Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 2008ko urriaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
5481

158/2008 DEKRETUA, irailaren 16koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluari buruzkoa.

Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak bere 16. artikuluan Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua eratu zuen, lankidetzako eragileen ordezkaritza-organoa izan zedin. Garapenerako euskal lankidetza publikoaren inguruko proposamenak, irizpenak eta jarraipena egiteko ahalmena izango zuen.

Azken hamarkadan, garapenerako euskal lankidetzak organo aholku-emaile bat izan du, non bilduta baitaude herri-administrazioetako ordezkariak eta arlo horretan diharduten gizarte-elkarteetakoak. Zehatz esanda, martxoaren 24ko 53/1998 Dekretuak Euskadiko Garapen Lankidetzarako Aholku Batzordea eratu zuen. Geroago, otsailaren 1eko 22/2000 Dekretuak batzorde horren araubidea zati batean aldatu zuen.

1/2007 Legea onetsita, nabarmen sendotu zen euskal lankidetzako organo aholku-emaile hori, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua izena eman zitzaion. Legeak berak eskumen-sorta bat ematen dio, eta horri esker, funtsezko erakunde bihurtu da herrialde pobretuekiko elkartasunerako euskal politikaren aholkularitza eta jarraipenean. Ezbairik gabe, garapenerako lankidetza-jarduera Euskadin espazio guztiz sozialtzat hartzen delako da nagusi ikuspegi hori, funtsezko papera betetzen baitute Euskadiko gizarte-erakundeek eta gurekin lankidetzan ari diren herrialdeetako gizarte-erakundeek.

Dekretu honen helburua 1/2007 Legea garatzea da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluari dagokionez, legearen 16.5 artikuluan aurreikusitako agindua betez. Dekretu honek gai nagusi hauek ditu:

– Kontseiluaren egitekoak: egiteko-sorta bat ezartzen zaio, eta egiteko horiek gehienbat 1/2007 Legean jasotakoarekin bat datoz, nahiz eta zehaztapen eta zabalpen batzuk egin behar izan diren.

– Kontseiluaren osaera: legeak dioena bete behar da, kontseilua mistoa izan behar dela eta erakundeen eta gizartearen ordezkarien kopurua paritarioa izan behar dela xedatzen duelako; hor lekua dute euskal lankidetzaren eragile guztiak ordezkatzen dituzten kideek, eta legeak bere 9. artikuluan zehazten du nortzuk diren kide horiek. Herri-administrazioei dagokienez, kontseiluak Eusko Jaurlaritzako eta hiru foru-aldundietako ordezkariak izango ditu kidetzat, bai eta udal lankidetzaren errealitate zabala eta ñabarra ordezkatzen dutenak ere, EUDEL eta Euskal Fondoaren bitartez. Gizarte-alderdiari dagokionez, Euskadiko GGKEen Euskadiko Koordinakunde barruan hautatutako ordezkaritza bat egongo da, eta beste bat hautatu beharko da koordinakunde horretako kide ez diren gizarte-erakundeen artean.

– Kontseiluaren funtzionamendua: Kontseiluak osoko bilkuretan eta berak eratu nahi dituen batzordeen bitartez jardungo du. Nolanahi ere, dekretu honek berariaz dio nahitaez honako bi batzorde hauek izan beharko direla: Batzorde iraunkorra eta larrialdietan laguntza humanitarioa emateko batzordea. Bigarren horren harira, legeak berak 22.3 artikuluan ezartzen du batzorde hori eratu beharra.

– Aipatu behar da, azkenik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren barruan egindako hausnarketa izan dela dekretu honen edukiak lantzeko abiapuntua. Aurreko organoaren esperientziaz baliatzea izan da helburua, halako araubide bat ezartzeko asmoz, 1/2007 Legean agertutako borondatearekin bat etorriz. Araubide horrek lagunduko luke garapenerako lankidetzaren arloko politika publikoen parte-hartze eta kontraste sozialak sendotzen.

Ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, dagozkion nahitaezko txostenak eman eta gero, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko irailaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Izaera, atxikipena eta egoitza.

1.– Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak bere 16.1 artikuluak dioenez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua lankidetzako eragileen ordezkaritza-organoa da eta garapenerako euskal lankidetza publikoaren inguruko proposamenak, irizpenak eta jarraipena egiteko ahalmena du.

2.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua garapenerako lankidetza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailari atxikita dago, sail horren egitura hierarkikoan ez badago ere. Sailak Vitoria-Gasteizen dituen bulegoetan izango du egoitza kontseiluak.

3.– Hala ere, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluak beste edonon egin ditzake bilerak, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan. Asmoa da aldian behin beste lurralde historikoetan egitea bilerak.

2. artikulua.– Egitekoak.

1.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluak aholkularitza, informazioa eta laguntza ematen die herri-administrazioei eta Euskadin ari diren garapenerako lankidetzako gainerako eragileei. Era berean, euskal lankidetza publikoaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko proposamenak egingo ditu.

2.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluak egiteko hauek ditu:

a) Aurretiaz eta nahitaez txostena ematea Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzaren eremuan dituen xedapen orokorren proiektuei buruz.

b) Aurretiaz eta nahitaez txostena ematea garapenerako lankidetza kudeatzen duen agentzia edo erakunde bereziaren antolamenduari eta funtzio-egiturari buruzko proposamenaren gainean.

c) Aurretiaz eta nahitaez txostena ematea urteanitzeko eta urteko planen proposamenei eta plan horien ebaluazioei buruzko proposamenen gainean.

d) Euskadiko herri-administrazioek eremu horretan aurrera eramandako jardueren koherentzia-printzipioaren betetze-mailari buruzko txosten bat urtean behin egitea, hala ezarrita baitago Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 3.11 artikuluan.

e) Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko gainerako herri-administrazioek garapenerako lankidetzaren arloan zein ekimen eta jarduera gauzatu dituen jakitea, hala nola laguntza eta diru-laguntzetarako deialdiak, hitzarmenak, ekintza humanitarioak eta abar.

f) Eusko Jaurlaritzari eta Euskadiko gainerako herri-administrazioei jakinaraztea egoki ikusten dituen ekimen eta proposamenak, garapenerako lankidetzaren arloko politika publikoa hobetzeko asmoz.

g) Garapenerako lankidetzako eragileei aholkuak ematea, garapenerako heziketarekin eta sentsibilizazioarekin zerikusia duten gaietan.

h) Garapenerako lankidetzan garrantzitsuak diren gaiei buruzko txostenak edo azterlan monografikoak prestatzea proposatzea edo horien gainean eztabaidatzea.

i) Legeriak ematen dizkion beste guztiak.

3. artikulua.– Osaera.

1.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluak garapen-lankidetzaren arloko sailburua izango du lehendakari. Sailburua bertan ez badago edo gaixorik badago, garapen-lankidetzaren arloko sailburuordeak jardungo du haren ordez.

2.– Euskadiko GGKEen Euskadiko Koordinakundeko lehendakaria izango da Kontseiluko lehendakariordea.

3.– Gainera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluak kide hauek ere izango ditu:

a) Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko burua.

b) Eusko Jaurlaritzako sail hauetako bakoitzeko ordezkari bana: Lehendakaritza; Lehendakariordetza; Ogasun eta Herri Administrazioa; Industria, Merkataritza eta Turismoa; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa; Osasuna; Ingurumen eta Lurralde Antolamendua.

c) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako burua.

d) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko ordezkari bat.

e) Foru-aldundi bakoitzeko ordezkari bat.

f) EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat.

g) Euskal Fondoa-Lankidetzarako Euskal Udal Erakundeen Elkartearen ordezkari bat.

h) Euskadiko GGKEetako 9 ordezkari, Euskadiko GGKEetako Koordinakundeak proposatuak.

i) Garapenerako lankidetzako beste euskal eragile batzuen sei ordezkari, Euskadiko GGKEen Koordinakundeko kide ez diren erakundeen artean aukeratu beharrekoak, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 10. artikuluan aurreikusitako Erregistroan inskribatuta daudenak.

4.– Artikulu honetako aurreko paragrafoaren i) puntuaren bidez aukeratutako ordezkariak hautatzeko orduan, lehentasunezko kolektiboekiko eta aipatutako zeharkako balioekiko lotura estua duten ordezkarien integrazioa sustatuko da, hala jasota baitago, hurrenez hurren, Garapenerako Lankidetzari buruzko 1/2007 Legearen 5.2 eta 7 artikuluetan.

5.– Kontseiluko buruak aukeratutako pertsona batek egingo ditu idazkari-lanak, eta pertsona horrek ahotsa izango du, baina botorik ez.

6.– Kontseiluko buruak, bere ekimenez edo Kontseiluko kideen eskariz, adituek edo eztabaida-gaietan beren iritzia entzutea merezi duen beste pertsona batzuek bilkuretan parte hartzeko eska dezakete puntualki. Batzuek zein besteek ahotsa izango dute, baina botorik ez.

7.– Kontseiluko kideak hautatzeko orduan, lehendakaritzak eta lehendakaritzan ordezkaturik dauden sektoreek ahaleginak egingo dituzte emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan eta Garapenerako Lankidetzari buruzko 1/2007 Legearen 16.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

4. artikulua.– Kideak izendatu eta kargutik kentzea.

1.– Lehendakaritzak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluko kideak dagokien sektoreen proposamenez hautatzen ditu, salbu eta beren kargua dela-eta kontseilukide direnen kasuan. Beren kargua dela-eta kide direnen kasuan izan ezik, izendapenek hiru urteko indarraldia izango dute, eta iraupen horretako tarteekin berriztatu ahal izango dira. Kontseiluko kide titular bakoitzeko, ordezko bat hautatu ahal izango da.

2.– Kontseiluko lehendakaritzak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluko kide guztiak -beren kargua dela-eta kontseilukide direnak izan ezik- kendu ahal izango ditu beren kargutik, proposatu dituzten sektoreek hala eskatzen badute. Ordezkatzen dituzten kide berrien agintaldiak kargutik kendutako kideen indarraldia osatuko du, guztiz bukatu arte.

5. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Kontseiluak gutxienez lau bilkura arrunt egin beharko ditu urtean, eta bere zereginak egiteko behar beste ohiz besteko bilera egin beharko ditu, lehendakaritzaren ekimenez edo bere kideen heren batek gutxienez hala eskatzen badu.

2.– Kontseiluaren bilkura bat behar bezala eratuta egon dadin, lehendakariak, idazkariak eta kideen erdiek gutxienez egon behar dute bertan.

3.– Kontseiluak osoko bilkuretan edo batzordeen bidez jardun dezake. Batzorde horietan, Kontseiluaren Osoko Bilkurak duen izaera misto, paritario, instituzional eta sozialari eutsi behar zaio, eta kontseiluaren erabakiz eratu beharko dira batzorde horiek.

4.– Nolanahi ere, kontseiluan batzorde iraunkor bat egon behar da, eta batzorde horrek osoko bilkuraren gai-zerrendak prestatuko ditu, kontseiluari jardueren urteko plangintza eta kontseiluaren aurrekontuaren banaketa proposatuko dio, bai eta Osoko Bilkurak berariaz eskuordetzen dizkion beste lanak ere. Batzorde iraunkorrak honako kide hauek izango ditu:

a) Garapenerako lankidetzaren eskumena duen sailburua, edo haren ordez sailburuordea, izango da batzordeko buru.

b) Eusko Jaurlaritzan garapenerako lankidetzaren politika betearazten duen erakundeko burua.

c) Kontseiluan, Eusko Jaurlaritza ez diren Euskadiko beste herri-administrazioak ordezkatzen dituzten kideen artean hautatutako pertsona bat.

d) 3.3 artikuluaren h) puntuan ezarritakoa betez kide direnen artean hautatutako bi pertsona.

e) 3.3 artikuluaren i) puntuan ezarritakoa betez kide direnen artean hautatutako pertsona bat.

5.– Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak bere 22.3 artikuluak dioenez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluak larrialdietan laguntza humanitarioa emateko batzorde bat sortu beharko du bere baitan. Batzorde honen egiteko bat da euskal gizarte eta erakundeek ematen duten laguntza humanitarioaren koordinazioa, eraginkortasuna eta gardentasuna lortzen laguntzea da, eta pizten diren beharrei erantzuteko behar besteko arintasunez jardungo du.

Batzorde horrek honako kide hauek izango ditu:

a) Garapenerako lankidetzaren eskumena duen sailburua, edo haren ordez sailburuordea, izango da batzordeko buru.

b) Eusko Jaurlaritzan garapenerako lankidetzaren politika betearazten duen erakundeko burua.

c) Kontseiluan, Eusko Jaurlaritza ez diren Euskadiko beste herri-administrazioak ordezkatzen dituzten kideen artean hautatutako pertsona bat.

d) 3.3 artikuluaren h) eta i) puntuetan ezarritakoa betez kide direnen artean hautatutako hiru pertsona, aukeran, jarduera humanitarioan esperientzia eta ezagupenak dituztenak.

6.– Kontseiluaren funtzionamendua kudeatzeko, kontseiluak berak bere buruarentzako barne-araudi bat sortu ahal izango du.

7.– Kontseiluaren eta bere batzordeen bilkuretan, euskaraz nahiz gaztelaniaz egin daiteke. Era berean, gai-zerrendetan, aktetan eta beste idazkietan, Euskal Autonomia Erkidegoan ofizial diren bi hizkuntzen erabilera bermatu beharko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko legearekin bat etorriz.

6. artikulua.– Laguntza eta baliabide ekonomikoak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez, laguntza eman behar dio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluari, bere lana egin dezan.

2.– Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak bere 16.4 artikuluak dioenez, kontseiluak bere egitekoei erantzuteko behar besteko baliabide ekonomikoak izan behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan garapenerako lankidetzara zuzenduta dauden baliabideen barruan.

3.– Kontseiluaren bilkuretara joatea doan da, baina kontseilukideek jaso ditzakete kontseiluaren bilkuretara joateko egindako joan-etorriengatiko kalte-ordainak. Kalte-ordain horiek, zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusi bezala kobratuko dira, dekretu horretan xedatutako zenbateko orokorrak mugatzat hartuta.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak bere 10. artikuluan aurreikusitako Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa eratu artean, beren izaera juridikoa dela-eta dagokien erregistro publikoan inskribatuta dauden erakundeek Dekretu honen 3.3 artikuluan, in fine, xedatutako inskribatu beharra bete dutela ulertuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen dira Euskadiko Garapen Lankidetzarako Aholku Batzordea sortzeko martxoaren 24ko 53/1998 Dekretua eta dekretu hori aldatzen duen otsailaren 1eko 22/2000 Dekretua, bai eta dekretu honen kontra egiten duen beste edozein xedapen ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Modu osagarrian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluko kide anitzeko organoei buruzko xedapenak kontseiluaren funtzionamenduari aplikatuko zaizkio.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko irailaren 16an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala