Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2008ko maiatzaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3324

AGINDUA, 2008ko maiatzaren 7koa, Kultura sailburuarena, ikus-entzunezko edukiak euskarri berrietan sortzeko eta ekoizteko laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuan bildutako xedapenekin bat etorriz (eta otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuari lotuta, Kultura Sailaren egitura organikoa horrek zehazten baitu), Kultura Sailari dagozkio, besteak beste, ikus-entzunezkoen arloan garatzen diren arte eta kultura mailako jarduerak sustatu, finkatu edota hedatzeko eskumenak.

Alde horretatik, Kultura Sustatzeko Zuzendaritza hainbat deialdiren bidez ikus-entzunezkoen arloa bultzatzen ari da, ikusirik nolako garrantzia hartzen ari den sektorea gaurko gizartean. Izan ere, alde batetik sektore estrategikoa da, eta bestetik, gizarte hartzailea kulturalki aberasteko bidea ez ezik, sektore berritzailea ere bada. Agindu honen bitartez, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien erabilera berriak bultzatu nahi ditugu, berrikuntza teknologikoa aurrera eramaten lagunduko duten hizkuntza, eduki eta euskarri berrien bitartez.

Ondorioz, hauxe

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2008an hasi diren edo hasiko diren eta 2009ko abenduaren 31rako garatuta egongo diren ikus-entzunezko edukiak euskarri berrietan (hala nola, Internet, telebista digital, kontsola, gailu eramangarri, euskarri optiko eta abarretan) sortzeko nahiz produzitzeko eta eduki transmedialak (hainbat bitarteko eta kanal teknologikoren bidez transmiti, birtransmiti, garraia eta bana daitezkeen edukiak) sortzeko eta ekoizteko, 2008. urtean emango diren diru-laguntzen araubidea ezartzea.

2.– Agindu honek jasotzen duen erregimenak agintzen duenaren arabera, diruz laguntzeko gastuak izango dira, hain zuzen, eskatzaileak aurkezten duen jarduna gauzatzeko (III. eranskin) aurrekontuan banatuta eta zehaztuta agertzeaz gain, inongo dudarik gabe jardun hori garatzeko direnak.

3.– Ez dute laguntzarik jasoko kontsulta-lanek, software tresnek edo zerbitzuek, egitasmo instituzionalek, turistikoek edo informatibo hutsak direnek.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ondoko hauek jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak:

a) Agindu hau argitaratzen den egunean Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udaletan, gutxienez, urte betez, erroldatuta dauden pertsona fisikoek.

b) Pertsona juridiko pribatu independenteek, Europar Batasuneko estatu kideren batean ikus-entzunezko edo Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien —aurrerantzean, IKT- inguruko legez eratutako enpresa moduan egoitza badute eta deialdia argitaratzen den egunean Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra badute, eta jarduera ekonomikoen zergan dagokion epigrafean alta emanda badaude.

2.– Pertsona juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21. artikuluak 2. puntuan dioena hartuko da aintzakotzat.

3.– Hauek joko dira pertsona juridiko pribatu independentetzat: ikus-entzunezko edo multimediako produkzioan ekimena eta erantzukizuna dutenak, betiere, telebistako irrati-difusioko entitateen eraginaren menpe ez badaude, dela jabetasun arrazoiengatik, dela finantza-partaidetzagatik edo entitatea eraentzen duten arauengatik.

4.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigorra, administratiboa edo penala, dutenek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

5.– Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.4 artikuluarekin bat etorriz, onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du.

3. artikulua.– Diru-laguntzaren baliabide ekonomikoak, eta diru-laguntzak emateko eta zenbatekoa zehazteko prozedura.

1.– Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzen gehienezko zenbatekoa guztira hogeita hamar mila (30.000,00) eurokoa da, nahiz eta gehitzerik ere izango den, lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan. Diru-kopuru horretatik, bederatzi mila (9.000,00) euro arte gordeko dira euskarazko bertsioa edo garatutako edukiak baliatzeko euskara hizkuntza erabilgarria duten aukeratutako proiektuentzat.

2.– Deialdia lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, diru-laguntza jasoko dutenak aukeratzeko, aurkeztu dituzten eskabideak konparatuko dira, lehentasunaren arabera ordenatzeko, 7. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta. Balorazio-fasean gutxienez 50 puntu osatu dituzten eskabideen artean banatukoa da diru-laguntza.

3.– Aukeratutako proiektu bakoitzari zenbateko diru-laguntza emango zaion zehazteko, banaketa-sistema jakina ezarriko da, artikulu honetako 1. artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztutako zenbatekoa proiektu bakoitzak balorazioan lortutako puntuazioaren arabera banatzeko. Edonola ere, zenbatekoa ezingo da izan eskatzaileak eskatutakoa baino gehiago, ez eta bederatzi mila (9.000,00) euro baino gehiago.

4.– Behin laguntzagai diren ekoizpenak hautatuz gero eta bidezko diru-kopuruak finkatuz gero, eta adierazitako mugak eta 7. artikuluan aipatutako hautaketa-irizpideak eta balorazioak kontuan hartuta, euskarazko bertsioa edo garatutako edukiak baliatzeko euskara hizkuntza erabilgarria duten aukeratutako proiektuentzako gordetako diru-zenbatekoak banatzeari ekingo zaio. Horretarako, hautaketa eta balorazio irizpideak aplikatu eta gero lorturiko puntuazioa hartuko da aintzat, eta proportzionalki banatuko da.

4. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

5. artikulua.– Eskariak, epeak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskariak I. eranskineko eskaera-eredua beteta aurkeztu behar dira. Gainera, II. eranskinean adierazitako dokumentuak eta III. eranskina ere aurkeztu beharko dira, behar den bezala beteta.

2.– Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

3.– Eskabide horiek Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari zuzenduta egongo dira eta deialdiaren eranskinetan eskatzen diren agiriekin batera aurkeztuko dira, zuzenean Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85-behea, 48011 Bilbao; Andia kalea 13-behea, 20004 Donostia-San Sebastián) nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bitartekoetako bat erabiliz.

4.– Eskaria eta gainontzeko agiriak aztertu ondoren, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak akatsen bat dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hamar egun balioduneko epea emango dio akatsa konpondu edo falta dena gaineratzeko. Epe hori igaro ondoren akatsa konpondu ez bada, bere eskaria bertan behera utziko da, horretarako emandako ebazpen baten bitartez.

5.– Diru-laguntza jasotzeko eskaera aurkezteak adierazten du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honetako oinarrietan jasotako baldintza guztiak.

6. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio-batzorde bat eratuko da markatzen diren balorazio eta kuantifikazio irizpideetan oinarrituta. Batzorde horrek dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari.

2.– Balorazio-batzordea honela osatuko da:

a) Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria edo horrek izendatutako pertsona. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko.

b) Ikus-entzunezko edo Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien alorretan izen handia duten bi aditu-profesional, Kultura, Gazteria eta kirol sailburuordeak izendatuko dituenak.

3.– Kultura Sustatzeko zuzendaritzako teknikari bat, zuzendariak izendatua, izango da Batzordeko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.

4.– Aldi berean, gai zehatzak aztertzeko Balorazio-batzordeen bileretan parte har dezakete, bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitz egin bai baina botorik ezin izango dute eman.

5.– Balorazio-batzorderako izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezartzen diren abstentziorako arrazoiren baten pean eroriak ez daudela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

6.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik, interesatuek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.

7.– Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari aurkeztuko dion diru-laguntzak emateko proposamena ebatziko du.

8.– Balorazio-batzordeak, beharrezko ikusten duenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei.

7. artikulua.– Balorazio eta hautapen irizpideak.

Hauek dira erabiliko diren irizpideak:

a) Proiektuaren kalitatea, sormena, eta originaltasuna, bereziki bere web orriarena: % 25 arte.

b) Proiektuaren eraberritze teknologikoa: % 25 arte.

c) Euskadiko edota bertako biztanlek bizi duten errealitate kultural, sozial edo linguistikoarekin, nahiz beste arlo batekoarekin, duen erlazioa: % 15 arte.

d) Proposatutako proiektuaren bideragarritasuna. Bereziki hartuko da kontuan aurrekontuaren egokitasuna eta erabiliko diren baliabideak: % 15 arte.

e) Euskal ikus-entzunezkoen azpiegitura osatzen duten teknikari eta profesionalen parte hartzea: % 10 arte.

f) Enpresa eta talde tekniko-artistikoen historia: % 10 arte.

8. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak esleitzeko prozedura Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak ebatziko du, Balorazio-batzordeak egindako proposamena ikusi ondoren.

2.– Ematen den ebazpena sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie interesdunei, agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera.

3.– Ebazteko epea igarota interesatuari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, ebazpen adierazia emateko duen obligaziotik.

4.– Publizitatearen printzipioa zuzen betetzeko, eta interesatuei espresuki eta banaka jakinarazteko beharra alde batera utzita, iragarki bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, agindu honen babesean emandako laguntzak jaso dituzten pertsona eta erakundeen zerrenda jasoko duena, laguntzen diru-kopuruak eta destinoak barne.

9. artikulua.– Bateragarritasuna.

1.– Deialdi honen kargura ematen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakundek xede berberarekin eman ditzakeenekin, betiere diru-laguntza jasotzen duen jardueraren guztizko finantzaketa gainditzen ez bada.

2.– Finantzaketa gainditzen bada, deialdi honen kargura emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da dagokion mugaraino.

10. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Honako hauek dira onuradunaren betebeharrak:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza ematearen ebazpena EHAAn argitaratzen den egunetik hasi eta hamabost eguneko epean diru-laguntza onartutzat joko da, pertsona/erakunde onuradunek diru-laguntzari modu adieraziz ez badiote uko egiten.

b) Diru-laguntza, eman zaion xede horretarako erabiltzea.

c) Diru-laguntza emateko arrazoia izan den proiektua gauzatzea.

d) Diru-laguntza jasotzeagatik ezarri zaizkion baldintzak betetzea.

e) Betekizun eta baldintzak bete direla ziurtatzea, bai eta diru-laguntza emateko edo baliatzeko baldintzatzat ezarritako jarduera zein helburua gauzatzea.

f) Diru-laguntza ematen duen organoak egingo dituen egiaztapen-jardunak onartzea, bai eta agindu honen arabera emandako diru-laguntzagatik Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egingo dituen bestelako egiaztapenak, finantza-kontrolak eta kudeaketa-kontrolak ere, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak agintzen dituenak.

g) Aurreko hizkian adierazitako organoei egiaztapenak eta kontrolak egiten laguntzea, zeregin horietarako eskatzen den informazio guztia emanez. Horretarako,

– Erabateko askatasuna ematea egiaztatu beharreko dokumentazioa (nahiz euskarri informatikoan jasotako programak eta artxiboak) eskuratzeko.

– Erabateko askatasuna ematea diruz lagundutako jarduera gauzatzeko erabiltzen diren negozio-lokalak, establezimenduak edota lekuak ikusteko; edo diru-laguntzaren kargura finantzatu diren eragiketak errealak eta arauzkoak direla egiaztatzeko oztoporik ez jartzea.

– Diru-laguntza ez dela behar bezala lortu edo baliatu, edo zegokion helburua ez zaiola eman erakusten duten eragiketen faktura, dokumentu baliokide edo ordezkoak edota beste edonolako dokumentuak eskuratzeko aukera ematea, bai kopia aterata edo hartuta.

– Erabateko askatasuna ematea diru-laguntza kobratzekok erabili den finantza-erakundeko kontuaren informazioa jasotzeko, bai eta laguntzaren dirua eskuratzeko kargu-kontu izan den kontuaren informazio jasotzeko ere.

h) Jasotako diru-laguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

i) Kultura Departamentuaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea baldin eta helburu (finantzario zein material) berdina betetzeko beste laguntzarik jaso bada, eta zein organok emandakoa eta zenbatekoa den zehaztea, edozein Administraziok edo erakunde publiko edo pribatuk emandakoak badira, beste diru-laguntza eskuratu dela jakin eta 10 eguneko epean.

j) Kultura Departamentuaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea baldin eta inongo aldaketarik izan bada (objektiboa nahiz subjektiboa) diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzatan, aurreko paragrafoan adierazitako epe horretan bertan.

k) Jasotako diru-laguntza bera, edo diruz lagundu beharreko jarduera egitearen gastuaz gain ordaindutako gehiegizko kopurua itzultzea, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauen Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluak jasotzen duen kasuren bat gertatuko balitz.

l) Argi adieraztea, bai produkzioaren kredituetan bai sustapen- eta banaketa-materialetan, proiektua gauzatzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura Departamentuaren laguntza jaso dela.

11. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

1.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu erreala txikiagoa bada diru-laguntza emateko garaian aurrekontuan adierazi zena baino, diru-laguntzaren zenbatekoa ere gutxitu egingo da neurri berdinean, gehiegizko finantzazioa saihesteko.

2.– Alderantziz, kostua hasieran aurkeztutako aurrekontua baino handiagoa bada, diru-laguntza emateko prozesuan ebazpen-proposamenaren fasera iritsi baino lehen adierazi beharko da. Hortaz, kostuen gorakada kontuan hartzeko, aldatutako aurrekontu hori ebazpen-proposamenaren fasearen ondoren aurkezten bada, ez da inongo aukerarik izango diru-laguntza handitzeko, eta gorakada hurrengo artikuluak dion kasurako bakarrik hartuko da kontuan.

12. artikulua.– Jarduerak aldatzea.

1.– Hasiera batean aurreikusi eta ebazpen bidez onetsi ziren gastu edo jardueratan inongo aldaketarik egin nahi izanez gero, dena delako jarduera gauzatu aurretik eskatu beharko da aldaketa, eta Kultura, Gaztedia eta Kirolak Departamentuko sailburuordeari egokituko zaio eskaria onartu edo atzera botatzea.

2.– Aldaketak ezingo du inola ere jardueraren izaera aldatu.

3.– Diruz lagundutako jarduera egin eta bukatzeko emandako epea ezingo da inola ere luzatu 2009ko abenduaren 31tik aurrera.

4.– Diru-laguntzaren onuradunak justifikazioan adierazten badu diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla, eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauen Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-tramitea ez denez egin, diru-laguntza eman duen organoaren aukeran geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea, betiere, hori eginda beste inoren eskubideak kaltetzen ez badira.

5.– Diru-laguntza eman duen organoak aldaketak onartzeak, nolanahi, ez du esan nahi onuradunak ez duela jasoko dagokion zigorra.

13. artikulua.– Laguntzaren justifikazioa, kitapena eta ordainketa.

1.– Diru-laguntzak zatika ordainduko dira, bi zatitan:

a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 50, 10.a) artikuluan adierazitako epean, berariaz uko egin ez bazaio behintzat.

b) Gainerako % 50, diruz lagundutako jarduera egin dela eta izan duen kostua justifikatu ondoren, Kultura Sustatzeko zuzendariak kitapen-ebazpenaren bidez, eta, betiere, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera.

2.– Diru-laguntza justifikatzeko, pertsona edo entitate onuradunak ondoren aipatzen diren agiriak aurkeztu behar ditu, zuzenean Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85-behea, 48011 Bilbao; Andia kalea 13-behea, 2004 Donostia-San Sebastián) nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetatik edozeinen bitartez:

a) Proiektuaren garapenaren eta gauzapenaren memoria.

b) Egindako ekoizpenaren bi kopia, diruz lagundutako jarduera benetan eta materialki gauzatu dela ziurtatzeko.

c) Diruz lagundutako jarduera egiteko gastu guztien memoria ekonomikoa, bai eta finantzazio-iturrien memoria ere, helburu bera betetzeko jasotako laguntza eta diru-laguntza guztiak adierazita.

d) Egindako gastuen frogagiriak. Gastuok emandako laguntzaren bestekoak izan behar dute gutxienez eta jatorrizko fakturen bidez justifikatuko dira.

3.– Aurkeztutako justifikazioa ziurtatu denean, eta justifikazioaren emaitzan oinarrituta, dagokion diru-laguntza kitatuko da ondoren, Kultura Sustatzeko zuzendariak horretarako ebazpena ematen duenean.

4.– Ordainketa tramitatzen den garaian, 1991ko urriaren 7ko Aginduak (Ogasun eta Finantza sailburuak EAEko aurrekontu orokorretara kargatuko diren diru-laguntzen onuradunek zegozkien baldintzak bete dituztela ziurtatzeko emandakoak) jasotzen dituen kasuak gertatuko balira, beharrezko ziurtapen hori dagokion zerga-administrazioak eginiko ziurtapen eguneratua aurkeztu beharko da, bai eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak jasotzen dituen ordainketak ziurtatzeko prestatzen duen ziurtapen-agiria ere.

5.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko ziurtagiriak aurkezteko epea 2010eko otsailaren 28an bukatuko da.

14. artikulua.– Arauak ez betetzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53.1 artikuluak xedatutakoaren arabera, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Hala badagokio, laguntzaren kitapen-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.

d) Beste xedapenen baten arabera oro har eta nahitaez bete behar den baldintza oro ez betetzea.

2.– Horrako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusi bezala eta bertan ezarritakoa bete ondoren, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– 3. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa handitu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Kultura Sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Hala eginez gero, horren berri eman beharko da Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Bigarrena.– Agindu honen bidez araututako laguntza-programa Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako de minimis arauaren mendean dago (araudi hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Kultura Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, bermatzeko enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ez dela izango 200.000,00 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Doakienek agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko auzietako salan bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko maiatzaren 7a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA / ANEXO I
ESKABIDE ORRIA / HOJA DE SOLICITUD

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA / ANEXO II

AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

DOCUMENTACIÓN A PRESENTAR

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA / ANEXO III

INPLIKATUTAKO EUSKADIKO ENPRESA ETA GIZA BALIABIDEAK

RECURSOS EMPRESARIALES Y HUMANOS DE EUSKADI IMPLICADOS

Proiektuaren izenburua / Título del proyecto:

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA / ANEXO IV

HIRUGARRENAREN DATUEN ALTA / ALTA DE DATOS TERCERO INTERESADO (*)

HIRUGARRENAREN EZAGUPENERAKO DATUAK / DATOS IDENTIFICATIVOS DEL TERCERO

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA / ANEXO V

HIRUGARRENAREN DATUETAN ALDAKETA(K) SARTZEKO ESKABIDE-ORRIA (*)

SOLICITUD MODIFICACIÓN EN LOS DATOS DEL TERCERO (*)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala