Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2008ko apirilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2537

AGINDUA, 2008ko apirilaren 23koa, Kultura sailburuarena, 2008. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programako plazak deitzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean. Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, «Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzkoak», bestalde, gazteen alorreko ekintza zuzenak garatzeko eskumena, besteak beste, esleitu zien Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei bere 7. artikuluan.

Lege-esparru horretatik abiatuta, eta jardun-arlo horretan inplikaturiko erakundeen eskumenak errespetatuta, Eusko Jaurlaritzak auzolandegiak antolatzeko programa bat kudeatu ohi du Kultura Sailaren bitartez.

Ondorioz, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2008. urteko Auzolandegiak programako plazen deialdia. Agindu honetako eranskinean ezarritako oinarriek arautuko dute programa.

2. artikulua.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

3. artikulua.– Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 23a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO
ADMINISTRAZIOAREN 2008. URTEKO
«AUZOLANDEGIAK» PROGRAMAKO PLAZEN DEIALDIKO OINARRI
OROKORRAK

Lehenengoa.– Xedea.

Oinarri hauen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2008. urteko «Auzolandegiak» programako plazen deialdia arautzea.

Bigarrena.– Definizioa.

1.– Hona auzolandegitzat zer hartzen den: hainbat jatorritako gazteek beren borondatez eta eskuzabaltasunez konpromisoa hartzen dute gizarte proiekzioko egitasmo bat eta jarduera osagarriak garatzeko, denbora-tarte jakin batean, eta egitasmo horren bitartez, besteak beste, elkarbizitza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta kulturartekotasuna sustatzen dira.

2.– Auzolandegietan parte hartzen duten pertsonek ostatua eta mantenu osoa izango dituzte.

3.– Aseguruak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak antolatutako auzolandegietan parte hartzen duten pertsonek, bai eta atzerrian izan arren deialdi honetan eskaintzen diren auzolandegietan parte hartzen dutenek ere, bidezko asegurua izango dute, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hitzartutako istripu-aseguruko kontratuetan eta erantzukizun zibilekoetan ezarritako baldintzetan.

Estatuko beste autonomia erkidegoetan parte hartzen duten beste pertsonei dagokienez, erkidegoan erkidegoko administrazioak xedatutakoa aplikatuko da.

4.– Auzolandegia dagoen tokirainoko bidaia parte-hartzailearen kontura izango da. Halaber, parte-hartzailearen erantzukizuna izango da, herritartasuna nongoa duen, auzolandegia dagoen atzerriko herrialde batean sartzeko beharrezko dituen dokumentuez hornitzea.

Hirugarrena.– Eskaintzen diren plazei buruzko informazioa.

1.– Deialdi honetan Euskal Autonomia Erkidegoko auzolandegietako plazak eskaintzen dira, bai eta Estatuko beste autonomia erkidegoetakoak eta beste herrialdeetakoak ere.

Eskaintzen diren plazak www.gazteaukera.euskadi.net atarian kontsulta daitezke, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua, Vitoria-Gasteiz) eta Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde zerbitzuetan (On Diego López de Haro Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia-San Sebastián).

2.– Eskaintzen diren plazen zerrenda aldatuz joango da, eskabideak aurkezteko epea irekitzen denetik aurrera plazok erreserbatzen diren heinean ezabatu egingo direlako arian-arian, eta, bestalde, plaza berriak eskain litezkeelako.

3.– Auzolandegien programari buruzko informazioa toki hauetan eskura daiteke: www.gazteaukera.euskadi.net atarian, Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Informaziorako Zerbitzuetan eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean eta bere Lurralde Zerbitzuetan.

Laugarrena.– Plaza lortzeko betekizunak.

Honako hauek dira deialdi honetako auzolandegietan plaza bat lortzeko betekizunak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri bateko erroldan inskribatuta egotea, oinarri hauek EHAAn argitaratu aurretik.

b) Dagokion auzolandegian lan egiteko eskatzen den adina izatea.

c) Gazte adingabe emantzipatu gabeen kasuan, horien gaineko guraso-agintea edo tutoretza dutenen baimena.

d) Atzerriko auzolandegietan parte hartzeko, ingelesez edo auzolandegi bakoitzean eskatzen den hizkuntzan ondo hitz egiten jakitea.

e) Hala dagokionean, auzolandegian parte hartzeko ezaguera espezifikoak izatea.

f) Plazaren erreserba eskatu eta lortu izana, eranskin honetako 6. oinarrian ezarrita dagoen bezala.

g) Auzolandegien programan inskripzio-kuota ordaindu izana.

h) Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzari eranskin honetako 6.3 oinarrian adierazitako dokumentazioa bidali izana.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera aurkeztu ahal izango dute inskripzio-eskaria.

2.– Auzolandegietan izena emateko epea ondoren adierazten diren egunetan itxiko da, edo lehenago baldin plazak betetzen badira, beti ere EHAAn argitaratuko den Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren ebazpen bidez.

– Euskadiko auzolandegietan: ekainaren 20an, uztailaren lehen astean hasteko direnetan; ekainaren 30ean, uztailaren 14an hasteko direnetan; uztailaren 4an, uztailaren 17an hasteko direnetan; uztailaren 18an, abuztuaren 1ean hasteko direnetan; eta uztailaren 24an, abuztuaren 6an hasteko direnetan.

– Estatuko beste autonomia erkidegoetako auzolandegietan: maiatzaren 16an.

– Atzerriko auzolandegietan: maiatzaren 27an.

Seigarrena.– Eskabideak tramitatzea.

1.– Plaza eskatzea.

Plazak www.gazteaukera.euskadi.net helbidean dagoen aplikazio informatikoaren bitartez eskatu behar dira.

Zuzenean ere eska daiteke plaza bat, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren bulego hauetara bertaratuz:

Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritza

Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua

01010 Vitoria-Gasteiz

Telefonoa: 945 01 95 01 - 945 01 95 36

Bizkaiko Lurralde Zerbitzua

On Diego López de Haro Kale Nagusia, 85

48011 Bilbao

Telejonoa: 94 403 16 45

Gipuzkoako Lurralde Zerbitzua

Andia kalea, 13

20004 Donostia-San Sebastián

Telefonoa: 943 02 29 64

Plaza jakin baten eskabidea egiteak zera dakar, zerrendatik plaza hori ezabatzea, inskripzio-kuota ordaintzeko emandako epean.

2.– Inskripzio-kuota ordaintzea.

Plazaren eskabidea egin duen pertsonak, eskaria egin duen egunaren biharamunetik kontatzen hasi eta bi egun naturaleko epean, dagokion inskripzio-kuota, hots 72 euro, ordaindu beharko du. Behin kuota ordainduz gero, plaza erreserbatuta gelditzen da eskatzailearen izenean.

3.– Inskripzio-agiria bidaltzea.

Inskripzio-kuota ordaindu duten pertsonei auzolandegiko inskripzio-agiria bidaliko die Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak. Agiri hori, behar bezala beteta eta sinatuta, Zuzendaritzari itzuliko diote bost egun naturaleko epean inskripzio-agiria jaso eta biharamunetik kontatzen hasita, honako agiriekin batera:

a) NANaren edo atzerritar-txartelaren kopia.

b) Erroldatze-egiaztagiria, deialdi hau argitaratu ondoren egindakoa.

c) Inskripzio-kuota ordaindu izana egiaztatzen duen agiria.

d) Gazte adingabe emantzipatugabeen kasuan, horien gaineko guraso-agintea edo tutoretza dutenen baimena.

e) Adingabe emantzipatuen kasuan, emantzipazioa egiaztatzen duen Erregistro Zibilaren agiria.

Eskabide-inprimakiak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak adierazitako tokietan aurkeztu ahalko dira.

4.– Inskripzioak bertan behera gelditzea.

Inskripzioak bertan behera utziko dira baldin kuota ordaintzeko epea igaro eta ordainketarik egin ez bada, edota pertsona interesdunak berariaz eta idatziz hala eskatzen badu.

5.– Plazak behin betiko esleitzea.

Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak eranskin honetako 6.3 oinarrian adierazitako inskripzio-agiria eta dokumentazioa jaso eta gero, eskatutako plaza esleituko da. Pertsona interesdunari berariaz jakinarazteaz gainera, plazen esleipena jendaurrean jarriko da Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariaren ebazpen baten bidez, inskripzio-agiria aurkeztu eta biharamunetik kontatzen hasita sei hilabeteko epean.

Atzerriko auzolandegietan, plaza esleitu aurretik tokian tokiko auzolandegiaren arduradunen oniritzia beharko da.

Zazpigarrena.– Akatsak zuzentzea.

Erreserba-eskabidean edo inskripzio-inprimakian edo erantsitako dokumentazioan ez badira eskatutako baldintzak bete, osagabe badaude, zerbait falta bada edo errakuntzak badituzte, interesatuari eskatuko zaio, hamar egun balioduneko epean, akatsa zuzendu dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

Zortzigarrena.– Deialdiaren tramitazioan argitara eman beharrekoak non jarriko diren.

Deialdi honen tramitazioan argitara eman beharrekoak honako toki hauetan jarriko dira jendaurrean: www.gazteaukera.euskadi.net atarian, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzako iragarki tauletan (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua, Vitoria-Gasteiz) eta Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde zerbitzuetan (On Diego López de Haro Kale Nagusia 85, Bilbao, eta Andia kalea 13, Donostia-San Sebastián).

Bederatzigarrena.– Inskripzio-kuota itzultzea.

1.– Inskripzio-kuota ordaindu duen pertsonari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiak direla-eta pertsona horrek ez badu auzolandegian parte hartzen, Euskadiko Autonomia Erkidegoko zein atzerriko auzolandegietan inskribatzeko prezio publikoa itzuliko da.

2.– Parte ez hartzeko arrazoia Administrazioari egotzi ezin zaionean, honakoak egiaztatu beharko dira:

a) dena delako gorabeherak auzolandegiaren iraunaldiaren % 50ean, gutxienez, parte hartzea eragozten duela.

b) Programa kudeatzen duen Zuzendaritza jakitun ipintzea auzolandegia hasi baino lehen.

c) Gorabeheraren justifikazio frogagarria aurkeztea, hala badagokio kasuan kasuko erakunde publikoak emana.

3.– Prezio publikoaren itzulketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko maiatzaren 29ko 13/1998 Legearen 181.6 artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da.

4.– Inskripzio-kuotaren itzulketa Estatuko beste autonomia erkidegoetako auzolandegietan erkidegoan erkidegoko araudietan xedatutakoaren arabera egingo da.

Hamargarrena.– Jarduera bertan behera uztea.

Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak, ikuspuntu teknikoaren aldetik edo egokitasunaren aldetik beharrezkoa dela deritzonean, bertan behera utzi ahal izango du Euskadiko Autonomia Erkidegoan egin beharreko auzolandegi bat, aldez aurretik Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariak horren aldeko ebazpena eman ondoren.

Hori gertatzen denean, bertan behera utzitako auzolandegian inskribaturiko pertsonak beste auzolandegi batera bideratu ahalko dira, baldin horretarako aukera badago eta beti ere haien borondatez. Bestela, inskripzio-kuota itzultzeko eskubidea izango dute.

Hamaikagarrena.– Datu-pertsonalen erabilera.

1.– Auzolandegietan izena emateko beharrezkoa izango da, aurretik, berariazko baimen idatzia aurkeztea, non pertsona interesdunak onespena ematen duen bere datu pertsonalak erabiliak izateko eta eskatutako auzolandegiak kudeatuko dituzten autonomia erkidegoetako administrazioei eta atzerriko elkarteei jakinarazteko.

2.– Baimena eman eta deialdian parte hartzen dutenen datu pertsonalak Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren harremanetarako fitxategi automatizatu batean erregistratuko dira. Fitxategiaren helburua, Auzolandegia programaz gainera, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren kudeaketarekin loturiko informazioa zabaltzea izango da.

3.– Interesdunek deialdi honen ondorioz emandako datu pertsonalak otsailaren 25eko 2/2004 Legearen mendean geratuko dira (Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko Legea).


Azterketa dokumentala