Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2008ko ekainaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
3809

105/2008 DEKRETUA, ekainaren 3koa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzkoa.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea onartu eta indarrean jarri izanak aurrekaririk ez duen aldaketa eragin du Euskal Autonomia Erkidegoko hirigintza-sisteman. Izan ere, legezko testu horretan, alde batetik gai berriak lantzen dira, eta, bestetik, legez aurreikusitako iragankortasun-erregimenak premiaz garatu beharko liratekeen arau jakin batzuk berehala egitera behartzen du.

Gainera, 2007ko uztailaren 1ean Lurzoruaren 8/2007 Estatuko Legea jarri da indarrean. Lege horrek gure hirigintza-legeriari dagokionez berritasun handirik ekarri ez badu ere, komeni da bi arauen agindu juridiko jakin batzuk bateratzea, segurtasun juridikoa lortzeko eta Herri Administrazioek bi arauen aplikazio praktiko koordinatua lor dezaten errazteko.

Ildo horretan, lurzoruaren sailkapenaren aldaketa aipatu behar da, besteak beste. Funtsean, eraikigarritasun haztatuaren gehikuntzak eragindako finkatu gabeko hiri-lurzoruaren kategoria berria, eta lurzoru horren hirigintza-garapena ezartzen duen zuzkidura-jardunen erregimena aipatu behar dira. Helburu horrekin, definizio zehatzagoa finkatzeaz gain, praktikan jartzea errazteko erregimen juridiko bat xedatu du dekretuak. Erregimen juridiko hori arau-garapenari lotuta geratu zen 2/2006 Legean, eta arau honen bidez bete egingo da.

Bestalde, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean lurzoru ez-urbanizagarriaren sailkapenari dagokionez sartutako berritasunak aipatu behar dira. Legeria-aukerak etorkizuneko hirigintza-garapenak babesteko arau batzuk ezartzea eskatzen du, eta arestian aipatutako Estatuko oinarrizko legeriak berretsi egin du aukera hori. Praktikan jartzen laguntzeko, hainbat arau ezarri dira landaguneen eta baserrien berreraikuntzaren kasua arautze aldera. Horretarako, “baserri” terminoaren definizioa erantsi zaio Dekretuari (doktrinak eta praktikak aspalditik eskatutakoa), kontzeptu horrek ondorio juridiko garrantzitsuak baititu lotuta.

Azkenik, lurzoruaren erregimenaren arloan, komeni da birpartzelazio-erregimenaren eta konpentsazio-sistematik kontzertazio-sistemara aldatzeko arauen aplikaziorako arau praktiko batzuk ezartzea, hirigintza-legerian txertatutako iragankortasun-erregimenak eskatutako berehalako aplikazioa errazteko.

Hirigintza-plangintzaren arloan, antolamendu-irudi berriak aipatu behar dira (hala nola bateragarritze-planak). Komeni da, halaber, garapen handiagoa finkatzea honako arlo hauetan: estandarrak (gehieneko eta gutxieneko eraikigarritasunei zein babes publikoko etxebizitzetarako lurzoru-erreserbari dagokienez), zuzkidurazko bizitokiak (gutxieneko diseinu-arau batzuk dituzte praktikan bizkorrago jartzeko) eta gainerako zuzkidura publikoak. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean, nabarmen gehitu zen babes publikoko etxebizitzen erreserba (gure araudian ere agertzen dena), baina zenbait etxebizitza motatan oinarrituta gauzatu zen. Beraz, aurreko arauditik araudi berrira igaro beharra dago.

Ezin dugu aipatu gabe utzi dekretu honek bete egin duela Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 79.1 artikuluan aurreikusitakoa. Artikulu horren arabera, arauak garatu behar dira finkatu gabeko hiri-lurzoruko toki-zuzkiduren estandarrak finkatzeko. Ildo horretan, azpimarratu beharra dago hiri-lurzoruko zuzkidura publikoetarako lurzoru-erreserbaren betebeharra gure ordenamendu juridiko-administratiboan agertu zela lehen aldiz. Izan ere, aukera hori ez zen jaso arlo horretan gaur arte indarrean egon den Konstituzioaren aurreko legerian.

Lurzoruari buruzko 8/2007 Estatuko Legean premiazko eta nahitaezko izaerarekin xedatutakoa betetzeko, hirigintza-plangintzaren aldaketen bidezkotasuna interpretatzen duten arau batzuk xedatu dira. Adibidez, zehatz-mehatz ezarri da Plan Nagusiaren berrikuspen integrala, berrikuspen partziala edota aldaketa puntuala zein kasutan diren bidezkoak. Hori berritasun garrantzitsua da hirigintza-ordenamenduan, orain arte plangintzaren behin betiko onarpenaz arduratutako organoak berak finkatutako irizpideen arabera agintzen baitzen irudi baten edo bestearen aplikagarritasuna.

Era berean, dekretu honetan arreta berezia merezi dute hirigintza-ordenamenduaren lantzean herritarrek parte hartzeko betebehar gisa Legean irekitzen diren mekanismoek, beren berrikuntzagatik eta nahitaezko izaeragatik, eta baita hirigintza-ordenamendu hori onartzeko prozedurarako ohiko arauak finkatzeak ere. Arau horiek premiazkoak dira, eta hirigintza-ordenamendu horren onarpenean legez adierazitako eskumenak aldatzetik ondorioztatzen dira. Ildo horretatik, 2/2006 Legearen Hamaikagarren Xedapen Gehigarriak sortutako Hirigintza eta Etxebizitzarako Topa-unearen oinarrizko araudia ere gaineratu da.

Halaber, komeni da hirigintza-ondare publikoen arloan interpretazio-arau komun batzuk finkatzea. Izan ere, legez sartutako berritasun asko izan ez arren, eragin garrantzitsua dute erakunde horren eguneroko praktikan, udaletan bereziki.

Hirigintza-antolamenduaren egikaritzearen arloan, hirigintza-legerian aintzat hartutako jardun mota guztiak bereizten ditu dekretu honek –jardun bakanak, zuzkidura-jardunak eta jardun integratuak-, jardun horietako edozeinetan praktikan dauden kasu guztiak bil daitezen. Jardun horiek hirigintza-garapena gauzatzeko eta antolamenduaren helburuak betetzeko operatiboagoak izan daitezen arautzen da hori guztia.

Jardun integratuak egikaritzeko urbanizazio-jarduneko programa, jardun-sistema berriekiko erlazioa (emakidadun pribatuen, kontzertazio-sistemen eta agente urbanizatzailearen irudipean) eta kontratazio publikoko arauei lotu beharra kontuan hartuta, premiazko arau-garapena behar dela esan daiteke.

2/2006 Legeak eragindako berralojamenduaren institutuaren hedapen orokorra dela-eta, hirigintzaren arloan indarrean dauden arauak zehaztea eskatu dute arlo horretako operadore juridikoek.

Bestalde, udalei etxebizitza babestuaren arloko arau-eskumena ematen zaienez gero, komeni da betebehar estatistikoak eguneratzea, Eusko Jaurlaritzak zerbitzua behar bezala eman dezan.

Hortaz, hirigintzako operadoreetan eta jardunetan legedi berri hau sartzeak eta administrazio-prozedurak eta arauak printzipio eta lege-agindu berriei egokitzeko beharrak premiazko neurrien dekretu bat ematea ekarri dute. Dekretu horrek Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea berehala aplikatzea erraztuko du, dagokion babes juridikoarekin, eta Lurzoruari buruzko 8/2007 Estatuko Legearekin bat etorriz. Horrek guztiak ez du bazter utziko lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen arauak gerora guztiz eta modu sistematikoan garatzea, lege horren Azken Xedapenen artean Lehenean adierazitakoa betez.

Ildo horretatik, eta Premiazko Neurrien dekretu honen garapen partziala dela aintzat hartuta, gogoratu beharra dago hirigintzaren arloan legezko edo arauzko esanbidezko araudirik ez dagoenean osagarri gisa honako hauetan xedaturikoa aplikatuko dela: Plangintzaren Araudia onartzen duen ekainaren 23ko 2159/1978 Errege Dekretuan, Hirigintza Kudeaketako Araudia onartzen duen abuztuaren 25eko 3288/1978 Errege Dekretuan, Hirigintza Diziplinako Araudia onartzen duen ekainaren 23ko 2187/1978 Errege Dekretuan, eta Nahitaezko Eraikuntzari buruzko Araudia eta Orubeen Udal Erregistroa onartzen dituen martxoaren 5eko 635/1964 Dekretua.

Azkenik, dekretu honen formulazioa eta izapidetzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 22. artikuluak ezarritakoaren arabera egin da, eta orobat Euskadiko Gobernu Kontseiluak 2007ko otsailaren 13an onartu zituen generoaren araberako inpaktua aurrez ebaluatzeko eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko neurriak gaineratzeko Jarraibideak kontuan hartuta.

Horren ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzun ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko ekainaren 3an eginiko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
LURZORUAREN ERREGIMENA
1. ATALA
HIRI LORZORUA. HIRIGINTZA

ERAIKIGARRITASUN HAZTATUAREN

GEHIKUNTZAK ERAGINDAKO FINKATU

GABEKO HIRI LURZORUA

1. artikulua.– Hiri-lurzorua. Hirigintza-zerbitzuak.

2/2006 Legearen 11.1.a) artikuluan xedaturikoaren ondorioetarako, honako hauek soilik hartuko dira hiri-lurzorutzat: herri-erabilerarakoak diren bide zolatuetako ibilgailuentzako bideak, ur-hornidura, euri-urak eta ur beltzak husteko sarea eta behe tentsioko argindarraren hornidura. Horiek guztiak, legez aurreikusitako dimentsio, emari, ahalmen eta tentsio nahikoa izateaz gain, aurretiaz zeuden tokiko sistemetatik etortzen eta hornitzen direnean.

2. artikulua.– Hirigintza-eraikigarritasun haztatuaren gehikuntzak eragindako finkatu gabeko hiri-lurzorua. Definizioa.

Honako hauek hartuko dira hirigintza-eraikigarritasunaren gehikuntzak eragindako finkatu gabeko hiri-lurzorutzat: indarrean dagoen hirigintza-antolamenduaren arabera eraikigarritasun haztatu handiagoa dutelako antolamendu xehatuak horrela definitutako lurzatiak edo orubeak. Eraikigarritasun haztatuak orubean edo lurzatian aldez aurretik gauzatutako eraikigarritasun haztatuaren aldean izan duen gehikuntza izango da, hain zuzen ere, eraikigarritasunaren gehikuntza.

3. artikulua.– Zuzkidura-karga kalkulatzea eta, hala badagokio, kentzea, hirigintza-eraikigarritasun haztatua gehitzeak eragindako finkatu gabeko hiri-lurzoruaren kasuan.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 25.2 artikuluan xedaturikoari dagokionez, honela jokatuko da:

a) Dekretu honen 17.1 artikuluan ezarritako estandarren arabera kalkulatutako eraikigarritasun haztatuaren gehikuntzari dagozkion zuzkidura publikoen eta ekipamendu pribatuen lurzoru-azalerak kalkulatuko dira.

b) Ahal bada, lurzoru-azalera horien lagapena (urbanizatu ondoren) jardun-eremuan bertan edo plangintzak aurreikusitako eremuan beteko da.

c) Ordezko kalte-ordainaren zenbatekoa guztiz edo zati batean gauzatzea fisikoki ezinezkoa bada, artikulu honetan xedatu bezala kalkulatutako eraikigarritasun haztatuaren gehikuntzaren % 5 izango da zenbateko horren gehieneko muga.

d) Gauzatzea fisikoki ezinezkoa delako lurzoru-lagapen hori zati batean betetzen ez bada, kalte-ordainaren balioespena bete gabeko ehunekoaren proportzionala izango da. Kalkulu horren ondorioetarako, honako indar erlatibo hau emango zaie zuzkidura-karga osatzen duten erreserbei:

1.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 79.2.a) artikuluko estandarrari % 50.

2.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 79.2.b) artikuluko estandarrari % 30.

3.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 79.2.c) artikuluko estandarrari % 20.

e) Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 79.2.d) artikuluan landareetarako aurreikusitako erreserbaren ordezkapena eta kalte-ordaina ez dira onartuko. Hala ere, urbanizatu ondoren, jardunari dagokionaz bestelako eremu batean betetzea onartuko da, betiere plangintzak esanbidez aurreikusten badu.

f) Nolanahi ere, zuzkidura-lurzoruak lortzeko lurzoruaren udal-ondarearen eskuratzeari edo mantentzeari lotuta geratuko da kalte-ordain horren zenbatekoa.

2. ATALA
LURZORU EZ-URBANIZAGARRIA

4. artikulua.– Lurzoru ez-urbanizagarria: erabilerak eta jarduerak.

1.– Landa-lurzoruan dauden lursailak beren izaeraren arabera erabiliko dira. Legeek, lurralde-antolamenduak eta hirigintza-antolamenduak xedatutako mugen barruan, nekazaritza-erabilera, abeltzaintza-erabilera, baso-erabilera, erabilera zinegetikoa edo baliabide naturalen erabilera arrazionalari lotutako beste edozein erabilera izan beharko dute.

2.– Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 28.5.a) artikuluan adierazitako jardunak berariaz eta soilik honako honetara bideratuko dira: hirigintza-plangintzarekin bat etorriz, landa-inguruaren ordenamendurako eta garapenerako lagungarriak izateagatik edo aplika daitekeen sektore-legediak edo lurralde-plangintzak interes publikokotzat deklaratu dituelako, landa inguruan kokatu behar diren zuzkidura, ekipamendu eta jarduerak ezartzera. Adierazitako zuzkiduren, ekipamenduen eta jardueren ezarpen jakin bakoitzak dagokion Foru Aldundiaren ebazpen bidez interes publikokotzat deklaratua izan beharko du, jendaurrean agertzeko hogei eguneko izapidearen ondoren.

3.– Aurreko paragrafoan adierazten diren eta, gainera, ingurumen-inpaktuaren banakako deklarazioa behar duten jardunak eta 5.000 metro karratu baino gehiagoko lurzoruak eraginpean hartzen dituzten jardunak baimentzeko, gehigarri gisa, plan berezi bat idatzi eta onartu beharko da, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 59.2.c.7 artikuluan adierazten denarekin bat etorriz. Plan hori behin betiko onartzeko ahalmena Foru Aldundiak baldin badu, interes publikokoa dela adierazten duen deklarazioa inplizitutzat hartuko da, betiere aurretiaz plana jendaurrean jakinarazi baldin bada.

5. artikulua.– Landaguneko lurzoruaren sailkapena aurreko araudia aplikatuta.

1.– 5/1998 Legearen aurreikuspenei jarraiki garapena osatu duten landaguneko lurzoru ez-urbanizagarriek sailkapen horren babesean jarraitu ahal izango dute, betiere garapen berrien xede ez badira. Kasu horretan, berriz sailkatu beharko dira hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri gisa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen arabera eta lurralde-plangintzan zehaztutako antolamendu-ereduari jarraiki.

2.– 5/1998 Legearen aurreikuspenei jarraiki garapena osatu ez duten landaguneko lurzoru ez-urbanizagarriek Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 29. artikuluan xedatutakoari lotuta soilik osatu ahal izango dute beren garapena sailkapen horren babesean.

6. artikulua.– Landaguneko lurzoruaren sailkapena hiri-lurzoru gisa.

Landagune batek okupatutako lurzoru-azalera hiri-lurzoru gisa sailkatu ahal izango da plan nagusian, lurralde-plangintzan zehaztutako antolamendu-ereduari jarraiki, betiere legearen arabera bidezkoa bada.

7. artikulua.– Inbentarioaren hedadura-esparrua eta hirigintza-plangintzaren ahalmenak.

1.– Foru Aldundi bakoitzak bere lurralde historikoan dauden landaguneen inbentarioak landuko ditu honako prozedura honen bidez: hasierako onarpena, eraginpean hartutako udalerrien entzunaldia eta behin betiko onarpena. Beharrezkotzat hartuz gero, mugaketa-proposamen bat gaineratu ahal izango zaio inbentarioari.

2.– Hirigintza-plangintzan ezin izango da landagunerik aurreikusi, adierazitako inbentarioetan izaera hori ez badute.

3.– Egitura-plangintzaren dokumentuetan landaguneko lurzoru ez-urbanizagarri gisako sailkapenaren barruan dauden lurzoru-azalerak mugatuko dituzte Udalek, lurralde-plangintzan ezarritako irizpideei jarraiki eta Euskadiko lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean adierazitako mugei lotuta.

4.– Udalaren hirigintza-plangintza eskuduna izango da landaguneko lurzoru ez-urbanizagarrien inguruko gainerako zehaztapenak finkatzeko, betiere Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean ezarritako mugen barruan. Horretarako, Udalak landagunearen egungo egoerari buruzko informazioa bildu ahal izango du, baita eraikuntzaren antolamendua proposatu ere, Hiri Antolamendurako Plan Nagusian zein horretarako idatzitako Plan Berezi batean ahalbidetua.

8. artikulua.– Landaguneko lurzoruan finkak mugatzeko eta arautzeko prozedura.

1.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 29.4 artikuluan landa-finkak mugatzeko xedaturikoari dagokionez, Hirigintza Kudeaketari buruzko Araudia onartzen duen abuztuaren 25eko 3288/1978 Errege Dekretuan finkak normalizatzeko ezarritako prozedura erabiliko da finkak arautzeko eta hirigintza-zerbitzuak lortzeko.

2.– Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, normalizazio hori gauzatzeko gehieneko mugak ez zaizkio finken balioari aplikatuko, azalerari baizik.

9. artikulua.– Baserriak. Definizioa eta berreraikuntza baimentzeko erregimena.

1.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 29.1 eta 30. artikuluetan lurzoru ez-urbanizagarriaren erregimenari dagokionez xedatutakoaren ondorioetarako, honako baldintza hauek guztiak betetzen dituzten eraikinak hartuko dira baserritzat:

a) Eraikin bakanak izatea, eta erabilera nagusia etxebizitza-erabilera izatea.

b) Gutxienez etxebizitza bat izatea, Jabetza Erregistroan xedaturikoaren arabera.

c) Lehen okupazioko lizentzia, edo eraikinak 1950eko urtarrilaren 1aren aurretik bizitegi-okupazioa izan duela era sinesgarrian jasoko duen dokumentu bat izatea.

d) Udalak bere hirigintza-plangintzan edo dagokion udal-ordenantzan ezartzen dituen ezaugarri gehigarriak izatea.

2.– Baserri gisa identifikatzeko moduko egitura eraikiari eusten dioten baserrien berreraikuntza baino ez da baimenduko. Antzinako eraikinaren gailurraren jatorrizko posizioa zehazten ez duten eraikinen hormen hondakinak eta, oro har, jatorrizko higiezinaren oinplano orokorra eta jatorrizko bolumetria zein ziren jakiteko aukera ematen ez duten hondakin guztiak ezin izango dira, ezein kasutan, berreraiki.

II. KAPITULUA
BIRPARTZELAZIO ERREGIMENA

10. artikulua.– Birpartzelazio-proiektuak bideratzeko prozedura.

1.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean aurreikusitako birpartzelazio-proiektuak Hirigintza Kudeaketari buruzko Araudia onartzen duen abuztuaren 25eko 3288/1978 Errege Dekretuan adierazitakoari jarraiki bideratu eta onartuko dira, hurrengo artikuluetan aurreikusitako espezialitateak aparte utzi gabe.

2.– Nolanahi ere, administrazioaren isiltasuna negatibotzat hartuko da hasierako onarpenerako zein behin betiko onarpenerako.

11. artikulua.– 2/2006 Legearen 48.4 artikuluan aurreikusitako nahitaezko birpartzelazioren kasua. Prozedura eta ondorioak.

1.– Erakunde publikoek birpartzelazioan partaidetza eduki ahal izango dute legez aurreikusitako baldintzetan. Hirigintza-eraikigarritasunean partaidetza izateko, urbanizazioaren etorkizuneko kostuen konturako konpentsazio ekonomiko baten ekarpena egingo dute eratutako birpartzelazio-komunitatearen alde.

2.– Ekarpen ekonomikoa birpartzelazio-proiektua jendaurrean jakinarazteko epea amaitu aurreko edozein unetan egin ahalko da, eta gehienez ere eremuko urbanizazio-kargen guztizko zenbatekoko ekarpena izango da. Eratutako birpartzelazio-komunitatearen aldeko ekarpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Gordailu Kutxa Nagusian sartuz gauzatuko da.

3.– Erakundeari ekarpen ekonomikoaren kontura esleitutako hirigintza-eraikigarritasuna eremuaren barnean hartutako lursailen balioespenaren arabera duen zenbatekoaren proportzionala izango da. Halaber, hirigintza-eraikigarritasuna interesa duten gainerako pertsonentzat erabilitako irizpide berei jarraiki esleituko da. Ekarpen ekonomikoa egin ondoren eremuko urbanizazio-kargak aldatzen badira, ekarpena egiten duen erakundeari esleitutako emaitzazko lurzatia dagokion proportzioan txikiagotu edo handiagotuko da. Une horretan, ekarpena murriztu edo gehitu ahal izango da, lurzati oso baten edo gehiagoren titulartasuna lortzeko.

4.– Kontsignazioa egin ondoren, ekarpena egiten duen erakundeak bidezko birpartzelazio-dokumentua idatzi edo egokituko du. Dokumentu hori behin betiko onarpenaren aurretik jendaurrean jartzeko egindako izapide berei lotuko zaie.

5.– Kontzertazio Batzordea eratu behar izanez gero, ekarpena egiten duen erakundea batzorde horretan sartu ahal izango da, egindako ekarpenaren proportzioan eta gainerakoen eskubide eta betebehar berekin; nolanahi ere, nahitaezko birpartzelazioa sustatzeko ahalmena izango du, artikulu honetan deskribatutako moduan.

12. artikulua.– Hirigintza-eraikigarritasunaren esleipena, komunitateak erakunde publikoen hirigintza-ekintzak sortutako gainbalioetan duen partaidetza gisa. Kalkulua eta prozedura.

1.– Komunitateak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 27. artikuluan araututako hirigintza-ekintzak sortutako gainbalioetan duen partaidetza lege-testu horren 35.4 artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatu eta balioetsiko da.

2.– Partaidetza hori gauzatzeko, gutxienez lurzati eraikigarri baten jabari osoa esleitu beharko da birpartzelazio-proiektuan. Birpartzelazio-prozesuan partaidetza hori bidezkoa ez bada (lurzati eraikigarri baten jabari osoan behinik behin), partaidetza hori bere balioa esku-dirutan ordaintzearekin ordezkatu ahal izango da.

3.– Desjabetze-sistemaren bidez egikaritu beharreko jardun integratuetan, komunitateak hirigintza-gainbalioetan duen partaidetza bere balioa esku-dirutan ordaintzearekin soilik ordezkatu ahal izango da, desjabetzen duen erakunde publikoarekin adostu ondoren eta lurzoru-ondare publikoen arloan aplikatu beharreko araudia aparte utzi gabe.

4.– Zuzkidura-jardunetan, komunitateak hirigintza-ekintzak sortutako gainbalioetan duen partaidetza bere balioa esku-dirutan ordaintzearekin ordezkatu ahal izango da.

5.– Nolanahi ere, partaidetza horren ordezkapenaren zenbateko ekonomikoa udal lurzoru-ondareari lotuta geratuko da. Partaidetzaren esku-diru bidezko ordezkapen hori birpartzelazio-proiektuari buruzko dokumentuan bertan edota, birpartzelazio-proiektua eskatzen ez den kasuetan, bidezko lizentzia eman aurreko eskritura publikoan edo administrazio-aktan egin ahal izango da.

6.– Komunitateak hirigintza-ekintzak sortutako gainbalioetan duen partaidetza gauzatzen den lurzatien balioespena egiteko, haren helburua hartuko da kontuan (Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 27.4 artikuluan adierazia).

III. KAPITULUA
BATERAGARRITZE PLANAK

13. artikulua.– Bateragarritze-planaren edukiak eta hedadura-esparrua.

1.– Hainbat udal-mugartetako eremu mugakideetan hiri-garapenaren ezaugarriak eta premiak direla-eta hirigintza-antolamendua koordinatu behar denean, eta hori egingo duen lurralde-antolamenduko tresnarik izan ezean, bateragarritze-plan bat landu ahal izango da, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 63. eta 92. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

2.– Udalaz gaindiko intereseko sistema orokor bidez okupatutako hiri-lurzoruaren hirigintza-antolamendua Plan Berezi bidez koordinatu behar den, eta lurzoru hori hainbat udal-mugartetako eremu mugakideetan kokatuta dagoen kasuetan ere erabili ahal izango da prozedura hori, betiere Plan Bereziak arautzen dituen legeria sektorialak plan horiek hirigintza-agintaritzek behin betiko onartu behar dituztela agintzen badu eta agintaritza horien artean desadostasuna badago.

3.– Bateragarritze-planaren edukia eta hedadura-esparrua egitura-antolamenduaren berezko zehaztapenetara mugatuko da, planaren helburuak direla-eta bateragarritzearen edukiak antolamendu xehatuaren berezko zehaztapenetara ere zabaltzea komeni denean izan ezik.

4.– Bateragarritzea egitura-antolamenduaren zehaztapenei lotuta dagoenean, plan nagusiaren dokumentuan edota, eraginpean hartutako udalerriek legez ezarritako baldintzetan adostasunik lortu ezean, bateragarritze-planaren dokumentuan agertu ahal izango dira zehaztapen horiek.

14. artikulua.– Bateragarritze-planaren prozedura.

1.– Dagokion plan orokorra edota, legez ezarritako baldintzetan adostasunik lortu ezean eta gutxienez udalerrietako batek eskaera egin ondoren, bateragarritze-plana bideratzeko eta onartzeko, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

2.– Bateragarri egiteko lana antolamendu xehatuari lotuta dagoen kasuan, eraginpean hartutako udalerrien artean adostasunik lortu ezean eta gutxienez udalerrietako batek eskaera egin ondoren, antolamendu xehaturako bateragarritze-plan bat formulatu, bideratu eta onartuko da, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 63. eta 92. artikuluetan ezarritako prozedurari jarraiki.

3.– Prozedura hori ez da aplikatuko lurralde-antolamendurako tresna baten zehaztapenak gauzatzeko egindako Plan Berezietan.

IV. KAPITULUA
ANTOLAMENDUAREN HIRIGINTZA

ESTANDARRAK

1. ATALA
HIRIGINTZA ERAIKIGARRITASUNAREN MUGAK

15. artikulua.– Gehieneko eta gutxieneko eraikigarritasun-estandarrak betetzea.

1.– 2/2006 Legearen 77. artikuluan ezarritako gehieneko eta gutxieneko bizitegirako eraikigarritasun-estandarrak betetzeko, antolamenduak gaitutako bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasunaren eta eremuko, sektoreko edo zonako azaleraren artean aurreikusitako erlazioa kalkulatuko da. Azalera hori zenbatzean, antolamendu-eremuaren barnean hartutako zuzkidura publikoen sistema orokorrak soilik salbuetsi ahal izango dira.

2.– Erabilera nagusi gisa industria-erabilera edo hirugarren sektoreko erabilera duten eremuen, sektoreen edo zonen kasuan, lurzati pribatiboek duten azaleraren baturaren, eta eremuaren edo sektorearen guztizko azaleraren arteko erlazioaren bidez egiaztatu ahal izango da 77.5 artikuluan aurreikusitako estandarra bete izana. Azalera hori kalkulatzean, eremuan sartuta dauden eta araudi sektorialaren ezarpenagatik eraiki ezin diren lurzoru-azalerak salbuetsi ahal izango dira.

3.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen bigarren xedapen iragankorrean hirigintza-eraikigarritasunaren gehieneko eta gutxieneko mugen aplikagarritasunaren izaera automatikoari dagokionez xedatutakoa betetzeko, hirigintzako egitura-antolamendua egokitzeko dokumentuak, hirigintza-eraikigarritasunaren gehikuntza edo murrizketa agintzeaz gain, antolatutako eremuaren azalera murriztu edo zabaldu ahal izango du, edota sistema orokorretarako lurzoru-azalera sartu edo salbuetsi, hori guztia lurralde-antolamenduko tresnetan eta Dekretu honetan legez xedatutakoari jarraiki.

4.– Bi modu daude egokitze hori egiteko:

a) Automatikoa. Ez da beharrezkoa egitura-antolamenduaren plangintzari buruzko dokumentu berri bat idaztea eta bideratzea, baina antolamendu xehatuari buruzko dokumentuan hartutako soluzioaren justifikazioa behar da.

b) Egokitze-dokumentua. Udalerri osoa edo zati bat eraginpean har dezakeen egitura-antolamenduari buruzko dokumentu bat idaztearen eta bideratzearen bitartez.

5.– Arabako Lurralde Historikoko kontzeju batzuetako eta Urduñako udal-mugarteko bizitegi-eremuetan (bertako hiri-lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren mugaketa gune nagusiaren mugaketarekiko etena denean, eta eremu horiek etxebizitza babestua erreserbatzera behartuta dauden udalerrietan daudenean), 77. artikuluaren 6. idatz-zatian aurreikusitako gutxieneko hirigintza-eraikigarritasunaren % 20ra bitarteko murrizketa Euskadiko Lurralde Antolamendurako Batzordearen aldeko txostenak berak baimentzen duela ulertuko da. Aukera hori bera izango da gune nagusiak (hots, Udaletxeak egoitza duen guneak) baino biztanle gutxiago dituzten hiriguneetarako etxebizitza babestuko erreserbak ezarri behar dituzten udalerrietan, betiere gune txiki horietako hiri-lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren mugaketa gune nagusiaren mugaketarekiko etena bada, eta gunerik txikienak 2.000 biztanle baino gutxiago baditu.

6.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 77.2 artikuluan xedaturikoari dagokionez, 77.1 artikuluan aurreikusitako hirigintza-eraikigarritasunaren gehieneko muga gainditzea Euskadiko Lurralde Antolamendurako Batzordearen aldeko txostenak berak baimentzen duela ulertuko da, betiere honako kasu hauetan:

a) Gehienez 20.000 biztanle dituzten udalerrietan, hiri-erreformako edo hiri-berrikuntzako operazioak 10.000 metro karratuko sabaia baino txikiagoko bizitegi-erabilerarako hirigintza-eraikigarritasuna baldin badu.

b) 20.000tik 50.000ra bitarteko biztanleak dituzten udalerrietan, hiri-erreformako edo hiri-berrikuntzako operazioak 20.000 metro karratuko sabaia baino txikiagoko bizitegi-erabilerarako hirigintza-eraikigarritasuna baldin badu.

c) 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, hiri-erreformako edo hiri-berrikuntzako operazioak 30.000 metro karratuko sabaia baino txikiagoko bizitegi-erabilerarako hirigintza-eraikigarritasuna baldin badu.

2. ATALA
ZUZKIDURA ESTANDARRAK

16. artikulua.– Lursail-erreserbarako gutxieneko estandarrak eta sistema orokorren sareko zuzkidura publikoetarako eskubideak.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 78.1 artikuluan xedaturikoari dagokionez, eta udal-plangintzak ezarritako eraikuntza-aurreikuspen berriei dagokienez, honako baliokidetza hau ezartzen da: hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian, etxebizitzetarako erabili beharreko azalera eraikian, biztanle bat 25 metro karratuko.

17. artikulua.– Toki-zuzkiduren estandarrak. Finkatu gabeko hiri-lurzorua.

1.– Finkatu gabeko hiri-lurzoruko eremuen antolamendu xehatuak, erabilera nagusia bizitegi-erabilera denean eta jardun integratuen bidez garatzea aurreikusten denean, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 79.2 artikuluan ezarritako lursail-erreserbak ezarri beharko ditu gutxienez toki-zuzkiduretarako.

2.– Hala ere, titulartasun pribatuko lurzatietan zein zuzkidura publikoetarako lursailetan, titulartasun pribatuko lurzatien edo zuzkidura publikorako lurzoruaren sestrapeko azalera-erreserba nahikoaren bidez bete ahal izango du antolamendu xehatuak ibilgailuetarako aparkaleku-estandarra.

3.– Finkatu gabeko hiri-lurzoruan, erabilera nagusia industria-erabilera edo hirugarren sektoreko erabilera denean, antolamendu xehatuak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 79.3 artikuluan ezarritako lursail-erreserbak ezarri beharko ditu gutxienez toki-zuzkiduretarako.

4.– Esleitutako hirigintza-eraikigarritasunak erabilera bereizgarri berarekin aldez aurretik gauzatutakoarekiko edo, halakorik izan ezean, antolamenduak aldez aurretik esleitutako hirigintza-eraikigarritasunarekiko izan duen gehikuntzaren gainean kalkulatuko dira finkatu gabeko hiri-lurzoruko toki-zuzkiduren estandarrak.

5.– Eremu horretan gauzatu ahal izateko erabateko ezintasun fisikoaren kasuan edo ezintasun fisiko partzialaren kasuan, plangintzak ez-betetze hori ekonomikoki konpentsatzea egokitzat aurreikusi ahalko du, betiere arrazoituz, Dekretu honen 3. artikuluan araututako moduan eta ondorioetarako. Edo, bestela, beste eremu batean betetzeko aukera emango du, honako baldintza hauetan:

a) Diru-kopuru batekin ordezkatzea edo beste eremu batean betetzeko aukera ematea ezarri ahalko du, honako kasu hauetan:

1) Gehienez 20.000 biztanle dituzten udalerrietan, hiri-erreformako edo hiri-berrikuntzako operazioak 10.000 metro karratuko sabaia baino txikiagoko bizitegi-erabilerarako hirigintza-eraikigarritasuna baldin badu.

2) 20.000tik 50.000ra bitarteko biztanleak dituzten udalerrietan, hiri-erreformako edo hiri-berrikuntzako operazioak 30.000 metro karratuko sabaia baino txikiagoko bizitegi-erabilerarako hirigintza-eraikigarritasuna baldin badu.

3) 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, hiri-erreformako edo hiri-berrikuntzako operazioak 50.000 metro karratuko sabaia baino txikiagoko bizitegi-erabilerarako hirigintza-eraikigarritasuna baldin badu.

b) Beste eremu batean betetzeko aukera eman ahalko du, honako kasu hauetan:

1) Gehienez 20.000 biztanle dituzten udalerrietan, hiri-erreformako edo hiri-berrikuntzako operazioak 10.000 metro karratuko sabaia baino gehiagoko bizitegi-erabilerarako hirigintza-eraikigarritasuna baldin badu.

2) 20.000tik 50.000ra bitarteko biztanleak dituzten udalerrietan, hiri-erreformako edo hiri-berrikuntzako operazioak 30.000 metro karratuko sabaia baino gehiagoko bizitegi-erabilerarako hirigintza-eraikigarritasuna baldin badu.

3) 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, hiri-erreformako edo hiri-berrikuntzako operazioak 50.000 metro karratuko sabaia baino gehiagoko bizitegi-erabilerarako hirigintza-eraikigarritasuna baldin badu.

18. artikulua.– Toki-zuzkiduren estandarrak. Lurzoru urbanizagarria.

1.– Lurzoru urbanizagarriko sektoreen antolamendu xehatuak, erabilera nagusia bizitegi-erabilera denean, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 79.2 artikuluan ezarritako lursail-erreserbak ezarri beharko ditu gutxienez toki-zuzkiduretarako.

2.– Zuzkidura publikoetarako lursailetan, sarbide publikoa eta librea duen azalerako lurzoru-erreserba nahikoaren bidez bete beharko du antolamendu xehatuak ibilgailuetarako aparkaleku-estandarra.

3.– Lurzoru urbanizagarriko sektoreen antolamendu xehatuak, erabilera nagusia industriakoa edo hirugarren sektorekoa denean, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 79.3 artikuluan ezarritako lursail-erreserbak ezarri beharko ditu gutxienez toki-zuzkiduretarako.

19. artikulua.– Ekipamendu pribatuetarako lursail-erreserbaren gutxieneko estandarra. Hiri-lurzorua eta lurzoru urbanizagarria.

Nolanahi ere, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 79.2.c) artikuluan ekipamendu pribatuetarako aurreikusitako estandarra ekipamendu publikoetarako azalerari emandako erabileran oinarrituta bete ahal izango da.

3. ATALA
BABES PUBLIKOKO ETXEBIZITZEN ESTANDARRA

20. artikulua.– Babes publikoko edozein erregimeni lotutako etxebizitza. Kontzeptua.

1.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean xedaturikoari dagokionez, honako hauek hartuko dira babes publikoko edozein erregimeni lotutako etxebizitzak:

a) Erregimen orokorreko, erregimen bereziko eta erregimen tasatuko babes ofizialeko etxebizitzak (Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen araudi sektorialean halakotzat hartuta araututa daudenak).

b) Babes publikoko erregimena arautuko duen toki-ordenantza aldarrikatzearen bidez Udalek ezarriko dituzten erregimen orokorreko eta erregimen bereziko udal-etxebizitza tasatuak.

2.– Aurrekoa gorabehera, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legera egokitu gabeko hirigintza-antolamenduko planek erregimen orokorreko eta erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzetan oinarrituta bete beharko dute babes publikoko etxebizitzen estandarra.

21. artikulua.– Estandarra betetzeko modua.

1.– Babes publikoko erregimenari lotutako etxebizitzen estandarra ez da etxebizitza-unitateetan oinarrituta aplikatuko, plangintzak baimendutako bizitegi-erabilerako sabai-metro koadroetan oinarrituta baizik.

2.– Aldez aurretik gauzatutakoa baino bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasun handiagoa dagoelako estandar hori aplikatu behar denean, eraikita eta antolamenduak finkatuta dagoena zein babes ofizialeko etxebizitzen kasuan eraikitzeko udal-lizentzia edo behin-behineko kalifikazioa duena hartuko da gauzatutakotzat.

3.– Babestutako bizitegi-erabileretara zuzendutako eta antolamenduak aurreikusitako hirigintza-eraikigarritasunak gorantz biribilduko dira, babes-araudiaren arabera babes publikoko etxebizitza gisa kalifikatzeko moduko gutxieneko unitatea osatu arte.

4.– Estandarra bizitegi-erabilerako

hirigintza-eraikigarritasunean oinarrituta betetzean, emaitza ez da izango, ezein kasutan, babes publikoko etxebizitzetarako legez ezarritako ehunekoa baino % 10 txikiagoa (etxebizitzen kopuru gisa neurtua). Kasu horretan, muga horretara egokituko da estandarra.

22. artikulua.– Betetzeko modua behartuta ez dauden udalerrietan.

1.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak xedatutakoaren arabera erabilera nagusi gisa bizitegi-erabilera duten antolamendu-eremuetan etxebizitza babestuetarako lurzoru-erreserbak aplikatzera behartuta ez dauden udalerriek babes publikoko etxebizitzetara zuzendu beharko dute 27,4. artikuluan xedatutakoa aplikatzearen bidez lortutako lursailei esleitutako bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasuna.

2.– Edonola ere, betetze hori egiaztatzeko, hirigintza-eraikigarritasuna beste antolamendu-eremu batzuetara transferitu ahal izango da, etxebizitzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak baimena eman ondoren, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

23. artikulua.– Berralojamendu-eskubidea.

1.– Hirigintza-jardunaren sustatzaileak jardun horren ondorioz deuseztatu beharreko edukitze-erregimena duen ohiko etxebizitza baten legezko okupatzailea den eraginpean hartutako pertsonaren esku babes publikoko etxebizitza bat (edukitze-erregimen berean) jartzean datza berralojamendu-eskubidea.

2.– Jardunaren sustatzailearen eta eraginpean hartutako pertsonaren arteko akordio bidez gauzatu ahal izango da eskubide hori:

a) Etxebizitza librean, askatasun osoz ituntzen dituzten baldintzetan. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 80. artikuluan xedatutako betebeharra betetzearen ondorioetarako zenbatu ahal izango dira etxebizitza horiek.

b) Hustu beharreko etxebizitzaren okupazioa legitimatzen duenari dagokionaz bestelako edukitze-erregimenean.

3.– Erregulazio autonomikoa duten erregimen orokorreko, erregimen bereziko eta erregimen tasatuko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko eta erabiltzeko erregimenari buruzko araudia aplikatzearen ondorioz eraginpean hartutako pertsonaren berralojamendu-eskubidea erregulazio autonomikoa duten babes publikoko etxebizitzetan gauzatzeko eragozpenen bat dagoenean, honako prozedura honi jarraituko zaio:

a) Eraginpean hartutako etxebizitza kokatuta dagoen Udalak eta berralojamendu-etxebizitza kokatuta dagoen Udalak (beste bat izanez gero) etxebizitza hori berralojamendu-etxebizitzatzat (gerora sortutako eta aldi baterako kalifikazioarekin) hartzea eskatu ahal izango dio Eusko Jaurlaritzari. Kasu horietan, kalifikazio horri jarraiki, berralojamendua gauzatzen den etxebizitzaren erregimen juridikoa eskuratzeko baldintza guztiak edo baldintzaren bat betetzeaz salbuetsi ahal izango da eraginpean hartutako pertsona. Halaber, kalifikazio hori ofizioz sustatu ahal izango du Eusko Jaurlaritzak.

b) Berralojamendu-etxebizitza horren ondorengo “inter vivos” eskualdaketak, errentamenduak eta erabiltzeko aukerak haren kalifikazioari dagokion erregimen juridikoari eta ekonomikoari lotuta geratuko dira erabat.

c) Gehieneko diru-sarreren baldintza salbuesten bada,

kalifikazioa kontuan hartuta dagokion legezko gehienekoa baino prezio handiagoa finkatu ahal izango da berralojamendu-etxebizitzarako. Eraginpean hartutako pertsonak babes-araudian finkatutako diru-sarreren mugatik aurrera dituen diru-sarreren proportzionala izango da prezio hori.

4.– Artikulu honetan araututako berralojamendu-eskubidea gauzatzeko balio izan duten babes publikoko etxebizitzen jatorrizko ondare-egoerari eusteko, eraginpean hartutako pertsonak eskaera egin ondoren eta jarduneko administrazioari entzun ondoren, etxebizitza horiek babes publikoko etxebizitza gisa deskalifikatu ahal izango dira araudiak finkatzen duen epearen barruan. Nolanahi ere, epe hori 20 urte izango da gutxienez, behin betiko kalifikazioa ematen denetik aurrera kontatzen hasita.

5.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen Zortzigarren Xedapen Gehigarrian araututako etxebizitzak hartuko dira babes publikoko etxebizitzatzat.

6.– Etxebizitza batean erroldatuta dagoen eta zuzenbidean onartutako edozein titulurengatik etxebizitza horretan benetan bizi ohi den pertsona hartuko da legezko okupatzailetzat.

7.– Urbanizazio Jarduneko Programan, Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen bigarren Xedapen Gehigarriaren arabera berralojamendu-eskubidea duten pertsonen eta horien etxebizitzen zerrenda, eta eskubide hori gauzatzeko aukeratutako etxebizitzen eta hirigintza-eraikigarritasunen zerrenda txertatuko dira eranskin gisa, horien egiaztapen dokumentala eta faktikoa aparte utzi gabe.

8.– Berralojamendu-eskubidearen titularraren eta jardunaren sustatzailearen artean adostasuna izanez gero, Jabetza Erregistroan jasota dagoen emaitzazko finkan etxebizitzaren edo berariazko instalazioaren gaineko berralojamendu-eskubidea idaztearen bidez, etxebizitza edo instalazio horren balioaren gaineko banku-abalaren bidez, edota, halakorik izan ezean, aldeek ezartzen duten berme-formularen bidez bermatu ahal izango da eskubide hori. Adostasunik izan ezean, Jabetza Erregistroan jasota dagoen emaitzazko finkan idaztearen bidez edota, halakorik izan ezean, etxebizitzaren edo instalazioaren balioaren gaineko banku-abalaren bidez bideratu beharko da berralojamendu-konpromisoa betetzeko bermea.

24. artikulua.– Babes publikoko erregimenen bateko etxebizitzetarako lurzorua erreserbatzeko betebeharraz salbuetsitako egikaritze-unitateak.

1.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 80.5 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, honako hauek salbuetsiko dira: nagusiki bizitegi-erabilerarako ondoz ondoko egikaritze-unitate bat edo gehiago barnean hartzen dituzten hiri-lurzoruko jardunak, 20 etxebizitza edo gehiago edo 2.000 m2-ko sabaia edo gehiagoko etxebizitza-kopurua aurreikusten bada.

2.– Egikaritze-unitate horren edo horien emaitzazko etxebizitza guztiak udal-erregimen tasatuko etxebizitzetara zuzendu beharko dira. Horien erregimen juridikoa eta ekonomikoa arautzeko bidezko udal-ordenantza eman ez bada, erregimen tasatuko babes ofizialeko etxebizitzei buruzko araudi autonomikoa aplikatu beharko da, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 80. artikuluko bigarren eta hirugarren paragrafoetan xedatutako osagarritasunari buruzko arauaren arabera.

25. artikulua.– Bizitegi-eraikigarritasun babestuaren transferentziak. Edukia.

1.– Babes publikoko erregimenen bati lotutako etxebizitzetarako gutxieneko hirigintza-eraikigarritasuna sektore, eremu edo egikaritze-unitate bakoitzean beteko da, plangintza orokorrak bere lehen formulazioan edo berrikuspen integralean lurzoru urbanizagarri osoan edo hiri-lurzoru osoan legez finkatutako estandarrak era desberdinean betetzeko zehaztapenak ezartzen dituenean izan ezik.

2.– Plangintza orokorraren lehen formulazioko edo berrikuspen integraleko espedienteetan betetzea lurzoru mota desberdinen artean bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasun babestua transferitzearen bidez egiaztatzen bada, egindako aukera baimendu beharko du etxebizitzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak. Halaber, banantze sozioespazialaren arriskuak saihestuko dituen erreserben kalifikazio orekatua bermatzeko, Sailaren baimena beharko da, 7.000 biztanletik gorako udalerrietan espedientearen ondoriozko bizitegi-eraikigarritasun babestu osoaren % 80 baino gehiago, eta gainerako udalerrietan % 60 baino gehiago antolamendu-eremu bakarrean edo antolamendu-eremu jarraituetan kokatzen denean.

3.– Egitura-antolamenduaren berrikuspen partzialari edo aldaketa puntualari buruzko espedienteen kasuan eta eraginpean hartutako Udalak eskatuta, etxebizitzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak, Euskadiko Lurralde Antolamendurako Batzordeak aldeko txostena egin ondoren, babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarren betetze orokorra onartu ahal izango du transferentziaren bidez. Nolanahi ere, transferentzia horrek, bakarrik edo aurreko beste batzuekin metatuta, aurreko idatz-zatian adierazitako mugak errespetatu beharko ditu. Horretarako, eskaera egiteko unean eta aldaketari edo berrikuspen partzialari buruzko espedientean justifikatuta, honako zirkunstantzia hauen betetzea egiaztatu beharko da:

a) Transferentziaren xede den hirigintza-eraikigarritasun babestuaren aldez aurreko edo aldi bereko egikaritzea, betetzeaz salbuetsitako hirigintza-eraikigarritasunarekiko. Horretarako, transferitutako etxebizitza babestuen obra-lizentzien aurretik salbuetsitako etxebizitza libreetarako obra-lizentziarik ez emateko udal-konpromisoa hartuko du Udalak.

b) Etxebizitza libreen balioen proportzionaltasuna transferitutako eremuen eta transferentziaren xede diren eremuen artean. Horretarako, balio horien aldea zein proportzionaltasuna justifikatuko da transferentzia-eskaeraren memorian.

4.– Gutxieneko estandarra betetzeko bizitegi-eraikigarritasun babestuaren transferentzia titulartasun pribatuko eremu baten eta batez ere titulartasun publikoa duen eremu baten artean egiten denean, titulartasun pribatuko eremua gutxieneko erreserbaren betebeharraz salbuesteko dauden interes publikoko arrazoiak justifikatu beharko dira baimenaren eskaerari buruzko espedientean. Halaber, adostutako kontraprestazioak xehatu beharko dira (baldin badaude), eta horren inguruan hartutako erabakia aurkeztu beharko da.

5.– Nolanahi ere, artikulu honetan araututako kasuetan baimena emateko, beharrezkoa izango da transferitutako zein transferitu beharreko antolamendu-eremuen eraginkortasuna ez etetea. Plangintza orokorraren dokumentua behin betiko onartzeko eskumena duen Administrazioak baimenaren xede izan den eremu bati dagokionez onarpen hori etetea edo ukatzea erabakitzen badu, aurretik emandako baimena etetea edo ukatzea eragingo du etendurari edo ukapenari buruzko erabaki horrek.

6.– Babes publikoko erregimenen bati lotuta dauden, betetze orokorra (berrikuspen integralari buruzko espedienteetan) edota bizitegi-eraikigarritasun babestuaren transferentzia (berrikuspen partzialari edo aldaketa puntualei buruzko espedienteetan) egiaztatzeko balio duten, eta plangintza orokorraren dokumentuaren indarraldian egikaritu ez diren etxebizitzak kontuan hartu beharko dira plangintza orokorraren berrikuspenari buruzko espedienteak bete beharreko legezko estandarretara gehitzeko.

26. artikulua.– Bizitegi-eraikigarritasun babestuaren transferentzia. Prozedura.

1.– Aurreko artikuluetan aurreikusitako baimen-prozedura honako espediente hauetan aplikatu ahal izango da:

a) Egitura-antolamenduaren berrikuspen integralari buruzko espedienteetan. Horretarako, proposatutako plangintza orokorrak legez aurreikusitako estandarrak betetzen dituela egiaztatuko duen dokumentu bat aurkeztu, eta estandarren murrizketa zer eremutan eskatzen den adierazi beharko da.

b) 2/2006 Legearen Bigarren Xedapen Iragankorrak adierazten duen bezala, Lege horren edukietara egokitzeko aldaketa puntualari buruzko espedienteetan. Horretarako, proposatutako plangintza orokorrak legez aurreikusitako estandarrak betetzen dituela egiaztatuko duen dokumentu bat aurkeztu, eta estandarren murrizketa zer eremutan eskatzen den adierazi beharko da.

c) Egitura-antolamenduaren berrikuspen partzialari edo aldaketa puntualari buruzko espedienteetan. Horretarako, estandarra murrizteko eskaerari dagokion eremuaren zein transferitutako bizitegi-eraikigarritasun babestua gehitu ondoren berriz kokatzeko eremuaren baterako egitura-antolamendua aldatzeko proposamena aurkeztu beharko da.

2.– 1975eko Lurzoruaren Legera egokitu gabeko plangintza-tresnei ez zaie prozedura hori aplikatuko.

4. ATALA
ZUZKIDURAZKO BIZITOKIEN ESTANDARRA

27. artikulua.– Zuzkidurazko bizitokien ezarpena.

1.– Zuzkidurazko bizitokiak ezartzeko zuzkidura-lurzoruaren erreserba-betebeharra betetzeko, egitura-antolamenduan ezarritako erreserba-betebeharraren kokapen zehatza ezarriko dute antolamendu xehatuko plangintzek. Antolamendu xehatuko zehaztapenak Plan Partzialen bidez (lurzoru urbanizagarrian), Hiri Antolamendurako Plan Berezien bidez (finkatu gabeko hiri-lurzoruan), edota Zuzkidurazko Bizitokietarako Plan Berezien bidez (aldez aurretik zegoen hiri-lurzoru finkatua horretarako zuzentzen den kasuetan) ezarri ahal izango dira. Nolanahi ere, plangintza orokorraren dokumentuan bertan arautu ahal izango dira.

2.– Etxebizitzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Saila izango da herri-administrazio eskuduna bizitokiak jasoko dituzten herritarrak zein diren, eta, ordenantza bidezko berariazko udal-erregulaziorik izan ezean, bizitoki horien ezaugarriek zer erregulazio izango duten ezartzeko.

28. artikulua.– Zuzkidurazko bizitokien estandarra zenbatzea eta betetzea.

1.– Aurreko artikuluan deskribatutako lurzoru-kalifikazioaren betebeharra urbanizazio-karga guztiez libre egongo den lurzatiaren gainean ezarriko da, lurzatiaren barneko urbanizazioaren salbuespen bakarrarekin.

2.– Estandarra eremu bakoitzean, lurzoru mota bakoitzaren barruan, edota, oro har, udalerrian bete ahal izango da, egitura-antolamenduak horretarako adierazten duenari jarraiki.

3.– Hirigintza-antolamenduak aldez aurretik legitimatutako bizitegi-sabaiaren edo etxebizitza kopuruaren gehikuntzari (benetan gauzatzen den ala ez kontuan hartu gabe) Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 81. artikuluan legez ezarritako lurzati garbiaren lurzoru-azaleraren estandarra aplikatzearen emaitza da zuzkidurazko bizitokietarako erreserbaren azalera. Edonola ere, estandar hori aplikatzeak kargarik gabeko gutxienez lurzati oso bat ekarri beharko du aldaketa puntualari edo berrikuspen partzialari buruzko espedienteetan, eta bi lurzati oso berrikuspen integralari buruzko espedienteetan, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 105.5 artikuluan xedatutakoaren kasuan izan ezik.

4.– Udalak, etxebizitzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak baimena eman ondoren, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea indarrean jarri aurretik sustatu ziren beste zuzkidurazko bizitoki batzuekin egiaztatu eta konpentsatu ahal izango du betetze hori, behar bezala justifikatuta.

29. artikulua.– Zuzkidurazko bizitokietarako lurzatien titulartasuna.

1.– Estandar hori aplikatzean sortutako lau lurzatitik, hiru lehenak etxebizitzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sustatuko ditu, eta laugarrena, berriz, dagokion Udalak, Udal horrek helburu horretarako lurzati gehiago erreserbatzea erabakitzen duenean izan ezik.

2.– Etxebizitzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak zuzkidurazko bizitokiak sustatzeko, helburu horretarako lurzatiak eman beharko ditu dagokion Udalak. Zuzkidurazko bizitokietarako lurzatien ematea birpartzelazioari buruzko erabakiaren bitartez formalizatu beharko da (etxebizitzaren arloan eskumena duen Sailak onartu ondoren), edota bidezko hitzarmena izenpetzearen eta ondoren Udalak lagapenari buruzko erabakia eta Eusko Jaurlaritzak onarpenari buruzko erabakia hartzearen bidez, hori guztia araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraiki.

V. KAPITULUA
HIRIGINTZA PLANGINTZA
1. ATALA
IZAPIDEEI BURUZKO ZEHAZTAPENAK

30. artikulua.– Antolamendu xehatuaren aldaketa.

Plangintza orokorrean txertatutako antolamendu xehatua Plan Nagusiaren aldaketaren irudia, edota Plan Bereziaren edo Plan Partzialaren irudia (dagokionaren arabera) erabilita aldatu ahal izango da. Izapideak egiteko prozedura 2/2006 Legearen 95., 96. eta 97. artikuluetan araututakoa izango da.

31. artikulua.– Urbanizazio-jardunen eragina. Hirigintza-antolamenduko planei buruzko dokumentazioa.

1.– Ingurumena Babesteari buruzko 3/1998 Legea aplikatzearen bidez ingurumen-eraginaren baterako ebaluazioari (IEBE) lotuta egon behar duten hirigintza-plan guztiek, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean eskatutako gainerako berariazko dokumentazioa aparte utzi gabe, gutxienez honako dokumentazio hau bildu beharko dute hirigintza-antolamenduko plan jakin batzuetarako:

a) Plangintza-ahalmena baliatzeko datuak bilduko dituen informazio guztia jaso beharko duen informazioko eta justifikazioko memoria. Memoria horrek, halaber, erabakiak hartzeko alternatibak formulatzen direnetik hautatu arte jarraitutako prozesua aipatu beharko du esanbidez, prozesu horretan herritarren parte-hartzearekin egindako alegazioen, iradokizunen eta erreklamazioen azterketa kontuan hartuta. Ildo horretan, bi sexuen parte-hartze orekatua erraztu edo sustatuko da, eta, hala badagokio, Plangintzako Aholku Batzordearen aginduzko txostena eta bere gain hartutako erabakien justifikazioa txertatuko dira.

b) Ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena. Txosten horrek garapen iraunkorraren printzipioan oinarrituta hartu beharreko antolamendua eragin beharko du. Ingurumen-iraunkortasunari buruzko txosten horrek, halaber, antolamenduaren xede den eremuaren arrisku naturalen mapa bat izango du. Horrez gain, planean bildutako aurreikuspenetarako lurzoru horiek duten harrera-ahalmenari buruzko azterlan bat gaineratuko da. Azterlan horrek honako txosten hauek hartuko ditu kontuan, aginduzkoak direnean eta legeriari jarraiki prozeduraren ondorengo fase batean egin behar ez direnean soilik:

1) Administrazio hidraulikoak eskari berriei erantzuteko beharrezkoak diren baliabide hidrikoei eta jabari publiko hidraulikoaren babesari buruz egindako txostena, araudi sektorialaren arabera aginduzkoa denean.

2) Kosta-administrazioak itsas/lehorreko jabari publikoaren mugaketari eta babesari buruz egindako txostena, hala badagokio.

3) Errepideen eta lehendik zeuden gainerako azpiegituren arloan eskumena duten administrazioek planean bildutako aurreikuspenen eraginari buruz egindako txostena. Hirigintza-jardunak zerbitzu-ahalmenean duen eragina aztertuko du txosten horrek.

c) Informazioko, egitura-antolamenduko eta antolamendu xehatuko planoak, hala badagokio.

d) Hirigintza-araudia (Eraikuntza eta Urbanizazio Ordenantzak eta Katalogoak barnean hartuta daudela ulertuko da).

e) Hirigintza-jardunaren bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioari buruzko azterlana.

f) Iraunkortasun ekonomikoaren memoria; bertan, hirigintza-jardunak beharrezkoak diren azpiegituren ezarpenak eta mantentzeak, edo emaitzazko zerbitzuak abian jartzeak eta emateak eraginpean hartutako ogasun publikoetan duen eragina haztatuko da bereziki, baita hirigintza-jardun horrek urbanizazioaren xede den lurzorua kendu ondoren produkzio-erabileretara zuzendutako lurzoruaren azaleran eta egokitzean duen eragina ere.

g) Hirigintza-eraikigarritasunaren gehieneko eta gutxieneko estandarrak betetzearen, biztanleriaren bizitegi-hazkundearen gehieneko zifra (etxebizitza kopuruaren bidez eta lurraldearen antolamendurako tresnetan adierazia) errespetatzearen eta, oro har, hirigintza-plangintza lurralde-plangintzara egokitzearen justifikazioa.

2.– Dokumentazio hori aginduzkoa izango da, eta ingurumen-organoari aurkeztu beharko zaio, organo horrek, Euskadiko Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen txostena bideratu aurretik, plan eta programa jakin batzuek ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legeak agindutako ingurumen-memoria egin dezan. Memoria horrek artikulu honen lehen paragrafoko b) letran aurreikusitako txosten sektorialak hartu beharko ditu kontuan bereziki.

32. artikulua.– Jendaurrean jartzeko izapiderako gutxieneko dokumentazioa.

Planak eta hirigintza-antolamendurako gainerako tresnak onartzeko edo aldatzeko prozeduretan, plan eta tresna horiek bilduko dituen dokumentazioa aurkezteaz gain, honako alderdi hauek adieraziko dituen laburpen exekutiboa jarri beharko da jendaurrean:

a) Zenbait eremutan proiektatutako antolamenduak indarrean dagoen antolamendua aldatzen duenean, eremu horien mugaketa, kokapenaren planoarekin eta aldakuntzaren zenbaterainokoarekin. Egungo egoera eta antolamenduak aurreikusitako etorkizuneko irudia konparatzeko aukera emango duten informazio grafikoko planoak edo tresnak txertatuko dira.

b) Hala badagokio, hirigintza-antolamendua edo egikaritzeko prozedurak eteten diren eremuak, eta etendura horren iraupena.

2. ATALA
HIRIGINTZA PLANGINTZAREN ALDAKETARI BURUZKO ZEHAZTAPENAK

33. artikulua.– Egiturazko hirigintza-antolamenduaren erabateko berrikuspena, berrikuspen partziala eta aldaketa puntuala.

1.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean legez ezarritako gainerako arrazoiak aparte utzi gabe, hirigintza-planek ezarritako antolamenduaren eta, nolanahi ere, plan nagusien egitura-antolamenduaren erabateko berrazterketa osorik berrikusi behar da. Hori guztia antolamenduaren aldaketak, bakarrik edo aurreko beste aldaketa batzuekin batera, honako hauek dakartzanean gertatzen dela ulertuko da:

a) Udal-mugartean hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta dagoen lurzoruaren azalera osoaren % 20ko edo hortik gorako gehikuntza.

b) Udalerriko biztanleriaren % 20ko edo hortik gorako gehikuntza.

c) Aurreko hirigintza-antolamenduak emandako udalerriko hirigintza-eraikigarritasun osoa % 25etan edo ehuneko handiagoan gehitzeko proposamena.

d) Lursail-azalera bat lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatzeko proposamena, aurreko hirigintza-antolamenduan lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa aurreikusitako azalera % 50etan edo ehuneko handiagoan gehitzeko, lurralde-plangintzak kontuan hartzen duenean izan ezik.

2.– Honako baldintza hauek guztiak betetzen direnean izango da bidezkoa berrikuspen partziala: egiturazko hirigintza-antolamenduaren aldaketa erabatekoa izatea, hiru antolamendu-eremu edo gehiago eraginpean hartzea (udal-mugartearen gainerakoaren egitura-antolamendua aldatu gabe) eta, nolanahi ere, aurreko paragrafoan ezarritako mugak ez gainditzea.

3.– Era berean, aldaketaren xedea egiturazko antolamendu-zehaztapen bat baino gehiago aldatzea denean, zehaztapen horiek aurreko plangintzak aurreikusitako hirigintza-antolamenduko eremuen erdiak baino gehiago eraginpean hartzen dituztenean eta lehen paragrafoan ezarritako mugak gainditzen ez direnean izango da bidezkoa berrikuspen partziala.

4.– Hirigintza-antolamenduaren aldaketaren gainerako kasuak aldaketa puntualari jarraiki egin, bideratu eta onartu ahal izango dira.

34. artikulua.– Lizentzien etendura. Luzapena.

1.– Hirigintza-planak hasiera batean onartzeko eskumena duten administrazioek eremu edo erabilera jakin batzuen onarpen, baimen eta hirigintza-lizentzia mota ororen emakida urtebetez etetea erabaki ahal izango dute, plan horiek lantzeko edo, hala badagokio, aldatzeko edo berrikusteko, hasiera batean onartzen direnetik edo aurrelaburpenaren edo dokumentuaren beraren formulazioari buruzko erabakia hartzen denetik, aurrelaburpena aginduzkoa ez den kasuetan.

2.– Hirigintza-antolamenduko planen aldaketak edo berrikuspenak bideratzeko lizentzien emakida plangintza orokorrerakoa ezarritako bi urteko gehienekoan eta gainerako hirigintza-planetarako urtebeteko gehienekoan baino aldi laburrago batean etetea erabakitzen bada, etendura hori luzatu ahal izango da gehieneko aldi horretara iritsi arte, 2/2006 Legearen 85. artikuluan ezarritako publizitate-baldintzei lotutako beste udal-erabaki baten bidez.

35. artikulua.– Plangintzaren aldaketa puntualak. Estandarrak betetzearen inguruko mugak.

1.– Aldaketa puntualaren bidez eta plangintza egikaritzearen ondorioz hiri-lurzoru gisa sailkatzen diren lursailek 2/2006 Legearen 83. artikuluan aurreikusitako lurzoru urbanizagarriaren berezko estandarrei eutsi beharko diete, hurrengo paragrafoetan xedatutakoaren kasuan izan ezik.

2.– Hirigintza-antolamenduko planen aldaketa puntualek lurzatien eta orubeen zuzkidura-erabilera publikoari eutsiko diote, lurzati eta orube horien aurreko xedea lurzoru mota orotan zuzkidura-erabilera hori izan denean. Hala ere, arloaren arabera dagokion erabilera ezartzeko eskumena duen administrazioak lurzorua helburu horretarako beharrezkoa ez dela justifikatzen duen aginduzko txostena egin ondoren, adierazitako lurzatiak eta orubeak beste zuzkidura-erabilera publiko batzuetara zuzenduko dira ahal bada, zuzkidura-alojamenduetarako erabilera barne.

3.– Hala ere, hirigintza-antolamenduko planen aldaketa puntualek irabazizko beste erabilera batzuetara zuzendu ahal izango dituzte lurzati edo orube horiek. Birkalifikazioaren xedea azalera osoaren herena gutxienez Udalak aurretik hirigintza-lagapen bidez lortutako zuzkidura-erabilerara zuzenduta duen eremu bat bada, aldaketa puntualari buruzko dokumentuak, galdutako zuzkidura-azalera konpentsatzeko eta birjartzeko, gutxienez lurzoru-azalera bera zuzkidura-erabilera publikoarekin birkalifikatu beharko du antolamendu-eremu berean edo beste eremu batean, eska daitezkeen gutxieneko estandarrak gehituta.

4.– Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 105.3 artikuluan adierazitako kasuan, berdeguneen eta espazio libreen estandarrari eusteko, eraikigarritasuna handitzearekin lotuta berdeguneen eta espazio libreen sistema orokorraren aurreikuspen handiena plangintzan ezarritako legezko gutxienekoari dagokionez egon daitekeen soberakina kontuan hartu gabe gauzatuko da, plangintzak soberakin hori zenbatu eta kudeatzea esanbidez aurreikusten duenean, eta, gainera, soberakin horrek xede honetarako kokapen egokia duenean izan ezik.

5.– Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 105.4 artikuluan adierazitako kasuan, eremu batek espazio libreen tokiko sisteman soberakina duela erabaki ahalko da, aplikatu beharreko legezko egoerari dagokionez behin betiko onartzeko unean soberako aurreikuspen bat egiten duen plan partzial baten ordenamendutik eta egikaritzetik ondorioztatzen denean soilik.

36. artikulua.– Plangintzaren aldaketak. Babes publikoko etxebizitzen estandarrak betetzea.

1.– Egitura-antolamenduko plangintzaren aldaketa puntualari buruzko espedienteetan, 2/2006 Legeak estandarra aplikatzera behartzen dituen udalerrietan bizitegi-erabilerako hirigintza-eraikigarritasuna aurretik esleitutakoaren aldean gehitzen denean, babes publiko erregimenen bati lotutako etxebizitzaren estandarrak osorik bete beharko dira, Dekretu honen 21. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

2.– Aurrekoa gorabehera, egitura-antolamenduko plangintzaren aldaketa puntualen xedea betetze orokorragatik edota aldez aurretik etxebizitzak transferitzeko baimena jaso izanagatik babes publikoko etxebizitza gehiegi edo gutxiegi dituzten antolamendu-eremuetan bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasuna aurretik esleitutakoaren aldean gehitzea denean, estandarraren betetzea eraikigarritasunaren arabera neurtuko da, eta antolamenduak aurretik esleitutako bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasunarekiko kalkulatuko da.

3.– Lursailak erabilera nagusi gisa bizitegi-erabilera duten hiri-lurzoru gisa sailkatzeko xedea duten hirigintza-plangintzaren aldaketa guztiek, bideratzeko modua edozein izanik ere, honako arau hauek errespetatu beharko dituzte:

a) Lurzoru horren aldez aurreko hirigintza-sailkapen partziala edo erabatekoa lurzoru ez-urbanizagarriarena bada, berriz sailkatutako lurzoruaren azalera horri aplikatu beharreko estandarra lurzoru urbanizagarriari dagokiona izango da.

b) Lurzoru horren aldez aurreko hirigintza-sailkapen partziala edo erabatekoa lurzoru urbanizagarriarena bada, eta lurzoru hori legez eraldatuta ez badago edo sailkapena aldatzeko espedientearen hasierako onarpenaren unean hiri-lurzoruaren berezko hirigintza-zerbitzurik ez badu, berriz sailkatutako lurzoruaren azalera horri aplikatu beharreko estandarra lurzoru urbanizagarriari dagokiona izango da.

c) Lurzoru horren aldez aurreko hirigintza-sailkapen partziala edo erabatekoa industriarako edo jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoruarena bada, eta lurzoru hori legez eraldatuta ez badago edo sailkapena aldatzeko espedientearen hasierako onarpenaren unean hiri-lurzoruaren berezko hirigintza-zerbitzurik ez badu, berriz sailkatutako lurzoruaren azalera horri aplikatu beharreko estandarra lurzoru urbanizagarriari dagokiona izango da.

VI. KAPITULUA
LURZORUAREN UDAL ONDAREAK

37. artikulua.– Udalaren Lurzoru Ondareei eman beharreko erabilera. Zuzkidura publikoetarako ondasunak.

1.– Udalaren Lurzoru Ondarea osatzen duten eta hirigintza-antolamenduak zuzkidura publikoetara zuzentzen dituen edozein izaeratako ondasunak helburu horretara zuzendu beharko dira, hirigintza-kalifikazio horren aldaketaren inguruan legearen eta araudiaren arabera xedatutakoaren kasuan izan ezik.

2.– 2/2006 Legearen 25.2 artikuluan eta Dekretu honen 3. eta 17. artikuluetan definitutako ordezko kalte-ordain ekonomikoa zuzkidura publikoetarako lurzorua lortzera eta mantentzera zuzenduko da (diru-sarrerak lurzoru-ondare publikoari lotutako baliabideak dira).

38. artikulua.– Udalaren Lurzoru Ondareei eman beharreko erabilera. Lehentasunezko erabilera.

1.– Udalaren Lurzoru Ondarea osatzen duten eta zuzkidura publikoetara zuzenduta ez dauden edozein izaeratako ondasunak eta Udalaren Lurzoru Ondare hori osatzen duten baliabide guztiak babes publikoko erregimenen bati lotutako etxebizitzak eraikitzera zuzenduko dira ahal bada. Honako alderdi hauek baino ez dira sartuko kontzeptu horretan:

a) Erabilera nagusi gisa babes publikoko etxebizitzarako erabilera duen lurzorua eskuratzea.

b) Babes publikoko etxebizitzetarako kalifikatutako lurzorua urbanizatzea.

c) Aldez aurretik urbanizatutako eta babes publikoko etxebizitzetarako kalifikatutako lurzorua eskuratzea. Kontzeptu horren barruan, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 48.4 artikuluan aurreikusitako ekarpen ekonomikoa sartuko da, betiere eskuratutako eraikigarritasun hori babes publikoko etxebizitzak eraikitzera zuzentzen bada.

d) Babes publikoko etxebizitzak eraikitzea.

e) Eraikita dauden babes publikoko etxebizitzak alokairuan jartzeko eskuratzea.

2.– Halaber, eta lehentasunezko izaera horrekin berarekin, osotasunean edo zati batean babes publikoko erregimenen bati lotutako etxebizitzak dituzten egikaritze-unitateetan urbanizazio-obrak ordaintzera zuzendu ahal izango dira, egikaritze publikoko erregimenean garatzea aurreikusita dagoenean. Lankidetzaren, desjabetzearen eta agente urbanizatzailearen egikaritze-sistemak hartuko dira egikaritze publikoko erregimentzat, agente urbanizatzailea Udalaren lurzoru-ondarea kudeatu behar duen tokiko erakunde edo sozietate publiko bat denean.

39. artikulua.– Udalaren Lurzoru Ondareei eman beharreko erabilera. Beste erabilera batzuk.

1.– Izaera gehigarriarekin, Udalaren Lurzoru Ondarea osatzen duten eta zuzkidura publikoetara zuzenduta ez dauden edozein izaeratako ondasunak eta Udalaren Lurzoru Ondare hori osatzen duten baliabide guztiak honako helburu hauetara zuzendu ahal izango dira:

a) Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 120. artikuluko prozedurari jarraiki Udalaren lurzoru-erreserbako eremuen barnean hartutako, eta 125. artikuluan araututako prozedurari jarraiki lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideei lotutako eremuen barnean hartutako ondasunen eta eskubideen jabetza eskuratzea.

b) Izaera publikoko azpiegiturak, zuzkidura publikoak eta zona degradatuetako sistema orokorrak birgaitzeko, berritzeko edo hobetzeko lanak. Azpiegitura eta zuzkidura publikokotzat hartuko dira Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 54. eta 57. artikuluetan ezarritakoak. Artikulu honetan xedaturikoaren ondorioetarako, zona degradatutzat hartuko dira hirigintza-plangintzak adierazten diren birgaitzera eta hiri-eraberritzera bideratutako hiri-lurzoruen eremuak, adierazitako legearen 50.2.h) artikuluan xedatzen den moduan.

c) Sustapeneko edo interes publikoko jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren eskuratzea eta sustapen publikoa, industriaren eta merkataritzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak aldez aurretik arauz garatu ondoren, 2/2006 Legearen hamargarren xedapen gehigarrian ezaugarriak, erregimen juridikoa eta gainerako zehaztapenak ezartzeko ezarritakoari jarraiki.

d) Ondare historikoa eta kulturala birgaitzeko, berreskuratzeko eta hobetzeko obrak, kulturaren arloan eskumena duten Foru Aldundiko edo Eusko Jaurlaritzako Sailek ondasun horiek halakotzat hartu dituztenean, edota udal-katalogoaren barnean hartu direnean.

e) Udal-titulartasuneko ekipamendu kolektiboen eraikuntza, birgaitzea edo hobekuntza; zerbitzu eta jabari publikoko ekipamenduak hartuko dira halakotzat.

VII. KAPITULUA
HIRIGINTZA EGIKARITZEA
1. ATALA
JARDUN MOTAK

40. artikulua.– Jardun bakanak.

1.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 136. artikuluan xedaturikoaren ondorioetarako, jardun bakantzat hartuko dira honako helburu bakar hau dutenak: lursailak eta orubeak eraikitzea eta, hala badagokio, eraiki aurreko edo aldi bereko urbanizazioa, adierazitako legean aurreikusitako baldintzetan.

2.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 136.a) artikuluan aurreikusitako barne-birpartzelazioa honako kasu hauetan aplikatu ahalko da: zatitugabekoen egoeretan edo gutxieneko lursailaren ordenantzako baldintzak betetzeko hainbat lursail elkartu behar direnean.

41. artikulua.– Zuzkidura-jardunak.

1.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 137. artikuluan xedatutakoari jarraiki, Dekretu honen 2. eta 3. artikuluetan ezarritako baldintzetan hirigintza-eraikigarritasun haztatua aldez aurretik zegoenaren aldean gehitzen denean zuzkidura-karga kentzeko xedea dutenak hartuko dira zuzkidura-jarduntzat.

2.– Bakarka kontuan hartzen diren eta arestian deskribatutako zuzkidura-karga salbuesteko aukera aparte utzi gabe orube-izaera hartzeko urbanizazio-obra gehigarriak eraikuntzaren aurretik edo aldi berean egitea baino eskatzen ez duten orubeetan edo lurzatietan baino ez dira aplikatuko zuzkidura-jardunak, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 195.1 artikuluan ezarritakoari jarraiki.

3.– Zuzkidura-jardunak, alde batetik, hirigintza-eraikigarritasun haztatua baino hirigintza-eraikigarritasun handiagoko lurzati baten bidez eta, bestetik, etena izanik ere 2/2006 Legearen 25.2 artikuluan aurreikusitako zuzkidura-karga kentzeko xede bakarra duen lurzoru-azalera baten bidez definitu ahal izango dira.

42. artikulua.– Jardun integratuak. Egikaritze-unitateekiko erlazioa.

1.– Sistema orokorren edo toki-sistemen sareetako jardun bakanen, zuzkidura-jardunen edo zuzkidura publikoak egikaritzeko jardunen definizioarekin bat ez datozenak hartuko dira jardun integratutzat.

2.– Jardun integratuek gutxienez egikaritze-unitate batez osatuta egon beharko dute, eta bi egikaritze-unitate edo gehiago ere bildu ahal

izango dituzte. Gainera, egikaritze-unitate horiek sistema orokorrak izan ditzakete atxikita edo txertatuta. Egikaritze-unitate horiek finkatu gabeko hiri-lurzoruko beste eremu batzuetan eta lurzoru urbanizagarriko beste sektore batzuetan egotea onartu ahal izango da, betiere urbanizazio-jarduna programazio berarekin koordinatuta eta behar bezala justifikatuta egiten bada.

3.– Urbanizazio-kargen banaketan sortzen den desberdintasunak plangintza-eremu batean mugatutako egikaritze-unitateen arteko desoreka ekonomikoa eragiten duenean, Urbanizazio Jarduneko Programak % 5etik gorako batez besteko eraikigarritasunaren aldearekin mugatu ahal izango ditu egikaritze-unitateak, karga-diferentziak konpentsatzeko eta jardunaren etekinen eta kargen banaketa orekatua lortzeko, eta Programan behar bezala justifikatu beharko da hori.

4.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 144.2 artikuluan ezarritakoari jarraiki eremu edo sektore batean mugatzen diren egikaritze-unitateen batez besteko eraikigarritasunaren oreka lortzeko, barnean mugatzen diren jardun bakanen eta zuzkidura-jardunen azalera eta eraikigarritasun haztatuak kenduta kalkulatuko da antolamendu xehatuko eremuaren batez besteko eraikigarritasuna.

5.– Nolanahi ere, jardun integratu bakoitzeko Urbanizazio Jarduneko Programa bat bideratzea eta onartzea eskatu ahal izango da, birpartzelazioa egikaritze-unitate bakoitzean bereiz egin behar izateko aukera aparte utzi gabe (bidezkoa denean eta jardun integratuaren xedea hainbat egikaritze-unitate urbanizatzea denean).

2. ATALA
EGIKARITZE ETA KONTRATAZIO

ADMINISTRATIBORAKO SISTEMA PRIBATUAK

43. artikulua.– Urbanizazio Jarduneko Programak alderdi baten eskariz bideratzea.

1.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 158. artikuluan xedaturikoari dagokionez, Administrazioaz kanpoko pertsonatzat edo erakundetzat hartuko dira 157. artikuluko e) letran eta d) letran zerrendatutakoak, betiere hurrengo paragrafoan bildutzat hartzen ez badira.

2.– 157. artikuluko a), b) eta c) letretan zerrendatutako erakundeetako edozeinetan % 50etik gorako partaidetza duten pertsona juridikoak 158. artikuluan ezarritako bermea aurkezteaz salbuetsita egongo dira.

44. artikulua.– Kontratazio administratiboko printzipioak aplikatzea Urbanizazio Jarduneko Programak egikaritze pribatuko erregimenean esleitzean.

1.– Urbanizazio Jarduneko Programak jardun-sistema gisa Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 160. artikuluan eta hurrengoetan araututako kontzertazio-sistema proposatzen badu, eta haren edukien kudeaketa lagapen bidez esleitzeko, publizitatearen eta lehiaren printzipioak dagokion Urbanizazio Jarduneko Programa onartzeko izapidean betetzen direla ulertu beharko da.

2.– Urbanizazio Jarduneko Programak jardun-sistema gisa Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 166. artikuluan eta hurrengoetan araututako agente urbanizatzailea proposatzen badu, eta haren edukien kudeaketa lagapen bidez esleitzeko, publizitatearen eta lehiaren printzipioak artikulu horietan aurreikusitako lehiaketaren deialdia eta ebazpena betetzera zabaldu beharko dira. Kontrako legezko aurreikuspenik izan ezean, eta subsidiarioki, aholkularitzaren eta asistentzia teknikoaren arloan indarrean dagoen kontratazio administratiboari buruzko araudia aplikatuko da lehiaketa horretan, haren prozedurari dagokionez, hurrengo paragrafoetan xedatutakoaren kasuan izan ezik.

3.– Urbanizazio Jarduneko Programa bat egikaritze pribatuko sistemaren, kontzertazio-sistemaren edo agente urbanizatzailearen bidez esleitzen bada, urbanizazio-obren esleipenak obren arloko kontratazio publikoari buruzko arauak errespetatu beharko ditu, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 172. artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Udalak lehiaketaren deialdi hori egin ahal izango du sustatzaileekiko hitzarmen bidez, edota, gutxienez, kontratazio-organoan egoteko aukera eskatu ahal izango du, paragrafo honetan xedatutakoa betetzen dela egiaztatzeko.

4.– Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, urbanizazio-obrak egitea sartu ahal izango da agente urbanizatzailea hautatzeko lehiaketaren xedearen barruan. Kasu horretan, kontratazio publikoari buruzko legeriaren printzipioei lotuta egongo da adierazitako lehiaketa lizitatzaileen kaudimenari, publizitateari eta lehiari dagokienez, legeria horrek obrak kontratatzeko zehaztutakoaren arabera.

3. ATALA
NAHITAEZKO DESJABETZE SISTEMA

45. artikulua.– Nahitaezko desjabetzea eta irisgarritasunaren sustapena.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 177.j) artikuluan xedatutakoa aplikatuta, desjabetzea aplikatu ahal izango da erabilera nagusi gisa bizitegi-erabilera duten eraikinetan eta hirigintza-antolamenduak eskatutako baldintzetan, legeria sektorial aplikagarrian aurreikusitako irisgarritasuna gauzatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak eta instalazioak eguneratzeko betebeharra ez betetzeagatik. Horretarako, honako baldintza hauek bete beharko dira aldez aurretik:

a) Desjabetzeko aukera hori dagokion udalerriko hirigintza-antolamenduan esanbidez aurreikustea.

b) Jabeen komunitateak gehiengo nahikoarekin hartutako erabakia, eta lizentzia lor dezakeen obra-proiektu teknikoa aurkeztea.

c) Gutxienez legez ezarritako baldintzei lotuta desjabetzeko beharrezkoak diren gainerako zehaztapenak eta baldintzak Ordenantza bidez garatzea.

46. artikulua.– Desjabetze-jardunetan ondasunak eta eskubideak okupatzeko premia erabakitzeko organo eskudunak. Baterako tasazioa.

1.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 178.2 artikuluan xedaturikoari dagokionez, desjabetze-jardun batek eraginpean hartutako ondasunen eta eskubideen premiazko okupazioaren deklarazioa erabaki behar duten organoak honako hauek dira:

a) Desjabetzea gauzatu duen Administrazioa Autonomia Erkidegoko Administrazioa bada, Jaurlaritzaren Kontseiluak hartuko du erabakia.

b) Desjabetzea gauzatu duen Administrazioa Foru Administrazioa bada, Diputatuen Kontseiluak hartuko du erabakia.

c) Desjabetzea gauzatu duen Administrazioa Toki Administrazioa bada, alkateak hartuko du erabakia, indarrean dagoen toki-erregimeneko legeriak eskumena beste organo bati esleitzen dionean izan ezik.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa erakunde bakoitzak antolamendu propiorako duen ahalmena aparte utzi gabe ezartzen da, eta, beraz, ordezko izaera izango du esanbidezko legeriarik izan ezean.

3.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 179.6 artikuluan xedaturikoari dagokionez, baterako tasazioko prozeduretan nahitaezko desjabetze-proiektuak onartzeko organo eskuduna aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera desjabetzea gauzatzen duen erakundearen premiazko okupazioaren deklaraziorako eskumena duen organo bera izango da.

47. artikulua.– Baterako tasazioko desjabetze-proiektua onartzearen ondorioak.

Baterako tasazioko proiektua onartzeak Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1346/1976 Errege Dekretuaren 138. artikuluan aurreikusitako ondorioak sortuko ditu.

4. ATALA
ERAIKITZEKO BETEBEHARRA

48. artikulua.– Eraikitzeko betebeharraren epeen zenbaketa.

1.– Lurzatiak eta orubeak bidezko plangintzak eta, hala badagokio, Urbanizazio Jarduneko Programak finkatzen dituen gehieneko epeetan eraiki beharko dira. Eraikuntza hasteko epea urbanizazio-obrak amaitu eta urtebete izango da gehienez.

2.– Epe hori zenbatzearen ondorioetarako soilik, eta benetako egoera edozein izanik ere, honako kasu hauetan hartuko dira amaitutzat urbanizazio-obrak:

a) Jardun integratuetan, Urbanizazio Jarduneko Programek obrak egikaritzeko adierazitako epeetan.

b) Hala badagokio, jardun bakanetan eta zuzkidura-jardunetan, eraikuntza-obretarako lizentzian kasu horretarako edo, halakorik izan ezean, eraikuntza-obrak amaitzeko adierazitako epeetan. Nolanahi ere, ez da onartuko epe hori eraikuntza-obra amaitzeko epea baino luzeagoa izatea.

3.– Hutsik eta eraikitzeko dauden orubeen kasuan, urtebeteko epea Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea indarrean jartzen den egunetik aurrera hasiko da kontatzen.

49. artikulua.– Eraikitzeko betebeharra ez betetzearen ondorioak.

1.– Eraikitzeko betebeharra ez betetzeak eraikuntza-programa bati hasiera ematea eragingo du. Programa horren xedea betebeharra bete ez izanaren deklarazioa izango da, eta nahitaezko salmenta, agente eraikitzaile bati esleitzea edo desjabetze-sistema (onuradun bidez kudeatu ahal izango dena) bultzatuko du.

2.– Nahitaezko salmenta erabakitzen bada, lehiaketa arautzen duen plegua bilduko du programak.

3.– Agente eraikitzaile bati esleitzea erabakitzen bada, esleitzeko oinarriak bilduko ditu programak.

4.– Desjabetzea erabakitzen bada, baliagarritasun publikoaren eta okupatzeko premiaren deklarazioa eragingo du programa onartzeak. Aukeratutako modalitatea onuradun bidezko desjabetzea bada, onuraduna hautatzeko lehiaketaren oinarriak bilduko ditu pleguak.

5.– Programaren behin betiko onarpena argitaratzeak, hala badagokio, eskaintzak aurkezteko aldia zabalduko du.

VIII. KAPITULUA
UDAL LIZENTZIAK

50. artikulua.– Lizentzien arteko erlazioa.

1.– 2/2006 Legean araututako lizentziak independenteak dira elkarrekiko. Hori dela-eta, lizentzia bat emateak ez du esan nahi araudi sektorialak eskatzen dituen eta gaitzen duten gainerako lizentziak edo titulu juridikoak ematen direnik.

2.– Jardun bera egiteko hirigintza-hedadura duen jarduera bat garatzeko gaitzen duen lizentzia edo titulu juridiko bat baino gehiago eska daitezkeenean, gaitzen duten titulu juridiko guztiak ebazpen bakar baten bidez eman ahal izango dira, esku-hartze administratibo bakoitzerako pieza bereiziak aldi berean osatzeko eta bideratzeko aukera aparte utzi gabe. Tokiko Ordenantza bidez, adierazitako lizentziak batera emateko prozedura integratua arautuko da, hala badagokio.

51. artikulua.– Konpainia hornitzaileek zerbitzuak ematea.

1.– Energia elektrikoaren, uraren, saneamenduaren, gasaren eta telefoniaren zerbitzuen enpresa hornitzaileek hirigintza-lizentzia egiaztatzea eskatuko dute zerbitzuen behin-behineko kontrataziorako, eta lizentzia horretan obrak egikaritzeko edo lanak egiteko ezarritako epea finkatuko dute kontratuaren gehieneko iraupen-epe gisa. Epe hori igaro ondoren, ezin izango da zerbitzua ematen jarraitu.

2.– Aurreko idatz-zatian aipatutako enpresek honako dokumentazio hau eskatuko dute horniduren edo zerbitzuen behin betiko kontratatziorako:

a) Erabileren eta jardueren lizentzia, eraikuntza berria denean edo lizentzia horri lotutako egintzak edo eragiketak egin direnean.

b) Lehen erabilerako udal-lizentzia eta, babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, behin betiko kalifikazioa ematen duen egintza.

3.– Udal-sustapeneko oin berriko eraikinen Proiektua eta Obra Zuzendaritza Udal Zerbitzu Teknikoek egiten dituztenean, ez da lizentziarik eskatuko, bai, ordea, eraikitako eraikinaren Proiektuarekiko adostasuna adieraziko duen Udal Zerbitzu Teknikoen ziurtagiria.

4.– Energia elektrikoaren, uraren, saneamenduaren, gasaren eta telefoniaren zerbitzuen enpresa hornitzaileek, salbuespen gisa, obrak amaitu eta hamabi hilabeteko epe luzaezin batean jarraitu ahal izango dute hornitzen, betiere interesdunak luzapen horren arrazoiak jasoko dituen eskaera egin, eta dagokion Udalak baimena eman ondoren.

5.– Zerbitzuak ematen dituzten erakundeek behin-behineko kontratuak egin ahal izango dituzte sustatzailearekin. Horretarako, dagokion lizentziaren eskaera eta udal-baimena aurkeztu beharko ditu sustatzaileak. Beharrezkoak diren lizentziak lortzean, behin-behineko kontratua behin betiko kontratu bihurtuko da, zerbitzuak ematen dituzten erakundeei egiaztatu ondoren. Dagokion Udalak lizentziak ukatzen baditu, Udal horrek zerbitzuak ematen dituzten erakundeei jakinaraziko die, bidezko ondorioetarako.

IX. KAPITULUA
ETXEBIZITZAREN ARLOKO UDAL JARDUNEN ESTATISTIKA

52. artikulua.– Etxebizitzaren arloko udal-jardunen estatistika.

Euskadiko Udalek, estatistika-ondorioetarako, honako alderdi hauek jakinaraziko dizkiote etxebizitzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailari:

a) Udal-etxebizitza tasatuen babes publikoko erregimena arautzen duten udal-ordenantzen aldarrikapena, etxebizitza horien kalifikazioa eta bidezko obra-lizentziaren emakida.

b) Zuzkidurazko bizitokietarako lursailen kalifikazioa eta bidezko obra-lizentziaren emakida.

c) Udalaren lurzoru-ondarearen izatea, eraketa eta bilakaera, ondarea osatzen duten lursail-azalerak, bizitegi-erabilerako hirigintza-eraikigarritasunak eta etxebizitzen kopurua adierazita.

53. artikulua.– Eraikuntzari eta Etxebizitzari buruzko Estatistikaren eta Hasitako eta Amaitutako Etxebizitzei buruzko Estatistikaren nahitaezkotasuna.

1.– Estatistika-dokumentazioa Euskadiko Udalek obraren hirigintza-lizentzia eta lehen okupazioko lizentzia (dagokionaren arabera) ematen duten unean bete, eman, jaso eta bidaliko zaio Eraikuntzari eta Etxebizitzari buruzko estatistikaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailari.

2.– Eraikuntzari eta Etxebizitzari buruzko estatistikaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak, beharrezkoak diren lankidetza-akordioen bidez, obra-lizentziei, lehen okupazioko lizentziei eta udal-etxebizitza tasatuetarako lizentziei buruzko estatistika-informazioaren tratamendurako prozedura informatizatua arautuko du. Horretarako, informazioaren gizarteak eskaintzen dituen aukera teknologikoak baliatuko ditu.

3.– Eraikuntzari eta Etxebizitzari buruzko estatistikaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak, arauen bidez ezarritako bideetatik, Eusko Jaurlaritzak Eraikuntzaren eta Etxebizitzaren arloan dituen eta xede gisa udal-eremua duten estatistika ofizialetan jasotako informazioa emango die eskatzen duten Udalei.

54. artikulua.– Babes publikoko etxebizitzetarako udal-lurzoruaren erreserben arloan informazioa emateko nahitaezkotasuna.

1.– Eraikuntzari eta Etxebizitzari buruzko estatistikaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak, beharrezkoak diren lankidetza-akordioen bidez, udal-lurzoruaren erreserbei buruzko estatistika-informazioaren tratamendurako prozedura informatizatua arautuko du. Horretarako, informazioaren gizarteak eskaintzen dituen aukera teknologikoak baliatuko ditu.

2.– Eraikuntzari eta Etxebizitzari buruzko estatistikaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak, arauen bidez ezarritako bideetatik, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestuetarako lurzoruaren arloan dituen eta xede gisa udal-eremua duten estatistika ofizialetan jasotako informazioa emango die eskatzen duten Udalei.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Biztanleriaren zenbaketa betebeharrak betetzeko.

Estandarrak betetzeko, hirigintza-plangintzaren behin betiko onarpenerako eskumena finkatzeko, eta dagokion udalerriko herrigunearen mende jartzen diren Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen gainerako zehaztapenetarako, udal-biztanleriaren zenbaketa zehaztapen horiek jasoko dituen dokumentua hasiera batean onartzen denean egingo da, eta udalaren errolda-zerbitzuak ziurtatutako biztanleriaren arabera egiaztatuko da.

Babes publikoko erregimenen bateko etxebizitzetarako erabilia izateko lurzorua erreserbatzeko betebeharra izango dute Dekretu honen I. eranskinean zerrendatutako udalerriek.

Bigarrena.– Kontzertazioaren printzipioa.

Foru Administrazioak toki-erakundeei laguntzeko dituen ahalmenak aparte utzi gabe, egiturazko antolamendu-plangintza behin betiko onartzeko eskumena duten Udalek eta Foru Aldundiek, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 6.1 artikuluan ezarritako printzipioa aplikatuta,

Administrazio bakoitzak plangintza hori behin betiko onartzeko udal-eskumena baliatuz egin beharreko lankidetza-lanen eta asistentzia-lanen modua eta hedadura-esparrua itundu ahal izango dute elkarren artean, toki-erregimenari eta Herri Administrazioen erregimen juridikoari buruzko oinarrizko legerian horretarako ezarritakoari lotuta.

Horretarako, beharrezkoa izango da Foru Administrazioaren eta Toki Administrazioaren artean lankidetza-hitzarmen bat sinatzea. Hitzarmen horretan, Udalak Foru Aldundiaren alde egindako kudeaketa-aginduaren hedadura-esparrua zehaztu beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15.4 artikuluak xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.– Babes Publikoko Etxebizitzak.

Erregimen tasatuko babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridiko eta ekonomikoa hirigintza-plangintzak udalek tasatutako etxebizitzen sustapenera bideratu eta kalifikatu dituen lursailei aplikatuko zaie, betiere Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 80. artikuluko bigarren eta hirugarren paragrafoetan ezarritako osagarritasunaren arabera Udalak dagokion Udal Ordenantza onartzen duen arte. Ordenantza hori Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen Zortzigarren Xedapen Gehigarriaren laugarren paragrafoan aurreikusten da.

Laugarrena.– Udal Plangintzako Aholku Batzordea.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea indarrean jarri ondoren hasiera batean onartutako plangintza orokorraren aldaketa puntualari eta berrikuspenari buruzko espedienteetan, Udal Plangintzako Aholku Batzordearen aginduzko txostena eta Batzordeak egindako iradokizunen edo gomendioen inguruan Udalak emandako iritzia edo erantzuna erantsi beharko zaizkio espedientearen behin-behineko onarpenari buruzko erabakiari, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean xedatutakoaren arabera eska daitekeen kasuetan.

Legea indarrean jarri aurretik bideratutako aurrelaburpena duten, Legea indarrean jarri ondoren behin-behinean onartu diren eta Udalak berak espedientea behin betiko onartzeko aukerari heldu nahi dioten plangintza orokorraren aldaketa puntualari eta berrikuspenari buruzko espedienteetan, Udal Plangintzako Aholku Batzordearen aginduzko txostena eta Batzordeak egindako iradokizunen edo gomendioen inguruan Udalak emandako iritzia edo erantzuna erantsi beharko zaizkio espedienteari, behin betiko onartu aurretik. Edonola ere, betebehar hori espedienteetan beteta dagoela ulertzeko, beharrezkoa izango da dokumentua bideratzean herritarrek parte hartzeko kontseilu bati esanbidez entzutea, eta kontseilu horretan gutxienez auzokoen mugimendu bat eta mugimendu ekologista bat izatea (azken hori lurzoru ez-urbanizagarri bat berriz sailkatzen den kasuan).

Plangintzako Aholku Batzordearen txostena, kontuan hartu izanari edo ez izanari buruzko udal-ziurtagiria eta egindako iradokizunak edo gomendioak kontuan ez hartzeko emandako erantzuna Euskadiko Lurralde Antolamendurako Batzordeari igorri beharreko espedienteari gaineratu beharko zaizkio, Batzorde horrek Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 91.2 artikuluan aurreikusitako txosten loteslea eta aginduzkoa egin dezan. Udalak Plangintzako Aholku Batzordearen txostena eta dokumentazioa ez aurkeztea Euskadiko Lurralde Antolamendurako Batzordean espedientea ez onartzeko arrazoia izango da, eta Batzorde horrek Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 91.2 artikuluan aurreikusitako txostena egiteko duen epea eten egingo da.

Bosgarrena.– Nahitaezko Desjabetzeko Lurralde Epaimahaiak.

Nahitaezko Desjabetzeko Lurralde Epaimahaien funtzionamenduari buruzko araudia onartzen duen irailaren 20ko 244/1988 Dekretuaren 5. artikuluko 2. idatz-zatia aldatuko da, eta honela geratuko da idatzita:

“Desjabetzea landa-izaera duen edo lurzoru ez-urbanizagarrian kokatuta dagoen ondasun bati dagokionean, jarduneko kidea goi-mailako titulazioa duen pertsona bat izango da, eta Ingeniari Agronomoen Elkargo Ofizialak izendatuko du; hiri-lurzoruan, lurzoru urbanizagarrian edo urbanizatzeko gai den lurzoruan kokatutako ondasunen kasuan, berriz, goi-mailako titulazioa duen pertsona bat izango da, eta Arkitektoen Elkargo Ofizialak izendatuko du. Hala ere, Epaimahaiaren Lehendakaritzaren iritziz ondasunaren izaera dela-eta aurreko arauak garbi eta zuzen aplikatu ezin direnean, Epaimahaiak egokitzat hartzen duen elkargora jo ahal izango du, espedientean jarduteko dagokion izendapena egin dezan”.

Seigarrena.– Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitzarako Topagunea.

Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitzarako Topagunea Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 11. Xedapen Gehigarriaren bidez sortu da, eta Eusko Jaurlaritzak, Udalek eta herritarrek etxebizitzaren arloan kontsultarako eta aholkularitzarako duten organismoa da.

Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitzarako Topagunea etxebizitzaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailari atxikita dago.

Honako funtzio hauek dagozkio Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitzarako Topaguneari:

a) Eusko Jaurlaritzaren eta Udalen etxebizitza-planei buruzko informazioa jasotzea, 3.000 biztanletik gorako udalerrietan.

b) Eusko Jaurlaritzari –nolanahi ere– eta Udalei –Administrazioek eskatuta– etxebizitzaren arloan bidezkotzat hartzen dituen proposamen guztiak egitea.

c) Etxebizitzaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak, alkateek, Udal Osoko Bilkurak (3.000 biztanletik gorako udalerrietan) eta Topaguneko gainerako kideek eskatuta, txostenak eta irizpenak lantzea.

d) Etxebizitzaren arloan indarrean dagoen legeriak esleitutako beste edozein funtzio.

Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitzarako Topagunearen osaera araudi bidez zehaztuko da. Bertan gutxienez honako hauen ordezkariak egon beharko dute: Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-arloko eskumena duen Saileko ordezkariak, Udaletako ordezkariak, eta etxebizitzaren sektoreari lotutako gazteen, kontsumitzaileen, lanbide-elkargoen, gizarte-taldeen eta enpresa-elkarteen eta sindikatuen ordezkariak. Osaeran bi sexuen partaidetza orekatua izatea zainduko da.

Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitzarako Topaguneko lehendakaria etxebizitzaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburua da.

Zuzenbidean lizentziatua den eta etxebizitzaren arloan gutxienez bost urteko lanbide-esperientzia duen Sail horretako funtzionario batek jardungo du idazkari-lanetan.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Hirigintza-eraikigarritasun haztatuaren gehikuntzak eragindako finkatu gabeko hiri-lurzoruaren inguruko egoerak.

Indarrean dagoenaren aurreko hirigintza-erregimen bati jarraiki eraiki diren edo hutsik dauden orubeetan edo lurzatietan, eraikigarritasunaren gehikuntzak aurreko hirigintza-antolamenduak esleitutako eraikigarritasun haztatuarekiko gehikuntzak izango dira, betiere egikaritzeko epeak amaitu ez badira; kasu horretan, gauzatutako eraikigarritasunari jarraituko zaio.

Egikaritzeko esanbidezko gehieneko eperik ez badago, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 189. artikuluan zehaztutako eraikitzeko betebeharra betetzeko gehieneko epeak aplikatuko dira.

Bigarrena.– Toki-zuzkiduren estandarren aplikazioa finkatu gabeko hiri-lurzoruan.

Finkatu gabeko hiri-lurzoruan aplikatu beharreko, jardun integratuen bidez garatu beharreko eta Dekretu honen 17. artikuluan aurreikusitako toki-zuzkiduren estandarrak Dekretu hau indarrean jartzean hasierako onarpenik ez duten antolamendu xehatuko plan guztiei aplikatuko zaizkie.

Hirugarrena.– Antolamenduaren aldaketa moten bidezkotasuna.

Dekretu honetan egiturazko hirigintza-antolamendua berrikuspen integralei, berrikuspen partzialari edo aldaketa puntualei buruzko espedienteen bidez aldatzearen nahitaezkotasunaren inguruan xedatutakoa aldaketa hori xede duten eta hasierako onarpena Dekretu hau indarrean jarri ondoren jasotzen duten espediente guztietan aplikatuko da.

Laugarrena.– Zuzkidura-lurzoru publikoaren birkalifikazioa konpentsatzeko neurrien aplikazioa.

Zuzkidura publikoetarako lurzoruek irabazizko erabilerarako birkalifikazioa jasotzen duten kasuetan hartu beharreko eta Dekretu honen 35.3 artikuluan aurreikusitako konpentsazio-neurriak Dekretu hau indarrean jartzean hasierako onarpena jaso ez duten plangintzaren aldaketa puntual guztietan aplikatuko dira.

Bosgarrena.– Udalaren Lurzoru Ondareen inguruko betebeharrak.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean Udalei Udalaren Lurzoru Ondareen inguruan eta hainbat arlotan (hala nola udal-aurrekontuen kontsignazioan, eta ondasunen eta eskubideen nahitaezko aplikazioaren xedeetan) ezarritako betebeharrek ez dituzte eraginpean hartuko aurreikusita dauden eta Legea indarrean jarri aurretik onartu diren aurrekontu eragiketak, eta Lurzoru Ondare Publikoei buruzko 20/1998 Legean xedatutakoari lotuta egon beharko dute. Nolanahi ere, etorkizuneko ekitaldietako udal-aurrekontuak onartzeko, edukiak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legera egokitzeko betebeharra izango da.

Seigarrena.– Kontzertazio Sistema. Konpentsazio Batzordeak egokitzea.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 160. artikuluan eta hurrengoetan kontzertazio-sistemaren inguruan aurreikusitako arauak nahitaezkoak izango dira, eta konpentsazioari buruzko arauak ordezkatuko dituzte, betiere adierazitako Legean ezarritako iragankortasun-erregimenari jarraiki Urbanizazio Jarduneko Programak onartu behar badira.

Gainerako kasuetan, Konpentsazio Batzordeek Kontzertazio Batzordeen izaera izango dute eta, beraz, kontzertazio-sistemaren araudiaren arabera arautuko dira Udalarekin dagokion hitzarmena sinatuz; hitzarmenaren bitartez araudi horren berezko konpromisoak eta betebeharrak hartuko dira. Hala ere, egokitzapen hori ez da nahitaezkoa izango Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea indarrean jarri aurretik konpentsazio-proiektua onartua duen Konpentsazio Batzordearentzat.

Kontzertazio Batzordeek Udalari formulatuko diote dagokion birpartzelazio-proiektua, betiere araudi berriari lotuta. Hala ere, aurreko idatz-zatiko kasuan egokitzerik ez badago, Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1346/1976 Errege Dekretuak ezarritako konpentsazio-sistemari buruzko arauei eta gainerako araudi aplikagarriari jarraituko diete Konpentsazio Batzordeek.

Zazpigarrena.– Baserriaren eta landaguneen definizioa.

Dekretu honetan eraikin bat baserritzat hartzeko eta baserri multzo bat landagunetzat hartzeko ezarritako baldintzak ez dira aplikatuko Dekretua indarrean jartzen den egunean hirigintza-plangintzan horrela sailkatuta dauden landaguneetan, betiere sailkapen hori lurzoruaren araubide eta hiri-antolamenduaren arloko presako neurriak zehazteari buruzko martxoaren 6ko 5/1998 Legean adierazitakoari jarraiki egin bada.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 142/1997 Dekretua, ekainaren 17koa, etxebizitzaren arloko presako neurriak eta hirigintza plangintzako zein kudeaketako tresnak izapidetzeko neurriak zehazteari buruzko ekainaren 30eko 17/1994 Legea garatzen duena, Dekretu horrek Dekretu hau indarrean jarri aurreko egitatezko baldintza batzuetan aplikatzeagatik izan ditzakeen ondorioak aparte utzi gabe.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko ekainaren 3an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

EKAINAREN 3KO 105/2008 DEKRETUAREN ERANSKINA
ANEXO AL DECRETO 105/2008, DE 3 DE JUNIO
ETXEBIZITZA BABESTUAREN ESTANDARRA APLIKATZERA BEHARTUTA DAUDEN UDALERRIAK
MUNICIPIOS OBLIGADOS A APLICAR ESTÁNDAR DE VIVIENDA PROTEGIDA

Arabako Lurralde Historikoa / Territorio Histórico de Álava

Amurrio
Laudio/Llodio
Oyón-Oion
Selvatierra/Agurain
Vitoria-Gasteiz

Bizkaiko Lurralde Historikoa / Territorio Histórico de Bizkaia

Abadiño
Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena
Alonsotegi
Amorebieta-Etxano
Arrigorriaga
Bakio
Balmaseda
Barakaldo
Basauri
Berango
Bermeo
Berriz
Bilbao
Derio
Durango
Elorrio
Erandio
Ermua
Etxebarri
Galdakao
Gernika-Lumo
Getxo
Gorliz
Güeñes
Igorre
Iurreta
Leioa
Lekeitio
Lemoa
Loiu
Markina-Xemein
Mungia
Muskiz
Ondarroa
Ortuella
Plentzia
Portugalete
Santurtzi
Sestao
Sondika
Sopelana
Ugao-Miraballes
Urduliz
Urduña-Orduña
Valle de Trápaga-Trapagaran
Zaldibar
Zalla
Zamudio

Gipuzkoako Lurralde Historikoa: / Territorio Histórico de Gipuzkoa

Andoain
Aretxabaleta
Arrasate/Mondragón
Astigarraga
Azkoitia
Azpeitia
Beasain
Bergara
Deba
Donostia-San Sebastián
Eibar
Elgoibar
Errenteria
Eskoriatza
Getaria
Hernani
Hondarribia
Ibarra
Irun
Lasarte-Oria
Lazkao
Legazpi
Lezo
Mutriku
Oiartzun
Oñati
Ordizia
Orio
Pasaia
Soraluze-Placencia de las Armas
Tolosa
Urnieta
Urretxu
Usurbil
Villabona
Zarautz
Zestoa
Zizurkil
Zumaia
Zumarraga

Udalerrien zerrenda aldizka berrikusiko da, eta etxebizitzaren arloan eskumena duen sailburuaren Agindu bidez eguneratu ahal izango da, 81. artikuluaren lehen eta bigarren paragrafoetan ezarritakoari jarraiki.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana