Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2008ko abenduaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun Saila
7150

AGINDUA, 2008ko abenduaren 9koa, Osasun sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izan eta HIESaren arloan lanean diharduten irabazi asmorik gabeko elkarteentzako laguntzetarako deia egiten duena.

HIESaren aurkako borrokan elkarte horiek egindako ahaleginak, administrazio publikoek egindakoekin batera, ezinbesteko tresna bilakatu dira infekzio honen bidezko kutsapenari aurre hartzeko, eta dagoeneko birus honek kutsatu dituen pertsonen egoera hobetzeko.

Horiek horrela, Osasun Sailak aurrekontu-partida bat zehaztu ohi du GIBak sortzen duen infekzio hori kontrolatzeko eta prebenitzeko egitasmoak sustatzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteei laguntzeko.

Azken ekitaldietako deialdietan burututako kudeaketan hartutako esperientziak zera gomendatzen du: 2009ko ekitaldiari dagokion deialdia bideratzeko, 2007ko apirilaren 26ko Aginduak (Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa) arautzen duen gastu-espedienteak aldez aurretik izapidetzeko erregimenari heltzea.

Azaldutakoaren ondorioz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Eremua eta xedea.

1.- Irabazi asmorik gabeko elkarteentzako laguntzetarako deia egiten da, baldin eta elkarteok egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta 2009ko urtean HIESaren aurkako egintzak antolatzen badituzte.

2.- Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Ondorio hauetarako, aurkeztutako eskaeren arteko konparazioa egin ondoren emango dira laguntzak. Konparazio hau dekretu honetako 9. artikuluan jarritako balorazio irizpideen araberakoa izango da. Honela, eskaeren arteko lehentasun-hurrenkera egingo da, eta honen arabera balorazio handiena jasotzen duten eskaerak esleituko dira, betiere zeregin honetarako onartutako aurrekontuko kreditua agortu arte.

2. artikulua.- Laguntzaren zenbatekoa.

Emandako laguntza guztien zenbateko totala ez da laurehun mila (400.000,00) eurotik gorakoa izango.

3. artikulua.- Elkarte onuradunak.

Hona hemen nortzuk izan daitezkeen diru publikoen onuradunak: Euskal Autonomia Erkidegoko irabazi asmorik gabeko elkarteak, baldin eta 2009ko urtean GIB bidezko infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko jendearen artean, oro har, eta infekzio honen aurrean zaurigarrienak diren taldeentzat, bereziki, jarduerak antolatzen badituzte nahiz hezkuntza sanitarioko programak egin edo GIB/HIES gaixotasunak jota dauden pertsonei laguntzen badiete.

4. artikulua.- Diruz lagunduko diren gastuak.

1.- Dirulaguntza jaso ahal izango dute: dirulaguntza jaso duen programarekin erlazio zuzena eta objektiboa duten jarduerei dagozkien gastuek, entitateak aurkeztutako proiektuan behar den moduan zehaztuta daudenek eta faktura orijinalarekin behar den moduan justifikatuta daudenek. Aipatutako gastuak, dirulaguntza jaso baino lehen gertatu ahal izango ziren, baina, beti ere, 2009ko urtearen barruan.

2.- Emandako dirulaguntzaren % 50a, gehiagorik ez, gastu orokorretarako izan daiteke, barne sartzen direla: programatutako jarduerak burutzeko egin behar diren dietatik, lokomoziotik, ostatutik eta ekipamendutik sorturiko gastuak.

5. artikulua.- Eskabideak eta eskatutako agiriak.

1.- Agindu honetako I. eranskineko eredu normalizatua betez egingo da eskabidea.

2.- Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea egiten duen elkartearen estatutu edo erregelamendu ofizialak.

b) Aurkezten duen egitasmoak HIESaren arloan izan dezakeen eragina azaltzen duen txostena: xedeak, helburu duen jendea, hautatze irizpideak, materiala, metodoak, espero diren emaitzak, horiek baloratzeko erabiliko diren parametroak, egitasmoaren ardura izango dutenak eta eskatzaileek garrantzitsutzat jotzen duen zernahi oro.

c) Diruz laguntzeko eskatu eta 2009ko urtean egingo diren egitasmo eta egintzetako aurrekontu xehatua. Horretarako II. eranskina beteko da.

d) Egitasmo horien finantzatze plana. Egitasmo hori finantzatzeko diren diru iturri (izen-emate kuotak, jasotako edo eskatu eta ebazteke dauden beste dirulaguntza publiko zein pribatu batzuk...) guztiak zehaztuko dira, baldin eta horiek jakinarazteko beharra badago.

e) Dagokion Foru Ogasunaren ziurtagiria aurkeztuko da, zeinean elkarteak zerga-eginkizunak beteta dituela edo bete beharretik salbuetsita dagoela adieraziko baita.

f) Elkarteen Erroldan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia eta Identifikazio Fiskaleko Kodea esleitu zaiola ziurtatzen duen agiriaren fotokopia.

g) Eskaria egin duen elkartea Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunera dagoela edo horietatik salbuetsita dagoela egiaztatzen duen agiria, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina.

h) Bankuko datuak, agindu honetako III. eranskineko protokoloa erabiliz.

6. artikulua.- Eskariak aurkezteko lekua eta epea.

1.- Eskabideak aurkezteko epea 2009ko otsailaren 6an amaituko da.

Eskabidea, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko zuzendariari igorriko zaio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

2.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren gainerako tokietan eta moduetan ere aurkeztu ahal dira eskariak (aipatu Legea 4/1999 Legeak aldatu zuen).

7. artikulua.- Eskabideen eta aurkezturiko agirien balorazioa.

1.- Laguntzak esleitzean, agindu honetako 10.1 artikuluak sortzea helburu duen egitasmoak baloratuko ditu.

2.- Balorazioa, 9. artikuluan zehazten diren irizpideen arabera egingo da. Horretarako, beharrezkotzat hartzen diren txostenak eta azalpenak eskatu ahal izango dira.

3.- Balorazioa egin ondoren batzordeak egingo duen proposamenak ondokoak adieraziko ditu:

a) Diruz lagunduko diren elkarte eta egitasmoen zerrenda.

b) Proposatutako dirulaguntzen zenbatekoa guztira. Zenbateko hori diruz lagunduko den egitasmoko banakatuta eta beronen banaketa egitasmoa osatzen duten partida guztien artean.

4.- Egitasmo bati diruz lagundu beharrekoa irizten bazaio, zenbatekoa ondokoen arabera zehaztuko da: aurkeztutako aurrekontuaren eta balizko beste diru iturri batzuen arabera. Horiek horrela, egitasmoak sortzen dituen gastu guztiak (% 100) ordaindu ahal izango dira. Erakundeak egitasmo horretarako beste laguntzaren bat badauka, erakunde guztietatik lorturiko laguntzen zenbatekoak ezin izango du egitasmoak guztira egiten duena baino handiagoa izan.

8. artikulua.- Laguntzak eta bateragarritasuna.

Agindu honetan xedatutakoaren arabera emandako laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako emandako beste laguntza batzuekin.

Egitasmo bererako lortutako dirulaguntzek egitasmoak egiten duena baino gehiago egiten badute, agindu honetan xedatutakoaren babesean emandako laguntza urritu egingo da egitasmoak guztira egiten duenetik gora eman den zenbateko berberean.

9. artikulua.- Egitasmoak baloratzeko irizpideak.

1.- Lehentasuna duten egitasmoak.

Lehentasuna izango dute honako eduki hauek garatzen dituzten egitasmoek:

a) Ondoko hauengan infekzioak prebenitzeko esku-hartze estrategiak garatzen dituzten egitasmoak: bide parenteraletik drogak hartzen dituzten gizonezko eta emakumeengan, populazio homosexualarengan, sexuko langileengan (gizon nahiz emakume), presoengan, gazteengan, bikoteko kideren bat GIBaz infektatuta dagoen jendearengan, inmigranteengan.

b) GIBaz infektaturiko pertsonei eta horien senitarteko eta adiskideei adore emateko taldeak.

c) Izaera berritzailea duten egitasmoak, hau da, prebentzio-beharrei erantzun berriak emateko lagungarri gertatuko direnak eta GIB/HIESaz kutsaturiko pertsonen gizarteratzea erraztu eta bizi-kalitatea hobetuko dutenak.

2.- Egitasmoak baloratzeko irizpide orokorrak.

Egitasmo bakoitzean honako hauek baloratuko dira:

a) Aurreko artikuluko 1. paragrafoan zehaztutako lehentasunekin egitasmoak duen lotura.

b) Egitasmoaren kalitate teknikoa eta errentagarritasun soziala: helburuak, itutzat hartzen den populazioaren definizioa, helburuak lortzeko proposaturiko jardueren egokitzapena, jardueren egutegia, egitasmoak izan lezakeen eragina, hautaturiko ebaluazio-adierazleak eta egintzak eta onuradunak kontuan izanez gero, egitasmoaren zenbatekoa.

c) Egitasmoaren aurretikoak (lehentasuna emango zaie aurreko deialdietan diruz lagundu eta garatu diren egitasmoei, baldin eta artean egindakoari zuzen irizten bazaio) itu-populazioaren parte hartzea (Egitasmoak helburu dituen pertsonek egitasmo hori lantzen eta garatzen parte hartzen badute, lehentasuna izango du); antzeko egitasmorik ez izatea (herri administrazioak antzeko egitasmorik egiten badihardu edo antzeko egitasmoren bat diruz laguntzen badu, egitasmo horri dirulaguntza uka diezaioke); egitasmoa egiteko beste erakunderen baten dirulaguntza jasotzea; egitasmoaren jarduera- eremua (lehentasuna izango dute jarduera-eremu handiena duten erakundeek, baita egitasmo bateratuak aurkezten dituzten erakundeek ere).

Aurreko guztiak ondoko era honetan baloratuko dira:

- Adierazitako lehentasunekiko egokitzapen-maila: % 30.

- Egitasmoaren kalitate teknikoa: % 60.

- Elkartearen balorazioa eta egitasmoaren baloraziorako beste zenbait irizpide orokor: % 10.

10. artikulua.- Deialdia ebaztea.

1.- Dirulaguntzak Osasun Saileko sailburuordearen ebazpenaren bitartez emango dira, Osasun sailburuak horrexetarako izendatutako Balorazio Batzordearen proposamenez. Batzorde horretako kideak izango dira: Osasun Publikoko zuzendaria, Osasun Publikoko Zuzendaritzako teknikari bat (idazkaritza-lana egingo du) eta Osakidetzako Iheseko Unitateko teknikari bat. Ebazpena EHAAn argitaratuko da.

2.- Osasun sailburuordearen ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasun sailburuari. Horretarako hilabete izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita. Hori guztia lehen aipatutako 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emaniko idazkerari jarraiki.

3.- Eskariak aurkezteko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteetan berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskariak gaitzetsi egin direla ulertuko da, 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Hala ere, horrek ez du esan nahi administrazioa berariazko ebazpena ematera behartua ez dagoenik.

11. artikulua.- Entitate onuradunen betebeharrak.

1.- Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Laguntza onartzen dela ulertuko da, baldin eta laguntzen esleipen-ebazpena EHAAn argitaratzen den egunetik hasita hamabost eguneko epean elkarteek berariaz eta idatziz beroni uko egiten ez badiote.

b) Dirulaguntza berau eman den helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Dirulaguntza hau izendatuko bada edo, behintzat, dirulaguntza hau ordainduko bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk emanak dituela-eta, horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu hori amaituta izatea.

d) Deialdi honi dagozkion dirulaguntzak direla eta, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari horiek eska diezaieketen informazioa ematea.

e) Laguntza esleitzean aintzat hartu ziren betebeharretan, objektibo nahiz subjektiboetan, aldakuntzaren bat izan bada, idatziz haren berri ematea Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari.

2.- Hautaturiko erakundeek agindu honek finantzaturiko programak edo jarduerak argitaratzen dituztenean, ondokoa adierazi beharko da argi eta garbi: «Osasun Saileko Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko HIESaren Aurrezaintza eta Kontroleko Planaren Dirulaguntzarekin».

3.- Egitasmoak informazio materiala (idatzia zein ikus-entzunezkoa) argitaratzea ere aurreikusten badu, argitaratu aurretik Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzaren oniritzia eta baimena lortu beharko du.

12. artikulua.- Ordaintzeko era.

1.- Agindu honen babesean emandako dirulaguntza honako era honetan ordainduko da:

- Lehenengo ordainketan ordaindu beharreko dirulaguntzaren % 70 ordainduko da. Ordainketa hori dekretu honetako 11.1.a) artikuluan xedatutako epea betetakoan egingo da, baldin eta elkarte onuradunak berariaz uko egiten ez badio eman zaion dirulaguntzari.

- Gainerakoa, gehienez ere % 30a, elkarte onuradunak honako agiri hauek aurkeztutakoan:

a) Lehenengo ordainketan emandako dirua erabili dela zuritzen duen gastuen txostena. Txosten horrekin batera egindako gastuen jatorrizko ordain-agiriak aurkeztuko dira.

b) Bigarren ordainketa dirulaguntza eman zen urtean egin beharrean beste batean egiten bada, dagokion Foru Ogasunaren ziurtagiria aurkeztuko da, zeinean elkarteak zerga-eginkizunak beteta dituela adieraziko baita. Halaber, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egindako agiri bat ere aurkeztuko da, zeinek eskabidea egin duen elkartea harekin zorretan ez dagoela egiaztatuko baitu.

2.- Salbuespen gisa, kasu berezietan eta laguntzak esleitzeko batzordeak egitasmoaren ezaugarriak kontuan hartuta hala erabakitzen badu, dirulaguntza guztia ordainketa bakarrean eman ahal izango da.

13. artikulua.- Dirulaguntza zuritzea.

Onuradunek jasotako dirulaguntza guztia emandakorako erabili dela egiaztatzeko, 2010eko urtarrilaren 31 baino lehen Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzan ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Txosten teknikoa, zituzten helburuak zein mailatan bete dituzten azaltzen duena eta helburu bakoitza bete den mailari buruzko ebaluazioa egiten duena.

b) 2009ko urteko gastuen oroit-idazkia. Idazki horretan idazkiari eransten zaizkion agiriak eta agiri horietan agertutako zenbatekoak adieraziko dira, dirulaguntza ematen zuen ebazpenean zehaztutako kontzeptuka taldekatuta, hain zuzen ere. Laguntza 13.1 artikuluan xedatutako eran ordaintzen bada, berriz, oroit-idazkiak eta ordainagiriek bigarren ordainketarekin ordaindutakoari egingo diote aipamen.

c) Dirulaguntza ematea berekin ekarri zuen beste edozein egintza edo zerbitzu egin dela egiaztatzen duen ziurtagiria.

14. artikulua.- Dirulaguntzaren baldintzen aldaketa.

Dirulaguntzak esleitzen dituen ebazpena kasu hauetan aldatu ahal izango da: dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, horien helburua betetzat ematen bada nahiz beste edozein erakunde publiko zein pribaturen laguntzak edo dirulaguntzak jaso badira. Horrelakoetan, Osasun sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du eta bertan emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.

15. artikulua.- Ez-betetzeak.

Elkarte onuradunak betebeharrak edo agindu honetan xedatutakoak beteko ez balitu edo ondoren aipatzen den egoeraren batean balego, bideratu beharreko izapideak bideratutakoan, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango litzateke eta jasotako laguntzak eta horien legezko interesak itzuli egin beharko litzaizkioke Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, halaxe xedatzen baitu abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Halaber, elkarte horren aurka egoki irizten den beste edozein ekimen ere bideratu ahal izango litzateke.

Dirulaguntza horiek diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.

Osasun Saileko Osasun Publikoko zuzendariak izango du ez-betetzea dela eta, espedientea hasi eta ebazteko eskumena.

Zeri esaten zaio ez-betetze?.

a) Laguntza jasotzeari, baldin eta horretarako beharrezko diren baldintzak betetzen ez badira.

b) Diruz lagundutako egintzak ez egiteari.

c) Helburua, zeinetarako laguntza eman baitzen, ez betetzeari.

d) Dirulaguntza ematean ezarri ziren baldintzak ez betetzeari.

e) Gastuak agindu honetan xedatutako eran eta epe barruan ez zuritzeari.

f) Aldez aurretik zehaztutako kontrol jarduerak oztopatzeari edo ez onartzeari.

g) Beste laguntza batzuk jaso direla eta, Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari gertaera horren berri eman gabe, egintza baterako behar baino diru gehiago jasotzeari.

16. artikulua.- Dirulaguntza eman zaion egitasmoaren jarraipena.

Osasun Sailak egoki iritzitako gainbegirapen, ikuskapen eta egiaztapenak egingo ditu, xedapen honetan jasotzen diren arauak betetzen direla ziurtatzeko. Halaber, diruz lagundutako egitasmo eta egintzetako eduki eta emaitzak edozein unetan baliatu (erabilera publikoa) ahal izango ditu.

XEDAPEN GEHIGARRIA.- Gastu-espedienteak aldez aurretik bideratzea.

2007ko apirilaren 26ko Aginduaren (Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa) 5.3 artikuluan begietsitako ondorioetarako, Agindu honetan araututako laguntzen ebazpena honen menpe geratuko da: 2009ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan egokia eta behar bestekoa den kreditua aldez aurretik izatea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honetan jasotzen ez diren prozedura kontuetan, azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emaniko idazkeran.

Bigarrena.- Agindu honek, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean eragina izango du.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 9a.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

I ERANSKINA

IRABAZI ASMORIK GABEKO AUTOLAGUNTZA ELKARTE ETA TALDEEI IHESAREN ARLOKO JARDUERAK ANTOLATZEKO EMANGO ZAIZKIEN DIRULAGUNTZAK JASOTZEKO ESKARIA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA / ANEXO III

DATUEN ALTA / HIRUGARREN INTERESATUA

ALTA DE DATOS / TERCERO INTERESADO

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala