Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2007ko azaroaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6309

AGINDUA, 2007ko azaroaren 13koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan 2007ko ekitaldian premiak hautemateko azterlan eta analisiak egiteko diru-laguntzen deialdia egiten da. Azterlan eta analisi horiek, gainera, gaitasuna eta kualifikazioak hobetzeko izango dira, betiere, enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin.

1995eko irailaren 27an izenpetu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa, lana duten langileen etengabeko prestakuntzaren ingurukoa, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei eta langileei aplikatzekoa.

Akordio horretako aurreikuspenak betetzeko, Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen, lana duten langileen etengabeko prestakuntza osoaz arduratzea du helburu, etengabeko prestakuntza kudeatzen eta zuzentzen du, eta enpresa, langile eta ikastetxeen artean etengabeko lanbide heziketarako interesa eta jarduera horrek ahalik eta zabalkunde eta eraginkortasun handiena erdiesteko baldintzak sustatzeko erantzukizun orokorra du.

Bestalde, Lehendakariaren 8/2005 Dekretuak, ekainaren 27koak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Sailak sortzen, kentzen eta aldatzen dituenak eta horien eginkizunak eta jarduera-eremuak zehazten dituenak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari ematen dizkio, besteak beste, bizitzan zehar kualifikazioak eskuratu edo handitzea dakarten eginkizun guztiak.

Halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 16ko 222/2001 Dekretuaren bidez sortu da Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetza. Sailburuordetza horri emaniko eginkizunen artean, aipaturiko 222/2001 Dekretuaren 16.1.i) artikuluak Hobetuz Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren jarduera sustatzeko eta Administrazio Publikoen ordezkaritza zuzentzeko eta koordinatzeko eginkizunak ezartzen ditu.

Etengabeko lanbide-heziketa funtsezkoa da bizitza osoan baitako prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezagutza oinarrian duen gizartera egokitzeko eta Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean langileen gaitasun profesionalari eusteko.

Lanean ari diren langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, etengabeko prestakuntza aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan lehentasunezko balio bat da eta, hori dela eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.

Adierazitako guztia kontuan hartuta, honakoa

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek egiten dituzten premiak hautemateko azterlan eta analisiak (Diagnostikoak) garatzeko laguntzak arautzea.

2.– Deialdi hau garatzeko bideratuko diren baliabide ekonomikoak 720.000,00 euro dira gehienez. Funtsa horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Hobetuzen, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren, eskutan utziko ditu, ordainketa bakar bat eginez; eta ordainketa hori Agindu hau argitaratu eta berehala egingo da.

3.– Hobetuzek, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa, 2. puntuan aipatutako baliabide ekonomikoak eta Erkidegoko Funtsetatik (Europako Gizarte Funtsa) lortutakoak elkartuko ditu, beti ere kasuan kasuko berariazko araudiaren arabera. Modu horretan, Agindu honen babespean laguntza jaso dezaketen prestakuntza-ekintzak finantzatuko dira.

4.– Aipatutako funtsen kontura finantzatuko dira Deialdi honen babespean garatzen diren premiak hautemateko azterlan eta analisiak (Diagnostikoak), baldin eta horien finantzaketa Hobetuz-en, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa, aurrean eskatu bada, Aginduan zehaztutako baldintzak betetzen badira eta, ahal bada, 2000-2006 Erkidegoko Laguntza Esparruan eta 3 Helburu Planean barne hartutako baldintzak eta lehentasunak betetzen badira. Gogoan izan, aipatutako Plana 1999ko azaroaren 19an aurkeztu zuela Espainiak eta Europako Batzordeak onartu egin zuela.

5.– Laguntza horiek, lehia, publizitate eta objektibotasuneko printzipioak kontuan hartuta emango dira.

6.– Deialdi honetan barne hartzen diren laguntzak, bateragarriak dira xede berdinarekin jasotzen diren bestelako laguntzekin, betiere gainfinantzaketa edo bi finantzaketa gertatzen ez badira.

2. artikulua.– Aplikazio-esparrua.

1.– Lurralde-esparrua.

Deialdi honetan adierazitako laguntzak EAEko lantegietarako sustatuko diren prestakuntza-ekintzetan izango dira aplikatzekoak.

2.– Langile-esparrua.

a) EAEko enpresek eskura ditzakete laguntzak, ETEak lehentasunez. Europako Batasunaren definizioaren arabera, enpresa txiki eta ertaintzat (ETE) hartuko da 250 pertsona baino gutxiago enplegatzen dituen enpresa, urteko negozio-bolumena 50 milioitik gorakoa ez duena edo zeinaren balantze orokorrak 43 milioi euro gainditzen ez dituen, eta bere kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 edo gehiago beste enpresa batena ez dela, edo ETEen definizioari erantzuten ez dioten beste zenbait enpresena batera.

b) Enpresetarako aurreikusitako baldintza beretan eskuratu ahal izango dituzte laguntzak enpresa-taldeek. Enpresa-taldea osatzen duten enpresetan honako egoeraren bat gertatzen dela egiaztatzen denean ulertuko da enpresa-taldea osatzen dela:

– Beren balantzeak bateratzen direnean.

– Enpresa nagusi beraren filialez osatuta dagoenean.

– Benetan helbide komuna dutenean.

Kasu horretan, taldea osatzen duen edozein enpresa izango da eskaeraren egilea eta onuraduna.

c) Sektore/esparru eta/edo enpresa jakin batzuen elkarteei zuzendutako premiak aztertzeko eta hautemateko azterlanak ere finantzatu ahal izango dira deialdi honen barruan, betiere elkarte hori osatzen duten enpresen artean lotura naturalen bat dagoela frogatzen bada eta azterlanaren xede den esparru/sektorean garrantzia duten Entitate bat buru badute, eta, gainera, enpresa horiek azterlanaren ondorioz sor daitezkeen prestakuntza-ekimenak abian jartzeko konpromiso argia hartu badute.

Kasu horretan, azterlanaren xede den esparru/sektoreko Entitate garrantzitsu bat izango da laguntza-eskaeraren egilea eta onuraduna.

d) Ezin izango da onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Printzipio Antolatzaileen Legeko Testu Bateginaren (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldarazia) 50. artikuluko 5. atalean, ezarritako kausaren batean dagoen inor.

3.– Denbora-esparrua.

2007ko urtarrilaren 1etik 2008ko ekainaren 30era bitartean egindako Premiak Hautemateko Azterlanak eta Analisiak aurkeztu ahal izango dira 2007ko deialdi honetara, beti ere helburu bera betetzeko Eusko Jaurlaritzaren 2006ko deialdira aurkeztu ez baziren (EHAA, 2006ko azaroaren 13koa, 216. zk.).

4.– Finantza-esparrua.

Deialdi honen barruan diru-laguntza jaso dezaketen ekimenen finantziazioa baldintzatuta dago, aurrekontuen araberakoa izango baita, Deialdi honetako 1. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Deialdi honetako 4. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, gutxieneko diru-laguntza merezi duela egiaztatzen ez duen prestakuntza-ekimenik ez da finantzatuko.

3. artikulua.– Premiak hautemateko azterlan eta analisiak.

1.– Honako alderdiei buruzko gogoeta eta analisia biltzen duen dokumentua hartzen da premiak hautemateko azterlan eta analisitzat (diagnostikotzat):

a) Erakundeen eta bertako langileen jakintzen egoerari buruzkoa, eta horien gainean egiten den kudeaketari buruzkoa.

b) Batetik, erakunde baten partaideen jakintzen, trebetasunen eta/edo jarreren eta, bestetik, erakunde horren etorkizuneko proiektua bermatzeko beharrezkoak diren jakintzen, trebetasunen eta/edo jarreren arteko desorekei buruzkoa.

c) Hautemandako desoreka gainditzeko egin beharreko ekintzen eta ekimenen deskribapen sistematikoari eta orokorrari buruzkoa. Deskribapen horretan honako alderdiak barne hartu beharko dira: azterlanaren ondoriozko ekintzen eta ekimenen hierarkizazioa eta denbora-plangintza, horien bitartez lortu nahi diren helburuak, horretarako jarraitu behar diren metodologiak, eta kostu ekonomikoari buruzko aurreikuspena.

Hori guztia enpresarentzat erabilgarria izango den tresna baten bitartez egituratuko da, hau da, enpresari bere prestakuntza-plana definitzeko, zehazteko, kudeatzeko eta ebaluatzeko aukera emango dion tresna baten bitartez.

2.– Abian jartzen den premiak hautemateko azterlan eta analisian jarraituko den prozesua, bestalde, lagungarria izango da:

a) Enpresaren gabezia zehatzetara egokituko diren prestakuntza-premiak lortzeko (ez da ikastaroen katalogo orokorra izango).

b) Premiak sistematizatzeko, eta garatu beharreko ekintzen plangintza eta ebaluazioa egiteko -alderdi teknikoan, pedagogikoan edo ekonomikoan-.

c) Prestakuntzan egin diren ahaleginen errentagarritasuna ebaluatzeko.

d) Produktu edo zerbitzuetan eta prozesuetan kalitatea areagotzeko.

e) Antolakuntzako eta kudeaketako metodo eta sistema berrien aplikazioa errazteko.

f) Langileak enpresaren helburuetan gehiago integratzeko, motibatzeko eta konprometitzeko.

3.– Deialdi honen bitartez, eskaera aurkezteko unean jada eginda dauden Premiak Hautemateko Azterlanak eta Analisiak finantzatu ahal izango dira. Halaber, Premiak Hautemateko Azterlanak eta Analisiak, aurreko 2.3. artikuluan adierazitako denbora-tartean hasi direnak (egiten ari dira), finantzatu ahal izango dira. Azterlanak bi motatakoak izan daitezke:

a) Enpresa eskatzaileak kontratatutako kanpoko entitateek egindako azterlanak (kanpoko diagnostikoak).

Zentzu horretan, EAEko enpresek esparruko informazio garrantzitsua eskura edukitzeko eta, modu horretan, premiak aztertzeko, hautemateko eta kudeatzeko metodologia desberdinak eskura edukitzeko edo horiek aplikatzen esperientzia handia duten entitateen laguntza eskura edukitzeko, enpresa eskatzaileek metodologien eta entitateen datu-base bat edukiko dute eskura www.hobetuz.com web-orrian.

b) Enpresa eskatzaileko bertako langile gaituek egindako azterlanak (barruko diagnostikoak).

Kasu horretan, dagokion eskaera aurkeztu ondoren eta beharrezkotzat jotzen bada, Hobetuzek enpresa eskatzaileko arduradunekin ados jarri beharko du diagnostikoa egiteko funtsezko alderdien inguruan, hala nola, jarraitu beharreko metodologiaren inguruan, diagnostikoa egin behar duten pertsonen eta beren gaitasunen inguruan, edota amaieran lortu beharreko produktuaren inguruan.

4.– Nolanahi ere, Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisiek urte anitzeko denbora-irismena izan beharko dute.

5.– Deialdi honetan honakoak joko dira lehentasuna duten azterlantzat:

a) Jadanik ezarrita dauden Lehiakortasun, Berrikuntza eta kudeaketaren Hobekuntza politikekin (EAEren esparruan) zerikusia duten proiektuekin lotuta dauden azterlanak.

b) 50 eta 100 langile arteko enpresei dagozkien azterlanak.

c) Aurretik, kontzeptu horren ondorioz diru-laguntzarik jaso ez duten enpresek aurkeztutako azterlanak.

d) Kolektibo kaltetu handi bati lana eskaintzen dioten enpresek egindako azterlanak.

e) Zailtasun bereziak dituzten sektoreetako enpresei dagozkien azterlanak.

f) Kualifikazioen Euskal Sistemari lotzen zaion prestakuntza-eskaintzaren bitartez (moduluen katalogoa) landu daitezkeen gaitasunetan oinarritutako analisiak aintzat hartzen dituzten azterlanak.

g) Deialdiko 2.2.c) artikuluan jasotako azterlanen kasuan, trebakuntza jasotzeko zailtasun bereziak dituzten eta 10 eta 100 langile artean dituzten ETEei zuzendutako azterlanak.

4. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Deialdi honen barruan aurkezten diren Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisiak honako ezaugarrien arabera aztertuko eta puntuatuko dira:

a) Aurkeztutako azterlana egiteko erabili den metodologiaren sendotasuna/trinkotasuna, eta azterlana metodologia horren berariazko ezaugarrietara egokitzea.

b) Aurkeztutako azterlanaren koherentzia, aztertzen dituen enpresei dagokienez.

c) Azterlan bakoitzaren berezitasunak, azterlana garatu den enpresaren ikuspegitik.

d) Enpresaren barruko eragileek azterlana egitean izan duten parte-hartzea.

e) Azterlana egiteko dedikazioa.

f) Enpresa hartzailearentzat azterlanak izango duen erabilgarritasuna.

g) Hobetuzek finantziaziorako ezarritako gehieneko eta gutxieneko moduluak, enpresen tamainaren arabera eta aurkeztutako azterlanen kalitatearen arabera (5.2. artikulua).

h) Azterlanen proiektuen kasuan, honako alderdi hauek baloratuko dira: aurkeztutako azterlanen beharra/aukera/lehentasuna eta proposatu den metodologia aplikatzeko orduan hornitzailearen lehiakortasuna eta aurretiko esperientzia. 2.2.c) atalean bildutako azterlanen kasuan, baloratu egingo da ere azterlanak EAEko lanean ari diren biztanleriaren gainean duen eragina.

Aurkeztutako proiektu bakoitzak gehienez 100 puntu lortu ahalko ditu, eta haztapen berdina erabiliko da atal guztietan. Ez dira finantzatuko, bestalde, aztertu eta balioztatu ondoren, 50 puntutik beherako puntuazioa lortu duten proiektuak.

5. artikulua.– Laguntza zehaztea:

1.– Laguntza zehaztea.

a) Dagoeneko egin diren Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisien kasuan (barrukoak zein kanpokoak), Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak dokumentua laguntza-programa eraentzen duten baldintzetara egokitzen den baieztatuko du, eta deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera emango du diru-laguntza.

b) Laguntzaren eskaera azterlan proiektu bati dagokionean, berau baloratu eta gero, lehentxeago ezarritako irizpideen araberako finantziazioa emango zaio aurkeztutako azterlanari, amaierako dokumentuaren balorazioa egin artean. Amaierako dokumentu horretan egiaztatuko da aurkeztu den Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisia finkatutako zehaztapenetara egokitzen den.

Diagnostikoko amaierako dokumentua aurkezten denean, laguntza emateko erabakian onartzen den metodologiari dagokionez desegokitzapenak edo desbideratzeak hautematen badira, edo azterlanaren ondorioek behar besteko sendotasunik ez badute, atzeratu egingo da azterlanari esleitutako laguntzaren ordainketa, eta epe zehatza ezarriko zaio enpresa onuradunari amaierako dokumentua osatzeko edo egokitzeko. Hori egin ondoren, dokumentua baloratu egingo da eta, hala badagokio, esleitutako laguntza doitu egingo da, ebazpen bate bitartez.

c) Diagnostikoak egoki balioztatuko badira, erabiltzaileek eskatzen zaizkien datuak eta burutzapen-prozesua ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen diren datuak aurkeztu beharko dituzte.

2.– Premiak hautemateko azterlan eta analisiak finantzatzeko modulu ekonomikoak.

a) Enpresen eta enpresa-taldeen Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisietarako -deialdi honen kargura finantzatu nahi diren azterlan eta analisietarako, alegia- eman daitekeen gehienezko diru-laguntza zuzenean lotzen da erreferentziazko enpresen tamainarekin. Honako banaketari jarraituko zaio:

Langile-kop.	Finantzaketa

	Minimoa - Maximoa (eurotan)	

0-50 artean	1.980 - 3.100	

51-100 artean	2.600 - 4.325	

101-250 artean	3.350 - 5.560	

250 baino gehiago	4.450 - 7.420	

Onartutako proiektu bakoitzari ezarri ahal zaion modulua 4. artikuluan adierazitako irizpideei jarraituz egindako balorazio teknikoan lortu den puntuazioarekiko proportzioan erabakiko da.

b) Deialdi honetako 2.2.c) artikuluan barne hartutako azterlanen proiektuen kasuan, taulan adierazitako moduluak gainditu ahal izango dira. Horretarako, azterlanaren garapenean parte hartu duen enpresa-kopurua hartuko da kontuan.

3.– Lehiari buruzko Europako Araudia.

Prestakuntza-premien diagnostikoak egiteko ematen diren diru-laguntzak, lehentasunez, Batzordearen 1998/2001 Arautegian definitzen den "de minimis" araura egokituko dira (2006-12-28 EEAO). "De minimis" araua aplikatu ezin denean, eskatzaileek prestakuntza-premiei buruzko diagnostikoan egindako inbertsio-ahalegina egiaztatu beharko dute, eta ahalegin horrek ondoren eransten den taulan adierazten diren ehunekoak, gutxienez, izan beharko ditu (diru-laguntza jaso dezakeen diagnostikoaren gaineko ehunekoak izango dira). Horretarako, prestakuntzarako laguntzei buruzko 68/2001 Erregelamenduari edo enpresa txiki eta ertainetarako laguntzei buruzko 70/2001 Erregelamenduari jarraituko zaio. Ondorengo taulan ikus daitezke aplikatuko diren ehunekoak.

Enpresa mota	 Prestakuntza-premien diagnostiko mota	

	Kanpokoa	Barrukoa	

ETE	% 50	% 60	

ETE ez direnak	% 70	% 70	

4.– Finantza daitezkeen gastuak.

Honako gastuak finantzatu ahal izango dira:

a) Kanpoko erakunde batek egindako azterlanak direnean, kanpoko erakunde horren zerbitzuen kontratazioari dagokion gastua.

b) Enpresaren barruko langileek egindako azterlanak direnean, azterlana egiteaz arduratu diren pertsonek lan horri eskainitako orduei dagokien ordainsaria. Kasu horretan, diagnostikoa egiteaz arduratu diren pertsonez gain enpresako beste pertsona batzuek parte hartu badute, horren ondoriozko kostuak ere justifikatu ahal izango dira, betiere inbertsio-ahalegina egiaztatu ahal izateko -hori beharrezkoa denean-.

c) Deialdiko 2.2.c) artikuluan bildutako azterlan proiektuetan, proiektua egiteari eta kudeatzeri lotuta erakunde titularrak jasaten dituen bestelako kostuak onartu egingo dira, hala nola, enpresekin topaketak antolatzea, joan-etorriak, jakinarazpenak, erakundearen gastu orokorrak... Gastu horiek ezin izango dute kostu finantzagarrien % 15 gainditu.

6. artikulua.– Prozedurari hasiera ematea.

1.– Eskaerak biltzea: eskaerak egiteko eredu normalizatuak Hobetuzeko Lurralde Egoitzetan jaso ahal izango dira.

– Arabako lurralde-egoitza, Dato kalea, 14-16, 3. solairua, 01005 Vitoria-Gasteiz;

– Bizkaiko lurralde-egoitza, Kale Nagusia 35, 6. solairua, 48009 Bilbao;

– Gipuzkoako lurralde-egoitza, Manterola kalea 4, 1.a, 20007 Donostia-San Sebastián.

Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusten diren bulegoetarik edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

Eskaera horiek paperean eta Hobetuzek deialdi honetarako eskainitako euskarri informatikoan aurkeztuko dira, eta eskaera horiei enpresaren legezko ordezkariak behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu beharko den dokumentazioa gaineratuko zaie, aurretik aditzera eman den moduan.

Paperean bidalitako datuak ez badotoz bat euskarri informatikoan sartutakoekin paperean jarritakoek izango dute azken balioa.

2.– Eskaerak ondorio horietarako diseinatutako eskaera-inprimakiei egokituko zaizkie, eta honako informazioa barne hartu beharko dute:

a) Eskatzailea identifikatzeko datuak.

b) Enpresa eskatzailearen datu orokorrak.

c) Dagokion ordezkaritza frogatuko duen dokumentazioa, eta erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia, betiere aurreko deialdietan Hobetuzen aurrean aurkeztu ez bada edo lehenago aurkeztutakoa aldatu bada. Ordezkaritza egiaztatzeko dokumentuek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan behar dute.

d) Laguntzaren mende dauden ekimenen gain-finantziazioa eta diru-laguntzen bikoiztasuna saihestearren, titularrak zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du halakorik gerta daitekeenean. Aitorpen horretan jarduera bererako beste Administrazio Publiko batzuei edo beste erakunde publiko edo pribatuei eskatu zaizkien -edota jaso diren- beste diru-sarrera osagarrien berri eman beharko da eta horien zenbatekoa adierazi beharko da.

e) Edozein Administrazio Publikok prestakuntzaren arloan emandako diru-laguntzen ondorioz, itzultze-prozeduratan ez egotearen zinpeko aitorpena, edo, hala badagokio, eskatu zaizkion itzultzeak egin izanaren zinpeko aitorpena.

f) Egindako azterlanaren kopia, Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren aurreko eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen aurreko betebeharrak bete izanaren ziurtagiri eguneratuak, eta enpresak azterlan hori egiteko izan dituen gastuen ziurtagiriak.

g) Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisien azterlan proiektua bada, eskatzaileak azterlana egiteko hautatutako metodologia zehatz-mehatz adierazi beharko du, eta azterlana egiteaz arduratuko diren pertsonen izena eta gaitasuna eman beharko du aditzera, bai eta azterlana egiteko aintzat hartutako faseak, lanak egiteko egutegia eta azterlanerako aurrekontua ere. Horrekin batera, Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren aurreko eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen aurreko betebeharrak bete izanaren ziurtagiri eguneratuak gaineratu beharko dira.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Printzipio Antolatzaileen Legeko Testu Bateginaren (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldarazia) 50. artikuluko 5. atalean xedatutakoaren arabera, laguntza edo diru-laguntzen deialdietara ez aurkezteko zigorrik jaso ez dela ziurtatzen duen zinpeko aitorpena.

3.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunean emango zaio hasiera deialdi hau eusten duen aurrekontuaren kargurako eskaerak aurkezteko epeari. Epe hori irekita egongo da ondorengo eguna arte:

– 2008ko ekainaren 30 arte, jada eginda dauden eta aurkezten diren azterlanetarako.

– 2007ko abenduaren 15a, azterlana egiteko proiektuen kasuan.

4.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak xedatzen duena betez, interesatuak, dirulaguntza-eskaera betetzearen bidez, eskaera horretan adierazitako datuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren fitxategi informatizatuetara gehitzeko baimena ematen du. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzan (Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzan), Donostia kalea 1. 01010 Vitoria-Gasteiz, praktikan jarri ahal dira datu horietara iristeko, zuzentzeko, ixteko eta horien kontra jotzeko aipatutako Legeak agertzen dituen eskubideak.

7. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta amaitzea.

1.– Aurkeztutako eskaerek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenean, interesdunek 10 eguneko epea izango dute hutsak konpontzeko. Epe horretan egiten ez badute, eskaera bertan behera uzten dela ulertuko da, aldez aurretik ebazpen bat eman ondoren.

2.– Deialdia argitaratzen den unetik, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denera, aldizka, gutxienez hilabetean behin, eta betiere krediturik eskura badago, Hobetuzek hilabete horretan jaso dituen eta osatuta dauden eskaera guztiak aztertuko ditu, eta prozedurari amaiera emateko erabakia hartuko du.

Aldi honetan kreditua nahikoa ez balitz aurkeztutako eskabideen artean hainbanatuko da.Deialdi honen kreditua agortuz gero, Hobetuz-ek egoera honen berri emango du.

Prozeduraren amaiera erabakitzeko eta jakinarazteko gehieneko epea berrogei egunekoa izango da, prozedura hasten denetik hasita.

3.– Erabakia arrazoitu egingo da, eta interesdunei erabakiaren berri emango zaie. Diru-laguntza ematearen aldeko erabakia denean, eman den diru-laguntzaren zenbatekoa jakinaraziko zaie.

4.– Eskatzaileak 10 eguneko epea izango du erabakia onartzen duen adierazteko. Eskatzaileak hartutako erabakiaren inguruan bidezkotzat jotzen dituen alegazioak ere egin ahal izango ditu onarpen-idatzian.

5.– Eskatzaileak erabakia onartzen ez badu, bere eskaera bertan behera uzten duela ulertuko da, eta eskaera artxibatu egingo da.

6.– Epe horretan ez bada jakinarazpenik egiten, aurkeztutako eskaera ezetsitzat emango da.

7.– Hobetuz-ek onuradunen eta bakoitzari emandako diru-laguntzen zerrenda argitaratuko du.

8.– Interesdunek errekurtsoa jarri dezakete Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean Hobetuz-ek hartutako akordioaren kontra.

8. artikulua.– Premiak hautemateko azterlanak eta analisiak egitea.

Aurkeztutako eskaeran adierazten denaren arabera egin beharko dira deialdi honen bitartez finantzatzen diren Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisiak; gainera, eta hala badagokio, ondorio horretarako egiten den emakida-erabakian adierazitako baldintzak bete beharko dira. Azterlan eta analisi horiek amaitzen direnean aurkeztu behar dira. Edozein modutan, azterlan eta analisiak 2008ko ekainaren 30a baino lehen amaitu beharko dira.

9. artikulua.– Laguntzen justifikazioa, ordainketa eta likidazioa.

1.– Azterlan-proiektuen kasuan, erakunde onuraduneko pertsona titularrak azterlana egiteko izan dituen gastuen justifikazioa igorri beharko dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari, eta egindako azterlanaren amaierako dokumentuarekin batera helaraziko du, proiektua bukatu eta hilabeteko epe barruan.

2.– Azterlana edo analisia jada egina badago, eskatzaileak, eskaera aurkezten duen unean, azterlana egiteko sortutako gastuak ziurtatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du, 6.2.f) artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3.– Kostuak fakturen bitartez edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein dokumenturen bidez justifikatuko dira, eta kostuak behar bezain zehatz adieraziko dira beti, funtsak zuzen aplikatu direla egiaztatzeko. Ondorio horretarako ematen diren Kostuak Justifikatzeko Argibideei jarraituko zaie.

4.– Emandako finantzazioaren ordainketa behin egingo da, aurkezten den behin betiko agiriaren balorazioa egin eta gero. Horrez gain, Ogasun eta Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen aurreko betebeharrak bete izanaren ziurtagiri eguneratuak eta jasandako gastuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira ordainketa egin aurretik.

5.– Onartzen den laguntza eskaeraren titularra den enpresari ordainduko zaio beti.

6.– Azterlan-proiektuen kasuan, Hobetuzek aurkeztu den dokumentuaren gainean egiten duen balorazioaren arabera likidatuko dira laguntzak, eta bere garaian onartutako diru-laguntza izango da muga.

7.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertutakoan, Hobetuzek diru-laguntzen amaierako likidazioa egingo du, ebazpen baten bitartez. Onuradunari emango zaio amaierako likidazioaren berri, hamar eguneko epea emanez alegazioak egin edo egokitzat jotzen dituen justifikazio-dokumentuak aurkezteko.

8.– Behin betiko likidaziotik 15 egun igaro ondoren, laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen diren egindako ordainketak justifikatzeko moduan egon beharko du diru-laguntzaren onuradun den enpresak.

10. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Hobetuzek egiaztatu beharko du diru-laguntzak behar bezala justifikatzen direla, eta Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisiak deialdi honetan finkatutako zehaztapenen arabera egiten direla. Hobetuzek, halaber, diru-laguntza jaso duten gastuen merkatuko balioa egiaztatu ahal izango du.

2.– Diru-laguntzen onuradunek nahitaez onartu beharko dituzte Hobetuzek egiten dituen egiaztapen eta kontroleko jardunak, edota Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituztenak.

11. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.

1.– Diru-laguntza ordaindu ondoren, diru-laguntzei buruzko araudi orokorrean diru-laguntzak itzultzeko arrazoiren bat dagoela egiaztatuz gero, Hobetuzek, edo hala badagokio, administrazio eskudunak laguntzaren onuradunari igorritako idatziarekin emango zaio hasiera itzultze-prozesuari. Bertan, bete ez dituen puntuak adieraziko zaizkio, eta hamabost eguneko epean alegazioak edo beharrezkoak iruditzen zaizkion dokumentazioak aurkez ditzan eskatuko zaio.

2.– Epea amaituta, alegaziorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak atzera bota badira, funtsen jatorriaren araberako administrazio-eskudunak hartuko du erabakia, eta dirua itzultzea eskatuko du. Erabaki horretan adierazitako epean itzuli beharko da laguntzaren zenbatekoa. Hala ere, Hobetuzek dagokion espedientea igorriko dio Administrazio eskudunari, eskaera-idatziarekin eta alegazioekin batera -eta, hala badagokio, alegazio horiek gaitzesteko proposamenarekin batera-, administrazio eskudunak zenbateko hori itzultzeko eskakizuna erabaki dezan.

3.– Epea amaitutakoan dirua itzuli ez bada, administrazio eskudunak premiamendu bidez berreskuratzeko behar diren izapideak egingo ditu. Itzuli beharreko zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira.

12. artikulua.– Europako Gizarte Funtsaren (EGIF) baterako finantziazioa.

1.– Europako Gizarte Funtsak deialdi honen finantziazioan hartzen du parte, 2000-2006 aldirako 3. Helburuaren esparruan. Zehazki, ematearen ebazpenean adieraziko da laguntza osotik EGFk finantzatzen duen kantitatea.

2.– Azterlana komunikatzera emateko eta hedatzeko erabiltzen diren argitalpen eta euskarrietan, bai eta aurkezten den azterlanaren azken euskarrian/agirian ere, Hobetuzek finantzatutako eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako ekimena dela adierazi beharko da.

3.– Era berean, Azterketa egiten den bitartean, titularrak Europako Araudiak lehentasuna horizontalei buruz ezarritako irizpideak betetzen direla ziurtatu beharko du. Aipatu araudia www.hobetuz.com web-orrian eskura daiteke.

XEDAPEN GEHIGARIAK

Lehenengoa.– Entitate laguntzaile izendatzea.

Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa izendatzen da Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen kudeaketarako eta ordainketarako entitate laguntzaile, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluaren arabera.

Aipatutako 52. artikuluak dioenez, Agindu honetan aipatzen diren funtsak ematen dituen organoaren kontura eta izenean jardungo du Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Haatik, funts horiek ez dira, inola ere, Hobetuz-en ondaretzat hartuko.

Bigarrena.– Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren betebeharrak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluan eta Agindu honetan ezarritako betebeharrez gain, Hobetuz-en, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa, betebeharrak izango dira ondorengoak:

a) Etengabeko prestakuntzaren jarduerak egiteko funtsak amaierako onuradunen artean banatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Langileen Etengabeko Prestakuntzari buruzko lanbide arteko Hitzarmenaren helburuak erdiesteko. Horretarako, lanean ari diren langile guztiak aintzat hartuko dira, Gizarte Segurantzan duten erregimenaren araberako mugarik ezarri gabe, eta Lanbide Heziketako ikastegiak ahalik eta gehien ustiatuko dira, haietan emango baita gehienbat etengabeko prestakuntza. Diru-laguntza horiek publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioen babesean emango dira.

b) Diru-laguntzei esker prestakuntza-jarduerak egin direla egiaztatzen duten ziurtagiriak eskatzea, eta lau urtez gordetzea.

c) Jaso diren funtsak zertan aplikatu diren justifikatzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, 2008ko urria baino lehen, eta zerrenda izenduna ematea. Zerrenda horretan honako alderdiak jaso beharko dira: azken onuradunen izen-abizenak, emandako diru-laguntzak, egindako ordainketak, eta, oro har, funts horiekin egindako etengabeko prestakuntzako jardueren memoria orokorra osa dezaketen bestelako datu kuantitatiboak zein kualitatiboak.

d) Funtsen kudeaketa dela-eta, honako erakundeek egin ditzaketen egiaztatze-jarduerei men egitea: Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren bitartez; Herri kontuen Euskal Epaitegiak; eta Europako Gizarte Funtsak.

e) Deialdian aurreikusten den ez-betetze kasuren bat gertatuz gero, onuradunei diru-laguntzak itzul ditzaten eskatzea, deialdietan bertan ezarritako itzultze-prozedurari jarraituz.

Hirugarrena.– Hobetuz-en egitura teknikoaren finantzaketa.

Aurreko atalean ezarritakoaren kalterik gabe, Agindu honetan arautzen diren funtsek finantzatuko dituzte Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren egitura teknikoak kudeatzeko eta ebaluatzeko egin beharreko gastuak eta inbertsioak, baldin eta kontzeptu horren ondoriozko guztizko aplikazioak Fundazio horrek ekitaldi honetarako kudeatzen duen guztizko aurrekontuaren ehuneko 15 gainditzen ez badu.

Laugarrena.– Finantzazio-soberakinen amaierako likidazioa.

Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunek 2008ko uztailaren 30erako aplikatu ez dituzten finantzazio-soberakinak eta Agindu honetan aurreikusten den dirua itzultzeko prozeduraren ondoriozko funtsak hurrengo ekitaldirako funtsetan gaineratuko ditu Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Dena den, aurretik Ogasun eta Herri Administrazio Sailari eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari emango die horren berri.

Agindu honen bigarren xedapen gehigarriaren c) atalean aurreikusten diren ondorioetarako, Hobetuz Fundazioak ekitaldi bakoitzean egiten dituen likidazioak edozein direla ere, Agindu honetan aipatzen diren funts guztien amaierako likidazioa 2008. urtean egingo da. Hala, 2008ko ekitaldiko abenduaren 31 arte aplikatu gabeko finantzazio-soberakinik gertatuz gero, edo emandako diru-laguntzaren aplikazioa 2009ko ekainaren 30 baino lehen justifikatu ez bada, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak soberakin horiek itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

Bosgarrena.– Deialdi honetan xedatutakoaren ondorioetarako, deialdia argitaratu aurretik prestakuntza-ekintzak hasi edo amaitu dituzten eskatzaileei ez zaie eskatuko data dela eta bete ezin den baldintzarik betetzeko.

Aipatutako kasu guztietan, Hobetuzek kudeatutako azken deialdian (2005eko ekitaldian – 2005eko apirilaren 29ko EHAA) ezarritako irizpide orokorrak jarraituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, eta, horretarako, hilabeteko epea izango dute, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Sailean, eta horretarako ere bi hilabeteko epea izango dute, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Honako Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko azaroaren 13a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.


Azterketa dokumentala