Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2007ko abenduaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
6829

AGINDUA, 2007ko azaroaren 29koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntza emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duena.

Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren (hemendik aurrera, GILOI) 27. artikuluan gizarte-laguntza batzuk bildu dira diru-baliabiderik ez duten genero-indarkeriaren biktimentzat, baldin eta, adinagatik, prestakuntza orokorrik eta espezializaturik ez dutelako eta zenbait gizarte-zirkunstantzia direla medio, haien enplegagarritasuna nabarmen ez dela hobetuko aurreikusten bada, nahiz eta haiek laneratzeko propio sortutako ekintza-programa espezifikoaren eraginpean jarri. Laguntza horien helburu nagusia zera da, biktimen eskura bizirauteko gutxieneko baliabideak jartzea, biktimei beren erasotzaileengandik banantzen ahalbidetzeko, eta laguntza horiek bateragarri izango dira Indarkeriazko Delituen eta Sexu Askatasunaren aurkako Delituen Biktimentzako Laguntzei eta Asistentziari buruzko abenduaren 11ko 35/1995 Legean aurreikusitako laguntzekin. Estatuaren Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko dira, eta gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak dituzten Administrazioek emango dituzte.

Horren haritik, GILOI legeak bere printzipio gidarietan (2. artikulua) adierazten duenez, Legearen bitartez helburu jakin batzuk lortzeko neurri multzo integrala antolatzen da, eta helburu horietako bat genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako eskubide ekonomikoak bermatzea da, haiek gizarteratzeko prozesua errazte aldera (e letra). Hala, eskubide ekonomiko horiek Lege horren II. Tituluaren IV. Kapituluan gauzatzen dira, 27. artikuluan bildutako gizarte-laguntzak barne.

Gizarte-laguntza horien helburua biktimen eskura bizirauteko gutxieneko baliabide batzuk jartzea da, enplegu bat lortu arte haien erasotzaileengandik banantzeko aukera izan dezaten, haien zirkunstantziak direla-eta (adina, prestakuntza orokorrik edo espezializaturik eza eta gizarte-zirkunstantziak) enplegu bat lortzeko zailtasunak edukiko dituztela aurreikusten baita. Horrenbestez, laguntza horiek gizarteratzeko helburua dutela hartzen da aintzat.

Abenduaren 2ko 1452/2005 Errege Dekretuaren bitartez, aipatutako Lege Organikoaren 27. artikuluaren diru-laguntzak garatzen dira. Errege Dekretu horretan laguntzen onuradunek bildu beharreko eskakizunak biltzen dira, baita eskakizun horiek egiaztatzeko modua, laguntzak tramitatzeko eta emateko organo eskudunak, eta, hala badagokio, laguntzak itzultzeko modua ere, eta 8. artikuluan laguntzen prozedura-arauak gizarte-zerbitzuen arloko eskumeneko Administrazioek ezarritakoak izango direla aurreikusten da.

Horrek guztiak beharrezko egiten du Gizarte Laguntzak emateko prozesua arautzea, eta gizarte-bazterketaren arloko eskumeneko Saila Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila dela aintzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari buruzko lehendakariaren ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 18ko 315/2005 Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusitako gaikuntza betez honakoa

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Agindu honen helburua genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura arautzea da, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2. artikulua.– Onuradunen eskakizunak.

1.– Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izango dute laguntza hori jasotzeko aukera, baldin eta, laguntza eskatzen duten egunean, honako eskakizun hauek betetzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egotea eta egiaz udalerri horretan bizitzea.

b) Indarrean dagoen erakunde arteko gutxieneko soldataren % 75etik gorako errentarik ez izatea (hilabeteko zenbaketan), bi aparteko ordainsarien zati proportzionala kontuan izan gabe.

c) Lana lortzeko zailtasun bereziak izatea; Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako Txostenaren bitartez egiaztatuko da.

d) Laguntza hori aurretik jaso ez izana.

2.– Aurreko paragrafoan bildutako eskakizunak eskabidea aurkezteko unean bete beharko dira, baita laguntza ematea ebazteko unean ere.

3. artikulua.– Genero-indarkeriaren egoera egiaztatzea.

Agindu honek arautzen duen diru-laguntzarako eskubidea aitortzea eragiten duten genero-indarkeriako egoerak bitarteko hauetako baten bitartez egiaztatuko dira:

a) Genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaia. Adierazitako epaian biktimaren aldeko babes-neurriak hitzartzen dira.

b) Biktimaren aldeko babes-agindua.

c) Salbuespen gisa, egoera hori Ministerio Fiskalaren txostenaren bidez egiaztatu ahal izango da. Txosten horretan jasota egongo da zantzuen arabera salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela, babesteko agindua ematen den bitartean.

4. artikulua.– Errentak zehaztea.

1.– Errenta-gabeziaren eskakizuna zehazteko, laguntzaren eskatzaileak dituen edo eduki ditzakeen errentak edo diru-sarrerak baino ez dira kontuan hartuko, eta beraz biktimarekin bizi diren familia-unitateko gainerako kideen errenta edo diru-sarrerak ez dira kontuan hartuko.

2.– Laguntzaren eskatzaileak familia-erantzukizunak baditu, errenta-gabeziaren eskakizuna betetzen duela hartuko da aintzat, baldin eta familia-unitate osoaren errenta, unitate hori osatzen duten kideen artean zatituta, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75 gainditzen ez badu.

3.– Genero-indarkeriaren biktimak lanetik eta higigarrien edo higiezinen kapitaletik lor ditzakeen ondasunak, eskubideak edo etekinak izango dira errenta edo diru-sarrera konputagarriak, ondarearen eta ekonomia-jardueren igoerak eta prestazio-arloko diru-sarrerak barne, Gizarte Segurantzak ardurapeko seme-alaba edo adingabeengatik emandako esleipen ekonomikoak izan ezik. Ondarearen zenbatekotik ken daitezkeen etekinak ere hartuko dira aintzat, eta horien balioari indarreko diruaren lege-interesaren tasaren % 50 aplikatuko zaio, biktima bizi ohi den etxebizitza eta kontuan hartutako errentei dagozkien ondasunak alde batera utzita.

4.– Hilabetetik gorako aldizkakotasunarekin jasotzen diren lanetik aparteko errentak kontuan hartuko dira, eta hilero hainbanatuko dira.

5. artikulua.– Enplegu Zerbitzu Publikoaren txostena.

Enplegu Zerbitzu Publikoak, genero-indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan ezarritako diru-laguntza arautzen duen abenduaren 2ko 1452/2005 Errege Dekretuaren 5. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Agindu honen 2.c) artikuluan aipatutako enplegagarritasun-txostena landuko du.

6. artikulua.– Familia-erantzukizunak.

1.– Onuradunak bere ardurapean gutxienez odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaide bat baldin badu eta harekin bizi bada, familia-erantzukizunak egongo dira. Lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako edonolako errentak (aparteko bi ordainsarien zati proportzionala alde batera utzita) dituzten ahaideak ez dira biktimaren ardurapeko ahaidetzat hartuko.

2.– Familia-erantzukizunak eskabidearen unean gertatu beharko dira, seme-alabak hurrengo hirurehun egunetan jaiotzen diren kasuetan izan ezik. Kasu horretan, jasotako laguntzaren zenbatekoa berraztertuko da, eskabidearen egunean erantzukizun horiek gertatu balira zegokiokeen zenbatekora egokitzeko.

3.– Nolanahi ere, bizikidetza genero-indarkeriaren egoeratik eratorritako arrazoiak direla-eta eteten bada ere bizikidetza dagoela hartuko da aintzat.

4.– Bizikidetzaren eskakizuna ez da beharrezkoa izango hitzarmenaren edo ebazpen judizialaren bitartez elikagaien betebeharra indarrean badago. Ahaideek Gizarte Segurantzaren laguntza sanitarioa jasotzen dutela egiaztatzen badute biktimaren izenean ageri den dokumentua aurkeztuz, bizikidetza dagoela hartuko da aintzat, aurkako probarik izan ezean.

7. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Laguntzak, oro har, langabezia-sorospeneko sei hilabeteko zenbatekoa izango du.

2.– Genero-indarkeriaren biktimak familia-erantzukizunak baldin baditu, laguntzak honako zenbateko hau izango du:

a) Langabezia-sorospeneko hamabi hilabete, biktimak bere ardurapean ahaide bat edo hartutako adingabe bat baldin badu.

b) Langabezia-sorospeneko hemezortzi hilabete, baldin eta biktimak bere ardurapean bi ahaide edo hartutako adingabe edo gehiago, edo ahaide bat eta hartutako adingabe bat baditu.

3.– Genero-indarkeriaren biktimari % 33ko edo hortik gorako ezintasun-maila ofizialki onartu badiote, laguntzak honako zenbateko hau izango du:

a) Langabezia-sorospeneko hamabi hilabete, biktimak familia-erantzukizunik ez badu.

b) Langabezia-sorospeneko hemezortzi hilabete, biktimak bere ardurapean ahaide edo hartutako adingabe bat badu.

c) Langabezia-sorospeneko hogeita lau hilabete, baldin eta biktimak bere ardurapean bi ahaide edo hartutako adingabe edo gehiago, edo ahaide bat eta hartutako adingabe bat baditu.

4.– Genero-indarkeriaren biktimak bere ardurapean % 33ko edo hortik gorako ezintasun-maila ofizialki onartu dioten ahaide bat edo hartutako adingabe bat badu, laguntzak honako zenbateko hau izango du:

a) Langabezia-sorospeneko hemezortzi hilabete, biktimak bere ardurapean ahaide edo hartutako adingabe bat badu.

b) Langabezia-sorospeneko hogeita lau hilabete, baldin eta biktimak bere ardurapean bi ahaide edo hartutako adingabe edo gehiago, edo ahaide bat eta hartutako adingabe bat baditu.

5.– Familia-erantzukizunak dituen genero-indarkeriaren biktimari edo haren ardurapean eta harekin bizi den ahaideari edo hartutako adingabeari % 65eko edo hortik gorako ezintasun-maila onartu badiote, laguntzak langabezia-sorospeneko hogeita lau hilabeteko zenbatekoa izango du.

6.– Genero-indarkeriaren biktimari eta haren ardurapean eta harekin bizi den ahaideari edo hartutako adingabeari % 33ko edo hortik gorako ezintasun-maila onartu badiote, laguntzak langabezia-sorospeneko hogeita lau hilabeteko zenbatekoa izango du.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Laguntzaren eskabideak genero-indarkeriaren biktima den emakumea bizi den udalerriko Udaletxean aurkez daitezke, edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bitartekoak erabiliz.

2.– Babes-agindua, Ministerio Fiskalaren Txostena edo, hala badagokio, kondena-epaian ezarri diren eta Agindu hau indarrean hasi ondoren eman diren emakumea babesteko neurriak indarrean dauden bitartean eskatu ahal izango da laguntza.

9. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzei buruzko eskabideak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzaren Lurralde Ordezkaritzetan edo Sail horretako Gizarteratze Zuzendaritzan emango diren instantzia normalizatuen bitartez gauzatuko dira, edo bestela www.juslan.ejgv.euskadi.net Interneteko helbidetik deskargatuko dira, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Gizarteratze zuzendariari bidaliko zaizkio.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskatzailearen eta ardurapeko ahaide edo hartutako adingabeen —nahitaez eduki behar badute— Nortasun Agiri Nazionalaren, pasaportearen edo antzeko egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzen duen dokumentua, Agindu honen 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

c) Eskatzailearen erroldatze-ziurtagiri eguneratua, etxean bizi diren pertsona guztien zerrendarekin. Laguntza-eskabidea aurkezten den eguna baino hilabete bat baino lehenago emandako erroldatze-ziurtagiriak ez dira onartuko.

d) Familia Liburuaren fotokopia konpultsatua.

e) Tutoretzari buruzko epai irmoaren kopia, halakorik badago.

f) Eskatzaileak bere ardurapean harrera-egoeran dauden adingabeak baditu, harrera judizialaren edo administratiboaren dokumentuaren kopia konpultsatua.

g) Banantze- edo dibortzio-kasuetan, Hitzarmen Erregulatzailearen kopia konpultsatua.

h) Eskatzaileari edo haren ardurapeko pertsonei % 33ko edo goragoko ezintasuna onartu bazaie, indarreko ezintasun-mailaren berri ematen duen ziurtagiriaren fotokopia aurkeztu beharko da, eskumeneko Erakundeak emana.

i) Eskatzailearen eta haren ardurapeko bizikidetza-unitateko kideen Pertsona Fisikoen gaineko Zergaren eta Ondarearen gaineko Zergaren azken aitorpena.

Salbuetsita daudelako PFEZren aitorpena egin ez dutenek salbuetsita daudela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri hori dagokion Erakundeak eman beharko du.

j) Eskatzailearen eta haren ardurapeko bizikidetza-unitateko kideen hileko diru-sarrera guztien egiaztagiria.

k) Hirugarren interesdunaren datuen altari buruzko fitxa, eskatzaileak sinatuta eta dagokion banketxeak sinatuta eta zigilatuta.

l) Pertsona eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez dagoela biltzen duen zinpeko aitorpena.

3.– Eskabidean Gizarterazte Zuzendaritzari baimena eman ahal izango zaio Foru Diputazioetatik aurreko paragrafoaren h) eta i) letretan aurreikusitako dokumentazioa jaso dezan.

10. artikulua.– Eskabidearen akatsak zuzentzea eta dokumentazio osagarria aurkeztea.

1.– Diru-laguntza eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, eskabidearen akatsa zuzen dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio agindutakoa bete ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskabideari buruzko Ebazpena esanbidez eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1. eta 42.1. artikuluetan xedatutakoa betez.

2.– Orobat, Gizarteratze Zuzendaritzak eskubidea izango du interesdunei behar adina datu eta dokumentu eskatzeko, prozeduraren edozein unetan.

11. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena eta errekurtsoak.

1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Gizarteratze Zuzendaritza izango da prozeduraren instrukzioa egiteko eta ebazpena emateko eskumeneko organoa.

2.– Diru-laguntzak Gizarteratze zuzendariak eman edo ukatuko ditu, esanbidezko Ebazpenaren bitartez.

Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Gizarteratze eta Familia sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko epeak hiru hilabete iraungo du gehienez, eskabide hori tramitatzeko eskumena duen organoaren Erregistroan sartuko den unetik zenbatzen hasita. Epe hori amaituta esanbidezko ebazpena ematen ez bada, laguntza-eskabidea onartutzat hartuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Eskabidea zuzentzen edo hobetzen bada, epea zenbatuko da azken zuzenketa edo hobekuntza eskumeneko organoaren erregistroan sartzen den unetik aurrera.

4.– Laguntza-eskabidea azkenean ukatzen bada eskakizunen bat betetzen ez delako, berriz ere eskatzeko aukera izango da, baldin eta lehen ukatzea eragin zuten zirkunstantzietan aldaketaren bat gertatzen bada.

12. artikulua.– Laguntzaren ordainketa.

Laguntza onartu eta berehala ordainduko da, ordainketa bakar batean, eskabidea betetzean eskatzaileak zehazten duen bere titulartasuneko banku-kontuan. Horretarako, kontu horrek indarrean egon beharko du espedientea amaitzen ez den bitartean, eta eskatzaileari zuzenean egotzi beharreko arrazoiak direla-eta ordainketa egitea ezinezkoa bada, Administrazioak ez du horri buruzko erantzukizuna bere gain hartuko.

13. artikulua.– Zenbatekoa berraztertzea.

1.– Emandako laguntzaren goranzko berraztertzea hartuko da aintzat, baina eskatzailearen seme-alabak lehen laguntza-eskaintzaren ondoko hirurehun egunen barruan jaiotzen badira soilik.

2.– Zenbatekoa berraztertzeko eskabidea hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da jaiotze-egunetik zenbatzen hasita, honako dokumentazio honekin batera:

a) Eskatzailearen seme-alaben jaiotze-agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Laguntza eman ondoren jaiotako seme-alabetako bat ezindua bada, alegatutako ezintasunak jaso diren ziurtagiri ofizialen fotokopia konpultsatua.

3.– Berraztertze-eskabide horri agindu honetan aurreikusitako prozedura orokor osoa aplikatuko zaio.

14. artikulua.– Laguntza lortzeko baldintzak aldatzea.

Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntza ematerakoan zeuden baldintzetakoren bat aldatzen bada —betiere laguntzaren xedea betetzat joz gero—, edo laguntza horrekin batera, administrazio honek edo beste batek edo beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntza edo laguntzak ere jaso badira. Baina, betiere, beharrezkoa izango da Agindu honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzea. Horretarako, Gizarteratze Zuzendaritzak aldaketa egiteko Ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

15. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago laguntza jaso duen pertsona onuraduna, edo Agindu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan zein ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Gizarteratze zuzendariak Ebazpen bat emango du; horren bitartez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako laguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek herri-dirutzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.

16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarteratze zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren edo epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarteratze zuzendariaren ebazpenaz amaiera emango zaio itzultze-prozedurari.

Laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

Ebazpenak ez-betetzea izan dela baiesten badu, laguntza jasotzeko eskubidearen galera deklaratuko du eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli beharra, gehienez Ebazpena jakinarazten denetik bi hilabeteko epean. Borondatezko aldiko epe gisa kontuan hartuko da epe hori.

c) Borondatezko aldian ez itzultzea Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, legezko araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraiki ekin diezaion premiamendu-bidetik.

17. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza jasotzea bateraezina izango da administrazio publikoak edo haren erakunde, entitate edo sozietateek, zein xede berbera duen edozein entitate pribatuk ezarritako beste laguntza bat jasotzearekin, hurrengo paragrafoan ezarritakoa bazter utzi gabe.

2.– Indarkeriazko Delituen eta Sexu Askatasunaren aurkako Delituen Biktimentzako Laguntzei eta Asistentziari buruzko abenduaren 11ko 35/1995 Legean aurreikusitako laguntzekin baino ez da bateragarria izango xedapen honetan araututako prestazioa.

3.– Eskatzaileak laguntzak jasotzen baditu abenduaren 11ko 35/1995 Legearen babesean, laguntza horiek diru-sarreratzat joko dira, Agindu honen 4. artikuluan ezarritako errenta-gabeziako eskakizuna betetzen duen edo ez ebazteko.

18. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Eskabideetan bildutako datuak eta laguntza-espedienteen jarraipenetik eratortzen direnak tratatzeko aukera izango da, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, eta datu horiek horrelako laguntzen prestazioan iruzurraren aurkako borrokan diharduten Erakundeei lagatzeko aukera izango da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Finantziazioa eta aurrekontu-egoztea.

1.– Onartu eta ordaintzeko prozedura Agindu honen arabera araututa daukaten laguntzak Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko dira, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoko 27.3 artikuluan eta abenduaren 2ko 1452/2005 Errege Dekretuko 8.3 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Aipatutako ordainketa horiek aurreratu ahal izateko eta publikotasun-printzipioa betetzeko, aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran Gizarteratze zuzendariak Ebazpena emango du, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitutako zuzkiduraren berri emateko.

Aurrekontu-ekitaldi baten barruan emango diren diru-laguntzen zenbateko osoa ez da esleipen hori —edo hori eguneratzearen emaitza— baino handiagoa izango, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen aurrekontu-araubidearen arabera. Horren guztiaren berri, gainera, Gizarteratze zuzendariaren Ebazpenez emango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

2.– Diru-laguntzak ez dira onartuko baldin eta aurrekontuan helburua betetzeko behar beste krediturik ez balego, eta, hartara, dekretu honen eraginkortasuna diru-laguntzak emateari dagokionez bertan behera geratuko litzateke. Hori guztia aintzat hartuta, Agindu hau indarrean dagoen bitartean, ekitaldi ekonomiko batean esleitutako kreditua agortzen bada, administrazio-ebazpena emango da horri publizitatea emateko. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, bertan, aipatutako kreditua noiz agortu den adieraziko da.

3.– Aurrekontu-ekitaldi batean laguntzak jasotzeko eskaerei erantzuterik ez badago ekitaldi horren aurrekontu-kredituak kontuan hartuta, eskaera horiek hurrengo ekitaldiko kredituei esleitzeko aukera izango da, eskaera berriz ere zertan aurkeztu gabe, baldin eta eskaera horiek Agindu honetan laguntzak lortzeko ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

Bigarrena.– 2007ko ekitaldirako Aurrekontu Zuzkidura.

Agindu honetako Lehen Xedapen Gehigarriko lehen paragrafoan aurreikusitakoa betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 50.000,00 euroko aurrekontu-zuzkidura esleitu da 2007. urterako, aurreikusitako laguntzak ordaintzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Interpretazioa eta aplikazioa.

Gizarteratze zuzendariari eskumena ematen zaio Agindu hau garatu eta betearazteko beharrezkotzat izango diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.– Arautegi ezargarria.

Agindu honetan aurreikusi ez den orotan, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan, Lege horren 27. artikuluan ezarritako diru-laguntza arautzen duen abenduaren 2ko 1452/2005 Errege Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoa hartuko da aintzat.

Hirugarrena.– Indarrean hastea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko azaroaren 29a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

GENERO INDARKERIAREN BIKTIMEI DIRU-LAGUNTZA EMATEKO ESKABIDEA
betiere nahikoa baliabiderik ez dutela eta enplegu bat lortzeko zailtasun bereziak dituztela egiaztatzen badute, 2007ko azaroaren 29ko Aginduaren arabera (2007ko abenduaren 7ko EHAA)

1.– ESKATZAILEAREN DATUAK

1.1.– Pertsonalak

Lehen abizena	Bigarren abizena	Izena

Jaioteguna	NAN	Nazionalitatea

Helbidea (Kalea/Plaza)	Zk.	Solairua	Blokea

Posta kodea	Herria	Telefonoa

1.2.– Ezintasunari buruzko datuak

Aintzat hartuta al duzu ezindua zarela, edo aintzat hartuta al duzu ezintasun osoagatiko, erabateko ezintasunagatiko edo baliaezintasun hadiagatiko pentsiorik?

Ezintasuna 	BAI	EZ

Pentsioduna 	BAI	EZ

Baietz erantzun baduzu, adieraz itzazu ezintasun-ziurtagiria eman zizuteneko data edo pentsioa aintzat hartzeko ebazpenaren data eta agiri horiek eman dituen Erakundea:

	––––––––––––––––––––––––––	 ––––––––––––––––––––––––––	––––––––––––––––––––––––––

	Emate-data	Eman duen erakundea	Aintzat hartutako maila

1.3.– Datu ekonomikoak

Ba al duzu diru-sarrera edo errenta propiorik? BAI EZ

1.3.1.– Laneko diru-sarrerak edo prestazioak

	Kontzeptua	Urteko zenbatekoa	Enpresa /Erakundea

1.3.2.– Kapital errentak

	Kontzeptua	Urteko zenbatekoa	Enpresa /Erakundea

2.– ESKATZAILEAREN KARGURA DAUDEN AHAIDEEN DATUAK (Eskatzaileak familia-ardurak baditu betetzeko)

ESKATZAILEAREKIN BIZI DIREN ETA BERE KARGURA DAUDEN PERTSONAK

1.– Ezintasunen bat aintzat hartua du? BAI EZ Ezintasun iraunkorragatiko pentsioduna da? BAI EZ

Izena Abizenak NAN Jaioteguna Eskatzailearekiko ahaidetasuna Ezintasun-maila

LANEKO DIRU-SARRERAK EDO PRESTAZIOAK KAPITAL ERRENTAK

Kontzeptua Urteko zenbatekoa Kontzeptua Urteko errendimendua

2.– Ezintasunen bat aintzat hartua du?BAI EZ Ezintasun iraunkorragatiko pentsioduna da? BAI EZ

Izena Abizenak NAN Jaioteguna Eskatzailearekiko ahaidetasuna Ezintasun-maila

LANEKO DIRU-SARRERAK EDO PRESTAZIOAK KAPITAL ERRENTAK

Kontzeptua Urteko zenbatekoa Kontzeptua Urteko errendimendua

3.– Ezintasunen bat aintzat hartua du? BAI EZ Ezintasun iraunkorragatiko pentsioduna da? BAI EZ

Izena Abizenak NAN Jaioteguna Eskatzailearekiko ahaidetasuna Ezintasun-maila

LANEKO DIRU-SARRERAK EDO PRESTAZIOAK KAPITAL ERRENTAK

I. ERANSKINA / ANEXO I

DATUEN ALTA/HIRUGARREN INTERESATUA

ALTA DE DATOS/TERCERO INTERESADO

HIRUGARRENAREN EZAGUPENERAKO DATUAK

DATOS IDENTIFICATIVOS DEL TERCERO (A)

(1)	NAN/IFZ

	DNI/CIF 	

(2)	Bi abizenak eta izena / Sozietatearen izena

	Dos apellidos y nombre / Razón Social 	

HELBIDERATZE-DATUAK

DATOS DE DOMICILIZACIÓN (B)

Helbidea

Domicilio 	

Posta kodea	Udala

Código postal

Población 	

Lurraldea

Provincia 	

BANKUAREN DATUAK

DATOS BANCARIOS (C)

(1)	Bankua

&#9;Banco&#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" nnnn

(2)&#9; Agentzia

&#9;Agencia&#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" nnnn

(3)&#9; K.D.&#9;&#9;K/Korrontea

&#9;D.C.&#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" nn &#9;C/Corriente&#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" nnnnnnnnnn

(4)&#9; Jabea

&#9;Titular &#9;

&#9;Bankuaren adostasuna&#9;Hirugarrenaren adostasuna&#9; Sailaren onespena&#9; Kontabilitatearen onespena

&#9; Conforme banco&#9;Conforme tercero&#9;VºBº departamento &#9;VºBº contabilidad

&#9;Sinadura eta zigilua&#9;Sinadura eta zigilua&#9; Baimendutako sinadura &#9; Baimendutako sinadura

&#9;&#9;&#9;eta zigilua

&#9; Sello y firma (D)&#9;Sello y firma (E)&#9; Sello y firma autorizada (F)&#9;Firma autorizada (G)

&#9; &#9;&#9;&#9;&#9;

Datu pertsonaiak babesteko 15/1999 lege Organikoan ezarritakoa batez, Ogasun eta herri Administrazio Sailak jakinarazten dizu, dokumentu/Inprimaki/formulario honen bitartez jarri dituzun zure datu pertsonaiak fitxategi automatizatu baten sartuko ditugula, ondoren, erabili ahal izateko.

Aipatutako Lege horretan jasotzen den moduan, datuok ikusi, zuzendu edo ezabatu nahi dituzula edo ez dituzula jarri nahi adierazteko, honako helbide honetara jo dezakezu: Ogasun eta herri Administrazio Saileko Zerbitzu Zuzendaritza, Donostia kalea, 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

En cumplimiento de lo dispuesto en la Ley Orgánica 15/1999 de protección de datos de Carácter personal, el Departamento de Hacienda y administración Pública, le informa que su datos personales obtenidos mediante la cumplimentación de este documento/impreso/formulario, van a ser incorporados para su tratamiento en un fichero automatizado.

Si lo desea, puede ejercitar los derechos de acceso, rectificación, cancelación y oposición, previstos en la ley, ante la Dirección de Servicios del Departamento de Hacienda y Administración Pública: calle Donostia-San Sebastián, 1- 01010 Vitoria-Gasteiz.

Eskatzaileak

BERE ARDURAPEAN ADIERAZTEN DU eskabide honetan emandako datuak egiazkoak direla eta ez duela ez eskatu, ezta jaso ere, abenduaren 28ko 1/20004 Lege Organikoaren 27. artikuluan bildutako beste laguntzarik, ez Euskal Autonomia Erkidegoarengandik, ezta bestelako Administrazio Publikorengandik ere.

BAIMENA EMATEN DIO Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Gizarteratze Zuzendaritzari Agindu arautzailean 9. artikuluaren h) eta i) hizkietan aurreikusitako dokumentazioa Foru Aldundiei eskatzeko edo dokumentazio hori egiaztatzeko.

BAIMENA EMATEN DU adierazi dituen datu pertsonalei buruzko kontsultak egiteko, horiei buruzko egiaztapenak egitearren, baita datu horiek beste Administrazio Publikoei emateko ere, Agindu honetan araututako laguntzen eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko legearen barruan burutu beharreko izapideak egitearren eta kudeaketa kontrolatzearren.

JAKITUN GERATU NAIZ Gizarteratze Zuzendaritzari aurrerantzean gertatzen den edozein aldaketaren berri ematera behartuta nagoela.

, 2007ko aren (a)
Sin.:

ESKABIDEARI ERANTSI BEHARREKO DOKUMENTUAK

DOKUMENTAZIO ORIGINALA ETA HORIEN FOTOKOPIAK AURKEZTU BEHARKO DIRA, KONPULTSATZEKO

Markatu x batez aurkeztutako dokumentazioa

ESKATZAILEAREN dokumentazioa

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazioanala, pasaportea, edo horien pareko dokumentu egiaztagarria &#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" SIZE=5>n

b) Babes-neurriak erabaki dituen kondena-epaia, biktima Babesteko Agindua edo, salbuespenez, Fiskaltzak

genero-indarkeriaren zantzuak atzeman dituela adierazten duen txostena egiaztatzeko dokumentua&#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" SIZE=5>n

c) Enplegu Zerbitzu Publikoaren nahitaezko txostena &#9;<FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" SIZE=5>n

d) Eskatzailearen errolda-ziurtagiri eguneratua, helbide horretan bizi diren pertsona guztien zerrenda adierazita&#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" SIZE=5>n

e) Eskatzailearen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Ondarearen azken aitorpena, edo, hala

badagokio, aitorpena egitera behartuta ez dagoela adierazten duen ziurtagiria &#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" SIZE=5>n

f) Bananduta edo dibortziatuta badago, hitzarmen arau-emailearen kopia konpultsatua &#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" SIZE=5>n

g) Eskatzaileak hilero dituen diru-sarrera guztien justifikazioa &#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" SIZE=5>n

h) Eskatzailearen ezintasunari buruzko ziurtagiria, hala badagokio &#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" SIZE=5>n

ESKATZAILEAREN KARGURA DAUDEN ahaideen dokumentazioa

a) Eskatzailearen kargura dauden familiako kideen Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo dokumentu

egiaztagarria. Adingabeen kasuan, Familia Liburua aurkeztuko da eta, hala badagokio, harrera judizialaren edo

administratiboaren dokumentuaren kopia konpultsatua &#9;<FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" SIZE=5>n

b) Eskatzailearen kargura dauden ahaideen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Ondarearen azken

aitorpena, edo, hala badagokio, aitorpena egitera behartuta ez daudela adierazten duen ziurtagiria &#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" SIZE=5>n

c) Eskatzailearen kargura dauden familiako kide guztien hileroko diru-sarrera guztien frogagiria &#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" SIZE=5>n

d) Eskatzailearen kargura dauden pertsonen ezintasunari buruzko ziurtagiria &#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,ZapfDingbats" SIZE=5>n


Azterketa dokumentala