dira programen diru- laguntzak emateko arauak eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat. Behin Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legea onetsita, beraz, beharrezkoa da deialdi hori egitea.

Horri jarraiki, hauxe

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Xedea.

Agindu honen xedea da uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuan aurreikusitako nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzen deialdia egitea, 2011ko ekitaldirako.

Bigarrena.- Eskabideak aurkezteko epea eta eskabide eredua.

1.- Uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren babesean emango diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu honek ondorioak dituen egunetik zenbatzen hasita.

2.- Hala ere, proiektuen eskabideak epe barruan aurkeztutzat joko dira 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztuz gero, uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 8. artikuluaren 1. paragrafoko b) idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorrita.

3.- Eskabidea Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria- Gasteiz) eta web orri honetan eskura daiteke: www.nasdap.ejgv.euskadi.net.

Hirugarrena.- Aurrekontu-kreditua.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eta uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 6. artikuluko a), b), c) eta d) idatz-zatietan aurreikusitako ekintzak finantzatzera bideratuta dagoen aurrekontu-kreditua 1.050.000 eurokoa da. Kopuru horretatik, 750.000 euro 2011. urterako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 300.000 euro, berriz, 2012. urterako konpromiso-kredituari.

2.- Uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 6. artikuluko e) idatz-zatian aurreikusitako ekintzak finantzatzera bideratutako kredituak, berriz, 227.897 euro izango dira, eta kopuru horretatik, 145.854 Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira, eta 82.043, FEADER erkidego-funtsaren kontura, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Iraunkorreko 2007-2013 Programaren babesean. Horiek guztiak 2011ko ekitaldirako ordainketa-kredituari dagozkio.

3.- Eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik, zenbateko horiek aldatu ahal izango dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekonturik izanez gero, laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariaren ebazpen batek emango du horren berri.

Laugarrena.- Inbertsioen iraupena.

1.- Uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 6. artikuluko a), b), c) eta d) idatz-zatietan aurreikusitako ekintzei dagozkien inbertsioak urtekoak edo hainbat urtetarako izan daitezke, eta 2011ko eta 2012ko ekitaldiei egokituko zaizkie, 18. artikuluan eta 21. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2.- Uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 6. artikuluko e) paragrafoan aurreikusitako ekintzei dagozkien gastuak, berriz, urtekoak izango dira, eta 2011ko ekitaldiari egokituko zaizkio, 18. artikuluan eta 21. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe.

Bosgarrena.- Diruz laguntzeko jarduerak.

2011ko ekitaldian uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren babesean diruz lagunduko diren jarduerak 6. artikuluaren a), c), d) eta e) idatz-zatietan aurreikusitakoak izango dira.

Seigarrena.- Laguntzen balorazio eta kuantifikatzeko irizpide objektiboak.

Proiektuak baloratzeko, uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 14. artikuluan aurreikusitako irizpide objektibo guztiak hartuko dira kontuan.

Zazpigarrena.- Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntzak eskatzen dituztenek, eskabide- orriarekin batera, uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztuko dute.

Zortzigarrena.- Inbertsioaren edo gastuaren justifikazioa egiteko tramitean eskatzen den agirien gehigarria.

19. artikuluaren 2. idatz-zatian xedatutakoaren arabera, onuradunek adierazpen arduratsua aurkeztuko diote Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariari. Adierazpen horretan jasoko da, uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 19. artikuluaren 1. idatz-zatian aipatzen diren faktura eta ordaindu izana erakusten duten agiriak ez direla beste edozein Administraziotan edo Erakunde pribatu edo publikotan aurkeztu, helburu berarekin dirulaguntzak, edo bestelako laguntzak jasotzeko.

Bederatzigarrena.- Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epearen barruan. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da zenbatzen epea.

Hamargarrena.- Ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 17a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala