Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2009ko azaroaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
6146

AGINDUA, 2009ko azaroaren 2koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, hain zuzen ere Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren beste agindu bat aldatzen duena. Agindu horren bidez, nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden eremuetarako jarduera-plana onartu zen.

Urak nekazaritzan erabiltzen diren nitratoen kutsaduratik babesteari buruzko Kontseiluaren 1991ko abenduaren 12ko 91/676/EEE Zuzentarauaren 5.7 artikuluan ezartzen denez, estatu kideek berrikusi egingo dituzte eta, beharrezko balitz, aldatu egingo dituzte euren ekintza-programak, 5. paragrafoaren arabera hartu diren balizko neurri gehigarriak barne direla, gutxienez lau urtean behin.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumeneko sailburuaren, Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren eta Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2000ko abenduaren 18ko Aginduaren bidez onartu zen nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden eremuetarako jarduera-plana.

Agindu hori indargabetuta geratu zen 2008ko urriaren 15ekoaren bidez, Gasteizko arrisku-eremua Dulantzi sektorera handituta. Batzordeari jakinarazi zitzaion, eta hark ohar batzuk egin ditu, eta horiek eragin dute indarrean dagoen jarduera-plana aldatzeko agindu hau.

Horren indarrez, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.- Eranskinaren 3. paragrafoko 3.1 puntua aldatzea.

Hau da eranskinaren 3. paragrafoko 3.1 puntuaren testu berria:

«3.1.- Higadura-arriskuko lursailetan ongarritzea: Euskadiko Lurzoruen Higadura Maparen arabera, higadura-prozesu larriko, oso larriko edo muturrekotzat sailkatutako eremuetan kokatutako lursailetan, lurperatu egin beharko da ereinaldiko ongarria, eta ez da erabili ahal izango presio altuko aspertsorerik. Hustubideetan, heskaietan, ezpondetan eta hegalen hondoetan belarra egon behar da».

Bigarren artikulua.- Eranskinaren 3. paragrafoko 3.2 puntua aldatzea.

Hau da eranskinaren 3. paragrafoko 3.2 puntuaren testu berria:

«3.2.- Urak gainez hartutako lursailetan, elurtuetan edo izoztuetan: lursail horietan, edozein simaur-klase, solido zein likido, botatzea debekatzen da, egoerak bere horretan irauten duen bitartean, hau da, urak gainez eginda, izoztuta edo elurrez estalita dauden bitartean».

Hirugarren artikulua.- Eranskinaren 3. paragrafoko 3 puntua aldatzea.

Eranskinaren 3. paragrafoari 3.4 puntu berria erantsiko zaio, honela idatzita:

«3.4.- Ongarritzeko modua: uretara galtzen diren ongarriek maila onargarri batean iraun dezaten, ongarriok, solidoak zein likidoak, soil-soilik eranskin honetako 2. paragrafoan zehaztutako garaietan botako dira; kasu horretan baino ez. Ongarria botatzeko makinek egoki kalibratuta egon beharko dute, eta horrela ziurtatuko da ongarria modu uniformean banatuko dela lursailean».

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako Sailak Ingurumen, Landa eta Itsas Ingurune Ministerioari agindu hau onartu dela jakinaraziko dio.

Bigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 2a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala