Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2008ko maiatzaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarpenak

Fundación Euskadi Kirola Fundazioa
3338

IRAGARKIA, Euskadi Kirola Fundazioak 2008rako goi mailako kirolerako ematen dituen bekak eta laguntzak esleitzeko oinarriei buruzkoa.

Euskadi Kirola Fundazioa erakundeak araubide juridiko eta pribatua du, eta Euskal Herriko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeak araututa dago. Erakunde honen helburua Goi Mailako euskal kirola bultzatu eta sustatzea da; horrela, goi mailako kirolean nazioarteko lehiaketetan erruz parte hartu ahal izango da eta, bereziki, goi mailako kirol ekitaldietan. Halaber, lehiaketa horietan euskal kirolariek goi mailako emaitzak izatea da erakundearen beste helburua.

Erakundeak xede duen Goi Mailako kirolean aritze aldera, Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuak Euskadi Kirola Bekak ematea onartu du 2008 ekitaldirako. Honako oinarri hauek arautuko dute

OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea Euskadi Kirola Fundazioak 2008rako goi mailako kirolerako ematen dituen Euskadi Kirola Bekak arautzea da.

"Euskadi Kirola Bekak" izenaren barruan Goi Mailako kirolari eman beharreko hainbat laguntza mota sartu dira, hurrengo artikuluan zehazten direnak.

2. artikulua.– Euskadi Kirola Beken edukia.

"Euskadi Kirola Bekak" hurrengo eduki hauek izango ditu:

1.– Euskadi Kirola Fundazioaren diru-laguntzak ematea. Hauexek dira:

a) Oinarrizko laguntza: kirolariei diruz laguntzeko bekak, entrenamenduan eta lehiaketan buru belarri jarduten dutela bermatzeko.

b) Helburukako sariak: adostutako eta betetako kirol helburuen araberako sariak. Sari hauek oinarrizko laguntza edo bekaren onuradun diren kirolariek baino ez dituzte jasoko.

c) Laguntza osagarriak: aldez aurretik planifikatuko diren diru-laguntzak, kirol-errendimendua hobetzeko. Aurrekontua itxia izango da (lehiaketetan parte hartzea, kontzentrazio bereziak egitea, e.a.)

d) Atribuzioagatiko laguntzak: 2008ko Beijingo Joko Olinpiarretan parte hartuko duten kirolarientzako diru-laguntzak eta, euskal kirolari den baina oinarri hauen 4.2 artikuluan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez dituena.

2.– Euskadi Kirola Fundazioak onuradunei hainbat zerbitzu osagarri egitea, kirol prestakuntza optimizatze aldera, hala nola:

a) Laguntza tekniko espezializatua.

b) Laguntza biomediko espezializatua kirol-errendimenduan.

c) Goi mailako kirolarien prestakuntza akademiko eta profesionalerako Programan ezartzea.

3. artikulua.– Bekak kudeatu eta esleitzeko organo eskudunak.

Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuari dagokio oinarri hauetako beken esleipena ebaztea. Aurrekoa gorabehera, Patronatuak Ordezko Batzorde Tekniko baten esku utziko du eskumen hau. Batzorde honek ebatziko ditu beka-eskaera guztiak, oinarri hauen 9.3 artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe.

Ordezko Batzorde Teknikoa honako hauek osatzen dute: Patronatuko idazkaria, fundazioko kudeatzailea eta fundazioko aholkulari juridikoa. Batzorde honek beharrezko diren txosten teknikoak eskatu eta bilduko ditu ebazpenak emateko.

4. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

1.– Bekak hartzeko onuradunak goi mailako kirolariak, hauen teknikariak eta kirol erakundeak (kirol-elkarteak, kirol-taldeak, kirol-sozietate anonimoak) dira. Gutxienez kirolari bi izan behar dituzte plantillan eta oinarri hauetan ezarritako betekizun eta baldintzak bete behar dituzte.

2.– Goi Mailako kirolariak. Bekak jaso ahal izateko honako baldintza hauek beteko dituzte kirolariek:

a) Euskal administrazio-egoitza izatea.

b) Oinarri hauen I. eranskinean aurreikusitako kirol-merituren bat izatea.

c) Euskal Federazioaren Lizentzia izatea. Salbuetsita daude oinarri hauen 2. artikuluko 1.d) idatz-zatian aurreikusitakoak.

d) Euskadi Kirola Fundazioak proposatutako kirol-auditoretza egitea.

e) Fundazioko zerbitzu medikoek egiten duten aurretiko mediku-balorazioa gainditzea.

f) Kirol- edo administrazio-zigor diziplinariorik ez izatea, ez arina, ez larria, ez oso larria. Ezta horretarako auzibiderik hasita ere.

g) 2008. urte osoan goi mailako kirol-jardueran jarraitzea.

3.– Kirol-teknikariak. Bekak jaso ahal izateko honako baldintza hauek beteko dituzte teknikariek:

a) Oinarri hauen 2. artikuluko 1.a) idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera, oinarrizko laguntza edo beka baten onuradun den gutxienez kirolari baten kirol-prestakuntzaz arduratzen den pertsona izatea eta dagokion kirol-titulazioa izatea.

b) Aipatu oinarrizko bekaren kirolari onuradunak proposatua izatea.

c) Kirol-merituak lortzeko entrenamenduari dedikazio egokia ematea.

d) Euskadi Kirola Fundazioak proposatutako kirol-auditoretza egitea.

e) Kirol- edo administrazio-zigor diziplinariorik ez izatea, ez arina, ez larria, ez oso larria. Ezta horretarako auzibiderik hasita ere.

f) 2008. urte osoan goi mailako kirol-teknikari jardueran jarraitzea.

4.– Kirol erakundeak. Halaber, bekak jaso ahal izateko honako baldintza hauek beteko dituzte kirol-erakundeek (kirol-taldeak, kirol-elkarteak eta kirol-sozietate anonimoak):

a) Gutxienez kirolari bi izatea, Euskadi Kirola oinarrizko laguntza edo beka baten onuradun direnak, betiere deialdi honen 2. artikuluaren 1.a) idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.

b) Euskal Herriko Kirol-Erakundeen Erregistroan izena emanda egotea.

c) Euskadi Kirola Fundazioak proposatutako kirol-auditoretza gainditzea.

d) Kirol instalazio egokiak izatea.

e) Gutxienez kideetariko bik nazioarteko mailan kirol-ibilbide sendoa eta finkatua izatea.

5. artikulua.– Eskabideak tramitatzea.

1.– Interesaturik dauden pertsona eta erakundeek Euskadi Kirola Fundaziora bidaliko dituzte eskabideak Makaletako etorbidea z/g Getxo (Fadurako Teknika Hobekuntzarako Zentroa), edo honako e-mail honetara fundacion-ek@euskalnet.net.

2.– Eskabidean argi agertuko da Euskadi Kirola Fundazioa 2008 Bekak emateko eskabidea eta honako datu hauek izango ditu:

2.1.– Eskatzailearen identifikazio-datuak.

2.2.– Helbide bat adierazi behar da jakinarazpenak bidali eta jasotzeko.

2.3.– Kirol-kurrikuluaren deskribapen laburra. Bertan, nazioarte mailan izandako emaitzak agertuko dira, azken lau urteetakoak (2005etik 2008ra).

2.4.– Kirolariek ekarri behar duten dokumentazio osagarri berezia:

a) NAren edo pasaportearen kopia.

b) Adierazten diren kirol-merituen egiaztatzea edo, bestela, meritu horiek egiazkoak direla azaltzen duen zinpeko aitorpena.

c) Euskadi Autonomi Erkidegoan erroldaren ziurtagiria.

d) Kirolariak teknikari arduradunik ez badu, 2008rako kirol-planifikazioa erantsi beharko du, kirolariak sinatua. Agiri horretan honako hauek agertuko dira: helburu nagusiak eta bigarren mailako helburuak, non eta noiz egingo diren. Gainera, helburuekin bat datozen entrenamendu saioen deskribapen zehatza egingo da.

e) Egongo balitz, ingurune biomedikoa identifikatzeko zinpeko aitorpena, kirolariak sinatua, ingurune horretan sartuta dauden pertsonen kualifikazioak eta akreditazioak barne daudela.

f) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

2.5.– Kirol teknikariek aurkeztu beharreko agiri osagarri bereziak:

a) NA edo pasaportearen kopia.

b) Kirolariak sinatutako zinpeko aitorpena. Bertan adierazten da kirol teknikari gisa beka eskatzen duena kirolariaren prestatzaile nagusia dela.

c) 2008rako kirol-planifikazioa azaltzen duen agiria, eskatzaileak sinatua. Agiri horretan honako hauek agertuko dira: helburu nagusiak eta bigarren mailako helburuak, non eta noiz egingo diren. Gainera, helburuekin bat datozen entrenamendu saioen deskribapen zehatza egingo da. Kirolariak eta, egongo balitz, teknikari arduradunak sinatua egon behar du.

d) 2008-2009 denboraldirako planifikazioa emateko berariazko konpromisoa, betiere denboraldia hasi baino lehen.

e) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

2.6.– Kirol-erakundeek aurkeztu beharreko agiri osagarri bereziak:

a) Kirol-plantillakoak diren eta deialdi honetan beka hartzeko aukera duten kirolarien zerrenda.

b) Erakundea eratzeko agiriaren eta estatutuen kopia, kirol-erakundearen legezko ordezkariaren NAren kopia, eta ordezkatzeko ahalmenaren egiaztatzea, bai ahalordetze-eskrituraren bidez, bai dagokion organoak egindako ziurtagiriaren bidez.

c) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

3.– Era gehigarrian, Euskadi Kirola Fundazioak behar beste agiri eskatu ahal izango ditu bekak emateko.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta akatsak zuzentzea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa (1) da. Epea horrela hasiko da zenbatzen:

a) Interesatuak 2007an edo 2008ko urtarrilaren 1etik eta oinarri hauek argitaratzen diren datara bitartean kirol-meriturik egin badu, epea deialdi hau argitaratzen denetik hasita zenbatuko da.

b) Interesatuak deialdi hau argitaratu eta gero kirol-meriturik egin badu, epea emaitza lortu denetik hasita zenbatuko da. Edonola ere, ez dira izapidetzeko onartuko 2008ko abenduaren 15etik aurrera jasotzen diren 2008 Euskadi Kirola Beketarako eskabideak.

Euskadi Kirola Fundazioak, behin eskabideak eta beharrezko agiriak jasota, banakako espedientea egingo du eskabide bakoitzeko. Espediente hori Ordezko Batzorde Teknikoari bidaliko zaio, oinarri hauetan onartutako irizpideen arabera azter dezan.

Aurkeztu diren eskabidea eta bestelako agiriak aztertuta, akatsik egonez gero edo agiririk falta izanez gero, eskatzaileari jakinarazi eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzendu ahal izateko. Epea bukatuta, eta zuzenketarik ez badago, uko egintzat hartuko da.

7. artikulua.– Bekak emateko prozedura.

Ordezko Batzorde Teknikoak espedientea jaso eta oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera aztertu eta balioetsiko du eta, hala badagokio, kirol-auditoretza eta derrigorrezko mediku-azterketa proposatuko ditu. Ordezko Batzorde Teknikoak, egindako balioespena, azterketa eta fundazioak duen finantza eta aurrekontua aintzat hartuta, beka emateko edo ukatzeko ebazpen zioduna egingo du eta idatziz jakinaraziko zaio pertsona edo erakunde eskatzaileari.

8. artikulua.– Bekak balioesteko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Ordezko Batzorde Teknikoak bekak emateko ebazpena egingo du pertsona edo erakunde eskatzaileen merituen arabera, betiere honako balorazio-irizpide hauei jarraituz:

1.1.– Goi Mailako kirolariak. Goi mailako kirolarien merituak balioestea I. eranskinean ezartzen diren balioesteko eta kuantifikatzeko irizpideetan oinarrituz zehaztuko da.

1.2.– Goi mailako kirolarien kirol-teknikariak. Euskadi Kirola Beka jasotzeko proposatzen den kirolari bakoitzeko, kirolariak jasotzen duen bekaren herena emango zaio. Ondorio hauetarako, ez da onartuko 3 kirolaritik gora teknikari bakoitzeko.

1.3.– Kirol-erakundeak, kirol-plantillan gutxienez goi mailako kirolari bi dituztenak.

2.– Deialdi hau meritu-lehiaketa prozeduraren bitartez ebatziko da. Ondorio hauetarako, bekak emateko aurkezten diren eskabideak alderatuko dira, horrela, euren arteko hurrenkera ezarriko da, oinarri hauetan jasotzen diren balioesteko irizpideei jarraituz.

3.– Beka, sari eta laguntzen zenbatekoa zehazteko aipatu meritu-hurrenkera eta fundazioak duen finantza egoera hartuko dira kontuan.

4.– Oinarri hauen 2. artikuluaren 2. idatz-zatian adierazten diren zerbitzu osagarriek ez dute muga kuantitatibo lehenetsirik eta Ordezko Batzorde Teknikoak finkatuko ditu, arrazionalitate eta aukera irizpideei jarraituta.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ordezko Batzorde Teknikoak gehienez ere hilabeteko (1) epean ebatzi edo ukatuko du bekak ematea, eskabideak aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita.

2.– Ebazpena, edonola ere zioduna dena, bana-banaka jakinaraziko zaie beka eskatzen dutenei.

3.– Ordezko Batzorde Teknikoaren ebazpenaren aurka errekurtsoa jar daiteke Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuko lehendakariaren aurrean, jakinarazten denetik hasita 15 eguneko epean.

10. artikulua.– Onuradunak onartzea.

Beken onuradun diren pertsona eta kirol-erakundeek, oinarri hauetan arautuak, Euskadi Kirola Fundazioaren egoitzara agertu beharko dute, beka ematea jakinarazten denetik gehienez ere 15 eguneko epean, Euskadi Kirola Fundazioarekin Konpromiso Agiria sinatzeko.

11. artikulua.– Konpromiso Agiria Euskadi Kirola Fundazioarekin.

Euskadi Kirola Fundazioarekin sinatuko den Konpromiso Agiria derrigorrezkoa da beken onuradun diren pertsona eta erakundeentzat. Honetara daude behartuta:

a) 2008an zehar goi mailako kirol-jardueran jarraitzea.

b) Agirian ageri den kirol-planifikazioan ezarritako kontrolak betetzea. Kirol-erakundeek derrigorrean bete beharko dute, eta bakarka dabiltzan kirolariek aukeran bete beharko dute, horrela eskatuz gero.

c) Euskadi Kirola Fundazioak zehaztuko dituen ikur eta markak eramatea, betiere lehiaketen arautegiak uzten badu.

d) Euskadi Kirola Fundazioak antolatzen dituen sustatzeko jardunaldi eta ekitaldietan parte hartzea.

e) Kirol-jarduerari lotutako diru-sarrera guztien berri Fundazioari ematea.

f) Kirol-lehiaketetan eta lehiaketetatik kanpo joko garbia erakustea, mugimendu olinpiarraren printzipioekin bat.

g) Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak jarritako dopinaren aurkako kontrolak egin eta onartzea, lehiaketa barruan eta lehiaketatik kanpo. Dopin kontuak direla-eta, indarrean dauden arauak errespetatzeko konpromisoa hartzea.

h) Teknikarien kasuan, denboraldiko kirol-planifikazioa eskura jartzea.

i) Fundazioari laguntzea enpresa babesleekin dituen publizitate-konpromisoak betetzen.

j) Oro har, oinarri hauetan ezarrita dauden baldintza guztiak betetzea.

k) Euskadi Kirola Fundazioarekin adostu den Konpromiso Agirian ezarritako beste edozein betebehar.

12. artikulua.– Euskadi Kirola Bekak ordaintzea.

2. artikuluaren 1.a) idatz-zatian aurreikusita dauden oinarrizko laguntza edo bekak hilero ordainduko dira, Euskadi Kirola Fundazioarekin Konpromiso Agiria sinatzen denetik hasita.

2. artikuluaren 1.b) idatz-zatian aurreikusita dagoen helburukako sari-ordainketa era bakarrean egingo da, behin helburua bete dela egiaztatuta.

2. artikuluaren 1.c) idatz-zatian aurreikusita dauden laguntza osagarriak banaka ordainduko dira, kasuan kasuko eskabideak eta inguruabarrak kontuan hartuta.

2. artikuluaren 1.d) idatz-zatian aurreikusita dauden atribuzio-laguntza edo bekak ordainketa bakarrean egingo dira, behin pertsona onuradunak onartuta.

13. artikulua.– Beken bateragarritasuna.

Bateragarri dira batetik oinarri hauetan araututa dauden bekak, sariak eta laguntzak eta, bestetik, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk, helburu berarekin, onuradun berari eman ahal dion edonolako laguntza.

14. artikulua.– Ez betetzeak.

Beken onuradun diren pertsonek edo erakundeek hartutako betebeharrak ez betetzeak kontratua ez betetzea ekarriko du, eta horrela dago jasota 11. artikuluan aurreikusitako Konpromiso Agirian. Euskadi Kirola Fundazioari jasotako zenbateko osoa edo zati bat itzultzea ekar dezake.

Bereziki, dopin kontuak direla-eta zehapen irmoa jaso duten kirolariek hartutako zenbatekoak itzuli beharko dituzte.

Getxo, 2008ko maiatzaren 27a.

Fundación Euskadi Kirola Fundazioko idazkaria,

JOSÉ RAMÓN GARAI ITURRIONDOBEITIA.

I. ERANSKINA
KIROL MERITUAK ETA BALIOESTEKO ETA KUANTIFIKATZEKO IRIZPIDEAK.
BALIOESTEKO IRIZPIDE OROKORRAK

Beka hauen pertsona onuradunak zehazteko honako balioesteko irizpide orokorrei jarraituz egingo da:

1. irizpidea.– Eskabidea egiten den indarrean dagoen urtean edo aurreko urtean hartuko dira aintzat kategoria absolutuan lortzen diren kirol-emaitzak.

Aurreko arauaren salbuespen gisa, absolutuaren aurretik dagoen kategorian lortutako emaitzak hartuko dira aintzat, betiere eskabidea egiten den indarrean dagoen urtean edo aurreko urtean. Baina kasu honetan, soil-soilik kirol-guneetan dauden kirolariak baldin badira.

2. irizpidea.– Ez dira aintzat hartuko Egitarau Olinpiarretan jasota ez dauden taldekako lehiaketetan lortutako emaitzak, banakako probei dagozkienak.

3. irizpidea.– Beka hauen onuradun izateko, pertsona eskatzaileek jarraian aipatzen diren kirol-merituren bat egiaztatu beharko dute eskabideetan.

KIROL MERITUAK

A meritua – Goi Mailako Kirolari Olinpiarra izatea.

Meritu honetan kirolariak honako baldintzak bete behar ditu era metatuan:

a) Kirol olinpiarreko kirolaria izatea eta modalite olinpiarrean parte hartzea.

b) Kirol-potentzialaren balioespenean gutxienez 60 puntu ateratzea. 60 puntu horietatik, gutxienez 35 puntu puntakoarekin dagoen aldeari dagozkio. Edo, bestela, kirol-gune batean sartuta egonez gero, 25 puntutik gora atera beharko dira.

Kirol-potentzialaren balioespena honako taula honen bidez lortzen da.

Puntuak

Kirol potentziala Puntakoarekin aldea Lehiaketa-balioa Olinpiarra /Ez olinpiarra 60

Kontinenteak

Herrialdeak

Parekotasuna parte hartzean

Lortutako postuaren balioa

Hobetzeko erreserba Adina 15 40

Zenbat urte lehiatzen 5

Biotipoa 5

Kirol-ibilbidea 15

Guztira 100

B Meritua – Goi Mailako Kirolaria izatea, baina ez olinpiarra.

Meritu honetan kirolariak honako baldintzak bete behar ditu era metatuan:

a) Kirol ez olinpiarreko kirolaria izatea edo kirol olinpiarreko modalite ez olinpiarrean parte hartzea.

b) Kirol-potentzialaren balioespenean gutxienez 60 puntu ateratzea.

Kirol-potentzialaren balioespena A merituan adierazitako taularen bidez lortzen da.

C Meritua – Goi Mailako kirolari egokitua izatea.

Meritu honetan kirolariak honako baldintza hauek bete behar ditu era metatuan:

a) Kirolari egokitua izatea.

b) 2008ko Beijingo Joko Paraolinpiarretarako sailkatzea.

D Meritua – Goi Mailako kirolarien entrenatzaile izatea.

Meritu honetan aurretik aipatutako A, B, C merituak betetzen dituen kirolariren baten prestakuntzaren ardura darama pertsona honek.

E Meritua – Goi Mailako Kirol Erakundea izatea.

Meritu honetan euskal kirol-erakundea izan behar da, eta gutxienez A meritua betetzen duten bi kirolari izan behar ditu.

F Meritua – Atribuzioa.

Meritu honetan kirolariak honako baldintza hauek bete behar ditu era metatuan:

a) Euskal kirolaria izatea (Euskal Herrian jaioa edo erroldatua), euskal federazioaren lizentziarik gabe.

b) 2008ko Beijingo Joko Olinpiarretarako sailkatzea.


Azterketa dokumentala