Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2008ko maiatzaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
3170

AGINDUA, 2008ko apirilaren 8koa, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuena. Horren bidez, Dulantzi Sektorera handitu da nitratoengatik kutsatzeko arriskuan dagoen eremua: Vitoria-Gasteizko Unitate hidrogeologikoa, Ekialdeko Sektorea.

Kontseiluaren 91/676/EEE Zuzentarauak, 1991ko abenduaren 12koak, 3. artikuluaren 2. puntuan ezartzen du estatukideek Arriskuko Eremu izendatuko dituztela beren lurraldean nitrato-maila jakin batzuk gainditzen dituzten urak biltzen dituzten guneak.

Espainiako Estatuak ura nekazaritzatik eratorritako nitratoek sortutako kutsaduratik babesteari buruzko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren bidez bere legeriara egokitu zuen zuzentarau hori.

Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenak gauzatuz, abenduaren 22ko 390/1998 Dekretua onartu zen, nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden inguruak izendatzeko arauak finkatzen dituena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartzen duena. Dekretu honen xedapen gehigarrian Arriskuko Eremutzat hartzen da inguru hau:

– Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoa, Ekialdeko Sektorea.

Hala izendatu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoan uren kalitateari dagokionez eginiko jarraipenek erakutsi dute Dulantzi Sektoreak, Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoari dagokionak, nekazaritzatik eratorritako nitratoen eragin nabarmena duela, eta Arriskuko Eremu izendatzeko 91/676/EEE Zuzentarauan ezarritako baldintzak betetzen direla. Ondorioz, beharrezkotzat jo da egungo Arriskuko Eremua handitzea, Dulantzi Sektorea barne hartzeko.

390/1998 Dekretuak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzatik eratorritako nitratoekin urak kutsatzeko arriskuan dauden guneak Arriskuko Eremu izendatzea Industria, Nekazaritza eta Arrantza, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen, eta Garraio eta Herri Lan sailburuen baterako Aginduaren bidez egingo dela. Hori guztia, Euskal Autonomia Estatutuaren 10. artikuluko 9. eta 11. puntuen arabera; izan ere, horren arabera Autonomia Erkidego honi dagokio nekazaritzako eskumen osoa, ekonomiaren antolamendu orokorrari jarraiki, bai eta uraren ustiapenaren eta ubide eta ureztapenen gaineko eskumena ere, baldin eta azken hauek beren ibilbide osoa EAEn barrena egiten badute, eta Konstituzioko 149.1.25 artikuluan dioenaren kaltetan izan gabe betiere.

Jarduketa-eremu horietako egitekoen gauzapena Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Sailari eta Garraio eta Herri Lan Sailari zegokien urtarrilaren 3ko 1/1995 Dekretuaren 10. eta 15. artikuluetan xedatutakoa betez. Dekretu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari buruzkoa eta horien egiteko eta jarduketa-eremuak finkatzeari buruzkoa da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari buruzko eta horien egiteko eta jarduketa-eremuak finkatzeari buruzko ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuak 15.eta 17. artikuluetan, hurrenez hurren, ezartzen du Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila direla uren eta nekazaritza arloetan eskumena duten sailak.

Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legeak II. kapituluan sortu eta arautzen du Uraren Euskal Agentzia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenen esparruan uren arloaren gaineko ardura duen erakunde gisa.

Abenduaren 18ko 240/2007 Dekretuaren bidez onartu dira aipaturiko Uraren Euskal Agentziaren Estatutuak, eta haren azken xedapenetan lehenengoak Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen 340/2005 Dekretuaren 3. artikulua aldatzen du, Uraren Euskal Agentzia sail horri atxikitzeko hirugarren atal bat gehituz.

Horiek horrela, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak hau

XEDATU DUTE:

Artikulu bakarra.– Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoa, Ekialdeko Sektorea Arriskuko Eremua handitzea.

Handitu egingo da Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoa, Ekialdeko Sektorea Arriskuko Eremua, unitate hidrogeologiko horretako Dulantzi Sektorea eta haren nekazaritza-erabilerako errekarga-eremuak barne hartzeko. Era horretan, handitze horren emaitza izango den Arriskuko Eremuari honela deituko zaio:

– Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoa, Ekialdeko Sektorea eta Dulantzi.

Eremu horri buruzko deskribapen kartografikoa eta inguratzen duen poligonoaren koordenatuak agindu honen eranskinean agertzen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak agindu honen bidez izendatutako Arriskuko Eremuaren handitzearen berri emango dio Ingurumen Ministerioari.

Bigarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuari edo Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Hirugarrena.– Xedapen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 8a.

Ingurumen eta

Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERASKINA / ANEXO

DEFINICIÓN DE ZONA VULNERABLE A LA CONTAMINACIÓN POR NITRATOS

NITRATOEN KUTSADURAK ERRAZ ERASO DEZAKEEN EREMUAREN MUGAKETA
UNIDAD HIDROGEOLOGICA VITORIA. SECTOR ORIENTAL - DULANTZI

GASTEIZKO UNITATE HIDROGEOLOGIKOA. EKIALDEA - DULANTZI

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala