Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2011ko martxoaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
1651

37/2011 DEKRETUA, martxoaren 15ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: «Doctor Fleming kalean azaleko aparkalekuak eraikitzeko proiektua» burutzeko beharrezkoa ondasun eta eskubideak.

Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak, 2010eko abenduaren 16an egindako bilkuran, ondoko egitasmo hau onartzea erabaki zuen: «Doctor Fleming kalean azaleko aparkalekuak eraikitzeko proiektua». Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak, 2010eko abenduaren 16an egindako bilkuran, desjabetzeko nahitaez hartu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda banakatua hamabost eguneko epean jendaurrean jartzeko erabakia hartu zen: 2011ko urtarrilaren 12ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (7. zk.) iragarkiak argitaratuz eta interesdunei jakinaraziz. Halaber, beste erabaki bat ere hartu zen: aipatu egitasmoa gauzatzeak eragiten dien ondasun eta eskubideak hartzeko nahitaezko desjabetzearen dosierrari hasiera ematea. Azkenik, ondasun eta eskubide horiek hartzeko beharra adieraztea erabaki zen, eta Eusko Jaurlaritzari lanen premiazkotasunaren adierazpena eskatzea, desjabetze-dosierrak eragiten dien ondasun eta eskubide horien okupazioa Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluaren arabera egin ahal izateko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta zehazturik agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luza ezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Beharrezkoa da San Gabrieleko auzoan aparkalekuaren eskasiari irtenbidea ematea, eta horrela bertako biztanleen egoera eta, halaber, RENFEren hurreko trena hartzeko autoz hurbiltzen diren beste herritar batzuen egoera hobetuko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiroko sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela bide, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposaturik, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko martxoaren 15ean egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Doctor Fleming kalean azaleko aparkalekuak eraikitzeko proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Administrazio-bideari amaiera ematen dion dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hara zenbatuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 15a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala