Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2008ko azaroaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
6422

AGINDUA, 2008ko urriaren 29koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko, lurralde-batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuei 2008. urterako diru-laguntzak emateko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak, bigarren xedapen gehigarrian, dekretu horretan ezarritako organoak osatzen dituzten sindikatuei Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-dotazioen kontura ematekoak diren diru-laguntzak emateko prozedura ezarri zuen.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun-irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera, eta betiere legezko ordezkaritza lortzen duen inongo sindikaturik diskriminatu gabe.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta horren ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez bana daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztiori, diru-laguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraiki, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekin akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Aipatutako bigarren xedapen gehigarriko 2. paragrafoan agindutakoarekin bat etorriz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2008ko maiatzaren 21eko Aginduaren bidez (ekainaren 20ko EHAA, 117. zk.), hasiera eman zitzaion Sindikatu Hauteskundeen Batzordean, lurraldeetako batzordeetan eta ikuskaritzen erregimenean parte hartzeagatik, eta aipatutako azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan araututako erregimenean, sindikatuei 2008an dagokien diru-laguntza emateko prozedurari.

2008ko ekainaren 26an, Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariak erabaki bat hartu zuten: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari proposatzea zati berdinetan bana zezala Euskal Autonomia Erkidegoko 2008. urteko Aurrekontu Orokorrak Onartzen dituen 2008ko abenduaren 28ko 15/2007 Legearen bidez onartu zen 3112 programako 31 zerbitzuak ezarritako diru-laguntza. Horrek 356.632,00 euroko hornidura du aurrekontuetan.

Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuko bigarren xedapen gehigarriko 3. puntutik 5. puntura xedatutakoa betez, agindu honen bidez diru-laguntzak emango zaizkie sindikatuei, Sindikatu Hauteskundeen Batzordean, lurralde-batzordeetan eta ikuskaritza-erregimenean parte hartzeagatik.

Hori dena kontuan izanik, ondokoa

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Diru-laguntza ematea.

1.- Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak araututako Hauteskunde Sindikalen Batzordea eta lurralde-batzordeak osatzen dituzten sindikatuei batzorde horietan eta ikuskaritzan parte hartzeagatik 2008. urterako diru-laguntza emango zaie.

2.- Aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarriaren 3. paragrafotik 5.era ezarritakoaren arabera, eta interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko 2008. urteko Aurrekontu Orokorrak Onartu zituen abenduaren 28ko 15/2007 Legeak 2008ko ekitaldirako ezarri zuen 356.632 euroko aurrekontu-hornidura zati berdinetan banatzea adostu dutenez, Sindikatu Hauteskundeen Batzordea osatzen duten sindikatu hauetako bakoitzak 89.158,00na euro jasoko ditu:

- Euskal Langileen Alkartasuna (ELA)

- Confederación Sindical de CC.OO. de Euskadi

- Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB)

- Unión General de Trabajadores (UGT- Euskadi)

2. artikulua.- Diru-laguntza jasotzeko baldintzak.

Aurreko artikuluan ezarritako diru-laguntza jaso aurretik, sindikatu interesdunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Foru-aldundien eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ziurtagiri eguneratuak, zergen eta Gizarte Segurantzaren inguruko betebeharrak beteta dauzkatela egiaztatzen dutenak.

b) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailetik aurretiaz jasotako laguntzak justifikatu direla adierazten duen aitorpena, halako laguntzarik jaso izanez gero.

3. artikulua.- Ordaintzeko modua.

Diru-laguntza ordainketa bakarrean emango da, agindu honetan ezarritako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

4. artikulua.- Bateragarritasuna.

Laguntzak bateragarriak izango dira sindikatuek jasotzen dituzten bestelako laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, betiere laguntza horiek ez badira Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan araututako helburu edo xede berbererako ematen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Errekurtsoak.

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan ezarritakoa betez. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez.

Bigarrena.- Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 29a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala