Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2008ko ekainaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
3604

AGINDUA, 2008ko maiatzaren 12koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Bilboko udalerriko Bilbao La Vieja-San Anton aldean, babes ofizialeko 85 etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta hainbat zehaztasun finkatzen dituena.

GERTAKARIAK

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko apirilaren 16ko Aginduak babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen du. Hau, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen da.

2.– Babes ofizialeko 85 etxebizitzen sustapena Bilboko Bilbao La Vieja-San Anton aldean kokatuta dago, Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, SA, (Visesa) baltzu publikoak sustatzen du, eta aipatutako aginduak arautzen duen prozedura aplikatu behar zaio. Sustapen horrek 2006ko azaroaren 20an eskuratu zuen behin-behineko kalifikazioa eta EB2-1228/06-LC-0 du espediente zenbakia.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Organo honi dagokio honako zehaztasunak finkatzeko eskumena, hala xedatzen baita Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen azaroaren 15eko 373/2005 Dekretuaren 5. artikuluan, baita babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko apirilaren 16ko Aginduaren 7. artikuluan ere.

2.– Sailburuaren 2008ko apirilaren 16ko Aginduak, honakoa adierazten du 7. artikuluan:

“1.– Hautespen-prozesua Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez hasiko da. Agindua sustapenaren behin-behineko kalifikazio-egunaren ondoren eman beharko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Prozedura hasteko agindu horrek gutxienez honako alderdi hauek zehaztuko ditu:

a) Esleitu beharreko etxebizitzen kopurua. Era berean, indarreko araudia aplikatuz, etxebizitzako berariazko beharrak asetzeko, birkokatze-operazioetarako edo beste behar batzuk asetzeko kendu beharko diren etxebizitzen kopurua adieraziko da.

b) Sustapenean interesa dutela deklaratutako udalerriak.

c) Hurrengo artikuluek adierazten dituzten kupoak eta kupo gehigarriak, baldin badaude.

d) Etxebizitzen lagapen-erregimena.

e) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emateko eskaerak noiz arte hartuko diren kontuan.

f) Lehentasun-ordena, aldi berean kupo batean baino gehiagotan parte hartzeko baldintzak biltzen dituzten eskatzaileak dauden kasuetarako.

g) Argitalpenak egiteko komunikabidea Lurralde Ordezkaritzetako Iragarki Taula izango dela adieraztea».

Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa. – Bilboko udalerrian babes ofizialeko 85 etxebizitza esleituko dira oraingo sustapen honetan.

Bigarrena. – Bilbao izango da espediente honetan interesa duen udala.

Hirugarrena. – Esleitu beharreko etxebizitza horietatik honakoak gordeko dira:

a) 4 etxebizitza, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoak. Kupo honetan gurpil-aulkira mugatuta daudenak sartuko dira. Gainerako eskabideak, hau da, 2008ko apirilaren 16ko Aginduak, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen duenak, 8. artikuluan aipatzen dituen gainerako baremoei dagozkienak, doakien kupora pasako dira.

b) 25 etxebizitza, bere eskabidea 4 urteko antzinatasuna duen bizikidetza-unitateentzat. Eskatzaileek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte kupo honetan sartu ahal izateko:

1.– Etxebiden izena emanda izatea duela 4 urte, gutxienez. Antzinatasun edo aldi hori honela zenbatuko da: Etxebiden izena emateko eskariaren datatik agindu hau argitaratu den egunera arte.

2.– Aurreko zozketaren batean etxebizitzarik tokatu bazaio, etxebizitza horri uko egiterik aurkeztu ez izana, inola ere.

3.– Diru-sarrera ponderatuak 27.100 euro baino gutxiago izatea.

c) 40 etxebizitza, 25 eta 35 urte bitarteko bizikidez osaturiko bizikidetza-unitateentzat.

d) 16 etxebizitza, gainerako eskatzaileentzat.

Eskatzaileek aldi berean hainbat kupotan parte hartzeko baldintzak betetzen badituzte, zenbaki honetan finkatutako lehentasun-hurrenkera jarraituko da.

Laugarrena. – Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidekoa izango da.

Bosgarrena. – Etxebiden izena emateko 2007ko azaroaren 30era arte erregistroan sarrera izan duten eskabideak hartuko dira kontuan.

Seigarrena. – Eskatzen diren lagapen-erregimenei eta udalerriei dagokienez, agindu hau argitaratzen den eguna hartuko da kontuan.

Zazpigarrena. – Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendetan, besteak beste, onartutako eskaera bakoitzari orotara dagokion zenbaki kopurua agertu beharko da.

Zortzigarrena. – 2006. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 33.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun urria duten ezgaituak edo ezgaitu psikikoak izanez gero, aski izango da 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea.

Bederatzigarrena. – Etorkizuneko titularretakoren batek erroldaturik egon beharko du interesatutzat deklaratutako edozein udalerritan, etxebizitzen esleipen-prozedurari hasiera ematen dion agindu hau argitaratzen den eguna baino urtebete lehenagoko antzinatasunez.

Hamargarrena. – Itxaron-zerrenda agortuz gero, esleitu gabe geratzen diren etxebizitzak, dagokion Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Lurralde-ordezkariak zozketa bidez esleituko ditu araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzten eskabideen artean. Etxebiden izena emateko eskabideak kontuan hartuko diren azken eguna atzeratzea eta sustapenean interesatutzat deklaratutako udalerriak zabaltzea posible izango da.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke hilabeteko epean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuari zuzenduta; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko maiatzaren 12a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala