Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2008ko ekainaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea
3593

EBAZPENA, 2008ko maiatzaren 12koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Ikastegien Atxikitze Eskaeratarako Arautegian egindako aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko dena.

UPV/EHUko Estatutuetako 216. artikuluari jarraituz, Gobernu Kontseiluak ezarriko du ikastegiak unibertsitateari atxikitzeko eskarien arautegia, eta, hain zuzen ere, 2006ko urtarrilaren 26an onartu zuen arautegi hori Gobernu Kontseiluak (2006ko martxoaren 2ko EHAA), eta bertan jasotakoa bat zetorren Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Legeak 11. artikuluan zehaztutakoarekin.

Artikulu hori, baina, aldarazi egin du apirilaren 12ko 4/2007 Legeak eta, beraz, beharrezkoa da atxikipen eskariei buruzko arautegia egokitzea legeak emandako idazkerara.

Horrela, bada, Gobernu Kontseiluaren Funtzionamenduari buruzko Arautegian arautegien garapenari buruz zehaztutakoa kontuan hartuta, Gobernu Kontseiluak, 2008ko otsailaren 28ko bileran, onartu egin zituen Ikastegien atxikitze eskaeretarako arautegian egindako aldaketak (eranskinean daude jasota).

Azkenik, UPV/EHUko Estatutuetako 258.1. artikuluko d) atalak dio, idazkari nagusiak bermatu behar duela UPV/EHUko erabakiak argitaratzea; bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemaren buruzkoak, 10.2 artikuluan dio antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitateak emandako arauak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko direla eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Hori guztia kontuan hartuta, honakoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea ikastegien atxikitze eskaerei buruzko arautegian egindako aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko eranskinean jasotako eran.

Bigarrena.– Aldaketa hau indarrean sartuko da argitaratzen den egunean bertan.

Hirugarrena.– Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren kontra egiteko administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan.

Leioa, 2008ko maiatzaren 12a.

UPV/EHUko idazkari nagusia,

IÑAKI ESPARZA LEIBAR.

ERANSKINA

Erabakia, 2008ko otsailaren 28koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, apirilaren 12ko 4/2007 Legeak, Unibertsitateen 6/2001 Lege Organikoa aldarazten duenak, 11. artikulurako ezarri duen idazkerara egokitzeko Ikastegien Atxikitze Eskaeratarako Arautegia.

AURREKARIAK

Apirilaren 12ko 4/2007 Legeak aldarazi egin ditu abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoko hainbat manu, unibertsitateen egitura eta gobernu organoei buruzkoak. Manu horietako bat unibertsitateari atxikitako goi mailako hezkuntzako zentroak arautzen dituena da. Honakoa da LOUren 11. artikuluaren egungo idazkera:

“1. Lurralde nazional osoan balioa izango duten izaera ofizialeko tituluak lortzera bideratutako ikasketak emateko xedez ikastegi publikoak zein pribatuak hitzarmen bidez unibertsitate publikoari atxiki ahal izateko, baimena eman beharko du autonomia erkidegoak, unibertsitatearen gobernu kontseiluaren proposamenari jarraituz eta aldez aurretik gizarte kontseiluaren aldeko iritzia izanda.

Lurralde nazional osoan balioa izango duten izaera ofizialeko tituluak lortzera bideratutako ikasketak emateko xedez ikastegi pribatuak hitzarmen bidez unibertsitate pribatuari atxiki ahal izateko, baimena eman beharko du autonomia erkidegoak, unibertsitatearen proposamenari jarraituz.

2. Ikastegi atxikiak kasuan kasuko autonomia erkidegoaren lurraldean egon beharko dira kokatuta, edo, horrela izan ezean, beste autonomia erkidegoaren onespena ere beharko du.

3. Unibertsitateari atxikitako ikastegiek honakoak bete beharko dituzte: lege honetan zehaztutakoa; Estatuak eta autonomia erkidegoak, bere eskumenen babesean, zehaztutako araudiak; atxikipenerako hitzarmena; eta antolamendu eta funtzionamendurako ikastegiak berak zehaztutako araudiak. Ikastegi atxikiak autonomia erkidegoaren baimena beharko du jarduera hasteko.

4. Gobernuak, 4.3 artikuluan zehaztutakoa betetze aldera, ikastegi atxikiek bete beharreko oinarrizko baldintzak zehaztuko ditu.

5. Artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetan zehaztutakoaren berri eman beharko zaio Unibertsitate Politikarako Biltzar Nagusiari.» (jatorrizkoa gaztelaniaz)

Ikastegien atxikitze eskaeratarako arautegiak (2006ko martxoaren 2ko EHAA) Estatutuetako 211. eta 216. artikuluan zehaztutakoa garatzen du. Artikulu horiek, bai eta otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, 70.b artikulua ere, aldarazi egin ditu, hein batean, LOUren 11. artikuluko idazkera berriak:

1.– Aldatu egin da ikastegiak atxikitzeko eskumena. Izan ere, orain, eskumen hori Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena da, aldez aurretik Gizarte Kontseiluak aldeko iritzia emanda (lehen, proposamena Gizarte Kontseiluarena zen Gobernu Kontseiluak aldez aurretik aldeko iritzia emanda).

2.– Aldatu egin da zein organori eman behar zaion informazioa. Lehen, Unibertsitateen Koordinaziorako Kontseilua zen eta, orain, Unibertsitate Politikarako Biltzar Nagusia.

Aldaketa horiek atxikipen arautegiari eragiten diote, hain zuzen ere honako artikuluei: 3. artikulua (Atxikitzeko prozesuaren hasiera); eta 12. artikulua (Organo eskuduna – atxikipena kentzeko). Beraz, artikulu horiek indarreko legedira egokitzea proposatzen dugu.

2008ko otsailaren 14an Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordean aurkeztu zen proposamena, eta aho batez egin zuten proposamenaren alde.

Hori guztia kontuan hartuta, legedira zehatz egokitzeko irizpideari jarraituz eta idazkari nagusiaren proposamena aintzat hartuta, Gobernu Kontseiluak honakoa

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Ikastegien Atxikitze Eskaeratarako Arautegiko 3. artikuluko 1. eta 3. paragrafoak aldaraztea era honetara:

Honakoa dioen tokian:

3. artikulua.– Atxikitzeko prozeduraren hasiera.

1.– Gizarte Kontseiluak gauzatuko du estatu osoan balio duten titulu ofizialak lortzera zuzendutako ikasketak emateko ikastegien atxikitzea, Gobernu Kontseiluaren proposamenez eta, lehenago, Akademi Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordeak eta dagokion Campuseko Batzarrak txostena egindakoan.

3.– Gizarte Kontseiluak onartu ostean, autonomia erkidegoari aurkeztuko zaio, behin betiko onar dezan, eta Unibertsitateak Koordinatzeko Kontseiluari jakinaraziko zaio.

Honakoa esan behar du:

3. artikulua.– Atxikitzeko prozeduraren hasiera.

1.– Gobernu Kontseiluak gauzatuko du estatu osoan balioa duten titulu ofizialak lortzera zuzendutako ikasketak emateko ikastegien atxikitzea, Akademia Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordeak eta dagokion Campuseko Batzarrak txostena egindakoan. Bestalde, Gizarte Kontseiluaren aldeko iritzia ere izan behar du.

3.– Gobernu Kontseiluak onartu ostean, autonomia erkidegoari aurkeztuko zaio, behin betiko onar dezan, eta Unibertsitate Politikarako Biltzar Nagusiari jakinaraziko zaio.

Bigarrena.– Ikastegien Atxikitze Eskaeratarako Arautegiko 12. artikuluko 1. paragrafoa aldaraztea era honetara:

Honakoa dioen tokian:

12. artikulua.– Organo eskudunak.

1.– Gobernu Kontseiluari dagokio Gizarte Kontseiluari estatu osoan balio duten titulu ofizialak lortzera zuzendutako ikasketak ematen dituzten ikastegi atxikien atxikipena kentzeko proposamena aurkeztea, Akademi Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordeak eta dagokion Campuseko Batzarrak txostena egindakoan. Ebazpena onartuta, autonomia erkidegoari jakinaraziko dio Gizarte Kontseiluak atxikipena kentzeko proposamena eta aipatutako tituluak emateko baimena ezeztatzekoa.

Honakoa esan behar du:

12. artikulua.– Organo eskudunak.

1.– Gobernu Kontseiluari dagokio autonomia erkidegoari aurkeztea estatu osoan balioa duten titulu ofizialak lortzera zuzendutako ikasketak ematen dituzten ikastegi atxikien atxikipena kentzeko proposamena, Akademi Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordeak eta dagokion Campuseko Batzarrak txostena egindakoan. Bestalde, Gizarte Kontseiluaren aldeko iritzia ere izan behar du proposamenak.

Autonomia erkidegoak erabakiko du atxikipena kentzea eta aipatutako tituluak emateko baimena ezeztatzea.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea, zehaztuta argitaratzen den egunean bertan sartuko dela indarrean.

Laugarrena.– Erabaki honek administrazio-bidea agortzen du, eta haren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke UPV/EHUko Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan.

Leioa, 2008 otsailaren 28a.

Errektorea,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

Idazkari nagusia,

IÑAKI ESPARZA LEIBAR.


Azterketa dokumentala