Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2008ko maiatzaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3318

AGINDUA, 2008ko apirilaren 9koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, pertsona zigortuekiko eta presoekiko gizarte-ekintzako programetarako diru-laguntzak eskuratzeko deialdia egiten duena.

Euskal Herrirako Autonomia Estatutuko 10.14 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak aginpide osoa dauka espetxeetako erakundeen antolaketari, araubideari, funtzionamenduari zein gizarteratzeari dagokionez eta 12.1 artikuluan zigor eta espetxe legeria betearazteko aginpidea. Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak aginpide hori bereganatzea eskatu du, baina oraingoz ez dute transferitu.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren organoen eta egitekoen egitura finkatzen duen urriaren 18ko 315/2005 Dekretuaren arabera, Zigor Betearazpenaren zuzendaritzari ondokoa dagokio: "presoen errehabilitaziorako neurriak hartzeko behar diren bitartekoak eskuratzea, bereziki espetxeaz besteko zigor-betetzea, komunitatearen onurarako lanak, erregimen irekia, asteburuko atzipenak eta drogazaleen espetxez kanpoko zein barruko tratamenduak aurreikusten dituztenak", "espetxeen alorreko laguntza-programak garatzea, behar den bezala burutu eta bete daitezen zainduz", eta "arlo honetan Sailarekin batera lan egiten duten entitateekiko harremanak indartzea".

Egiteko horiek burutu ahal izateko, Zigor Betearazpenaren Zuzendaritzak, inposatutako mugen barruan, Europako Parlamentuak 1998ko abenduaren 17an Europar Batasuneko kartzeletako egoerari buruz emandako ebazpenera gerturatzeko asmoa dauka. Izan ere, ebazpen horrek Europar Batasuneko estatuak Europako Kontseiluaren presondegietako arauetako xedapen guztiak aplikatzera premiatzen zituen.

Beraz, Zigor Betearazpenaren Zuzendaritzaren funtsezko helburuetako bat izango da, lege-esparruaren eta hitzarmenaren barruan espetxeetako zerbitzuen eta berrezteko eta gizarteratzeko programen hobekuntza lortzea, nazioarteko testuetan eta Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluan barne hartuta dagoen gizarteratze-printzipioaren eraginkortasuna lortzeko gizarte-ekintza bultzatuz. Espetxeetako nahiz espetxez kanpoko gizarte-ekintzarako beharrezkoa den laguntza egokia lortzeko, diru-laguntzen programa honen barruan 2008ko ekitaldirako 390.000 euroko zenbatekoa hornitu da.

Zigor Betearazpenaren zuzendaritzak sustatu dituen gizarte-ekintzako jardueren eraginkortasuna eta koordinazioa bermatzeko, eta eskaerak ebazterakoan ikuspegi-aniztasuna ziurtatzeko xedez, agindu honek barne hartzen duen alorrean lehendik aipatutako zuzendaritzarekin batera lankidetzan diharduten Eusko Jaurlaritzako beste zenbait sailek eta lurralde historikoetan aipatutako gaien inguruko programak kudeatzen dituzten foru departamentuetako arduradunek Hautespen Batzordean parte hartuko dute.

Xede horrekin, eta administrazio-ebazpenaren objektibotasuna ziurtatzeko, eskaerak ebaluatzeko irizpideak zehatz-mehatz ezarri dira agindu honetan.

Honen indarrez,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen bidez, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak 2008ko ekitaldian EAEko espetxeen barruan zein haietatik kanpo, pertsona zigortuekin eta presoekin, edo horien familiekin, gizarte-ekintzako, gizarte-sentsibilizazioko eta azterketetarako edo antzekoetarako programak eta proiektuak egiteko eman ditzakeen laguntzak arautzen ditu.

2.– Jarduerak eta programak 2008an gauzatu behar dira, eta dirulaguntzari buruzko gastuak ekitaldi hortakoak izan beharko dira.

3.– Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa-bidez esleituko dira, aurkeztutako eskabideak baloratuz, haien arteko lehentasun-ordena ezartzeko, 6. artikuluan zerrendatutako irizpideen arabera. Balorazio handiena lortzen dutenak baino ez dira esleituko.

2. artikulua.– Diru-hornidura.

1.– Diru-laguntzetarako programa honek hirurehun eta laurogeita hamar mila (390.000) euroko diru-hornidura jasoko du.

2.– Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira agindu honetako seigarren artikuluan ezarritako irizpideak; aurkeztutako programa bakoitzerako onartzen den aurrekontuaren % 100era hel daiteke zenbateko hori.

3.– Emandako diru-laguntzaren zenbateko osotik, % 10 baino ezin izango da erabili administrazio eta funtzionamendu gastuak ordaintzeko, soldatak albo batera utzita, salbu eta programa gauzatzeko funtsezkoak baldin badira eta hala agertzen bada azalpen-txostenean.

3. artikulua.– Eskatzaileak.

Legez eraturikoak izanik irabazteko xederik gabekoak diren pertsona juridiko pribatuek eska ditzakete agindu honetako laguntzak, pertsona zigortuekin eta presoekin burututako gizarte-ekintzan esperientzia badute eta deialdi honetan ezarritako gainontzeko baldintzak betetzen badituzte.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta betetzea.

1.– Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek behar bezala beteta aurkeztu beharko dituzte eskabideak, agindu honetako I. eranskinean agertzen den ereduari jarraituz. Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Zigor Betearazpenaren Zuzendaritzan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), norberak eramanda edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan onartutako edozein bide erabiliz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori). Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu honek indarra hartzen duenetik hasita.

2.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea izenpetzen duen pertsonaren NANaren fotokopia.

b) Ordezkari gisa ari denak bere esku daukan ordezkaritzaren ziurtagiria aurkeztu behar du; bestela, entitatean agintea duen organoaren ziurtagiria, bere izenean obligazioak hartzeko izenpetzaileak duen gaitasuna kreditatuko duena.

Aurreko ekitaldiko deialdian, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak 2007ko martxoaren 14an emandako Aginduaren bidez diru-laguntza jaso badute, ez da beharrezkoa agiri horiek berriz aurkeztea, baldin eta indarrean jarraitzen badute eta haien edukian aldaketarik izan ez bada; berariazko adierazpen bat egin behar da horren gainean.

c) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskalerako Kodearen fotokopia, erakundea eratzearen aktaren kopia bat, baita estatutuena eta erregistroko izen-ematearena ere. Aurreko ekitaldian diru-laguntza jaso bada eta agirien edukia ez bada aldatu eta indarrean jarraitzen badute, ez da agiri horiek aurkezteko beharrik izango, baina berariazko adierazpen bat egin behar da horren gainean.

d) Jatorrizko ziurtagiri eguneratuak, eskabidea aurkezten den eguna baino, gehienez, hiru hilabete lehenago emanak, batetik, zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, tokian tokiko foru-ogasunak egina; eta, bestetik, Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, Diruzaintza Nagusiak emana. Hala ere, onuradunak aurkeztu beharra dauka gai horren inguruan eskatzen zaizkion ziurtagiri guztiak, diru-laguntza emateko prozeduraren aldi guztietan (emakida, justifikazio eta ordaintze aldietan, alegia).

e) Arduradunaren deklarazioa, honakoa adieraztekoa: entitate eskatzaileak diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarten zigor zein administrazio arloko zehapenik jaso ez duela, eta horretarako desgaitzen duen legezko debekuren baten pean ez dagoela.

f) 2007ko diru-sarreren eta gastuen laburpena, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen eskutik jasotako laguntzak berariaz aipatuz.

g) Proiektuaren txosten zehatza, honakoak azalduta: garatzeko diren jardueren xedea, metodologia, ustez izango dituzten hartzaileak, lurralde-eremua eta burutzeko egutegia. Txosten berean kreditatu beharko da eskatzaileak nolako kaudimena duen proiektuak ukitzen duen esparruan. Beharrezkoa bada, eta ahal izanez gero, proiektua burutu nahi deneko espetxeak proiektua onartzen duela edo ez duela onartzen adierazten duen agiria gaineratuko da.

h) Proiektua betetzeko beharko den gastuaren aurrekontu zehatza, diru-atalka bereizturik. Proiekturako beste finantzabiderik egonez gero, horien xehetasunak azaldu beharko dira (II. eranskina), edo zinpeko adierazpena bestela, proiektua finantzatzeko ez dutela beste baliabiderik, ez berenik ez besterenik, azalduz.

i) Eskatzaileak diru-laguntza hauen helburu bera duen beste edozein laguntza eskatu badu (II. eranskina), horiek zerrendatzea, zein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaizkion azalduz eta eskabideen nondik norakoak (onartu den ala ez, erabaki zain dagoen edota onartu den eta zenbatekoa den). Beste laguntzarik eskatu ez badu, zinpeko adierazpena aurkeztu beharko du, diru-laguntza eske aurkeztu dituen proiektuetarako ez duela beste inolako laguntza eskatu azalduta.

j) Proiektua burutzeko, erakunde eskatzaileak dituen giza baliabideak eta baliabide materialak aipatu. Boluntario moduan zenbat lagun ariko diren azaldu beharko da. Inolako diru-ordainik gabe proiektua gauzatzen laguntzen dutenak hartuko dira boluntariotzat.

3.– Orobat, proiektua edo jarduera hobeto baloratzeko egoki iritzitako edozein dokumentazio osagarri aurkez dezakete eskatzaileek.

4.– Jarduerak dagoeneko gauzatu badira, egindako gastuak justifikatzen dituzten agiri guztiak aurkeztu beharko dira, agindu honetan xedatutakoaren arabera.

5.– Zigor Betearazpenaren Zuzendaritzak espedientea osatzeko beharrezko jotzen dituen agiri eta argibide guztiak eska diezazkioke eskatzaileari; eta, egoki baderitzo, eskatzaileak aurkeztutako datuak egiaztatu egingo ditu.

5. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Eskatzaileek aurkeztutako agiriak ikusita, Zigor Betearazpenaren Zuzendaritzak agiriak osotu gabeak direla edo daturen bat falta dutela ikusten badu, gehienez ere 10 eguneko epea emango die aurkitutako akatsak zuzentzeko. Eskatzaileak, epe horretan, eskaturiko guztia aurkezten ez badu, atzera egin duela ulertuko da. Horretakorako, aldez aurreko ebazpena eman beharko da, 42. artikuluan aurreikusitakoaren ildotik, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan jasotakoaren arabera (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeaz aldatu zen lege hori).

6. artikulua.– Eskabideak aukeratzea.

1.– Jarraian zerrendatzen diren lagunez edo hauek ordezko gisa izendatzen dituztenez osatutako epaimahaiak egingo du laguntzak emateko proposamena:

Lehendakaria:

– Zigor Betearazpenaren zuzendaria edo berak izendatzen duena; lehendakariak boto ebazlea izango du.

Mahaikideak:

– Eusko Jaurlaritzako Droga Gaietarako zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

– Eusko Jaurlaritzako Gizarteratze zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

– Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ongizateko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

– Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatua, edo hark eskuordetzen duena.

– Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuaren diputatua, edo hark eskuordetzen duena.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte ekintzako foru diputatua, edo hark eskuordetzen duena.

– Iruña Okako Espetxeko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

– Basauriko Espetxeko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

– Martuteneko Espetxeko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

Zigor Betearazpenaren zuzendariak bere Zuzendaritzatik izendatutako teknikari bat arituko da idazkari lanetan.

2.– Diru-laguntzak emateko eta horien zenbatekoa zehazteko, ondoko baldintzak hartuko dira kontuan, eskabidean adierazitako datuen arabera eta kasu bakoitzean zehazten den puntuazio-eskala kontuan izanik:

1) Entitate eskatzaileari dagokionez: proposatutako jarduera edo programa garatu behar den eremuan, entitate eskatzaileak duen konpromiso, egindako lan-ibilbidea, egonkortasun eta kaudimena. 0tik 10 puntura.

2) Proposatutako jarduera edo programari dagokionez:

a) Jarduera edo programa berezia, originala izatea garatuko den lekuan eta bere egokitasuna edo gizartean eduki dezakeen eragina. 0tik 10 puntura.

b) Presoak espetxeetatik kanpo atera eta/edo jarritako zigorra espetxeetatik kanpo betetzeko laguntzen duten programak. 0tik 10 puntura.

c) Proposatutako jardueraren edo programaren eragina hartuko duen lurralde-eremua eta esku-hartze sozialeko jarduerak orain arte sartu ez diren zenbait gizarte-alorretara heltzeko gaitasuna. 0tik 10 puntura.

d) Proiektuarekin hurrengo urteetan jarraitzeko aukera. 0tik 5 puntura.

e) Erakundeak presoen esku-hartze sozialean diharduten bestelako antolakundeekin eta sare publikoko zerbitzuekin batera proposatzen diren jardueretan parte hartzea eta lankidetza-maila. 0tik 5 puntura.

f) Proiektuaren beste finantziazio-iturri batzuk lortzea. 0tik 5 puntura.

g) Boluntarioen partaidetza jarduera edo programan. 0tik 5 puntura.

3) Diru-laguntzak emateko, beharrezkoa izango da, lehen esandako baldintzak kontutan hartuz, eskabideak gutxienezko 30 puntu lortzea.

4) Aukeratutako proiektuari diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banatzeko era proportzionala izan behar da. Hau da, 2. artikuluan emandako diru-laguntzaren zenbateko osoa banatzeko, lehenengo artikuluan 2. paragrafoan agertzen den puntuazioaren arabera banatu behar da, proportzionaltasuna kontutan harturik.

5) Diru-laguntzak ez dira esleituko ezta ordainduko ere baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako izaera bereko diru-laguntzen arloan, dirua itzultzeko edo zigor-prozedura bat hasita eta oraindik izapidetzen ari bada.

7. artikulua.– Gestioa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpena egiteko epea eta publizitatearen prozedura.

1.– Zigor Betearazpenaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetako kudeatze-lanak egitea.

2.– Diru-laguntzak Zigor Betearazpenaren zuzendariak eman nahiz ukatuko ditu, ebazpen adierazi eta banakako batzuen bidez, kalifikazio-epaimahaiaren proposamena ikusirik. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Haren aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Justizia sailburuordeari, azaroaren 26ko 30/1992 Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideen gainean, ebazpen adierazia emateko eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izango da, agindua indarrean jartzen denetik aurrera. Epe horretan ebazpen adierazirik eman eta jakinarazi ea bada, eskabideak ukatu egin direla esan nahiko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako. Hori gorabehera, administrazioak modu adieraziz ebazteko obligazioa du.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, nahiz eta ebazpenak modu adieraziz eta banan-banan jakinarazi behar diren, agindu honen arabera emandako diru-laguntzak jasoko dituzten entitateen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Zigor Betearazpenaren zuzendariaren ebazpen baten bitartez. Argitalpen horretan, jasotako zenbatekoak zehaztu beharko dira batetik, eta, bestetik, zenbatekoa aldatu zaien diru-laguntzak.

8. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunek diru-laguntza onartzeak, agindu honetan finkatutako arau guztiak, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan nahiz dekretu hori ordezka dezan arauan, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan finkatutako harreman-bermeak eta itzultze-araubidea onartzen dituztela esan nahi du.

2.– Diru-laguntza emateko ebazpena onartzen den egunaren biharamunetik hasi eta 15 eguneko epean onuradunak bestelakorik adierazten ez badu, diru-laguntza onartu egin duela ulertuko da.

3.– Onuradunen betebeharrak hauek izango dira:

a) Diru-laguntza emateko eskatutako eskakizun eta baldintzak betetzen dituela justifikatu beharko du dirulaguntza eman dion administrazioaren aurrean, bai eta diruz lagundutako proiektua bete egin dela ere; diru-laguntzaren xede den proiektua zati batean edo osorik betetzea ezinezko egiten duen edozein gorabehera gertatzen denean, horren berri ere eman beharko dio.

b) Emandako diru zenbatekoa diruz lagundutako proiektua burutzeko erabiltzea, salbu eta agindu honetako 11.1.b) artikuluan aurreikusitakoa aplikagarri gertatzen bada.

c) Agindu honen arabera egindako eskabideetan jasotako proiektuak finantzatzeko beste edozein diru-laguntza edo laguntza eman edo ukatzen bazaio, horren berri jakinaraziko dio administrazioari, proiektua burutzeko epean.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzen erabilera ikuskatzeko eskatutako argibide guztiak eman behar dituzte.

e) Diruz lagundutako programa edo jarduerari buruz argitara ematen diren programa, kartel iragarle, argazki eta gainontzeko material idatzi edo entzunezkoetan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak emandako laguntza berariaz azaltzea, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

9. artikulua.– Ordaintzeko era.

1.– Diru-laguntzaren % 75 laguntza ematearen aldeko ebazpena argitaratzen denean ordainduko da eta gainontzeko % 25 ordaintzeko, berriz, 10. artikuluan jasotako agiriak aurkeztu ondoren, ekintza amaitzen denetik hasi eta bi hilabeteko epean Zigor Betearazpenaren Zuzendaritzan:

2.– Dena den, aurreko paragrafoan agindutakoa gorabehera, laguntza ematearen aldeko ebazpena argitaratu baino lehen amaituta dauden jarduerei dagozkien diru-laguntzak osorik eman daitezke, ordainketa bakarraren bidez, baldin eta, eskabidearekin batera, aurreko lerroaldean adierazitako justifikatzeko agiriak aurkezten direnean.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Diru-laguntza justifikatzeko ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Burututako egitasmoa edo jarduera zehazten duen txostena.

b) Burututako egitasmoa edo jardueraren txosten ekonomikoa, gastu eta diru-sarrerak zehaztuz.

c) Emandako diru-laguntzaren kargura egindako gastuen jatorrizko ordainagiriak.

Gastuak justifikatzeko, jatorrizko faktura eta ordain-agiriak eskatuko dira. Nolanahi ere, laguntzaren onuradun den pertsona fisikoak edo juridikoak jatorrizko agiriak Administrazioaren esku uztea ezinezkoa duela behar bezala egiaztatzen badu, posible izango da lehendabizi jatorrizko dokumentuak zein kopiak aurkeztea eta kopiak konpultsatu ondoren jatorrizko dokumentuak berriro bueltatzea diru-laguntzaren onuradunari.

Fakturak eta ordain-agiriak proiektuen arabera sailkatuta aurkeztu behar dira, behar bezala ordenatu eta zenbakituak, eta guztien zerrenda nominala atxikiko da, gastua zein helbururekin egin den azalduz.

Lan-legepeko langile kontratatuei dagozkien egiaztagiriak eredu ofizialaren araberako nominen bitartez egingo dira. Nominekin batera, Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak aurkeztu beharko dira.

Aldi baterako kontratazioetan, ordain-agirietan langilearen datuak, NANa, ordaindutako jardun-mota eta PFEZrekiko atxikipenak agertu beharko dira.

d) Argitaratutako programa, kartel, argazki eta gainerako material grafikoaren, idatziaren zein entzunezkoaren aleak.

e) Helburu bera duten beste laguntzen aipamena, baldin eta aurretik horien berri ez bazegoen.

2.– Dirulaguntzaren bigarren ordainketa egiteko, jatorrizko Ziurtagiri eguneratuak, justifikazioa aurkezten den eguna baino, gehienez, hiru hilabete lehenago emanak, batetik, zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, tokian tokiko foru-ogasunak egina; eta, bestetik, Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, Diruzaintza Nagusiak emana, aurkeztu beharko dira, 4.2.d) artikuluan azaltzen den bezala.

11. artikulua.– Diru-laguntza emateko eskakizunak ez betetzea.

1.– Ondoren zehazten direnak gertatuz gero, diru-laguntzak lortzeko eskakizunak ez direla bete ulertuko da:

a) Jasotako diru-laguntza onartutako proiektuari ez dagokion bestelako jarduera baterako erabiltzea, osoki nahiz zati batean.

b) Aukeratutako proiektuan aldaketak egitea. Dena den, Zigor Betearazpenaren zuzendariak horretarako berariazko baimena eman ahal izango du, baldin eta aldaketak funtsezkoak ez badira, eta aldez aurretik horretarako eskaera arrazoitua egiten bada.

c) Aurkeztutako eskabideetan edo agiri-sortetan gezurrezko datuak ematea.

2.– Diru-laguntzaren onuradunak diru-laguntza emateko ebazpenean edo agindu honetan finkatutako baldintzaren bat bete gabe uzten badu, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta, behar izanez gero, jasotako diru-zenbatekoa eta legez dagozkion korrituak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra ezarriko zaio, baita beharrezko zigorrak ere; hori guztia abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan nahiz bera ordezkatzen duen arauan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen du) jasotakoarekin bat etorriz.

12. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Beste edozein administrazioak edo erakunde publikok edo pribatuk eman dezakeen beste edozelako diru-laguntza edo laguntzekin bateragarriak izango dira laguntza hauek. Baina, helburu berbererako eskuratutako diru-laguntzen zenbateko guztia aurrekontua baino handiagoa bada, agindu honen bidez emandako diru-laguntzaren zenbatekoari gehiegizko zenbatekoa kenduko zaio.

13. artikulua.– Argitaratzea.

1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eskubidea izango du agindu honetako diru-laguntza jasotzen duten ikerketa eta azterlanak edozein euskarritan argitaratzeko, aurkezten direnetik urtebeteko epean. Horretarako, aldez aurretik interesdunak onartu behar du.

2.– Lanak argitaratuz gero, lehenengo argitalpenaren eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bereganatuko ditu, eta horretarako eskualdatzea doan onartuko duela hitz eman beharko du egileak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu hau azkena da administrazio-bidean. Horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.– Prozeduraren gainean agindu honetan arautu ez diren gaiei dagokienez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean agindutakora joko da.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 9a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

I. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA
AURREKONTUA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA / ANEXO III

DATUEN ALTA / HIRUGARREN INTERESATUA

ALTA DE DATOS / TERCERO INTERESADO

HIRUGARRENAREN EZAGUPENERAKO DATUAK

DATOS IDENTIFICATIVOS DEL TERCERO (A)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala