Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2010eko azaroaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Herrizaingo Saila
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
Justizia eta Herri Administrazio Saila
Kultura Saila
5372

297/2010 DEKRETUA, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak bere 6. artikuluan xedatzen du euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, ofiziala dela autonomia erkidegoan gaztelaniarekin batera, eta herritarrek bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea dutela.

Halaber, Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak euskara eta gaztelaniaren erabilera arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-esparruan.

Arau oinarri horiekin, denboran zehar euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagiri ugari sortu dira, esparru zehatzetan aplikatzekoak, eta ondorioa da bide ezberdinak daudela euskararen jakite-maila egiaztatzeko.

Egiaztapen sistemen aniztasun hori kontuan hartuta apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuak, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzekoak, araubide bat ezarri zuen, otsailaren 24ko 48/2009 Dekretuaren bitartez osatu zena, honek lehenengoa aldatu baitzuen hezkuntza arloko zenbait titulu eta ziurtagiri jasotzeko.

Dekretu honen bidez baliokidetze sisteman sartzen dira, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuarekin parekatu, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagiri batzuk, aipatutako bi dekretuetan jasotzen ez direnak.

Horrela, Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria (HLEA) jasotzen da alde batetik, Hezkuntza Bereziko lan-legepeko hezkuntza-langile ez-irakasleen hizkuntza-eskakizunak sortu eta arautzen dituen apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuan arautua. Aipatutako 64/2008 Dekretuak bere azken xedapenetako lehenengoan aurreikusten zuen jada agiri hau baliokidetze sisteman sartuko zela.

Bestalde, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa-Office Public de la Langue Basque erakundeak bere jarduteko lurralde eremuan proben antolaketa eta Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ziurtagiria emateko ardura bere gain hartu duela aintzat hartuta, ziurtagiriaren hizkuntza gaitasunaren deskribatzaileak ezarrita, dekretuko 3.3 artikuluko titulu eta ziurtagiriekin geldituko da baliokidetuta.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak apirilaren 14an emandako 260/2010 epaiaren aurrean, honek hizkuntza-eskola ofizialetan egindako ikasketen egiaztapen titulazioei buruz 48/2009 Dekretuan jasotako xedapen batzuk baliogabetu baitzituen, beharrezkoa da aipatutako epaiarekin bat datorren titulazio horien arauketa berria prestatzea.

Orobat, aipatutako titulu eta ziurtagiriak jasoko dituen eta lehengo epaiari erantzungo dion arau berria egin behar denez, egoera baliatuko da euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagiriak baliokidetzeari buruzko araudia erregularizatu eta argitzeko, arau bakarrean sartuz dagokion arauketa, eta apirilaren 8ko 64/2008 Dekretua zein otsailaren 24ko 48/2009 Dekretua indargabetuz.

Ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Herrizaingoko sailburuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak, Osasun eta Kontsumoko sailburuak eta Kulturako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko azaroaren 9ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Dekretu honen helburua, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatzea, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzea da.

2. artikulua.- Dekretu honen I. eranskinean, Europako Kontseiluak 2001. urtean onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren 1. koadroa (Erreferentzi maila bateratuak: eskala orokorra), 2. koadroa (Erreferentzi maila bateratuak: auto-ebaluazio eskalak) eta 3. koadroa (Erreferentzi maila bateratuak: ahozko hizkuntzaren alderdi kualitatiboak) jasotzen dira.

I. eranskinak biltzen ditu, orokorrean, dekretu honetako 3. eta 5. artikuluetan jasotako euskararen jakite-maila egiaztatzeko titulu eta ziurtagiriak lortzeko probekin lotutako ezagutzen azalpena eta bestelako kontuak.

3. artikulua.- Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten ondorengo titulu eta ziurtagiriak Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailekin parekatzen dira:

1.- Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 1. hizkuntza-eskakizuna, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

- Kultura Sailak emandako 1. mailako ziurtagiria (HABE-Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen deialdiak), Helduen Euskalduntzearen oinarrizko curriculumean ezarritako euskararen jakite-maila egiaztatzeko sistema zehaztu zuen Kulturako sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduan jasoa.

- Osakidetzako 1. hizkuntza-eskakizuna, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

2.- Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 2. hizkuntza-eskakizuna, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

- Kultura Sailak emandako 2. mailako ziurtagiria (HABE-Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen deialdiak), Helduen Euskalduntzearen oinarrizko curriculumean ezarritako euskararen jakite-maila egiaztatzeko sistema zehaztu zuen Kulturako sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduan jasoa.

- Osakidetzako 2. hizkuntza-eskakizuna, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

- Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizuna, Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua arautzen duen otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuan jasoa.

- Irakaspostuen 1. hizkuntza-eskakizuna, irakaspostuetarako hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun egunak zehazteko irizpideak finkatzen dituen martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuan arautua.

3.- Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 3. hizkuntza-eskakizuna, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

- Kultura Sailak emandako 3. mailako ziurtagiria (HABE-Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen deialdiak), Helduen Euskalduntzearen oinarrizko curriculumean ezarritako euskararen jakite-maila egiaztatzeko sistema zehaztu zuen Kulturako sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduan jasoa.

- Osakidetzako 3. hizkuntza-eskakizuna, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

- Ertzaintzako 2. hizkuntza-eskakizuna, Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua arautzen duen otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuan jasoa.

- Euskararen Gaitasun Agiria (EGA), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren 1982ko apirilaren 22ko Aginduaren bidez sortua, eta bere baliokideak Euskararen Gaitasun Agiriaren eta irakaspostuetarako Hizkuntza-eskakizunen baliokidetzak finkatu, eguneratu eta berresten dituen urriaren 6ko 263/1998 Dekretuaren arabera.

- Euskaltzaindiaren D agiria.

- Irakaspostuen 2. hizkuntza-eskakizuna, irakaspostuetarako hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun egunak zehazteko irizpideak finkatzen dituen martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuan arautua.

4.- Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 4. hizkuntza-eskakizuna, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

- Kultura Sailak emandako 4. mailako ziurtagiria (HABE-Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen deialdiak), Helduen Euskalduntzearen oinarrizko curriculumean ezarritako euskararen jakite-maila egiaztatzeko sistema zehaztu zuen Kulturako sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduan jasoa.

- Osakidetzako 4. hizkuntza-eskakizuna, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

4. artikulua.- Hizkuntza Eskola Ofizialetan egindako euskara ikasketak aurreko artikuluan jasotako euskararen jakite-maila egiaztatzeko titulu eta ziurtagiriekin daude baliokidetuta, baina ez alderantziz, era honetan:

1.- Dekretu honetako 3.1 artikuluan jasotako titulu eta ziurtagiriekin baliokidetuta daude:

- Hizkuntza-eskola ofizialetako euskal ikasketen 3. maila gaindituta izatea (Antzinako Ikasketa Plana, urtarrilaren 24ko 47/1992 Errege Dekretuaren araberakoa).

- Hizkuntza Eskola Ofizialetan egindako ikasketak egiaztatzen dituen Tarteko Maila, araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzako curriculumaren alderdi oinarrizkoak finkatzen dituen abenduaren 29ko 1629/2006 Errege Dekretuan jasoa.

2.- Dekretu honetako 3.2 artikuluan jasotako titulu eta ziurtagiriekin baliokidetuta daude:

- Hizkuntza Eskola Ofizialetako euskal ikasketen 4. maila gaindituta izatea (Antzinako Ikasketa Plana, urtarrilaren 24ko 47/1992 Errege Dekretuaren araberakoa).

- Hizkuntza Eskola Ofizialetan egindako ikasketak egiaztatzen dituen Maila Aurreratua, araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzako curriculumaren alderdi oinarrizkoak finkatzen dituen abenduaren 29ko 1629/2006 Errege Dekretuan jasoa.

3.- Dekretu honetako 3.3 artikuluan jasotako titulu eta ziurtagiriekin baliokidetuta daude:

- Hizkuntza Eskola Ofizialetako 5. maila edo euskal gaitasun maila (Antzinako Ikasketa Plana, urtarrilaren 24ko 47/1992 Errege Dekretuaren araberakoa).

- Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetan egindako ikasketak egiaztatzen dituen menderatze operatibo eraginkorreko Gaitasun Maila (C1) (otsailaren 24ko 46/2009 Dekretua, araubide bereziko hizkuntzen ikasketak eta ikasketa horien oinarrizko, tarteko, aurreratu eta gaitasun mailetako curriculuma ezartzen dituena), eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-1 mailarekin bat Hizkuntza Eskola Ofizialetan egindako ikasketak egiaztatzen dituzten bestelako ziurtagiriak.

5. artikulua.- Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria (HLEA), Hezkuntza Bereziko lan-legepeko hezkuntza-langile ez-irakasleen hizkuntza-eskakizunak sortu eta arautzen dituen apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuan arautua, dekretu honetako 3.2 artikuluan jasotako titulu eta ziurtagiriekin dago baliokidetuta, baina ez alderantziz, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-2 mailarekin dago parekatuta.

Dekretu honetan Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-1 edo C-2 mailekin parekatutako euskararen jakite-maila egiaztatzeko titulu eta ziurtagiriak dituztenek ez dute Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria (HLEA) lortu beharko, betekizun hau duten lanpostuak betetzeko.

6. artikulua.- Dekretu honetako 3. eta 5. artikuluetan jasotako titulu eta ziurtagiriak eskuratzeko probak egokituko dira, horietako bakoitza parekatuta dagoen Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren mailarekin bat egiteko, eta horretarako aintzat hartuko dira dekretu honen I. eranskinean zehaztutako trebetasunak.

Halaber, euskararen jakite-maila egiaztatzeko titulu edo ziurtagiri berririk sortuko balitz, Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura ekarriz egin beharko da.

7. artikulua.- 1.- Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak, hizkuntza politikan eskumena duen sailari atxikiak, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagiriak eskuratzeko probak Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren mailetara egokitzeko neurriak koordinatu eta gainbegiratuko ditu.

Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak etorkizunari begirako egokitzapenen jarraipena egingo du. Honetarako, titulu eta ziurtagiri ezberdinen baliozkotze-ikerketa egingo du, egindako aldaketak eta egokitzapenak Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren irizpideekin alderatzeko.

2.- Baliokidetzen Jarraipen Batzordea honako hauek osatuko dute:

- Presidentea: Hizkuntza Politikarako sailburuordea, edo berak eskuordetzen duena.

- Funtzio publiko gaietan eskumena duen sailaren ordezkari bat, sailburuorde maila duena, edo berak eskuordetzen duena.

- Osasun gaietan eskumena duen sailaren ordezkari bat, sailburuorde maila duena, edo berak eskuordetzen duena.

- Herrizaingo gaietan eskumena duen sailaren ordezkari bat, sailburuorde maila duena, edo berak eskuordetzen duena.

- Hezkuntza gaietan eskumena duen sailaren ordezkari bat, sailburuorde maila duena, edo berak eskuordetzen duena.

- Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABE) zuzendari nagusia, edo berak eskuordetzen duena, ahotsa izango duena baina botorik ez.

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (HAEE) zuzendaria, ahotsa izango duena baina botorik ez.

3.- Baliokidetzen Jarraipen Batzordea osatuko duten pertsonak izendatzerakoan, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatuko da.

4.- Idazkari lana Hizkuntza Politikarako sailburuordeak izendatzen duen pertsonak beteko du, ez da Baliokidetzen Jarraipen Batzordeko kidea izango, eta ahotsa izango du baina botorik ez.

5.- Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak adituen laguntza eskatu eta jaso ahal izango du.

6.- Artikulu honetan aurreikusten ez den guztiari dagokionez, Baliokidetzen Jarraipen Batzordearen jardunean Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan ezarritakoari eutsiko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak ematen duen Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) (urriaren 30eko 1535/1985 Foru-Aginduaz sortua, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-1 mailarekiko bere parekotasuna ekainaren 22ko 102/2009 Foru Arauan ezarria), dekretu honetako 3.3 artikuluan jasotako titulu eta ziurtagiriekin dago baliokidetuta.

Bigarrena.- Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa-Office Public de la Langue Basque erakundeak emandako Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) dekretu honetako 3.3 artikuluan jasotako titulu eta ziurtagiriekin dago baliokidetuta.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- Dekretu honen 3., 4. eta 5. artikuluetan jasotako titulu eta ziurtagiriak eskuratu dituztenei, bertan zehaztutako baliokidetzak eta parekotasunak aitortzen zaizkie.

Bigarrena.- Balio mugagabea izango dute 2008ko apirilaren 16an indarrean zeuden 1. hizkuntza-eskakizunaren egiaztapenek, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan arautua.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Lehenengoa.- Indarrik gabe gelditzen dira apirilaren 8ko 64/2008 Dekretua, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzekoa, eta aldatu zuen otsailaren 24ko 48/2009 Dekretua.

Bigarrena.- Indargabetuta gelditzen dira, maila berekoak edo beheragokoak izanda, dekretu honekin bat ez datozen xedapenak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Sail edo erakunde bakoitzak bere euskara tituluen eta ziurtagirien erregistroa duenez gero, beharrezko pausoak emango dira erregistro horiek modu bateragarrian jaso ahal izateko eta herri-erakundeek erraz kontsultatu ahal izateko. Edozein kasutan ere, euskara tituluen eta ziurtagirien erregistro bateratu honen kudeaketa hizkuntza politikaren eskumena duen sailaren ardura izango da.

Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua aldatzen da, bere eranskin gisa erantsiz dekretu honetako II. eranskinaren edukia.

Hirugarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko azaroaren 9an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA

Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzi Marko Bateratua

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

Eskakizun bakoitzeko hizkuntza-gaitasunen azalpena.

1. Hizkuntza-eskakizuna.

Hizkuntza-eskakizun hau dagokion lanpostuaren jabea bere ohiko den ahozko nahiz idatzizko edozein testuren ideia nagusia ulertzeko gai izango da, ñabardurez konturatzen ez bada ere.

Gai izango da, halaber, elkarrizketa batean oinarrizko mailan hitz egiteko, eredu-bildumak eta zerbitzu-oharrak ulertzeko, agiriak sailkatzeko, zerrendak egiaztatzeko, eskuliburuak edo dossierrak kontsultatzeko, e.a.

Bere lanean ohiko diren hizkuntz alorreko ekintzei ahoz nahiz idatziz erantzuteko adinako oinarrizko gaitasuna izango du.

Ahoz zein idatziz egoera mugatu eta apal, lagunarteko eta arruntetara egokituko den gaitasun komunikatibo eta funtzionala izango du, sarritan eredu-itxura duten esamoldeak erabiliz.

Ahoz zein idatziz huts gramatikalak egin ahal izango ditu.

Ahoz zein idatziz bestetan baino segurtasunik eza handiagoa agertuko du euskara lehen hizkuntza duten pertsonen aurrean.

Beraz, gai izango da bisitariak leku eta pertsona egokiengana bidaltzeko, lankideei informazio sinplea eman eta eskatzeko, telefonoz zita bat egiteko, elkarrizketarako ordua zehazteko, bilera-eguna jartzeko, materiala agintzeko, mezu laburrak idazteko, eredu-bilduma nahiz galde-sorta betetzeko, material eskariak idazteko, e.a.

Lehen hizkuntza euskara duenak duen erraztasunez ulertzeko gai izango da, nahiz eta hark baino erraztasun txikiagoa izan berak hitz egiteko.

Fonema guztiak behar bezala bereziko ditu nahiz eta gaztelaniaren eragina izan ahoskatzerakoan (erritmoan, azentuan, doinuan).

Ahoz batuaz zein gehien erabiltzen diren euskalkietan esandakoa ulertu beharko du, bai eta batuaz idatziriko testuak ere.

Ahoz zein idatziz, modu apalean komunikatuko da, normalean esaldi errazak erabiliz.

Hizkuntza-ezagupen zabala izan arren, idatzizko testuetan lehen hizkuntza euskara duenak ohiz egiten dituenak baino huts morfosintaktiko eta ortografiko gehiago egingo ditu; hutsak ugariagoak izango dira lanean ohikoak ez diren gaiak erabiltzean.

Hizkuntzaren adierazmolde erabilienak era mugatuan erabiliko ditu.

Bere lanean hiztegi aberatsa erabiliko du, idazterakoan hiztegia erabili behar badu ere.

Fonologia-, ortografia-, morfosintaxi-, lexiko- eta semantika-mailan gaztelaniaren eragina izango du; halere, ez du zailtasun handirik izango mezua ulertzeko.

Hitz egitean zein idaztean, bere lanean ohikoen diren egoera mugatuetara egokitutako erregistro eta hizkuntz formak erabiliko ditu. Halere, onartu egingo zaio lehen hizkuntza euskara dutenen hizkuntza aberastasunez ez erabiltzea. Zailtasun handiagoak izango ditu mugatuak eta ohikoak ez diren egoeretan.

Hitz egitean zein idaztean, bere lanean ohikoen diren egoeretara egokitutako oinarrizko hizkuntz formak, jasoak zein lagunartekoak, era egokian aukeratuko ditu.

Ondo igarriko ditu, ahozko zein idatzizko testuan, bere lanean ohikoen diren egoeretan eta, batez ere, egoera mugatuetan izan daitezkeen ohiko erregistro-aldaketak.

Ahozko zein idatzizko testuinguruaren arabera, agerian ez dagoen informazioa atera egingo du, baita ezezagunak izanik testuaren arabera uler daitezkeen hitzen esanahia ere, batik bat, bere lanean ohikoen diren egoera mugatuetan erabiltzen direnean.

Bere ahozko zein idatzizko hizkuntz gaitasunera egokituko ditu hizkuntz beharrizanak, bereziki bere lanean ohikoen diren egoera mugatuen ondorioz sortutakoak. Aurreko horrek, besteak beste, mezuaren edukia ezagutzen dituen hitz eta egituretara egokitu behar izatea ekarriko du, baita, errepikapena, berriro formulatu behar izatea, autozuzenketa egitea eta ulertu ez den informazioa eskatzea ere.

Ahozko zein idatzizko testuinguruetan izan daitezkeen gai-aldaketak antzemango ditu, batez ere, bere lanean ohikoen diren egoera mugatuei dagozkienean.

Joera nagusiak bigarren mailakoetatik bereiziko ditu ahozko zein idatzizko testuinguruetan, ideien arteko loturak zehaztuz.

Ahoz zein idatziz zailtasunak izango ditu gaiaz aldatzeko.

Lotura-elementuak oinarrizko mailan erabiliko ditu, ahoz zein idatziz eta arazoak izango ditu arrazoinamendu nahiz eztabaida luzeetan parte hartzeko.

2. Hizkuntza-eskakizuna.

Hizkuntza-eskakizun hau dagokion lanpostuaren jabea gai izango da edozein komunikabideren bitartez informazioa eskatu eta emateko, nahiz eta aurrez aurreko elkarrizketetan hobeto moldatu; talde-bilera eta eztabaidetan parte hartzeko, informazioa eta iritzia emanez; aginduak eta azalpenak emateko; lankide batekin iritziak komentatzeko; bere atalari, bilera bati, hitzaldi bati buruzko informazioa emateko.

Gai izango da, halaber, bisitariekin eta kontsultagileekin hitz egiteko; telefonoa hartzeko; ama-hizkuntza euskara dutenek esandakoaren ideia nagusia ulertzeko, berbaren bat ez ulertzearren ideia galdu gabe; aginduak burutzeko; lan-bilera edo bilkuretan esandakoa ulertzeko; eskuliburu edo dossier bat kontsultatzeko; bere lanean ohikoen diren gaiei buruzko oinarrizko informazioa ateratzeko; memorandumak eta gutunak ulertzeko e.a.

Ahoz parte hartu ahal izango du bere lanarekin zerikusia duten hizkuntz ekintza ugarietan.

Laneko hizkuntz egoera mugatu gabekoetara egokitzeko ahozko adierazgaitasuna izango du; horrek, euskara luzaroan erabili behar izatea dakar.

Gauza izango da bere lanarekin zerikusia duten gaiei buruzko bere ideietatik garrantzizkoena eta iritziak ahoz azaltzeko, nahiz eta eztabaida batean horiek defendatzeko eragozpen handiagoak izan, ñabardurak egitean zein gai berezituei buruz hitz egitean zalantza gehiago izan, eta gramatikazko hutsak egin.

Ama-hizkuntza euskara dutenen erraztasun berdintsua edukiko du.

Fonema guztiak bereiziko ditu, eta ama-hizkuntza euskara dutenen ebakera (erritmo, azentu eta ahoskera) bera edukiko du.

Mintzatzean esaldi konplexuak erabil ditzake eta bereziki ama-hizkuntza euskara dutenen maila morfosintaktikoa edukiko du.

Hizkuntz ezagupen zabala izango du, baina horrek ez du esan nahi hizkuntzarekiko kontrola konszientea izango denik; izan ere, gramatikazko hutsak egin ditzake. Hutsak nabarmenagoak izango dira idatzian ahozkoan baino, baita bere lanean ohiko ez diren gaiei buruzko azalpenetan ere.

Hizkuntzaren ohiko esamoldeak erabiliko ditu.

Hobeto menderatuko du euskara ahoz idatziz baino, eta aurretik aipatutako mailetan gaztelaniaren eragin gutxi izango du.

Bere laneko egoera eta gaiari ez ezik, beste edozein egoera eta gairi ere egokituko zaien erregistro eta hizkuntz formak erabiliz mintzatuko da.

Mintzatzean entzulearen hizkuntz gaitasunera egokituko du bere adierazgaitasuna; azken horrek garrantzi handia izango du, batez ere, entzulearen euskararen ezagupena 1. hizkuntza-eskakizunerako zehaztutakoa baldin bada.

Bere lanean ohiko diren gaiei dagokienean, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereiziko ditu mintzatzean, eta ideion arteko lotura zehaztuko, era berean.

Ama-hizkuntza euskara dutenen mailan erabiliko ditu juntagailu eta elementu kohesiboak, eta ez du arazorik izango azalpen luzea eman, gaiaz erraz aldatu edo eztabaida luzeetan parte hartzeko.

3. Hizkuntza-eskakizuna.

Hizkuntza-eskakizun hau dagokion lanpostuaren jabea gai izango da era guztietako eskutitzak, barne-idazkiak, memorandumak, laburpenak, administrazio-espedienteak, e.a. idazteko.

Oinarrizko ikasketak euskaraz egin dituen pertsona batek duen erraztasun berdintsua izango du idaztean.

Gramatikaren ezagupen erabatekoa eta konszientea izango du.

Fonologia-, ortografia-, morfosintaxi-, lexiko- eta semantika-mailan ez du ia gaztelaniaren eraginik izango.

Bere laneko egoera eta gaiari ez ezik, beste edozein egoera eta gairi egokitutako hizkuntz formak behar bezala erabiliko ditu, ahoz zein idatziz.

Bere laneko egoera eta gairi egokitutako erregistro-aldaketak bereizi egingo ditu, bai ahozko testuinguruan bai idatzizkoan.

4. Hizkuntza-eskakizuna.

Hizkuntza-eskakizun hau dagokion lanpostuaren jabea gai izango da egitarauei buruzko zehaztapenak aditzeko, bere lanarekin zerikusia duten egitarauei, jarduerei eta hainbat sailen politikari buruzko zehaztapenak ulertzeko; aditu bati eskatutako txostena ulertzeko. Era berean, gai izango da ikerketa-txostenak, artikuluak, egitarau politikoak, aldizkari berezituak zein lege baten edukia ulertzeko, eta idazki baten punturik interesgarrienak, hutsak nahiz aldaketak jasota geldi daitezen anotazioak egiteko.

Bere lanarekin zerikusia duen edozein hizkuntz ekintzetan jariotasunez egingo ditu azalpenak mintzatzean zein idaztean, eta zuzentasun-, aberastasun-, zehaztasun- eta jatortasun-maila altua izango du.

Mintzatzean zein idaztean esaldi konplexuak sortzeko eta erabiltzeko erraztasuna izango du, eta lanarekin zerikusia duten gaiei ez ezik, bestelako gai berezituei buruz erraztasunez hitz egin edo idatziko du.

Informazioa eman, elkarrizketak egin, hizkuntza azalpen luzeak emateko erabili, txostenak, artikuluak, egitasmoak, memoriak, aginduak, berbaldiak, e.a. idatzi ahal izango ditu, baita laneko eztabaidetan parte hartu ere.

Goi-mailako ikasketak euskaraz egin dituztenek behar duten beste denbora beharko dute haien idatzizko testuak eta ahozko jardunak ulertzeko.

Goi-mailako irakaskuntza euskaraz egin dutenen pareko jariotasuna izango du.

Goi-mailako irakaskuntza euskaraz egin dutenen pare idatzi ahal izango du, elementu morfosintaktiko konplexuak erabiliz.

Gramatika bikainki ezagutuko du, eta ahoz zein idatziz gramatikazko huts gutxi egingo ditu.

Hizkuntzaren adierazmoldeak aberastasunez erabiliko ditu.

Lexikoaren ezagupen zabala izango du, goi-mailako irakaskuntza euskaraz egin dutenen parekoa. Era berean, bere lanarekin zerikusia duten gai berezituen lexikoa menderatuko du, eta ez du ia hiztegiaren beharrik izango.

Fonologia-, ortografia-, morfosintaxi-, lexiko- eta semantika-mailako gaztelerarekiko independentzi maila handia izango du.

Bere laneko edozein egoeratan ohikoak diren hizkuntz formetan era jasoaz hitz egin eta idatziko du, eta oso erregistro berezitua erabiltzeagatik nabarmenduko da.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana