Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2011ko martxoaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Herrizaingo Saila
1644

29/2011 DEKRETUA, martxoaren 1ekoa, genero indarkeriaren biktimei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden koordinazio mekanismoei buruzkoa.

Abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuak, Herrizaingo Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzkoak, xedatutakoari jarraiki, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak biktimei laguntza zuzena eta pertsonalizatua eskaintzen die Herrizaingo Sailaren prestazio, zerbitzu eta baliabideei dagokienez; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta beste administrazioetan dauden baliabideei buruzko informazioa ematen die, betiere beren inguruabar pertsonal eta sozialekin bat badatoz; gainera, beren beharrak aintzat hartuta, orientazioa eskura jartzen ahalegintzen da; beharrezko izapideei buruzko informazioa eta izapide horiek betetzeko aholkuak emanez; eta eskumena duten organoetara bideratzen ditu, egoki izanez gero.

Indarreko araudian genero-indarkeriaren biktima diren edo izan diren emakumeentzako zerbitzuak, berariazko prestazioak, laguntzak edo onura bereziak aurreikusten dira, horien bidez biktimek indarkeriazko harremanari amaiera eman diezaioten eta beren bizi-proiektua berreskura dezaten. Prestazio horietako batzuk zenbait legetan zuzenean eskubideak dira; hala nola, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean, Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Legean eta beste batzuetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioek genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko bideratutako zerbitzu, prestazio, laguntza eta onurek sarea osatzen dute, biktima horientzako arreta hobetzeko erakunde arteko hitzarmenen bitartez koordinatzen baita.

Orobat, beharrezkoa da koordinazio-mekanismoak ezartzea Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak zuzenean ematen dituen zerbitzu eta prestazioen barne-eremuan. Horregatik guztiarengatik gobernu-kudeaketarako berariazko arloa sortu da; hain zuzen, genero-indarkeriaren biktimentzako arretari buruzko politikak zuzendu eta koordinatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko dekretua aldatzen duen Lehendakariaren uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuan ezarritakoaren ondorioz.

Hori dela eta, Dekretu honek Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren administrazio-jarduera koordinatzeko mekanismoa ezarri nahi du, baina bere xedea ez da genero-indarkeriaren biktimentzat ordenamenduan egun daudenez bestelako prestazio, laguntza edo onura berriak arautzea, ezta prestazio horiek eskuratzeko betekizunak, baldintzak edo prozedurak arau bidez garatzea ere.

Horrenbestez, antolaketari loturiko eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esparrura mugatutako araua da, Administrazio horren barne-eremutik kanpoko eskubiderik edo betebeharrik sortzen ez baitu.

Dekretuak Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eremuaren barruan arretarako kanal bateratutzat jotzen du; hain zuzen, Zuzendaritza hori indarkeria jasaten duten emakumeengana eta haiei arreta ematen dieten profesionalengana hurbiltze aldera; era horretan, beraiekiko harremanak errazteko, administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa areagotuz eta behar ez diren joan-etorriak eta eragozpenak kenduz. Hori guztia «bigarren biktimizazioa» deritzona saihets dadin, emakume biktimak bere gizarteratzea galarazten duten hamaika administrazio-erakundetatik igaro behar izatean sortzen baita.

Helburu horrekin, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak informazioa eta orientabidea eskainiko ditu aurreikusitako zerbitzu, prestazio, laguntza eta onurei buruz; bestetik, aholku eman, beharren ebaluazioa egin eta espedienteen tramitazioa erraztuko du.

Dekretuak biktima bakarrari loturiko prestazioak eta laguntzak koordinatzeko mekanismo batzuk aurreikusten ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko erakundeek izapidetzekoak baitira. Horretarako, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari eginkizun hori ematen dio, baina horrek ez du ekarriko kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudi sektorialean aurreikusitako betekizun, baldintza edo prozedurazko izapideez bestelakoak sartzea.

Horren indarrez, Herrizaingoko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2011ko martxoaren batean izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea eta ezarpen-eremua.

1.- Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean genero-indarkeriaren biktimentzako arretaren koordinazio-mekanismoak arautzea, baita Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren menpeko arretarako kanal bateratua ezartzea ere.

2.- Genero-indarkeriatzat hauxe jotzen da: emakumearen aurkako edozein indarkeriazko egintza; hau da, sexuagatiko indarkeriazko egintza oro, emakumeari kalte fisikoa, sexuala edo psikologikoa edo sufrimendua eragiten diona edo eragin diezaiokeena. Jokaera horien artean sartuko dira, halaber, emakumea egintza horiek gauzatzeko mehatxatzea, hertsapenak egitea edo askatasuna arbitrarioki kentzea, bizitza publikoan edo pribatuan.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko zerbitzuez baliatze aldera, eta kasuan kasuko zerbitzuaren, prestazioaren, laguntzaren edo onuraren izaeraren arabera aplikatzekoa den araudi berezian ezarritakoa alde batera utzi gabe, emakumeak genero-indarkeriaren biktima direla honako edozein modu erabiliz egiaztatu ahalko da:

a) Emakumea genero-indarkeriaren biktima dela edo izan dela deklaratzen duen ebazpen judiziala.

b) Biktimaren aldeko indarreko babes-agindua.

c) Emakume interesduna genero-indarkeriaren biktima izan daitekeelako zantzuak daudela adierazten duen fiskaltzaren txostena, harik eta babes-agindua eman arte, bidezkoa izanez gero.

d) Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren txostena.

2. artikulua.- Helburuak.

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak arretarako kanal bateratu gisa jarduten du eta honako helburu hauek ditu:

a) Genero-indarkeriaren biktimei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aurreikusi eta kudeatzen dituen zerbitzu, laguntza eta onurei buruzko informazioa eta orientabidea ematea eta, aldi berean, horien gaineko arreta eta aholkularitza integrala eskainiko dizkie.

b) Genero-indarkeriaren biktimaren kudeaketa integratua erraztea, horretarako genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza eta prestazioei buruz Zuzendaritza honetan ebatzi behar diren espedienteak izapidetuko dira eta, halaber, genero-indarkeriaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko zerbitzuak koordinatuko dira, era horretan edozein biktima kudeatutako laguntza edo onurez baliatu ahal izan dadin.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak kudeatutako laguntza eta onuren eraginkortasuna eta egokitasuna ikuspegi kritikoz aztertzea ahalbidetzen duen informazioa biltzea.

d) Genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko beste herri administrazioekiko harremanak erraztea.

3. artikulua.- Jardun-arloa.

1.- Arretarako kanal bateratua den aldetik, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak laguntza zuzen eta pertsonalizatua ematen die genero-indarkeriaren biktimei; hain zuzen, Herrizaingo Sailaren prestazio, zerbitzu eta baliabideei dagokien guztiaren gainean. Gainera, informazioa eta aholkularitza eskaintzen dizkie eta, beharrezkoa izanez gero, eskudunak diren gainerako zerbitzuetara bideratzen ditu, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuaren barruko beren premiak, inguruabar pertsonalak eta sozialak aintzat harturik.

2.- Arreta horrek honako jardun-arlo hauek barne hartzen ditu:

a) Informazioa, aholkularitza eta bideratzea.

b) Tramitazioa eta kudeaketa integratua.

4. artikulua.- Informazioa, aholkularitza eta bideratzea.

1.- Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak biktimei informazioa eta aholkularitza eskainiko dizkie eta, beren premiak eta egoera pertsonala kontuan izanik, egokienak diren zerbitzuetara bideratuko ditu.

Eginkizun horiek egoitza judizialetan kokatuta dauden Biktimari Laguntzeko Zerbitzuek (BLZ) burutuko dituzte.

Halaber, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak doakoa eta anonimoa den 24 orduko telefono bidezko informazio eta arreta zerbitzua ematen du.

2.- Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak, indarkeria matxistaren biktimentzako arretari eta 24 orduko telefono bidezko arreta-zerbitzuari dagokienez, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak kudeatzen ditu.

3.- Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako langileek, biktimei ez ezik, profesionalei, elkarteei, erakundeei edo orokorrean genero-indarkeriaren biktima diren emakumeekin zuzen edo zeharka lan egiten dutenei aholku eta arreta emango die.

5. artikulua.- Tramitazioa.

1.- Genero-indarkeriaren biktimentzako laguntzak edo prestazioak aplikatzekoa den araudi bereziaren arabera izapidetu eta ebatziko dira.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean Genero-indarkeriaren biktimentzako laguntzak edo prestazioak izapidetzen dituzten organoak biktimaren egoerak eskatzen duen azkartasunaz arituko dira elkarlanean, betiere biktimaren ahultasun- eta desberdintasun-egoerak kontuan harturik. Horrez gain, beharrezkoak ez diren izapide formalak saihestuko dituzte; esate baterako, begi-bistako gertakariak edo gorabeherak frogatzeko agiriak aurkeztea, administrazio jardulearen artxiboetan edo aurrekarietan egiaztatuta baldin badaude.

3.- Eskabidea Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan aurkeztuz gero, modu honetara jardungo da:

a) Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak, ordenamendu juridikoak hala esleitzen dionean, tramitazioari hasiera emango dio eta laguntza edo prestazioa ematea ebatziko du.

b) Laguntza edo prestazioa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren beste organo batek ebatzi behar duenean, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak organo eskudunari igorriko dio emakume onuraduna izan daitekeen emakumearen egoeraren azterketarekin batera. Hori guztia, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.3 artikuluan ezarritakoa bazter utzi gabe.

4.- Eskabidea Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza ez den organo batean aurkezten denean, eta berori tramitazioa egin eta ebazteko eskuduna bada, tramitazioari hasiera emango dio eta Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza jakinaren gainean jarriko du onuraduna izan daitekeen emakumearen egoera aztertzeko.

6. artikulua.- Biktimaren kudeaketa integratua.

1.- Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak, arretarako kanal bateratua den aldetik, biktimaren espedientearen kudeaketa integraturako aplikazio informatikoa eratuko du. Aplikazio horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak burututako laguntza eta jarduketei buruzko informazioa eta dokumentazioa jasoko ditu eta; aldi berean, biktimentzako prestazio, laguntza eta zerbitzu zehatzen kudeaketari buruzko beste aplikazio batzuekiko interkonexioa ahalbidetuko du.

2.- Aplikazio horretan jasoko dira aurkeztutako eskabideak eta genero-indarkeriaren biktimentzako laguntzak edo prestazioak emateko prozeduretan emandako ebazpenak; hain zuzen, biktimaren espedientearen kudeaketa integratuan sartzeko.

3.- Neurri egokiak hartuko dira espedienteak izapidetzean genero-indarkeria arretaz hartu, prebenitu eta ezabatzeko arloan diharduten erakundeek lortutako datu pertsonalen konfidentzialtasuna bermatzeko, betiere datu pertsonalak babesteko araudiarekin bat etorriz.

Era berean, intimitaterako eskubidea betez, neurri egokiak hartuko dira gorderik daukan informazioaren eta informazio hori jasota dagoen fitxategi edo erregistroen tratamendu konfidentziala bermatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan araututako baldintzetan.

Bereziki, informazio pertsonala zaintzeko neurriak hartuko dira, era horretan emakumeen eta beroriei arreta ematen dietenen osotasuna eta segurtasuna bermatzeko.

7. artikulua.- Prestazioen eta laguntzen katalogoa.

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak genero-indarkeriaren biktimentzako prestazio eta laguntzen katalogoa prestatu eta gaurkotuta izango du. Katalogo horretan Eusko Jaurlaritzako Zerbitzuen Katalogoan daudenak sartuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren organoek zuzenean kudeatuta baitaude, baita administrazioari lotutako beste erakunde batzuek kudeatutakoak ere.

8. artikulua.- Berehala jarduteko protokoloa.

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak berehala jarduteko protokoloa prestatuko du. Protokolo horretan legezko eskubide eta onurei buruzko informazioan, orientabidean eta zerbitzuan ari diren sail eta erakundeen jarduketa koordinatua jasoko da; hain zuzen, biktimaren egoera dela-eta, presako edo berehalako esku-hartzea behar den kasuetan.

9. artikulua.- Gainbegiratzea eta jarraipena egitea.

1.- Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak genero-indarkeriaren biktimentzat prestatutako laguntzak, jarduerak eta zerbitzuak gainbegiratuko ditu eta horien jarraipena egingo du. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko sail eta erakundeek, Dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera, behar den informazioa emango dute.

2.- Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak ekimenak eta gomendioak aurkeztu ahal izango ditu genero-indarkeria prebenitu eta ezabatzeko politika publikoen eraginkortasuna eta biktimentzako arreta hobetze aldera, artikulu honen 1. puntuan aipatutako jarraipenaren emaitzak eta indarkeria mota horren arrazoiak, ezaugarriak eta ondorioak aztertu ondoren.

10. artikulua.- Sail arteko Batzordea.

1.- Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari atxikirik, Sail arteko Batzordea sortzen da. Haren xedea da jardun-politiken programen eta proposamenaren jarraipena egitea genero-indarkeriaren biktimen arloan. Batzorde horrek honako osaera hau izango du:

a) Lehendakaritza: Herrizaingo Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria.

b) Batzordekideak: gutxienez, zuzendari-kargua duen pertsona bat honako sail edo erakunde hauetako bakoitzeko:

- Herrizaingo Saila.

- Emakunde.

- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.

- Justizia eta Herri Administrazioa.

- Etxebizitza, Herri Lana eta Garraioa.

- Enplegua eta Gizarte Arazoak.

- Osasuna eta Kontsumoa.

c) Idazkaria: Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak izendatutako funtzionario bat, hizpidearekin baina botorik gabe jardungo duena.

Sail arteko Batzordea osatuko duten pertsonak izendatzerakoan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera.

2.- Batzordeko lehendakariak baimendu ahalko du genero-indarkeriaren alorrean espezializatutako pertsonak bileretan izatea; dena den, hizpidea izango dute, baina botorik ez.

3.- Sail arteko Batzordeak ohiko bilkura sei hilean behin egingo du. Halaber, ezohiko bilera egin ahalko du lehendakariak hala eskatuta edo, gutxienez, bere kideen herenak eskatzen duenean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eusko Jaurlaritzako Sailek, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin batera genero-indarkeriaren biktimentzako laguntzak edo zerbitzuak emateko prozedurak kudeatzen dituztenean, mekanismoak sustatuko dituzte Zuzendaritza horrek -arretarako kanal bateratua den aldetik- eskabideak jasotzean eta ematen diren ebazpenak jakinarazteko biktimekiko zuzeneko komunikazioa zentraliza dezan.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko martxoaren 1ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.


Azterketa dokumentala