Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2010eko martxoaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
1649

AGINDUA, 2010eko otsailaren 12koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Garapen Lankidetza Sustatzeko 2010erako Fondoaren kontura ekintza humanitario bati diru-laguntza ematen diona.

Otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuak arautzen ditu Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak, eta bi jarduera-mota bereizten ditu. Alde batetik, larrialdietan laguntzeko proiektuak daude: haien bidez, oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak eskuragarri jarri nahi dira, biziraunpena bermatzeko eta hondamendiek eragindako sufrimendua eramangarriago egiteko. Beste aldetik, ekintza humanitarioko proiektuak, zentzu zabalago batean; horri lotutako jarduerak larritasun-maila txikiagokoak dira eta garapena, giza eskubideak eta bakegintza sustatzeko oinarri batzuk bultzatzeko dira.

Aipatutako dekretuaren 4. artikuluak dioenez, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren bidez urtero egingo da laguntza-deialdia, bi finantzaketa-lerroak bilduz. Finantzaketa-lerro iraunkor bat, urte osoan irekita egongo dena; larrialdi-laguntzetarako eta ekintza humanitarioetarako laguntza-eskariak aurkeztu ahal izango zaizkio. Beste finantzaketa-lerroa, ordea, ekintza humanitarioko esparru-estrategiak onesteko izango da. Agindu horri jarraiki onetsi zen Garapen Lankidetza Sustatzeko 2010erako Fondoaren kontura ekintza humanitarioetarako diru-laguntzak deitzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2010eko otsailaren 3ko Agindua.

Horren ondorioz, eta garapenerako lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak arautzen dituen otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoa betez, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren Batzorde Kudeatzailearen proposamenez (martxoaren 30eko 62/2004 Dekretuak arautzen du batzorde hori), eta Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak aurretiaz txostena egin ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.- Gurutze Gorriak eskatu duen proiekturako etengabeko finantzaketa-lerroa lortzeko aurkeztu den larrialdi eta giza ekintzarako diru-laguntza ematea. 2010eko urtarrilaren 12an izandako lurrikararen ondoren, Haitiko milioika lagunek bizi duten egoera ahal den neurrian hobetzera bideratuta dago laguntza hori. Emandako diru-laguntza material jakin batzuk erosteko erabiliko da nagusiki; hala nola, premiazko gauzak -jakiak eta sendagaiak-, bai eta oinarrizko beste produktu batzuk eramateko ere. Giza eskubideen ikuspegitik, han gertatutakoaren lekukotza emateko txostenak eta lanak egin eta zabaltzeko aukera ere aipatu da.

Bigarrena.- Laguntza 100.000 euroko ordainketa bakar baten bidez emango da. Proiektua 2010eko urtarrilaren 12an hasiko da eta 2010eko maiatzaren 12an bukatuko. Beraz, diru-laguntza justifikatzeko epea 2010eko irailaren 12an bukatuko da.

Hirugarrena.- Agindu hau erakunde eskatzaileari bertatik bertara jakinaraztea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

Laugarrena.- Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke erakunde berean, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean. Epeok agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 12a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala