Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2010eko martxoaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Osasun eta Kontsumo Saila
1639

ERABAKIA, 2010eko otsailaren 17koa, Osakidetza erakunde publikoaren Administrazio Kontseiluarena, zeinen bidez sortzen baita, Bizkaiko osasun arloan, Bizkaiko osasun mentaleko Sarea izeneko osasun zerbitzuen antolamendua, eta kendu egiten baitira Bermeoko ospitaleko, Zaldibarko ospitaleko, Zamudioko ospitaleko eta Bizkaiko Ospitalez kanpoko Osasun Mentaleko osasun zerbitzuen antolamenduak.

Nahasmen mentaleko pertsonak honako ildo hauei jarraituz artatzen dira EAEn:

- Osasun Mentaleko Plan Estrategikoa (1983).

- Osasuneko Lege Orokorra (1986).

- Gaixotasun mentalari EAEn eskaini behar zaion laguntza komunitarioari buruz Arartekok egindako txostena (2000).

- Osasun Mentaleko Plan Estrategikoa (2004-2008).

- Estrategia europearra / Europako Osasun Mentalaren gaineko Liburu Berdea (2005).

- Osasuneko Sistema Nazionalaren Osasun Mentaleko Estragia (2007).

- Osasun Mentaleko Estrategia (OME - 2009). EAEko Osasun Mentalari buruzko Aholku Batzordea (2009).

Jarraibide horietan sorospen komunitarioko eredua xedatzen da, alegia, osasun mentaleko laguntza zerbitzuak normaldu eta osasun sare orokorrean txertatzen dituena, eragindako herritarrak gizarteratu eta normaltzen dituena eta osasun eta gizarte arloetako baliabideak koordinatzen dituena.

Proposatutako eredua Bizkaiko Lurraldeko Osasun Mentaleko Plan Estrategikoari egokituko zaio, kontuan hartuz sektore bakoitzak laguntza dispositibo guztiak (ospitale orokorretako akutuen unitateak) erakunde bakar batean txertatzeko aukera gutxi dituela.

Plan Estrategikoaren beste helburu orokor batzuei erantzuten die eredu berriak:

- Ospitaleen eraketa.

- Ospitaleetako baliabideak egitura alternatibo bihurtzea.

- Errehabilitazio programak bultzatu eta normaltzea.

Aurrekontu bakarra kudeatzeak, bestalde, baliabideak erabiltzerakoan eragingarritasun handiagoa lortzen saiatu, aitzindaritza teknikoen garapenari aukerak eman eta kudeaketa klinikoaren unitateak garatzen ahaleginduko da.

Egoera horrek honako hau dakar: zenbait zerbitzuren jarduera- eta kudeaketa-prozesu bateratuak ezartzea, laguntza kalitatea hobetzeko baliabideak ekonomizatu eta aurrezteko arrazoiak aintzat hartuz. Beharrezkoa da, horretarako, estalpen juridiko nahikoa eskaintzea.

Egungo egoera aztertzetik ateratzen dena da ze indarrean dagoen antolaketa eredua -lau Zerbitzu Erakundetan oinarritutakoa- zaharkituta dagoela, uste baita osasun zerbitzuetan (Bermeoko ospitalea, Zaldibarko ospitalea, Zamudioko ospitalea eta Bizkaiko Ospitalez kanpoko Osasun Mentala) modu beregainean txertatutako baliabideak -gizazkoak, gauzazkoak eta antolamenduzkoak- osasun zerbitzu erakunde bakar batean behin betiko txertatze aldera, zeinen izena «Osasun Mentaleko Bizkaiko Sarea» izango baita.

Azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuz onartutako Osakidetza erakunde publikoaren Estatutu Sozialetako 4.2 artikuluan honako hau ezartzen da:

«Dekretu honetako II. Eranskinean Osakidetza Erakunde Publikoaren zerbitzu organizazioak zehazten dira, zeinek eratutzat joko baitira euren jarduerekin hasten diren egunean. Aurrerantzean, erakunde publikoari atxikitako baliabideak berrantolatu ahal izango dira egun dauden zerbitzu antolamenduak aldatu, batu edo bereiziz. Erakunde Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabakiz eta horretaz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legeko 22.2 artikuluan xedatutakoaren arabera hartu ahal izango dira neurriok.

Estatutuetako 8.5.c) artikuluak, bestalde, honakoa hau ezartzen du: «Administrazio Kontseiluari dagokio, osasun zerbitzuak eratzeari dagokionez, Erakunde Publikoari atxikitako baliabideen berrantolaketa onartzea, aldez aurretik zuzendari nagusiaren proposamena izanik».

Estatutuetako 9. artikuluan ezartzen dena da ze, erakunde publikoaren menpeko osasun zerbitzuei dagokienez, Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunak direla estatutuen arabera ezartzen diren eskumenak: koordinazio estrategikoa, kudeaketa ahalmenei laguntza eskaini eta horiek gauzatzea.

Esandakoaren haritik, aipatutako lege-estalduraz jabetuz, Osakidetza Erakunde Publikoaren Administrazio Kontseiluak, Gizarte Estatutuetako 4.2 artikuluan xedatutakoaren babesean, honako hau

ERABAKI DU

Lehenengoa.- Kendu egiten dira Bizkaiko Osasun Arloan Bermeoko ospitaleko, Zaldibarko ospitaleko, Zamudioko ospitaleko eta Bizkaiko Ospitalez kanpoko Osasun Mentaleko osasun zerbitzuen antolamenduak, eta horietako baliabideak -gizazkoak, gauzazkoak eta antolamenduzkoak- erabaki honen bidez sortzen den osasun-zerbitzuen organizazio berri batean txertatzen dira, zeinen izena «Osasun Mentaleko Bizkaiko Sarea» izango baita.

Bigarrena.- «Osasun Mentaleko Bizkaiko Sarea» osasun-zerbitzuen organizazioak ondoren aditzera ematen den zuzendaritza egitura izango du, Gizarte Estatutuetako 15.2 artikuluko aurreikuspenen baitan:

- Zuzendari kudeatzailea.

- Zuzendari Medikoa.

- Erizaintzako Zuzendaritza.

- Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritza.

- Giza Baliabideetako Zuzendaritza.

Hirugarrena.- «Osasun Mentaleko Bizkaiko Sarea» delakoko osasun-zerbitzuen antolamendua eratzeaz arduratzen den Zuzendaritza Kontseilua bere zuzendaritza-egiturako karguez osatuko da, eta hitz egiteko eskubidea bai, baina botorik izango ez duen idazkari batek lagunduko dio. Batuketaren ondoren gelditzen diren Unitate Burutzek eta hautaketa prozesuaren ondoren sortzen den Kontseilu tekniko berriko kide hautatuek ere parte hartu ahal izango dute Zuzendaritza Kontseilu berrian.

Laugarrena. - Osasun zerbitzu horiek Osasun eta Kontsumo Sailarekin dituzten harreman ekonomikoak, finantzarioak eta programatikoak «Osasun Mentaleko Bizkaiko Sarea» delakoarekin hitzartutako Kontratu-Programa bakarrean txertatuko dira 2010eko ekitalditik aurrera.

Bosgarrena.- Eskumen berezia ematen zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari, zertarako eta, beharrezkoak diren ebazpenak emateko «Osasun Mentaleko Bizkaiko Sarea» delakoan benetan biltzeko langileen plantillak eta, halaber, kentzen diren osasun zerbitzuen organizazioetan egun dauden zerbitzu administratiboak (giza-, ekonomia-, aurrekontu- eta kontaduritza-baliabideak)eta sorospen-zerbitzuak. Horretaz gain, kentzen diren zerbitzuetako izendapenezko zuzendaritza-karguak ere bertan behera uztea, eta «Osasun Mentaleko Bizkaiko Sarea» delakokoak izendatzea, erabaki honetako salbuespenak kontuan hartuz.

Seigarrena.- Aurrekontuen eta langileak atxikitzearen arloei dagokienez, txertaketa prozesua 2010eko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko da.

Zazpigarrena.- Erabaki honen egunetik aurrera eguneratu egiten da Osakidetza Erakunde Publikoaren zerbitzu organizazioen zerrenda, eranskinean xedatutakoaren arabera eguneratu ere.

Zortzigarrena.- Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 17a.

Lehendakaria,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.

ERANSKINA

OSAKIDETZA ERAKUNDE PUBLIKOKO ZERBITZU ORGANIZAZIOEN ZERRENDA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LURRALDE EREMUA

1.- Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Erakunde Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

2.- Emergentziak (Emergentzietako lurralde-unitateak)

3.- Transfusio eta Giza-Ehunen Euskal Zentroa.

4.- OSATEK, SA

ARABA OSASUN ARLOKO LURRALDE EREMUA

1.- Txagorritxu Ospitalea.

2.- Santiago Ospitalea.

3.- Lezako Ospitalea.

4.- Arabako Ospitale Psikiatrikoa eta Ospitalez Kanpoko Osasun Mentala

5.- Arabako Eskualdea.

BIZKAIA OSASUN ARLOKO LURRALDE EREMUA

1.- Gurutzetako Ospitalea.

2.- Basurtuko Ospitalea.

3.- Galdakao-Usansoloko Ospitalea.

4.- San Eloy Ospitalea.

5.- Santa Marina ospitalea.

6.- Gorlizko Ospitalea.

7.- Osasun Mentaleko Bizkaiko Sarea.

8.- Bilboko Eskualdea.

9.- Barneko Eskualdea.

10.- Uribeko Eskualdea.

11.- Ezkerraldea-Enkarterriko Eskualdea.

GIPUZKOA OSASUN ARLOKO LURRALDE EREMUA

1.- Donostia Ospitalea.

2.- Zumarragako Ospitalea.

3.- Bidasoako Ospitalea.

4.- Mendaroko Ospitalea.

5.- Deba Garaiko Ospitalea.

6.- Gipuzkoako Ospitalez Kanpoko Osasun Mentala.

7.- Gipuzkoa Ekialdeko Eskualdea.

8.- Gipuzkoa Mendebaldeko Eskualdea.


Azterketa dokumentala