Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2008ko abenduaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun Saila
7149

AGINDUA, 2008ko abenduaren 9koa, Osasun sailburuarena, osasunaren alorrean irabazi-asmorik gabeko elkarteei diru-laguntzak emateko deialdia egiten duena. Ezinbesteko baldintza izango da jarduerak hezkuntza sanitarioarekin zerikusia izatea eta biztanleriari oro har edo populazio-kolektibo jakin batzuei zuzenduta egotea.

Osasun Hezkuntza, «bizimodu» osasungarriak ezarriz osasuna sustatzeko eta gaixotasunei aurrea hartzeko ezinbesteko tresna da. Euskal Autonomia Erkidegoan, gero eta gehiago ari da sartzen osasun-hezkuntza osasun-programen plangintzan eta kudeaketan.

Testuinguru horretan, Osasun Sailak positibo eta ezinbestekotzat jotzen du euren ezaugarri eta esperientziagatik biztanlerian bizi-aztura osasungarrien transmisioa sustatzen edo bultzatzen duten erakundeekin lankidetzan aritzea.

Azken ekitaldietako deialdien kudeaketan hartutako esperientziak zera gomendatzen du: 2009ko ekitaldiari dagokion deialdia bideratzeko, 2007ko apirilaren 26ko Aginduak (Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa) arautzen duen gastu-espedienteak aldez aurretik izapidetzeko erregimenari heltzea.

Azaldutakoaren ondorioz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Eremua eta helburua.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza edo ordezkaritza ofiziala izan eta eremu horretan jarduten duten irabazi-asmorik gabeko elkarteei laguntzak emateko deialdia egiten da. Ezinbesteko baldintza izango da osasun-hezkuntzarekin zerikusia duten jarduerak egitea taldeentzat, oro har biztanleriarentzat edo populazio-kolektibo jakinentzat, aipatutako autonomia-erkidegoan 2009. urtean zehar.

2.- Deialdi hau lehiaketa-prozedura bidez ebatziko da.

2. artikulua.- Zenbatekoa.

1.- Emandako laguntza guztien zenbateko globala ez da ehun eta berrogeita hamalau mila (154.000,00) eurotik gorakoa izango.

2.- Aditzera emandako zenbatekoa aldatu ahal izango da, beti ere eskatutako laguntzen zenbateko totala kontuan izanda eta Osasun Saileko beste laguntza-programa batzuk exekutatu ondoren agortu gabe gelditzen diren baliabide ekonomikoen arabera. Aldaketa hori deialdiaren ebazpena egin baino lehen gauzatu beharko da, eta Osasun sailburuordearen ebazpenaren bitartez egoera horren berri emango da.

3.- Laguntza bakoitzaren zenbatekoa, aurkeztutako aurrekontu garbiaren % 100era hel daiteke; betiere, honako hauek kontuan hartuta: Osasun Sail honek adierazi dituen helburuekiko baterakidetasuna, bestelako finantzaketa-iturriak egotea, aurreikusitako errentagarritasun soziala eta azalpen-memoria eta proposatzen den egin beharreko proiektua edo lana.

4.- Gastu orokorrak ordaintzeko, emandako diru-laguntzaren % 25era arte erabili ahal izango da gehienez, programatutako jarduerak gauzatzeko dietek, lokomozioak, ostatu hartzeak eta ekipamenduak sortzen dituzten gastuak barne.

3. artikulua.- Laguntza ukatzeko irizpide orokorrak.

Jarduerei ez zaie laguntzarik emango, baldin eta gastu orokorrak (joan-etorriek, lokomozioak, ostatu hartzeak eta ekipamenduak sortutako gastuak barne) proiektuaren aurrekontu osoaren % 25etik gora jotzen badute.

4. artikulua.- Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Beste edozein motatako diru-laguntza edo laguntzak jasotzea ez da eragozpen izango laguntza hauek emateko. Dena dela, jarduera berbererako instituzio edo entitate desberdinetatik lortutako zenbateko osoa jardueraren kostu osoa baino altuagoa bada, agindu honen arabera emandako laguntzaren zenbatekoari soberakina kenduko zaio.

5. artikulua.- Esleipen-irizpideak.

1.- Kasu bakoitzean honako hauek baloratuko dira:

a) Jarduera bakoitzak Euskadiko Osasun Planak dakartzan helburuen lorpenera egokitzeko maila, jarraian agertzen diren ordena kontuan hartuta:

- tabakismoa prebenitu eta murriztea arrisku bereziko biztanle-talde jakinetan (nerabeak, emakumeak, etorkinak, etab.) edo oro har biztanlerian,

- jarduera fisikoa sustatzea, bereziki pertsona ezgaituen eta hirugarren adineko pertsonen artean, emakumeen kolektiboari lehentasuna emanez,

- elikadura eta nutrizio ohitura osasungarriak bultzatzea,

- alkoholismoa gutxitzea,

- farmakoak behar bezala erabiltzea.

b) Proiektuaren kalitate teknikoa. Bertan sartzen dira diruz lagundu daitezkeen jarduera edo jarduerak, eta haien errentagarritasun soziala (helburuak, xede-populazioaren definizioa, helburuak lortzeko proposatutako jardueren egokitzapena, jardueren egutegia, aurreikusitako eragina, hautaturiko ebaluazio-adierazleak).

c) Jarduketa-eremua (lehentasuna izango dute populazio-hedadurako eremu zabalena duten jarduketek, baita EAE mailan federatuta dauden elkarteek batera aurkeztutako jarduketek ere).

d) Programaren jarraitutasuna, bertan dago sartuta diruz lagunduko den jarduera (lehentasuna emango zaie aurreko deialdietan diruz lagundu eta garatu diren jarduerei, baldin eta horien ebaluazioa gogobetekoa izan bada).

e) Jarduera baliokideak dituzten programarik ez izatea (zentzu horretan, egiten ari diren edo Osasun Sailetik hitzartuta dauden jarduera antzekoak dituzten proiektuak ez dira kontuan hartuko).

f) Diruz laguntzeko jarduera gauzatzeko, eskatutako diru-laguntzaz gain, beste instituzio batzuek emandako barneko edo kanpoko finantzaketa jasotzea.

2.- Aurreko atalak, jarraian adieraziko den eran baloratuko dira:

a) Artikulu honetako 1.a) atalean agertzen diren ordenaren arabera adierazitako lehentasunekiko egokitzapen-maila: % 40.

b) Kalitate teknikoa: % 35.

c) Jarduketa-eremua: % 10.

d) Programaren jarraitutasuna: % 5.

e) Jarduera baliokideak dituzten programarik ez izatea: % 5.

f) Barneko edo kanpoko finantzaketa egotea: % 5.

6. artikulua.- Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.- Eskabidea, agindu honen I. eranskin gisa ageri den inprimaki normalizatuan beteko da.

2.- Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Elkartearen estatutuak edo erregelamendu ofizialak.

b) Aurkezten den proiektuak edo egin beharreko lanak osasunaren alorrean duen interesari buruzko azalpen-memoria.

c) 2009rako jardueren proiektua edo programa, bertan diru-laguntza eskatu den jarduera sartuta dago, eta honako beste hauek ere puntualki zehaztuko dira: helburuak, zein populaziori dagoen zuzenduta, aukeraketa egiteko irizpideak eta lortu nahi den estaldura, materiala eta metodoak, aurreikusitako emaitzak eta horiek baloratzeko parametroak, profesionalak edo arduradunak haien prestakuntza eta jardueraren garapenean duten partaidetza-maila zehaztuz. Gainera, II. eranskina bete beharko da.

d) Elkartean, diruz lagundu nahi den jarduerari dagokionez, 2009. urterako aurreikusten diren gastuen eta diru-sarreren aurrekontua.

e) Bestelako finantzaketa-iturriei buruzko zinpeko aitorpena diru-laguntza eskatzen den jarduerarako (inskripzio-kuotak, eman zaizkion edo ebatzi gabe dauden bestelako laguntza publiko zein pribatuak, etab.).

f) Eskabidea egin duen elkarteak bere zerga-betebeharrak egunean dituela edo horietatik salbuetsita dagoela egiaztatzen duen ziurtapena, dagokion Foru Ogasunak egina.

g) Elkarteen Erregistroan edo dagokion Erregistro Publikoan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiriaren kopia.

h) Identifikazio Fiskaleko Kodearen esleipen-dokumentuaren fotokopia.

i) Eskabidea egin duen elkartea Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketetan egunean dagoela edo horietatik salbuetsita dagoela egiaztatzen duen ziurtapena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egina.

j) Bankuko datuak, agindu honen III. eranskineko protokoloa erabiliz.

Esandakoez gain, egokitzat jotzen den dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

7. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.- Eskabideak aurkezteko epea 2009ko otsailaren 20an amaituko da.

Eskabidea, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko zuzendariari bidaliko zaio (Donostia-San Sebastián 1, 01010, Vitoria-Gasteiz), Osasun sailburuordeari zuzenduta.

2.- Eskabidea, halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren gainerako tokietan eta moduetan aurkeztu ahal izango da (aipatutako Legea urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen).

8. artikulua.- Eskabidearen akatsen zuzenketa.

Diru-laguntza eskatzeko eskabideak behar bezala beteta ez badaude edo eskatzen den dokumentazio guztiarekin batera aurkezten ez badira, eskabidea egin duen entitateari hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio. Era berean, adieraziko zaio horrela egiten ez badu, bere eskaera bertan behera utziko dela. Administrazioak, eskabide horren gaineko esanbidezko ebazpena eman beharko du eta, gainera, berau jakinarazi beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedaturikoa kontuan hartuta.

9. artikulua.- Lehiaketaren ebazpena.

1.- Laguntzak Osasun Saileko sailburuordearen ebazpenaren bidez emango dira, Osasun sailburuak horretarako izendatutako Balorazio Batzordeak proposatuta. Batzorde horrek, halaber, honako kide hauek izango ditu: Osasun Publikoko zuzendaria, idazkari-lanetan arituko den zuzendaritza horretako teknikari bat eta Lurralde Zuzendaritza bakoitzeko teknikari bat, denak Osasun Sailekoak. Ebazpena EHAAn argitaratutako da.

2.- Deialdiaren behin betiko ebazpen-proposamena egin aurretik, Balorazio Batzordeak eskatu ahal izango die eskatzaileei haiek aurkeztutako proiektuetan beharrezkotzat jotzen dituen aldaketak egin ditzatela.

3.- Osasun sailburuordearen ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasun sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik zenbatzen hasita. Hori guztia, aipatutako 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan xedaturikoaren arabera, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazketari jarraiki.

4.- Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondorengo bost hilabeteetan berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da, gorago aipatutako 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Hala ere, horrek ez du esan nahi Administrazioa berariazko ebazpena ematera behartua ez dagoenik.

10. artikulua.- Elkarte onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak jasotzen dituen elkarteak, dena dela, honako betebehar hauek bete beharko ditu:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, diru-laguntzaren emakida jakinarazten duen EHAAn esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik hasita, hamabost eguneko epean, elkarte onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den helburu espezifikorako erabiltzea.

c) Diru-laguntzaren emakida eta, hala balegokio, ordainketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik tramitatzen dagoen itzultzeko edo zehatzeko edozein prozedura bukatzeak baldintzatuko du.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen kontura, jasotako diru-laguntzei dagokienez, beren zereginetarako eska lezaketen informazioa ematea.

11. artikulua.- Beste betebehar batzuk.

Laguntza jasoz gero, elkarte antolatzaileak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntza jaso duela agerrarazi beharko du bere programetan, publizitatean eta gainerako dokumentazioan. Liburuxkak edo bestelako argitalpenak ateratzen badira, azalaren atzealdean eta Copyright-eko mantxetaren azpian, letra-mota berbera erabiliz eta laukitxo baten barruan, testu hau jarriko da: «Argitalpen honek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren diru-laguntza jaso du, osasun-hezkuntzako jarduerak egiteko osasun arloa lantzen duten irabazi-asmorik gabeko autolaguntza Elkarte eta Taldeei diru-laguntzak emateko programaren barruan».

12. artikulua.- Ordaintzeko era.

1.- Emandako laguntzaren ordainketa osoa horrela burutuko da:

- % 70 diru-laguntza ematen den unean, behin bere esleipen-ebazpena onartu eta argitaratu denean.

- Gainerako % 30 diruz lagundutako proiektua egin ondoren, eta honako dokumentazio hau jaso ostean:

a) Aurreikusitako helburuen lorpen-maila deskribatzen duen memoria-txostena, horietako bakoitzaren betetze-maila ebaluatuz, eskabidea aurkeztu zenean eta agindu honen 6.2.b) artikuluan aipatutako dokumentazioaren arabera ebaluazioa egiteko proposatutako parametro desberdinei jarraiki.

b) Emandako diru-laguntzaren zenbateko totalaren ordainagiri eta fakturen jatorrizko dokumentuak.

c) Foru Ogasunak egindako ziurtagiria, elkarteak bere zerga-betebeharrak egunean dituela edo horietatik salbuetsita dagoela egiaztatzen duena.

d) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, elkarte eskatzailea Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketetan egunean dagoela edo horietatik salbuetsita dagoela egiaztatzen duena.

Hauxe izango da dokumentazio guztia aurkezteko gehienezko epea: 2010eko urtarrilaren 31.

2.- Salbuespen gisa kasu berezietan, eta laguntzak esleitzeko Batzordearen iritziaren arabera, diruz lagundutako jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, diru-laguntza osoa ordainketa bakar batean eman ahal izango da, behin esleipena egin ondoren.

3.- Jaso den diru-laguntzaren kargura justifikatu ahal izango dira laguntza eman aurretik sortutako zenbait gastu; betiere, diruz lagundutako programetan barne hartutako jarduera eta kontzeptuen benetako kostuei buruzkoak badira eta gastu horiek 2009. urtean gertatu badira.

13. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.

Diru-laguntzaren emakidarako kontuan hartutako baldintzen aldaketa oro, betiere berorren helburua bete dela ulertu bada, eta hala balegokio, beste edozein entitate publiko zein pribatuk emandako bestelako diru-laguntza eta laguntzen aldi bereko lorpenak, diru-laguntzen emakida-ebazpena alda dezake. Horrelakoetan, Osasun Publikoko zuzendariak dagokion kitapen-ebazpena emango du eta bertan emandako diru-laguntzen zenbatekoak birdoituko dira.

14. artikulua.- Ez-betetzeak.

Proposatutako jarduerak betetzen ez badira edo antolatzen ez badira, jasotako laguntzak eta beren legezko interesak itzuli beharko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Aipatutako laguntzak diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.

15. artikulua.- Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.

Xedapen honetan jasotako arauak betetzen direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen dituen gainbegirapen, ikuskapen eta egiaztapen guztiak egingo ditu Osasun Sailak.

XEDAPEN GEHIGARRIA.- Gastu-espedienteak aldez aurretik bideratzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan begietsitako ondorioetarako, agindu honetan araututako laguntzen ebazpena honen menpe geratuko da: 2009ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan egokia eta behar bestekoa den kreditua aldez aurretik izatea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honetan aurreikusi ez diren prozedurazko alderdi guztietan, azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedaturikoa aplikatuko da, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazketan.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango du eragina agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 9a.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

I. ERANSKINA

HEZKUNTZA SANITARIOAREKIN ZERIKUSIA DUTEN JARDUERAK ANTOLATZEKO IRABAZI-ASMORIK GABEKO AUTOLAGUNTZA ELKARTE ETA TALDEEI EMANGO ZAIZKIEN LAGUNTZAK JASOTZEKO ESKABIDEA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA / ANEXO III

DATUEN ALTA / HIRUGARREN INTERESATUA

ALTA DE DATOS / TERCERO INTERESADO

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala