Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2009ko otsailaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1048

40/2009 DEKRETUA, otsailaren 17koa, Berritzeguneen egitura, antolaketa eta funtzionamendua arautzekoa.

Lehenik eta behin, gogoratu behar da arau-esparru propio bat osatzen dutela, batetik, otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoarenak, eta, bestetik, 2/1993 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoenak; eta nabarmentzekoa da, horrez gain, arau-esparru horrek aukera ematen duela euskal eskola publikoan hezkuntzari laguntzeko zerbitzuak antolatu, eta, horien bidez, ikastetxeen hezkuntza-prozesuak hobetzeko.

Euskal Eskola Publikoaren Legearen 26. artikuluak xedatzen duenez, «Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez arautuko ditu hezkuntza-sistemari laguntzeko oinarrizko egiturak».

Egungo Berritzeguneak, prestakuntzan eta hezkuntzaren berrikuntzan laguntzeko zentroak, hezkuntzako laguntza-zerbitzuak izateko sortu ziren, otsailaren 6ko 15/2001 Dekretuaren bidez, eta Erkidego osoan zabalduta eta errotuta daude egun.

Berritzeguneak, berrikuntza-zerbitzuak diren aldetik, egokitu egin behar dute gizartean gertatzen ari diren aldaketetara, aldaketa horiek hezkuntza-alorrean duten eraginera, eta ikastetxeek nahiz irakasleek dituzten eskaera berrietara. Ildo horretatik, Berritzeguneek bilakaera handia izan dute sortu zirenetik, eta, pixkanaka-pixkanaka, behar berrietara egokitu dira. Zentro horien funtzionamenduak alderdi hauek bultzatu ditu: ikastetxeko prestakuntzari garrantzi handiagoa ematea; ikastetxeetan Berritzeguneko erreferentziazko aholkularitzaren irudia ezartzea; ikastetxeen eskaera orokorrei eta espezifikoei erantzuteko xedez, Berritzeguneko elementuen artean koordinazio handiagoa bilatzera; etab.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak zenbait azterlan eta ebaluazio egin ditu azken urteotan, Berritzeguneen ezarpena erabakitzeko, Berritzeguneen egitura hezkuntza-sistemaren beharretara egokitzeko, Berritzeguneen funtzionamendua baloratzeko, eta beste zenbait alderdi zehazteko. Azterlanen emaitzek eta Berritzeguneek beraiek beharrezkotzat jotzen dituzten egokitzapenek argi eta garbi adierazten digute Berritzeguneak berritu behar direla, eta zenbait aldaketa egin behar direla haien egituran, antolaketan eta funtzionamenduan.

Ildo horretatik, ikastetxeetan aplikatu beharreko programak behin behinekoak eta aldakorrak izaten direnez, handitu egin behar da zonako Berritzeguneetako aholkularitza-zerbitzuen profil orokorra, hau da, zerbitzu horiek gai izan behar dute denboran zehar aldatzen doazen eskaeretara egokitzeko. Horrenbestez, beharrezkoa da etengabeko prestakuntza ematea Berritzeguneetako aholkulariei, ikastetxeetan lehentasunezko ildo edo programen berrikuntza, prestakuntza eta aholkularitza sustatzeko gai izan daitezen.

Bestalde, antolaketa-arazoak sortu dira, arloko aholkularitzak eta programa-arduradunak 01 Berritzeguneen mende izan arren, sarritan deituak izaten baitira Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzatik, eta, ondorioz, buruzagitza argi zehaztu gabe geratu da, eta bestelako arazoak sortu dira. Hori kontuan hartuta, Berritzegune Nagusi bat sortzea komeni da, bere gain har ditzan curriculum-arloen eta Zuzendaritzaren lehentasunezko jarduera-eremuen buruzagitza.

Hori guztia aintzat hartuta, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenari jarraiki, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko otsailaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

I. KAPITULUA

PRESTAKUNTZA ETA HEZKUNTZAREN BERRIKUNTZAN LAGUNTZEKO ZENTROEN (BERRITZEGUNEEN) TIPOLOGIA

1. artikulua.- «Zonako Berritzeguneek» eta «Berritzegune Nagusiak» osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroen sarea.

2. artikulua.- Otsailaren 6ko 15/2001 Dekretuaren bidez sortutako Berritzeguneak dira zonako Berritzeguneak, eta horiek guztiek hezkuntzako laguntza-zerbitzuak izaten jarraituko dute, dekretu honetako eranskinean xedatutakoari jarraiki. Eranskin horretan adierazita dago non dauden eta beren eginkizunak zein herritan betetzen dituzten. Zonako Berritzeguneak lurralde-eremu handiagokoak har ditzakete, dagoen eskariaren eta baliabideen arabera, baina beti koordinazio-eskakizunak betez. Haien jarduera-eremua Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe ez-unibertsitario guztiena izango da.

3. artikulua.- «Berritzegune Nagusia» (BN) sortu eta Prestakuntza eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroen sarean sartzen da. Euskal Autonomia Erkidego osoa izango haren eskumenpeko lurralde-eremua. Egoitza nagusia Bilbon izango du (Abandoko lehengo B01 Berritzegunean), eta ondoko leku hauetan izango ditu destinoko zentroak: Bilbon (Abandoko lehengo B01 Berritzegunean), Lasarte-Orian (Lasarte-Oriako G06 Berritzeguneko beheko solairuan) eta Vitoria-Gasteizen (Gasteizko A01 eta A02 Berritzeguneak dauden eraikinean).

II. KAPITULUA

XEDEAK ETA EGINKIZUNAK

4. artikulua.- Honako hauek dira zonako Berritzeguneen eginkizunak:

1.- Aholkularitza-arloan:

a) Alderdi didaktiko orokorrei eta espezifikoagoei buruzko aholkuak ematea eskualdeko ikastetxeei eta irakasleei.

b) Irakasleek hainbat alorretan egin ditzaketen ekarpenak aztertzea eta bideratzea (curriculuma, alor didaktikoa, teknologia berriak, hizkuntza-normalizazioa...).

c) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak sustatzen dituen hezkuntza-berrikuntzen lehentasunezko ildoei buruzko aholkularitza ematea ikastetxeei eta irakasleei.

d) Baliabide pedagogikoen eta material didaktikoen dokumentazio- eta mailegu-zentro gisa jardutea. Ikastetxeek esparru horretan egindako eskariak kudeatu eta bideratuko ditu, gainera.

2.- Prestakuntza-arloan:

a) Irakasleen prestakuntzarako eskualde-planen gertatze-lanetan eta kudeaketan laguntzea.

b) Ikastetxeko prestakuntza-proiektuak planifikatzeko, aholkatzeko eta ebaluatzeko lanetan laguntzea.

c) Irakasleen prestakuntza-eskaerak bideratzea.

d) Irakasleak prestatzea.

e) Ikastetxeetako proiektuetatik sortutako eskariei erantzuteko, prestakuntza ematea eta hura kudeatzea.

3.- Berrikuntzan, esperimentazioan eta ikerketan:

a) Premia pedagogikoak aztertzen eta gabezia horiek konpontzen laguntzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari.

b) Aholkuak ematea hezkuntza-premia berezidun ikasleak dituzten ikastetxeei eta haien irakasleei, eta bere gain hartzea ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna antolatzekoak, eta hura garatzeko aginduek diziplina anitzeko profesional-taldeei esleitzen dizkien eginkizunak.

c) Sailak edo ikastetxeek beraiek sustatutako berrikuntza- eta esperimentazio-proiektuen plangintza, aholkularitza eta ebaluazioa laguntzea.

d) Eskola-materiala eta material kurrikularra aztertzea eta ebaluatzea.

e) Irakaskuntzako esperientzien trukaketak sustatzea.

f) Hezkuntza-sisteman hautemandako premien ondorioz sortutako ekintza eta programa guztiak sustatzea.

g) Beste erakunde batzuekin koordinatuta, era guztietako hezkuntza-jarduerak sustatzea.

h) Zonaldeak hezkuntza-premia berezien alorrean dituen baliabideak kudeatzea.

5. artikulua.- Honako hauek dira Berritzegune Nagusiaren eginkizunak (BN):

a) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, bertako zuzendariaren ikuskapenarekin, erabakiko dituen jarduera-eremuak eta arlo kurrikularrak garatzeko plana egitea.

b) Dagokion jarduera-eremu edo -esparruko programak eta ekintzak egiteko beharrezkoak diren jarduerak planifikatzeko, zonako Berritzeguneekin koordinatzea.

c) Zonako Berritzeguneen eskaerak jaso eta bideratzea.

d) Azterlanak egitea eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari proposamenak egitea, jarduera-eremuak hobetzeko eta irakasleak prestatzeko.

e) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren premietara, xedeetara eta arauetara egokitutako orientabideak, adibideak, materialak, prestakuntza-moduluak eta antzeko bitartekoak prestatzea. Horiek guztiek zonako Berritzeguneetako aholkulariei lagunduko diete, Berritzegune horiek ikastetxeetan eta irakasleen artean zabaltzen.

f) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren webgunea elikatzeko edukiak sortzea, egokitzea, antolatzea, etab.

g) Jarduera-eremuaren garapenarekin lotutako prestakuntzako ekintzetan parte hartzea, eta, horretarako, prestakuntza ematea edo hori egiteko beharrezkoak diren baliabideak kudeatzea.

h) Bere jarduna beste zerbitzu eta erakunde batzuekin koordinatzea; hau da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailekoekin eta Hezkuntzan Berriztatzeko Zuzendaritzaren jarduera-eremuan esku har dezaketen gainerako sail, unibertsitate eta erakundeetakoekin.

i) Eskola-materialak eta hezkuntza-proiektuak aztertzen eta berrikusten laguntzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari.

j) Berariaz sustatzea jakintza-arlo eta jarduera-eremu guztietan genero-ikuspegia, kulturartekotasuna, bizikidetza, oinarrizko gaitasunak eta curriculumak bultzatutako zehar-balioak, horiek baitira pertsonen garapen osoa eta harmoniatsua lortzeko bidea eta laguntza, pertsonen alderdi afektiboan, alderdi kognitiboan, pertsonen arteko harremanetan eta pertsonen barne-izatean.

k) Arau bidez esleitzen zaizkien gainerako eginkizunak.

III. KAPITULUA

ZONAKO BERRITZEGUNEEN EGITURA ORGANIKOA

6. artikulua.- Zonako Berritzeguneak, organikoki, dagokien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren mende izango dira, eta funtzionalki, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren mende; nolanahi ere, Hezkuntzako Ikuskaritzari dagozkion ikuskatze-eginkizunak errespetatuko dira.

7. artikulua.- Zonako Berritzeguneek aginte-organo hauek izango dituzte:

a) Kide bakarrekoak: Zuzendaria.

b) Kide anitzekoak: Klaustroa eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.

8. artikulua.- Zonako Berritzeguneko zuzendariaren eginkizunak dira:

a) Berritzegunearen jarduera Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ezarritako irizpideen arabera zuzentzea.

b) Berritzegunean edo honekin koordinatuta edo elkarlanean aritzen diren erakunde edo entitateen aurrean Hezkuntza Sailaren ordezkari izatea.

c) Langileen buru izatea eta indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzea.

d) Berritzegunearen urteko ekintza-planaren lanketa koordinatzea eta hura betetzen dela bermatzea.

e) Berritzegune Nagusiari (BN) zonako ikastetxeetan hautemandako eskaeren eta jarduera-proposamenen berri ematea, horretarako gai den berrikuntza pedagogikoko lurraldeko administrazio-unitatearen bidez.

f) Koordinazio pedagogikoaren batzordea deitzea, haren buru izatea eta organo horrek hartutako erabakiak betetzen direla zaintzea.

g) Hezkuntza-prozesuetan parte hartzen duten beste zerbitzu eta erakunde batzuekin koordinatzea Berritzegunearen jarduera.

h) Klaustroa deitzea, klaustro-buru izatea, klaustroen gai-zerrenda ezartzea, haren kudeaketaren berri ematea eta aurkezten diten proposamenak jasotzea.

i) Funtzionamendu-gastuen urteko aurrekontu-zirriborroa egitea, eta Berritzeguneko eraikina eta ekipamendua ondo zaintzen direla ziurtatzea.

j) Indarrean dagoen legedian kontratu txiki gisa tipifikatuta dauden kontratuak egitea bere eskumeneko lurralde-eremuan, baldin eta beharrezkoak badira Berritzegunearen funtzionamendurako, eta funtzionamendu-gastu horiek ez badira kudeaketa zentralizatukoak. Indarreko legediari erreparatuko zaio kontratuak txikiak diren ala ez erabakitzeko, eta beti errespetatu beharko dira urriaren 16ko 222/2001 Dekretuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak, lurralde-ordezkariei esleitzen dizkien eskumenak.

k) Aurreko atalarekin lotuta, funtzionamendu-gastuak onartuko ditu eta ordainketak egitea agindu. Ez du horrelakorik egingo atxikipena duten ordainketekin, eta horiek era zentralizatuan tramitatuko dira.

l) Berritzegunearen ekintza-plana ikastetxeekin koordinatzea, azken horien zuzendaritzen bitartez.

m) Bere zonako ikastetxeetako zuzendaritzekin batera lan-mintegiak sustatzea eta koordinatzea, ikastetxe horietan berrikuntza- eta prestakuntza-prozesuak koordinatzeko.

n) Zonako ikastetxeetan prestakuntzaren, berrikuntzaren eta aholkularitzaren alorretan dauden eskarien erantzuna bideratzea, egokitzea eta ziurtatzea.

o) Arau bidez esleitzen zaizkien gainerako eginkizunak.

9. artikulua.- 1.- Zonako Berritzeguneko klaustroa Berritzeguneko lan-taldeko kide guztiek osatuko dute, eta hango zuzendaria izango da buru.

2.- Eskumen hauek ditu klaustroak:

a) Koordinazio Pedagogikoaren Batzordeak aurkeztutako Berritzegunearen ekintza-plana onartzea.

b) Berritzeguneak eskualdean zer-nolako jarduera duen aztertzea eta baloratzea.

c) Berritzegunearen jardueraren gainean hobetzeko proposamenak eta iradokizunak aurkeztea.

d) Berritzeguneko zuzendaritzak aurkeztutako aurrekontu ekonomikoa onartzea.

3.- Ikasturtearen hasieran eta amaieran bildu beharko da klaustroa nahitaez, eta gutxienez bertako kideen heren batek edo Berritzeguneko zuzendaritzak eskatzen duten guztietan.

10. artikulua.- Koordinazio Pedagogikoaren Batzordea izango da Berritzegunearen lan pedagogikoen funtzionamenduaz eta kudeaketaz arduratuko den organoa. Hau izango da batzordearen osaera: zuzendaria, etapako bi aholkulari, Hizkuntza Normalizazioko eta IKT programetako aholkulari bat, eta hezkuntza-premia berezietako aholkulari bat. Koordinazio Pedagogikoko Batzordeko kideak urtero hautatuko dira, eta adierazitako lan-taldeetako kideek egingo dute aukeraketa hori, bakoitzak bere taldean.

11. artikulua.- Koordinazio Pedagogiko Batzordea behar bezainbeste bilduko da, bere eginkizunak behar bezala betetzeko. Honako hauek ditu eginkizun:

a) Zuzendaritzari bere eginkizunak betetzen laguntzea.

b) Alde batetik, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ezarritako arauen arabera urteko ekintza-plana egitea, eta bestetik, ikastetxeetako hezkuntza-premien eta eskarien diagnostikoa egitea.

c) Urtero, ikasturte hasieran, zonako ikastetxeei urteko ekintza-plana jakinaraztea, informatzeko elementu gisa balio dezan; eta horrenbestez, Berritzeguneak eskualdeko beharrei eta eskariei ematen dien erantzuna eta arreta egoki ezagutu, erabili eta balora dezaten.

d) Berritzegunearen jarduera nolakoa den ebaluatzeko hainbat mekanismo abian jartzea, barneko edo kanpoko ebaluaziorako oinarri izan daitezen.

e) Ikasturtean zehar ikastetxeetan bertan sortutako eskaera espezifikoentzako irtenbideak proposatzea eta erabakitzea.

f) Onartutako aurrekontuaren araberako gastuak ikuskatzea.

g) Arau bidez esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak.

12. artikulua.- Zonako Berritzeguneetako lan-taldea hauek osatuko dute:

- Zuzendariak.

- Etapako aholkulariek: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoek.

- IKTko eta Hizkuntza Normalizazioko aholkulariek.

- Hezkuntza-premia berezien alorreko aholkulariek.

IV. KAPITULUA

BERRITZEGUNE NAGUSIAREN (BN) EGITURA ORGANIKOA

13. artikulua.- Berritzegune Nagusia, organikoki, Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzaren mende izango da, eta funtzionalki, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren mende; nolanahi ere, Hezkuntzako Ikuskaritzari dagozkion ikuskatze-eginkizunak errespetatuko dira.

14. artikulua.- Berritzegune Nagusiak honako aginte-organo hauek izango ditu:

a) Kide bakarrekoa: Zuzendaria.

B) Kide anitzekoa: Klaustroa.

15. artikulua.- Zonako Berritzeguneko zuzendariari dagokio:

a) Berritzegune Nagusia zuzentzea, bere lanaren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, eta zuzendaritza horri proposamenak eta txostenak aurkeztea.

b) Zuzendaria hezkuntzako administrazioaren ordezkaria izango da Berritzegunearen barnean eta beste erakunderen batzuekin elkarlanean aritzen denean.

c) Langileen buru izatea eta indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzea.

d) Urteko plana prestatzeko lanak zuzentzea, plana onartzea eta hura betetzen dela bermatzea.

e) Klaustrora deitzea eta bertako buru izatea, gai-zerrenda ezartzea, kudeaketari buruzko informazioa ematea eta aurkezten diren proposamenak jasotzea.

f) Funtzionamendu-gastuen urteko aurrekontu-zirriborroa egitea, eta Berritzeguneko eraikina eta ekipamendua ondo zaintzen direla kontrolatzea.

g) Indarrean dagoen legedian kontratu txiki gisa tipifikatuta dauden kontratuak egitea bere eskumeneko lurralde-eremuan, baldin eta beharrezkoak badira Berritzegunearen funtzionamendurako, eta funtzionamendu-gastu horiek ez badira kudeaketa zentralizatukoak. Indarreko legediari erreparatuko zaio kontratuak txikiak diren ala ez erabakitzeko, eta beti errespetatu beharko dira urriaren 16ko 222/2001 Dekretuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak, lurralde-ordezkariei esleitzen dizkien eskumenak.

h) Aurreko atalarekin lotuta, funtzionamendu-gastuak onartuko ditu eta ordainketak egitea agindu. Ez du horrelakorik egingo atxikipena duten ordainketekin, eta horiek era zentralizatuan tramitatuko dira.

i) Horretarako gai den berrikuntza pedagogikoko lurraldeko administrazio-unitatearekin koordinatzea, bai eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako zerbitzu zentralekin ere.

j) Zonako Berritzeguneetatik jaso diren prestakuntza, berrikuntza eta aholkularitzako eskaerak bideratzea, egokitzea eta erantzuna ziurtatzea.

k) Arau bidez esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak.

16. artikulua.- 1.- Berritzegune Nagusiko klaustroa Berritzeguneko lan-taldeko kide guztiek osatuko dute, eta hango zuzendaria izango du buru.

2.- Honako hauek dira klaustroaren eskumenak:

a) Berritzegunearen lana aztertzea eta baloratzea.

b) Berritzegunearen lana hobetzeko proposamenak eta iradokizunak aurkeztea.

3.- Ikasturtearen hasieran eta amaieran bildu beharko da klaustroa nahitaez, eta, gutxienez, bertako kideen heren batek edo Berritzeguneko zuzendaritzak hala eskatzen duten guztietan.

4.- Arloak eta Lehentasunezko ildoak koordinatzeko batzorde bat sortuko da Berritzegune Nagusian, eta batzordean bertan egiten diren proposamenak artikulatzea eta orokortzea izango du eginkizun. Honako hauek osatuko dute batzordea: zuzendariak, arloetako aholkularietako batek eta lehentasunezko ildoen jarduera-ardatzak ordezkatuko dituzten kideak (kide bat ardatz bakoitzeko). Aipatutako taldeetako aholkulariek eta arduradunek aukeratuko dituzte, urtero, koordinazio-batzordeko kideak.

17. artikulua.- Honako hauek izango dira Berritzegune Nagusiko langileak:

- Zuzendari bat.

- Arloetako aholkulariak.

- Lehentasunezko ildoen eta beste programa espezifiko batzuen arduradunak.

- Beste aholkularitza batzuk.

18. artikulua.- Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez arautuko ditu Berritzeguneetako lanpostuen zerrendak, eta bertan zehaztuko dira hizkuntza-eskakizunak, titulazioak, eskatutako esperientzia, lanpostuak hornitzeko sistema eta haiei dagokien osagarri espezifikoa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Berritzeguneek, beren eginkizunak betetzeko, langile laguntzaileak izan ditzakete Berritzegunean bertan edo ikastetxeetan.

Bigarrena.- Administrazioko langileak esleitzen ez zaizkien bitartean idazkari-dokumentalistak izan ditzakete Berritzeguneek; betiere, haien barne-kudeaketako eta -antolaketako premiei erreparatuta.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- Berritzeguneetan hutsik dauden lanpostuak betetzeko deialdia argitaratu arte, Berritzeguneetan lanean ari diren pertsonek lanean jarraituko dute beren postuetan, egungo administrazio-egoera berean.

Bigarrena.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prozesu bat irekiko du, dekretu honek egindako aldaketen ondorioz sortutako lanpostuetara egokitzeko Berritzeguneetara modu iraunkorrean atxikita dauden langileak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten dira 15/2001 Dekretua, otsailaren 6koa, Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroak (Berritzeguneak) sortzen dituena eta maila berdineko edo txikiagoko xedapen guztiak, Dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren heinean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Dekretu honek xedatutakoa aplikatzeko eta garatzeko behar diren xedapenak emateko eskumena ematen zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari.

Bigarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko otsailaren 17an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

OTSAILAREN 17KO 40/2009 DEKRETUAREN

ERANSKINA

(Berritzeguneen kokapena eta haien eginkizunak betetzeko geografia-eremua)

Berritzegunea: A01.

Egoitza: Gasteiz.

Geografia-eremua: Gasteiz Hegoa, Añana, Armiñón, Arraia-Maeztu, Berantevilla, Bernedo Erriberagoitia, Erriberabeitia, Gaubea, Harana, Iruña Oka, Kanpezu, Kuartango, Lagran, Lantaron, Urizaharra, Zanbrana, Bastida, Bilar, Ekora, Eltziego, Guardia, Kripan, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Mañueta, Moreda, Navaridas, Oion, Samaniego, Villabuena.

Berritzegunea: A02.

Egoitza: Gasteiz.

Geografia-eremua: Gasteiz Iparra, Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio, Okondo, Aramaio, Arratzu-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia, Zuia, Agurain, Asparrena, Barrundia, Burgu, Donemiliaga, Dulantzi, Iruraitz-Gauna, Zalduondo.

Berritzegunea: G01.

Egoitza: Donostia.

Geografia-eremua: Astigarraga, Donostia.

Berritzegunea: G02.

Egoitza: Irun.

Geografia-eremua: Errenteria, Hondarribia, Irun, Lezo, Oiartzun, Pasaia.

Berritzegunea: G03.

Egoitza: Eibar.

Geografia-eremua: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga, Soraluze, Oñate, Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku.

Berritzegunea: G04.

Egoitza: Ordizia.

Geografia-eremua: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zumarraga.

Berritzegunea: G05.

Egoitza: Zarautz.

Geografia-eremua: Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa, Zumaia.

Berritzegunea: G06.

Egoitza: Lasarte-Oria.

Geografia-eremua: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Billabona, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Zizurkil, Andoain, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil.

Berritzegunea: B01.

Egoitza: Bilbao (Abando).

Geografia-eremua: Bilbao (Abando, Basurtu-Zorrotza, Deustu, Errekalde), Alonsotegi.

Berritzegunea: B02.

Egoitza: Bilbao (Txurdinaga).

Geografia-eremua: Bilbao (Begoña, Ibaiondo, Otxarkoaga-Txurdinaga, Uribarri).

Berritzegunea: B03.

Egoitza: Sestao.

Geografia-eremua: Portugalete, Santurtzi, Sestao.

Berritzegunea: B04.

Egoitza: Barakaldo.

Geografia-eremua: Barakaldo.

Berritzegunea: B05.

Egoitza: Ortuella.

Geografia-eremua: Abanto, Galdames, Muskiz, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Artzentales, Balmaseda, Karrantza, Gordexola, Gueñes, Lanestosa, Sopuerta, Turtzios, Zalla.

Berritzegunea: B06.

Egoitza: Basauri-Galdakao.

Geografia-eremua: Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Orozko, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaratamo, Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Galdakao, Igorre, Lemoa, Zeanuri, Zeberio.

Berritzegunea: B07.

Egoitza: Getxo.

Geografia-eremua: Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiniz, Maruri, Mungia, Meñaka, Morga, Barrika, Berango, Getxo, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz.

Berritzegunea: B08.

Egoitza: Leioa.

Geografia-eremua: Derio, Larrabetzu, Lezama, Sondika, Zamudio, Loiu, Erandio, Leioa.

Berritzegunea: B09.

Egoitza: Durango.

Geografia-eremua: Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Otxandio, Ubide, Zaldibar.

Berritzegunea: B10.

Egoitza: Gernika.

Geografia-eremua: Amoroto, Aulestia, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar-Arbazegi-Gerrikaitz, Ondarroa, Ziortza-Bolibar, Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika, Narbaniz, Sukarrieta.


Azterketa dokumentala