Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2007ko azaroaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
6314

AGINDUA, 2007ko urriaren 15ekoa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuarena; honen bidez, 2007ko deialdia egiten da kontsumorako eta hazitarako pataten nekazaritza-ekoizleen elkarteei laguntza emateko, urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuan ezarritakoari jarraiki.

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ekoizleen elkarteei eta haien bateratzeei buruzko urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuaren bidez, oinarrizko arauak ezarri dira Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpena batera merkaturatzen duten nekazaritza-ekoizleen elkarteak eta haien bateratzeak aintzatesteko.

Dekretu horren 8. artikuluaren arabera, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak (orain, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburua denak) emandako aginduaren bidez, besteak beste, laguntza-araubide jakin bat ezar daiteke produktu edo produktu-multzo bakoitzerako, elkarteak edo bateratzeak eratzeko eta/edo funtzionatzeko.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen Araubideari buruz indarrean dauden lege-xedapenen Testu Bategina onetsi duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2007ko Aurrekontu Orokorrak onetsi dituen abenduaren 28ko 9/2006 Legeak bide ematen dute aurtengo laguntzen deialdia egiteko.

Hori dela eta, hauxe

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen bidez, 2007rako laguntzak eskaintzen dira kontsumo eta hazitarako patataren nekazaritza-ekoizleen elkarteen ekoizpen- eta merkataritza-egiturak hobetze aldera.

2.– Laguntza horiek Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1857/2006 EE Erregelamenduak xedatutakoaren barruan daude. Erregelamendu hori nekazaritzako produktuak ekoizten jarduten duten enpresa txiki eta ertainentzako Estatuko laguntzei EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, eta 70/2001 EE Erregelamendua aldatu du.

Bigarrena.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Diru-laguntza funtzionamendu-gastuetarako eman ahal izango da; eta honako hauek hartuko dira halakotzat:

a) Nekazaritzako elikagaien arloko lanbide arteko erakundeek urtean dituzten funtzionamendu-gastuak; hauek hartuko dira halakotzat:

– Administrazio-gastuak, honakoak barne hartuta: administrazioko langileen eta langile teknikoen soldatak eta alokairuak; elkartearen kargurako Gizarte Segurantza; lanerako kontratatu diren langileen aldeko bizitza, istripu, edo erantzukizun zibileko aseguruak, prestakuntza eta garraioa; eta zerbitzuen errentamenduko kontratua duten langileen ordainsariak. Berariaz utzi dira alde batera langileen bidezko edo bidegabeko kaleratzea dela-eta dauden kalte-ordainen gastuak.

– Erakundeen euren langileen eta erakunde horietako zuzendaritza-batzordeko kideen dietak eta bidaia-gastuak, beren eginkizunak betetzen egindako bidaienak: zerbitzu-arrazoiengatik eragindako kalteen ordainei buruzko irailaren 2ko 16/1993 Dekretuan 2. multzorako ezarritako zenbatekoa, gehienez ere.

– Errentamenduak eta kanonak.

– Konponketak eta zainketa.

– Bulegoko materiala.

– Hornidurak.

– Jakinarazpenak eta garraio-kostuak.

– Arlo tekniko eta juridikoko eta kontabilitate-, zerga- eta lan-arloetako kanpoko aholkularitza eta kontu-auditorien gastuak. Aurkeztutako funtzionamendu-gastuen guztizko aurrekontuaren % 25 gainditzen ez duten kanpoko aholkularitza-gastuak baizik ez dira diruz lagunduko.

b) Azterlan eta jarduera esperimentalak egiteko gastuak, sektorearen jardueraren egoera eta baldintza sozio-ekonomikoak bultzatzeko eta hobetzeko egiten direnean.

2.– Nolanahi ere, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak erakundearen funtzionamendurako edo ordezkaritzarako beharrezko edo funtsezko irizten ez dien gastuak ez dira hemen sartuko, laguntzak emateko orduan.

Hirugarrena.– Laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu elkarteak 2006-2007ko kanpainan merkaturatu dituen patataren eta bere deribatuen balioaren % 5, fekula alde batera utzita; eta, era berean, ezin izango du gainditu diruz lagundu daitezkeen kostuen % 100, ez eta 100.000 euroko kopurua ere.

Laugarrena.– Onuradunak.

Agindu honetan ezarrita dauden laguntzak kontsumo edo hazitarako patataren nekazaritza-ekoizleen elkarteek jaso ahal izango dituzte, betiere, urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretua aplikatuz halakotzat onartuta badaude eta, diruz laguntzeko moduko gastuak egiteaz gain, ezarrita dauden eskakizunak betetzen badituzte.

Bosgarrena.– Betekizunak.

Patataren nekazaritza-ekoizleen elkarteek, ondoren aipatuko ditugun betekizun hauek betetzen badituzte, agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte; hona hemen betekizun horiek:

a) Urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretua aplikatuz, halakotzat onartua izatea eta Nekazaritza Ekoizleen Elkarteen eta beren Bateratzeen Erregistroan inskribatuta egotea.

b) 2006-2007ko kanpainan patatak merkaturatu izana.

c) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.

d) Irabazteko asmorik ez izatea.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

f) Ez egotea ezein zigor-prozeduratan edo diru-laguntzak itzultzeko prozeduratan sartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako gisa honetako diru-laguntzak direla-eta hasitakoetan, alegia, edo horregatik hasitako era horretako prozedurak amaiturik egotea.

Seigarrena.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Laguntza-eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bidali behar zaizkio; eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) aurkez daitezke, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38.4. artikuluan ezarritako tokietako batean.

2.– Agindu honen eranskinetan agertzen diren eskabide normalizatuen inprimakietan aurkeztu behar da eskaera, eta, eskaerarekin batera, ondoren aipatzen diren agiriak ere bai. Lehendik Administrazioaren eskuan dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko. Hona agiriak:

a) Legezko ordezkariaren NANaren eta ahalordetze-eskrituraren fotokopia.

b) Ekoizleen Elkartea halakotzat onartzen duen Ebazpenaren kopia konpultsatua.

c) Nekazaritzako Ekoizleen Elkarteen eta beren Bateratzeen Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

d) Elkartearen estatutuen kopia konpultsatua.

e) Legezko ordezkariaren ziurtagiria, eta, bertan, merkaturatutako ekoizpenaren bolumena eta balioa, eta erosketen eta gastuen kontabilitate-laburpenaren kopia.

f) 2006ko kanpainako emaitzen kontuaren edo balantzearen kopia.

g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

h) Zinpeko aitorpena, aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla aitortuz, bai eta beste hauek ere aitortuz: diru-laguntza edo laguntza publikoen arloan arau-haustea egiteagatik zigor administratibo irmorik ez zaiola ezarri Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Printzipio Arautzaileei buruzko Legea aplikatuz; sexuagatiko bereizkeria dela-eta zigor administratiborik edo penalik ez zaiola ezarri; eta, era berean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legeari jarraiki dauden laguntzen eta diru-laguntzen deialdian aurkezteko debekuaren zigorrik ez zaiola ezarri.

3.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, akatsa zuzentzeko edo erantsi beharreko agiriak eransteko eskatuko zaio interesatuari, eta horretarako hamar eguneko epea duela adieraziko zaio; orobat adieraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela pentsatuko dela, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak ebazpena eman ondoren Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 42. artikuluak ezarritakoaren arabera.

4.– Nolanahi ere, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edota informazio guztia eskatu ahal izango dio enpresa eskatzaileari. Arau honetan berariaz xedatu ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Zazpigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea izango da gehienez ere, Agindu hau indarrean sartzen den egunetik kontatzen hasita.

Zortzigarrena.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria da eskudun dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzeko.

2.– Diru-laguntzak emateko prozedura honelakoa izango da: laguntza emango zaie Agindu honetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztiei, Agindu honen hirugarren puntuan laguntzari dagokionez ezartzen den gehieneko muga aintzat hartuta.

3.– Baldin eta Agindu honen bederatzigarren puntuan ezarritako erabateko zuzkidura ez bada aski aurkezten diren eskabide guztietarako (Agindu honen hirugarren zenbakian ezarritako zenbatekoaren arabera, esan nahi da), orduan, zuzkidura hori eskakizunak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da, hasieran haietako bakoitzarentzat kalkulatu ziren kopuruen arabera, baina osorik ordaintzeko behar den guztizko zenbatekoari zegokiokeen proportzio berean.

Bederatzigarrena.– Ebazpena.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari dagokio laguntza-eskabidea emateko edo ukatzeko ebazpena ematea; ebazpen hori arrazoitua izango da, eta esleituko den diru-laguntza aipatu beharko du, gutxienez.

2.– Agindu hau indarrean sartu eta hiru hilabete igaro aurretik eman eta jakinarazi beharko da ebazpena. Epe horretan berariazko ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluaren arabera.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak laguntza emateko edo ukatzeko emandako ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritza eta Arrantza Garapeneko sailburuordeari; eta horretarako hilabeteko epea izango du, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 114. eta 115. artikuluetan xedatuarekin bat etorriz.

4.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da agindu honen itzalpean laguntza jasoko duten elkarteen zerrenda, zeinek bere laguntzaren zenbatekoa zehaztuta duela, jendaurrean jakinarazte aldera.

Hamargarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Laguntza zertarako eman den, horrexetarako erabili behar dute.

b) Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren esku jarri behar dituzte inbertsioa eta gastuak egin direla frogatzeko behar diren agiri guztiak.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzak nola erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren egiaztatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete.

d) Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortuz gero helburu bererako, horren berri eman behar diote idatziz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari.

e) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri eman behar diote idatziz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Printzipio Arautzaileei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak 50. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

Hamaikagarrena.– Finantziazioa.

1.– Laguntza hauetarako 100.000 euroko aurrekontu-kreditua dago, berariaz diru-sail bat izendatu baita Euskal Autonomia Erkidegoaren 2007ko Aurrekontu Orokorrean, hain zuzen ere, Nekazaritza eta Arrantza Atalean.

2.– Zenbateko hori aldatu egin daiteke, eskatutako laguntzen erabateko kopurua kontuan izanez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren beste laguntza-egitarau batzuk gauzatzean agortu gabe geratutako aurrekontu-baliabideen bitartez. Aldatzekotan, aurrekontu-baliabide horiek ebatzi baino lehen aldatu beharko da zenbatekoa. Hala gertatuz gero, Nekazaritza eta Arrantza Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

Hamabigarrena.– Inbertsioaren justifikazioa.

1.– Emandako laguntza gastatu dela egiaztatzeko, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko zaizkio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eskabidea aurkeztu ondoko urteko maiatzaren 31 baino lehen.

2.– Gastuaren frogagiriak eskabidea aurkeztu den urtekoak izango dira.

Aparteko kasuetan, enpresak eskaturik eta abian den urteko abenduaren azken hamabostaldia baino lehen justifikatuz gero, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak gastuak gauzatzeko epea luzatu ahal izango du, hasieran onetsitako diru-laguntza bere hartan utzita.

3.– Agiriek jatorrizkoak izan behar dute edo, bestela, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak konpultsatutako fotokopiak.

4.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak beste agiri batzuk ere eskatu ahal izango ditu, egoki iritziz gero; eskatzean arrazoiak azaldu beharko ditu.

Hamahirugarrena.– Ordainketa.

1.– Ordainketa bakarra izango da, eta gastua justifikatu ondoren egingo da. Horretarako, aurreko artikuluan aipatutako agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Laguntza ordaintzeko epea hiru hilekoa izango da, gastuaren frogagiriak behar bezala aurkezten direnetik hasita.

3.– Eskatzaileei ez zaie esleitutako laguntzarik ordainduko, baldin eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako gisa honetako diru-laguntzengatik, zigor-prozeduraren edo diru-laguntzak itzultzeko prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

Hamalaugarrena.– Diru-laguntzako baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo diru-laguntzaren bat emanez gero, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta liteke horren ondorioz diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Ondorio horietarako, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak behar den likidazio-ebazpena emango du, eta bertan diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doituko dira. Beharrezkoa izanez gero, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako itzulketa-prozedura abiaraziko da.

2.– Baldin eta gastuaren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino gutxiago bada, diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpenaren bidez, eta gero diru-laguntzaren portzentajea oinarri txikituari aplikatuko zaio.

3.– Hasieran aurkeztutako aurrekontuaren zenbatekoa handitzen bada, ebazpen-proposamenaren fasera iritsi aurretik soilik sartu ahal izango da espedientean. Geroago handitutako aurrekontua aurkezteak ez du ekarriko laguntzaren zenbatekoa gehitzea.

Hamabosgarrena.– Uko egitea.

Onuradunak berez galduko du ebazpenaren bidez onartutako eskubidea, bai eta laguntza osoa edo haren zati bat kobratzeko eskubidea ere, kasuan kasukoa, laguntzari uko egiteko idazkia aurkezten badu. Hala gertatzen bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako itzulketa-prozedura abiaraziko da, bidezkoa denean. Ukoa Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bidali beharko zaio.

Hamaseigarrena.– Ez betetzeak.

1.– Gastuak egin ezik, ezarritakoa bete ez dela joko da.

2.– Nolanahi ere, onuradunak agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako eskakizunetako bat edo, hala bada, diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzetako bat betetzen ez badu, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Printzipio Arautzaileei buruzko Legeak 53. artikuluan ezarritako itzultze-arrazoietako batean erortzen bada, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), beste ebazpen bat emango du, eta bertan diru-laguntzarako eskubidea galdu dela aldarrikatuko du eta, behar bada, jasotako laguntzak eta legezko korrituak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola aginduko du, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Printzipio Arautzaileei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarri dutenaren arabera. Horrek guztiak ez ditu eragotziko bidezko diren gainerako ekintzak. Aipaturiko diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako.

Itzulketa-prozedura Administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.

Hamazazpigarrena.– Laguntzen bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

Beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek agindu honetan ezarritako xede bererako ematen dituzten laguntzak ere hartu ahal izango dira Agindu honetakoekin batera, baldin eta diru-laguntzek, batzuk eta besteak gehituta, agindu honetan ezarritako mugak gainditzen ez badituzte. Hala ere, bateraezinak izango dira Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak xede bererako ematen dituen beste batzuekin. Laguntza guztien baturak esandako mugak gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eragiten Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 15a.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERANSKINA
I.– ESKABIDEA

	Erregistroko sarrerako zigilua

	

Jn./And. ................................

Honen ordezkari gisa:

Elkartea: 	

IFZ/IFK: .......................... Kalea eta zk.: 	

Telefonoa: .................... Faxa: ............................. Posta elektronikoa: 	

Udalerria:........................................................ (Lurraldea) ...................................................... PK:	

Jarduera-arloa: 	

Harremanetan jartzeko pertsona:.........

Honakoa eskatzen du: Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ekoizleen elkarteei eta haien bateratzeei buruzko urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuak ezarri dituen eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren 15eko urriaren 2007ko Aginduak –kontsumo eta hazitarako patataren ekoizle-elkarteentzako laguntzen 2007ko ekitaldirako deialdia egin duenak– zehaztu dituen laguntzak jasotzea.

Eguna eta legezko ordezkariaren sinadura

Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko, Nekazaritza eta Arrantza Sailak jakinarazten dizu inprimaki honen bidez eskatzen zaizkizun datuak fitxategi automatizatu batean sartuko direla, tratatzeko. Nahi baduzu, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabil ditzakezu, legean ezartzen den bezala. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari idazkia bidali beharko diozu, bera baita zure datuak tratatzeko arduraduna. Hauxe du helbidea: Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz.

ESKATZAILEAK AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

o 	Eskabide-orria.

o 	Legezko ordezkariaren NANaren eta ahalordetze-eskrituraren fotokopia.

o 	Ekoizleen Elkartea halakotzat onartzen duen Ebazpenaren kopia konpultsatua.

o 	Nekazaritzako Ekoizleen Elkarteen eta beren Bateratzeen Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

o 	Elkartearen estatutuen kopia konpultsatua.

o 	Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

o 	Azken 5 urteetan Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarik jaso ez badu, "Hirugarrenaren Alta Agiria" bete behar du (inprimaki hori dagokion zuzendaritzara deituz eskura daiteke); agiri hori enpresak eta finantza-erakundeak zigilatuta eta sinatuta aurkeztu behar da.

o 	2006ko kanpainako emaitzen balantzearen edo kontuaren kopia.

o 	Zinpeko aitorpena, aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla dioena eta honako hauek ere aitortzen dituena: ez zaiola zigor irmorik ezarri diru-laguntza edo laguntza publikoen arloan arau-haustea egiteagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Printzipio Arautzaileei buruzko Legea aplikatuz; sexuagatiko bereizkeria dela-eta zigor administratiborik edo penalik ez zaiola ezarri; eta, era berean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legeari jarraiki dauden laguntzen eta diru-laguntzen deialdian aurkezteko debekuaren zigorra ez zaiola ezarri.

II.– ZINPEKO AITORPENA

Jn./And. ..........................

Ordezkatzen duen erakundea: ....................

	

ONDOKOA ADIERAZTEN DU:

a)	Laguntza-eskabidean egindako adierazpenak eta aurkeztutako agiriak egiazkoak dira; nire gain hartzen dut horien faltsutasunak edo zehaztasun-ezak ekar lezakeen erantzukizuna, jakinik ez dudala izango faltsutasuna edo zehaztasun-eza eragin duten gertaeren berri ez nuela alegatzeko aukerarik.

b)	Honako eskabide honetaz gainera, behean ageri diren erakunde publikoei edo pribatuei laguntza eskatu diet, edo/eta haien laguntza jaso dut proiektu honetarako; eta, bestela, konpromisoa hartzen dut aurrerantzean ere proiektu honetarako aurkezten dituen laguntza-eskabide guztien berri emateko:

	Eskabide-eguna	Instituzioa	Programa	Eskatutako zenbatekoa	 Emandako laguntza	

c)	Ez nago zigor irmorik betetzen Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Printzipio Arautzaileei buruzko Legea aplikatuz diru-laguntza edo laguntza publikoen arloan arau-haustea egiteagatik; ez dut sexuagatiko bereizkeria dela-eta zigor administratiborik edo penalik jaso, eta, era berean, ez dut Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legeari jarraiki dauden laguntzen eta diru-laguntzen deialdian aurkezteko debekuaren zigorrik jaso.

Horrez gain, hitz ematen dut Eusko Jaurlaritzaren esku jarriko ditudala proiektua egiten denetz egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

___________, 2007ko,___________(a)ren _____a.
Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren sinadura eta zigilua

Azterketa dokumentala