Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2010eko maiatzaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
2369

EBAZPENA, 2010eko apirilaren 27koa, Azterlan eta Araubide Juridikoaren zuzendariarena, zenbait lege aldatzeko Lege-Aurreproiektua jendaurrean jartzen duena, beroiek barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE zuzentaraura egokitu daitezen.

2009ko azaroaren 17ko Jaurlaritzaren Kontseiluaren Erabakiaren bidez, IX. legegintzaldiko legegintza-egutegia onartu zen, 2009-2013 aldirako, eta Lehendakaritzari egotzi zitzaion zenbait lege aldatzeko lege-aurreproiektua egitea, lege horiek barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko. Lege horrek, Jaurlaritzaren baitan eta, ondoren, Legebiltzarrean izapidetu ondoren, honako lege hauek aldatuko ditu:

4/1991 Legea, ekainaren 18koa, Euskal Herriko Jokoarena.

7/2006 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskadiko Museoei buruzkoa.

8/2004 Legea, azaroaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriakoa.

6/1994, martxoaren 16koa, turismoa antolatzen duena.

5/2004 Legea, maiatzaren 7koa, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa.

3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duena.

18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa.

12/1994 Legea, ekainaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa.

11/1994 Legea, ekainaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikoari buruzkoa.

12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

1/2008 Legea, otsailaren 8koa, Familia Bitartekaritzakoa.

2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa.

Era berean, indargabetu egingo da 165/1999 Dekretua, martxoaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean adierazten den jarduera-lizentziarik lortu behar ez duten jarduerak zein diren zehazten dituena.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, herritarren eskubide eta bidezko interesei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldiaren izapidea igaro beharko dute. Era berean, xedapenen izaerak hala eskatzen badu, jendaurrean jarri beharko dira.

Ebazpen honi dagokion arauketak zehaztugabeko hainbat pertsona fisiko eta juridikori eragiten die, eta pertsona horiek ez daude beti guztiak biltzen edo ordezkatzen dituzten antolakundeetan sartuta, eta horregatik komenigarria da jendaurrean jartzea.

Lege-aurreproiektu hau egiteko prozedura hastea agintzen duen Lehendakariaren otsailaren 15eko 4/2010 Dekretuak Azterlan eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzari egozten dio aurreproiektua izapidetzea.

Aurreko guztiaren ondorioz, hauxe

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Jendaurrean jartzea, hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, zenbait lege aldatzeko lege-aurreproiektua, barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko.

Bigarrena.- Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, eta nahi duenak alegazioak aurkezteko, lege-aurreproiektuaren edukia Lehendakaritzako Azterlan eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzan (Vitoria-Gasteizko Nafarroa kaleko 2.ean) egongo da eskuragarri, bai eta Interneteko www.euskadi.net atarian, Lehendakaritzaren atalean, eta halaber, www.irekia.euskadi.net webgunean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko apirilaren 27a.

Azterlan eta Araubide Juridikoaren zuzendaria,

JOSÉ LUIS ARAMENDIA CORDÓN.


Azterketa dokumentala