Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2009ko irailaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
5094

80/2009 DEKRETUA, apirilaren 21ekoa, askatasunaz gabetzeko neurriak betearazten dituzten EAEko ikastetxeei buruzkoa.

Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 45. artikuluan xedatzen denez, neurrien betearazpena autonomia-erkidegoen eskumena izango da. Entitate publiko horiek, dituzten antolaketa-arauei jarraituz, sortu, zuzendu, antolatu eta kudeatuko dituzte Lege horretan aurreikusten diren neurriak behar bezala betearaziko direla bermatzeko zerbitzu, erakunde eta programa egokiak. Era berean, beste entitate batzuekin (publikoak zein estatuko, tokiko edo autonomia-erkidegoetako administraziokoak izan) behar diren lankidetza-hitzarmenak edo akordioak ezartzea izango dute, euren eskumeneko neurriak gauzatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan Eusko Jaurlaritza da Herri Administrazio eskuduna, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez gauzatzen du eskumen hori.

Adingabeen epaitegiek ezartzen dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoan bete behar diren barneratzeko, barneratze terapeutikoko eta asteburuko egonaldiko neurriak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak horretarako dituen zentroen sarean beteko dira. Neurri horiek honako lege hauetan ezarritako zehapen- eta hezkuntza-arloko izaera dute: Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoa eta lege hori garatzen duen Araudia, uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuak onartutakoa, eta haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko Eusko Legebiltzarraren 3/2005 Legea.

Azken lege horretan jardun-eremuak eta Adingabeen Epaitegiak emandako neurriak egikaritzeko modalitateak ezartzen dira eta adingabe arau-hausleen eskubideekiko errespetuaren eta haiei eskaintzen zaien arretaren kalitatea bultzatzeko behar diren bermeak sartzen dira. Horretarako, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko 3/2005 Legearen 91.2 artikuluan eskatzen zaio «Justiziaren arloan eskumena duen Sailari» zehazteko «erregelamendu bidez askatasunaz gabetzeko era bateko eta besteko neurriak betearazteko zentroek zer eskakizun bete behar dituzten baliabide material eta funtzionalei eta giza baliabideei dagokienez Erregelamendu horretan, berariaz aipatu beharko dira adingabeen eta haiei zerbitzu ematen dieten langile profesionalen eskubideak eta betebeharrak; halaber, berariaz aipatu behar da barne-araudi bat edukitzeko beharra, edukiaren aldetik barnetegiaren berezitasunei eta hezkuntza-egitasmoari begira egina».

Horixe da edozein erregimenetako barneratze-neurriak, edozein erregimenetako barneratze terapeutikoko neurriak eta zentro batean asteburuko egonaldiko neurriak -Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan gaur egun aurreikusita dauden askatasunaz gabetzeko neurriak dira- betetzeko zentroen betekizunak arautzen dituen Dekretuaren helburua. Adierazitako Dekretuaren xedapenak Adingabeen Erantzukizun Penala eta horren araudia arautzen duen 12ko 5/2000 Lege Organikoan, Adingabearen Babes Juridikoaren urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan, 1989ko azaroaren 20ko Haurren Eskubideen Konbentzioa eta otsailaren 18ko 3/2005 Legean ezarritako mugen barnean biltzen dira.

Adingabeak eta gazteak, Erantzukizun Penala arautzen duen Legearen hartzaile nagusi gisa, helduen bizitzarako iraganbideko bilakaeran dauden pertsonak dira, eta gatazka, borroka eta egokitzeko zailtasunak izate horren berezko zati dituzte. Hori dela-eta, gazte-justiziak prebentzioaren arloan balioa, zentzua eta eraginkortasuna izan dezan, zaintzaren gainetik helburu hezitzailea eta integratzailea, iraganaren gainetik etorkizuna, eta ordaintzearen gainetik prebentzioa nagusitzen duten erantzunak sustatu behar ditu. Adingabe eta gazte arau-hausle hauekin egiten den lanak kontzeptu propioak eta dinamikoak bildu behar ditu, aldaketa fisikoetan, kognitiboetan, jokabidezkoetan, familia eta gizarte testuinguruko harremanezkoetan eta abar oinarriturikoak, eraginpean hartzen baitituzte hazkunde eta nortasun bilaketa prozesuan dauden pertsonak direnez.

Askatasunaz gabetzeko neurriak betearazteko ikastetxe batean, jardueraren helburu nagusiaren lorpenak zehaztuko ditu ikastetxe horien baliabide materialak, funtzionalak eta giza baliabideak, betiere helburu nagusia honako hau izanik: erantzukizuna bere gain hartzea, hazkunde pertsonala, gabezia pertsonalak gainditzea, adingabearen potentzialtasunak indartzea, eta hori guztia adingabearen familia- eta gizarte-arloko integrazioa lortze aldera.

Bestalde, Estatuko eta Nazioarteko araudiak ezartzen du adingabeen eta gazteen eskubide guztiak errespetatu behar direla, betebehar hori legediaren ardatz nagusi bihurtuz, eta eskubide horiek zaintzeko betebeharra ezartzen die erakunde publikoei. Horregatik, araudiaren errespetua bermatuta -uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretua-, Eusko Jaurlaritzak ebazpenak behin betiko hartzeko funtzionamendu-sistema bat eratu du, baimen-ukapenen, irteeren, komunikazioen, euspen-bitartekoen eta diziplina-prozeduraren barruko ebazpenen arloan zentroetako talde teknikoek eta zentro bakoitzeko zuzendaritzak hartutako erabakien Gazte Justizia Sistemako kontrol publikoa bermatzeko.

Azkenik, aurreko helburuak betetzeko, ezinbestekoa da barneratze-neurriak behar bezala betetzen direla bermatuko duen ikastetxeen sare batez hornitzea. Gaur egun baliogabetua dagoen 4/1992 Lege Organikoa onartu zenetik barneratze-neurrien egikaritzean izandako esperientzia aintzat hartuta, eta modu berezian, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoa (bertan arreta handia jarri da beti Nazioarteko Deklarazioak, Gomendioak eta Jarraibideak errespetatzeko) indarrean jarri zenetik izandako esperientzia kontuan hartuta, nahitaezkoa da zentroek izan behar dituzten ezaugarriak zehaztea, egungo eskariari erantzuteaz gain, adingabetasunaren problematikak biltzen dituen egoera berriei aurre egiteko. Eta, are gehiago, helburuak betetzeko ezinbestekoa da talde profesional kualifikatua, prestatua, adingabe kopuru nahikoari dagokionez eta eraginkortasunez antolatua izatea.

Horren ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, aholku-organo interesdunei entzunda, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko apirilaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

I. KAPITULUA

XEDEA ETA ESKUMENA

1. artikulua.- Xedea.

1.- Dekretu honen xedea da askatasunaz gabetzeko neurriak betearazteko zentroek eduki beharko lituzketen baliabide materialak, funtzionalak eta giza baliabideak arautzea.

2.- Askatasunaz gabetzeko neurriak dira adingabeen erantzukizun penala arautzen duen legediak hala definitzen dituenak: barneratzea, barneratze terapeutikoa, eta asteburuko egonaldia zentroan.

3.- Kautelazko eta atxilotzeko neurriak ere zentro horietan beteko dira.

4.- Dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen da etxebizitzan egindako asteburuko egonaldien neurrien egikaritzea.

2. artikulua.- Eskumena.

1.- Justizia-arloko eskumena duen saila arduratuko da Legean aurreikusitako neurriak behar bezala egikaritzen direla bermatzeko zerbitzu, erakunde eta programa egokiak sortu, zuzendu, antolatu eta kudeatzeaz. Era berean, beharrezkoak diren lankidetza hitzarmenak edo itunak ezarri ahal izango ditu beste erakunde batzuekin -Estatu, Udal edo Autonomia Erkidegoetako Administrazioko erakunde publikoekin, edo irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuekin- bere eskumeneko neurriak betearazteko, baina horrek, ezein kasutan, ez du esan nahi betearazpenaren erantzukizuna lagako duenik.

2.- Nolanahi ere, Gazte Justiziako zerbitzuak bere gain hartuko ditu honako zeregin hauek: adingabe bakoitzaren Hezkuntza Proiektu Indibiduala onartzea, komunikazioak organo judizialekin eta fiskaltzarekin neurrien betearazpenari dagokionez, hitzartutako zentroetan bizi diren adingabeak zehatzeko ahalmena, eta zentroen berrikuspen eta ikuskapen arrunta.

3. artikulua.- Zentroen helburua.

Zentro horiek helburu bikoitza dute:

1.- Barneratzeko, barneratze terapeutikoko eta asteburuko egonaldiko neurriak betearaztea, lan-agintaritzak ezarritako erregimenaren arabera.

2.- Bertan hartzen diren pertsonei arreta osoa ematea, normalizazioa, garapen pertsonala eta helduen bizitzarako bidea helburu duen hezkuntzako esku-hartzea eskainiz, haien bizimodu autonomoa sustatzeko.

II. KAPITULUA

PRINTZIPIOAK, ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

4. artikulua.- Neurrien betearazpeneko printzipio gidariak.

1.- Askatasunaz gabetzeko neurririk ezin izango da betearazi indarreko araudian aurreikusitako prozeduraren arabera emandako ebazpen judizial irmo baten bidez ez bada.

2.- Neurri judizialak Adingabeen Epaitegi eskudunaren kontrolpean betearaziko dira, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 44. artikuluan xedaturiko moduan.

3.- Hartzen diren neurriak adingabeen eskubide eta berme indibidualak zorrotz errespetatuta betearaziko dira, eta entitate publikoaren betebeharra izango da horren eraginkortasuna zaintzea. Ondorio horietarako, Gazte Justiziako Zerbitzuak adingabeei informatzen zaiela bermatuko du, eta Ikuskapen Zerbitzuarekiko eta bestelako kontrol-entitateekiko irisgarritasuna erraztuko die.

4.- Neurrien betearazpena gutxieneko esku-hartzearen printzipioan oinarrituko da, horren alderdi juridikoan eta hezitzailean. Une bakoitzean beharrezkoa denaz haratago ez da mugatuko askatasuna, eta ez da adingabearentzat ezinbestekoa dena baino gehiago esku hartuko.

5.- Zentroetako bizitzak edozein adingaberen eguneroko bizimodua hartu beharko du eredu gisa, askatasunaz gabetzeak adingabearentzat eta haren familiarentzat izan ditzakeen ondorio txarrak murriztuz, gizarte-harremanen loturen alde eginez eta gizarteratze-prozesuan erakunde publiko eta pribatuen elkarlan eta parte-hartzearen alde eginez.

6.- Zentroetako bizitzaren helburua izango da adingabea prestatzea askatasunean bizitzeko, adingabearen bilakaerak ahalbidetzen duen askatasun- eta erantzukizun-maila handienak emanez.

7.- Prestakuntza-arloko izaera, izaera hezitzailea, arreta afektiboko izaera, izaera psikosoziala, lan-arloko izaera eta aisialdiko izaera izango dute programek eta jardunek. Neurriaren betearazpeneko Hezkuntza Proiektu Indibidualetan esanbidez ezarrita jasoko dira, eta funtsezkoak izango dira adingabearen ezaugarri pertsonalentzat, premientzat eta interesentzat.

8.- Neurriaren betearazpenaren edo adingabearen inguruko funtseko elementuentzat ondorioak dituzten edo izan ditzaketen erabakiak modu kolejiatuan hartuko dira, eta diziplinarteko edukia izango dute. Objektibotasun, inpartzialtasun eta segurtasun juridikoa bermatzen duten prozesuen bitartez hartzen direla bermatuko da.

9.- Adingabeen gaineko jardun profesionalak isilpekoak izango dira, eta adingabearen eta haren familiaren bizitza pribatuan beharrezkoa ez den esku-sartzerik ez dute bilduko. Informazioaren isilpeko tratamenduari dagokionez, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa aplikatuko da.

10.- Erakunde, entitate eta instituzio publikoek eta pribatuek beren artean lan egiteko eta beren jardunak koordinatzeko betebeharra dute, jardunak eraginkorrak izan daitezen eta baliabideen erabilera arrazionalarekin bat etor daitezen.

11.- Ikastetxeen segurtasuneko, zaintzako eta hezkuntzako eta esku-hartze arloko eskuliburuak gaztearen edo adingabearen eskubideen interes nagusiaren eta neurriaren helburu ona lortzearen eraginpean jarriko dira.

12.- Neurriaren helburua da adingabea askatasunean bizitzeko prestatzea, eta, horretarako, betearazpenaren hasiera beretik lan egiten hasi behar da, legez posiblea den eta hezkuntzaren ikuspuntutik gomendagarria den une beretik eraginkorra izan dadin, Hezkuntza Proiektu Indibiduala egokituta edo neurria Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren arabera aldatzeko proposatuta.

5. artikulua.- Ikastetxeetan hartutako pertsonen eskubideak.

Dekretu honetan araututako Ikastetxeetan hartutako pertsonek honako eskubide hauek izango dituzte:

1.- Konstituzioan, Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunetan eta gazte-justiziaren arloko indarreko gainerako ordenamendu juridikoan aitortutako eskubide zibil, politiko, sozial, erlijiozko, ekonomiko eta kulturazkoak baliatzeko eskubidea.

2.- Honako hauek errespeta diezazkieten: nortasuna, askatasun ideologikoa eta erlijiozkoa, neurriaren edukiaren eraginpean ez dauden legezko eskubide eta interesak, bereziki adingabetasun zibilaren berezko eskubide eta interesak, eta Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 56. artikuluan bildutako eskubide guztiak.

3.- Honako hauei buruzko informazio pertsonal eta eguneratua jasotzeko eskubidea: eskubideei eta beharrei buruz, egoera pertsonalari eta judizialari buruz, Zentroaren barne-funtzionamenduko arauei buruz, hezkuntza Proiektu Indibidualaren edukiari eta bilakaerari buruz, eta azken horren betearazpenean egiten diren ebaluazioei buruz. Informazioa ulertzen duten hizkuntza batean eman beharko zaie, eta, hala badagokio, haien ulermen-gaitasunari edo premia bereziei egokitutako formatua, hiztegia eta idazkuntza erabiliko da.

4.- Ikastetxean erreklamazioak aurkezteko dauden prozeduren informazioa jasotzeko eskubidea, beren mailari eta ulermen-gaitasunari egokitutako hizkuntza batez; halaber, zentroaren zuzendaritzari, autonomia-erkidegoko administrazioari, agintaritza judizialei, Fiskaltzari, Arartekoari, Herriaren defendatzaileari edo Haurren eta Nerabeen defendatzaileari eskaerak eta kexak agertzeko aukerari buruz ere informazioa jasotzeko eskubidea; orobat, beren eskubide eta interesak defendatzearren legedian aurreikusitako legezko errekurtso guztiak aurkeztu ahal izateko eskubidea.

5.- Gertuko ahaide baten edo harreman estua duen beste edonoren heriotzari, istripuari edo gaixotasun larriari buruz lehenbailehen informatua izateko eskubidea, eta baita haren familiak jakinarazitako beste edozein berri garrantzitsuri buruz ere.

6.- Diskriminaziorik gabe zainduak izateko eskubidea (adin, egoera zibil, sexu, sexu-joera, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sinesmen, ideologia edo beste edozein ezaugarri edo egoera pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik bereizkeriarik eragin gabe); eta beren jatorriak errespetatuz eta dakarten kultura- edo erlijio-ondarea gordetzeko laguntasuna emanez zainduak izateko eskubidea.

7.- Haien espedientean dauden datuen konfidentzialtasuna errespetatua izateko, eta datu horiek isilean erabiltzea; gainera, edonori ez zaio jakinaraziko barneratuta daudela, inola ere ez.

8.- Beren egoera legala uneoro jakitea, eta beren legezko ordezkariek haien egoerari eta bilakaerari buruz eta dagozkien eskubideei buruz informatuak egotea, betiere indarreko legedian aurreikusten diren mugak errespetatuz.

9.- Beren abokatuekin harremanak eduki ahal izatea isilean, orobat eskumena duen Adingabeen Epaitegiarekin, Fiskaltzarekin eta Ikastetxeak ikuskatzeko eskumena duten zerbitzuekin.

10.- Euren bizitzaren, segurtasunaren eta osasunaren errespetua zaintzeko eskubidea. Horretarako, adingabeek doako arreta jasoko dute Euskal Autonomia Erkidegoko asistentzia- eta ospitale-sare publikoaren bitartez, adingabearen edo hirugarren pertsonen osasunarentzat edo bizitzarentzat arriskutsuak izan daitezkeen gaixotasun infekto-kutsakorrak detektatzeko proba analitikoak egitea barne. Osasun-sare publikoak arreta emango die adingabeei, eta Justiziaren arloko eskumena duen sailak bermatuko du osasun-sare publikoak estaltzen ez duen medikuak agindutako arreta medikua jasotzen duela. Hala badagokio, Ikastetxe batean sartzerakoan, adingabearen osasun-asistentziarako txartela kudeatuko da.

11.- Eguneroko bizitzarako oinarrizko premiak, erabat garatzeko bete behar direnak, beteta izatea.

12.- Derrigorrezko oinarrizko hezkuntza doan jasotzea, lanbide-heziketa egokia jasotzea, eta, adingabeak legez ezarritako lan egiteko adina baldin badu, ordainduriko lan bat izatea, entitate publikoaren disponibilitatearen arabera, eta legez dagozkion gizarte-prestazioak eta uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuaren -adingabeen erantzukizun penala arautzen duen 5/2000 Lege Organikoa onartzen duena- 53.4 artikuluan biltzen diren gainerako bermeak izatea. Horretarako, Zentroak programatutako jardueretan parte hartu ahal izango du, eta askatasunean bizitzeko egokiak diren hezkuntza-, kirol-, kultura- eta gizarte-arloko baldintzak eskaintzen dituen inguru bat izango du.

13.- Hezkuntza Proiektu Indibidual bat izateko eskubidea, eta proiektuaren lantzean eta aldizkako ebaluazioan parte hartzeko eskubidea.

14.- Bere etxebizitzatik gertu dagoen Ikastetxe batean bizitzeko eskubidea, neurriaren erregimenaren arabera eta Zentroari atxikitzeko irizpideen arabera, familia-harremanak sustatze aldera, eta familia- eta gizarte-ingurunetik aldentzearen ondorio txarrak saihesteko helburuarekin.

15.- Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo kokatutako Zentro bati atxikiak ez izateko eskubidea, salbuespenetan izan ezik, eta Adingabeen Erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan araututako prozeduren arabera.

16.- Zentroko langileek eta gainerako bizikideek norberaren duintasunaren eta erantzukidetasunaren zentzuaren sustapenarekin bat etorriz tratatua izatea.

17.- Ezarritako neurriaren betearazpen-fase guztietan bere intimitatea errespetatua izatea.

18.- Bere gurasoekin, legezko ordezkariekin, ahaideekin edo beste pertsona batzuekin askatasunez komunikatzeko eskubidea, betiere bere interesaren aurkakoa ez bada, eta, era berean, Ikastetxean bisitak izateko eta, araudiarekin bat etorriz, irteerak eta baimenak baliatzeko eskubidea.

19.- Bere kargura dauden hiru urtetik beherako seme-alabak ondoan izateko eskubidea, ordenamendu juridikoan aurreikusten diren baldintzen arabera.

20.- Bere erlijioaren errituak, festak eta elikadura-arauak kontuan hartuak izatea, betiere gainerako adingabeen eskubideekin edo Zentroaren antolamenduarekin bateragarriak baldin badira.

21.- Zentrotik irteterakoan legez dagozkion langabeziagatiko prestazioak izateko eskubidea.

22.- Gastu pertsonaletarako asteko paga bat jasotzeko eskubidea, bere hezkuntza-proiektu indibidualean oinarrituta.

6. artikulua.- Hartutako pertsonen betebeharrak.

Dekretu honetan araututako Ikastetxeetan hartutako pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.- Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 57. artikuluan aurreikusitako betebehar guztiak.

2.- Ikastetxean geratzea neurria amaitzen den arte, kanpoan eman edo egin daitezkeen baimenak, irteerak eta jarduerak aparte utzi gabe.

3.- Zentroko funtzionamendu-arauak errespetatu eta betetzea, baita bertako langileen gida-lerro edo jarraibideak ere, haiek beren eginkizunak legezkotasunez betetzen ari direla ematen dizkietenak.

4.- Zentroan lan egiten duten edo bertan bizi diren pertsona guztiekiko errespetuzko eta adeitasunezko jarrera izatea. Era berean, betebehar hau baliozkoa da programatutako irteerak edo jarduerak egiterakoan harremanak dituen pertsona guztientzat.

5.- Zentroaren barruan jarduera antolatu bat lortzeko lan egitea; horretarako, ordena ona eta garbitasuna mantentzeko zentroaren barne-funtzionamenduko arauetan aurreikusitako nahitaezko prestazio pertsonalak egin behar dituzte.

6.- Zentroan bizi diren adingabe eta gazte guztien artean bizikidetasun egokia lortzeko lan egitea; horretarako, gatazkak konpontzeko ezarritako bideak erabiltzeaz gain, gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak eta sexuen arteko berdintasunarekiko eta dibertsitatearekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza-ereduak ikasi behar dituzte.

7.- Bizikidetza osasungarri bat lortzeko helburuarekin, zentroan ezarritako higieneko, osasuneko, janzkerako, elikadurako eta garbiketako arauak errespetatzea.

8.- Zentroan bertan nahiz kanpoan bere esku jartzen diren instalazioak eta baliabide materialak behar bezala erabiltzea.

9.- Egoera pertsonalaren arabera, beren Hezkuntza Proiektu Indibidualean ezarritako prestakuntza-jardueretan, lan-arloko jardueretan, jarduera psikosozialetan eta aisialdiko jardueretan parte hartzea, askatasunean izango duen bizitzarako prestatzearren. 16 urtez azpiko adingabeen kasuan, prestakuntza-jarduerak dagozkien derrigorrezko oinarrizko hezkuntza jasotzean oinarritzen dira.

10.- Norberaren portaerez arduratzea, indarreko legedian aurreikusitakoaren arabera barne-erregimeneko araudian ezartzen diren ondorioak onartuta. Horrek esan nahi du legez ezarritako diziplina-neurriak bete beharko direla.

11.- Osasunari buruzko Lege Orokorrean ezarritakoaren esparruan, norberaren eta Zentroan bizi diren edo lan egiten duten gainerako pertsonen osasuna bermatzeko beharrezkoak diren azterketa eta proba medikuak egitea.

12.- Edozein espediente irekitzen deneko legez ezarritako prozedurentzat instantzia judizialetan (fiskaltza, auzitegiko medikua, talde teknikoak, eta abar) eskatzen zaizkion egintza guztietara bertaratzea eta parte hartzea.

13.- Medikuak agintzen dizkion eta osasun egokiagoa lortzeko balio duten tratamendu medikuak betetzea, jakinarazitako onespenari jarraiki, eta gutxienez adingabearekin bizi diren beste pertsona batzuk barnean har ditzaketenen kasuan.

7. artikulua.- Profesionalen eskubideak.

Zentroetako profesionalek honako eskubide hauek izango dituzte:

1.- Zentroaren ezaugarri berezietara egokitzen laguntzeko hasierako prestakuntza izateko eskubidea, eta lanpostuan dauden bitartean etengabeko lanbide-prestakuntza izateko eskubidea.

2.- Laguntza eta aholkularitza teknikoa izateko eskubidea; horiei esker, gizaki gisa eta teknikoki laguntzen dietela sentituko dute, eta beren eginkizunak betetzen dituztenean egiaztatzea eta gogoeta egitea erraztuko da.

3.- Gazte Justiziako Zerbitzutik arreta egokiena eta eraginkorrena bermatzeko beharrezkoa den informazio guztia jasotzeko eskubidea. Aurrekoari dagokionez, informazio hori Banakako Hezkuntza Planean jasotakoa izango dela ulertuko da.

4.- Gazte Justiziako Zerbitzuaren eskutik edo, hala badagokio, beren eginkizunak gauzatzen dituzten zentroaren mendeko erakunde laguntzailearen eskutik, aplikagarriak diren baldintza material, funtzional eta pertsonalen araudi erregulatzailean egin daitezkeen aldaketei buruzko informazioa eskuratzeko eskubidea, eta baita beren lanaren garapenean ondorioak izan ditzakeen beste edozein informazio eskuratzeko eskubidea ere.

5.- Parte hartzeko eskubidea eta, eskubide hori eraginkortasunez betetzeko honako hau egin ahal izango dute:

a) erakundean eta zerbitzuen funtzionamenduan parte hartu ahal izango dute, parte hartzeko organoen bitartez;

b) zerbitzuen kalitatea aldizka ikuskatzeko eta ebaluatzeko prozeduretan parte hartu ahal izango dute;

c) iradokizunak eta kexak aurkeztu ahal izango dituzte.

6.- Eskubidea izango dute behar diren bitartekoak izateko zerbitzua Dekretu honetan arautzen diren baldintza tekniko-material, funtzional eta langile-arlokoekin bat etorriz betetzen dela bermatzeko; horretaz gain, eskubidea izango dute administrazio publiko eskudunek hori kudeatzeko eskumenen eta baimentzeko, homologatzeko, ikuskatzeko, erregistratzeko eta ebaluatzeko eginkizunen esparruan betetzen dela zaindu dezaten.

7.- Legediak eta dagozkion hitzarmenek, lan-arloko eta eginkizun publikoko eremuan, aitortzen dizkieten eskubide guztiak izango dituzte.

8. artikulua.- Profesionalen betebeharrak.

Zentroetako profesionalek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.- Arau-hausle adingabeen eremuan, arreta psikosozialaren eta hezitzailearen eremuan, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eremuan, indarrean dagoen araudia ezagutu eta betetzea, eta, bereziki, Zentroen antolamendua eta funtzionamendua arautzen duten arauak ezagutu eta betetzea.

2.- Jarduten duten Zentroetan eta beren jardunarekin lotutako beste edozein lekutan bizikidetzako eta elkarrenganako errespetuzko arauak betetzea.

3.- Zentroetan hartutako pertsonei eta gainerako profesionalei Dekretu honek zein indarrean dauden ordenamendu juridiko guztiek aitortzen dizkieten eskubide guztiak errespetatzea.

4.- Zerbitzua ematen duten Zentroetako eta horien jardunarekin lotutako beste edozein lekutako altzariak, tresnak, ekipamenduak eta, oro har, instalazio guztiak errespetatzea eta egoki erabiltzea.

5.- Zentroaren arduradunari edo, beharrezko jotzen bada, Gazte Justiziako Zerbitzuari funtzionamenduan, antolaketan edo instalazioetan atzemandako irregulartasunak edo anomaliak jakinaraztea, baita barneratuen eskubideen urraketa larrien susmoak ere. Azken kasu horretan, erantzunik jasotzen ez badute, edo emandako erantzunak haien ustez urratu den eskubidearen errespetua asebetetzen ez duela irizten badiote, Fiskaltzari edo Adingabeen Epaitegiari emango diote egoeraren berri.

6.- Hezkuntza Proiektu Indibidualaren lantzean eta aplikazioan parte hartzea, baita horren ebaluazioan ere, ezarritako helburuak gauzatzen direla zaintze aldera.

7.- Eta, oro har, Legediak eta dagozkien hitzarmenek lan-arloko eta eginkizun publikoko eremuan ezartzen dizkieten betebehar guztiak.

III. KAPITULUA

ZAINTZA ETA ESKU-HARTZE ARLOAK

9. artikulua.- Jarduteko printzipio orokorra.

Gazte-justiziako ikastetxeen sareko zaintzaren esparruan, ikastetxeetan hartutako pertsonek honako eremu hauetan izan ditzaketen premiei modu egokian eta eraginkortasunez erantzuteko beharrezkoak diren baliabideekiko irisgarritasuna erraztu beharko da: Osasuna; Oinarrizko ohiturak (elikadura, higienea, itxura pertsonala eta loa); Ongizate emozionala; Autonomia eta erantzukizuna; Prestakuntza; Orientazioa eta laneratzea; Aisia eta astialdia; Gizarte- eta kultura-arloko identitatea; Gizartearen babesa; Bizitzeko baliabideak eta ostatua; eta gizarte- eta hezkuntza-arloko premia bereziak.

10. artikulua.- Osasuna.

1.- Gazte Justiziako ikastetxeen sarean hartutako pertsonen osasun fisikoa eta psikikoa sustatu beharko da, gaixotasunak prebenituz, bizitza-jarraibide osasuntsuak sustatuz eta osasun-zerbitzuetarako sarbidea erraztuz, egokientzat hartzen diren koordinazio-bideen bitartez, eta bide horiek, hala badagokio, jarraitu behar den tratamenduari dagokionez ezartzen dituzten oharrei jarraituz.

2.- Horretarako, nahitaezkoa izango da honako baldintza hauek betetzea:

a) Instalazioak osasungarritasun-baldintzetan edukitzea.

b) Zentroko eguneroko bizimoduaren jarraibideak bizitza osasuntsuaren berezko jarraibideetara egokitzea.

c) Ariketa fisikoa bultzatzea eta erraztea.

d) Egoiliarrei osasun-hezkuntzari, hezkuntza sexualari, eta toxikomanien prebentzioari eta gaixotasunei buruzko prestakuntza ematea eta, horretarako, informazio-materialak izatea.

e) Mutilen eta nesken erantzukizuna sustatzea sexu-harremanen eta horien ondorioen eremuan.

f) Sexu-harremanetan mutilen eta nesken asertibitatea lantzea eta negoziazio-gaitasuna hobetzea, arriskuzko harremanak onar ez ditzaten.

g) Osasun-zerbitzuek gomendatzen dituzten aldizkako kontrol medikuak egitea, baita 1774/2004 Errege Dekretuan ezarritako hasierako osasun-azterketa ere.

h) Gazte-justiziako ikastetxe batean bizi diren pertsona guztiek albait epe laburrenean osasun-txartel indibiduala (OTI) lortzen dutela bermatzea.

i) Hala badagokio, dagokion erkidegoko osasun-zerbitzuetara bideratzea.

j) Behar bezala hornitutako botikina edukitzea, betiere nerabeen eskueratik kanpo.

k) Lehen laguntzetarako eskuliburu bat eta larrialdiko mediku-zerbitzuen telefonoak eta helbideak izatea bereziki horretarako den eta erraz kontsultatu eta irits daitekeen leku batean.

l) Barneratutako pertsonen historia mediko/sanitarioari buruz ezagunak diren datuak eguneratuta edukitzea, izandako gaixotasunak, txertoen egutegiak eta horien jarraipena, eta osasun-azterketen emaitzak eta gomendioak adieraziz.

m) Banakako esku-hartze planean edo banakako hezkuntza-planean jarraipen medikoa egiteko arlo bat sartzea.

n) Legezko egoerak ahalbidetzen badu, eta nerabearen goragoko interesaren aurkakotzat hartzen ez bada, aita eta ama edo legezko ordezkaria jarraipen medikoan sartzeko ahaleginak egitea.

11. artikulua.- Oinarrizko ohiturak: elikadura, higienea, itxura pertsonala eta loa.

1.- Elikadurarekin zerikusia duten premiak zainduko dira, bai elikaduraren ikuspuntutik, bai hezkuntza- eta kultura-arloko ikuspuntutik.

2.- Horretarako, nahitaezkoa izango da honako baldintza hauek betetzea:

a) Dietak osasungarria eta orekatua izan behar du bai kantitateari dagokionez, bai barietateari dagokionez; nolanahi ere, elikadura-premiak betetzen direla bermatuko da.

b) Zentroetan hartutako pertsonek elikadura osasungarria eta askotarikoa egin dezaten bultzatu beharko da, eta, ahal den neurrian, kultura- edo erlijio-arloko ohiturak, jarraibideak, gustuak edo estiloak kontuan hartuko dira.

c) Ahaleginak egingo dira otorduak harremanetarako eta komunikaziorako une atseginak izan daitezen.

d) II. eta III. mailako zentroetan, lehentasunezko moduan, jateko eta janaria prestatzeko leku eta denbora egokiak ezarri beharko dira; hartutako neska-mutilek menuen prestaketan, erosketan, janaria prestatzean, eta horiekin lotutako zereginetan parte har dezaten bultzatuko da, betiere ezarritako neurriaren, gaitasunaren eta ezaugarri pertsonalen arabera.

e) Beharrezko ezagutzak sartu beharko dira, zentroetan hartutako pertsonek, etxeko lanak eta pertsonak zaintzea direla eta, gaur egun dauzkaten eta etorkizunean izan ditzaketen premien eta erantzukizunen ardura har dezaten.

f) Adingabeei eta gazteei irakatsi beharko zaie elikadura-ohitura eta -trebetasun onuragarriak eta beren bilakaera-unerako egokiak direnak hartzen.

3.- Higienearen arloko premiak zaindu beharko dira, eta, horretarako, beharrezkoak diren zaintzak emango zaizkie eta hezkuntza egokia emango zaie beren burua zaintzeko ohiturak eta trebetasunak har ditzaten.

4.- Horretarako, nahitaezkoa izango da honako baldintza hauek betetzea:

a) Adinaren, sexuaren eta osasun-egoeraren araberako higiene-premiak behar bezala zaintzea.

b) Oinarrizko higiene-ohiturak norberegana ditzaten bultzatzea.

c) Hartutako pertsonengan higienearen arloko eta itxura pertsonalaren zaintzaren arloko ohiturak bultzatzea, autoestimuaren, duintasunaren eta erantzukizun pertsonalaren sentimenduekin lotuz.

d) Garbitzerakoan eta janzterakoan autonomia izan dezaten laguntzea.

e) Garbiketarako beren tresnak pertsonalak bihurtzen dituztela bermatzea, elkarri trukatzea saihestuz.

f) Hartutako pertsona guztiek, zentroan sartzen direnetik, bertan daudenean eta zentrotik irteten direnean arropa eta garbitasunerako ekipo oso bat izan dezaten bermatzea.

g) Arropa estiloari, kalitateari eta kantitateari dagokionez, beren adinarentzat egokia dela zaintzea.

h) Arropa garbia eta unerako eta gauzatzen ari diren jarduerarako egokia erabil dezaten bultzatzea, baita beren fisikoa eta adina kontuan hartuta egokia den estetikaren arabera jantzi daitezen bultzatzea ere, betiere beren zaletasunak errespetatuz.

i) Arropa zaintzen eta egoera onean mantentzen irakastea.

j) Higiene pertsonalaren zaintza pribatutasunez gauzatzeko aukera bermatzen duten funtzionamenduko eta antolamenduko jarraibideak ezartzea zentroan.

5.- Gazte-justiziako ikastetxe batean barneratutako pertsona bakoitzak loaren inguruan dituen premiak kontuan hartu beharko dira, egunean gutxienez 8 orduko loa errespetatuz.

6.- Horretarako, nahitaezkoa izango da honako baldintza hauek betetzea:

a) Errutinak jarraitzea, bai jaikitzerakoan, bai oheratzerakoan.

b) Lo dauden bitartean ikuskapena bermatzea.

c) Loaren aldaketak dituztenei edo sartu berriak direnei zaintza berezia ematea.

12. artikulua.- Ongizate emozionala.

1.- Barneratzeko neurri judizial bat betetzen ari diren gazteen ongizate emozionala zaindu beharko da, taldean txerta daitezen sustatuz eta egoitza-harrerako baliabidearen barruan nahiz kanpoan beharrezkoak diren laguntzak dituztela bermatuz.

2.- Horretarako, honako hau egin beharko da:

a) Egoiliarrek edo zentroko profesionalek beste egoiliarrak marjinatzeko edozein praktika saihestea.

b) Pertsonaren garapen integrala lortzea sexuaren araberako estereotipo eta rol oro alde batera utzita, baita diskriminazio mota oro arbuiatzea ere.

c) Taldean adiskidetasun-loturen garapena sustatzea eta dituzten ezaugarri bereziak direla medio taldean integratzeko zailtasun handienak dituzten adingabeei eta gazteei.

d) Barneratutako gazteek beren bizikidetza-unitateko edozein profesionalengana jo dezaketela bermatzea, eta baita zentroko beste langileengana eta Gazte Justiziaren Zerbitzuko edo Talde Psikosozialetako beste langileengana ere, dituzten kezkak eta zalantzak jakinarazteko.

e) Arreta banan-banan antolatzea hezitzailearen edo tutorearen figuraren bitartez. Hezitzaile edo tutore horrek banakako zaintzako guneak izango ditu astean behin gutxienez.

f) Adierazpen emozionala eta enpatia bultzatzea, emakumeen eta gizonen artean berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko funtsezko bi alderdi gisa.

13. artikulua.- Autonomia eta erantzukizuna.

1.- Adingabeen eta gazteen autonomia sustatuko da, eremu publikoan zein pribatuan, eta baita norberaren jokabideen gaineko erantzukizunaren garapena ere.

2.- Horretarako, nahitaezkoa izango da honako baldintza hauek betetzea:

a) Eguneroko bizitza antolatzea, barneratutako pertsonek ordenaren eta aurreikusgarritasunaren zentzua hartzeko eta beren portaera kontrolatu ahal izateko moduan.

b) Helduek zentroan dituzten erantzukizunak eta egoiliarrek autonomia handiagoz jardun dezaketen eremuak argitzea.

c) Hartutako gazteei laguntzea beren autonomia morala gara dezaten eta beren autonomia pertsonaleko eta gizarte-gaitasuneko mailak hobetuko dituzten portaera-jarraibideak gara ditzaten.

d) Hartutako gazteei laguntzea parte har dezaten, lankidetzan jardun dezaten, egoerak eztabaidatu eta azter ditzaten, zentzu kritiko eraikitzailea izan dezaten, eta elkarrizketa gatazkak konpontzeko tresna bat izan dadin, hori ahalbidetuko duten guneak, jarduerak eta denborak antolatuz.

e) Gero eta erantzukizun handiagoak har ditzaten ahalbidetzea eta erraztea, betiere beren gaitasunekin bat etorriz, eta beren bilakaera-unearen arabera; horretarako, norberearen gauzak zaintzeko eta besteen gauzak errespetatzeko sentimendua pizteko zereginak eman beharko zaizkie, eta dirua erabiltzen irakatsi beharko zaie.

f) Hartutako pertsonei laguntzea beren garapen pertsonal eta sozialerako egokiak ez diren portaerak aldatzeko; horretarako, esku-hartzeak bideratuko dituzten eta eskubideak babestuko direla bermatuko duten prozedura argiak garatuko dira.

14. artikulua.- Prestakuntza.

1.- Gazte-justiziako zentroetan hartutako pertsonen eskola-prestakuntza eta/edo lanbide-prestakuntza bermatu beharko da.

2.- Horretarako, honako neurri hauek hartu beharko dira:

a) Eskolatzen direla bermatzea, nerabeek dituzten premietara gehien egokitzen den eskola-testuinguruan sartzeko eta, ahal denean, eta nerabeen goragoko interesen edo ezarritako neurriaren aurkakoa ez bada, beren ohiko ikastetxeetan egoteko ahaleginak eginez.

b) Koordinazio-loturak ezartzea neurria betearazten duen zentroaren eta ikastetxearen artean, batez ere eskolako tutorearen eta erreferentziazko hezitzailearen edo kanpo-harremanetako profesional arduradunaren artean, eta, ahal den neurrian, horien artean jardunak koordinatzea.

c) Ikasteko ohiturak har ditzaten laguntzea.

d) Gazte horiek prestatzeko material, gune, denbora eta estimulu egokiak dituztela bermatzea. Agindutako materialek hezkidetza-helburuak integratu behar dituzte, eta ez dute hizkuntza modu sexistan erabili behar, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta ez-estereotipatua bermatu behar dute.

e) Behar ditzaketen eskolako eta eskolaz kanpoko laguntzak eskaintzea.

15. artikulua.- Lan-arloko orientazioa eta laneratzea.

1.- Nerabeak orientazio-zerbitzuetan eta laneratzeko zerbitzuetan sar daitezen lagundu behar izango da.

2.- Horretarako, honako neurri hauek hartu beharko dira:

a) 16 urte betetakoan, hezkuntzarekin edo prestakuntzarekin jarraituko ez duten nerabeei lan-arloko orientaziorako eta laneratzeko sarbidea sustatzea.

b) Koordinazio-loturak ezartzea zentroaren eta lan-arloko orientazio-zerbitzuen, lana bilatzeko zerbitzuen eta laneratzeko zerbitzuen artean.

c) Hala badagokio, nerabeei laguntza eskaintzea laneratzeko prozesuan.

d) Prestakuntzari eta enpleguari dagokionez, emakumeen eta gizonen eredu ez-estereotipatuak eskaintzea.

e) Nesken eta mutilen artean enpleguaren nagusitasuna sustatzea, autonomia ekonomiko eta pertsonalerako funtsezko iturri gisa.

16. artikulua.- Aisialdia eta astialdia.

1.- Nerabeei beren eguneroko bizitzan txertatutako jolaserako eta aisiarako esperientziak (kultura- eta kirol-arlokoak) eman beharko zaizkie.

2.- Horretarako, honako neurri hauek hartu beharko dira:

a) Beren estimulazio-premiei, jarduera fisikoko premiei, miaketa-premiei eta elkarrekintza ludikoen premiei erantzun beharko zaie.

b) Komunitateko astialdiko jardueretan parte har dezaten sustatu eta erraztea.

c) Norberaren premia, zaletasun eta interesetara egokituak dauden astialdiko jardueretan parte har dezaten laguntzea eta kultura-arloko jarduerak egin ditzaten sustatzea.

d) Beren astialdia modu autonomoan aprobetxatzeko eta antolatzeko gaitasuna har dezaten laguntzea, aisialdiko jarduerentzako aurrekontu bat baliatuz.

e) Neskek eta mutilek garatutako premiak, esperientziak eta gaitasunak kontuan hartzea.

17. artikulua.- Gizarte- eta kultura-arloko identitatea.

1.- Gizarte- eta kultura-arloko identitateari eusten lagunduko zaie, identitatearekiko errespetua baita hezkuntza-ereduak izan behar duen printzipioetako bat.

2.- Horretarako, nerabeen goragoko interesaren aurkakoa ez bada, honako neurri hauek hartu beharko dira:

a) Gizarte- eta kultura-arloko identitateari eusten laguntzea, hurbiltasun hori ahalbidetuko dieten material didaktikoak edo kultura-arloko materialak eskuratzen eta jardueretarako sarbidea izan dezaten lagunduz.

b) Gizarte- eta kultura-arloko aniztasunarekiko errespetua bermatzea Zentroaren antolamenduan.

18. artikulua.- Laguntza komunitarioa.

1.- Nerabeak komunitatean integra daitezen eta bertan parte har dezaten lagundu beharko da.

2.- Horretarako, nerabeen goragoko interesaren aurkakoa ez bada, honako neurri hauek hartu beharko dira:

a) Nerabeen premiei modu egokienean erantzuten dieten baliabide komunitarioen erabilera sustatu eta antolatzea.

b) Zentroa identifikatzen duten estigmatizazio-zeinuak saihestea egoiliarrei edo langileei.

c) Hezkuntza-, kultura-, edo aisia-arloetan erabilitako baliabide komunitarioak dibertsifikatzea.

d) Erabilitako baliabide komunitarioen profesionalekin koordinazioan lan egitea, baliabide horiek hartutako nerabeen premietara nolabait egokitzeko ahaleginak eginez.

19. artikulua.- Bizitzeko baliabideak eta ostatua.

1.- Beharrezkoak diren jardun guztiak egingo dira bizileku egonkor bat eta oinarrizko bizi-baliabideak bermatzeko, hala badagokio, bizitza autonomo bat garatu ahal izateko.

2.- Horretarako, nerabeen goragoko interesaren aurkakoa ez bada, honako neurri hauek hartu beharko dira:

a) Atzerritarren eta agiri-gabeen legezko egoera arautzeko beharrezkoak diren kudeaketa guztiak egitea: pasaportea, egoitza-baimena, lan-baimena, eta behar dezaketen beste edozein agiri.

b) Hartutako pertsonek jasotzeko eskubidea duten laguntzak, sorospenak eta edozein baliabide eta prestazio izapidetzea.

c) Administrazioko beste instantzia eskudunen egoitza-baliabideetarako sarbidea erraztea.

d) Emantzipazioan laguntzen duten programetarako edo zerbitzuetarako sarbidea bultzatzea.

e) Enpleguko eta enplegagarritasunaren hobekuntzarako programetan parte hartzeari lehentasuna ematea, bizi-baliabideak ez dituzten edo prestakuntza-ibilbide bat jarraitu nahi ez duten nerabeekin.

20. artikulua.- Premia bereziak.

1.- Ingurune inklusiboa eta zaintza egokia eman beharko premia bereziak dituzten pertsonei, bai minusbaliotasunak dituztelako, bai jaio diren gizarte- eta familia-arloko ingurunetik eratorritako bestelako mugak dituztelako.

2.- Horretarako, nerabeen goragoko interesaren aurkakoa ez bada, honako neurri hauek hartu beharko dira:

a) Ama-hizkuntza gisa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat ez duten edo komunikaziorako bestelako metodoak behar dituzten hartutako pertsonei laguntza emango zaie, beren premiak eta nahiak adieraztea ahalbidetuz, eta zentroko langileekin eta taldeko gainerako neska-mutilekin komunikatzea ahalbidetuz.

b) Nerabe haurdunei eta amak edo aitak diren nerabeei laguntza emango zaie. Horretaz gain, erantzukidetasuna eta zaintzaren etika sustatuko da.

c) Premia bereziak dituzten nerabeek egokiagoak diren hezkuntza-, jolas- eta osasun-arloko kanpoko zerbitzu espezializatuak edo beste mota batekoak baliatuko dituzte. Egoitza-harrerako baliabideko langileek kontsultatutako espezialistek ezartzen dituzten jarduerak gauzatzen lagunduko dute.

21. artikulua.- Askatasunaz gabetzeko neurriaren betetze-aldian egilearen eta biktimaren arteko bitartekotzarako esku-hartzea.

1.- Bitartekotzaren helburua izango da (zuzenekoa edo zeharkakoa) adingabeak egitatearen erantzukizuna bere gain hartzea eta biktimari edo biktimei zuzenean edo zeharka konpontzea.

2.- Gazte Justiziako Zerbitzuak xedatuko du 1774/2004 Errege Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako egilearen eta biktimaren arteko bitartekotza-zereginak gauzatzeko programa eta langile egokiak izan beharko direla zentro guztietan.

3.- Adingabearen eta biktimaren edo biktimen artean bitartekotza bat egitearen komenigarritasunaren azterlana Hezkuntza Proiektu Indibidual guztietan jasoko da.

IV. KAPITULUA

ZENTROEN EZAUGARRIAK, TIPOLOGIA ETA ANTOLAMENDUA

22. artikulua.- Askatasunaz gabetzeko neurrien betearazpenerako Ikastetxeen ezaugarriak.

1.- Zentroen arkitektura-diseinuak eta haren instalazioek Zentroaren hezkuntza-proiektuaren zerbitzura egon beharko dute, eta haren garapena erraztu. Kokapenak esleituak dituzten helburuak eta zereginak gauzatzeko egokia izan beharko du. Zentroek, beren tamainaren eta ezaugarrien arabera, osasun- eta hirigintza-arloari, arlo arkitektonikoari eta segurtasunari eta higieneari dagokionez, indarreko legedian xedatutako ezaugarriak bete beharko dituzte, babes akustikoarekin, baldintza termikoekin, suteen aurkako babesarekin eta kanpoko nahiz barruko irisgarritasunarekin zerikusia duten baldintzak barne. Hornikuntzako materialek, altzariek eta dekorazioak kalitate duina izango dute eta barneratutako pertsonen adinera, ezaugarrietara eta premietara egokituta egongo dira, betiere funtzionaltasunari, ongizateari eta segurtasunari buruzko irizpideei jarraiki.

2.- Zentroak nerabe eta gazteentzako gainerako arreta-zerbitzuekin koordinatuak egongo dira, lehentasunez osasun, hezkuntza, prestakuntza, enplegu, aisia eta gizarte-zerbitzu arloko sareekin.

3.- Ikastetxeek edo Bizikidetza Unitateek tamaina txikia izango dute, adingabeek funtzionamenduan parte hartzen dutela senti dezaten, eta arreta pertsonalizatua bermatzeko.

4.- Egitura malgua eta balio anitzekoa izango dute, programak ager daitezkeen hezkuntza- eta terapia-arloko eskaera berrietara egokitzeko gai izan daitezen. Era berean, ezinbestekoa da beste eremuetan artaturiko jendearen eskaerei erantzuteko gaitasun propioa edo, besteekiko gaitasuna, izatea: prestakuntza, osasuna, bizitzeko ohiturak, enplegua, aisialdia, eta gizarte- eta familia-arloko eremua.

5.- Zentroek langile kualifikatuen zaintza izango dute. Zuzeneko hezkuntza-arretako profesionalen % 80k gutxienez erdi-mailako edo unibertsitateko goi-mailako titulazioa izan beharko du, eta ahal bada psikologiaren arloan, gizarte-arloan eta hezkuntza-arloan. Langile batek titulazio hori ez badauka (plantillaren % 20 gehienez ere), duen esperientzia eta prestakuntza egiaztatu beharko du, indarreko araudiaren arabera homologatutako entitate batek ziurtatuta.

6.- Barneratze Zentroetan inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarrak daudela aintzat hartuta, adingabe horien hizkuntza dakien eta haien kultura ezagutzen duen langileak edo baliabideak izateko ahalegina egingo da, haiekin harremanetan jartzeko. Nolanahi ere, hezitzaileen eta neurrien egikaritzean esku hartzen duten gainerako profesionalen etengabeko prestakuntza sustatuko da, adingabe horien jatorrizko herrialdeen kulturaren inguruko prestakuntzari dagokionez.

7.- Segurtasunaren arloko zereginak Zentroaren Hezkuntza Proiektuaren zerbitzura egongo dira.

8.- Hezkuntza-proiektu integralak eta ebaluagarriak izango dituzte, eta Gazte Justiziako Zerbitzuak ezartzen duen aldizkakotasunarekin ebaluatuko dira.

9.- Komunikazioko eta koordinazioko prozedura egonkorrak ezarriko dira Gazte Justiziako Zerbitzuarekin, fiskaltzarekin eta talde teknikoekin.

10.- Txostenak eta memoriak egingo dira urtero, Zentro bakoitzaren funtzionamenduari buruz.

23. artikulua.- Ikastetxe motak.

1.- Askatasunaz gabetzeko neurriak betetzeko zentroak txikiak, lurraldeka banatuak eta malguak izango dira. Gizabanakoak aintzat hartuz, sexuaren, neurri-motaren, neurriaren betearazpen-fasearen eta hezkuntzako esku-hartzearen premien araberako banaketa ahalbidetuko dute.

2.- Askatasuna gehien kentzen duten neurriak betetzeko, I. mailako Zentroak egongo dira.

3.- Neurriak komunitatearekin harreman estua eskatzen duten iraupen laburreko erregimen itxian, erregimen erdirekian edo erregimen irekian betetzeko, integrazio komunitarioko Zentroak edo II. mailako zentroak izango dira.

4.- Autonomia Egoitzak edo III. mailako zentroak barneratzeko neurrien azken faseak betetzeko izango dira, betiere komunitatean integrazio estua eta adingabeak erantzukizuna modu autonomoan bere gain hartzea eskatzen dutenean.

24. artikulua.- I. mailako zentroak.

1.- Kanpoaldearekiko kontaktuan murriztaileagoak diren neurriak eta/edo iraupen oso luzea duten neurriak bete behar dituzten adingabe edo gazteentzako Zentroek honako neurri mota hauek dituzten adingabeak hartuko dituzte funtsean: barneratze itxiko eta erdirekiko neurriak, barneratze terapeutiko itxia eta erdirekia, kautelazko barneratze-neurriak, eta asteburuko egonaldiko neurriak zentroan. Zentro hauek mistoak izan daitezke, eta barneratutako adingabeen adinarentzat, heldutasunarentzat, premientzat eta trebetasun sozialentzat egokiak izango dira.

2.- Adingabearen bilakaerak eskatzen duenean, neurria II. edo III. mailako zentro batean egitera bidaliko dira.

3.- Zentrotik bertatik honako jardun-arlo hauetaz arduratzeko beharrezko zerbitzuak izango dituzte: osasuna eta bizi-ohitura osasuntsuak, elikadura, eskola-prestakuntza, lanbide-heziketa, aisia, gizarte- eta familia-arlokoa, autonomia eta erantzukizuna, laguntza komunitarioa, oinarrizko ohituren jabekuntza, garapen psikosoziala, kirola. Nolanahi ere, I. mailako zentroetako batean gutxienez, unitate berezi bat izango da osasun mentaleko arazoak eta/edo drogazaletasuneko arazo larriak dituzten adingabeei asistentzia psikoterapeutikoa emateko; unitateak langile espezializatuak eta egokiak eta nahikoak izango ditu, baita hezkuntza- eta terapia-arloko tratamendurako programa espezifikoak ere.

4.- Era horretako zentroen kudeaketa ahal bada Justizia-arloko sail eskuduneko langileek egingo dute zuzenean.

5.- I. mailako zentroek honako plaza kopuru hauek izango dituzte gehienez ere: 9 plaza Bizikidetza Unitate bakoitzeko eta 40 plaza guztira.

6.- Talde edo bizikidetza-unitate bakoitzeko gutxieneko hezitzaile kopurua 8 izango da, betiere sei pertsona edo gehiago hartzen dituztenean. Horretaz gain, unitate bakoitzak koordinatzaile bat izango du.

7.- I. mailako zentroek gutxienez psikologo bat izango dute 20 plaza bakoitzeko, gizarte-langile bat 20 plaza bakoitzeko, eta Osakidetzako mediku-langile nahikoak osasun-arloko eguneroko arretarako. Barneratze terapeutikoko neurriak betetzen badira, era berean, zentroak tratamendu terapeutikorako espezialistak edo mediku egokiak izango ditu.

25. artikulua.- Integrazio komunitarioko zentroak (II. maila).

1.- Sare komunitarioko baliabideen eguneroko erabilera eskatzen duten barneratze-neurriak bete behar dituzten adingabe eta gazteentzako zentroak dira. Zentro hauetara bideratu ahal izango dira erregimen irekiko, erdirekiko, iraupen laburreko erregimen itxiko, eta asteburuko egonaldiko barneratze-neurriak bete behar dituztenak. Maila honetako zentroen hezkuntza-proiektura eta ezaugarrietara egokitzen diren kautela-neurriak bete behar dituzten adingabe eta gazteak hartu ahal izango dituzte.

2.- II. mailako zentroek honako plaza kopuru hauek izango dituzte gehienez ere: 10 plaza Bizikidetza Unitate bakoitzeko eta 20 plaza guztira. Orokortasun bokazioa izango dute, eta etengabeko harremana izango dute ingurune hurbilenarekin.

3.- Talde edo bizikidetza-unitate bakoitzeko gutxieneko hezitzaile kopurua 8 izango da, betiere zazpi pertsona edo gehiago hartzen dituztenean. Horretaz gain, unitate bakoitzak gutxienez lanaldi erdiko koordinatzaile bat izango du.

4.- Zentro hauen kudeaketa zeharkakoa izan daiteke, Erakundeen Erregistroan erregistratutako irabazi-asmorik gabeko erakundeen edo elkarteen bitartez, baina horrek ez du esan nahi Gazte Justiziako Zerbitzuak erantzukizuna laga duenik.

26. artikulua.- Autonomia-egoitzak (III. maila).

1.- Autonomia-egoitzak hezkuntza-prozesuaren hasierako faseak amaitu dituzten eta epe labur/ertainerako proiektua eguneroko bizitzaren eremuan autonomia pertsonaleko eta sozialeko maila jakin batzuk lortzera bideratua duten pertsonei zuzentzen zaizkie.

2.- Zentro hauek honako ezaugarri hauek izango dituzte: tamaina txikia izango dute, ahal bada gizarte-komunitatean txertatuak egongo dira, eta gehienez ere sei plaza izango dituzte.

3.- Zentro hauen kudeaketa ahal bada zeharkako izango da, Erakundeen Erregistroan erregistratutako irabazi-asmorik gabeko erakundeen edo elkarteen bitartez. Jardueraren betearazpenean, Gazte Justiziako Zerbitzuak dagokion kontrola egingo du.

4.- Zentro bakoitzak arduradun bat izango du, eta lau hezitzaile izango ditu gutxienez.

27. artikulua.- Zentroen antolamendua.

1.- I. mailako zentroek arduradun bat, diziplina anitzeko talde bat, eta koordinatzaile bat izango dute bizikidetza-unitate bakoitzeko.

2.- II. mailako zentroek arduradun bat eta koordinatzaile bat izango dute bizikidetza-unitate bakoitzeko.

3.- III. mailako zentroek arduradun bat izango dute.

28. artikulua.- Zuzendaritza.

Zuzendaritzak honako zeregin hauek izango ditu eta zentroko arduradunak gauzatuko ditu:

1.- Gazte Justiziako Zerbitzuak ezarritako jarraibideak zuzentzea, koordinatzea, kontrolatzea eta ikuskatzea.

2.- Zentroaren funtzionamenduari eta barne-antolamenduari buruzko zerbitzuaren aginduak ematea, Gazte Justiziako Zerbitzuari dagozkion ahalmenak aparte utzi gabe.

3.- Zentroaren baliabide ekonomikoak administratu eta kudeatzea, indarreko legediaren arabera eta Gazte Justiziako Zerbitzuaren jarraibideen arabera.

4.- Zentroaren funtzionamendu egokirako premia ekonomikoen edo bestelako premien azterketa egitea.

5.- Gazte Justiziako Zerbitzuak emandako zerbitzuko jarraibideak eta aginduak Zentroan zabaltzen direla zaintzea.

6.- Gazte Justiziako Zerbitzuari bidaltzea dekretu honetan jasotzen diren txostenak eta proposamenak.

7.- Indarreko legediak barneratutako pertsonei aitortzen dizkien eskubideak bermatzen direla zaintzea, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuta. Horretarako, Zuzendaritzak honako ahalmen hauek izango ditu:

a) Adingabe baten komunikazioen maiztasuna handitzea, edo bisitari kopuru handiagoa bertaratzeko aukera baimentzea, betiere aldez aurretik ebazpen arrazoitua emanez.

b) Lagunen edo familia-loturarik gabeko beste pertsona batzuen bisitak baimentzea, betiere ebazpenean horri buruzko erabaki negatiboak arrazoituta.

c) Edozein bisita aldi batera edo behin betiko eteteko agintzea, 1774/2004 Errege Dekretuaren 40.6 artikuluan ezarritako arrazoien arabera.

d) Ahaideak edo legezko ordezkariak ez diren pertsonen deiak jasotzea edo haiei deitzea baimentzea, edo dei horiek zentroan ezarritako ordutegitik kanpo egitea baimentzea.

e) Gazte Justiziako Zerbitzuarentzako txosten arrazoitua ematea baimenak edo programatutako irteerak egiteko eskubidea ukatzen duten ebazpen-proposamenei buruz.

f) Baimen arruntak, apartekoak, asteburuko irteerak edo programatutako irteerak baimentzea, 1774/2004 Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera.

g) Baimen arrunt bat, aparteko baimen bat, asteburuko irteera bat, edo programatutako irteera bat ematea ekarri zuten zirkunstantziak aldatzen dituzten egitateen berri ematea lehenbailehen Gazte Justiziako Zerbitzuari, edo adingabeari beste arau-hauste penal bat egotzi zaiola jakinaraztea, 1774/2004 Errege Dekretuko 52.1 eta 52.2 artikuluetan aurreikusitako ondorioetarako.

h) Zentroko dependentzien eta lokalen ikuskapenak baimentzea, araubidez ezarritako egoeretan eta baldintzetan.

i) Segurtasuneko arrazoi zehatz eta espezifikoengatik, adingabeak bere gorputzean objektu arriskutsuren bat edo pertsonen osasunean edo segurtasunean kalte larriak eragin ditzakeen edo Zentroaren segurtasuna edo bizikidetza ordenatua alda dezakeen substantziaren bat gordetzen duela pentsarazten duten arrazoi indibidualak eta kontrastatuak daudenean, adingabea guztiz biluzik arakatzeko aukera baimentzea. Gorabehera hori Adingabeen epaileari, Fiskaltzari eta Gazte Justiziako Zerbitzuari jakinarazi beharko zaie, arakatzea gomendatzen duten arrazoiak eta lortutako emaitzak zehaztasunez azalduta.

j) Gazte Justiziako Zerbitzuari lehenbailehen jakinaraztea pertsonen bizitzarako edo segurtasunerako edo instalazioetarako arriskua dakarten ordenaren nahasmen larriak gertatzeko berehalako arriskua dagoela, eskumeneko segurtasun Indar eta Gorputzen esku-hartze eskaera egiteko. Aparteko kasuetan, eta egoerak eskatzen duenean, eskaera zuzenean egin ahal izango du.

k) Informazio-espediente bat irekitzea, gomazko defentsak eta euste mekanikoa erabiltzen direnean.

l) Ahal baldin bada, euspen-bitartekoak erabiltzea eskatzen duen egoeraren berri ematea lehenbailehen Gazte Justiziako Zerbitzuari, arrazoituta, hark baimendu dezan, betiere larritasun-arrazoiengatik kudeaketa hori ezinezkoa ez bada; kasu horretan, esku-hartzea Zuzendaritzak baimenduko du.

m) Zigor oso larrien edo larrien ezarpenari dagokionez, 1774/2004 Errege Dekretuaren 71-78 artikuluetan bildutako arauek eta, hutsegite arinengatik ezarritako zigorrei dagokienez, 79. artikuluan ezarritako arauek diziplina-erregimenean ezartzen dituzten esku-hartzeak egitea.

n) Segurtasuneko eta zaintzako zerbitzuaren ardura hartzea. Segurtasuneko zaindariei esleituriko zereginen betearazpenean gerta daitekeen edozein gorabeheraren berri emango dio Gazte Justiziako Zerbitzuari.

o) Gazte Justiziako Zerbitzuari eskatzea edozein segurtasun-zaindari ordezkatzea, betiere aldez aurretik betebeharren bat ez betetzeari buruzko txosten arrazoitua emanez.

8.- Gazte Justiziako Zerbitzuari eskatzea ezarritako neurriak mantentzeari, aldatzeari edo ordezkatzeari buruzko proposamenak.

9.- Agintaritza eskudunak onartu edo agindu ondoren, barneratutako adingabeak eta gazteak Zentrotik irtetea baimentzea.

10.- Adingabeen eta gazteen kanporako komunikazioak, bisitak eta irteerak baimentzea, kasu bakoitzean Adingabeen Epaitegiek edo Gazte Justiziako Zerbitzuak ezarritako baldintzen arabera.

11.- Diziplina anitzeko taldea antolatu eta koordinatzea.

29. artikulua.- Diziplina anitzeko taldea.

1.- Taldea diziplina anitzekoa izango da, eta psikologia-, gizarte- eta hezkuntza-arloko unibertsitate-mailako prestakuntza duten teknikariekin osatuko da. Jasotako prestakuntzaren berezko zereginetan parte hartzeaz gain, azterketa, aholkularitza, proposamen, balioespen, jarraipen eta esku-hartze espezializatuko zereginetan parte hartuko dute.

2.- Taldeak Zuzendaritzaren edo Zuzendaritzak izendatzen duen profesionalaren mende jardungo du zuzenean, eta hark antolatu, zuzendu, koordinatu eta orientatuko du taldearen lana.

3.- Taldea astean behin bilduko da ohiko moduan, eta barneratutako adingabeen esku-hartze programa indibidualak lantzeko eta berrikusteko beharrezkoa den guztietan, betiere aginduzko txostenak eta proposamenak lantzearekin batera.

4.- Taldearen funtzionamendu-erregimenak Zentroaren barne-funtzionamenduko arauei jarraituko die. Bileren emaitzekin dagokion akta egingo da, eta bertan bertaratu diren pertsonak eta hartutako erabakiak jasoko dira.

5.- Ohiko bileretan zentroko zuzendariak presidente gisa jardungo du eta teknikarietako batek idazkari gisa. Idazkaria zuzendariak izendatuko du.

6.- Taldeak honako zeregin hauek izango ditu:

a) Adingabearen banakako azterlana egin ondoren, Hezkuntza Proiektu Indibiduala lantzea, eta bilakaera kontuan hartuta, haren aldizkako berrikuspena egitea.

b) Ezarritako neurriak aldatzeko proposamenak Zuzendaritzari edo Zuzendaritzak izendatutako profesionalari jakinaraztea, Gazte Justiziako Zerbitzuan eta Adingabeen Epaitegian onartuak eta kudeatuak izan daitezen.

c) Adingabeei zuzeneko arreta ematen dieten hezitzaileei orientatzea adingabe bakoitzaren berezitasunei buruz, haien programa indibidualetan ezarritako helburuak hobeto lortze aldera.

d) Zentroko Zuzendaritzari informatzea adingabeek eta gazteek egiten dituzten eskaerei eta kexei buruz, baita beste profesional batzuek horien inguruan egiten dituzten proposamenei buruz ere.

e) Zuzendaritzari aholkatzea erabakiak hartzerakoan.

f) Gazte Justiziako Zerbitzuak, Adingabeen Epaitegiak edo Fiskaltzak barneratutako pertsonei buruz eskatzen dituzten txoten teknikoak egitea.

g) Indarreko araudiaren arabera esleitzen zaizkion beste zeregin guztiak.

30. artikulua.- Koordinatzaileak.

Koordinatzaileek honako zeregin hauek izango dituzte:

1.- Bizikidetza-unitateko hezkuntza-programen eta hezkuntza-proiektuen lantzean eta ebaluazioan parte hartzea.

2.- Hezkuntza-unitateko eguneroko bizitzako jardueren jarraipena egitea: hezkuntza-taldeko hezitzaileen bilerak prestatu eta koordinatzea, lan-txanden lantzean parte hartzea, hezitzaileen lanaren ebaluazioa egitea, taldeko programazioen betearazpena ikuskatzea, etab.

3.- Unitatean hartutako pertsonen hasierako, jarraipeneko, gorabeheretako eta gizarteratzeko txostenak lantzearen ardura bere gain hartzea.

4.- Unitateko hezitzaileei esleitutako zereginak betetzen direla bermatzeko jardunak egitea.

5.- Unitateko adingabe edo gazte bakoitzari aitortutako eskubideak behar bezala errespetatzen eta betetzen direla bermatzea.

6.- Zentroko Zuzendaritzaren ordezkaritza-lanak eginez, kautelazko neurriak hartzea bizikidetza larriki aldatzen den egoeretan.

7.- Dituen zereginekin lotuta Zentroko Zuzendaritzak aitortzen dizkion eginbeharrak egitea.

8.- Hala badagokio, lokalizazioko eta disponibilitateko zaintzak egitea, zentroko arduradun gisa.

31. artikulua.- Hezitzaileak.

Hezitzaileek honako zeregin hauek izango dituzte:

1.- Taldeko adingabeen tutoretza-lanak egitea.

2.- Esku-hartzearen eremu guztietako informazioa bildu eta aztertzea.

3.- Kontroleko eta segurtasuneko zereginak egitea zentroan.

4.- Eguneroko bizitzako jarduerak programatu, zuzendu eta ikuskatzea: garbiketak, txukuntzeak, otorduak, atsedenak, astialdia, animazioak, esku-hartze psikopedagogikoa, etab.

5.- Zentroan bizi diren pertsonen eskubide guztiak errespetatzen direla bermatzea.

6.- Zentroaren barne-erregimeneko arauak betetzen direla bermatzea.

7.- Hezkuntza-taldearen eta taldea osatzen duten adingabeen programazioko, talde-jarraipeneko, ebaluazioko eta abar saioetan parte hartzea.

8.- Zentroa zaintzearen eta mantentzearen ardura bere gain hartzea.

9.- Neska-mutilei laguntzea jarduerak egiterakoan, zitazioetara joaterakoan, eta abar.

10.- Zentroaren funtzionamendua bermatzen duten lan-txandak egitea.

V. KAPITULUA

ZAINTZA ETA SEGURTASUNA

32. artikulua.- Segurtasuna.

1.- Ikastetxeen barne-segurtasuna bermatzeko jardunak barneratutako pertsonak behatzean oinarrituko dira. Era berean, segurtasuna bermatze aldera, gelak ikuskatuko dira, eta pertsonak eta adingabeen arropa eta tresnak arakatuko dira. Neurri hauek dagokien moduan eta aldizkakotasunarekin egikaritzeko, 1774/2004 Errege Dekretuaren 54. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, Zentroko profesionalen jarduna premia- eta proportzionaltasun-printzipioen mende jarrita, eta beti duintasunarekiko eta pertsonaren oinarrizko eskubideekiko errespetua zainduta. Eraginkortasun bereko baliabideak erabiltzeko aukera dagoenean, baliabide elektronikoek lehentasuna izango dute.

2.- Zentroko dependentzien eta lokalen ikuskapenak Gazte Justiziako Zerbitzuak edo Zentroko Zuzendaritzak ezartzen duen aldizkakotasunarekin egingo dira, betiere Zentroko adingabeen edo langileen segurtasuna zaintzeko ezinbesteko larrialdiko arrazoiak daudenean izan ezik; izan ere, kasu horretan, une horretan Zentroaren ardura duen pertsonak baimendu ahal izango du ikuskapena. Adingabe baten logela ikuskatu behar denean, ikuskapena egiten den bitartean bertan egoteko aukera emango zaio. Segurtasuneko langileek egin behar dutenean, nolanahi ere, hezkuntza-arloko langileren bat egongo da. Modu berean jardungo da adingabearen arropa edo tresna pertsonalak arakatzen direnean.

3.- Baimenduta ez dagoen edozein objektu sartzea edo edukitzea saihesteko, Ikastetxean sartzen den edo bertan dagoen adingabe bat arakatzea ezinbestekotzat jotzen denean, hezkuntza- edo segurtasun-arloko langileek arakatuko dute, eta arakatzen duen pertsona beti adingabearen sexu berekoa izango da. Arakatze horretarako ezin izango zaio behartu adingabeari bere arropa kentzera, eta beharrezkotzat jotzen diren baliabide elektronikoak edo haztapen-metodoak erabili beharko dira. Arakatze hori adingabearen logelan edo pribatutasun nahikoa bermatzen duen areto batean egin beharko da.

4.- Segurtasuneko arrazoi zehatz eta espezifikoengatik, adingabeak bere gorputzean objektu arriskutsuren bat edo pertsonen osasunean edo segurtasunean kalte larriak eragin ditzakeen edo Zentroaren segurtasuna edo bizikidetza ordenatua alda dezakeen substantziaren bat gordetzen duela pentsarazten duten arrazoi indibidualak eta arrazoituak daudenean, eta baliabide elektronikoak erabiltzea ezinezkoa denean, Zentroko Zuzendaritzak adingabea guztiz biluzik arakatzea baimendu ahal izango du; kasu horretan, Zuzendaritzak gorabeheraren berri eman beharko die Adingabeen Epaitegiari, Fiskaltzari eta Gazte Justiziako Zerbitzuari, arakatzea gomendatzen duten arrazoiak eta lortutako emaitzak azalduta. Nolanahi ere, adingabeari txabusina bat emango zaio bere intimitatea zentzuzko moduan gordetzeko. Adingabea guztiz biluzik arakatzeko, Zentroko profesionalek egin behar dituzten eta Zentroko Zuzendaritzari, Fiskaltzari eta Adingabeen Epaitegiari helarazi behar dizkieten txostenak, Gazte Justiziako Zerbitzuari ere helarazi behar zaizkie.

5.- Pertsonen bizitzarako edo segurtasunerako edo instalazioetarako arriskua dakarten ordenaren nahasmen oso larriak gertatzeko berehalako arriskua dagoenean, Zentroko Zuzendaritzak lehenbailehen jakinaraziko dio Gazte Justiziako Zerbitzuari, eskumeneko segurtasun Indar eta Gorputzen esku-hartze eskaera egiteko. Salbuespen gisa, eta egoerak hori eskatzen duenean, eskaera Zuzendaritzak egin ahal izango du zuzenean, gorabeheraren berri emanda lehenbailehen Gazte Justiziako Zerbitzuari.

33. artikulua.- Segurtasuna eta zaintza langile espezializatuen bitartez.

1.- Zentroko langileen jardunetan laguntzeko eta zaintzarako langile espezializatuen zerbitzua izatea beharrezkotzat jotzen denean, justizia-arloan eskumena duen Sailak hitzartu beharko du.

2.- Segurtasuna eta zaintza horretarako ezartzen diren hezkuntza-helburuen eta programen menpe daude. Horregatik, segurtasuneko zaindariak, oro har, ez dira geratuko adingabeen jardueren betearazpenean, betiere hezkuntza-arloko langileek hala eskatzen dutenean eta gatazka larriren bat egon daitekeela adierazten duten susmoengatik bidezkotzat hartzen denean izan ezik.

3.- Zuzendaritza segurtasuneko eta zaintzako zerbitzuaren arduraduna izango da, eta segurtasuneko zaindariei esleitutako eginbeharren betearazpenean gerta daitekeen edozein gorabeheraren berri emango dio Gazte Justiziako Zerbitzuari.

4.- Segurtasuneko zaindarien funtsezko zeregina izango da hezitzaileen, gainerako langileen eta Ikastetxean egon daitezkeen adingabeen edo gazteen segurtasuna zaintzea eta babestea, hezkuntza-arloko langileek beren kabuz konpon ezin dituzten egoeretan soilik jardunez, eta, horren haritik, Zentroko Zuzendaritzak ezarritako jarraibideei jarraituko diete, betiere berehalako edo begi-bistako eraso bat ikusten dutenean izan ezik; izan ere, kasu horretan samindura gutxien eraginda esku hartu ahal izango dute, inoren argibiderik itxaron gabe. Nolanahi ere, segurtasuneko zaindariek berezkoak dituzten zeregin orokorren barruan eman beharko duten zerbitzuari buruzko jarraibide espezifikoak jasoko dituzte, betiere agintaritza judizialak eskatzen duenean, hari laguntzeko betebeharra aparte utzi gabe. Segurtasuneko zaindarien beste zeregin batzuk honako hauek izango dira:

a) Zentroaren barneko eta kanpoko zaintza- eta babes-lanak egitea (instalazioak, ekipamendua eta altzariak), prebentzio moduan.

b) Sarbideak kontrolatzea, baimenik gabeko pertsonei sartzen edo irteten ez utzita eta horretarako jarritako Erregistroa eguneratuta.

c) Zentroaren barruan beharrezkoak diren lekualdaketetan laguntzea.

d) Irmo eskatzen zaienean, hezkuntza-arloko langileen edo Zentroko Zuzendaritzaren aurrean beharrezkoak diren arakatzeak egitea.

e) Zentroko Zuzendaritzari jakinaraztea zentroaren funtzionamenduarekin lotutako edozein irregulartasun, bereziki segurtasun-sistemekin lotutako kasu guztietan.

f) Ikuskapen bat egitea zentroko dependentzietan (kanpoaldea barne), zerbitzuaren hasieran eta amaieran. Ikuskapen horietako gorabeherak eguneroko gorabehera-parte batean jasoko dira, eta astean behin jakinaraziko zaizkie Zentroko arduradunari eta Gazte Justiziako Sistemaren segurtasun-arduradunari.

g) Zaintzarako, segurtasunerako eta suteak itzaltzeko baliabide teknikoak, eta Zentroaren larrialdi- eta ebakuazio-plana ezagutzea.

5.- Ezein kasutan ere ez zaio inori zentroan sartzen utziko edozein motatako armarekin, ezta armak erabiltzeko lizentzia duten langileei ere.

6.- Pertsonen bizitzarako edo segurtasunerako edo instalazioetarako arriskua dakarten ordenaren nahasmen larriak gertatzeko berehalako arriskua dagoenean soilik, Gazte Justiziako Zerbitzuak Ertzaintzaren esku-hartzea eskatu ahal izango du, Adingabeen Epaitegiari eta Fiskaltzari lehenbailehen jakinarazita. Salbuespen gisa, eta larrialdi baten kasuan, Zuzendaritza izango da esku-hartze hori eskatuko duena, betiere Gazte Justiziako Zerbitzuari lehenbailehen jakinarazita.

7.- Zaintzako langileek Zentroko adingabeei buruz entzun duten guztiaren konfidentzialtasuna zaintzeko betebeharra izango dute.

8.- Zentroko Zuzendaritzak Gazte Justiziako Zerbitzuari eskatu ahal izango dio edozein segurtasun-zaindari ordezkatzea, betiere aldez aurretik betebeharren bat ez betetzeari buruzko txosten arrazoitua emanez. Gazte Justiziako Zerbitzua izango da langileen ordezkapena kudeatuko duena.

34. artikulua.- Euspen-bitartekoak.

1.- Soilik 1774/2004 Errege Dekretuaren 55.2 artikuluan jasotako euspen-bitartekoak erabili ahal izango dira norberaren buruaren edo beste pertsona batzuen aurkako nerabeen indarkeria-ekintzak edo lesioak saihesteko, ihes egiteko saiakerak eta Zentroko instalazioen aurkako kalteak saihesteko, eta Zentroko langileen jarraibideekiko erresistentzia aktiboa edo pasiboa dela-eta.

2.- Zentroko Zuzendaritzak euspen-bitartekoak erabiltzea eskatzen duen egoeraren berri emango dio berehala Gazte Justiziako Zerbitzuari, betiere arrazoituta. Horren ondoren, euspen-bitarteko horien hasieraren eta amaieraren berri emango dio, honako hauei buruzko informazio zehatza emanez: neurriak erabiltzea ekarri zuten egitateak, erabilitako eusteko neurriak, eta neurriei eustea gomenda dezaketen zirkunstantziak.

3.- Euste fisiko pertsonala ahalik eta indar gutxien erabiliz adingabearen ekiteko gaitasuna saihesteko edo haren mugimenduak mugatzeko eustean edo heltzean oinarritzen da. Erresistentziako aparteko arrazoiak edo adingabe kopuru handia direla-eta, plastikozko ezkutuak eta homologatutako kaskoak erabili ahal izango dira babes-elementu gisa.

4.- Gomazko defentsa homologatuak soilik aparteko kasuetan aplikatu ahal izango dira norberaren buruaren edo beste pertsona batzuen aurkako adingabeen indarkeriako ekintzak edo lesioak saihesteko, eta segurtasuneko langileek normalean ez dituzte soinean eramango adingabeak dauden lekuetan.

5.- Adingabea guztiz edo partzialki immobilizatzeko euste mekanikoa aparteko kasuetan erabiliko da, azken aukera gisa eta adingabearen segurtasuna, osasuna edo segurtasuna arriskuan jartzen duten baldintzetan. Homologatutako bilurrak edo ehun-uhalak erabili ahal izango dira soilik.

6.- Behin-behineko isolamenduak adingabea taldeko gainerako kideetatik banantzeko beharra eskatuko du, eta adingabea bere logelan geratuko da, ahal den guztietan, eta, ezinezkoa bada, antzeko ezaugarriak dituen gela batean. Kasu hauetan, medikuak edo dagokion profesionalak beharrezkoak diren bisitak egingo ditu, eta, nolanahi ere, egunero bisitatuko du adingabea, isolamendua 24 ordutik gorakoa bada; era berean, Txosten bat egingo du, eta Zuzendaritzak Gazte Justiziako Zerbitzuari emango dio.

7.- Adierazitako neurrien erabileran, eragindako arrisku-egoerarekiko proportzionaltasuna zainduta jardungo da. Pertsonen segurtasuna zaintzeko edo ondasunen gaineko kalteak saihesteko ezinbestekoa denean aplikatuko dira euspen-bitartekoak, eta, nolanahi ere, modu azkarrenean eta samindura gutxien eraginda egingo da. Ezin izango du inolaz ere ezkutuko zigorrik ekarri. Era horretako esku-hartzeak egiten direnean, ahal den neurrian, barneratutako beste pertsona batzuen presentzia saihesten saiatuko dira, eta, horretarako, esku-hartzea egin aurretik, gainerako gazteak beste leku batera eramango dituzte, ahal bada hezkuntza-taldeko langileek.

8.- Ikastetxeko Zuzendaritzak informazio-espediente bat irekiko du, gomazko defentsak eta lokailu mekanikoa erabiltzen direnean. Txostenean honako hauek jasoko dira: segurtasun-arloko eta hezkuntza-arloko langileen txostenak, ekintza eta euspen-bitartekoak aplikatzea eragin duten arrazoiak edo zirkunstantziak, eta egitateen lekuko izan direnen deklarazioa, baita eusteko neurriaren eraginpeko adingabearen edo adingabeen deklarazioa ere. Txostena Gazte Justiziako Zerbitzuari emango zaio.

9.- Euspen-bitartekoak aplikatzea ekarri zuen gertakariaren ondorioz, edo euspen-bitartekoak erabiltzearen ondorioz, adingabeek lesio fisikoak jasan badituzte, haien egoera fisikoak ahalbidetzen duen bezain laster, eta beti gertakaria gertatu ondoko lehen 6 orduak igaro baino lehen, Osasun Zentro Publiko hurbilenera eramango zaie, betiere Ikastetxeak une horretan medikurik ez badauka. Gertatutakoa lehenbailehen jakinaraziko zaie Gazte Justiziako Zerbitzuari, Fiskaltzari eta dagokion Adingabeen Epaitegiari.

10.- Euspen-bitartekoak ezin izango dira aplikatu 1774/2004 Errege Dekretuaren 55.4 artikuluan aurreikusitako kasuetan, betiere egoeraren ondorioz adingabearen edo beste pertsona batzuen segurtasunarentzat berehalako arriskuren bat gerta daitekeenean izan ezik; kasu horretan, Zuzendaritzak neurri aplikatzea baimen dezake, Gazte Justiziako Zerbitzuaren baimena jaso ondoren. Aparteko zirkunstantzia horiek esanbidez egiaztatu beharko dira euspen-bitartekoak baimentzeko ebazpenean.

VI. KAPITULUA

BAIMENAK

35. artikulua.- Baimenak, komunikazioak eta irteerak.

1.- Ikastetxe batean barneratutako adingabeek 1774/2004 Errege Dekretuan ezarritako baimenak, komunikazioak eta irteerak baliatzeko eskubidea izango dute gutxienez.

2.- Neurriaren izaerak, Hezkuntza Proiektu Indibidualak eta adingabearen bilakaerak gomendatzen dutenean, 1774/2004 Errege Dekretuan aurreikusitako baimenen, komunikazioen eta irteeren kopurua handitu beharko da.

3.- Zentroko jarduera guztien helburua askatasunean bizitzeko prestatzea dela aintzat hartuta, aurreko puntuan aurreikusitako baimenak, komunikazioak eta irteerak baliatzea ezin izango da soilik Zentroaren barruko portaeran oinarritu, baizik eta bilakaeraren une bakoitzean askatasunean bizitzeko adingabearen gaitasuna ere kontuan hartuko da.

4.- Baimen arruntak eta apartekoak emateko ahalmena zentroko zuzendariari dagokio; izan ere, hark jakinaraziko dio onarpena Gazte Justiziako Zerbitzuari, baita familiari edo adingabearen zaintza edo tutoretza duen erakundeari ere.

5.- Asteburuko irteerak zentroko zuzendariak baimenduko ditu. Irteeraren progresioa adingabearen edo gaztearen Hezkuntza Proiektu Indibidualean jasoko da, eta onarpenean egindako edozein aldaketa Gazte Justiziako Zerbitzuari jakinaraziko zaio, baita familiari edo adingabearen zaintza edo tutoretza duen erakundeari ere.

6.- Programatutako irteerak baimentzeko ahalmena zentroko zuzendariari dagokio.

7.- Baimenak eman ahal izateko, 1774/2004 Errege Dekretuaren 45. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

8.- Zentroko zuzendariak bermatuko du baimen eta irteera guztiek 1774/2004 Errege Dekretuaren 51. artikuluan ezarritakoa betetzen dutela.

9.- Baimenak eten edo ukatzeko ahalmena zentroko zuzendariari dagokio. Egitate horiek gazte-justiziako zerbitzuari jakinaraziko zaizkio, baita familiari edo adingabearen zaintza edo tutoretza duen erakundeari ere.

10.- Arau-hauste penal bat egiteagatik irteerak edo baimenak eten ahal izateko, Adingabeen Epaitegiak ontzat eman beharko du.

VII. KAPITULUA

DIZIPLINA ARAUBIDEA

36. artikulua.- Printzipio orokorrak.

Zentroen diziplina-araubidearen helburua izango da bertako segurtasunean eta bizikidetza ordenatuan laguntzea, eta barneratutako adingabeen erantzukizun-zentzua eta autokontrolerako gaitasuna bultzatzea. Araubide hau honako printzipio hauetan oinarritzen da: legezkotasuna, errugabetasun-presuntzioa, gutxieneko esku-hartzea, azken ratioa, berehalakotasuna, eta hezkuntza-helburuaren iraunkortasuna; horretarako, hezkuntza-helburuaren eta adingabearentzat beharrezkoak diren bermeen artean oreka bilatzen du. Kapitulu honetan bildutako berezitasunak aparte utzi gabe, diziplina-araubideak honako hauetan xedaturikoari jarraituko dio: Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 60. artikuluan, urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren araudia onartzen duen uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuaren IV. Kapituluan, eta Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 95. artikuluan.

37. artikulua.- Organo zigortzailea.

1.- Zentro propioetan, diziplina-prozedurak hasi eta ebazteko eskumena, eta kautela-neurriak ezartzeko eskumena, Zentroko Zuzendaritzak izango du.

2.- Zentro laguntzaileetan, diziplina-prozedurak hasi eta ebazteko eskumena, eta kautela-neurriak ezartzeko eskumena, Justizia Sailaren Gazte Justiziako Zerbitzuak izango du.

38. artikulua.- Erregistroa.

1.- Ezarritako neurriak zehapen-espedientean erregistratuko dira, honako hauek adierazita: neurria eragin duen portaera edo egitatea, neurriaren aplikazioaren zirkunstantziak, eta laguntza teknikoa edo legezkoa eman dion esleitutako pertsonaren izena.

2.- Gazte Justiziako Zerbitzuak zentro propioetan eta laguntzaileetan ezarritako zehatzeko neurri guztiak erregistratuko ditu, zehatzeko neurria eragin duen arau-haustea eta neurriaren aplikazioaren zirkunstantziak adierazita.

VIII. KAPITULUA

KEXAK ETA IKUSKAPENA

39. artikulua.- Errekurtsoak eta kexak.

Barneratutako adingabeek eskubidea dute diziplina anitzeko taldeari, Zuzendaritzari, Gazte Justiziako Zerbitzuari edo Ikuskapen Zerbitzuari eskaerak eta kexak egiteko, ahoz edo idazki bidez, zorro itxian edo irekian, eta 1774/2004 Errege Dekretuaren 57. artikuluan ezarritakoari jarraituko diote.

40. artikulua.- Zentroetako Ikuskapen Zerbitzua.

1.- Zentroen ikuskapen-zereginak, 1774/2004 Errege Dekretuaren 58. artikuluan aurreikusiak, askatasunaz gabetzeko neurriak betearazteko eskumena duen organoa ez den administrazio-organo batek egingo ditu, eta, aplikagarria den guztian, Euskal Autonomia Erkidegoko arau-hausle adingabeen gizarte- eta hezkuntza-arloko arretarako erakunde laguntzaileak baimendu, homologatu, ikuskatu eta erregistratzeari buruzko irailaren 30eko 163/2008 Dekretuaren IV. Kapituluan aurreikusitakoaren arabera egingo dira.

2.- Zentroetako ikuskapen-zerbitzuaren helburua da zentro propioen eta laguntzaileen eta zentroetako profesionalen jarduna barneratutako adingabeen eskubideak eta bermeak errespetatuta egin dadin bermatzea.

3.- Barneratutako adingabeek Ikuskapen Zerbitzuarekin komunikatzeko eskaera egin ahal izango dute, zuzenean edo zentroko zuzendariaren bitartez, betiere Ikuskapen Zerbitzuak bere zereginen betearazpenean adingabearekin egiten dituen komunikazioak aparte utzi gabe.

4.- Zentroen ikuskapen-zeregin horiek honako hauen ikuskapen-zereginak aparte utzi gabe gauzatuko dira: adingabeen epaileak, Fiskaltza, Arartekoa, haurren eta nerabeen defendatzailea, herriaren defendatzailea, eta Gazte Justiziako Zerbitzua.

5.- Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak askatasunaz gabetzeko neurriak egikaritzeko beharrezko giza baliabideak (administrazio-organo eskudunaz kanpokoak) eta Zentroak ikuskatzeko prozedura arautuko ditu.

IX. KAPITULUA

ESKU-HARTZE HEZITZAILEA

41. artikulua.- Esku-hartzearen faseak.

1.- Gazte Justiziako Zerbitzuak barneratzeko, barneratze terapeutikorako edo asteburuko egonaldirako plaza baten eskaera jasoko du, dagokion Adingabeen Epaitegiak bidalia.

2.- Gazte Justiziako Zerbitzuak dagokion Adingabeen Epaitegiari jakinaraziko dio plaza bat erabilgarri dagoenean. Adingabea biziko den Ikastetxea zehaztuko da, eta joan daitekeen eguna adieraziko da. Kautelazko barneratzea baldin bada, plazaren erabilgarritasuna automatikoki bermatu behar da, eta Ertzaintzak eraman ahal izango du zuzenean.

3.- Gazte Justiziako Zerbitzuak adingabeari eta haren familiari jakinaraziko die neurria beteko den lekua eta hasteko eguna. Ikastetxe bakoitzaren informazio-materialak egingo dira; material horietan, testuen eta argazki-materialen bitartez, zentroen kokapena, irisgarritasuna, helburuak eta jarduerak adieraziko dira. Materiala adingabeari eta haren familiari emango zaie lehenbailehen.

4.- Adingabea familiak edo konfiantzazko pertsonak lagunduta sartuko da zentroan.

5.- Lehen lau asteetan hasierako ikuskapenaldi bat izango da. Aldi horretan, diziplina anitzeko taldeak jardun beharreko eremuei buruzko adingabearen informazio guztia jasoko du: eremu pertsonala, eguneroko bizimoduko ohiturak, eskola eta lan-aurreko eremua, familia-eremua, aisia eta astialdia, osasun-egoera.

6.- Diziplina anitzeko taldeak Hezkuntza Proiektu Indibidual bat finkatuko du, eta bertan honako hauek ezarriko ditu: helburuak, esku hartzeko metodologia, baliabideak, jarraipenerako tresnak, eta ebaluaziorako tresnak. Programa hori Gazte Justiziako Zerbitzuari, Adingabeen Epaitegiari eta Fiskaltzari bidaliko zaie, baita adingabearen abokatuari ere, hala eskatzen duenean. Nolanahi ere, Hezkuntza Proiektu Indibidualak adingabearen partaidetza izan beharko du garatzeko.

7.- Hezkuntza Proiektu Indibiduala hasi ondoren, Zentroko Zuzendaritzak hiru hilean behin adingabearen bilakaeran egondako gorabeheren berri emango die Gazte Justiziako Zerbitzuari, Adingabeen Epaitegiari eta Fiskaltzari.

8.- Hezkuntza Proiektu Indibidualean ezarritako helburuak lortu ondoren, diziplina anitzeko taldeak eguneroko bizitza-ingurunean pixkanaka sartzeko programa bat diseinatuko du, familien edo kasu bakoitzeko gizarte-eragile esanguratsuenen lankidetzarekin. Horren berri emango zaie Gazte Justiziako Zerbitzuari, Adingabeen Epaitegiari eta Fiskaltzari.

9.- Hezkuntza Proiektu Indibidualaren betearazpenak eta adingabearen bilakaerak hala eskatzen duten guztietan, Zentroko Zuzendaritzak neurria aldatzeko eskaera arrazoitua helaraziko dio Gazte Justiziako Zerbitzuari.

10.- Neurria amaitu ondoren, diziplina anitzeko taldeak azken ebaluazio-txosten bat egingo du, eta horren berri eman beharko zaie Gazte Justiziako Zerbitzuari, Adingabeen Epaitegiari eta Fiskaltzari.

42. artikulua.- Esku-hartze hezitzailea.

1.- Hezkuntza Proiektu Indibidualek zuzenbide-antolamenduan jasotako printzipio, eskubide eta askatasun funtsezkoekin bat datozen balioak izan beharko dituzte, hau da, honako hauekin bat datozenak: aniztasunaren errespetua, eta jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-joera, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sinesmen edo ideologiarengatik edo beste edozein egoera edo ezaugarri pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik inoren aurka diskriminaziorik ez egiteko printzipioa. Hezkuntza ez-sexista jasoko dute, tolerantzia, aniztasuna eta tratu txarren edo sexu-abusuen gaineko sentsibilizazioa bultzatzen duten balioetan oinarritua.

2.- Gurasoek, tutoreek edo zaintzaileek eskolan ematen zaien hezkuntzan parte hartzeko eta hezkuntza horren bilakaera behatzeko duten eskubidea errespetatu eta sustatuko da.

3.- Hezkuntza-arloko arreta banantzea bultzatuko da, horren garapenerako profesional kualifikatuen laguntzarekin.

4.- Kultura-arloko baliabideak eta bitartekoak sortzea bultzatuko da, euren gaitasun eta trebetasun intelektualak, artistikoak, kirol-arlokoak eta eskuzkoak garatzeko aukera izan dezaten.

5.- Telebistaren edo irratiaren programazioa edo bere gustuko beste edozein hedapen edo ikuskizunen programazioa ikustea bultzatuko da, betiere gizarte- eta hezkuntza-arloko helburuak zainduta.

6.- Hezkuntza-prozesuen ardura horretarako gaitutako profesionalen esku dago. Zeregin horiei dagokienez, segurtasun-arloko arduradunek haien jarraibideei jarraituko diete beti, eta laguntza emango dute, eragozpenik sortu gabe, eta beti segurtasun-arloko zeregina Zentroaren Hezkuntza Proiektuaren zerbitzura dagoela aintzat hartuta. Horren arloko edozein gatazka Gazte Justiziako Zerbitzuari jakinaraziko zaio, eta hark erabakiko du, adingabearen eskubideen goragoko interesa lehenetsita.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Arauen garapena.

Gazte-justiziako neurrien aplikazioaren eremuan eskumena duen Sailaren titularrari ahalmena eman zaio Dekretu hau garatzeko eta egikaritzeko beharrezkoak diren xedapenak egiteko.

Bigarrena.- Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko apirilaren 21ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala