Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2009ko otsailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
731

21/2009 DEKRETUA, otsailaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz besteko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituena.

1996. urtetik aurrera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezarri ondoren, urtarrilaren 30eko 26/1996 Dekretuak unibertsitateaz besteko ikastetxe publikoen berrantolaketa ezartzen zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan. Geroztik, hainbat aldaketa gertatu dira bai euskal hezkuntza-sisteman, bai gizartearen alderdi askotan, eta, beraz, gomendagarria da egungo eskola-mapa berrikusi eta hobetzea, eta errealitate berriari eta datozen urteetarako aurreikusita dauden aldaketei egokitzea.

Aldaketa horien artean azpimarratzekoak dira zenbait faktoreren ondorioz ikastetxeetan izandako aldaketa ugariak. Faktore horiek honako hauek dira: azken urteotan jaiotza-tasa progresiboki errekuperatzea, hezkuntza-eskaintza Haur Hezkuntzako lehen ziklora hedatzea eta orokortzea, eskolatze-premien eta ikaspostuen eskaintzaren arteko orekarik eza, hizkuntza-ereduen bilakaera, gure hezkuntza-sistemara berandu sartzen diren pertsonak eskolatzea eta hezkuntza bizitza osoko ikasketa-prozesu moduan ulertzea.

Halaber, gizarteak lehen mailako garapen axiologiko, pertsonal, sozial, demokratiko eta ekonomikoa lortzeko asmoa duenean, hezkuntza-sistemaren lehentasunezko helburuen artean dago jende guztiak kalitatezko hezkuntzarako sarbidea eta hezkuntza hori jasotzeko aukera izatea. Kalitatezko hezkuntza horrek ekitate eta inklusioaren printzipioak bermatu behar ditu, ikasleei hezkuntza-erantzun egokia eskaintzeko modu bakarra baita, horien garapen pertsonala eta, aldi berean, gizarte-kohesioa bultzatuz.

Bestalde, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legean, ezarrita dagoenez, Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoen lana da irakaskuntzaren programazio orokorra egitea eta Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeak sortu, aldatu eta kentzea, betiere kalitatezko irakaskuntza bermatuko duen plangintza demokratiko eta parte-hartzailearen eremuan. Halaber, lege horretan arautzen da hezkuntzarako eskubidearen erabilera eta ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko benetako gaitasuna izatea, hizkuntza biak harremanetarako erabili daitezen eta erabilera ohikoa izan dadin. Gainera, IV. tituluan, I. kapituluan, irakaskuntza-zerbitzuak antolatu eta planifikatzeko lurralde-banaketarako funtsezko unitatetzat jotzen da eskola-bilgunea.

Horrez gain, Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren arabera, hezkuntzak komunitatearen funtsezko zerbitzua izan behar du jende guztiarentzat, inolako bereizketarik egin gabe, baldintza- eta aukera-berdintasuna eskainiz, eta erregulartasuna, jarraikortasuna bermatuz eta gizarte-aldaketei progresiboki egokituz. Lege horretan ezarrita dagoenez, hezkuntzarako zerbitzu publiko hori ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen bidez eman beharko da (108.4 artikulua).

Alde horretatik, unibertsitatez kanpoko herri ikastetxeak berriz antolatzen dituen 26/1996 Dekretuan ezarrita dagoena baino harantzago hedatu behar da. Hori dela eta, itunpeko ikastetxe pribatuak antolamendu horretan sartu behar dira erantzulekide bezala, hezkuntzaren zerbitzu publikoa emateko orduan.

Oinarrizko araudi horretan (109.2 artikulua) ezarrita dagoenez, hezkuntza-administrazioaren lana da derrigorrezko eta doako etapak ematen dituzten ikastetxeen programazioa egitea. Ikaspostuak eskaintzeko programazio horretan, hezkuntza-administrazioak, ikastetxe publikoak eta itunpeko ikastetxe pribatuak daudela kontuan izanik, jende guztiak kalitatezko hezkuntza izateko duten eskubidea eta ikasleen eskubideak eta horien familienak uztartuko ditu.

Hori dela eta, unibertsitateaz besteko ikastetxeen sarea berrantolatu eta planifikatzeko irizpideak ezarrita, zehaztuko da zein izango den irakasmaila eta etapa guztietako hezkuntza-eskaintza, eta kasuan-kasuan bilgune, zonalde edo udalerri bakoitzeko ikaspostuen premiak zehaztuko dira. Eskaintza hori zehazten denean, kontuan izango dira itundu beharreko etapa edo irakasmailetako ikastetxe publikoak eta itunpeko ikastetxe pribatuak.

Badira dekretu honetan garatutako unibertsitateaz besteko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak gidatzen eta inspiratzen dituzten funtsezko printzipio batzuk:

- Eskola-mapa ikaspostuen eskaintza planifikatzeko tresna bezala ulertzea, betiere ikasle guztiak barne hartuko dituen kalitatezko hezkuntza-erantzunaren zerbitzuan.

- Ekitatea, ezinbesteko printzipioa baita ikasle guztiei aukera-berdintasuna bermatzeko, jende guztia hezkuntza-sisteman sartzeko eta helburu horiek lortzeari begira ikastetxe guztien ezinbesteko elkarrerantzukizuna izateko.

- Hezkuntza-eragile guztien parte-hartzea, plangintza demokratikoa eta herritarren hezkuntza-premiei begira egokia izango dena mamitzeko.

- Herri-erakundeen lankidetza eta elkarrerantzukizuna, hezkuntza-sistema ezinbestekoak diren giza baliabideez eta baliabide materialez hornitzeko; baliabide horiek programazio zuzena eta baliabideen eskuragarritasuna bermatzeko modukoak izan behar dira.

- Baliabide horien arrazionalizazio eta optimizazioa, hezkuntza-sistema bere helburuak lortzeko eraginkorra izatea bermatzen baitute.

- Azkenik, malgutasuna izatea, hezkuntza-eskaintza Euskal Autonomia Erkidegoko errealitate sozial, demografiko eta geografiko desberdinei egokitzeko eta moldatzeko orduan.

Horri jarraiki, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta 4/2005 Legeak -otsailaren 18koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa- aurreikusten dituen izapideak egin ondoren, betiere Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko otsailaren 3an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Zertarakoa eta aplikazio-eremua.

Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-mapa osatzen duten unibertsitateaz besteko ikastetxeen, publikoen zein itunpeko ikastetxe pribatuen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzea.

2. artikulua.- Unibertsitateaz besteko ikastetxeen sarea lurralde historikoen ezaugarriei egokitzea.

1.- Eskola-mapari buruzko proposamena zehazterakoan, kontuan hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoak zatitzen dituen bilgune eta zonalde bakoitzaren ezaugarri eta berezitasunak, baita dauden eremu hiritar, erdi-hiritar eta landatarrak ere, eta horietara egokituko da.

2.- Ikastetxeen Zuzendaritzak, Hezkuntzako lurralde-ordezkariekin koordinatuta, eta dekretu honetako printzipio eta irizpideen arabera, diseinatu, doitu, aldatu eta benetako premiei egokituko dizkie ikastetxeen egoerak eta ibilbideak.

3.- Zenbait faktoreren arabera egin ahal izango dira aldaketak eta egokitzapenak, hala nola, udalerrien bilakaera demografikoa, ikastetxeen matrikula eta irakaskuntzen eskaintza, eta, kasu bakoitzean eta eskumena duen organoaren aurrean, planteatuko da aurrera eramatea ikastetxeen bategitea, integrazioa, atxikipena, jardueraren etendura, banaketa, zatiketa edo sorrera.

4.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarriko ditu horretarako egokiak diren prozedurak, eta horien artean sartuko da azaldutako prozesuek uki ditzaketen ikastetxeei aldez aurretik entzunaldiaren izapidea ematea, beti ere kontuan izanik prozesu horiek aldi baterako eta itzulgarriak direla.

3. artikulua.- Eskola-bilgunea, lurralde-banaketaren funtsezko unitatea den aldetik.

1.- Eskola-bilgunea izango da lurralde-banaketaren oinarrizko unitatea, hezkuntza-zerbitzuen plangintza eta antolaketari begira.

2.- Eskola-bilgunea, bere aldetik, eskola-zonaldetan bana daiteke, inguruabarrek horrela eskatzen badute. Eskola-zonaldea zerbitzu eta baliabideak antolatzeko azpiegitura nukleartzat har daiteke eta bere barne har ditzake udalerri baten zati bat edo bilgune bateko udalerri bat edo gehiago, beharrezkoa bada, horien hedadura edo ezaugarri demografikoak kontuan izanik. Eskola-zonaldeak malguak eta egokitzeko modukoak izango dira eta aldatu egingo dira, gertatzen diren aldaketa sozio-demografikoen arabera.

3.- Eskola-bilguneen eta, hala bada, eskola-zonaldeen edo udalerrien barruan ezarri beharko dira ikastetxe bakoitzaren eragin-eremuak, ikasleek sarbidea izateko aukera berdinak izan ditzaten eta etxetik gertu izatearen aldeko irizpidea aplika dadin.

4.- Eskola-bilgune, eskola-zonalde edota udalerri batean ikastetxe publikoak eta itunpeko ikastetxe pribatuak badaude, batzuentzat zein besteentzat eragin-eremu berdinak ezarriko dira.

5.- Eskola-bilgune, eskola-zonalde edo udalerriren batek derrigorrezko irakaskuntzen mailan eskaintzarik ez badu, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritza bakoitzak erabakiko du zein ikastetxe publikotan izango duten bermatuta ikaspostua bilgune, eskola-zonalde edo udalerri horietako ikasleek.

6.- Horrez gain, ikasle horiek esleitu zaien ikastetxera dohainik garraiatuko direla bermatzeko egokia den modua finkatuko du. Garraio hori eskola-mapan zehaztuta dauden ikastetxeetara doazen ikasleei soil-soilik bermatuko zaie.

7.- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle batzuk, hirigunean bizi badira eta garraio publikoa (autobusa, metroa, tranbia edota trena) badute, batez ere, garraio hori finantzatuz gauzatuko da doakotasuna.

8.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beste erakunde edo instituzio batzuekin koordinatzeko moduak aztertuko ditu, derrigorrezkoak ez diren hezkuntza-mailetako ikasleen garraioa erraztu ahal izateko.

4. artikulua.- Ikastetxeak eta prestakuntza-ibilbideak atxikitzea.

1.- Atxikipena da bi ikastetxeren artean ezartzen den batasuna, baldin eta, hezkuntza-etapa desberdinak eman arren, ikastetxe bakartzat hartzen badira, ikasleak onartzeko orduan.

2.- Zenbait kasutan atxiki ezin bazaie, ikasleei prestakuntza-ibilbideak proposatuko zaizkie, hau da, zenbait ibilbide akademiko proposatuko zaizkie, unibertsitatez kanpoko zenbait ibilbide akademiko osatu ahal izateko.

3.- Bilgune edota zonalde bakoitzean ibilbide akademiko desberdinak ezarriko dira. Ikastetxe publikoen sarean, bi bide daude prestakuntza-ibilbide horiek eratzeko: ikastetxe guztiak goragoko mailako beste ikastetxe batzuei atxikitzea eta unibertsitateaz kanpoko etapetan prestakuntza-ibilbideak ezartzea. Ekimen horiei esker, familia bakoitzak jakin ahal izango du, hezkuntza-sistemara sartu aurretik, zein izango den unibertsitateaz kanpoko etapetan eskolatzen hasten denetik eskolaketa bukatzen den arte bermatuko zaion ibilbidea.

4.- Antzeko prozedurak ezarri ahal izango dira itunpeko ikastetxe pribatuetan.

5. artikulua.- Ikaspostuen eskaintza.

1.- Ikasturte bakoitzaren hasieran egingo da ikaspostuen eskaintza bat, bilgune, zonalde edo udalerri bakoitzaren eskolatze-premiei egokituko zaiena, eta kasu bakoitzean bermatuko da eskaintza nahikoa eta egokia izatea.

2.- Ikasle bakoitzak derrigorrezko hezkuntza-etapa bakoitzean etxetik gertu dagoen, diru publikoarekin lagundutako ikastetxe batean, ikaspostu bat izatea bermatuko da.

3.- Zenbait zonalde edo udalerritan, biztanleen hazkunde handia nabaritu bada, eta hazkunde horrek eskolatze-premiak areagotzea badakar, ikaspostu publikoak izango direla bermatuko da.

4.- Ahaleginak egingo dira ikaspostuen eskaintza dauden premietara egokitzeko, eta familien interesak baliabideen erabilera bikainarekin uztartuko dira, plangintza arduratsua eginez. Ikaspostuen eskaintza horrek ikasle orok dituen premia, interes eta espektatibak aintzat hartuko ditu, baita jarduera-sektore desberdinen premiak ere.

5.- Ikastetxeren batean ikaspostuen eskaerak ikaspostuen eskaintza gainditzen badu eta bilgune, zonalde edo udalerrian ikaspostu libreak dituzten ikastetxeak badaude, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasle-soberakinak ikastetxe horietara bideratu ahal izango ditu, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren araberako baremazioa egin ondoren.

6.- Ikaspostuen eskaintza programatzerakoan, kontuan hartu beharko dira dauden ikaspostu guztiak, jende guztiak, diru publikoarekin lagundutako ikastetxe batean, ikaspostua lortzeko aukera izan dezan.

7.- Lanbide Heziketako hezkuntza-eskaintza ez da mugatuko eskola-bilgune jakin baten lurralde-eremura. Ikaspostuen eskaintza ikasleek adierazitako prestakuntza-lehentasunei eta jarduera-sektore desberdinen premiei egokituko zaie.

8.- Eskolatze-batzordeen bitartez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ahaleginak egingo ditu eta neurri egokiak hartuko ditu, fondo publikoek sostengatzen dituzten ikastetxeak erantzulekide izan daitezen ikasturtea hasi ondoren hezkuntza-sistemara sartu behar duten ikasleak eskolatzeko lanean.

9.- Era berean, kontrol-neurriak ezarriko ditu, ikasle horien artean gertatzen diren ikastetxe-aldaketak edonolako arrazoi diskriminatzaileengatik gerta ez daitezen.

10.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erabakiko du zein ikastetxetan, publikoak nahiz itunpeko ikastetxe pribatuak izan, eskolatuko diren ikasleak, betiere gurasoei eta legezko tutoreei entzun ondoren, horrela ezarrita baitago martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren 20. artikuluaren arabera.

6. artikulua.- Ikastetxe publikoen motak.

1.- Araubide orokorreko irakaskuntzak ematen dituzten unibertsitateaz besteko ikastetxeen sare publikoan, honako ikastetxe hauek izango dira:

a) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak, 2 eta 12 urte bitarteko ikasleak eskolatzen dituztenak eta Haur Eskola publikoak beraiei atxikita dituztenak.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, 12 eta 18 urte bitarteko ikasleak eskolatzen dituztenak.

c) Lanbide Heziketako Ikastetxe Bateratuak.

2.- Ahal denean, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza Ikastetxe Publikoak sortzea sustatuko da, bertan 2 eta 16 urte bitarteko ikasleak edo, behar bada, 18 urte arteko ikasleak eskolatzeko. Ikastetxe horiek izango dute proiektu bat, hezkuntza-etapa desberdinak barne hartuko dituena, eta atxikita eduki ahal izango dituzte Haur Eskola publikoak.

3.- Aurreko ataletan ezarrita dagoenetik aparte, inguruabarrengatik gomendagarria bada, dekretu honetako I. eranskinean jasota daudenen moduko ikastetxeak egon daitezke.

4.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpekoa ez den ikastetxe publiko baten titularrak hala eskatu ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikastetxe hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko ikastetxe batekin edo gehiagorekin atxikitzeko edo prestakuntza-ibilbideak osatzeko aukera izango du, Ikastetxeen Zuzendaritzak horri buruz erabakitzen duenarekin bat etorriz.

5.- Ikastetxeen konfigurazioaren arabera, ikastetxeek hezkuntza-maila bakoitzeko ikastalde bat edo gehiago izan dezakete edo bestela ikastalde batean maila desberdinetako ikasleak izan. Azken ikastetxe hauek, landa-ingurunean kokatuta badaude eta gehienez guztira sei ikastalde badute, «Eskola Txikiak» deituko dira.

7. artikulua.- Itunpeko ikastetxe pribatuen motak.

Hezkuntza-maila desberdinak irakasteko bakoitzak dituen administrazio-baimenen arabera eratuko dira itunpeko ikastetxe pribatuak.

8. artikulua.- Ikastaldeko ikasleen kopurua.

1.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko ikastetxe publikoetako ikastaldeko gehienezko ikasle-kopuruak dekretu honen II. eranskinean daude jasota.

2.- Alabaina, ikastetxe publikoetako hezkuntza-etapa jakin batean ikastalde bat osatu edo horri eutsi ahal izateko, beharrezkoa izango da gutxienezko ikasle-kopurua izatea, izan ere kalitatezko hezkuntza-erantzuna bermatu eta baliabideak arrazionalizatu eta optimizatu behar baitira. Gutxienezko kopuru horiek dekretu honen III. eranskinean daude jasota.

3.- Itunpeko ikastetxe pribatuetako ikastaldeko gehienezko eta gutxienezko ikasle-kopuruak hezkuntza dekretu honen IV. eranskinean daude jasota.

4.- Salbuespen gisa, itunpeko ikastetxe pribatu batzuek, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak, hezkuntza-laguntza edukitzeko premia zehatzak dituzten ikasleak edo hezkuntza-sistemara ikasturtea hasi ondoren sartu behar diren ikasleak eskola-zonalde jakin bateko gainerako ikastetxeen (publiko zein pribatu) batez bestekoa gainditzen duen proportzioan eskolatzen badituzte, aukera izango dute ratio txikiagoa duten ikasgelak ituntzeko edota mantentzeko. Ratio hori ez da sekula izango ikastetxe publikoentzat ezartzen duen ratioa baino txikiagoa.

9.- artikulua.- Eskola Maparen ebaluazioa.

1.- Kontuan izanda unibertsitateaz besteko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzea eta horiek mamitzea dinamikoak diren elementuak direla eta aldagai desberdinak sartzen direla jokoan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ebaluazioa egiteko irizpideak eta adierazleak finkatuko ditu, egokitzapena eta etengabeko hobekuntza lortu ahal izateko.

2.- Araudi bidez, Jarraipenerako lurralde-batzordeak finkatuko dira. Batzorde horiek, nolanahi ere, honako kide hauek osatuta egongo dira: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ordezkariak, hezkuntza-administrazioaren ordezkari eta sare publikoaren titular diren aldetik, ikasleen guraso -elkarteen ordezkariak, sare publikoaren zuzendaritzen ordezkariak, irakasleriaren ordezkariak, sare pribatuaren titularren elkarteen ordezkariak eta udal korporazioen ordezkariak. Horien lana izango da urtero eskola-maparen egoera aztertu eta balizko aldakuntzak proposatzea. Ordezkaritza horrek Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 eta 23. artikuluetan ezarritakoa kontuan hartuko du.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Hizkuntza-ereduak.

1.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak premien arabera planifikatuko du ikastetxe bakoitzean eman beharreko hizkuntza-ereduen eskaintza, beti ere kontuan izanik guraso edota tutoreen borondatea eta zonaldeko gizarte- eta hizkuntza-egoera.

2.- Bermatuko du, halaber, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek aukeratu duten hizkuntza-ereduan eskolatuak izaten jarraituko dutela beren ibilbide akademikoa osatzen duten Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ere.

3.- Nolanahi ere, ikastetxeek bermatuko dute ikasleak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak jakiteko gai izango direla.

Bigarrena.- Hasierako Lanbide-prestakuntzarako Programak.

1.- Hasierako Lanbide-prestakuntzarako Programak, nahiz eta programa horiek aniztasuna tratatzeko neurritzat jotzen direnez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan barne daude. Hala ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarri eta arautuko ditu programa horiek baimentzeko baldintzak.

2.- Hasierako Lanbide-prestakuntzarako Programak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe baimenduek eman ahal izango dituzte; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzera bideratuta dauden irakaskuntzak Helduen Hezkuntzako ikastetxe baimenduek eman ahal izango dituzte. Ikastetxe horiek zuzenean eman ditzakete irakaskuntza horiek edo bestela erakunde publiko edo pribatuekin edo pertsona fisikoekin sinatutako akordio, hitzarmen edo kontratazioen bidez eman ditzakete.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ikastetxeen egungo sarea antolatzea, planifikatzea eta dekretu honetan ezarrita dagoenari egokitzea progresiboki egingo da dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta ondorengo lau ikasturteetan zehar. Arrazoi horregatik, dekretuan ezarritako aldaketak eta egokitzapenak gertatzen ez diren bitartean, ikastetxeen sarearen gaur egungo taxuketak nola ikastetxe-motek indarrean egoten jarraituko dute erabat.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta gelditzen da 26/1996 Dekretua, urtarrilaren 30ekoa, Euskal Autonomia Elkartzeko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeak berriz antolatzen dituena, baita dekretu honekin bateragarri ez diren maila bereko edo gutxiagoko arau guztiak ere, dekretu honek uki ditzakeen neurrian.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ikastetxeen atxikipena.

Ikastetxeak atxikitzeko prozedurak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako finkatzen dituen erregelamendu zehatzen bidez arautuko dira.

Bigarrena.- Prestakuntza-ibilbideak.

Ikastetxeen antolamendu berria zehaztuz doan neurrian, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztu eta ezarriko ditu udalerri, zonalde edo bilgune bakoitzeko ikastetxeen artean eratuko diren prestakuntza-ibilbideak, ikasle bakoitzak jakin dezan zein den eskolatze-aldian zehar bete dezakeen ibilbide akademikoa.

Hirugarrena.- Ikastetxe publiko integralak.

Dekretu hau argitaratu eta sei hilabeteko epean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautuko ditu haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoak.

Laugarrena.- Beste irakaskuntzak.

1.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak agindu eta ebazpenen bidez ezarriko du dekretu honetan garatuta ez dauden irakaskuntzen ikaspostuen eskaintzaren planifikazioa. Irakaskuntza horiek honako hauek dira, hain zuzen ere: helduen hezkuntza, hizkuntzen irakaskuntza, arte-irakaskuntzak eta kirol-irakaskuntzak.

2.- Datozen lau urteetan, ikaspostuen eskaintza handitzeko plana prestatuko da, helduen hezkuntzan, hizkuntzen irakaskuntzan, arte-irakaskuntzetan eta kirol-irakaskuntzetan. Horrela, eskaintza hori eskola-bilgune guztietara hedatu ahal izango da, bilguneen ezaugarrien eta gizartearen eskakizunaren arabera.

Bosgarrena.- Indarrean hasi.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko otsailaren 3an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

I. ERANSKINA

BESTELAKO IKASTETXE PUBLIKOAK

Araubide orokorreko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoak:

● Haur Eskolak, Haur Hezkuntzako lehen ziklo osoa edo horren zati bat eskaintzen dutenak.

● Haur Eskolak, Haur Hezkuntzako bi zikloak eskaintzen dituztenak.

● Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak, Haur Hezkuntzako bi zikloak osorik eskaintzen dituztenak.

● Bigarren Hezkuntzako Institutuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa eskaintzen dituztenak.

Beste irakaskuntza batzuk:

● Helduen Hezkuntzako Ikastetxeak.

● Hizkuntza Eskola Ofizialak.

● Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikastetxeak.

● Musika Kontserbatorioak.

● Hezkuntza Bereziko ikastetxeak.

II. ERANSKINA

IKASGELAKO IKASLEEN RATIOA

A.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko Ikastetxe publikoak.

Gehienezko kopuruak.

1.- Irakaskuntza-moten arabera:

● Haur Hezkuntza (lehen zikloa):

- 0 urtekoen ikasgelak: 8 ikasle.

- Urte 1ekoen ikasgelak: 13 ikasle.

- 2 urtekoen ikasgelak: 18 ikasle.

● Haur Hezkuntza, 2. zikloa: 23 ikasle.

● Lehen Hezkuntza: 25 ikasle.

● Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 25 ikasle.

● Batxilergoa: 30 ikasle.

● Lanbide Heziketa: 20 eta 25 ikasle artean.

● Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak: 15 ikasle.

2.- Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, maila ezberdinetako ikasleak eta ikastaldeak bateratzen badira, honakoak izango dira ratioak:

● 2 adinetako ikaslegoa:

- 0 eta 1 urtekoak: 7 ikasle.

- 1 eta 2 urtekoak: 10 ikasle.

- 2 eta 3 urtekoak: 18 ikasle.

- Haur Hezkuntzako besteak eta Lehen Hezkuntzakoak: 20 ikasle.

● 3 adinetako ikaslegoa: 15 ikasle.

● 3 adin baino gehiagoko ikaslegoa: 12 ikasle.

B.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpekoak ez diren Ikastetxe publikoak:

Ikastalde bakoitzeko gutxieneko ikasle-kopurua indarrean dagoen araudiari eta erakunde publikoek dituzten eskumenen arabera hartzen dituzten erabakiei egokituko zaie.

III. ERANSKINA

IKASGELAKO IKASLEEN RATIOA

A.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko ikastetxe publikoak.

Gutxienezko kopuruak.

1.- Eskola Txikiak.

Ikastalde bati eusteko, ikasle-kopuru hauek dira beharrezko:

Haur Hezkuntzako 1. eta 2. zikloko ikasleak eskolatzen badituzte:

- 2-6 urte: 8 ikasle.

2 eta 12 urte bitarteko ikasleak eskolatzen badituzte: 18 ikasle.

Eskola Txikiei dagokienez, ratio horiek malgutasunez har daitezke Udala argi eta garbi inplikatuta badago, jaiotzen eboluzioa aldekoa bada eta udalerriko familien 2/3ek seme-alabak Eskola Txikian eskolatzea aukeratzen badute.

Ikastetxe edota udalerri batzuek, Haur Hezkuntzako edota Lehen Hezkuntzako eskaintzarik ez badute, eskaintzari hasiera ematea proposatu ahal izateko gutxienez 12 ikasle eduki behar dituzte, elkarren segidako hiru irakasmailetakoak. Horixe da eskatzen zaien denbora-proiekzioa. Eskaintzaren bideragarritasuna bermatu ahal izateko beharrezkoa da, gainera, aurreko lerroaldeko hiru inguruabarrak batera gertatzea.

2.- Irakasmaila bakoitzeko ikastalde bat edo gehiago dituzten ikastetxeak

2.1.- Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.

Ikastalde bat osatu ahal izateko, gutxienez 11 ikasle egon behar dira.

2.2.- Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak:

2.2.1.- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

Gaur egun etapa honetako hezkuntza-eskaintza duten ikastetxeetan, 17 ikasle beharko dira gutxienez ikastalde bat osatzeko.

Ikastetxe batzuek, etapa hau ez badute ematen eta lehen aldiz eskaini nahi badute, irakasmaila bakoitzean bi ikastalde izan beharko dituzte, denbora-proiekzio gisa.

2.2.2.- Batxilergoa.

Irakaskuntza hauek eskaintzen dituzten ikastetxeetan batxilergo-modalitate jakin bateko ikastalde bat osatu ahal izateko, 17 ikasle beharko dira gutxienez, hizkuntza-eredu berekoak. Salbuespen gisa, kasu bereziak badaude, Ikastetxeen Zuzendaritzak baimendu beharko ditu espresuki.

Hizkuntza-eredu jakin bateko ikastalde bakarra badago eta hizkuntza-arazoengatik ezinezkoa bada bi hizkuntza-eredu ezberdinetako ikasleak elkartzea, modalitate bakoitzean eredu horretako 10 ikasle egotea eskatuko da gutxienez. Hori horrela izanik, modalitate batzuetako ikasleak elkartuta ikastalde bat osatu nahi bada, gutxienez hezkuntza-eredu bereko 20 ikasle egon beharko dira.

Ikastetxe batzuek, irakaskuntza hauek ematen ez badituzte eta lehen aldiz eskaini nahi badituzte, irakasmaila bakoitzean bi ikastalde izan beharko dituzte, denbora-proiekzio gisa.

2.2.3.- Lanbide Heziketa.

Espezialitate jakin batean ikastaldea osatu ahal izateko, gutxienez 10 ikasleko kopurua osatu beharko da.

2.2.4.- Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak.

Ikastaldea osatu ahal izateko, gutxienez 10 ikasleko kopurua osatu beharko da.

B.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpekoak ez diren ikastetxe publikoak:

Ikastalde bakoitzeko gutxieneko ikasle-kopurua indarrean dagoen araudiari eta erakunde publikoek dituzten eskumenen arabera hartzen dituzten erabakiei egokituko zaie.

IV. ERANSKINA

IKASGELAKO IKASLEEN RATIOA

Itunpeko ikastetxe pribatuak.

Haur Hezkuntza (lehen zikloa):

- 0 urtekoen ikasgelak: 8 ikasle.

- Urte batekoen ikasgelak: 13 ikasle.

- 2 urtekoen ikasgelak: 18 ikasle.

Irakaskuntza Gehienezko ratioa Gutxienezko ratioa

Haur Hezkuntza (bigarren zikloa) 25 17

Lehen Hezkuntza 25 17

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 30 17

Batxilergoa 35 18

Lanbide Heziketa 25 12

Gizarte Garantia-Lanbide Hastapena 15 10


Azterketa dokumentala