Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2009ko apirilaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1939

70/2009 DEKRETUA, martxoaren 24koa, etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen dekretua bigarrenez aldatzen duena.

28/2002 Dekretuak etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gasa hartzeko instalazioak erabili edo zerbitzuan hasi ostean egin beharreko aldizkako kontrolak arautzen ditu. Dekretu hori era guztietako gas instalazioei aplikatuko zaie. Beraz, gas naturaleko nahiz petrolio-gas likidotuko instalazioei aplikatuko zaie, eta berdin dio gasa hornitzeko edo banatzeko era zein den.

Hala ere, dekretu horrek ezartzen duen kontrol-sistema bikoitza da, instalazioa gas kanalizatukoa edo gas enbasatukoa den aintzat hartuta. Horrela, lehenengoen kasuan, gasa banatzen duten enpresek egin behar dute aldizkako ikuskapena; bigarrenen kasuan, aldiz, gasaren enpresa instalatzaile baimenduek egin beharko dituzte gas enbasatuko instalazioen aldizkako berrikusketak.

Bestalde, irailaren 11ko 136/2007 Dekretuak etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen 28/2002 Dekretua aldatzen du. Aldaketa hori erabiltzaile bati baino gehiagori zerbitzua ematen dien petrolio-gas likidotuko edukiontzietatik hornitutako instalazio hartzaileei dagokie. Izan ere, instalazio horiek ikuskatzeko ardura kasuan kasuko enpresa banatzaileari esleitzen dio 136/2007 Dekretuak.

Hortaz, lehenengo aldaketa hori gauzatu da erabiltzaile bati baino gehiagori zerbitzua ematen dien petrolio-gas likidotuko edukiontzietatik hornitutako instalazio hartzaileei dagokienez. Urrats hori eman ondoren, beste hau planteatu da: enpresa banatzaileek egin beharreko aldizkako ikuskapena gasa hartzeko instalazio guztietara zabaltzea. Ondoko arrazoiengatik proposatu da hori:

Alde batetik, egiaztatu egin da egungo aldizkako kontrol-sistema erabilita gas enbasatua hartzeko instalazioak (botilak edo biltegiak), orohar, askoz ere egoera okerragoan daudela gas kanalizatua hartzeko instalazioak baino, ondoko arrazoiengatik:

- Biltegietatik edo botiletatik hornitutako instalazio hartzaileen % 50ean baino ez da egiten derrigorrezko aldizkako berrikusketa, urtean lau aldiz egin beharrekoa.

- Ezbehar-kopurua askoz ere handiagoa da gas enbasatua hartzen duten instalazioetan. Izan ere, istripuen % 66 horrelako instalazioetan gertatzen dira, eta, kontuan hartu behar da, gainera, gas-enpresen bezeroen artean, horniketa-mota horretako instalazioak % 25 baino ez direla.

- Gas enbasatuko instalazioetako berrikusketetan antzemandako akats larrien kopurua % 9koa da; gas kanalizatuko instalazioetan, ordea, % 1ekoa baino ez da.

Bestalde, gas enbasatuko instalazioetan berrikusketak egin behar dituzten enpresei dagokienez, azken urteetan iruzurrezko enpresen kopurua biderkatu egin da era arriskutsuan. Horrelako enpresek nahitaezko berrikusketekin zerikusirik ez duten zerbitzuak eskaintzen dituzte. Egoera horrek defentsa-gabezia sortzen die gas enbasatuko instalazioen erabiltzaile eta jabeei, ez baitaukate behar besteko informaziorik, eta segurtasun juridikorik eza ere eragiten die, jabeek uste baitute gas-instalazioen gaineko betebeharrak konplitu dituztela, oker daudela jakin gabe.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak dekretu hau prestatzean aintzat hartu ditu Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko 19. artikulutik 22. artikulura bitartean ezarritakoa, bai eta nahitaezko gainerako txostenetan ezarritakoa ere.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko martxoaren 24an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.- Etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuaren idazpurua aldatu egiten da eta honela geratuko da:

«28/2002 Dekretua, urtarrilaren 29koa, gas-zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu arautzen duena.»

Bigarren artikulua.- Etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuaren 1. artikuluko 1. paragrafotik honako hau kentzen da: «etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko.»

Hirugarren artikulua.- Etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuaren 2. artikuluari beste idazkera bat ematen zaio, eta honela geratuko da:

«2. artikulua.- Instalazioen kontrola: Ikuskapenak.

Dekretu honen aplikazio-eremuan sartzen diren instalazio guztietan aldizkako ikuskapenak egingo ditu kasuan kasuko enpresa banatzaileak.»

Laugarren artikulua.- Etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuaren 3. artikuluko 1. eta 2. paragrafoei beste idazkera bat ematen zaie, eta honela geratuko dira:

«1.- Hornidura-kontratuen titularrek edo, halakorik egon ezik, instalazioen titularrek izango dute instalazio horietan erabilera zuzena egiteko erantzukizuna, bai eta instalazioak erabiltzeko moduan mantentzeko erantzukizuna ere.

2.- Ondorio horietarako, gasa banatzen duten enpresekin elkarlanean arituko dira ikuskapenak egin ahal izateko. Horrez gain, enpresari instalazioetan sartzen utziko diote eta instalazioetan antzematen diren akatsak konpontzeko egin beharreko guztiak egingo dituzte.»

Bosgarren artikulua.- Etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuaren 4. artikuluko 1. paragrafoa aldatu egiten da eta honela geratuko da:

«1.- Oro har, erregelamendua betetzen den ala ez egiaztatu beharko da, beti ere aplikagarria den araudian aurreikusita dauden irizpideak kontuan hartuta; eta horretarako, instalazioak nola funtzionatzen duen eta zein egoeratan dagoen ikusteko egin beharreko proba eta egiaztapen guztiak egingo dira.»

Seigarren artikulua.- Etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuaren 9. artikuluari beste idazkera bat ematen zaio, eta honela geratuko da:

«9. artikulua.- Instalazioak ikuskatzen dituen pertsonala.

Gasa banatu eta ikuskapena egingo duen enpresako pertsonalak gas instalatzailearen lanbide karneta beharko du instalazioak ikuskatu ahal izateko. Bestalde, lanbide karnetaren kategoria instalazio-motaren araberakoa izan beharko da.»

Zazpigarren artikulua.- Etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuaren 12. artikuluko idazpurua eta 1. paragrafoa aldatu egiten dira eta honela geratuko dira:

«12. artikulua.- Hornidura etetea edo ontziak kentzea.

1.- Mota honetako instalazioei aplikatu beharreko araudian jasota dago gasa banatzen duten enpresek noiz eten dezaketen gas-hornidura edo noiz kendu ditzaketen ontziak. Hala ere, kasu horietaz gain, honako hauek gertatuz gero ere, hornidura eten edo ontziak kendu egin ahal izango dituzte:...»

Zortzigarren artikulua.- Etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuaren 13. artikulua aldatu egiten da eta honela geratuko da:

«13. artikulua.- Erreklamazioak.

Erabiltzaileak ez badaude ados gasa banatzen duten enpresek burututako jarduerekin, erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte industria-gaietan eskumena duen lurralde organoan.»

Bederatzigarren artikulua.- Etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuaren II. Kapituluko idazpurua aldatu egiten da eta honela geratuko da:

«II. KAPITULUA

GAS-INSTALAZIOAK IKUSKATZEA».

Hamargarren artikulua.- Etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuaren 14. artikulua aldatu egiten da eta honela geratuko da:

«14. artikulua.- Gas kanalizatutako instalazioak ikuskatzea.

Gasa banatzen duen enpresak ikuskatuko ditu instalazio hartzaileak, dekretu honetan xedatutakoaren arabera.»

Hamaikagarren artikulua.- Etxe eta merkatari­tza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuaren 18. artikuluko 3. paragrafoa aldatu egiten da eta honela geratuko da:

«3.- Hiru hilabeteko epea igarotzen bada, eta ikuskapenik ez bada egin, gasa banatzen duen enpresak hornidura eten edo ontziak kendu egin beharko ditu, dekretu honetako 12. artikuluan adierazitako moduan.»

Hamabigarren artikulua.- Etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuaren III. Kapitulua kendu egiten da.

Hamahirugarren artikulua.- Etxe eta merkataritza erabilerako eta erabilera kolektiboko gas zerbitzuen instalazioak nola ikuskatu eta berrikusi arautzen duen urtarrilaren 29ko 28/2002 Dekretuan «ikuskatzea edo berrikustea» aipatzen den bakoitzean, «ikuskatzea» bakarrik ulertuko da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko martxoaren 24an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana