Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2009ko martxoaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1662

AGINDUA, 2009ko martxoaren 18koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, 2009ko udan eta 2009-2010 ikasturtean Irale programaren barnean Sailaz kanpoko eragileez bideratuko diren ekintzetan parte hartzeko deialdia argitaratzen duena.

Irakasleak euskalduntzeko edo hizkuntz gaitasunez gaitzeko Irale programaren ekintzak burutzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak dituen berezko irakastegietatik gainera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaz kanpoko ikasketa-elkarteen parte hartzea ere ezinbestekoa da.

Deialdi-agindu honek, beraz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaz kanpoko ikasketa-elkarte horiei 2009ko udan eta 2009-2010 ikasturtean Irale programaren ekintzetan parte hartzeko aukera ematea du helburu. Ekintza horiek irakastorduz kanpoko edo irakastordu barneko goi-mailako ikastaroetan gauzatuko dira.

Hori guztia kontuan hartuz, irakasleak alfabetatu edota euskalduntzeko programa arautzen duen 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduak dioenaren arabera (EHAA, 1994-02-11), eta bertako 21. artikuluak ezarritakoa bete asmoz, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- 1.- 2009ko udan eta 2009-2010 ikasturtean Irale programaren barruan gauzatuko diren ekintzen garapenean parte hartu nahi duten Sail honetaz kanpoko euskaltegi edo ikasketa-elkarteei dei egitea.

2.- Ekintza horiek irakasleen hizkuntz gaitasuna indartu, sendotu eta aberastea dute helburu eta, alde batetik, irakastorduz kanpoko ikastaroetan gauzatuko dira; bestetik, berriz, irakastordu barneko goi-mailakoetan. Ikastaro-emankizun horietan parte hartu nahi duten euskaltegiek eta ikasketa-elkarteek zer egin behar duten, eta nola, azaltzen du deialdi honek.

3.- Euskaltegi eta ikasketa-elkarteek jasoko duten diru-laguntza zehazten du, bide batez, deialdi honek. Zulei (Zuzendaritzei laguntza emateko irakasleentzako) programaren barruan eskaintzen diren euskalduntze-saioen ordainketa ere deialdi honek arautuko du. Horretarako 1.128.000 euroko diru-partida erabiliko da. Diru-kopuru horren banaketa bi alditan ebatziko da. Lehenengo ebazpenak 811.000 euro izango du banatzeko, 2009ko udako eta 2009-2010 ikasturteko edo ikasturte horren lehen hiruhilekoko ikastaro-emankizunak izango ditu kontuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko aurrekontuetatik ordainduko da. Bigarren ebazpenak, aldiz, 2010eko urtarriletik ekainerakoak izango ditu kontuan, eta 2010eko aurrekontuetatik ordainduko da.

2. artikulua.- Agindu honen 1. eranskinean azaltzen da, 2009ko udan eta 2009-2010 ikasturtean Iralek zer ikastaro mota eskainiko dituen eta parte hartzeko baldintza nagusiak zein izango diren.

Sailak informazio zehatz osagarria jarriko du Irale programan parte hartzen duten eragile guztiei eskaintzen zaien informazio-liburuxkan, web-orriko informazioarekin batera.

3. artikulua.- 1.- Irakasleak eta, oro har, pertsona helduak euskalduntzen edo euskaraz trebatzen diharduten eta horretarako nortasun juridikoa duten elkarteek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan. Zehazki,

a) HABEren erroldan izena emanda dauden euskaltegi edo hizkuntza-prestakuntzarako ikasketa-elkarte guztiek, Iraleren beraren irakastegiek salbu.

b) Deialdi honen eskakizunak betez, 2009ko udarako eta 2009-2010 ikasturterako Irale programak zehaztutako ikasbideren bat edo gehiago aurrera eramatea helburu duten beste entitate batzuek (unibertsitate-zentroek edo irakasleen hizkuntza-prestakuntzaren arloan ekinbide frogatua duten ikastegiek).

2.- Deialdi honetan parte hartzen duten entitate guztiak ondoko honetara behartuta daude, dagokien diru-laguntza jaso ahal izateko:

a) Titulu honetan araututako diru-laguntzen eta bestelako laguntzen deialdietara ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penala jasotako pertsona fisikoak edo juridikoak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoak ere.

b) Kasuan kasuko Foru Aldundiak edo Hazienda Publikoak sinaturik, beren zergen ordainketan egunean daudeneko ziurtagiria aurkeztu behar dute ikasketa-elkarteek.

4. artikulua.- Interesatuek lekuan lekuko Hezkuntza Ordezkaritzan aurkeztu beharko dute Agindu honen 2. eranskineko ereduaren araberako partaidetza-eskabidea (edota, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, adierazten duen edozein administrazio-gunetan). Horrezaz gainera, Agindu honetako 3. eranskinaren araberako azalpen-fitxa teknikoa bete beharko dute.

Interesaturik dauden elkarteek Irale programaren 2009ko udako eta 2009-2010 ikasturteko irakastorduz kanpoko zein irakastordu barneko goi-mailako ikastaro-moten eskaintza-markoa, dagokion aurkezpen-txostenean finkaturik dagoen eran, bere horretan errespetatzeko asmoa adierazi beharko dute. Zinpeko asmo-azalpena izenpetu beharko dute horretarako.

Irale programaren irakastorduz kanpoko edo irakastordu barneko goi-mailako ikastaroetan parte hartzeko, ezinbesteko baldintza da aurreko pasarteetan zehaztu den dokumentazioa aurkeztea.

Ohiko epeaz gainera eskabide-orriak aurkezteko bigarren epea zabalduko zaie irakastorduz kanpoko goi-mailako ikasketari-nahiei irailaren 15etik 30era.

5. artikulua.- 1.- Partaidetza-eskabideak aurkezteko epea Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hilabetekoa izango da.

2.- Administrazioan jasotako eskabideetan hutsune edo osatu beharren bat sumatuko balitz, horren berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango, bere eskabidea osa dezan. Epe horretan eskabidea osatzen ez bada, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen Legearen 71.1 artikuluak dioenari jarraiki.

6. artikulua.- 1.- Irale programaren bitartez antolaturiko ikastaro presentzialez gain, autoikaskuntza-sistemaren bidezko ikastaroak ere sartzen dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta HABEren arteko lankidetzaren baitan (2005eko abenduaren 29an izenpetu eta 2006ko urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen lankidetza-hitzarmenaren bidez gauzatu da hori), baldin eta, ikastaro horiek irakaskuntzan euskalduntze eta alfabetatzeko ekintzak burutzearekin zerikusirik izanda, bi hitzarmenkideentzat interesgarri badira. Eskaeren aurkezpena 4. artikuluan dionaren arabera egingo da.

2.- Autoikaskuntzako ikastaroek 500 matrikulako kupoa izango dute gehienez, 2009. urtean, EAEn, administrazio-kudeaketari dagokionez. Honela banatuko da gehienezko kupo hori, gutxi gorabehera:

Araba: 138 matrikula

Bizkaia: 291 matrikula

Gipuzkoa: 71 matrikula

Badago hiru lurraldeetako matrikulen azpikupoak aldatzeko aukera, dauden beharren arabera eta Jarraipen-batzordeak berariaz egindako proposamenarekin; EAErako ezarri den gehienezko kupoa, 500 matrikula alegia, ezingo da aldatu, ordea.

3.- Bigarren puntuan adierazitako goi-kupoa hiru epetan kudeatuko da, eta orduen araberako iraupena ondokoa izango da, gutxi gorabehera:

Uztail-abuztuak: 60 ordu

Irailetik abendura: 100 ordu

Urtarriletik ekainera: 100 ordu

4.- 2009. urteko eskariak 500 baino gehiago izanez gero, eskatzaile bakoitzaren kasuistika hartuko da kontuan, lehentasunak ezarri eta kupoari eutsi ahal izateko.

5.- Autoikaskuntzan parte hartzen duten ikasketariak ezingo dira ondoz ondoko bi epeetan matrikulatu maila bera egiteko.

7. artikulua.- 1.- On-line emandako prestakuntza aurreraturako ere bada gehienezko kuporik, administrazio-kudeaketari dagokionez; hain zuzen ere, 250 matrikula, 2008. urtean.

2.- Honela banatuko da goi-kupo hori, gutxi gorabehera:

Araba: 40 matrikula

Bizkaia: 80 matrikula

Gipuzkoa: 130 matrikula

Badago hiru lurraldeetako matrikulen azpikupoak aldatzeko aukera, dauden beharren arabera eta Jarraipen-batzordeak berariaz egindako proposamenarekin; EAErako ezarri den gehienezko kupoa, 250 matrikula alegia, ezingo da aldatu, ordea.

3.- Bigarren puntuan adierazitako kupoa hiru epetan kudeatuko da:

Uztail-abuztuak

Irailetik abendura

Urtarriletik ekainera

4.- 2009. urteko eskariak 250 baino gehiago izanez gero, eskatzaile bakoitzaren kasuistika hartuko da kontuan, lehentasunak ezarri eta kupoari eutsi ahal izateko.

5.- Autoikaskuntzaz edo on-line bidez egin nahi diren ikastaroen kasuan, beste ikastaroetan bezalaxe egingo dira eskabideak, epeari eta lekuari dagokionez.

8. artikulua.- 1.- Jarraipen-batzorde bat sortuko da berariaz, ikastaroak eman ahal dituzten ikasketa-elkarteen eta euskaltegien onespena aztertzeko. Onetsitako ikasketa-elkarteen eta euskaltegien izenak proposatuko dizkio Jarraipen-batzorde horrek Hezkuntza Sailburuordetzari, Irale irakastegietako tokian tokiko jarraipen-arduradunek egindako goi-mailako ikastaroen (H, F, I, Q, S eta R) inguruko ebaluazio-txostena oinarri hartuta.

Aipaturiko Jarraipen-batzordearen partaideak hauek izango dira:

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, edo bere ordezkoa, buru;

Euskara Zerbitzuaren burua eta bertako Irale programaren arduraduna, azkeneko hau idazkari;

Iraleren hizkuntza-prestakuntzarako irakastegietako jarraipen-arduradunak.

2.- R 300, R 500 eta R 600 ikastaroen onespena aztertzerako orduan, kontuan izango dira:

Ikasketa-elkarteek R 300, R 500 eta R 600erako aurkeztutako azalpenak eta programazioak.

Ikasketa-elkartearen kokapen fisikoa.

Ikasketa-elkarteak, bai beren lokaletan, bai eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Eibarren dituen lokaletan, egunean 5 orduko ikastaroa emateko duen ahalmena eta prestutasuna lehen eta bigarren txandan.

Ikasketa-elkartearen baliabide teknologikoen eta informatikoen azpiegitura eta erabilgarritasuna.

Informazio hori guztia Gipuzkoako Iralek aztertuko du R300+R600 ikastaroen kasuan, eta Bizkaikoak R500ekoan. Azterketa horretan oinarriturik irizpen-txostena prestatuko du ikasketa-elkarte bakoitzaren eskaintza baloratuz. Hori guztia kontuan izanik eta ikastaro-eskabide gehienak nondik datozen kontuan hartuz, goiko puntuan adierazitako Jarraipen batzordeak proposatuko dio Hezkuntza sailburuordeari 2009-10eko R300, R500 eta R600 ikastaroak nork-noiz-non emango dituen, eta honek erabakiko du.

9. artikulua.- 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduaren 23. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera, aipatu ikastaroak eman ahal izateko onetsitako ikasketa-elkarteen eta euskaltegien izenak argitara emango ditu Hezkuntza sailburuordeak, batzordearen proposamenaren arabera, partaidetza-eskabidea egiteko epea bukatu eta handik bi hilabetera. Esandako epean hartu beharreko ebazpena hartuko ez balitz, halere, isiltasuna ezezkorra izango litzateke.

1994ko urtarrilaren 28ko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren Aginduaren 23. artikuluko 2. paragrafoak dioenez, Hezkuntza Sailburuordetzak Irale programan parte hartzeko baimena ukatu ahal izango dio zenbait ikasketa-elkarteri, Jarraipen-batzordeak aurreko deialdietan lortutako emaitza edota eskabideekin eskainitako informazio teknikoa ebaluatu ondoren.

Laguntza-eskatzaileetariko bat edo gehiago hartutako ebazpenarekin ados ez balego eta gora jo nahi balu, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa egiteko aukera izango du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean.

10. artikulua.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaz kanpoko ikasketa-elkarteek edo euskaltegiek Iralek eskatzen dituen datuak behar bezala landurik luzatuko dizkiote: ikasketarien asistentzia, ikasketarien datu akademikoak e.a.

11. artikulua.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, bestalde, Iraleko euskara-ekipoari eskainitako prestakuntza-ikastaroetan parte hartzeko aukera eskaini ahal izango die Iraleko taldeekin irakaslanean diharduten kanpo-euskaltegietako irakasleei. Halaber, Iraleren irakastegietan dauden baliabideak erabili ahal izango dituzte kanpo-euskaltegietako irakasle horiek: ikasmaterialak, liburutegia, e.a.

12. artikulua.- Onetsitako elkarte edo euskaltegietan matrikulatzen diren ikasketarien kostuen diru-laguntza ondoko irizpideon arabera egingo da:

1.- Elkarteen edo euskaltegien aurrekontua onartzeko irizpideak:

a) HABEren laguntza-sareak kontuan hartzen dituen ikastaro-motei dagokienez, gutxieneko matrikula-saria HABEk berak, ikastaro horien jarduna eta ordainbidea zehazten duen arauzko erabakiz, aldiro-aldiro finkatzen duena da.

b) Gehieneko matrikula-sariari dagokionez, aldiz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak finkatuko du berariazko ordainbidea oinarrizko ikastaroetarako (hots, HE2, EGA edo baliokiderik ez duten ikasketarientzako ikastaroetarako). 2009ko udan eta 2009-2010 ikasturtean, ikasleko eta orduko ordainsaria 2,70 eurokoa izango da gehienez, edo 46 eurokoa ikastaldeko eta orduko, 20 eta 30 ikasketariko talde handien kasuan. 30 ikasketari baino gehiagoko taldeak direnean, diru-laguntzen kopuruak berariaz aztertu eta zehaztuko dira.

c) Irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaro-moten kasuan (hau da, HE2, EGA edo baliokiderik duten ikasketarientzako ikastaroen kasuan), finantziazioa hurrengoa izango da:

1) Luze-zabaleko prestakuntza teorikoa eskaintzera doazen ikastaroetarako: 52 euro orduko eta taldeko euskaltegi edo ikasketa-elkarte pribatuen kasuan, baita udal euskaltegien kasuan ere. Gutxienez 9 eta gehienez 30 ikasketariko taldeak izango dira.

2) Prestakuntza teoriko-praktikoa eskaintzera doazen ikastaroetarako: 66 euro orduko eta taldeko euskaltegi edo ikasketa-elkarte pribatuen kasuan, baita udal euskaltegien kasuan ere. Gutxienez 8 eta gehienez 20 ikasketariko taldeak izango dira.

3) Hizkuntzaren goi-mailako trebetasun praktikoa lortzera eta aho-idatzizko beregaintasun-maila eskuratzera doazen ikastaroetarako (prestakuntzak, emankizunak, ariketen zuzenketak eta Irale programak zehazturiko ebaluazio osagarriek sortutako gehigarrizko lanak barne): 78 euro orduko eta taldeko euskaltegi edo ikasketa-elkarte pribatuen kasuan, baita udal-euskaltegien kasuan ere. Gutxienez 6 eta gehienez 15 ikasketariko taldeak izango dira.

d) Autoikaskuntza-sistemaren bidezko ikastaroak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta HABEren arteko lankidetza-hitzarmenaren bitartez ordainduko dira. Lankidetza-hitzarmen hori 2005eko abenduaren 29an sinatu zen.

e) On-line emandako prestakuntza aurreratuetan, kontuan izango da ikastaroen izaera.

1) Prestakuntza teorikoa eskaintzera doazen ikastaroak: 6,8 euro ordainduko da ikasle eta orduko euskaltegi edo ikasketa-elkarte pribatuen kasuan, baita udal-euskaltegien kasuan ere.

2) Prestakuntza teoriko-praktikoa eskaintzera doazen ikastaroak: 8,9 euro ikasle eta orduko euskaltegi edo ikasketa-elkarte pribatuen kasuan, baita udal-euskaltegien kasuan ere.

f) Irakastordu barneko goi-mailako ikastaroen kasuan, orduko eta taldeko 49 euro ordainduko da eskola-emankizunak ikasketa-elkarteko lokaletan ematen badira; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko lokaletan ematen badira, berriz, 45 euro. Eredu-taldeak 10 ikasle izango ditu gutxienez, eta 14 gehienez.

g) Ikasketari-kopuruagatik, ordutegiagatik, ikasketarien euskara mailagatik edo bestelako ezaugarri teknikoengatik goian aipaturiko eskakizunetara egokitzen ez diren ikastaroen kasuan, bai eta huts-hutsik Iraleko ikasketarientzat eratutakoetan, berariazko edo osagarrizko ordainbidea finkatu ahal izango du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak. Kasu horietan, ebazpena egiterakoan, batzordearen aktan espresuki jaso beharko da berezitasun horri eman zaion irteera, horren oinarria eta kasu horretan egin den balorazio ekonomikoa.

h) Hezkuntza-administrazioko hizkuntza-beharretarako trebatze-saioak, Hezkuntzaren laguntza-zerbitzuetako lankideak eta ikastetxeetako pertsonal ez-irakaslea barne hartuz, artikulu honetako b) pasartean kokatuko dira, ordainketa-irizpideei dagokienez.

2.- Ikasketariengatik euskaltegiek jaso beharreko diru-laguntzari dagokionez:

Aurreko artikuluaren a), b), d), e) eta g) idatz-zatietan zehazturiko ikastaro-motei dagokienez, ikasketariarengatik jaso beharreko diru-laguntzaren portzentajea aurreko ekinaldi(et)an egindako aprobetxamenduaren araberakoa izango da; lehen aldiz parte hartzen dutenek edota gutxienezko baldintzak betetzen dituztenek, % 100eko diru-laguntza izango dute ikasketa-gastuetan eta, hala dagokionean, egoitza-gastuen zati bat ere estaliko da. Halakoetan, diru-laguntzak gastu osoaren (ikasketaren eta egoitza-gastuen) bi heren estaliko ditu.

Ikastaroaren aprobetxamendua nahikoa ez bada, aldiz, gastuen erdia bakarrik ordainduko luke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hurrengo ikastaroan.

Ikasketariak berriro ere ikastaroa gutxiegi aprobetxatuko balu, azkenik, hurrengoan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez lioke ezer ordainduko.

13. artikulua.- Euskaltegi bakoitzari txanda bitan ordainduko zaio, Agindu honen hurrengo artikuluan eskabideen prozeduraz esaten denaren ildotik.

14. artikulua.- Txanda bakoitzean euskaltegi bakoitzari zenbat ordaindu behar zaion finkatzeko, Agindu honen 12. artikuluan esandakoaz gainera honako prozedura hau erabiliko da:

1.- Laguntza jaso ahal izateko, Agindu honetako 9. artikuluak adierazten duen Ebazpeneko elkarteek ikasketarien matrikula-fitxak, garaiz eta zuzen beteak, aurkeztu beharko dituzte kasuan kasuko Hezkuntza Ordezkaritzan. Dokumentazio hori aurkezteak zera esan nahi du: euskaltegiak Agindu honek arauturiko diru-laguntza eskatzen duela. Dokumentazio hori epe jakinean aurkeztu behar da: kasuan kasuko ikastaroari matrikulak onartzeko dagokion epea amaitu eta hurrengo hamabost egun naturaletan.

2.- Euskaltegiek bidalitako eskaintzak (ikastaro-emankizunen azalpen-orriak) eta matrikula-fitxak oinarri harturik, kasuan kasuko simulazioaren azalpen-orriak prestatuko dira. Simulazio-orrietan, Irale programak jasotako datuen arabera euskaltegi horri zenbat diru ordaintzea dagokion adieraziko da.

3.- Simulazioko azalpen-orriak euskaltegietara bidaltzeaz bat, hamabost eguneko epea emango zaie euskaltegiei simulazio azalpen-orri hori aztertu eta, inolako okerrik dagoela uste izango balute, Euskara Zerbitzuko Irale programaren arduradun teknikoari horren berri emateko.

4.- Balioztatze-lan hori amaitutakoan, aldi horri dagokion Ebazpena jakinaraziko du Hezkuntza sailburuordeak.

5.- Ahal denean, ordainaldi berean sartzen dira euskaltegiek, simulazioko azalpen-orrien arabera, arauz egindako zuzenketa-oharrak. Bestela, hurrengo ordainaldirako uzten da zuzentze-lan hori. Era berean, doiketa-kontuengatik edo krediturik eskueran ez duen kasuan ikasketa-aldi bateko diferentzien ordainketa hurrengo ordainketa batean garbitzen da.

15. artikulua.- Hezkuntza Sailburuordetzak bi laguntza-ebazpen jakinaraziko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Zein euskaltegi edo ikasketa-elkartek laguntza jasoko duen, eta zenbat, zehaztuko da ebazpen horietan. Lehenengo ebazpena 2009ko abenduaren 31 baino lehen hartuko da, 2009ko uztail eta abendu arteko laguntzen berri emango du. Bigarren ebazpena 2010eko irailaren 30a baino lehen jakinaraziko da, eta 2010eko urtarriletik ekainera arteko diru-laguntzak zehaztuko ditu.

Esandako epe horiek ebazpenik argitara gabe pasako balira, interesatuak beren eskabideak isiltasunez onartugabetzat har ditzakete.

Ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa jar dezakete interesatuek, Hezkuntza sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean.

16. artikulua.- Diru-laguntza bere osoan emango da, bost eguneko onarpen-epea pasa ondoren.

17. artikulua.- Onuradun diren entitate guztiek ondoko honetara behartuta daude:

a) Diru-laguntza onartzera. Jasoko den diru-laguntzaren berri eman eta 5 eguneko epean onuradun izan den entitateak horri idatziz uko egiten ez badio, laguntza hori onartutzat hartuko da.

b) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzera.

c) Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan Ekonomia Jarraipenerako Bulegoak edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiak bere egitekoak beteaz eska dezan edozein informazio eskaintzera.

d) Diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da izapidetzen ari datekeen itzultze edo zigortze-jardunbidea bukatuta egotea, baldin eta laguntza eta diru-laguntzok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan badaude.

18. artikulua.- Onespena duen elkarteak deialdi honen baldintzak beteko ez balitu, Sailak, aurretiaz doakionari entzun ondoren, onespena kendu egingo dio eta honek itzuli egin beharko ditu jasotako ordain-sariak eta horiei legozkiekeen arauzko interesak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina arautzen duen Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak zehaztutako prozeduraren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira.

19. artikulua.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimentzen dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zerikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Lehen oinarri-arauan deialdi honetarako jarritako guztirako diru-zenbatekoa aldatu egin daiteke, elkarte jasotzaileen guztirako diru-laguntzen zenbatekoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste diru-laguntza programetan erabili gabe geratzen diren diruak erabiliz, beti ere azken hauen erabakiak hartu aurretik. Aldaketa horren berri emateko, Hezkuntza Sailburuordetzaren ebazpen bat argitaratuko da EHAAn.

Bigarrena.- Ekonomia eta Ogasun Sailaren 1985eko azaroaren 12ko Aginduz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiteko aurretiazko gastu-espedienteen tramitazioa dela-eta, baldintza honen pean gelditzen da 2010eko urtarriletik ekainera bitartean hasitako ikastaro-emankizunen laguntza-ebazpena: 2010eko ekinaldian kreditu egokia, kopuruz zein izaeraz, izan behar da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari hilabeteko epean edo, bestela, bi hilabeteko epea egongo da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bietan Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.

Bigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 18a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

I. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala