Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2008ko apirilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2522

AGINDUA, 2008ko martxoaren 10ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan —fondo publikoekin ordaindutakoetan— ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazten duena.

Ikastetxeek, beren autonomiaz baliatuz, beren eskola-jarduerak planifikatu eta antolatzen dituzte. Urte barruan eskola-jarduera horiek burutzeko, beharrezkoa da ikasturte bakoitzerako eskola-egutegia finkatzea.

2006ko maiatzaren 10eko Aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarenak, eskola-egutegi horiek egin eta onesteko kontutan hartu behar diren oinarrizko arauak zehaztu ditu, edonola ere ikastetxeen autonomia errespetatuz, beharrezkoa den antolakuntza- eta pedagogi-koherentzia bateragarria bermatzeko.

Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak bosgarren xedapen gehigarrian ezartzen duenaren arabera, eskola-egutegiak derrigorrezko eskoletarako 175 eskola-egun izango ditu gutxienez.

Beste alde batetik, urriaren 16ko 175/2007 Dekretuak, Oinarrizko Heziketaren curriculuma ezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duenak dio eskola-egutegiak gutxienez 175 eskola-egun izango dituela.

Aipatutako araudiak betetzeko beharrezkoa da 2006ko maiatzaren 10eko Agindua ordezkatzen duen Agindu bat ateratzea.

Halaber, beharrezkoa da Agindu berriaren testuan arte-, hizkuntza- eta kirol-irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola-egutegia egiteko oinarrizko arauak gehitzea, baita egutegia egin, onestsi eta aldatzeari dagokion araudia eguneratzea ere.

Horiek horrela, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aurreikusitako izapideak egin ondoren, eta eman zaizkidan eskuduntzez baliatuz, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea eta ezarpen-eremua.

1.– Agindu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta itunpeko pribatuetan ikasturte bakoitzean eskola-egutegia burutzea arautzeko arauak finkatzea da.

2.– Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko edo araubide bereziko irakaskuntza ematen duten ikastetxe publiko eta itunpeko pribatu guztiei ezarriko zaie.

2. artikulua.– Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia.

1.– Abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuan Haur Eskoletarako xedatutakoari kalterik egin gabe, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako mailetan eta Hezkuntza Bereziko ikastetxe berezietan, ikasturte bakoitzaren iraupena 875 ordukoa izango da eta goiz eta arratsaldetan gutxienez 175 egunetan emango dira (urriaren 16ko 175/2007 Dekretuko 14. artikuluko 4. paragrafoan jasotako salbuespenetan ez ezik).

2.– Eguneroko ordutegian ezin izango da 30 minutu baino gutxiagoko eskolak izan.

3. artikulua.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

1.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasturte bakoitzaren iraupena 1.050 ordukoa izango da eta goiz eta arratsaldetan gutxienez 175 egunetan emango dira (urriaren 16ko 175/2007 Dekretuko 14. artikuluko 4. paragrafoan jasotako salbuespenetan izan ezik).

2.– Ezohiko deialdiko azterketak ekainean egingo dira, eskolak emateko egunak amaitzen direnean.

4. artikulua.– Batxilergoa eta Heziketa Zikloak.

1.– Batxilergoan eta Heziketa Zikloetan, ikasturteak 175 eskola-eguneko iraupena izango du gutxienez. Horretarako, klasea emateko egunak (160 gutxienez) eta ohiko eta ezohiko deialdietako azken probak eta ebaluazioak egiteko erabiltzen direnak besterik ez dira izango eskola-egunak.

2.– Aipatutako 160 eskola-egunak klasea emateko egunak izango dira, beraz ezingo dira gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleei azterketak egiteko erabili, ezta ebaluazio-bilerak, klaustroak edo antzeko ekintzak egiteko ere.

3.– Heziketa Zikloei dagokien egutegia ziklo bakoitzaren iraupena kontuan izanda egingo da. Beraz, ez da nahikoa izango gutxienez eskola emateko 160 egun ezartzea, baizik eta ikasle guztiei ziklo bakoitzari arau bidez dagozkion ordu guztiak ematea bermatu beharko da.

4.– Maiatzeko eta ekaineko batxilergoko eskola-egutegia ikastetxeek erabakiko dute, unibertsitatera sartzeko probak ekainaren erdi aldera (ohiko deialdia) eta uztailean (ezohiko deialdia) egingo direla kontuan harturik.

5.– Ohiko deialdiaren azken ebaluazioa egin ondoren, Batxilergoko bigarren ikasturtean eskolak emango dira Selektibitate proba prestatzeko. Egun hauek eta Batxilergoko bi kurtsoetako ezohiko deialdiaren azterketak prestatzeko erabili litezkeen egunak, eskola-eguntzat hartuko dira.

Ez-ohiko deialdiko probak prestatzeko eskoletan derrigor hartuko dute parte gainditu ez duten ikasleek, eta gainerakoek nahi badute. Edonola ere, bai eskola horien bidez, bai antolatuko daitezkeen beste eskola edo jarduera alternatiboen bidez, ikastetxeek bermatu egin behar dute Batxilergoko bi mailetako ikasleek benetan, eta gutxienez, 160 eskola egun efektiboak izango dituztela.

5. artikulua.– Arte, Hizkuntza eta Kirol Irakaskuntzak.

1.– Arte irakaskuntza ematen duten eta Musika Eskolen araudia duten ikastetxeetan, Musika eta Dantzako oinarrizko irakaskuntza eta profesionalak, baita Arte Plastiko eta Diseinuko irakaskuntza profesionalak eta Goi Mailako Ikasketak ere, ikasturteak 175 eskola-eguneko iraupena izango du, eta horietatik 160 gutxienez, eskolak emateko egunak izango dira.

Aipatutako 160 eskola-egunak ezin izango dira ikasturte amaierako gradu-, nota-, sari-, matrikula-, sarrera- edo aukeratzeko probetarako erabili. Ezin izango dira ezta ere eskolak eten azterketa-aldia zehazteko, gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleentzako azterketak egiteko edo klaustroak edo ebaluazio-bilerak egiteko.

Arte Plastiko eta Diseinuko Heziketa Zikloei dagokien egutegia ziklo bakoitzaren iraupena kontuan izanda egingo da. Beraz, ez da nahikoa izango gutxienez eskola emateko 160 egun ezartzea, baizik eta ikasle guztiei ziklo bakoitzari arau bidez dagozkion ordu guztiak ematea bermatu beharko da.

Ikasleek ebaluazio jarraituaren prozesuan gainditu ez dituzten irakasgaien ezohiko proba bat egin ahal izango dute. Proba hori ekainean egingo da, ikastetxeetako eskola-egutegietan zehazten diren 160 eskola-egunak amaitzean.

2.– Hizkuntza-irakaskuntza ematen duten ikastetxeetan ikasturteak 175 eskola-eguneko iraupena izango du. Horretarako, eskolak emateko egunak (130 gutxienez) eta ikasle libre eta ofizialentzako ohiko eta ezohiko deialdietako azken azterketak egiteko erabiltzen direnak besterik ez dira izango eskola-egunak. Hezkuntzako sailburuordeak azterketa horiek egin ahal izango diren aldiak zehaztuko ditu.

3.– Kirol-irakaskuntza ematen duten ikastetxeetan ikasturteak 175 eskola-eguneko iraupena izango du; horietatik 160 egun, gutxienez, eskolak emateko egunak izango dira.

Aipatutako 160 eskola-egunak ezin izango dira ikasturte amaierako, gradu-, nota-, sari-, matrikula-, sarrera- edo aukeratzeko probetarako erabili. Ezin izango dira ezta ere eskolak eten azterketa-aldia zehazteko, gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleentzako azterketak egiteko edo klaustroak edo ebaluazio-bilerak egiteko.

Kirol-irakaskuntzako Zikloei dagokien egutegia ziklo bakoitzaren iraupena kontuan izanda egingo da. Beraz, ez da nahikoa izango gutxienez eskola emateko 160 egun ezartzea, baizik eta ikasle guztiei ziklo bakoitzari arau bidez dagozkion ordu guztiak ematea bermatu beharko da.

Ikasleek ebaluazio jarraituaren prozesuan gainditu ez dituzten irakasgaien ezohiko proba bat egin ahal izango dute. Proba hori ekainean egingo da, ikastetxeetako eskola-egutegietan zehazten diren 160 eskola-egunak amaitzean.

6. artikulua.– Eskolen hasiera eta amaiera.

1.– Agindu honek aipatzen dituen hezkuntza-mailetan, eskolak urte bakoitzeko irailaren 1aren eta hurrengo urteko ekainaren 30aren arteko aldian emango dira. Salbuespenez, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako lantokiko prestakuntza egiteko, alda egin daitezke adierazitako muga horiek, enpresen jardueraren lan-baldintzek horrela jokatzea eskatzen badute.

2.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikastetxe publikoetan ikasturte bakoitzaren eta maila bakoitzaren data zehatzak edo eskolak hasi eta amaituko diren aldia zehaztu ahal izango ditu.

3.– Agindu honetan aipatzen diren ikastetxe guztietako eskola-egutegietan ikasleei ikasturte berriaren aurkezpena egiteko erabiliko den eguna eskola-eguntzat hartu ahal izango da.

7. artikulua.– Jaiegunak.

1.– Eskola-egutegia egiteko, dagokion urteko Autonomia Erkidegoko lanegunetako jaiegunen egutegi ofizialaren arabera jaiegun izaera dutenak izango dira jaiegunak, baita herri edo dagokien lurraldeko zaindarien jaiegunak ere. Edonola ere ezin izango da jaiegun hauetakoren bat eskola-egun edo eskolak ematen diren egun bezala hartu.

2.– Ikastetxeek, nahi izanez gero, jaieguntzat hartu ahal izango dute maila jakin bateko zaindariaren eguna, dagokion egunean zein aukeratzen duten ordezkatutako beste egun batean ospatuz. Halaber, nahi izanez gero, ikastetxean irakasten diren maila ezberdinen zaindarien jaieguna egun bakar batean ospatu ahal izango dute. Edonola ere ezin izango da jaiegun hori eskola-egun edo eskolak ematen diren egun bezala hartu.

8. artikulua.– Oporraldiak.

1.– Gabonetako oporrak, gutxienez, abenduaren 24aren eta urtarrilaren 6aren arteko aldian izango dira, biak barne.

2.– Aste Santuko oporrak, gutxienez, Ostegun Santuaren eta Pazko Astelehenaren arteko egunetan izango dira, biak barne.

9. artikulua.– Egutegia egitea eta onestea.

1.– Urte bakoitzeko ekainaren 1a baino lehen, ikastetxeetako zuzendariek hurrengo ikasturteko eskola-egutegiaren proposamena igorriko dute dagokien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzara, eskuduna den gobernu-organoak hori onetsi zuen bilkurako aktaren kopia erantsiz.

Ezohiko egoerak hori gomendatzen duen ikasturteetan, Hezkuntzako sailburuak edo sailburuordeak, dagokion ebazpenaren bidez, aurreko paragrafoan adierazitako data aldatu ahal izango du.

Ikastetxeek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako diseinatutako aplikazio informatikoaren bidez proposamena landu beharko dute eta Hezkuntzako Ikuskaritzak jakinarazitako jarraibeak jarraituz.

2.– Maila bat baino gehiagoko ikastetxeak maila ezberdinei dagozkien eskola-egutegiak bateratzen ahaleginduko dira.

3.– Hezkuntzako Ikuskaritzak, egutegiak aztertu ondoren, egutegi bakoitzari buruzko txostena egingo du.

4.– Ikastetxeren batek finkatutako epealdiaren barruan bere eskola-egutegiaren proposamena bidaltzen ez badu, edo bidalitakoa onesten ez bada, dagokion Hezkuntzako Lurralde ordezkariak egindakoa esleituko zaio ofizioz.

5.– Hezkuntzako Lurralde ordezkariak egutegiak onartu eta gero, Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunpeko pribatu guztiek bete behar dituzte, Ikastetxearen zuzendariak betetzeko erantzukizuna izango du eta aplikazioa ikuskatzeko eta betetzeko kontrola Hezkuntzako Ikuskaritzari dagokio.

6.– Ikastetxe bakoitzaren eskola-egutegia bertako iragarki-taulan egon behar izango da erakusgarri eta ezingo da inolaz ere aldatu dagokion Hezkuntzako Lurralde ordezkariak emandako baimen idatzirik gabe, eskuduna den gobernu-organoari eskatu eta Hezkuntzako Ikuskaritzak aldeko txostena eman ostean.

10. artikulua.– Egutegia aldatzea.

1.– Ezinbestekoz eskola-egunak gutxituko balira, berregokitu egin beharko da egutegia aipatutako egun-kopurura iritsi arte, beti ere langileen eskubideak errespetatuz. Nahiz eta egunen batean ikasle batzuk edo ikasle guztiak klasera ez joan, ikastetxeak ofizialki programaturiko ordutegiaren arabera eskaini behar izango ditu eskolak.

2.– Egutegia berregokitu behar denean, hasieran egutegia egiteko erabili zen prozedura berbera jarraituko da.

3.– Eskumena duen gobernu-organoak ez badu berregokitze proposamenik egiten, Hezkuntzako Ikuskaritzak gehienez 10 eguneko epean egin dezan eskatuko dio. Ikastetxeren batek finkatutako epearen barruan bere eskola-egutegiaren proposamen berria bidaltzen ez badu, edo bidalitakoa onesten ez bada, dagokion Hezkuntzako Lurralde ordezkariak zehaztutako egutegia esleituko zaio ofizioz.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

2006ko maiatzaren 10eko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren Agindua, fondo publikoekin ordaindutako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazten duena indargabe geratuko da, baita agindu honetan xedatutakoaren aurka maila bereko edo apalagoko beste edozein xedapen ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeei agindu honetan jasotakoa aplikatzeko eta garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko baimena ematen zaie.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 10a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.


Azterketa dokumentala