Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2008ko maiatzaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3325

AGINDUA, 2008ko maiatzaren 14koa, Kultura sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetako elkarteei, toki-erakundeei eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeei beren artxibo sistema jarri edota sendotu ahal izan dezaten diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez, Euskadiko Artxibo Sistema Nazionala (EASN) sortu zen, eta horri dagokio bere barruan dauden artxibo zerbitzuen planak bateratu eta koordinatzea. Artxibo zerbitzuetako araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentazio ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituen azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak 3. artikuluan ezartzen du euskal herritarren dokumentu ondarearen eremua, dokumentuok diren garaikoak direla. Horretan sartzen dira toki-erakundeek beren funtzio edo zereginetan dihardutela sortu, bildu edo kontserbatutako dokumentuak: udalak, udalek baino lurralde txikiagoa hartzen duten entitateak (Arabako kontzejuak barne), toki-izaera duten udalaz gaindiko entitateak (Arabako kuadrillak barne) eta, sortzen diren bestelako administrazio-entitateak. Dekretu horrek berak, halaber, Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalaren egitura, onurak, atxikipenak eta funtzioak ezartzen ditu. 23. artikuluan Euskadiko udal- eta toki-administrazioko artxibo-zerbitzuak Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalean nola sar daitezkeen xedatzen da.

Administrazioko erakunde bakoitzean artxibo sistema bat ezartzea eta martxan jartzea oinarrizko baldintza da egoki jardun dezan, informazio-baliabideak egoki kudeatzeko eta herritarren oroimena sortzeko bermea denez.

Agindu honen asmoa epe luzeko prozesua jarraitzea da, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioari artxiboko sistema sendo eta eraginkorrak emateko, toki-administrazio bakoitzak ondare honen gain duen erantzukizuna egoki betetzen dutela ziurtatzeko. Artxiboaren ikusmolde orokorra sustatu nahi da, halaber, administrazio, informazio edo kultura mailako hainbat premiari arreta emateko zerbitzua.

Hori dena aintzat hartuta, beharrezkotzat jotzen da helburu horiek dituzten ekimenak diruz laguntzea, batez ere, dokumentazio funts guztiak antolatzen hasteko, eta artxibo zerbitzu publiko egonkorra sendotu eta finkatzerakoan zerikusirik duten administrazio guztiak elkarrekin jarduteko.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen IV. tituluko I. kapituluko "Gordetegi zerbitzuez" 73. eta 75. artikuluak, eta artxibo zerbitzuetako araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentazio ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituen 232/2000 Dekretuaren II. kapituluak "Artxibo-zerbitzu publikoak", artxibo zerbitzuaren definizioari eta egitekoei buruz xedatzen dutenaz gain, eta agindu hau egoki aplikatu eta garatzeko, artxibo-sistematzat jotzen da artxibo historikora heldu bitartean administrazio-kudeaketaren artikulazioaren eta udal dokumentazioaren harat-honaten emaitza. Artxibo sistema lortzeko burutu behar diren jarduerei buruz ikuspegi orokor eta sendoa emanez, udal bakoitzak eskaintzen duen definizioa hartuko da artxibo sistema proiektutzat. Eta, azkenik, honako hau hartuko da artxibo programatzat: udal artxibo sistemarako proiektuari jarraituz, urtebeteko epean edo epe laburragoan, osorik zein zatika, behin betiko proiektuaren helbururen bat edo batzuk lortzeko bideratutako programa (diru-laguntzaren xede dena).

Hori dena kontuan izanik, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea diru-laguntzak emateko erregimena arautzea da, 2008ko ekitaldi honetan programak garatzeko. Programa horiek artxibo-sistemaren proiektu batean sartuta daude, artxibo-sistema propio bat ezartzea edo sendotzea esan nahi dute, edo artxibo sistema propio bat edukitzeko proiektuak lantzea. Toki-erakundeko elkarte edota toki-erakunde batek gauzatzeko programak izan daitezke, eta toki-erakundeetan sartzen dira bai udalak eta bai udalek baino lurralde txikiagoa hartzen duten entitateak ere; eta toki-izaera duten udalaz gaindiko entitateak gauzatzeko programak ere izan daitezke. Hori guztia hurrengo artikuluetan ezartzen den moduan.

Horretarako, tokian tokiko artxibo sistema lortzeko burutu behar diren jarduerei buruz ikuspegi orokor eta sendoa emanez, toki-erakunde edo udalaz gaindiko erakunde bakoitzak eskaintzen duen definizioa hartuko da artxibo sistema proiektutzat. Era berean, artxibo sistemarako proiektuari jarraituz, aurtengo jardunaldian, osorik zein zatika, artxibo sistemarako proiektuaren helbururen bat edo batzuk lortzeko bideratutako jarduera edo jardueren multzoa joko da artxibo programatzat.

Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen gehieneko kopurua 280.000 eurokoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoak indarrean dituen aurrekontu orokorretan horretarako berariaz ezarrita dagoen diru-ataletik aterako dira.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Toki-erakundeetako elkarteak eta toki-erakundeak izan daitezke agindu honetan ezartzen diren diru-laguntzen onuradunak, eta horretan sartzen dira udalak, udalek baino lurralde txikiagoa hartzen duten entitateak eta toki-izaera duten udalaz gaindiko entitateak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak eman edo ordaindu ahal izateko.

3.– Dagokion zigorrak ezartzen duen aldian, ezingo dute deialdi honetan parte hartu laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin administratiboki edo penalki zigortuta dauden pertsona edo erakunde eskatzaileek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioan erortzeagatik debeku horrekin zigortuta daudenek ere.

3. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Xede hauetakoren bat edo batzuk dituzten programak lagundu ahal izango dira diruz:

a) Deskribatzeko tresnak sortu edo hobetu. Funtsen deskribapena sustatzen duten programen bitartez, nahiz deskribatzeko tresnak informatizatu nahi dituzten programen bitartez, zabalkundeko politika eraginkor baterako.

b) Dokumentu-funtsak baloratu. Funtsak gordetzeko edo ezabatzeko politika orokor baten atal gisa beti.

c) Artxiboko lokalak hobetu: bai kontserbazio-baldintzei dagokienean, eta bai dokumentu-funtsen kontsultari dagokionean ere.

d) Kultura-zabalkunderako artxibo-jarduerak.

e) Mankomunitateko artxibo-zerbitzuei eutsi.

2.– Laguntza-deialdi honetara ezin bildu ahal izango dira, dena dela, honako ezaugarri hauetakoren bat duten egitasmoak:

a) Dokumentu-funtsak zaharberritzeko laguntzak.

b) Dokumentu-funtsak transkribatzeko laguntzak.

c) Dokumentu-funtsak digitalizatzeko laguntzak.

d) Sexu bien arteko trataera berdintasuna bermatzen ez duten egitasmoak.

3.– Programa horiek urtebeteko iraupena izango dute gehienez eta, dena dela ere, 2008ko abenduaren 31 baino lehen bukatu beharko dira.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak jaso nahian bidalitako eskabideak Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta Kultura Sailean aurkeztuko dira behar bezala beteta, bai zuzenean, bai azaroaren 26ko 30/1992 Legean eskainitako bideetarik edozein erabiliz (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

2.– Zuzenean egin nahi izatekotan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren honako helbide hauetakoren batean aurkeztuko da:

a) Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

b) Bizkaiko Kulturako Lurralde Unitatea, Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao.

c) Gipuzkoako Kulturako Lurralde Unitatea, Andia kalea 13, 20008 Donostia-San Sebastián.

3.– Postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide honi ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jarri diezazkion.

4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

5.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Memoria xehatua; aurkezten den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu xehatuak eta justifikazioa jasoko ditu.

b) Artxiboko lokalen deskribapena eta artxibo-zerbitzuan gordeta dauden funtsen identifikazioa (bertakoak nahiz kanpotik etorriak), agindu honetako I. eranskinaren arabera.

c) Beste edozein erakunde publiko zein pribaturi helburu berberaz eskatutako diru-laguntzen zerrenda, erakundearen izena eta diru-laguntzaren egoera aipatuta (ezetsiak, erantzunaren zain ala emanak eta diru-kopuruak). Beste laguntzarik eskatu ez bada, aipatutako xederako beste laguntzarik ez dela eskatu aitortzen duen agiria.

d) Erakunde eskatzaileak ez duela zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko egiaztatzen duen agiria, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

5. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntza programa kudeatzeko egin beharrekoak egitea. Lan hori Irargiren bidez egingo du, hau da, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren bidez.

6. artikulua.– Aurkezten den eskabidean egindako hutsen zuzenketa.

Eskabidea eta agindu honen 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera eskatutako gainerako dokumentazioa aztertu ondoren, ikusten bada akatsak daudela edo dokumentazioa osatu gabe dagoela, eskabide-egileari gorabehera horren berri emango zaio, arazoa konpon dezan. Horretarako, hamar egun balioduneko epea izango du, dagokion jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori bukatuta ez bada dokumentazioa behar bezala zuzentzen, bere eskabidea ezetsitzat joko da horretarako emango den ebazpenaren bidez.

7. artikulua.– Kalifikazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea Kalifikazio-batzordeari dagokio, agindu honen 8. artikuluan ezarritako jarraibideak aintzat hartuta. Era berean, batzorde horrek osatuko du Ebazpen Proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari igorri. Bertan azalduko dira, hala badagokio, onuradun bakoitzari egokitutako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

2.– Kalifikazio-batzordeko kideak hauek dira:

– Kultura Ondarearen zuzendari andrea edo horrek izendatutako pertsona. Batzorde-buru izango da eta kalitate botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko.

– Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroko bi teknikari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak izendatuak. Teknikari horietako bat batzordeko idazkaria izango da.

8. artikulua.– Esleipenerako irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko prozedura orokorra lehiaketa izango da. Aurkeztutako eskabideak alderatzea izango da prozedura, eskabideak hurrenkeran ipini ahal izateko, artikulu honetan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta. Aipatutako irizpideak aplikatuta baloraziorik handiena lortzen duten eskabideei emango zaizkie diru-laguntzak.

2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak emateko, honako ezaugarri hauek baloratuko dira aurkezten den programa bakoitzean.

a) Sendotasun zientifikoa duen programa eta proiektua izatea, epe luzera diseinatutako ekimena sendotzea aurreikus dezan; lan-faseen sekuentzia bat diseinatuko da, horietako bakoitzean parte hartzen duten elementuak baloratuko dira eta gastua osatzen duten elementuen zenbatespen zehatza planteatuko da (% 35).

b) Artxiboko funtsak kontserbatzeko, eskuratzeko eta kontsultatzeko baldintzak hobetzeko aukera ematen duen programa izatea (% 20). Nolanahi ere, ukatu egingo dira orain eta etorkizunean artxiboko funtsak kontserbatzeko edo eskuratzeko gutxieneko baldintzak bermatzen ez dituzten eskabideak.

c) Artxibo zerbitzu anitzak parte hartzeko programa izatea, hainbat udal edo kontzeju hartzen dituzten erakunde juridikoen bitartez, edo hainbat udalen arteko lankidetza espezifikoen bitartez (% 15).

d) Estandar terminologikoen erabilera sustatzea, deskribapen-motakoak (fitxak betetzeko arauak, izendapenak eta abar) edo sailkapen-motakoak (sailkapen-taulak, atalen, serieen eta abarren izendapenak), batez ere euskaraz (% 15).

e) Eskabide-egileak aurreikusitako gastuaren % 50etik gorako finantziazioa planteatzea (% 15).

Nolanahi ere, elkarrizketa bat egin ahal izango da toki-erakundearen edo udalaz gaindiko erakundearen ordezkariekin, aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatu ahal izateko.

3.– Kalifikazio-batzordeak aurkeztutako programaren zati bat edo batzuk bakarrik hautatu ahal izango ditu diru-laguntzaren xedetzat, eta horrela jaso 7. artikuluan aurreikusitako ebazpenaren proposamenean.

9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Diru-laguntzak aurkeztutako programa bakoitzari dagokionez onartutako aurrekontuaren % 50ekoak izan daitezke, gehienez ere.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitakoa alde batera utzi gabe, programa bakoitzeko diru-laguntza ez da 15.000 euro baino gehiagokoa izango.

10. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak bateragarriak dira erakunde publiko zein pribatuek helburu berberaz emandako beste laguntza batzuekin, beti ere, guztira jasotako diru-kopuruak aurrekontu osoa gainditzen ez badu. Horrela gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntzatik kendu egingo da dagokion kopurua, lagundutako programaren kostu osoari dagokion gehienezko kopurura egokitu arte.

11. artikulua.– Eskabideei buruzko ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari dagokio, osatutako Ebazpen Proposamena ikusita, aurkeztutako eskabideez ebazpena hartzea.

2.– Ebazpena diru-laguntza ematearen aldekoa bada, agindu honen 7.1 artikuluan ezarritako jarraibideak errespetatuko dira.

3.– Prozeduran interesdunak diren guztiei jakinaraziko zaie Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpena, onuradunak eta laguntzen zenbatekoa zehazteari buruzkoa, eta errekurtsoa aurkezteko epea hasiko da. Ondoren, EHAAn argitaratuko da ebatzitako deialdiari buruzko erreferentzia.

4.– Ebazpenak bi hilabeteko epean hartu eta jakinaraziko zaizkie interesdunei, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, jakinarazpenik egin ezean, eskatutako diru-laguntza ezetsi egin dela ulertu beharko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Aurreko lerroaldean esandakoa esanda ere, agindu honen 6. artikuluan adierazitakoa gertatuz gero, ebazpena emateko epea etenda geratuko da izapideak behar duen beste denboraz, jakinarazpena jasotzen den eguna eta erantzunerako epea kontuan hartuta.

12. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz adierazten ez badute, onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Zertarako eman den diru-hornidura, helburu horretarakoxe erabiltzea.

c) Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren babesa beren beregi adieraztea, diru-laguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari aurkeztu beharko diote, euren funtzioak betez deialdi honen ondorioz jasotako diru-laguntzei dagokienez eskatzen den informazio oro.

e) 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokionez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

13. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengoa, emandako laguntzaren % 75aren parekoa, onuradunak ukorik egin ez badu.

b) Bigarren zatia, gainerako % 25a, aurkeztutako aurrekontuaren % 100 justifikatzeko eta kitatzeko ezarritako dokumentazioa jaso eta egiaztatu aurretik.

2.– Diru-kopuru hori abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko da (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen Dekretua).

14. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta kitapena.

1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2009ko otsailaren 1a baino lehenago:

a) Lagundutako programa edota proiektu bakoitzaren helburua betetzeari buruzko txostena.

b) Egindako gastuei buruzko idazkariaren, kontu-hartzailearen edo idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, II. eranskineko ereduaren arabera.

c) Hala egokituz gero, diruz lagundutako programa bakoitzaren garapenean sortutako zientzia-materialak (inbentarioak, katalogoak eta abar). Material horiek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren menpeko informazio-sistemetan sartu ahal izango dira.

d) Diru-laguntza honi dagokion eskabidea aurkezteko unean hartuko zutenik ez jakiteagatik adierazi gabe geratu eta ondoren xede berberaz jasotako gainerako laguntza guztien aipamena.

2.– Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak Zuriketa Ebazpena hartuko du eta, hala badagokio, ordainduko den diru-laguntzaren azken egokitzapena egingo. Era berean, ordurako ordainduta dagoen diru-laguntzatik zein diru-kopuru itzuli behar den zehaztuko du, itzuli behar izatea gertatuz gero, dela aldi berean beste laguntza eta diru-laguntzaren bat jaso delako edo diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetakoren bat aldatu delako. Hori gertatzen bada, bi hilabeteko epea emango da, Zuriketa Ebazpenaren berri ematen den egunaren biharamunetik hasita.

15. artikulua.– Diruz lagundutako programen jarraipena.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diruz lagundutako programa edo proiektua nola burutzen ari den begiratu dezake eta, horretarako, lantokietara sartzeko modua izateaz batera, nahi beste argibide eskatzeko eskubidea izango du.

16. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Bete beharrekoak bete gabe geratu direla ulertuko da ondorengo kasuetan:

a) Jasotako diru-laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzen badira.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, dagokion kasuan, diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak betetzen ez badira.

c) Hala badagokio, diru-laguntzaren Zuriketa Ebazpenean zehaztutako diru-kopurua itzultzen ez bada, horretarako emandako epe barruan.

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Betegabetzat jotako kasu horietan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa aplikatuko da, horren bitartez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik emandako diru-laguntzak bermatu eta itzularazteko modua eta, era berean, Dekretu beraz ezartzen baitira diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek errespetatu beharreko baldintza, jarraibide eta betebeharrak. Horrez gain, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da. Horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileen Legearen testu bateratua onartzen da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura Sailaren beste laguntza programetarako erabilitako diru-kopurutik dirua soberan gelditzen bada, 1. artikuluan adierazitako diru-kopurua alda daiteke, eskatutako diru-laguntza kopurua kontuan hartuta. Kopuru hori aldatzea edo ez aldatzea diru-laguntzei buruzko ebazpena hartu aurretik erabakiko da. Eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen bitartez, argitara emango da egoera hori, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eman ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta bere aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Aginduaren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko maiatzaren 14a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala