Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2008ko maiatzaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
3328

EBAZPENA, 2007ko abuztuaren 3koa, Ingurumen sailburuordearena; honen bidez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioa egiteko erreferentziazko agiria formulatzen da, Bermeoko Udalak sustatzen duen proiektu honen gainean: "BI-631 saihesbidearen gainean Bermeoko Arau Subsidiarioen Aldaketa".

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I. eranskineko A atalean jasotzen diren planek Ingurumenean duten Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren prozedurari jarraitu behar diote. Helburua honako hau da: plangintza-prozesuaren hasierako faseetan plan horiek ingurumenean izan ditzaketen ondorioak aztertu eta balioestea, zenbait jarduerak eragindako ondorio metatzaileak eta sinergikoak kontuan izanik. Era horretan, aukerarik egokiena hautatuko da.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren 3. artikuluan dago ezarrita prozedura hori zein eremutan erabili behar den, eta horren barruan dago "BI-631 errepidearen saihesbidea eraikitzeko Bermeoko Arau Subsidiarioak aldatzea".

Era berean, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio eremuan dago "BI-631 errepidearen saihesbidea eraikitzeko Bermeoko Arau Subsidiarioak aldatzea". Aipatutako arauaren 9. artikuluan ezarri zenez, ingurumenaren jasangarritasunari buruzko txostenaren xehetasun maila eta zehaztasun gradua ingurumeneko organoak ezarriko ditu, ukitutako administrazio publikoak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero, erreferentziako agiri bat emanez. Agiri horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.

Bermeoko Udalak du "BI-631 errepidearen saihesbidea eraikitzeko Bermeoko Arau Subsidiarioak aldatzea" delako egitasmoa onesteko funtsezko eskumena, eta, beraz, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 44. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokio, ingurumen ondorioetarako soilik, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko txostena egitea. Bertan, proiektuak izan dezakeen eraginari buruzko iritzia eta, eragin horri aurre hartu, zuzendu eta konpentsatzeko beharko liratekeen neurriak jasoko dira.

Bermeoko Udalak Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailean 2007ko otsailaren 13an aurkeztutako idatziaren bidez eskatu du "BI-631 errepidearen saihesbidea eraikitzeko Bermeoko Arau Subsidiarioak aldatzea" delakoaren erreferentzia-dokumentua ematea.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek Ingurumenean izango duten Eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.

Dosierreko agiriak aztertu ondoren eta 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa

EBATZI DU:

1.– Ingurumenari loturiko ondorioetarako soilik, Bermeoko Udalak sustatutako "BI-631 errepidearen saihesbidea eraikitzeko Bermeoko Arau Subsidiarioak aldatzea" delakoaren erreferentzia-dokumentua egitea.

2.– Txostena honakoa da:

2.1.– Aurrekariak.

2007ko otsailaren 13an, kontsulta-izapideari hasiera emateko eskaera egin zuen Bermeoko Udaleko alkate-lehendakariak; Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan dago jasota izapide hori. Egindako kontsulta, hirigunearen hegoaldeko bide-zati baten inguruan Bermeoko udal-plangintzan ezarrita dauden Arau Subsidiarioak Aldatzearen gainekoa da. Aldaketa horren helburua Bermeoko hirigunearen eta portuaren periferian saihesbidea egin eta BI-631 eta BI-2235 errepideei lotzea da. Proiektua Estudio de Arquitectura y Urbanismo, SAk idatzi du, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailaren aginduz. Bide-azpiegitura horren proiektua Azpiegituren eta Garraioaren Sistema Orokorraren lursailetan egingo da, eta lurzoru urbanizaezinean (nekazaritza eta abeltzaintzakoa, landazabalekoa eta lurrazaleko urak babestekoa). Adarrak eta biribilguneak dituen bide horrek hartzen duen esparrua Txibitxagako eremuan hasi, Zarragoititik igaro eta Landabasoko eremuraino iristen da, Bermeoko itsasertzeko udalerriaren barruan. Udalerriko Planeamenduaren aldaketa, lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen eduki eta zehaztapenetara egokituko da.

2.2.– Egindako kontsultak.

Ingurumen Sailburuordetza honek kontsultak egin dizkie ondorengo erakundeei:

a) Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

b) Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

c) Larrialdietarako Zuzendaritza.

d) Uren Zuzendaritza.

e) Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.

f) Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritza.

g) Osasun Publikoko Zuzendaritza.

h) Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia.

i) Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.

j) Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusia.

k) Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintzako Zuzendaritza Nagusia.

l) Ekologistak Martxan.

m) Ihobe Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa.

Arauzko epea amaitu ondoren, honako hauen erantzunak jaso ditugu: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Larrialdietarako Zuzendaritza, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritza, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusia. Jarraian dago laburtuta erantzunen edukia:

1) Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza: gune horretan, "Larragoitiko gaztelua" izeneko elementu bat dago, eta ustezko eremu arkeologikoa da.

2) Eusko Jaurlaritzako Larrialdietarako Zuzendaritza:

a) Urak hartzeari lotutako arriskuak: uholde-orbanak, Artigas ibaia, Etxebarri errekastoa eta Landarbaso ibaiaren ibilguetan.

b) IV-V intentsitateko lurrikara-arriskua, 500 urteko birgertatze-aldirako.

c) Baso-sutea gertatzeko arriskua: hiru arrisku-eremu, landarezko estaldura motaren arabera.

d) Teknologia-arriskuak: salgai arriskutsuak garraiatzeagatik, arrisku oso txikia; eta II. SEVESO araudia ezarrita, ez dago araudi horren peko enpresarik.

3) Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako Zuzendaritza: hauek dira nabarmentzekoak: Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Natura 2000 Sareko bi elementu (Urdaibaiko Ibai-sareko GKLa eta Urdaibaiko itsasadarreko HBBGa), faunaren lehentasuneko banaketaguneak eta interes bereziko eremuak, loturakoa den interes bereziko ibai-zatia (Urdaibaiko Ibai-sarea) eta paisaia nabarmen eta apartekoen katalogoko Intereseko Naturagune bat (Urdaibaiko ibaiadarra).

4) Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritza: Lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazioren bat duen edo izan duen kokagune batean lurzoruaren kalifikazioa aldatuko balitz, lurzoruaren Kalitatearen Adierazpenaren prozedura hasi beharko da.

5) Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia:

a) Higiezinen Ondarearen Atala: ez dago kultura-ondasun higiezinik katalogatuta edo inbentariatuta.

b) Kultura Ondarearen Atala:

b.1.– Larragoitiko Gaztelua (ustezko arkeologiagunea).

b.2.– Erromatarren garaiko aztarnak.

Kultura-ondarean izan daitekeen eragina neurrikoa izan daiteke; beraz, gunearen arkeologia-azterketa bat egitea proposatzen da.

6) Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Saila: lurraldeko ekintza-planean dauden aukerak aztertu egin beharko dira, ingurumenaren ikuspuntutik. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako eta Urdaibaiko Hidrografia-sareko GKLko ingurumenean izango den eraginaren ebaluazioa egin beharko da. Saihesbideak Natura 2000 Sarean sartuta dauden lurzoruetan izango du eragina.

7) Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusia: proiektuak eragiten dien lursailak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamuaren pean daude.

2.3.– Ingurumenaren gaineko irizpide estrategikoak.

Sustatzaileak adierazi behar du nola eta zein neurritan izan diren kontuan, plana landu bitartean eta aintzat hartutako aukeren bitartez, ingurumena babesteko honako helburu hauek:

2.3.1.– Garraio jasangarri baterantz jotzea (Garraio Jasangarrirako Plan Zuzentzaileko 5. helburua).

2.3.1.1.– Garraio jasangarriaren beharraren gainean jendartea oro har eta erakundeak kontzientziatzea.

2.3.1.2.– Garraio publikoa gehiago erabiltzeko joera hobetu eta sustatzea.

2.3.1.3.– Ibilgailu pribatua era zentzuzkoagoan erabiltzea sustatzea.

2.3.1.4.– Garraio kolektiboaren aldeko bereizkeria positiboa.

2.3.2.– Biologia-aniztasunari eustea. Lehorreko eta itsasoko habitatak eta ekosistemak modu jasangarrian mantentzeko babesaren eta oneratzeen bitartez, biologia-aniztasunaren galera geraraztea (Ingurumeneko Esparru Programako 3. jomuga).

2.3.3.– Lurzoruaren artifizialtzea murriztea. Dagoeneko artifizialduta dauden lurzoruak erabiltzeari lehentasuna ematea, lurzoru urbanizaezina berriz kalifikatu baino lehen, nagusiki nekazaritzako lurzorua eta natura-lurzorua babestuz.

2.3.3.1.– Herriaren sorburuko guneetan eraiki eta urbanizatutako ondarea biziberritzeari eta etxebizitza hutsak erabiltzeari lehentasuna ematea (2).

2.3.3.2.– Hirigintza-plangintzan erabilera edo jarduera berri bat aurreikusten zaien balizko lurzoru kutsatuak berreskuratzea edo, horien ordez, erabilera edo jarduerarik aurreikusten ez zaien lurzoruak.

2.3.4.– Hirian banantzea eta barreiatzea ekiditea, mugikortasuna sortzea murrizteko. Prebentzioa azpimarratu nahi da, ondorioak zuzendu beharrean, eta irtenbideak bilatu nahi zaizkio eredu trinko, konplexu eta funtzioaniztunekin dauden beharrei, lurraldeko eredu zehaztugabe eta sakabanaturanzko dinamika gorakorra geldiarazteko, eta hiriko bizigarritasunean eta jasangarritasun orokorrean dituen ondorio negatiboak ere bai.

2.3.5.– Gure hiriguneetako ingurumenaren kalitatea hobetzea, pertsonen bizitza-kalitatea babesteko giltzarri gisa.

2.3.6.– Lurzorua erabiltzeko irizpideak, urpean gelditzeko duen arrisku-mailaren arabera.

2.4.– Ingurumenaren gaineko helburuen adierazleak eta jasangarritasun-printzipioak.

Ingurumenaren gaineko helburu estrategikoen edo jasangarritasun-printzipioen adierazleak, planean jasotako ondorio esanguratsuak sor ditzakete ingurumenean; beraz, gutxienez, 2007-2010 aldirako IEPko Aginte Taula Integralean (ATI) adierazitakoak hartuko dira aintzat:

Konpromisoak:

M1.13: Hirigintza-plangintzan beste erabilera edo jarduera bat aurreikusten zaien eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen 407 hektarea berreskuratzea.

M1.14: Hirigintza-plangintzan beste erabilera edo jarduera bat aurreikusten ez zaien eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen 35 hektarea berreskuratzea.

M3.9: Paisaia Aparteko eta Nabarmenen Katalogoan dauden guneen % 10ek kudeaketa-neurri egokiak izatea lortzea.

M4.3: Urtero, hirigintza-ekintzekin artifizialtzen diren hektareen kopurua murrizten joatea.

M4.4: Urtero, azpiegitura berriak eraikitzean artifizialtzen diren hektareen kopurua murrizten joatea.

M5.3: Ahal den neurrian, 100 urteko birgertatze-aldiko uhaldien arriskua duten eta gaur egun garapenik ez duten guneak artifizialtzea ekiditea.

Bikoiztasunak saihesteko, adierazle horiek gainbegiratzeko zereginen ardura duen agintaria (ingurumenaren gaineko informazioa bildu, prozesatu eta ebaluatzea), 2007-2010 aldirako IEPko ATIan adierazten dena izango da. 2007-2010 aldirako Ingurumeneko Esparru Programako konpromisoen segimenduaren txostenean sartuko du gainbegiratze hori agintari arduradunak; urtero aurkezten dio txosten hori jendarteari Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak.

Gainera, beste adierazle batzuk finkatu beharko dira, planean aztergai den faseko ingurumenaren gaineko berariazko helburuak lortzeko, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezaketela uste den adierazleen kasuan.

2.5.– Ingurumenaren aldetik interes berezikoak diren baliabideak eta guneak eta babeserako helburuak.

a) Bermeoko udalerriko hidrografia-sarea: Bermeoko udalerriaren barruan eta Arau Subsidiarioak aldatzen dituen agirian zehaztutako sektorearen barruan, Ur-jabari Publikoa eratzen duten zenbait ibilgu txiki igarotzen dira. Ur-jabari Publikorako aintzat hartzekoak diren babeserako helburuak, 2000/60/EE Uraren Esparru Zuzentarauan ematen den definizioaren arabera, hauek dira: egungo ekologia-egoera ez andeatzea eta Ekologia Egoera Ona lortzea; hortaz, hirigintzako plangintza eta garapena ez dira oztopo izan beharko xede hori erdiesteko. Aintzat hartzekoak dira, halaber, EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko baldintzak.

Drainadura-sarean, Artigas eta Landarbaso ibaiak eta Etxebarri errekastoa nabarmentzen dira; izan ere, arauen aldaketak eragiten dion lursailaren zatia urak hartzen duen kotaren barruan dago, EAEko barruko arroetako herriguneetan urak har ditzakeen guneak mugatzeko azterlanaren arabera. Gertaera horrek, ingurumenari lotutako arriskuak murrizteko helburuak proposatzera behartzen gaitu; horretarako, uren gaian eskumena duen agintariak landutako zehaztapenak izan beharko dira kontuan (ikusi eranskina).

b) Itsas-lehorreko Jabari Publikoa: indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako aldaketaren esparruan, Itsas-lehorreko Jabari Publikoa eta haren babes-zorgunea eremu sentikorrak dira ingurumenaren aldetik, Euskal Herriko ingurugiroa Babesteko 3/1998 Lege Orokorrean ematen den definizioaren arabera. Gune horren babesean, bere osotasuna zaintzea eta gunearen erabilera orokorreko helburuak sartzen dira: gunearen ezaugarriak eta natura-elementuak babestea eta obra nahiz instalazioen ondorio kaltegarriak prebenitzea.

c) Historia eta Kultura Ondarea: obra hori egin nahi den esparruan, batetik, "Zarragoitiko Gaztelua" deritzon ustezko arkeologiagune bat dago (22. zenbakiarekin idenfifikatua eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 1997ko maiatzeko Ebazpenaren bidez izendatua), eta bestetik, erromatarren garaiko arkeologia-aztarnategiak.

d) Babestutako Natura-gunea: gunea Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren esparruan dago; Urdaibaiko Biosfera Gebenaldea Babestu eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko Eusko Legebiltzarraren 5/1989 Legean izendatu zen erreserba. Erreserbak, Legea garatu eta ezartzeko, Erabilera eta Kudeaketaren Plan Gidaria dauka, Eusko Jaurlaritzaren abuztuaren 3ko 242/1993 Dekretuaren bidez onartua, eta 27/2003 Dekretuak aldatua. Balio bereziko eremuak, padurak, labarrak, duna-enklabeak eta artadi kantauriarrak dira. Horiek guztiek berariazko araubide bat dute, beren natura-balioak zaintzera eta beren baliabideen aprobetxamendua antolatzera zuzendua.

e) Natura 2000 Saretik, GKL Garrantzi Komunitarioko Lekuen zerrenda bat sortzen da, eta horien artean dago EAEko Urdaibaiko Ibai-sarea. GKLtzat hautatzean, zerikusia izan du ibai-sarea osatzen duten erreken ibilguetan ur-ipurtatsa (Mustela lutreola) bizitzeak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Ur-ipurtatsaren Kudeaketa Plana ezarri du. Nabarmentzekoa da, orobat, Urdaibaiko itsasadarra izeneko HBBG bat egotea.

f) "Urdaibaiko itsasadarra" izenez katalogatutako natura-intereseko gune bat dago, paisaia nabarmen eta apartekoen katalogoaren aurreproiektuan sartua.

g) Zarragoitiko gunean, artadi kantauriar bat duen enklabe bat dagoela egiaztatu da: belardi eta soro atlantikoz eta berritutako baso-zerrendaz inguratua.

h) Esparru horretan dauden eta erasan daitezkeen landare-komunitateetakoren batzuk Garrantzi Komunitarioko Natura-habitatak dira.

i) Urdaibaiko Ibai-sarea EAEko Ekologia-igarobideen Sarean dago sartuta, eta ibai-zati batzuk interes berezikoak dira; ibai-sare hori, gainera, lotura garrantzitsua da isurialde kantauriarreko lurraldean.

j) Geologia-intereseko Eremu bat dago: "Ezpondako Faziesa" (kode-zenbakia: 0034), tokiko mailan zientzia eta didaktikarako interesa duten estratigrafia-mailako arrail karedunez eratua.

k) Aldaketak eragiten dion esparruan, lursail bat dago inbentariatuta, lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalazioak dauden kokaguneen inbentarioan; lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean daude jasota kokagune horiek. Gainera, eragina jasango duen esparruaren ondoan, inbentarioan dauden beste bi lursail daude. Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzaren arabera, lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren prozedura hasi beharko da, kutsatzailea izan daitekeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lurzoru baten kalifikazio-aldaketa bat egon daitekeenean. Bermatuta geratu beharko da bide-azpiegitura berriak finkatuko diren substratuaren geotekniako egonkortasuna.

2.6.– Jasangarritasun-txostenaren zabaltasuna, xehetasun-maila eta zehaztasun-gradua.

Plan eta programa jakin batzuek ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioaren gaineko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den jasangarritasun-txostena, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanean jasota dagoela ulertu behar da; azterlan horren aipamena, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio-prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan dago. Beraz, Sektorizazio Planean, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlana sartu beharko da, eta azterlan hori, egituran eta gutxieneko edukietan, xedapen hauetan ezarritakora moldatu behar da: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskina, eta aipatutako apirilaren 28ko 9/2006 Legearen I. eranskinean.

Aurreko horren arabera, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanean landuko diren atalek, ondoko metodologia-eskema honi jarraituko diote:

1) Planeko helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko aintzat hartutako aukeren deskribapena.

2) Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

3) Planak ukitzen duen eremuko ingurumenaren analisia, diagnostikoa eta balorazioa.

4) Ingurumenaren aldetik teknikoki zentzuzkoak diren aukeren azterketa. Hartutako irtenbidearen justifikazioa.

5) Planaren eraginak eta planeko ekintzen eraginak identifikatu eta baloratzea.

6) Babes-neurrien, konpentsazio-neurrien eta neurri zuzentzaileen proposamena.

7) Planaren ondorioak gainbegiratzeko programa.

8) Laburpen-agiria.

9) Dokumentazio grafikoa.

Ebaluatzen den agiriaren ezaugarriak kontuan izanda, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, Ingurumen Sailburuordetza honen ustez, ingurumenaren gaineko baterako ebaluazioaren azterlanean, aipatutako atalak garatu beharko dira, segidan adierazten den zabaltasunarekin eta xehetasun-mailarekin:

2.6.1.– Planeko helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko aintzat hartutako aukeren deskribapena.

Ebaluazioaren azterlanaren atal horretan honakoak jaso beharko dira: batetik, planean adierazten diren helburu estrategikoak, eta bestetik, plana landu bitartean ingurumenaren alorreko estrategia-irizpideak nola hartu diren aintzat, kontuan izan diren aukeren bitartez.

2.6.2.– Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

Zehaztu egin beharko da aztertutako plana ezartzeko geografia-esparrua zein beste planetakoari gainjartzen zaion, eta beren arteko bateragarritasuna identifikatuko da. Adibide gisa, honako hauek aipatzen dira:

a) Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketaren Plan Gidaria.

b) Bermeoko saihesbidearen Lurralde-ekintzako Plana; gaur egun, idazten ari dira.

c) Garapen Jasangarrirako Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategia.

d) EAEko Ibai eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

e) EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana.

f) EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

g) Kultura Ondarearen Lurraldearen Arloko Plana.

h) Uholdeei Aurrea hartzeko EAEko Plan Integrala.

i) 1994-2030 aldirako EAEko Baso-plana.

j) Batzordearen 2004ko abenduaren 7ko Erabakia; erabaki horren bidez onartzen da, Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera, eskualde biogeografiko atlantikoko garrantzi komunitarioko lekuen zerrenda.

Goragoko esparruko plan eta programekin bateraezintasunak badaude, dagozkion ekintzak ezeztatu edo ordezkatu egin beharko dira.

Identifikatu egin beharko da, orobat, hala badagokio, beste plan batzuekiko bateragarritasuna, Tokiko 21 Agenda edo Aalborgeko Karta kasu. Plan horiekiko atxikipena, neurri batean, borondatezkoa da. Hala, Bermeoko udalerriko Tokiko 21 Agendaren garapen-faseetatik eratorritako gomendioak sartu beharko lirateke. "Lurraldearen antolamendua eta hirigintza" atalean, jasangarritasuna lortzeko helburu batzuk proposatzen dira. Horien artean, azpiegiturei eta hiriaren hazkundeari zor zaizkion ingurumenaren gaineko eraginak murriztea azpimarratzen da.

2.6.3.– Planak ukitzen duen eremuko ingurumenaren analisia, diagnostikoa eta balorazioa.

Adierazi egin beharko dira ingurumenaren egungo egoeran garrantzitsuak diren alderdiak eta plana ezarri ezean izan dezaketen bilakaera. Identifikatu egingo dira, behar adinako xehetasun-graduarekin:

a) Ondorio esanguratsuak izan ditzaketen eremuek ingurumenaren aldetik dituzten ezaugarriak (3).

b) Planerako garrantzitsuak diren ingurumenaren arloko arazoak (urak har ditzakeen eremuak, lurzoru kutsatuak, hondatuak edo higadura handikoak, erauzketa-jarduerak edo eragin handiko beste jarduera batzuk).

c) Ingurumenaren aldetik garrantzi berezikoak diren guneak: hala nola, ingurumenaren alorrean sentikorrak diren guneak (4) edo balio agrologiko handia duten lurzoruak.

Eskatutako informazioa biltzean teknika, ezagutza edo/eta esperientziaren aldetik zein arazo izan diren eta nola gainditu diren identifikatuko da.

2.6.4.– Ingurumenaren aldetik teknikoki zentzuzkoak diren aukeren azterketa. Hartutako irtenbidearen justifikazioa.

Ordezko proposamen zentzuzkoak aurkeztea gomendatzen da: teknika eta ingurumenaren aldetik bideragarriak direnak, ingurumena babesteko helburuak kontuan izango dituztenak, nazioarte, erkidego, estatu eta autonomia-erkidego mailan finkatuak. Halaber, plana ezartzeko geografia-esparrua aurkeztea gomendatzen da, eragin negatibo esanguratsu larriak dituzten ekintzak egiten diren kasuetan. Eragin kritikoak dituzten ekintzak egiten direnean, galdatu egin ahal izango da aipatutako horiek aurkezteko.

Ingurumenaren aldetik dauden aukerak aztertzeko, gutxienez, kontraste bat egon beharko du 0 aukerarekin edo planik ezarekin alderatuta.

2.6.5.– Planaren eraginak eta planeko ekintzen eraginak identifikatu eta baloratzea.

Eragin kritikoak identifikatu egin beharko dira (5): hau da, oro har onartzen diren arauetan edo azterketa teknikoetan finkatutako mugako edo erreferentziako balioak gainditu eta eragin horiek leuntzerik ez dagoen kasuetako planeko ekintzenak.

Ebaluazioa egiteko erabilitako metodologia esplizitu egin beharko da, eta hala dagokionean, eraginak balioestean teknika, ezagutza edo/eta esperientziaren aldetik aurkitu diren zailtasunak ere zehaztu egingo dira, eta ziurgabetasun horiek nola gainditu diren ere bai.

Ahalegin horiek, ingurumenean izan daitezkeen (6) eragin esanguratsuak (7) eta eragin horien arteko erlazioa identifikatzera zuzenduko dira.

2.6.6.– Babes-neurrien, konpentsazio-neurrien eta neurri zuzentzaileen proposamena.

Planaren fase horretan izan daitezkeen eragin negatibo esanguratsuenak zuzendu eta orekatzeko aurreikusitako neurriak zehaztu egin beharko dira, aldez aurretik identifikatuta. Honako proposamen hauek iradokitzen dira:

a) Erasandako baso-azalera orekatzea: bertakoa dena eta ez dena.

b) Bertako landaredia duten enklabeak zainduko direla bermatzeko neurriak hartzea (hariztiak eta artadia), eta inguruan babeserako orla bat sortzea.

c) Azpiegitura lineal berriaren zarataren eragina gutxitzeko neurri zuzentzaileak hartzea; izan ere, azpiegitura hori inguru sentikorretatik hurbil baitago, hala nola gune libreak dituzten ekipamendu-eremuetatik eta biztanle-guneetatik.

d) Planaren esparruan sartuta dauden kultura-elementu ezagunen inbentarioa eta balorazioa (Larragoitiko gaztelua, erromatarren Bermeoko aztarnak, etab.) eta elementu horiei, lanen ondorioak ahalik eta gehien murrizteko, dagozkien berariazko neurri zuzentzaileak. Beste alde batetik, kultura-ondareari dagokionez, organo eskudunaren aldeko txostena beharko da.

e) Paisaia eta naturaren intereseko elementuak, ekologia-igarobideak, etab. mantentzeko zehaztapenak ezartzea, paisaiaren azterlanean aldez aurretik katalogatuz. Beraz, garrantzitsua izango litzateke ekologia-igarobideetan dauden heskai, zapalda, zuhaizti eta ibarbasoetako landaredia ekologia-egoera onean mantentzea. Horrela, naturaguneen arteko komunikazioa eta gene-trukea ahalbidetuko da. Ingurumenean aurreikusten den eragina arintzeko helburua duten baliabide berriak sortzera zuzendutako konpentsazio-neurriak.

2.6.7.– Planaren ondorioak gainbegiratzeko programa.

Ingurumenean ondorio esanguratsuak egon ahal izateak segimendua eskatuko du; horretarako, adierazleak finkatu beharko dira (kualitatiboak edo/eta kuantitatiboak) edo/eta horiei dagozkien galdera-multzoa. Kasu hori izango da, adibidez, plan horretan esanguratsuak diren ingurumen-irizpide estrategikoena eta ingurumen-helburuena. Adierazle horiek ezartzeko, gutxienez, honako hauek berrikusiko dira:

a) Oinarrizko adierazleak (8) [eredu kausalean oinarrituta (9)].

b) Erreferentziako ingurumen-adierazleak (10).

c) Jasangarritasunaren adierazleak EAEn (11).

d) Europako egitura-adierazleak.

e) Bizkaiko jasangarritasun-adierazleak.

Horiei ere zuzeneko segimendua egin ahal izango zaie, hau da, ingurumeneko aldaketen segimendua egin ahal izango da (zailtasuna egoten da kausa-efektu erlazioa ezartzeko zailtasuna); edo zeharkakoa, presio-faktoreen edo neurri aringarrien segimenduaren bidez.

Planak eta planeko jarduerek ingurumenean dituzten ondoriorik esanguratsuen guztiak identifikatuta (12), bai positiboak eta bai neurri zuzentzaileak behar dituztenak, eta horien adierazleak ere identifikatuta, horiek gainbegiratzeko aginpidea nork duen adierazi beharko da (13), eta gainbegiratzea plangintza-sistemako zein fasetan sartuko den, edo, halakorik ezean, izango duen iraupena eta maiztasuna.

2.6.8.– Plan edo programako garapen-agirietarako ingurumen-jarraibideak.

Planaren ondorengo faseetan jarduerak gauzatzeko moduaren gaineko jarraibideak ezarri beharko dira, ondorio negatiboak mugatzeko (kritikoak, zorrotzak…) eta, ondorioz, gerora neurri zuzentzaileak edo/eta konpentsaziozkoak ezartzeko beharra murrizteko. Jarraibide horien artean, ondoko hauek iradokitzen dira:

1) Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.

2) Energia-eraginkortasuna sustatzea.

3) Hondakinen ekoizpena gutxiagotzea.

4) Hiri-sistemetan natura-baliabideak aurreztea: ura, energia eta lurzorua.

5) Materialak aurreztea:

a) EAEn eraikuntza eta eraisteetan sortzen diren hondakinak berrerabili eta birziklatzea lortzea.

b) Eraikuntza eta eraisteetako hondakinetatik ateratzen diren bigarren mailako agregatuak, mota askotako zepak eta galdaketako hondarrak erabiltzea.

c) Azpiegiturak eraikitzean, hondeaketatik ateratako materialak eta beste lurzoru hondatu edo hondakin batzuk erabiltzea, betelanak edo oinarri-azpiak egiteko material gisa. Horrela, sortzen den hondakin-kopurua murriztu egiten da, eta aldi berean, harrobiko produktuak erauztea saihesten da.

6) Berotegi-efektua eragiten duten gasen isurketak mugatzea.

7) Eraikuntza jasangarria sustatzea.

8) Osasuna sustatzea: airearen kalitatea hobetzea eta zarata-mailak murriztea.

9) Nekazaritzako erabilera produktiboaren erabilera babestea.

Ahal den neurrian, identifikatu egin behar da, aldez aurretik, planean aurreikusitako zein jarduerak jarraitu beharko lioketen ingurumenaren gaineko ebaluazioari eta zeintzuk ez. Planean ingurumenaren gaineko jarraibideak garatzea da helburua, neurri handiagoan edo txikiagoan. Horrela, bada, hurrengo banakako edo baterako ebaluazioetan eta proposamenak kokatu edo zehazteko planetan sartzeko ingurumen-irizpideak identifikatu beharko dira. Saihesbidearen proiektuak, seguru aski, jarraitu egin beharko dio ingurumenaren gaineko eraginaren banakako ebaluazioaren izapideari, 3/1998 Legearen I. eranskineko B.1.1 puntuan jasota dagoelako, eta honako jarraibide hauek ezartzea iradokitzen da:

a) Lanen fasean ohitura onak sartzea, airea, lurzorua eta uraren kalitatean eragiten diren ondorioak saihestu edo murrizteko.

b) Eraikitzeko aldian egiten diren lur-mugimenduek eremuko interesik handieneko ingurumen-elementuei eragitea ekiditeko neurriak. Gainera, kontuan izango da erasandako esparrua Bermeoko udalerriko herritarrek atsedenleku eta aisialdirako eremu gisa erabiltzen dutela.

c) Bertako espezieentzat mehatxu larria izan daitezkeen espezie exotiko inbaditzaileak agertzea eta ugaltzea kontrolatzeko neurriak. Bereziki, ezpondak eta jarduera berriek hartutako guneak landareztatzeko jardueretan zainduko da hori.

d) Bide berrietan eta instalazio osagarrietan fokuak jartzeagatik argi-poluzioa handitzea murrizteko neurri zehatzak erabakiko dira.

e) Arau Subsidiarioen Aldaketak eragiten dion gunetik igarotzen diren ibaien eta errekastoen zati handiegiak kanalizatu eta lurperatzea saihesteko neurriak ezartzea. Drainatze-sareko uren eta inguruaren kalitate mailak hobetu eta mantentzea.

f) Esparru horretan dauden basogintzako erregaiei loturiko sute-arriskuak kontrolatzeko neurriak ezarriko dira.

2.6.9.– Laburpen-agiria.

Laburpen-agiri bat idatzi beharko da, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio-prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskineko 8. artikuluan ezartzen diren ezaugarriekin. Informazio zehatza bildu beharko du, publiko orokorrak ulertzeko hitzetan, programaren izaeraren gainean eta horrek inguruneari eragiten dion moduaren gainean. Orobat, dokumentazio grafikoa sartzea gomendatzen da, informazioa jendaurrean jartzeko.

2.6.10.– Dokumentazio grafikoa.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren azterketan behar beste dokumentazio sartuko da, eta informaziorako sarbide bizkor eta erraza eman. Dokumentazio grafiko hori aurkezteko, taulak, grafikoak, irudiak, argazkiak, eskala egokiko planoak, etab. erabiliko dira (II. eranskina).

2.7.– Informazioa eta kontsulta.

Informazio eta kontsulta modalitateari dagokionez, erakunde sustatzaileak, gutxienez, honako jarduera hauek egingo ditu:

a) Tartean diren administrazio publikoei eta publiko interesdunari kontsulta: horretarako, planaren lehen agiria eta planak ingurumenean duen eraginaren baterako ebaluazioaren azterketa bidaliko dira.

b) Planeko lehen agiria eta planak ingurumenean duen eraginaren baterako ebaluazioaren azterketa jendaurrean jarriko ditu; horretarako, iragarkia sartuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta 45 egun emango dira, gutxienez, horiek aztertu eta oharra egiteko.

Kontsulta egingo zaien herri-administrazioak eta herritar interesdunak Ingurumen Sailburuordetzak kontsultatu zituenak izango dira, 2.2 puntuan zerrendatu direnak.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko abuztuaren 3a.

Ingurumen sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.

OHARRAK:

(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea: zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.

(2) 2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, lurzoruari eta hirigintzari buruzkoa.

(3) Honako hau iradokitzen du: ingurumenaren alorrean kontuan izan behar diren eraginak zentzuzko probabilitate-gradu batekin aurreikusi daitezkeenak dira. Zuhurtziaren printzipioa ezartzea: ondorio esanguratsuak egotea ez da ziurtasun kontua, probabilitate kontua baizik.

(4) Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorreko 51. artikulua eta hirugarren xedapen iragankorra.

(5) 1. eranskina. Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ekainaren 28ko 1302/1986 LEDa betearazteko araudia onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 EDko kontzeptu teknikoak.

(6) Honako hau iradokitzen du: ingurumenaren alorrean kontuan izan behar diren eraginak zentzuzko probabilitate-gradu batekin aurreikusi daitezkeenak dira. Zuhurtziaren printzipioa ezartzea: ondorio esanguratsuak egotea ez da ziurtasun kontua, probabilitate kontua baizik.

(7) Plan eta programa jakin batzuek ingurumenean dituzten eraginen ebaluazioaren inguruko 2001eko ekainaren 27ko 2001/42 Zuzentarauaren II. eranskina; 2001/42 Zuzentarauaren Ezarpenetik, 3.48 ataletik 3.61 atalera.

(8) EAEko ingurumenaren egoeraren berri ematen duen txostena egiteko oinarri gisa balio dute; Euskal Herriko ingurumena babesteko Lege Orokorrean adierazten den bezala, hiru urterik behin egin behar da.

(9) Kate kausalaren eredu bat gaur egun DPSIR da (Driving forces, Pressures, State, Impacts, Responses/Mugimen-indarra, Presioa, Egoera, Inpaktua eta Erantzuna).

(10) Oinarrizko adierazleetatik abiatuta, adierazle kopuru murritz bat hautatzen da, eta horiek ematen dituzte ezarritako lehentasunezko ingurumen-helburuen joera orokorrak. Gainera, adierazle horiek modu erantsian erlazionatzen dituzte ekonomia-hazkundearen eta ingurumenaren artean dauden harremanak. Adierazle horiekin, urteko txostena egiten da, ingurumenak Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen bilakaera modu erraz eta bizkorrean adierazteko.

(11) Euskal jendarteak era integralean aurrera nola egiten duen islatzen dute, hau da, ekonomia, jendartea eta ingurumenaren dimentsioetatik. Europako egitura-adierazleetatik abiatuta ezartzen dira.

(12) Identifikatutako balizko ondorio esanguratsuen artean, komenigarria izan daiteke ondorio egokienetan oinarritzea, plan motaren arabera eta, zehazki, planaren aplikazio-fasearen arabera (2001/42/EE Zuzentarauaren aplikazioaren I. eranskina: Gainbegiratzearen orientazio praktikoa).

(13) Ingurumenaren gaineko informazioa bildu, prozesatu eta ebaluatzea.


Azterketa dokumentala