Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2009ko apirilaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1951

AGINDUA, 2009ko martxoaren 25ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko mailetako irakasleentzako 2009-2010 Garatu planeko ikastaroen deialdia arautzen duena.

Jadanik ezarrita daude euskal hezkuntza-sistemaren oinarri berriak, horregatik, une honetan hezkuntza-sistema erabat murgilduta dago irakaskuntza hobetzea helburu duen berriztatze prozesu batean. Bestalde, prozesu hori gauzatzeko ezinbestekoa da hainbat jarduera-plan eratzea, haien bidez behar bezala erantzun ahal izateko, alde batetik, eskola-elkarteen asmoei, eta bestetik, ageriko beharrei, irakasleen jardueran zein ikastetxeen kudeaketan eta hezkuntza-administrazioan bertan sortzen direnei.

Horregatik, prestakuntza-jarduerak egitea planteatzen da. Jarduera horiek, batetik, irakasleen garapen profesionala ahalbidetuko dute, eta, bestetik, erakunde-plan bat osatuko dute, ondokoei erantzuna emateko: sailak berak sustatutako bideak aplikatzetik sortutako beharrei, eta irakaskuntza-maila eta -motetako lanpostuetako eskakizun edo profilei.

Hori guztia dela eta, honako hau:

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Xedapen honekin, alde batetik, deialdia eta hautaketa egiteko prozedura bat ezarri nahi da, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko mailetako irakasleen prestakuntza eta hobekuntzarako ikastaroetan parte hartu nahi dutenentzat, ezertan galarazi gabe, jakina, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak 2009-2010 Garatu Planaren barruan berez dituen eginkizunak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezarri duen urriaren 16ko 222/2001 Dekretuaren 16. artikuluan jasota daudenak. Bestetik, irakasleei laguntza ekonomikoak ematearena ere arautu nahi da, prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak gainditzen badituzte, eta ikastaro horiek laguntza jasotzeko eskubidea ematen badute, ikastaro bakoitzaren deialdiak xedatu duenaren arabera.

2. artikulua.- Ikastaroen deialdia.

1.- Deitutako ikastaroen zerrenda eta ezaugarriak jendaurrean jarriko dira, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren ebazpen baten edo batzuen bidez. Dena delako ikastaroan parte hartzen dutenentzako laguntza ekonomikorik badakarte, ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

2.- Ebazpen horietan honako hauek adierazi beharko dira:

a) Eskabideak aurkezteko epeak; parte hartzaileak hautatzeko irizpideak, agindu honen 4. artikuluak ezarritakoaren arabera; behin-behineko zerrendak jendaurrean jartzeko epea, erreklamazioena eta behin betiko ebazpenarena.

b) Ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

3.- Aurrekoaz gain, artikulu honetako 1. paragrafoan aipaturiko ebazpena edo ebazpenak ikastetxeetara ere bidaliko dira, honako informazio honekin batera:

a) Ikastaro bakoitzaren izena, iraupena eta egutegia, baita ikastaroaren egitarauaren laburpena ere.

b) Ikastaro bakoitzeko fitxa bana, eta fitxa horretan: ikastaroa zenbatentzako den, ikastaroan parte hartzeko baldintza zehatzak, kontuan hartuko diren lehentasunak eta baremo zehatza, halakorik baldin balego.

3. artikulua.- Ikasketarigaiak.

1.- Honako hauek hartu ahal izango dute parte deialdi honen xede diren ikastaroetan: unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako irakasleek, baldin eta jardunean badaude (1. artikuluan zehaztutakoaren arabera) sail honek aitorturiko ikastetxeetan, Zonako Hezkuntza Laguntzarako Zerbitzuetako langileek eta Hezkuntzako ikuskariek. Horiez gain:

a) Hezkuntza Bereziko lan-legepeko langileek hezkuntza-premia bereziei buruzko ikastaroetan parte hartu ahal izango dute, 2. artikuluko 1. paragrafoan aipaturiko ebazpenetako bakoitzean zehaztutako baldintzak betez gero.

b) Zentro publiko zein baimendutako pribatuetan, Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0-3 urte) diharduten hezkuntza-langileek ziklo horri buruzko ikastaroetan parte hartu ahal izango dute. Parte hartzeko baldintzak aipaturiko ebazpenetan zehaztuko dira.

c) Berariazko Lanbide Heziketako irakasleak, esleipenaren ondoren bete gabeko posturik geratzen bada, betiere.

2.- Gainera, honako baldintza berezi hauek bete beharko dituzte:

a) Ikastetxeko zuzendaritzaren baimena izatea (edo dagokion lurralde-burutzarena, Zonako Hezkuntza Laguntzarako Zerbitzuen eta Hezkuntza Ikuskaritzaren kasuan), osorik edo zati batean irakastorduetan burutu beharreko ikastaroetarako.

b) Prestakuntza-ekintzetan hilabetetik gora liberatuta parte hartu ez izana, liberazioa eskatzen duen ikastaroren batean parte hartu nahi bada. Iraleko ikastaroak ez dira kontuan hartuko ondorio hauetarako.

c) Liberazioa eskatzen duen ikastaro batean onartutakoek ezin dute parte hartu liberazioa eskatzen duen beste ikastaro batean, plaza librerik ez badago, behintzat.

d) Liberazio-aukera gauzatuko da, baldin eta lanpostu horretan ordezkotza bermatzen bada.

e) Ikastaro bakoitzeko deialdian jasotako berariazko baldintzak.

f) Berariazko Lanbide Heziketako irakasleen parte hartzea, berriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezarri duen urriaren 16ko 222/2001 Dekretuaren 16.1.g) artikuluak ezarritakoari egokituko zaio; izan ere, artikulu horren arabera, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzaren ardura da berariazko lanbide-heziketako irakasleen hobekuntzarako eta prestakuntzarako planak egitea.

g) Ezingo dira onuradun izan diru-laguntza edo laguntza publikoak hartzeko aukera galtzeko zehapen penal edo administratiboa jasotakoak, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren bat dutenak.

4. artikulua.- Partaideak aukeratzea.

1.- Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ezarriko du parte hartzaileak aukeratzeko prozedura, publikotasunaren eta merezimenduaren printzipioen araberakoa, eta deialdia ebatziko du.

2.- Eskatutako baldintzaren bat betetzen ez duten ikasketarigaien eskabideak baztertu egingo dira, eta gainerakoak ordenatu egingo dira, ikastaro bakoitzaren deialdiko ebazpenean ezarritako lehentasunen arabera. Horretarako, kontuan hartuko da, lehentasun bakoitzaren barruan, eskatzailearen administrazio-egoera eta lanbide-esperientzia.

3.- Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren behin betiko ebazpena sailaren lurralde-ordezkaritzetan jarriko da ikusgai, eta ondoko zerrendak jasoko ditu: deitutako ikastaro bakoitzean onartutakoena, puntuazioaren arabera erreserban daudenena, eta kanpoan geratu direnena, arrazoiak azalduz.

4.- Ebazpen adierazia ematen ez bada deialdi bakoitzak horretarako ezarritako epean, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak Administrazioari berariaz ebazteko ezarri dion beharrari kalterik egin gabe.

5.- Zuzendariaren ebazpenaren aurka gorako errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza sailburuordeari, ebazpena lurralde-ordezkaritzetan argitaratu eta hilabeteko epean.

5. artikulua.- Ikastaroen garapena.

Ikastaroak burutzeari begira, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erakunde batzuen laguntza izan dezake, hain zuzen ere Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Plana garatzeko proiektuak aurkezteko deialdian diru-laguntza jaso dutenena. Hezkuntza Sailak baita ere barne baliabideekin antolatu ditzake ikastaroak.

6. artikulua.- Egiaztagiriak.

Ikastaroak gainditzeak dagokien ziurtagiria ekarriko du, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak horretarako emandako ebazpenen arabera. Ziurtagiri hori pertsona interesdunei bidaliko zaie, lau hilabeteko epearen barruan, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan ikastaroaren akta jasotzen denetik aurrera.

7. artikulua.- Laguntza ekonomikoak.

1.- Ikastaroan parte hartu duten ikazketariek, laguntza ekonomikoa jasotzeko eskaera egin beharko dute, ikastaroa bukatzen den egun beretik hasita eta hilabeteko epean.

2.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak agindu hau oinarritzat harturik deitutako prestakuntza-jarduerak gaindituz gero, agindu honetan arauturiko laguntza ekonomikoak ere emango dira, honako baldintza hauek betetzen badira, betiere:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak agindu hau dela-eta emandako deialdi-ebazpenetan hala zehazturik egon behar du.

b) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aukeratu behar ditu jarduera horietako parte hartzaileak, horiek eskaria egin eta gero.

c) Destinoko zentroa eta bizilekua dauden herriaz bestelakoan egin behar da prestakuntza-jarduera. Destinoko zentrotzat eta bizilekutzat hartuko dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzan halakotzat daudenak ikasturteko hasieraren lehen egunean.

d) Gai kalifikazioa atera ahal izateko deialdi bakoitzak ezarri dituen baldintzak ere bete behar dira, bai jarduera bera gainditzeko baldintzak bai -jarduera luzea bada- jardueraren zatiak gainditzeko baldintzak ere.

3.- Honela kalkulatuko da ikasketari bakoitzari dagokion laguntzaren guztizko zenbatekoa: parte hartzeagatik eta joan-etorriengatik dagozkion laguntzen kopuruak batuz.

a) Parte-hartzeari dagokionez, 10,50 euro ordainduko dira benetan bertaratutako egun bakoitzeko, lanaldi etenean egiten diren jardueren eskola-aldian (aldi presentziala). Jardunaldi etengabea duten ekintzetan parte hartzeak inola ere ez du ekarriko kontzeptu honen araberako laguntzarik ematea.

b) Joan-etorriei dagokienez, jardueraren lehen egunean destinoko zentrotzat izandako herriaren eta jarduera-tokiaren arteko joan-etorriak finantzatuko dira, honela finantzatu ere: jardueraren eskola-aldiak (aldi presentziala) dirauen bitartean, benetan bertaratutako egun bakoitzean egindako kilometro bakoitzeko 0,15 euro.

4.- Agindu honen ondorioetarako, irakasleak jardueraren lehen egunean destinoko zentrotzat izandako herriaren eta jarduera-tokiaren arteko distantziatzat hartuko da Hezkuntza Sailaren dagozkion tauletan agertzen dena.

5.- Prestakuntza-jardueran gaitzat jotako ikasketaren zerrenda, ikasketaren bertaratze-egunen kopurua eta laguntzak izapidetzeko beharrezko diren datuak jaso ondoren, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak dagozkion laguntzak ematea ebatziko du, eta onuradunei zuzenean ordainduko zaizkie.

6.- Gehienez ere, 184.735,00 euro erabiliko dira laguntza horiek ordaintzeko: horietatik 56.560,00 euro 2009ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, eta 128.175,00 euro, berriz, 2010eko aurrekontu-ekitaldiaren kargura. Deialdi honen kontura eman beharreko laguntzen kopuru osoak ez du gaindituko artikulu honetan adierazitako zenbatekoa edo zenbateko hori eguneratzearen ondoriozkoa, eguneratze hori, betiere, indarreko legeriak kreditu-loturarako edo aurrekontu-aldaketetarako aurreikusi duen erregimenaren arabera egiten bada. Horregatik, kopuru hori amaitzen denean, ez da beste laguntzarik emango, eta une horretatik aurrera eten egingo da xedapen honen eragina. Edonola ere, halakorik gertatzen bada -aurreko bi gorabeherez ari gara-, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren ebazpen batek emango du horren berri, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

7.- Laguntzok jasotzea ezin da bateratu helburu bererako antzeko beste edozein diru-laguntza jasotzearekin.

8.- Laguntza hauen onuradunek deialdi honen kargura jaso dituzten diru-laguntzei buruzko informazioa eman beharko diete Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, euren zereginak betetzearren eskatzen badiete.

9.- Onuradunek ez badituzte deialdi honetako baldintzak betetzen -eta berdin dio osorik edo zatiren batean-, ezingo dute laguntza ordain dakien eskatu, eta, kopururen bat dagoeneko jasota baldin badute, itzuli egin beharko dute, legezko interes eta guzti, kopurua ordaindu zitzaienetik aurrera zenbatzen hasita.

10.- Zinpeko aitorpen bat ere aurkeztu beharko da, ondokoa adieraziz: eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak hartzeko aukera galarazten dion zehapen penal edo administratiborik, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere.

8. artikulua.- Diru-laguntzak emateko ebazpena jakinaraztea.

1.- Ikastaroetan parte hartzearren diru-laguntzak emateko deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan argitaratuko da sei hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.

2.- Epe hori igaro eta diru-laguntzarik eman zaiola adierazten duen jakinarazpenik jasotzen ez badu interesatuak, eskabidea onetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.- Datu pertsonalak.

Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, datu pertsonalak babesteari buruzkoak, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legeak, titularitate publikoko datu pertsonalen fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia Sortzeari buruzkoak, xedatutakoa betez, interesatuak, eskaera betetzen duenean, idatzitako datuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren fitxategi informatizatuetara sartzeko baimena ematen du. Datu horietara sartzeko, zuzentzeko, ixteko eta horien kontra jotzeko eskubideak, aipatutako legeek jasotzen dituztenak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztapeneko Zuzendaritzan, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, gauzatu ahal dira.

Interesatuak eskaera aurkezte hutsak datuak administrazio publikoek elkarri pasatzeko baimena ematea dakar, deialdian xedatutako egiaztatzeak egiaztatu eta gauzatzeko asmoz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzeko, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2007ko apirilean eman zuen Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, 2010ean egingo diren ikastaroak ebazteko, kreditu egoki eta nahikoa egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010eko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honetan prozedurari buruz aurreikusi ez den guztiari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea ezarriko da ordezko moduan.

Bigarrena.- Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak baimena du agindu hau garatu eta ezartzeko beharrezko jarraibideak emateko.

Hirugarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean agindu hau.

Laugarrena.- Agindu honen aurka, administrazio-bidea amaitzen baitu, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesatuek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 25a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.


Azterketa dokumentala