Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2008ko abenduaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun Saila
7151

AGINDUA, 2008ko abenduaren 9koa, Osasun sailburuarena, itundu gabeko terapia-elkarteetan toxikomaniak sendatzeko 2009ko diru-laguntzetarako deia egiten duena.

Drogamenpekotasunen alorreko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeak toxikomania gaixotasuntzat jotzen du; gainera, horren gaineko laguntza-tratamendua Administrazioaren zeregina dela ezartzen du, hain zuzen, bai sare publikoan bai ekimen pribatuetan dauden baliabideak koordinatuz drogazaleari gainerako biztanleei eskaintzen zaien arreta berbera bermatzeko, osasun- eta gizarte-alorrekoa, alegia.

Halaber, Legearen 30.2 artikuluan jasotzen denez, Administrazio Publikoak diru-laguntzak eman ahal izango ditu, indarreko legeriarekin bat.

Azken ekitaldietako deialdien kudeaketan hartutako esperientziak zera gomendatzen du: 2009ko ekitaldiari dagokion deialdia bideratzeko, 2007ko apirilaren 26ko Aginduak (Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa) arautzen duen gastu-espedienteak aldez aurretik izapidetzeko erregimenari heltzea.

Azaldutakoaren ondorioz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Helburua.

1.- Drogazaleei bideratutako banakako diru-laguntzetarako deia egiten da 2009. urterako, toxikomaniaren alorrean, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko eremu administratiboan jarduera terapeutikoak burutzen dituzten itundu gabeko zentroetan izandako desintoxikazio eta ohitura kentzeko tratamenduetako gastuak finantzatzeko.

2.- Onuradunari laguntzak emateko edo, hala badagokio, laguntza emateko, derrigorrezkoa da tramitazioan dagoen itzulera-prozedurarik edo zehapen-prozedurarik ez izatea eta, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan hasi eta egotea ere.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

Agindu honetan aipatzen diren laguntzetarako, 2009ko ekitaldian, ehun eta hogeita hiru mila eta seiehun (123.600,00) euro bideratzen dira.

3. artikulua.- Laguntza ukatzeko irizpide orokorrak.

1.- Eskabidea egin aurretik terapia-elkarte batean sartu izanak eskabidea ezestea ekarriko du.

2.- Toxikomanien alorrean jarduerak burutzen dituzten itundu gabeko zentroetan izandako desintoxikazio/ohitura kentzeko tratamenduak osagarriak izango dira Osakidetzaren beraren baliabideekiko edo Osasun Sailak ituntzen dituen baliabideekiko.

4. artikulua.- Laguntzaren zenbatekoa eta berau ordaintzeko era.

1.- Erabakitzen den diru-laguntzaren zenbatekoak baremoa hau izango du: tratamenduaren hilabete bakoitzeko zazpiehun (700,00) euro, eta gehienez bederatzi hilabeteko iraupena izango du.

2.- Toxikomania jasaten duten pertsonei emandako laguntzen diru-zenbatekoak hauen ordezkotza duten senitartekoei edo tutoretzaz arduratzen direnei emango zaie.

3.- Diru-laguntzaren zertarakoa bermatzeko beste biderik ez badago, eta betiere agindu honetako 10.1 artikuluan aurreikusten den batzordeak egoki baderitzo, diru-laguntzaren zenbatekoa terapia-elkarteari berari ordainduko zaio artez, gaixoa bertan dagoen bitartean.

4.- Agindu honetan aurreikusten diren diru kopuruak 2009rako, horretarako beren-beregi Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan ezarritako partidatik etorriko dira, eta aurrekontu horietan mugatutakoari egokitu beharko zaizkio. Beraz, laguntzotarako jarritako zenbatekoa agortzen denean, ez da laguntzarik ematerik izango eta une horretatik aurrera xedapen honen indarra eten egingo da. Gorabehera hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

5. artikulua.- Laguntzaren luzamendua.

Agindu honetan aipatzen den batzordeak ahalmena izango du, soilik aparteko kasuetan eta toxikomania jasaten duen gaixoaren gainbehera larria aztertu ondoren, agindu honetan ezarritako epeak alde batera utzita, beste diru-laguntza bat bideratzeko.

6. artikulua.- Laguntzaren bateraezintasuna.

Diru-laguntza hauek jasotzen dituztenek ezingo dute Administrazio Publikotik helburu berbereko beste inolako laguntzarik jaso.

7. artikulua.- Terapia-elkarte hartzaileen baldintzak.

1.- Diruz lagundutako gaixoak hartzen dituzten terapia-elkarteek ezinbestez bete beharko dute Osasun sailburuaren 1988ko martxoaren 30eko eta 1992ko azaroaren 9ko aginduetan xedatutakoa, hau da, drogazaleen sorosketarako zentroak irekitzeko eta jardunean jartzeko administrazio eta osasun arloko baimenari eta horretarako eskatutako betebeharrei buruzkoa.

2.- Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden terapia-elkarteek, tokian-tokian, zeinek bere lurraldean zentroei buruz indarrean dauden baimenak eta araudiak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute.

3.- Toxikomaniak sendatzeko zentroek, beren autonomia erkidegoan irekitzeko eta jarduteko administrazio eta osasun arloko baimenik ez badute, egiaztatu beharko dute, Osasun Saileko Osasun Publikorako Zuzendaritzak emandako txosten arrazoituaren bidez, terapia-laguntzarako egitura aski baten jabe direla.

8. artikulua.- Eskaria eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.- Agindu honetako I. eranskinean agertzen den inprimakia beteaz egingo da eskabidea; inprimaki hori barik, ezaugarri berberak dituen beste bat ere bete ahal izango da.

2.- Tratamenduaren finantzazioa diruz laguntzeko eskabidearekin batera, zeinetan gaixoak bere borondatez terapia-programa betetzeko hitza emango baitu, honako agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea egiten den datan, gaixoak bertan gutxienez bi urte daramala bizitzen egiaztatzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko tokian tokiko udalaren agiria.

b) Osakidetzako mediku espezialistak egindako txosten medikoa, honako puntu hauek jasoko dituena:

- Gaixoaren aurrekariak, bilakaera klinikoa, egoera organikoa eta aurretik jaso dituen tratamenduak.

- Gaixoa itundu gabeko terapia-elkarte edo zentro batean desintoxikatzeko eta ohitura kentzeko programan sartzeko eskabidea zergatik egiten den.

- Proposatzen den terapia-elkartea.

c) Osakidetzako gizarte-laguntzaile batek egindako gizarte-txostena.

d) Eskabidea egiten duenaren eta, 4 artikuluaren arabera, diruz lagunduko den pertsonaren NANen fotokopiak.

e) Familiaren diru-sarrerak egiaztatzen dituen agiria (azken ekitaldiko errenta-aitorpenaren fotokopia, edo edozein erakundek egindako agiria, non familiaren urteko diru-sarrerak adierazten diren).

f) Xede horretarako beste diru-laguntzarik jasotzen ez duela adierazten duen zinpeko aitorpena.

g) «Datuen alta/hirugarren interesduna» izeneko agiria, laguntza-jasotzailearen banku-datuak jasoko dituena, zeina agindu honetako II. eranskineko inprimaki normalizatuan ageri baita.

Agiri horietaz gainera, eskatzaileak egoki deritzen agiri osagarriak ere aurkeztu ahalko ditu.

9. artikulua.- Eskabidea aurkezteko epea eta lekua.

Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Publikorako zuzendariari zuzendu beharko zaizkio, eta aurkeztu, Osasun Sailaren bulegoetan aurkeztu ahal izango dira (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), hilero, lehenengo egunetik hamabosgarren egunera bitartean.

Horretaz gainera, eskabideak aurkeztu ahal izango dira, baita ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako prozeduretako edozeinen bidez.

10. artikulua.- Ebazpena.

1.- Osasun Sailaren Osasun Publikorako zuzendariaren banan-banako ebazpenez emango dira diru-laguntzak, Osasun sailburuordeak berariaz izendatutako batzorde baten proposamena jaso ondoren. Batzorde horretako kideak honakoak izango dira: Osasun Sailaren Osasun Publikorako Zuzendariordetzako ordezkari bat, Laguntza Psikiatrikoko eta Osasun Mentaleko arduraduna eta Osasun Mentaleko teknikari bat, azken biak Osakidetzakoak.

2.- Agindu honen arabera formulatutako laguntza-eskaerak ebazteko topeko epea hiru hilabetekoa da. Epea igaro eta interesatuari ebazpen adierazirik komunikatu ez bazaio, eskaera baietsitzat joko da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan ezarrita dauden ondorioetarako, Administrazioak espresuki ebazteko obligazioaren kalterik gabe.

3.- Diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eman edo ukatu, Osasun Sailaren Osasun Publikorako zuzendariaren ebazpen horren aurka errekurtso arrunta aurkeztu ahalko zaio Osasun sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazten denetik, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera.

11. artikulua.- Esleipen-irizpideak.

Laguntzak ematerakoan, batzordea irizpide orokor hauetan oinarrituko da:

a) Laguntza eskatzen duen pertsonaren drogamenpekotasunaren eta egoera organikoaren bilakaera.

b) Familia- eta gizarte-giroa; batez ere, familiako erantzukizunak edo aparteko zailtasunak dituzten emakumeen kasuan.

c) Familiaren errenta-maila.

d) Drogamenpekotasuna, terapien bitartez, bertako zein itundutako baliabideekin tratatzeko ezintasuna.

e) Desintoxikatzeko antzeko programetan egon izana.

f) Proposatu den terapia-elkartearen laguntza eta teknika aldeko bermea.

12. artikulua.- Laguntza eman zaion pertsonaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek nolanahi ere ondoren adierazten direnak bete beharko dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartu beharko dute. Hori dela-eta, diru-laguntza esleitu egin zaiola jakinarazten dion adierazpena jaso eta hamabost eguneko epearen barruan, diru-laguntzaren onuradunek berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza jasotzeko adierazi den helbururako eta ez beste ezertarako erabili beharko du.

c) Deialdi honen bidez emandako diru-laguntzen arta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren eginkizuna denez, jasotako diru-laguntzei buruz beraiek eskatutako argibide guztiak eman beharko zaizkie. Erakunde horiek ezin izango dute inola ere eskuratu pertsona onuradunaren espediente medikoa.

13. artikulua.- Ordaintzeko era.

Diru-laguntza honela ordainduko da:

a) Lehenengo hilekoa, laguntza ematearekin batera, aukeratutako terapia elkartean sartu dela egiaztatu ondoren.

b) Gainerako hilekoak, gehienez bederatzi guztira, igarotako hilabete bakoitzaren hogeita hamarrean; betiere, gaixoa terapia-elkartean egon dela egiaztatzen duen agiria, 10.1 artikuluan aipatzen den batzordeak edota terapia-elkarteko arduradunak egina, jaso ondoren.

c) Baldin eta laguntzaren titularrak tratamenduko hilabete oso bat betetzen ez badu —aldaketak direla, utzi duelako edo bestelako arrazoiengatik— ordainduko den kopurua 23,00 euro izango da egonaldiko egun bakoitzeko; horretarako, batzordearen edota terapia-elkarteko arduradunaren ziurtagiria beharko da. Horren ondorioz, hitzartutako diru-laguntza baliogabetu egingo da.

14. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Aurreko artikuluko b) puntuan aipatzen den egiaztagiria, laguntzaren esleipenaren jakinarazpen datatik kontatzen hasita bi hilabetetan segidan bidali ezean, ulertuko da toxikomania jasaten duen pertsonak utzi egin duela terapia-elkartea eta, beraz, hitzartutako diru-laguntza baliogabetu egingo da.

2.- Tratamendua bertan behera uzteak edota adierazi zaion egunean zentroan ez egoteak, laguntza baliogabetzea ez ezik, aurrerantzean horrelako beste laguntzarik eskuratu ezina ere ekarriko du, gutxienez urtebetean zehar zentroa uzten denetik edota ebazpenaren egunetik, hala badagokio.

3.- Onuradunak, eman zaion dirua laguntzaren helburuaz beste ezertarako erabiltzen badu, itzuli behar izango ditu eskuratu duen kopurua eta legezko interesak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoaren arabera. Diru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren (Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa) 5.3 artikuluan begietsitako ondorioetarako, agindu honetan araututako laguntzen ebazpena honen menpe geratuko da: ebatzi aurretik 2009ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan egokia eta behar bestekoa den kreditua izatea.

Bigarrena.- 2. artikuluan jarritako zenbateko osoa handitu daiteke, betiere eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanda, Osasun Saileko beste laguntza-programa batzuk exekutatu ondoren agortu gabe gelditzen den diruaren arabera, Osasun Publikoko zuzendariak emate-ebazpen indibidualizatuak egin baino lehen eta, kopurua aldatzen bada, horren berri emanez.

Hirugarrena.- Laguntzak emateko kontsignatutako kreditua agortuz gero, eta zirkunstantzia horri publizitatea emateko asmoz, Osasun Saileko Osasun Publikoko zuzendariak administrazio-ebazpena egingo du, kreditua agortu den data azalduz. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; hortik aurrera ez da inongo eskaerarik onartuko.

Gainera, ordurako aurkeztu eta tramitazioan egon eta, asignatutako aurrekontu-dotazioa agortu dela eta, erantzunik gabe geldituko diren eskaerak, bazter geldituko dira, Osasun Publikoko zuzendariaren administrazio-ebazpen baten bidez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Prozedurari buruz agindu honetan jaso ez diren kasuetan azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko da, betiere, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkerari jarraituz.

Bigarrena.- Osasun Sailaren Osasun Publikorako zuzendariari ahalmena ematen zaio agindu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Hirugarrena.- Agindu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean eragina izango du.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 9a.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

I. ERANSKINA

DIRU-LAGUNTZA JASOTZEKO ESKABIDEA ITUNDU GABEKO TERAPIA-ELKARTEAN TRATAMENDUA EGITEKO

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA / ANEXO II

DATUEN ALTA / HIRUGARREN INTERESATUA

ALTA DE DATOS / TERCERO INTERESADO

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala