Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2008ko martxoaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
1434

AGINDUA, 2008ko urtarrilaren 16koa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena; horren bidez gune zoologikoei buruzko dekretua garatu da.

Animaliak babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legean Euskal Autonomia Erkidegoan dauden etxe-abereak, abere etxekotuak eta leku itxian sartutako animalia basatiak babesteko arauak ezarri ziren, kontuan hartu gabe animalia horiek autonomia-erkidegoan erroldatuta eta erregistratuta dauden, eta zeinahi ere den animalia horien jabeen edo edukitzaileen bizilekua.

1994ko abenduaren 20an argitaratu zen azaroaren 15eko 444/1994 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko gune zoologikoak baimentzeari, erregistratzeari eta kontrolatzeari buruzkoa; eta 2006. urtean gune zoologikoei buruzko apirilaren 11ko 81/2006 Dekretuak indargabetu zuen.

Agindu honek aipatutako dekretuaren alderdi bi garatzen ditu: batetik, animalien erakusketa ibiltariak arautzen ditu, gune zoologiko horien ezaugarri bereziak kontuan hartuta, aipatutako legea eta dekretua aplikatzeko zehaztasun eta segurtasun juridiko handiagoa ahalbidetzeko asmoz; bestetik, eranskin bat gehitu da, animalia basatiak dituzten erakusketetan aplikatu beharreko instalazioen gutxieneko neurrien eta bestelako betekizunen gainekoa eta gune zoologikoei buruzko dekretuaren IV. eranskina garatzen duena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei iritzia eskatu zaie testua idatzi baino lehen.

Hori dela bide, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honek bi xede ditu: batetik animaliak jendaurrean erakutsi edo erabiltzen dituzten aldi baterako erakusketak arautzea eta, bestetik, animalia basatiak dituzten gune zoologikoetan animalien ongizaterako baldintza bereziak ezartzea.

Agindu hau aplikatze aldera, honako hauek hartuko dira animalien erakusketa ibiltaritzat:

– Zirkuak.

– Etxe-abereen, animalia exotikoen edo animalia basatien erakusketak; ez dira hemen sartzen salmenta ibiltaria egiten duten establezimenduak.

– Animaliekin egindako ikuskizunak.

– Zoosafari ez iraunkorrak.

– Gune zoologikoaren baimena behar duten animaliekin egindako jarduera guztiak, baldin eta aldi baterakoak edo ibiltariak badira.

2. artikulua.– Erakusketa ibiltariak baimentzeko prozedura.

Animaliekin egindako erakusketa ibiltariak baimentzeko, erakusketa egin baino hamabost egun lehenago eskabide ofiziala aurkeztu behar da dagokion Foru Aldundiaren Abeltzaintza Zerbitzuan. Eskabidearekin batera, gune zoologikoei buruzko apirilaren 11ko 81/2006 Dekretuan jasotako agiri orokorrez gain hurrengoak ere aurkeztu behar dira:

– Garatuko diren jardueren gaineko txostena, non egingo den eta zenbat denbora iraungo duen adieraziz.

– Instalazioen planoa.

– Hasieran erregistratu den tokia gune zoologikoen erregistroan edo beste baliokideren batean inskribatu izanaren frogagiria; bertan jasoko da, gainera, egingo den jarduera baimentzen dela.

– Garraiatuko diren animalien zerrenda; banaka identifikatu behar direnak banan-banan adieraziko dira eta gainerakoak espezie eta kopuruaren arabera. Jarduera egiteko behar ez diren animaliak eramaten badira, justifikatu egin beharko da.

– CITES dokumentazioa eta lagatzeko nahiz merkaturatzeko agiriak; horietan guztietan, behar izanez gero, animalien identifikazioa jasoko da.

– Animalien eta jatorri duten ustiategiaren osasun-ziurtagiriak; eta nahitaezkoak diren osasun-probak edo tratamenduak egin izanaren frogagiria.

– Garraiatzen diren animalien identifikazioak.

Gune zoologikoaren erregistro-liburua.

– Animaliak garraiatzeko erabiltzen diren ibilgailuen eta garraiolarien baimen ofiziala.

Aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, Foru Aldundiko arlo edo zerbitzu eskudunak eskabideari baiezkoa edo ezezkoa emango dio; azken kasu honetan ezetza emateko arrazoiak azalduko ditu.

3. artikulua.– Erakusketa ibiltarien baimenen iraungitzea.

Baimena iraungi egingo da ematean ezarritako epea igarotzen denean; edozelan ere, baimena iraungi egingo da erakusketa lekuz aldatzen denean.

4. artikulua.– Erakusketa ibiltarietan dauden animalien identifikazioa.

Animalia espezie guztiak identifikatuko dira behar den moduan. Horretarako, identifikaziorako metodo ofizial hauek erabiliko dira:

– Narrastiei mikrotxipa jarriko zaie.

– Zaldiei mikrotxipa jarriko zaie, bestela animalia horiek identifikatzeko metodo baliokide bat (ofiziala) erabiliko da.

– Behiei belarri-identifikazio bi jarriko zaizkie eta beren identifikazio agiria ere eramango dute.

– Ardiei eta ahuntzei Batasuneko araudietan ezartzen diren homologatutako identifikazio-unitateak jarriko zaizkie.

– Txerriei belarritakoa edo mikrotxipa jarriko zaie.

– Azal-lodikoei mikrotxipa jarriko zaie.

– Txakurrei eta katuei mikrotxipa jarriko zaie.

– Hegaztiei uztai itxia edo mikrotxipa jarriko zaie.

– Gainerako ornodun basatiei mikrotxipa jarriko zaie.

– Edozein arazo dela medio animaliari ezin bazaio aurreikusitako sistema jarri edo sistema animalia horrentzat egokia ez bada, identifikatzeko metodo egokia erabiliko da.

Eskudun agintaritzak hala eskatuz gero, eskatzaileak animalien identifikazioa irakurtzen lagundu beharko du. Animalien identifikazioa egiaztatu ezin bada emandako baimena baliogabetu egingo da.

5. artikulua.– Erakusketa ibiltarien osasun-baldintzak.

Hona hemen erakusketa ibiltariek une oro bete beharreko osasun-baldintzak:

– Ezin dute gaixotasun infekto-kutsakorrik eduki.

– Ziurtagiri ofizial batean jasota edukitzea animaliek aurreko sei hilabeteetan ez dutela jasan ondoko arauetan jasotzen den gaixotasunik: Kontseiluaren 1982ko abenduaren 21eko 82/894/EEE Zuzentaraua, Batasuneko animalien gaixotasunak jakinarazteari buruzkoa; abenduaren 2ko 2459/1996 Errege Dekretua, nahitaez adierazi beharreko animalien gaixotasunen zerrenda ezarri eta horiek jakinarazteko arauak finkatu dituena; irailaren 24ko 507/1991 Dekretua, nahitaez adierazi beharreko animalien gaixotasunen zerrenda ezarri eta horiek jakinarazteko arauak finkatu dituena (EHAA, 211. zk., 1991-10-18); eta OIEk (animalien osasunaren munduko erakundeak) emandako A eta B zerrendak.

– Ofizialki sailkatuta egotea ondoko animalien gaixotasunen kalterik ez dutenen edo horien prozesurik jasan ez dutenen artean, gaixotasun horiek eduki ditzaketen animaliei dagokienez:

Tuberkulosia.

Bruzelosia.

Leukosia.

Peripneumonia.

Zaldien anemia infekziosoa.

Txerri-izurri afrikarra.

Txerri-izurri klasikoa.

Aujeszky gaixotasuna.

Txerrien besikula-gaixotasuna.

Hegaztien gripea.

– Etorkizunean animalia espezie bakoitzarentzat ezar daitezkeen nahitaezko osasun-baldintzak betetzea.

6. artikulua.– Erakusketa ibiltarien osasun-agiriak.

Garraiatzen diren animaliek hurrengo osasun-agiriak eduki beharko dituzte:

– Jatorriko eta abereen osasunari buruzko osasun-gida edo, bestela, jatorriko eskudun agintaritzak emandako edo honek ikuskatutako lekualdatzeko osasun-agiri baliokidea.

– Albaitarien ziurtagiriak. Hain zuzen, ziurtagiri horien bidez bermatuko da gehienez duela urtebete animaliei egin zaizkien probak (aurreko artikuluan agertzen diren gaixotasunei buruzkoak) negatiboak izan direla.

7. artikulua.– Erakusketa ibiltarietan dauden animalien identifikazioa eta jatorria.

Erakusketaren arduradunek une oro izango dituzte eskura gune zoologikoei buruzko apirilaren 11ko 81/2006 Dekretuko 7. artikuluan jasotako agiriak, dagokion agintaritzak eska baititzake.

Zehazki, eskatzen zaienean, animalia espezie horri dagokion CITES dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

8. artikulua.– Erakusketa ibiltarietarako instalazioen garbiketa eta desinfekzioa.

Instalazioetan garbitu eta desinfektatzeko programa bat egongo da. Programa hori erakusketa ibiltaria hasi aurretik eta amaitutakoan beteko da; horretarako, garbitasunari buruzko idatzizko protokolo egokiak ezarriko dira eta garbitzeko behar beste langile eduki beharko da.

Garbitzeko, presiozko garbiketa-makinak edukiko dituzte langileek, baita erakusketa hori garbitzeko moduko materialak eta substantziak ere.

9. artikulua.– Animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

Bai animaliak garraiatzeko ibilgailuak bai horiek daramatzaten garraiolariak ofizialki erregistratuta eta baimenduta egongo dira; era berean, ibilgailu bakoitzak legez eraman ditzakeen animalia motak eta horien gehieneko kopurua zehaztuko dira.

Ibilgailuak garbi eta desinfektatuta egongo dira beti.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko urtarrilaren 16a.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERANSKINA
ANIMALIA BASATIAK DITUZTEN GUNE ZOOLOGIKOEK ANIMALIA HORIEN ONGIZATEARI DAGOKIONEZ BETE BEHAR DITUZTEN BALDINTZA BEREZIAK

Ondoren adierazten diren azalerak eta bolumenak animalientzako barrutiek bete beharreko gutxieneko neurriak dira. Barruti horiek ez dira txikiagoak izango, nahiz eta horietan dagoen animalia kopurua tauletan emandako (n) kopurua baino txikiagoa izan.

Tauletan emandako datuak barruti bakoitzean sar daitekeen animalia helduen kopuruari buruzkoak dira, baina heldutasunera heldu ez diren kumeak ere bertan sar daitezke.

Animalia-taldeak izanez gero, ondo kontuan izan beharko da taldearen egitura soziala, animalien kopurua gorabehera.

Lekua era desberdinean baliatzen duten baina beren artean bateragarriak diren espezieetako animaliak esparru berean daudenean, eremu erabilgarria ez da zabaldu beharko baldin eta lekuaren tamaina egokia bada espezierik zorrotzenaren beharrak asebetetzeko.

Aitzitik, espezie desberdinetako animaliak esparru berean badaude eta ale horiek lekua antzera erabiltzen badute, honela kalkulatuko dira lekuak eduki behar dituen neurriak: espezierik zorrotzenarentzako dagoen gutxieneko bolumena gehi eranskin honetan exijentzia gutxien duen espeziearen edo espezien "gehitzen den animalia bakoitzeko" atalean aurreikusten diren bolumenak.

Beharrizan bereziak asebete beharko dira (hezetasuna, tenperatura, elikadura eta beste batzuk). Hala, bada, kanpoaldeko esparruetan izaten diren espezie gautarrek leku eta baliabide egokiak edukiko dituzte egunez lo egin ahal izateko. Era berean, animalia zuhaiztarrek eta hegan egiteko gai direnek baliabide egokiak edukiko dituzte zuhaitzetara igotzeko eta haietatik zintzilikatzeko, lekua behar bezala baliatuz.

Aire zabalean dagoen esparru baterako sarbidea eskatu daitekeenean, horren ordez, barrualdeko esparruak baliatu daitezke, betiere, teilatu lerragarriak eta eguzkiaren argia zuzenean barneratzeko aukera ematen duten ate edota leihoak badituzte. Horrez gain, barneko esparru horiek eguzki-argiaren antzeko argi artifiziala eduki beharko dute, eguraldia dela-eta lehen adierazi ditugun ate-leihoak irekitzea komenigarria ez denean erabiltzeko. Holakoetan, barruko esparruak kanpoaldeko esparruetarako eskatzen diren dimentsioak eduki beharko ditu gutxienez, kanpoko eta barneko zatia edukitzea eskatu ahal denean izan ezik, kasu horretan azalerak bi zatien batuketaren parekoa izan beharko baitu gutxienez.

I. TAULA.– Ugaztunen barrutiak:

(Ikus .PDF)

II. TAULA.– Hegaztien instalazioak:

(Ikus .PDF)

III. TAULA.– Ugaztunen urmaelak:

(Ikus .PDF)

IV. TAULA.– Hegaztientzako urmaelak

(Ikus .PDF)

V. TAULA.– Narrastiak

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala