Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2011ko otsailaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
634

EBAZPENA, 2010eko abenduaren 9koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Oka itsasadarraren eskuinaldean, Urdaibako Biosferaren Erreserban, Gautegiz Arteaga udalerrian, bidexkak berreskuratu eta bidexka berriak egiteko proiektuak -Gautegiz Arteagako Udalak bultzatua- ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik behar ez duela erabakitzen duena.

Gautegiz Arteagako Udalak, 2010eko abuztuaren 6an, Ingurumen Sailburuordetza honetara igorri zuen Oka itsasadarraren eskuinaldean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, bidexkak berreskuratzeko eta bidexka berriak egiteko proiektua, Erreserbako bulego teknikoak egina, eta proiektuaren ingurumen-dokumentua ere jasotzen du txostenak.

Proiektuaren xedea da oinez ibiltzeko bidea egitea Oka ibaiaren eskuinaldean, Gautegiz Arteaga udalerriaren eremuan, eta Natura 2000 Europako Sare Ekologikoan sartuta dauden eremu hauetan eragiten du: «Urdaibaiko Itsasertzak eta Padurak» (ES2130007) eta «Urdaibaiko Ibai Sarea» (ES2130006), biak ere Europar Batasunaren Intereseko Leku (EBIL), eta «Urdaibaiko itsasadarra» (ES0000114), Hegaztietantzako Babes Bereziko Eremua (HBBE).

Proiektua ez dago zuzenean lotuta aipatutako Natura 2000 lekuen kudeaketarekin, eta ez da horretarako beharrezkoa.

Ingurumeneko eraginaren ebaluaziorako Legearen testu bat egina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, arau horretako I. eranskinean ez dauden proiektuek Natura 2000 sareko espazioei zuzenean edo zeharka eragin badiezaiekete, ingurumenean duten eragina ebaluatuko da, baldin eta ingurumen-organoak hori zehazten badu kasu bakoitzean, aipatutako Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, eta proiektuaren ondorioak jasan dituzten administrazioak, pertsonak eta erakundeak kontsultatu ondoren.

Hala, 2010eko irailaren 8an, ingurumen-organoak galdera egin zien proiektuaren aldaketak eragiten dien administrazio eta erakundeei, jarduketa horiek ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduraren pean jarri behar ote ziren, eta, hala balitz, ingurumen-inpaktuaren ikerketak zein eduki eta gutxieneko irismen izan beharko lituzkeen, betiere Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 17.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta horren berri eman zion Gautegiz Arteagako Udalari.

Erantzun dute Osasun Saileko Bizkaiko Lurralde Zuzendariordetzak, Kultur Ondarearen Zuzendaritzak, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak -guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak-, Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusiak eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak ere.

Osasun Saileko Bizkaiko Lurralde Zuzendariordetzaren iritziz, osasunaren aldetik ez da aurreikusten inpaktu garrantzitsurik, proiektuaren inpaktua ebaluatu beharra eragiteko bestekorik.

Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazi du proiektuaren eragin-eremuaren barruan kultur ondarearen honako elementu hauek daudela:

" Ondare historiko-arkitektonikoa:

- Ozollo-errota (Koba-errota/Portu-errota). Ondasun higiezin hau monumentu izendatzeko espedientea ireki da, eta, beraz, Euskal Kultur Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legeak ezarritako babes-araudiaren mende dago.

- San Lorentzo ermita. Interes handiko elementua da eskualdean eta udalerrian, baina ez du monumentu izendatzeko adinako baliorik, eta, beraz, udal- edo toki-interesekotzat jotzen denez, hirigintza-dokumentuaren katalogoaren bidez soilik babestu behar da. Elementu mota honetarako gomendatzen da bertan egiten diren obrek errespetatzea elementuon bolumetria, kanpoko irudia eta oinarrizko banaketa tipologikoa eta estrukturala, egituraren material generikoa mantenduta eta erreferentziatzat hartuta Finkatzea edo/eta Kontserbatzea edo/eta Apaintzea izeneko esku-hartze kategoriak. Kategoria horiek Ondare Urbanizatu eta Eraikia Birgaitzeko Jarduketa Babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren 1. eranskinean («Birgaitzeko esku-hartzeak») definituta daude. Horiez gain, Zaharberritzeko esku-hartzeak ere baimenduko dira, bai eta goragoko babes-mailetan sartuta daudenak ere.

" Ondare-arkeologikoa:

- San Lorentzo tenplua.

- Errotatxu (Ozollo) errota.

Balizko Arkeologia Guneak dira, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak 1997ko maiatzaren 5eko Ebazpen bidez izendatuak. Ikerketa bat egin beharko da gune horietan eragin dezakeen edozein obra-proiektu gauzatzen hasi aurretik, eta, ikerketa horretan oinarrituta, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Ondarearen Zerbitzuak erabakiko du obrak hasi aurretik proiektu arkeologikoa egin behar den ala ez.

Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Zuzendaritzaren iritziz, proiektuak ez du nekazaritzako lurzoru edo erabileretan eragin nabarmenik izango.

Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak adierazi du Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legeak araututako esparruan aurreikusitako jarduketak bateragarri direla legedi horrekin.

Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi du, beste gai batzuen artean, bere eskumenekoak diren arau hauek aplikatzekoak direla: urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua -bertako hainbat baso-espezieren araubide berezia ezartzen duena- eta ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua -Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) bisoi europarra Kudeatzeko Plana onartzen duena-.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi du proiektuaren eragin-eremuaren barruan dagoela ondare arkitektoniko izendatutako Koba Errota-Ozollo errota. Ondare arkeologikoari dagokionez, ez du aipatzen inbentarioan dagoen elementurik, baina adierazten du, bideak berritu aurretik, teknikari espezialistak bide historikoen zati harriztatuak edo aztarnak kontserbatzeko aukera ebaluatu beharko duela.

Eskuragarri dagoen informazioa aztertu da proiektuak ingurumenean izan dezakeen eragina kalkulatzeko, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskineko irizpideen arabera, eta honako hau izan da emaitza:

Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da oinez ibiltzeko bidea egitea Oka itsasadarraren eskuinaldean, Gautegiz Arteagako udalerriaren eremuan. Isla eta Kanala auzoen artean dago. Oinez ibiltzeko bide horretarako, egun erabiltzen ez diren bidexka zaharrak baliatuko dira. Bidexkaren batez besteko zabalera 2 m-koa izango da eta zenbait puntutan estutu egingo da, nahiz eta beti 1,5 m baino zabalagoa izango den.

Proiektu honek 3 bide egokituko ditu:

- Ozollo-San Lorentzo bidea eta Isla Bekoa bidea.

Bi bide horietarako proposatutako jarduketak antzekoak dira. Proposamena da zabalgunea finkatzea, azpiko oinarria jartzea, landugabeko harrizkoa, eta oinarria ere bai, dena bat egindakoa, han inguruko harri basaltiko berdexkakoa. Zoruaren akabera egiteko, oinarria egiteko erabilitako harri beraren txintxarrezko geruza fin bat botako zaio gainetik. Aldeetan, urak behar bezala bideratu ahal izateko, zur ekologikoko bi langet jarriko dira, alde bakoitzean bana, zur tratatuko takoekin eta erreten formako landare-lurrarekin eutsita. Egungo bideen trazatua egokitzeko profilatu egin beharko dira, eremuaren topografiari egokitutako malda aldagarriko bidea osatuz.

Egokitu beharreko zatia 150 m-koa da Ozollo errotaren aldamenean hasten den bide publikoaren kasuan, eta 265 m-koa Islako bidearenean.

Isla-Bekoa bidearen amaierako zatian, lurrazpiko urak gaineratzea saihesteko, 9 m inguru luze eta 2 m zabal izango den zurezko palafito bat egingo da, oinezkoak ibili ahal izateko.

- Kanalako bidea.

Ingurune antropizatuagoan dagoenez, zoladuraren akabera kirol asfaltu koloreztatukoa izango da, muturretan zurezko langetak dituela. Bidearen azken zatian, erdi erorita dagoen horma (25 m) berriz altxatuko da eta zurezko listoiekin tratatuko. Bide horrek 105 m-ko guztizko luzera du.

Proiektua gauzatzeko lur gutxi mugitu behar da: hondeaketaren bolumen osoa 887 m3 da. Material hori legezko zabortegi batera eraman edo obran pilatuko da, aurrerago, obran bertan erabiltzeko.

Proiektuan honako hauek ere biltzen dira: informazioko eta hedapeneko panelak jartzea, euri-uretarako zerbitzuak mantendu eta desmuntatzea -beharrezkoa izango balitz-, behin-behineko ur-hodiak, kutxatila berriak eta bidearen akaberaren profilaren arraseko kutxatila-estalkiak jartzea, eremuko landaredia eta landaketak egokitzea edo jardineren ertzak berriz egitea.

Obrak egiteko aurreikusitako epea 2 hilabetekoa da.

Proiektuak ingurumen-dokumentu bat du, obrak egiteko hartu beharreko neurri zuzentzaileak ezartzen dituena, bai eta ingurumena zaintzeko programaren edukia ere.

Proiektuaren kokapena.

Proiektua Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan dago, araubide juridiko berezia duen gunean (uztailaren 6ko 5/1989 Legea, Urdaibaiko Biosferaren erreserba babestu eta antolatzeari buruzkoa, urriaren 31ko 15/1997 Legeak aldatua, eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserba Erabiltzeko eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailea (EKPZ), 1993ko abuztuaren 3an onartua eta otsailaren 11ko 27/2003 Dekretuaren bidez aldatua). Proiektuak arreta berezia eskaintzen die marearteko edo marea gaineko eremuetako babes bereziko eremu gisa sailkatutako lurrei: lokaztiak eta padura-eremuak (P1), natura-, paisaia- eta historia-interes handiko itsasertzak eta erreka-ertzak babesteko eremuak (P4) eta behin betiko mugaketarik gabeko herriguneak (NS).

Proiektuaren ingurumen-arloko dokumentuak -Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Bulego Teknikoak egina- ondorioztatzen du obrek betetzen dutela Erreserba Erabiltzeko eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileak eremu horietarako ezarritakoa.

Halaber, proiektuan jasotako jarduketen zati bat Europar Batasunaren Intereseko Lekuetan (EBIL) garatzeko da (ES2130006 -Urdaibaiko Ibai Sarea- eta ES2130007 -Urdaibaiko Itsasertzak eta Padurak-), eta Urdaibaiko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan (HBBE) ere bai (ES0000144 -Urdaibaiko itsasadarra-); guztiak ere Natura 2000 Sareko parte. Nolanahi ere, eremu horietan eragin txikia du proiektuak, bidexka zaharrak baliatuko dira eta.

Proiektuaren ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuak ez dio eragiten 118/2006 Foru Dekretuak onartutako bisoi europarraren kudeaketa-planak araututako eremuari, jada badauden bideak egokitzen direlako eta Okaren estuarioaren ibaiadarrik ez delako eragiten.

Proiektuak izan lezakeen eraginaren ezaugarriak.

Proiektuak eragindako inpaktuak obren fasera mugatzen dira. Fase horretan, ingurunean hainbat inpaktu gertatuko direla aurreikus liteke; adibidez, solidoen kontzentrazio handiagoa ibai-ibilguetan eta, beraz, fauna-komunitateei eragitea, zarata egitea, hautsa harrotzea eta higadura-prozesuak eragitea. Hala eta guztiz ere, kontuan izanda aldi baterako dela (2 hilabete), egokitu beharreko zatiak motzak direla (guztira 520 m, bide zaharren trazatua baliatuta), lur mugimendu gutxi egitea aurreikusten dela (887 m3) eta ingurumen-azterlanean neurri babesle eta zuzentzaileak bildu direla, ez dira eragin esanguratsutzat jotzen.

Bai obren faserako ezarritako neurri zuzentzaileek bai eta ingurumena zaintzeko programan jasota dagoen jardueren jarraipen eta kontrolak murriztu egiten dute eragin globala, eta, horrenbestez, ez da aurreikusten kalte nabarmenik gertatuko denik Natura 2000 Sarean.

Aipatutako proiektuaren ezaugarriak, Ingurumeneko eraginaren ebaluaziorako Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskineko irizpideak eta kontsultetan jasotako erantzunak aztertu ondoren, proiektuak ez du ingurumenean eragin txar nabarmenik izango, betiere, sustatzaileak adierazitako neurri babesleak eta zuzentzaileak eta ebazpen honetan ezartzen diren baldintzak betetzen badira.

Organo honek ebazpen hau idazteko eskumena du, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Aztertu dira Ingurumena babesteko EAEko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, eta horrenbestez, honakoa

EBATZI DUT:

1.- Oka itsasadarraren eskuinaldean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, Gautegiz Arteagan, bidexkak berreskuratu eta bidexka berriak egiteko proiektuak -Gautegiz Arteagako Udalak bultzatua- ez du behar ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik, baina proiektua gauzatzeko honako baldintza hauek bete beharko dira:

Proiektuan eta ingurumen-dokumentuan sartutako babes-neurri eta neurri zuzentzaile guztiak aplikatuko dira. Neurri zuzentzaileak eta babesleak eta ingurumen-zaintzako programa obra kontratatzeko baldintzen agirian bilduko dira, eta horiek burutzeko beharrezko aurrekontua egongo dela bermatuko da.

Euskal Kultur Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoa betetzearen kalterik gabe, kontuan izango da Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak 2010eko urriaren 13ko espedientean sartutako txostenean «Ozollo-errota (Koba-errota/Portu-errota)» eta «San Lorentzo ermita» ondare historiko-arkitektonikoa ez eragiteko adierazitako neurrien eta «San Lorentzo Tenplua» eta «Errotatxu errota (Ozollo)» ustezko arkeologia-eremuen inguruan adierazitakoa. Halaber, kontuan izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiak espedientean 2010eko abenduaren 2an espedientean sartutako txostenean bide historikoen zati harriztatuak edo aztarnak kontserbatzeko aukerak aztertzearen inguruan adierazitakoa.

Jarduera gauzatzerakoan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legea eta berariazko araudietan xedatutakoa beteko da.

Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, hondakinen balorizatzaile baimendu bati eraman behar zaizkio.

Hondakinak deuseztatzera bidali ahal izango dira, soilik baldin eta aldez aurretik horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideraezina dela frogatzen bada.

Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz karakterizatu beharko dira. Erabaki horren bidez hondakinak zabortegietan hartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dira, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluarekin eta II. eranskinarekin bat etorriz.

2.- Ebazpen honen edukia Gautegiz Arteagako Udalari eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuari jakinaraztea.

3.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

4.- Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu andrearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jasotzen duen egunaren biharamunetik hasita. Horrela ezartzen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. artikuluan eta ondorengoetan; urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 9a.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERÁN VERGARA.


Azterketa dokumentala