Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2008ko abenduaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
7238

218/2008 DEKRETUA, abenduaren 23koa, Euskal Finantza Erakundearen Estatutuak onartzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2008ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu dituen abenduaren 28ko 15/2007 Legeko zazpigarren xedapen gehigarriaren bidez Euskal Finantza Erakundea eratu da. Erakunde hori zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa eratu da. Berezko nortasun juridikoa eta bere helburuak betetze aldera jarduteko gaitasun osoa du. Finantzen esparruan eskudun den sailari dago atxikita.

Aipatutako xedapenaren 2. paragrafoarekin bat etorriz, Euskal Finantza Erakundeak zuzenbide pribatuko erakunde publikoei aplikatu behar zaizkien legezko xedapenak (xedapen honetan ezarritako berezitasunei dagokienez izan ezik) eta estatutuak izango ditu aginduzko. Izan ere, estatutu horiek Eusko Jaurlaritzak onartu beharko ditu, dekretu bidez, finantzen esparruan eskudun den sailak proposamena egin ostean. Era berean, 4. paragrafoarekin bat etorriz, Euskal Finantza Erakundeko gobernu-organo gisa jardungo dute Administrazio Kontseiluak, Zuzendaritza Nagusiak eta estatutuetan ezartzen diren gainerakoek. Estatutuek honako hauek arautuko dituzte: erakundearen eginkizunak, osaketa, kideen izendapena, egoitza, egitura organikoa eta funtzionatzeko araubidea.

Hori dela bide, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak proposatuta eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko abenduaren 23an eztabaidatu eta onartu ostean, hauxe,

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Euskal Finantza Erakundearen estatutuak onartu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2008ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu dituen abenduaren 28ko 15/2007 Legeko zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa garatuz. Horretarako, hain zuzen, dekretu honen eranskineko testua bete da.

XEDAPEN GEHIGARRIA.- Jarduerak hastea.

Euskal Finantza Erakundeak dekretu hau indarrean jartzen denean ekingo die dagozkion jarduerei.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren egitura eta eginkizunak ezarri dituen otsailaren 28ko 42/2006 Dekretua aldatzea.

Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren egitura eta eginkizunak ezarri dituen otsailaren 28ko 42/2006 Dekretuko 2. artikuluaren 4. paragrafoa aldatu da, eta e) idatz-zatia gehitu zaio paragrafoari. Idatz-zati berriaren idazketa:

«e) Euskal Finantza Erakundea izeneko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, Ogasun eta Finantza Sailburuordetzaren bitartez».

Bigarrena.- Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

EUSKAL FINANTZA ERAKUNDEAREN

ESTATUTUAK ONARTU DITUEN DEKRETUAREN ERANSKINA

I. KAPITULUA

IZAERA, EGOITZA ETA JARDUTEKO EREMUA

1. artikulua.- Izaera, atxikipena eta araubide juridikoa.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko 2008ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu dituen abenduaren 28ko 15/2007 Legeko zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera, Euskal Finantza Erakundea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da eta finantzen arloan eskuduna den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Sailari dago atxikita, berezko nortasun juridikoa du eta erakundea sortzeari buruzko legeak, estatutu hauek eta indarrean dauden gainerako legeek esleitu dizkioten xede eta helburuak betetze aldera jarduteko gaitasun osoa du.

2.- Euskal Finantza Erakundeak kanpoko harremanetan, oro har, aplikatu behar zaizkion zuzenbide zibileko, merkataritza zuzenbideko eta lan zuzenbideko arauak betetzen ditu. Salbuespen gisa, alabaina, botere publikoez baliatzea dakarten egintzetan zuzenbide publikoa bete behar da.

3.- Erakundeari aplikatu behar zaion araubide juridikoan honakoek ezarritako arauak sartzen dira: Euskal Autonomia Erkidegoko 2008ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu dituen abenduaren 28ko 15/2007 Legeko zazpigarren xedapen gehigarriak, estatutu hauek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoei aplikatu behar zaizkien lege eta xedapen orokorrak.

2. artikulua.- Egoitza eta jarduteko eremua.

1.- Euskal Finantza Erakundeak Bilboko udalerrian du egoitza nagusia; hori gorabehera, Administrazio Kontseiluak ezartzen duen beste edozein lurralde eremutan ere izan ditzake bulegoak.

2.- Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoan jardungo du.

II. KAPITULUA

HELBURUA ETA EGINKIZUNAK

3. artikulua.- Helburua.

Euskal Finantza Erakundearen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren finantza politikarako eta kreditu publikorako bitarteko gisa jardutea.

4. artikulua.- Eginkizunak.

1.- Euskal Finantza Erakundeak, dituen xedeak burutze aldera, eginkizun hauek gauzatu ahal izango ditu:

a) Diruzaintza eta finantza kudeaketa zerbitzuak ematea eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren eta horren menpeko erakundeen zorpetzeari lotutako lanak gauzatzea, finantzen esparruan eskuduna den sailak ezarritakoa betez betiere.

b) Kredituak, abalak eta bestelako kauzioak eman edo bideratzea erakunde autonomoen, korporazio publikoen eta enpresa publiko eta pribatuen izenean, baina aurrekontuei buruzko urteko legeetan ezarritako mugak zainduz.

c) Sozietate kapitalean edo fundazioaren zuzkiduran parte hartzea, edo finantza laguntza ematea finantzei lotuta ez dauden enpresak finantzatzen edo sustatzen laguntzen duten sozietate edo fundazioei eta, bereziki, elkarren bermerako sozietateei, finantza merkatuetan jarduten duten erakundeei edo antzekoei.

d) Sustapenerako finantzaketa bideratu eta kontrolatzea. Horretarako, finantzei lotuta ez dauden enpresek bere kapitalean parte hartuko dute edo bestelako finantzaketa egingo da, Eusko Jaurlaritzak onartutako sektore politiken esparruan.

e) Finantzen esparruko aholkuak ematea eta txostenak egitea Jaurlaritzaren Kontseiluari edo finantzen esparruan eskudun den sailari, horrelakorik eskatu dutenean edo bere ekimenez.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren ordezkari gisa jardutea Eusko Jaurlaritzak edo finantzen esparruan eskudun den sailak agindu dizkion finantzei eta kredituei buruzko gaietan.

g) Legeek, estatutu hauek edo beste arau batzuek ezartzen dizkioten eginkizunak edo Jaurlaritzaren Kontseiluak nahiz finantzen esparruan eskudun den sailak agintzen dizkiotenak, betiere bere eskumenen esparruan.

2.- Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez esleituko zaizkio erakundeari dagozkion eginkizun eta eskumenak; dekretu horretan, gainera, horien edukia eta ahalmen-esparrua zehaztuko dira.

3.- Euskal Finantza Erakundea, Arlo Publikoaren Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legeko 24.6 artikuluan xedatutakoren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren baliabide propio eta zerbitzu teknikotzat jo behar da. Finantzen eremuan eskumena duen Sailak erakundeari eska diezaioke bere helburuarekin lotutako azterlanak eta jarduerak burutzeko; eta erakundeak hala jardun beharko du, gomendioa egiten duenak bere aldetik ezarritako jarraibideekin bat. Ekonomiaren eta finantzen mailako askitasun irizpideak erabiliz Euskal Autonomia Erkidegoko sail eskudunak —zeinari atxikita dagoen erakundea- ezarritakoa erreferentzia modura hartuta ordainduko dira.

III. KAPITULUA

GOBERNU ORGANOAK

1. ATALA

XEDAPEN OROKORRA

5. artikulua.- Gobernu organoak eta egitura organikoa.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko 2008ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu dituen abenduaren 28ko 15/2007 Legeko zazpigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, Euskal Finantza Erakundeak honako gobernu organoak izango ditu:

a) Administrazio Kontseilua.

b) Zuzendaritza Nagusia.

2.- Halaber, Euskal Finantza Erakundeak Aholku Kontseilu bat ere izango du, zeinaren helburua Administrazio Kontseiluari aholkuak eman eta horrek egindako kontsultei erantzutea baita.

3.- Euskal Finantza Erakundearen Administrazio Kontseiluko eta Aholku Kontseiluko partaideen aukeraketan eta izendapenean emakumezkoen eta gizonezkoen arteko orekari eutsiko zaio ahal dela, zeintzuk gaitasun, ahalmen eta prestakuntza egokiak izan beharko dituzten, Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko 23. artikuluan xedatukoaren arabera.

4.- Administrazio Kontseiluak onartu behar ditu erakundearen barne antolaketa eta hor egindako aldaketak, zuzendari nagusiak proposamena egin ostean.

2. ATALA

ADMINISTRAZIO KONTSEILUA

6. artikulua.- Osaketa.

1.- Administrazio Kontseilua erakundearen gobernu organo nagusiena da. Kontseiluko kideak:

a) Kontseiluburua: finantzen esparruan eskuduna den sailburua.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezko gisa jardungo duten lau kontseilukide. Sailburuen maila izango dute eta Eusko Jaurlaritzak izendatuko ditu; horietariko hiru finantzen esparruan eskudun den sailburuak proposatuko ditu eta bestea industria eta ekonomia sustatzeko esparruan eskudun den sailburuak.

2.- Administrazio Kontseiluko idazkariak hizpidea izango du baina ezin izango du botorik eman; kontseiluburuak izendatuko du erakundeko langileen artean.

3.- Erakundeko zuzendaria kontseiluak egindako bileretara joango da; hizpidea izango du baina ezin izango du botorik eman.

7. artikulua.- Kontseiluburua.

1.- Administrazio Kontseiluko burua erakundeko burua ere izango da.

2.- Euskal Finantza Erakundeko Administrazio Kontseiluko buruaren eginkizunak:

a) Organoaren ordezkari nagusia izatea.

b) Kontseiluaren ohiko edo ezohiko bileren deialdia egitea eta bileretarako gai-zerrenda ezartzea.

c) Kontseiluaren bileretan buru aritzea, eztabaidak zuzentzea eta, oro har, bilerak ondo burutzeko behar diren ahalmenak erabiltzea.

d) Berdinketak bere kalitateko botoarekin ebaztea.

e) Kontseiluak egindako bileretara beste pertsona batzuk ere joan daitezen baimentzea, bertan jorratuko diren gaiak kontuan hartuta hori egokia dela uste duenean.

f) Kontseiluaren aktak eta erabakien ziurtagiriak ikusi eta onestea.

g) Kontseiluko buru izateak berez dakartzan gainerako eginkizunak betetzea.

3.- Erakundearen Administrazio Kontseiluko burua ez badago, finantzen arloan eskumena duen Saileko ordezkaria den bokalak gidatuko ditu organo horretako bilerak.

8. artikulua.- Eskumenak.

Administrazio Kontseiluak hurrengo eskumenak izango ditu:

a) Urtero zehaztea erakundearen jardun orokorrak, Eusko Jaurlaritzak emandako arauak betez.

b) Erakundearen aurrekontuko aurreproiektua onartzea.

c) Erakundeak aurkeztu behar dituen kontuak onartzea, finantza kontrolaren ondorioetarako.

d) Erakundearen urteko jardueren memoria onartzea.

e) Erakundeko barne antolaketa, plantila eta, hala dagokionean, lanpostuen zerrenda onartzea; horretarako, Zuzendaritza Nagusiak proposamena egingo du eta funtzio publikoan eskudun den organoak txostena emango du.

f) Erakundera sartzeko proben deialdia onartzea, deialdi horien ezaugarriak finkatzea eta langileak hautatu eta onartzeko aintzat hartu behar diren irizpideak ezartzea; horretarako, Zuzendaritza Nagusiak proposamena egingo du eta funtzio publikoan eskudun den organoak txostena emango du.

g) Erakundeko langileen ordainsaria onartzea; horretarako, Zuzendaritza Nagusiak proposamena egingo du eta EAEko administrazioko langileei oro har aplikatu behar zaien araudia beteko da.

h) Erakundeak emango dituen kreditu, abal eta bestelako kauzioen eragiketen ezaugarriak eta baldintza orokorrak zehaztea.

i) Erakundearen zorpetze programa ezartzea.

j) Beste finantza erakunde publiko eta pribatuekin egingo diren finantzaketarako hitzarmenak edo finantza lankidetzarako hitzarmenak baimentzea.

k) Merkataritza sozietateen, kooperatiben edo fundazioen hasierako kapital edo dotazioan parte hartzea eta enpresaren ondarea erosi eta besterentzeko erabakia hartzea, aldez aurretik indarreko arauetan exijitutako baimena lortuz, hala behar bada.

l) Finantza eta kredituei lotutako gaietan Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren ordezkari izango diren pertsonak izendatzea, baldin eta horrela xedatzen bada edo Eusko Jaurlaritzak nahiz finantzen esparruan eskuduna den sailak agintzen badu.

m) Kontratazio organoari dagozkion eskumena esleitu eta horietaz baliatzea arlo publikoko kontratuen legea edo ondare legea bete behar duten kontratuetan, betiere horien eskumena ez bazaio zuzendari nagusiari izendatu.

9. artikulua.- Funtzionatzeko araubidea.

1.- Administrazio Kontseilua dagozkion eginkizunak burutzeko behar beste aldiz bilduko da. Edonola ere, hiru hilerik behin bilduko da gutxienez.

2.- Administrazio Kontseiluaren bilerak behar bezala eratuta egoteko honakoak bertaratu behar dira: kontseiluburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kontseilukideen erdia baino gehiago. Nolanahi ere, eta deialdiaren baldintzak bete ez arren, Kontseilua behar bezala eratu dela ulertuko da kontseilukide guztiak bertaratu eta aho batez erabakitzen dutenean behar bezala eratuta dagoela.

3.- Kontseilu Nagusiaren eztabaidak isilpekoak izango dira.

4.- Erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilaz hartuko dira, gehiengo kualifikatua behar dela berariaz ezartzen denean izan ezik. Kontseiluburuak berdinketak ebazteko kalitateko botoa izango du.

5.- Bilera guztien akta egingo da. Aktetan honakoak jasoko dira: nortzuek azaldu diren, bilera non eta noiz egin den, aztertu diren gai nagusiak, bozketa-moduak, bozketen emaitzak eta erabakien edukia. Aktak idazkariak sinatuko ditu, kontseiluburuak ontzat emanik, eta bilera berean zein hurrengoan onetsiko dira.

6.- Administrazio Kontseiluak, xedapen hauetan ezarritakoez gain, funtzionamendurako beste arau batzuk ere hartu ahal izango ditu.

3. ATALA

ZUZENDARITZA NAGUSIA

10. artikulua.- Izendapena.

1.- Eusko Jaurlaritzak izendatuko du erakundeko zuzendari nagusia, finantzen esparruan eskudun den sailburuak proposamena egin ostean eta Administrazio Kontseilua entzun ondoren.

2.- Zuzendari nagusiaren lanpostua denbora osokoa da; lanpostu horri, gainera, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendariei dagokien estatutua arautzeko otsailaren 23ko 130/1999 Dekretuan ezarritakoa aplikatuko zaio.

11. artikulua.- Eskumenak.

1.- Zuzendaritza Nagusia kide bakarreko organoa da. Berak du zuzendaritza nagusia; Euskal Finantza Erakundeak dituen eginkizunak koordinatu, sustatu eta ikuskatzen ditu eta berari dagokio egunero erakundearen jarduerak burutzea, administrazioa eta kudeaketa gauzatze aldera. Horretarako, dena den, Administrazio Kontseiluak ezarritako mugak eta adierazitako arauak beteko ditu.

2.- Administrazio Kontseiluak bere esku utzi ditzakeen beste eskumen batzuk alde batera utzita, zuzendari nagusiak honako eginkizunak izango ditu:

a) Erakundearen izenean sinatzea.

b) Aurrekontua betetzeari buruzko kontuak ematea Administrazio Kontseiluari.

c) Erakundearen urteko jarduketa programa, aurrekontuen aurreproiektua, ekitaldiko finantza egoerak eta jarduketen memoria lantzea. Gero, Administrazio Kontseiluari bidaliko dizkio honek onets ditzan.

d) Erakundearen administrazio arauak bete eta betearaztea, baita Administrazio Kontseiluaren erabakiak ere.

e) Gastuak baimentzea eta ordainketak agintzea; arlo publikoko kontratu legeen edo ondare legeen menpeko kontratuetan kontratazio organoari dagozkion eskumenak esleitu eta horietaz baliatzea, betiere horien balio estimatua 5.000.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada, eta enpresaren ondarea esleitzea eta besterentzea salbuetsiz.

f) Erakundeko zerbitzu eta bulego guztien jarduketa zuzendu eta ikuskatzea.

g) Erakundeko barne antolaketa eta langileen plantila onartu dadin proposatzea.

h) Erakundera sartzeko proben deialdiak eta horien ezaugarriak proposatzea eta, horretaz gain, langileak aukeratzeko irizpideak ezarri eta lanpostuak betetzeko prozedurak ebaztea.

i) Erakundeko langileen buru gorena izatea, eta horien diziplina araubidea betetzea.

j) Kreditu, abal eta bestelako kauzioen eragiketak onartzea, Administrazio Kontseiluak ezarritako mugak betez betiere.

k) Legez ezarrita dauden edo Jaurlaritzaren Kontseiluak nahiz finantzen esparruan eskumena duen sailak jaso behar dituen irizpenak eta txostenak prestatzea.

l) Jaurlaritzaren Kontseiluak edo finantzen esparruan eskumena duen sailak Euskal Finantza Erakundeari esleitu dizkion edo haren esku utzi dituen eskumen guztiak erabiltzea, baldin eta eskumen horiek Administrazio Kontseiluari esleitu ez bazaizkio.

m) Lankidetza hitzarmenak sinatzea erakunde publiko eta pribatuekin, erakundeari agindu zaizkion eginkizunak hobeto betetzeko.

n) Euskadiko ondareari buruzko Legearekin bat etorriz, erakundeak dituen eta beste organo bati esleitu ez zaizkion eskumenak erabiltzea.

o) Erakundearen ohiko kudeaketa eta administraziorako beharrezkoak diren bestelako eginkizunak, baldin eta Administrazio Kontseiluari esleitu ez bazaizkio.

3.- Erakundeko Zuzendaritza Nagusiko titularra hutsik egotea, ez egotea edo gaisorik izatea gertatuz gero, bere eskumenak Administrazio Kontseiluko buruak edo horri eskuordetutako pertsonak beteko ditu egoera horrek dirauen artean eta, betiere, ez badira eskuordetu egoera hori baino lehen.

4. ATALA

AHOLKU KONTSEILUA

12. artikulua.- Osaketa.

1.- Euskal Finantza Erakundearen Aholku Kontseilua honakoek osatuko dute:

a) Kontseiluburua. Administrazio Kontseiluko buruak hartuko du kargu hori, edo, bere ordez, berak izendatzen duenak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sei bokal, honen ondoren aditzera ematen diren esparruetan eskumena duen sail bakoitzeko ordezkari bat: finantzak, ogasuna, industri sustapena, etxebizitza, kultura eta nekazaritza. Eusko Jaurlaritzak izendatuko ditu ordezkari horiek, dagokion sailburuak proposamena egin ostean.

c) Eusko Jaurlaritzak izendatuko dituen kide bi, finantzen esparruan eskuduna den sailburuak proposatu ondoren. Jaurlaritzak finantzen, ekonomiaren, gizartearen eta unibertsitatearen munduan gaitasun, ospe eta esperientzia handia duten pertsonen artean aukeratuko ditu bi kide horiek. Horien kargua lau urterakoa izango da, baina berritu ahal izango da. Kargua doakoa izan arren, sortzen zaizkien gastuak ordaindu egingo zaizkie.

2.- Erakundeko zuzendari nagusiak Aholku Kontseiluko idazkari gisa jardungo du; hizpidea izango du baina ezin izango du botorik eman.

13. artikulua.- Eskumenak.

Aholku Kontseiluak ondorengoak aztertu, proposatu edota horien gaineko txostena emateko eskumena izango du:

a) Erakundeak emango dituen kreditu, abal eta bestelako kauzioen eragiketen ezaugarriak eta baldintza orokorrak.

b) Erakundearen zorpetze programa, Administrazio Kontseiluak zehaztu dituen jarduteko ildo orokorren barruan.

c) Beste finantza erakunde publiko eta pribatuekin egingo diren finantzaketarako hitzarmenak edo finantza lankidetzarako hitzarmenak.

d) Administrazio Kontseiluak bere esku uzten duen beste edozein gai.

14. artikulua.- Funtzionatzeko araubidea.

1.- Aholku Kontseilua dagozkion eginkizunak burutzeko behar beste aldiz bilduko da.

2.- Bileren deialdiei, horien baliozkotasunari, bertan hartutako eta egindako erabaki eta akten baliozkotasunari eta bileretan eztabaidatzen diren gaien isilekotasunari buruz Administrazio Kontseiluari ezarri zaizkion arau berberak aplikatuko zaizkio Aholku Kontseiluari.

IV. KAPITULUA

LANGILEAK ETA EKONOMIA ETA ONDAREAREN ARAUBIDEA

15. artikulua.- Euskal Finantza Erakundeko langileak.

1.- Berariaz kontratatutako pertsonek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko edo horren menpeko erakundeetako langileek beteko dituzte Euskal Finantza Erakundeko lanpostuak, lanpostu bakoitzari esleitu zaizkion eginkizunak kontuan hartuta. Erakundean lan egiteko kontratatzen diren pertsonen kasuan lan zuzenbidea izango da aginduzko.

2.- Langileak kontratatzeko, erakundearen Administrazio Kontseiluak ezarri eta deitutako onarpen probak egingo dira. Horietan, hain zuzen, publizitatearen, berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak beteko dira.

16. artikulua.- Ondarearen araubidea.

1.- Erakundearen ondarea Euskadiko ondarean sartzen da. Izan ere, titular gisa dagozkion ondasun eta eskubideen multzoak osatzen du erakundearen ondarea, Euskadiko ondareari buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onetsia) ezarritakoarekin bat etorriz.

2.- Euskal Finantza Erakundeari —titular gisa dituen eta atxikita dituen— ondasun eta eskubideen eskumenak dagozkio, Euskadiko ondareari buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onetsia) ezarritakoarekin bat etorriz.

3.- Erakundeari atxikitako ondasun eta eskubideen gainean jarraipena egingo da, horien ondare-kontabilitatearen bitartez. Halaber, erakundea lankidetzan arituko da Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organo eskudunarekin inbentario orokorra eta merkataritza sozietateen kapitaleko akzioen eta errepresentazio tituluen inbentario laguntzailea gauzatzeko.

17. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

Euskal Finantza Erakundeak ondorengo baliabide ekonomikoak ditu bere eginkizunak betetzeko:

a) Erakundearen hasierako zuzkidura, gehi gizarte funtsean egiten diren gehikuntzak.

b) Urtero Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ezartzen diren esleipenak.

c) Beste administrazio publiko batzuen diru-laguntzak eta ekarpenak, eta erakundearen alde egindako dohaintzak.

d) Bere ondarean sartzen diren ondasun eta eskubideen ondoriozko diru-sarrerak eta bere jardueren ondoriozko diru-sarrerak (arruntak eta apartekoak).

e) Beste finantza erakunde publiko nahiz pribatu batzuen ekarpenak. Horiek legeen bidez ezarri daitezke edo, bestela, erakundearekin egindako finantza hitzarmenen edo finantza lankidetzarako hitzarmenen bidez.

f) Errenta finkoko balioen igorpenak edo zorpetzeari lotutako bestelako eragiketak, eta erakundearen aktiboen eta pasiboen kudeaketa integralaren ondoriozko baliabideak, bereziki kredituen erabileraren ondoriozkoak. Hori guztia, betiere, aktiboen titulartasunari buruzko araudia betez. Era berean, arestian aipatutakoez bestelako finantza eragiketen ondoriozkoak, erakundearen xedearekin bat badatoz.

g) Esleitu ahal zaizkion bestelako baliabideak.

18. artikulua.- Aurrekontu eta finantza araubidea.

1.- Euskal Finantza Erakundeak urtero prestatu eta onartzen du aurrekontuen aurreproiektua eta Eusko Jaurlaritzari bidaltzen dio, modu beregainean Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan txertatze aldera, EAEko aurrekontu araubidea arautzen duten legeen arabera.

2.- Euskal Finantza Erakundeak kredituak, abalak eta bestelako kauzioak eman edo bideratu ahal izango ditu erakunde autonomoen, korporazio publikoen eta enpresa publiko eta pribatuen izenean, baina aurrekontuei buruzko urteko legeetan ezarritako mugak zainduz.

3.- Erakundeak edozein motatako bermeak eman ahal izango ditu finantza eragiketetarako, berdin da zein den horiek bideratzeko modalitatea.

4.- Euskal Finantza Erakundearen ondarearen gaineko betebeharrek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren bermea dute, Ogasun Nagusiaren baldintza berberetan.

19. artikulua.- Kontrol ekonomikoaren eta kontabilitatearen araubidea.

1.- Euskal Finantza Erakundearen kontrol ekonomikoa kontrol ekonomiko-finantzarioaren eta kudeaketa iraunkorraren bidez gauzatuko da, Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legean eta hori garatzeko arauetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.- Erakundeak ekonomia eta finantzei buruzko bere informazioa izango du eta Kontabilitate Plan Orokorreko irizpideak betez jasoko du. Horretaz gain, ekonomia eta finantzei buruzko informazio horrek ezinbestean beteko du Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak gai horri buruz zuzenbide pribatuko erakunde publikoei ezarritakoa, baita xede berarekin Kontrol Ekonomikoko Bulegoak emandako arauak ere.

20. artikulua.- Jarduteko arauak.

1.- Euskal Finantza Erakundearen jarduerak, bere eginkizunak betez, finantza politikari eta kreditu publikoari buruz Eusko Jaurlaritzak edo finantzen arloan eskumena duen sailak ezarritako jarraibide orokorrak bete beharko ditu, eta sustapenari eta suspertzeari lotutako arlo politiketan —Eusko Jaurlaritzak onartutakoetan— aurreikusitakoari egokituko zaio.

2.- Erakundearen organoetako kideek ezingo dute, aginte-aldian zehar, euren finantza erakunde pribatuekin edo erakundearen eskumen edo eginkizunekin zerikusirik duten entitateekin lotutako jarduera profesionalik.

3.- Erakundearen organoetako pertsonalak eta kideek —baita euren eginkizunak utzi ondoren ere— karguez edo eginkizunez baliatzerakoan jaso dituzten informazioak —izaera erreserbatutakoak— isilpean gorde beharko dituzte.

4.- Euskal Finantza Erakundeak euskararen eta gaztelaniaren erabilera bermatuko du erakundez kanpoko harremanetan. Pertsona fisiko eta juridikoei, halaber, euren arteko harremanetan —ahozkoetan zein idatzizkoetan— euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie, baita zerbitzua bi hizkuntzotan eskaintzekoa ere.


Azterketa dokumentala