Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

216. zk., 2007ko azaroaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
6128

AGINDUA, 2007ko urriaren 17koa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena, fruta eta barazkien ekoizleen elkarteentzako 2007. urteko laguntzen zenbateko osoa jakitera ematekoa.

Fruta eta barazkien ekoizleen elkarteentzako laguntzak Merkatu Antolakunde Bateratutik datoz Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruan sartuta dagoen fruta eta barazkien sektorean. Euskal Autonomia Erkidegoan martxoaren 21eko 56/2000 Dekretuak arautzen ditu laguntza horiek.

Horrelako laguntzak arautzen dituzten arauen arabera, hiru laguntza-mota daude: onartutako ekoizle-elkarteentzako Europako laguntza, erakunde horientzako laguntza nazional osagarria, eta aurre onarpena lortu duten elkarteentzako laguntza. Euskal Autonomia Erkidegoan une honetan lehenengo bi laguntza-motak bakarrik eman daitezke, ez baitago aurre onarpena lortu duen elkarte berririk.

56/2000 Dekretuak laguntzak eskatzeko epe mugagabea ezarri zuen (aurkezteko azken eguna eskabidearen erreferentzia-urtearen ondorengo urteko urtarrilaren 31 da). Hortaz, laguntza horietarako zenbateko osoaren berri emateko argitaratu da agindu hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin bat etorriz.

Horren indarrez, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Laguntzen zenbatekoa, guztira.

Martxoaren 21eko 56/2000 Dekretuaren II. kapituluko 2. artikuluaren a) eta b) idatz-zatietan aurreikusitako laguntzak ondorengo zenbatekoetatik beherakoak izango dira:

– 233.117,18 euro, NBEFren kargurako laguntzan.

– 110.000,00 euro, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntzan.

Aurrekoa hala izanik ere, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuan aldaketak egitea onartu ahal izango da. Halakorik gertatuz gero, aldaketa horietatik datorren aurrekontuko diru-izendapenaren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta bere aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Aginduaren aurka aurkez daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 17a.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala