Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2010eko martxoaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1660

EBAZPENA, 2010eko otsailaren 23koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Astigarragan (Gipuzkoa) dagoen Ibaiondo Etxea, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Astigarragan (Gipuzkoa) dagoen Ibaiondo Etxeak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Astigarragan (Gipuzkoa) dagoen Ibaiondo Etxea, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena.- Astigarragan (Gipuzkoa) dagoen Ibaiondo Etxea Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.- Ebazpen hau interesdunei, Astigarragako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu ahal izateko eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkez ditzaten.

Laugarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 23a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

ANTONIO RIVERA BLANCO.

I. ERANSKINA

Mugaketa

a) Mugaketaren esparrua.

Mugaketa-esparruan sartzen dira eraikina bera eta hura inguratzen duen urbanizazioa.

Kasu honetan, mugaketa-esparruaren edo arearen mugak jabetzaren muga berberak dira.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Mugaketa hau proposatu da Ibaiondo etxearen inguruneak dituen ingurumen-, edertasun- eta ikusmen-balioak zaintzeko beharragatik.

Ondasuna egoki babesteko eta balioesteko babestu behar da, baita haren ondoko esparrua ere; izan ere, azken hori gabe ez litzateke hautemango eraikinaren batasuna, ez eta hiri-ingurunean nola txertatu den ere.

Aipatu guztiaren ondorioz, hizpide dugun eraikina ez ezik, haren ingurua ere sartzen da mugaketa honetan.

II. ERANSKINA

Azalpena

Ibaiondo etxea Pablo Zabalo Ballarín arkitektoak diseinatu zuen Carlos Elgezua eskultorearentzako tailer-etxe moduan. 1955. urtean hasi ziren eraikitzen eta 1961ean amaitu.

Bolumen exentua da, 12x12 metro inguruko oinplano konpaktua duena eta profil bat zeinen hegal bakarrak lehenengo solairuko forjatuarenak diren, non balkoi jarraitua, aldeko balkoi txikia eta atzeko etxaurreko hegal itxia kokatzen diren. Eraikinak erdisotoa, beheko solairua, solairuartea, lehenengo solairua eta teilatupea ditu. Beheko solairua dago, gutxi gorabehera, lur-kotatik metro bateko altueran eraikia.

Erdisotoa, beheko solairua eta solairuartea solairuak eskultorearen estudio dira, solairu horietan guztietan aurkitzen direlarik hizpide dugun jarduera garatzeko beharrezkoak diren gela guztiak. Horrela, solairuarteak oinplanoaren parte bat soilik hartzen du, estudioaren bolumena altuera bikoitzekoa bihurtuz. Goiko solairuetan, hots, lehenengo solairuan eta teilatupean, etxebizitza kokatzen da.

Banaketari dagokionez, esparruak dimentsio handi eta zabalekoak dira, eta, etxebizitzaren kasuan, gelek kanpoko aldera ematen dute, behar bezala airezta daitezen. Etxea altueran eraiki da, hau da, lurraren gainetik. Horregatik, etxera sartzeko harrizko sei eskaloi daude etxearen aurreko aldean. Teilatua teila zeramikoz estalita dago, bi isurikoa da, etxaurre nagusiarekiko goihabe perpendikularra du eta teilatu-hegal apur bat irtenak ditu.

Etxaurreen osaerari dagokionez, etxaurre nagusian bi kontrahorma daude, zeinen gainean bermatzen diren lehenengo solairuko balkoi jarraitua eta sarrera atea dagoen portalerako sarbidean den arkua. Material erabiliei dagokienez, harria erabili da beheko solairu osoa hartzen duen oinalde perimetralean. Harria erabili da, baita ere, teilatupeko solairua zedarriztatzen duen frontoi hirukia egiteko. Gainerakoan, solairuartea, lehenengo solairua eta etxaurrea zuriberrituak eta margotuak daude. Baoak simetrikoki daude jarrita etxaurre nagusian; gainerako etxaurreetan, ordea, gelen antolamenduaren arabera kokatzen dira. Baoak burudunak dira, arotzeria dute eta zurezko kontraleihoak dituzte.

Egiturari dagokionez, eraikina hormigoi armatuzkoa da. Haren egiturazko diseinua oso bitxia da, erdisoto solairuko habeak salbu, ia ez baitago haberik. Teilatupea ixten zertxa hirukiak daude, hormigoi armatuzkoak eta solairuko forjatua «eseki» duten tiranteak dituztenak.

Etxe hau inguraturik dago lorategi itxi batez, zeinen perimetroa berriki aldatu baita Astigarragako Hiri Antolamendurako Plan Bereziak ezarri antolamendu berriaren eraginez. Eraikinaren barruan egoera onean gorde dira material guztiak: zurezko zolak, baldosak, sarrerako beirategia, eta abar, «arduraz eta herrialdeko ohiko arauei jarraiki eraiki delarik». Egungo erabilera koherentea eta zuzena da eraikinaren mota kontuan hartuz, eta jatorrizko giroa zaindu da. Gailen da beheko solairuan dagoen estudioa edo erakustokia, kontu handiz apaindu baita eta jarri baitira zurezko panelak paretak erdira arte estaltzeko.

Horren guztiaren fruitu da etxebizitza-arkitektura bitxia, tailer-etxebizitza erabileraren behar funtzionalen ondorioz barne-esparru handiak dituena, material onekin egina eta, egundaino, baldintza onetan zaindu dena.


Azterketa dokumentala