Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2009ko apirilaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1946

AGINDUA, 2009ko martxoaren 3koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Fundación Zarate Elexpe Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzekoa.

Iurretako (Bizkaia) Fundación Zarate Elexpe delakoa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

1.- Zarate eta Elexpe Eragileak SLtik Fundación Zarate Elexpe fundazioa eratu da, 2008ko apirilaren 11n, Francisco Javier Diez Ortiz, Durangoko notarioaren aurrean (408 protokolo-zk.) emandako eskritura publikoaren bidez; eskritura hori Miren Karmele Elexpe Zaratek, José María Elexpe Zaratek eta María Jesús Elexpe Zaratek eman zuten euren izenean eta ordez, eta lehenegoak gainera Zarate eta Elexpe Eragileak SLren izenean eta ordez.

Eskritura publiko hori zuzendu egin zen notario beraren aurrean 2008ko abenduaren 30ean egindako eskritura publikoaz (1.268 protokolo-zenbakia).

2.- Fundación Zarate Elexpe fundazioaren helburua estatutuen 3. artikuluan dago jasota:

1) Euskal Autonomia Erkidegoan kirola sustatzea, Durangaldean bereziki, horretarako irabazi asmorik gabeko Kirol Erakundeentzat aldizkako laguntzak, dohaintzak eta diru-laguntzak ezarriz.

2) Jarduera kulturalak, artistikoak, dibulgaziozkoak edo aisialdikoa sustatzea, irabazi asmorik gabeko elkarteek burutuak batez ere.

3) Fundazioaren helburuak gauzatzeko lagungarri izan daitekeen beste edozein.

3.- Fundazioaren egoitza, Fundazioaren Estatutuetako 5. artikuluan adierazten denez, hau da: Bixente Kapanaga 19, Iurreta (Bizkaia).

4.- Hasierako dotazioa hogeita hamar mila eta bostehun (30.500) eurokoa da, eta kopuru hori ordaindu dela jasota geratu da erregistro-inskripzioan, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 37.1.c artikuluak.

Ondarea egokitzat eta askitzat jotzen da fundazioaren helburuak lortzeko, Fundazioei buruzko abenduaren 26ko 50/2002 Legearen 12.1 artikuluaren arabera, lege hori aplikatzekoa baita azken xedapenetatik lehenengoaren indarrez.

5.- Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, Fundazioaren Estatutuetako 12. artikuluan jartzen duen moduan.

6.- Fundazioa eratzeko eskrituran ezarritakoaren arabera, hauek izango dira patronatuko kide:

Indarraldia

Lehendakaria: Miren Karmele Elexpe Zarate Mugagabea

Idazkaria: José María Elexpe Zarate Mugagabea

Bokala: María Jesús Elexpe Zarate Mugagabea

Guztiek onartu dituzte dagozkien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari dagokio fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 4. artikuluan.

Bigarrena.- Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako eskakizunak.

Lege eta arau hauek ikusi dira: indarrean dagoen Konstituzioa; Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretua, eta orokorrean aplikatzekoak diren gainerako arauak. Ondorioz,

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak,

EBATZI DU:

Lehenengoa.- Gaur, F-240 zenbakiaz, Iurretako (Bizkaia) Fundación Zarate Elexpe fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatuko kideak seigarren aurrekarian aipatzen dira eta guztiek berariaz onartu dituzte beren karguak.

Bigarrena.- Fundazio hori, dituen helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 3. sekzioan inskribatzea, kultura, gazteria eta kirolen fundazioen sekzioan hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 3a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala