Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2009ko azaroaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5934

ERABAKIA, 2009ko irailaren 21ekoa, Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren Administrazio Kontseiluarena; horren bidez, kontratatutako irakasleen eta ikertzaileen eta doktore-titulua duten unibertsitate pribatuetako irakasleen ebaluazioa eta egiaztapena lortzeko, eta irakasle lankideak eta elkartuak kontratatu aurreko txostena lortzeko deialdia onartzea eta argitaratzea erabaki da.

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile kontratatuengandik eta doktore-titulua duten unibertsitate pribatuetako irakasleengandik Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren ebaluazioa eta egiaztapena lortzeko eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle lankideak eta elkartuak kontratatu aurreko txostena lortzeko prozedura arautzen duen azaroaren 13ko 192/2007 Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoa betez, eta Uniqual Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2008ko uztailaren 9an hartutako Erabakiaren bidez onartutako Protokoloaren 4. puntuan ezarritakoari jarraiki, Agentziaren Administrazio Kontseiluak,

ERABAKI DU:

Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen II. Tituluan aurreikusitako lanbide-kategorietako batean kontratatzeko eta egiaztatzeko beharrezkoa den irakasleen irakaskuntza-jardueraren eta/edo ikerketa-jardueraren ebaluaziorako deialdia onartzea eta argitaratzea, honako oinarri hauei jarraiki:

OINARRIAK

Lehenengoa.- Xedea.

1.- Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle oso, agregatu, atxiki, lankide eta elkartu gisa kontratatu ditzaten nahi dutenen irakaskuntza-jarduera eta/edo ikerketa-jarduera ebaluatzea da deialdi honen xedea.

2.- Halaber, doktore-titulua duten unibertsitate pribatuetako irakasleen irakaskuntza-merituak eta/edo ikerketa-merituak ebaluatuko dira deialdi honen bidez, bai unibertsitate horietan sartu nahi dutenen kasuan, bai irakaskuntza-lanak eta/edo ikerketa-lanak egiten dituztenen kasuan.

Bigarrena.- Kategoria ezberdinetarako eskabidea aurkezteko baldintzak.

a) Irakasle osoaren modalitatea kontratatzeko ebaluazioan, doktoretza-titulua eskatzen duen uniber­tsitateko edozein irakasle-taldetako kide izatea, edo irakasle agregatu izatea eta, gutxienez, unibertsitateko irakasle edo ikertzaile gisa hiru urteko jarduna egiaztatzea.

b) Irakasle agregatuaren modalitatea kontratatzeko ebaluazioan, doktore-titulua edukitzea eta, gutxienez, irakasle edo ikerlari gisa hiru urtez jardun izana, doktore egin eta gero, ahal dela.

c) Irakasle atxikiaren modalitatea kontratatzeko ebaluazioan, doktore-titulua edukitzea eta egiaz­tatzea bi urtez, gutxienez, ez duela Euskal Herriko Unibertsitatean kontratuzko edo estatutuen arabe­rako harremanik izan edo bekadun gisa jardun, eta, denbora-tarte horretan, unibertsitate horrekin lotu­rarik ez duten zentroetan irakasle- edo ikerlari-lanak egin dituela edo doktore-titulua beste unibertsitateren batean eskuratu duela.

d) Unibertsitate Pribatuko Irakasle doktore modalitatea kontratatzeko ebaluazioan, doktore-titulua edukitzea.

e) Irakasle lankide modalitatea kontratatzeko eskaera-txostenean, lizentziatu, arkitekto edo ingeniari-titulua, edo unibertsitateko diplomatu, arkitekto tekniko edo ingeniari tekniko titulua edukitzea.

f) Irakasle elkartua modalitatea kontratatzeko eskaera-txostenean, jarduera profesionala unibertsita­tetik kanpokoa izatea.

Baldintza horiek beti bete behar dira ebaluazioa eskatzeko ezarritako epemuga baino lehen.

Hirugarrena.- Ebaluazioaren edo txostenaren eskabidea aurkezteko epea.

Irudi guztietarako eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 48. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

Laugarrena.- Ebaluazioaren eskabidea aurkezteko lekua eta modua.

1.- Eskabideak Uniqual/Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzian aurkeztuko dira, eta, interesdunaren curriculumarekin batera, aplikazio informatiko baten bidez sortuko dira. Aplikazio hori Agentziaren web-orrian dago eskuragarri (www.uniqual.org).

Eskabidea, halaber, deialdi honen I. eranskin gisa gaineratutako eredua bete ondoren aurkez daitezke. Hala ere, espedientearen izapideak motelagoak dira kasu horietan.

2.- Eskabidea, halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez aurkeztu ahal izango da.

3.- Eskabidea posta-bulegoetan aurkezten duten interesdunek posta-zerbitzuak emateko Araudia onartzen duen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoari jarraitu beharko diote. Artikuluak honako hau dio:

«Herritarrek edo erakundeek posta-zerbitzu unibertsala emateko agindua jaso duen operadorearen bitartez herri-administrazioen organoetara bidaltzen dituzten eskabideak, idazkiak eta komunikazioak gutunazal irekian aurkeztuko dira, eta bulegoaren izena eta onarpenaren lekua, ordua eta minutua jasoaraziko dira, argi eta garbi, bidali nahi den dokumentuaren lehen orriaren goiburuan. Halaber, bidali nahi den dokumentu nagusiaren kopiaren, fotokopiaren edo beste erreprodukzio mota baten lehen orrialdean bidalketaren zirkunstantziak jasoaraztea eskatu ahal izango du igorleak, identitatea jatorrizkoarekin konparatu ondoren. Dokumentua administrazio-organo eskudunari aurkeztu izana egiaztatuko duen agiri gisa aurkeztuko da.

Adierazitako eginbideen ondoren, igorleak berak itxiko du gutunazala, eta enplegatuak onarpenaren ordezkagiria egin eta emango du. Ordezkagiri horren jatorrizkoa bulegoan artxibatuko da.

Artikulu honetan aurreikusitako betebeharrei jarraiki, posta-zerbitzu unibertsala emateko agindua jaso duen operadoreak onartutako bidalketak behar bezala aurkeztutzat hartuko dira, Herri Adminis­trazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan eta haren garapen-araudian aurreikusitako ondorioetarako».

Bosgarrena.- Eskabidearen edukia.

Eskabidean, ebaluazioa edo txostena egiteko eskaera zer kontratu motari dagokion adierazi beharko da. Interesdunek kontratu-irudi bakoitzeko ebaluazio edo txosten eskabide bat egin beharko dute.

Interesdunek, halaber, irakasle lankidearen eta elkartuaren irudietarako beharrezkoa den txostena eskabide bereizituen bidez egin beharko dute.

Seigarrena.- Ebaluazio-eskabidearekin batera aur­keztu beharreko dokumentazioa.

1.- Eskabidearekin batera, Agentziaren web-orrian (www.uniqual.org) eratu daitekeen curriculum vitaea aurkeztu beharko da. Curriculum vitae hau deialdi honen II. erantsian dagoen eredua jarraituz, Agentziaren web-orrian eskuragarri izango dena, ere aurkeztu daiteke.

Halaber, eskatutako titulazioa eta interesdunaren historial akademikoa osatzen duten meritu guztiak egiaztatzen dituen dokumentazioaren kopia aurkeztu beharko da. Meritu horiek beti bete behar dira ebaluazioa eskatzeko ezarritako epemuga baino lehen.

2.- Interesdunek ez dituzte, ezein kasutan, jatorrizko dokumentuak aurkeztu behar, ez baitira itzuliko.

Aurrekoa aparte utzi gabe, legez eskatutako baldintzak edo alegatutako merituak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoa den guztietan eskatu ahal izango die Uniqual agentziak eskatzaileei dokumen­tazioa aurkeztea.

3.- Dagokion espedientearen aipamen zehatzaren bidez, aurreko egiaztapen-ebaluazioaren edo txoste­naren beste eskabide batzuekin batera aurkeztu izana­gatik Uniqual agentziak dagoeneko baduen egiaztatzeko dokumentazioaren kopiak aurkezteko beharra salbuetsi ahal izango da.

4.- Ebaluazio-eskabidearekin batera, aurkeztutako dokumentazioaren egiazkotasunaren deklarazioa aurkeztu behar dute interesdunek. Deklarazio horretan, aurkeztutako dokumentu guztien zerrenda sartu behar da. Deklarazio hori egiteko, Uniqual agentziaren web-orrian argitaratutako formularioa erabil daiteke.

Zazpigarrena.- Ebaluazio-eskaerak jasotzea eta bideratzea.

1.- Uniqual agentzian eskabidea jaso ondoren, eskatzaileari eta eskatutako irudiari emandako identifikazio-kode batekin erregistratuko da eta espediente bat irekiko da, sarrera-data adierazita.

2.- Deialdi bakoitzean, eskatzaile eta irudi bererako espediente bakarra sortu ahal izango da. Interesdunak irudi bererako hainbat espediente sortzen baditu, erregistro publiko batean paperean aurkeztutako azkenengo eskabidea soilik hartuko da kontuan.

Zortzigarrena.- Ebaluazio-irizpideak.

1.- Uniqual agentziak uztailaren 29ko 149/2008 Dekre­tuaren bidez eta azaroaren 13ko 192/2007 Dekre­tuaren eranskinean aurreikusitako irizpideei jarraiki kontratu-irudi bakoitzerako onar­tutako ebaluazio-irizpideen arabera beteko dute beren zeregina Ebaluazio Batzordeek.

2.- Ebaluazio-organoek uztailaren 29ko 149/2008 Dekretuaren bidez onartutako puntuazioak hartuko dituzte kontuan eskatzaile bakoitzak alegatutako merituak balioesteko garaian.

Bederatzigarrena.- Ebazpena.

1.- Ebaluazioa edo txostena lortzeko prozesuen emaitzak Uniqual agentziako zuzendariaren ebazpen bidez formalizatuko dira. Eskaera bakoitzak bere ebazpena izango du. Ebazpen horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, nahi izanez gero, adierazitako Agentzian, hilabeteko epean, edota, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Administrazioarekiko Auzietako Epaitegi eskudunetan, bi hilabeteko epean (bi kasuetan, ebazpena jakinarazten denetik aurrera kontatzen hasita).

2.- Ebazpenetan, ebaluazioa zer kontratu-irudirako egin den, ebaluazioa positiboa edo negatiboa izan den, eta txostena aldekoa edo kontrakoa izan den adierazi beharko da. Halaber, dagokion batzordeak egindako ebaluazioaren edo txostenaren laburpena gaineratuko zaie ebazpenei.

3.- Eskatzaileek ebaluazio positiboa lor dezakete kontratu-irudi jakin baterako, beti ere aurkeztutako merituekin hurrengo puntuazio minimoak lortzen dituztenean:

- Irakasle Elkartua: guztira 55 puntu baino gehiago lortzea eta, horrez gain, Prestakuntza akade­mikoa eta irakaskuntzako esperientzia, Jarduera profesionala eta Ikerketa-jarduera atalen artean gutxienez 50 puntu lortzea.

- Irakasle lankidea: guztira 55 puntu baino gehiago lortzea eta, horrez gain, Prestakuntza akademikoa eta irakaskuntzako esperientzia eta Jarduera profesionala eta ikerketa-jarduera atalen artean gutxienez 50 puntu lortzea.

- Irakasle atxikia: guztira 55 puntu baino gehiago lortzea eta, horrez gain, Ikerketa-jarduera eta ezagutza transferentzia atalean gutxienez 20 puntu lortzea eta Prestakuntza akademikoa, irakaskuntza-jarduera eta esperientzia profesionala atalean gutxienez 10 puntu lortzea.

- Irakasle agregatua: guztira 65 puntu baino gehiago lortzea eta, horrez gain, Ikerketa-jarduerak eta ezagutza transferitzea atalean gutxienez 30 puntu lortzea eta Irakaskuntza-jarduera eta esperientzia profesionala atalean gutxienez 20 puntu lortzea.

- Irakasle osoa: guztira 80 puntu baino gehiago lortzea eta, horrez gain, Ikerketa-jarduerak eta ezagutza transferitzea atalean gutxienez 45 puntu lortzea eta Irakaskuntza-jarduera eta esperientzia profesionala atalean gutxienez 25 puntu lortzea.

- Unibertsitate pribatuko irakasle doktorea:

* A aukera: guztira 50 puntu baino gehiago lortzea eta, horrez gain, Ikerketa-jarduerak eta ezagutza transferitzea atalean gutxienez 20 puntu lortzea eta Irakaskuntza-jarduera atalean gutxienez 20 puntu lortzea.

* B aukera: guztira 50 puntu baino gehiago lortzea eta, horrez gain, Ikerketa-jarduerak eta ezagutza transferitzea eta Irakaskuntza-jarduera atalen artean gutxienez 45 puntu lortzea.

4.- Ebaluazioaren ebazpenak deialdi honetan eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu eta hurrengo sei hilabeteen barruan jakinarazi beharko zaizkie interesdunei, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.5 artikuluan xedatutakoa aparte utzi gabe.

5.- Aurreko idatz-zatian adierazitako epearen barruan ebazpenik izan ezean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan aurreikusitako ondorioak sortuko dira.

6.- Ebaluazio negatiboa edo kontrako txostena jaso duen interesdunak ezin izango du beste ebaluazio-eskaera bat edo txosten-eskaera bat aurkeztu dagokion ebazpena jakinarazi eta sei hilabete igaro arte prozedura arautzen duen azaroaren 13ko 192/2007 Dekretuaren 8.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

Hamargarrena.- Dokumentu-erregimena eta datu pertsonalen inguruko eskubideak.

1.- Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraiki, interesdunek emandako datuak Uniqual agentziaren titulartasunpeko fitxategi automatizatu pertsonal batean sartuta geratu ahal izango dira Agentziak deitutako beste prozesu batzuk garatzeko, betiere interesdunak prozesu horietan parte hartzen badu.

2.- Fitxategi pertsonala Uniqual agentziaren Zuzendaritzaren erantzukizunpean geratuko da (San Prudentzio kalea, 8, 01005 Vitoria-Gasteiz).

3.- Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa gara­tzeko Araudia onartzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraiki tratatuko dira datu pertsonalak, eta informazioaren konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartuko dira.

Gainera, tratamendu egokia jasoko dute datu horiek, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean eta Lege hori garatzen duen urriaren 18ko 308/2005 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

4.- Interesdunek eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte Uniqual agentziaren bulegoetan, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organi­koan ezarritakoa betez.

Hamaikagarrena.- Errekurtsoak.

Deialdi hau eta haren oinarriak behin betikoak dira administrazio-bidean, eta horien aurka adminis­trazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango diete interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekiko auzietako jurisdikzio-organoei bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 109. artikuluan (4/1999 Legeak aldatutako testuaren arabera) eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoari jarraiki. Halaber, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Agentziari hilabete bateko epean, adierazitako 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluei jarraiki (4/1999 Legeak aldatutako testuaren arabera).

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko irailaren 21a.

Uniqualeko Administrazio Kontseiluaren idazkaria,

M.ª PAZ ESPINOSA ALEJOS.

Oniritzia: Uniqualeko Administrazio Kontseiluaren lehendakaria,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA / ANEXO I

CURRICULUM ESKAERA / INSTANCIA CURRICULUM

(Ikus .PDF)

II. ERASKINA / ANEXO II

CURRICULUM VITAEA / CURRICULUM VITAE

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana