Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2008ko urtarrilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
468

6/2008 DEKRETUA, urtarrilaren 15ekoa, ekonomia sustatzeko laguntzak ezartzen dituen dekretua hamaikagarren aldiz aldatzen duena.

Ekonomia sustatzeko laguntzak ezartzen dituen ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuak Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren laguntza-programak finkatu zituen. Geroztik, zenbait aldaketa izan ditu, zenbait arlori eragin dietenak eta programetan atzemandako akatsak zuzentzea ekarri dutenak eta, horretaz gain, haren indarraldian agertu diren premia berriei aurre egiteko programa berriak sartzea ekarri dutenak.

Enpresen Kudeaketari buruzko Jakintzaren Elkartea laster Berrikuntzarako Euskal Agentziaren egituran sartuko denez, elkarte hori ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritako lehentasunezko klusterrei laguntzeko Programako diru-laguntza jaso dezaketen elkarteetatik kendu behar da.

Bestalde, aldatu egiten da herritar guztiek euskal turismo eskaintzarako aukera izatea sustatzeko neurriak bultzatzeko laguntzen programa, ekainaren 27ko 212/2000 Dekretuaren 30. artikuluan antolatutakoa, egoera diagnostikoa egiten zaien turismo enpresa bakoitzeko eredu-kontrastea, kasu askotan, zerbitzuak, ekipamenduak eta azpiegiturak egokitu beharra ekarriko baitu, eta, horretaz gain, euskal turismo enpresei laguntzak emateko, baldin eta administrazioak emandako jarraibideei eusten badiete eta irisgarritasuna bermatzeko erronkari aurre egiteko prest badaude.

Bestalde, euskal turismoko azpisektoreen kudeaketan kalitate eta bikaintasunaren ziurtagiria sustatzen duten ekimenei laguntzak emateko egitaraua gaurko egoerari egokitzeko eta sektore berriei jasotzeko aukera emateko xedez, aipameneko Dekretuaren 32 Quáter artikulua aldatzen da.

Ondorioz, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko urtarrilaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Ekonomia sustatzeko laguntzak ezarten dituen ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuaren 14. artikuluaren 3. paragrafoa aldatzen da —Lehentasunezko klusterrak laguntzeko Programa—. Honela geratuko da idatzita paragrafo hori:

"3.– Euskal Autonomia Erkidegoko lehentasunezko klusterretako enpresa-taldeek jaso ditzakete laguntzak, baldin eta ondoko sektoreren batekoak badira: areonautika, automozioko osagaiak, elektratresnak, energia, makina-erreminta, ingurumena, papera, informazioaren teknologiak, itsasketa, portuena eta ikus-entzunezkoak."

Bigarren artikulua.– Ekonomia sustatzeko laguntzak ezartzen dituen ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuaren 30. artikuluko 1., 2. eta 4. paragrafoak aldatzen dira. Artikuluak, zehatz mehats, herritar guztiek euskal turismo eskaintzarako aukera izatea sustatzeko neurriak sustatzeko laguntzen programa arautzen du. Honela geratzen dira idatzita:

"1.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden eta "Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo Eskaintzaren Irisgarritasunerako Ereduan" sartzen diren turismo establezimenduetarako irisgarritasuna hobetzeko jardueretarako dirulaguntzak emango dira. Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak diseinatu du eredua.

2.– Laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bidez gauzatuko dira, eta gehienez, dirulaguntzaren gai den inbertsioaren % 35 izango du muga diru-zenbateko garbiari dagokionez. Horrek ez du esan nahi muga hori eta proiektu eta onuradun bakoitzeko gehienez eman ahal izango den kopuru hori graduatzerik izango ez denik; graduazio hori dekretu hau garatzeko araudian ezarriko da.

4.– Laguntzak ordenan emango dira, espedientea osotzen den unearen arabera."

Hirugarren artikulua.– Ekonomia sustatzeko laguntzak ezartzen dituen ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuaren 30. artikuluko 2. eta 3. paragrafoak aldatzen dira. Artikuluak, zehatz mehats, herritar guztiek euskal turismo eskaintzarako aukera izatea sustatzeko neurriak sustatzeko laguntzen programa arautzen du. Honela geratzen dira idatzita:

"2.– Laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bidez gauzatuko dira eta onartutako gastuen % 75a izango dute muga. Horrek ez du esan nahi muga hori eta proiektu eta finantza erakunde bakoitzeko gehienez eman ahal izango den kopuru hori graduatzerik izango ez denik. Graduazio hori dekretu hau garatzeko araudian ezarriko da.

3.– Eskabidea egin behar denean Euskal Autonomia Erkidegoan dauden establezimenduen jabe diren eta geroago aipatzen diren tipologien barruan dauden erakunde publiko eta pribatuek eskuratu ahal izango dituzte diru-laguntzak. Tipologia honakoa da:

a) Hotelak, pentsioak eta turismo-apartamentuak.

b) Nekazal turismoa eta landetxeak.

c) Kanpinak.

d) Jatetxeak, tabernak eta kafetegiak.

e) Bidaia-agentziak.

f) Bainuetxeak.

g) Konbentzio buroak.

h) Kongresu jauregiak.

i) Turismo aktiboko enpresak.

j) Interpretazio zentroak.

k) Kongresuak antolatzeko enpresak (OPCak).

l) Turismo-lankidetzarako toki edo eskualde mailako erakundeak, nortasun juridiko propia dutenak.

Foru Aldundiak kanpo geratzen dira bai eta sozietate publikoak ere baldin eta sozietate horietan aldundiek edo Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoak partzuer-zatirik handiena badute. Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioari jarraituz enpresa txiki eta ertainen definizioan sartzen ez direnak, halaber, kanpo geratzen dira."

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko urtarrilaren 15ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.


Azterketa dokumentala