Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

216. zk., 2007ko azaroaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizi Administrazioa

Balmasedako Lehen Auzialdiko 1 Zenbakiko Epaitegia
6129

EDIKTUA, 131/07 prozeduraren ondoriozkoa.

Aipatutako autoen gainean ebazpen hau hartu da:

AUTOA

Balmaseda (Bizkaia), bi mila eta zazpiko irailaren hirua.

EGITATEAK

Bakarra.– 2007ko uztailaren 6an, Esther Larrea Esnal prokuradoreak idazki bat aurkeztu zuen Daniel Guillegui Echevarría jaunaren izenean eta ordez. Salaketa bat aurkeztu zuen banku-txeke bat amortizatzeko eta kobratzeko eskubidea jakiteko; epaitegiak erabaki beharreko neurri batzuk proposatu zituen.

ARRAZOIBIDE JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Eskatzaileak Kanbio-agiri eta Txekeari buruzko 1985eko Legean babestutako uzia aurkeztu zuen. Lege horren 84. artikuluan ezartzen denez, kanbio-letra bat galdu, ostu edo deuseztatzen denean, kanbio-letra horretaz gabetu den edukitzaileak epailearengana jo dezake, hirugarren bati ordain diezaioten eragozteko, letra-kanbioa amortizatzeko eta horren titularitatea aitor diezaioten. Prozedura berezi hori salaketaz hasiko da, lege horren 85. artikuluarekin bat; gero, epaitegiak hartu beharreko neurriak adieraziko dira. Kasu honetan, eskatzailearen izenean egindako txeke izendun bat, 30.000 eurokoa, ostu dela salatzen da.

Kanbio-agiri eta Txekeari buruzko Legean ez da garbi ezartzen zein prozedurari jarraitu behar zaion, "salaketa" eta "largestea" aipatzen du. Hala ere, kasu hauek borondatezko jurisdikziora bideratzen ditu jurisprudentziak, ez baitago bahituran emana eta alderdi ezagun eta zehaztuen artean jarduketarik ez baita sustatu, Prozedura Zibilari buruzko 1881eko Legearen 1811. artikuluan aurreikusten den moduan. Beraz, borondatezko jurisdikzioaren prozedura berezi bat da, eta helburu bakarra du, Kanbio-agiri eta Txekeari buruzko Legearen 84. eta 87. artikuluetan aurreikusitakoa, hau da, txekea hirugarren bati ordain diezaioten eragoztea eta tituluaren amortizazioa lortzea, eta horrela, eskatzaileak galdutako tituluaren jatorri den kreditua kobratzeko eskubidea duela deklaratzea.

Bigarrena.– Prozedura berezi honetaz arduratzeko eskumena ordainketa-lekutzat tituluan ezartzen den herriko epaitegia finkatzen du Kanbioaren Legeak; kasu honetan, Banco Bilbao Vizcaya Argentaria (BBVA) bankuaren edozein sukurtsaletan ordain daiteke txekea. Eskatzaileak beste aukera bat proposatzen du, kanbio-letraren igorpen-lekua, zeina egokitzat jo baita; horiek horrela, Balmasedako epaitegiak dira eskumendun.

Hirugarrena.– Epaitegiak erabaki beharreko eginbideei dagokienez, aurkeztutako idazkian eskatzen da Zallako BBVA entitateari agindu dakiola, tituluaren libratua denez, txekearen ordainketa atxiki dezala, baldin eta norbait hori kobratzeko aurkezten bada. Halaber, eskatzen da espedientea aipatu entitateak Zallan duen sukurtsalera bidal dadila -egokitzat jotzen duena alegatu dezan-, egiteak egiazkoak direla egiaztatzeko behar diren ikerketak egin daitezela eta egindako salaketa Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara dadila. Horrela, hilabeteko epean, tituluaren edukitzaileak aukera izango du agertzeko eta bere eskubideen alde egokitzat jotzen duena alegatzeko; espedienteari kontra ere egin ahalko dio.

Kanbio-agiri eta Txekeari buruzko Legean eginbide horiek guztiak aurreikusten dira kasu hauetarako. Beraz, horiek gauzatuko dira, ikerketa-neurriei buruzkoa salbu. Izan ere, espedientean egun dauden datuei ez dagokie egitateak egiaztatzeko neurri egokirik; oraingoz nahikotzat jotzen dira salaketan aipatutako egitateak. Horretaz gainera, hirugarren interesatu batzuk ere alegazioak jar ditzakete.

XEDAPENAK

Esther Larrea Esnal prokuradoreak Daniel Guillegui Echevarría jaunaren izenean eta ordez aurkeztutako salaketa, txeke baten galerari buruzkoa, onartzea erabaki da. Hori dela eta,

Banco Bilbao Vizcaya Argentaria entitateak Zallan duen sukurtsalari eskatu (Hermanos Maristas, 18), Daniel Guillegui Echevarría jaunaren izenean emandako 30.000 euroko txeke izenduna kobratzeko norbait aurkezten bada, titulu horren ordainketa atxiki dezala eta aurkezpen horren inguruabarren berri epaitegi honi eman diezaiola (txekearen identifikazio seriea: ZY 1.537.526.4 7532 0 zk.; igorpen-data: 2007ko maiatzaren 9a).

Espediente hau Banco Bilbao Vizcaya Argentaria entitateak Zallan duen sukurtsalera bidali (Hermanos Maristas, 18), 10 eguneko epean alegazioak aurkez ditzan, egoki iritziz gero.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, hilabeteko epean, tituluaren edukitzaileak epaitegi honetan alegazioak aurkez ditzan, egokitzat joz gero.

Inpugnatzeko modua: berraztertzeko errekurtsoa, epaitegi honetan; hori gorabehera, gauzatu egingo da erabakitakoa. Errekurtsoa idatziz egin beharko da, bost egun balioduneko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; errekurtso-egilearen iritziz zein arau-hauste egin den adierazi beharko da. Baldintza horiek bete ezean, errekurtsoa ez da onartuko (Prozedura Zibilari buruzko 1/2000 Lege berria, 451. eta 452. artikuluak).

Epaileak erabaki eta sinatzen du. Fede ematen dut.

Daniel Guillegui Echevarría jaunaren jaraunsle ezezagunei jakinarazteko eta zitazioa egiteko egin dut ediktu hau, Balmasedan (Bizkaia), bi mila eta zazpiko irailaren hiruan.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala