Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2008ko maiatzaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Garraio eta Herri Lan Saila
3331

EBAZPENA, 2008ko apirilaren 8koa, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariarena, Ondarroako portuan dagoen Britainia Handiko bandera eta N400 zenbakiko matrikula duen "Atlantis M" ontzia abandonatutzat jotzen duena.

Ondarroako portuko zerbitzu-eremuan dagoen "Atlantis M" ontzia, Britainia Handiko bandera eta N400 zenbakiko matrikula duena, abandonatutzat jotzeko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak instruitutako espedientea ikusi ondoren, Ebazpen hau onartu da gertakari hauek eta zuzenbideko oinarri hauek kontuan izanda.

GERTAKARIAK

Lehenengoa.– 2006ko otsailaren 8an kaizaintzako kaboak ontzia erabiltzen ez zela eta erabat abandonaturik zegoela jakinarazi zion Bizkaiko Portuen Lurralde Zerbitzuari, eta jabearen aldetik, Atlantis Fisheries, Ltd. enpresaren aldetik, ez zutela inolako erantzunik jaso, nahiz behin eta berriro ahalegindu. Gainera, portuko tasak ere ordaindu gabe omen ditu.

Bigarrena.– 2008ko urtarrilaren 10ean, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak Britainia Handiko bandera eta N400 zenbakiko matrikula duen "Atlantis M" ontzia abandonatutzat jotzeko espedientea abiarazi zuen Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, eta 15 egun balioduneko epea eman zion jabeari, egoki iritzitako alegazioak eta agiriak aurkez zitzan.

Hirugarrena.– Entzunaldia amaitu da, eta interesduna ez da agertu, eta hortaz, alegaziorik ere ez du aurkeztu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Ebazpen hau onartzeko eskumena Portu eta Itsas Gaietako zuzendariari dagokio, Portu Jardueren Erregelamendua onartzen duen urriaren 21eko 236/1986 Dekretuaren 47. eta 48. artikuluak, portua antolatzeko eskumena ematen baitio, hark agindutakoa derrigor betetzekoa izango delarik.

Era berean, Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuak Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari ematen dio portuko jabari publikoko aldea antolatzeko eta portuko zerbitzu aldeak antolatzeko eskumena (11.1.a eta j artikuluak).

Bigarrena.– Interes Orokorreko Portuetako Zerbitzuen Ekonomia eta Prestazioen Araubidearen azaroaren 26ko 48/2003 Legearen xedapen gehigarrietan hemezortzigarrenaren 2. paragrafoaren arabera, abandonatutakotzat jotzen dira itxuraz kanpoko jarduerarik gabe portuko leku berean sei hilabete baino gehiago atrakatuta, amarratuta edo ainguratuta, eta dagozkien tasak edo tarifak ordaindu gabe uzten diren ontziak.

Gertakariak eta zuzenbideko oinarri horiek ikusirik, Interes Orokorreko Portuetako Zerbitzuen Ekonomia eta Prestazioen Araubidearen azaroaren 26ko 48/2003 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta oro har derrigor aplikatu beharrekoak diren gainontzeko xedapenak kontuan izanik, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak,

EBATZI DU:

Lehenengoa.– Egun Ondarroako portuan dagoen Britainia Handiko bandera eta N400 zenbakiko matrikula duen "Atlantis M" ontzia legearen arabera abandonatutzat jotzea, arrazoi hauengatik: itxuraz kanpoko jarduerarik gabe portuan sei hilabete baino gehiago dagoelako, dagozkion tasak ordaindu gabe.

Bigarrena.– Atlantis Fisheries, Ltd. enpresari jakinaraztea Interes Orokorreko Portuetako Zerbitzuen Ekonomia eta Prestazioen Araubidearen azaroaren 26ko 48/2003 Legearen xedapen gehigarrietan hemezortzigarrenaren arabera, Portu Administrazioak abandonaturik utzitako ontzia saldu egingo duela enkante publikoan, eta besterentzetik eskuratutako dirua Euskal Autonomia Erkidegoaren Diruzaintza Nagusian sartuko duela, portuko tasak eta tarifak direla eta sortutako kredituak eta prozedurako gastuak kendu ondoren.

Hirugarrena.– Ondarroako Itsas Kapitaintzari Ebazpena jakinaraztea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.– Ebazpen hau interesdunari jakinaraztea, eta adieraztea Ebazpenak ez duela administrazio-bidea agortzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakiokeela Garraio eta Herri Lan sailburuordeari, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita hilabeteko epean, hala ezartzen baitute 30/1992 Legearen 107. artikuluak eta hurrengoek.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 8a.

Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria,

JOSEBA ANDONI IDOIAGA URIBE.


Azterketa dokumentala