Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2008ko urtarrilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
479

AGINDUA, 2007ko abenduaren 18koa, Kultura sailburuarena, Berriatuko (Bizkaia) Lekoia Bekoa baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2007ko urriaren 16ko Ebazpenaren bidez (2007ko azaroaren 16ko EHAA, 221. zenbakia) Berriatuko (Bizkaia) Lekoia Bekoa baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela-eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Berriatuko (Bizkaia) Lekoia Bekoa baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.– Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena.– Berriatuko Udalari eskatzea bere hirigintza-araudia egokitu dezan, higiezin hori babesteari begira.

Bosgarrena.– Espedienteko interesdunei, Berriatuko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza eta Udal Harremanak Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena.– Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau azkenekoz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko abenduaren 18a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA
Mugaketa

a) Mugaketaren deskribapena.

Mugaketak eraikina bera eta haren ingurunea hartzen ditu. Horrela, bada, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: hegoaldean, haranari begira dagoen fatxada nagusiaren aldean, fatxada horretatik bertatik 35 metrorako lerro paraleloa; mendebaldean, sarbidea dagoen zonaldean, fatxadatik 35 metrorako lerro paraleloak hartzen duen zatia; iparraldean, iparraldera ematen duen fatxadatik bertatik 35 metrorako lerro paraleloak hartzen duen lur-partzela. Eta, azkenik, ekialdean, atxikita duen biltegiaz gain, ekialdera ematen duen fatxadatik bertatik 35 metrorako lerro paraleloak hartzen duen partzela.

b) Mugaketaren arrazoiak.

Proposatu dugun mugaketaren justifikazioa Berriatuko Artibai ibaiaren ibarreko hegoaldeko magalaren gaineko balkoi naturalean kokatutako Lekoia-Bekoa baserriko ingurumariko ingurumen-balioak eta ikuseremua babestu beharra da.

Ingurunearen mugaketak —beharrezkoa baita ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko— baserriaren inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidearen babesa dakar berekin, betiere, baserriaren bereizgarritasunak gordetzeko. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik, haren ingurumaria ere hartzen du.

II. ERANSKINA
Deskribapena

Oinplano ia karratuko baserria, 19,5 x 20,5 metrokoa eta hegoaldera begira dago; eraikinak zeharkako lau horma-arte ditu, eta zeharkako bi karga-hormek eta zurezko bost zutabe exentuk osatzen dute; behe solairua, lehen solairua eta ataripeko solairua ditu.

Estalkia hodi-teiladuna da eta bi isuriko zurezko egitura dauka, mantsarda eta guzti ekialdeko faldoian; gailurra hegoaldera ematen duen fatxadarekin luzetara du.

Harresiak, lehen solairuraino, harlanduzko gotikoak dira, ertzak kareharrizko harlanduzkoak dituela; lehen solairutik ganbara bitarteko zatia ageriko harlangaitzezkoa da. Gainerakoa, estalkiarekin bat egiten duen zatiraino, harlangaitzezkoa da, zarpeatua eta zuriz margotua.

Fatxada nagusiak, hegoaldera begira dagoenak, lau ardatz ditu eta erdian arku eskartzano bat, hareharrizko dobelaz egina, diseinu oso landukoak. Moldurak dituen hareharrizko zutabeen gainean bermatuta dago arkua. Arkuaren gainean, erdi-erdian, armarri bat ageri da; zazpi piezez osatuta dago armarria eta, orokorrean, multzoa lauki formakoa da. Alboetan, emakumezko irudien bi biluzi.

Fatxadan dagoen arkua da baserriko sarbide-atea, ateburua harrizkoa, landua eta molduratua duela.

Behe solairuan, erdiko arkuaren alde banatan baoak irekitzen dira; leihoak dira, irtengune zarpeatua dutela fatxadaren gainean. Ezkerraldeko leihoaren ondoan, goiko aldean, erdiko arkurantz, idi-begi txaranbeldu bat irekitzen da kanpoaldera, barrualdea aireztatzeko.

Hegoaldera ematen duen fatxada horretan bertan, lehen solairuaren parean, lau bao dotore irekitzen dira simetrikoki; guztiak harriz inguratuta daude, oinarrietan leiho-barrena dute eta leihoburuetan goiko hauts-babes molduratuak. Bao horietako bat, armarriaren eskuinaldean dagoena, balkoi kareldun bat da.

Hego-mendebaldeko fatxadan, behe solairuan, bi sarbide eta hiru gezileiho ageri dira; eta lehen solairuan, berriz, sei leiho irekitzen dira, guztiak duela gutxi jarriak.

Ipar-mendebaldeko fatxadak behe solairuan sarbidea du, bertara sartzeko; zirkuluerdiko arkua da, dobela handiak dituela. Haren ondoan, zati bakarreko harrizko eskailera dago, zuzenean lehen solairurako sarbidea dena; sarbide horrezaz gain, hiru leiho gehiago irekitzen dira, harlanduz eginak. Fatxada horren horma pikoan, beste bi leiho ageri dira; harlanduzkoak, baina duela gutxi jarriak dira. Alboko estalki bat du, eta horri fatxadak eusten dio lehen solairuko forjaren parean. Estalkiak atzealdeko fatxadaren zati handi bat eta ipar-ekialdera ematen duen fatxadaren zati bat estaltzen du.

Ipar-ekialdeko fatxadan, behe solairuan, hiru leiho ageri dira, zarpeatuta kokatuta. Lehen solairuan, faktura berriko bost bao irekitzen dira; horietako bi terrazarako sarbide dira, lehen aipatu dugun atxikitako estalkiaren gainean egindako terrazarako. Ekialderagoen dagoen ertzean bada eranskin bat, eta estalkiko urak biltzeko erabiltzen da.

Eraikinaren barne-egiturari dagokionez, zeharkako lau horma-artek eta luzetarako sei horma-artek osatzen dute. Aurrealdeko bi horma-arteak zeharkako karga-hormetan bermatzen dira. Bigarren karga-hormaren atzean, pieza bakarreko bost zutoin daude, estalkiraino iristen direnak eta hormigoizko bost zutaberen gainean daudenak —aurrekoak zurezkoak ziren— eta horiek eusten diote atzealdeko bi horma-arteei.

Lehen solairuko forjatuari dagokionez, zurezko solibak jarriak ditu karga-hormen gainean. Hortik gora, zurezko zutoin-ardatzak erabili dira egitura armatzeko, harresietan eta hormigoizko zenbait zutabetan bermatzen dira, eta horiek, itxiturako harresien barnealdean ageri diren harrizko harburuekin batera, ganbarako solairuaren forjatuari eusten diote. Egurrezko zutabeen egiturak estalkiari eusten dio. Zutabeak habeen eta besoen bidez mihiztatuta daude, aho-zirika; eta agerian daudenean, miru-buztan ahokadura erabilita.

Erabilerari dagokionez, aurrealdeko bi habe-arteak etxebizitzakoak dira, eta hauek kokatzen dira horietan: behe solairuan eta lehen habe-artean, sarrerako ataripea erdian, sukaldea hego-ekialdeko ertzean, eta egongela hego-mendebaldeko ertzean. Bigarren habe-artean, zabalera eta luzera guztia hartzen duela, ukuilua baino lehenago dagoen ezkaratza kokatzen da.

Lehen solairuan, bestalde, honako hauek daude: hiru bao dituen egongela zabal barrokoa, haren inguruan 4 logela —kalera ematen duten leihoak dituzte—, eta beste bi logela gehiago —barrura ematen dute eta leihorik ez dute—. Lastategian, ukuiluaren gainean, bi etxebizitza egokitu dira duela gutxi.

Lekoia-Bekoa XVI. mendeko baserri dotorea da, erabat berritua XVIII. mendearen bukaera aldera. Arte- eta heraldika-interesa duten elementu asko ditu, fintasun bereziz eginak, etxe-jauregietakoak bezalakoak; esate baterako: itxitura gotiko-errenazentista, atzealdeko zirkuluerdiko arkua, arku eskartzanoa duen ataria, garai manieristako armarri interesgarria, baita barne-egitura ere, sekzio erregularrekoa eta kalitate onez eraikia.


Azterketa dokumentala