Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2007ko azaroaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
6047

EBAZPENA, 2007ko urriaren 9koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Zalduondoko (Araba) Udala, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Zalduondoko Udalak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Zalduondoko (Araba) Udala, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Zalduondoko Udala Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 eta 86 artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Zalduondoko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol eta Hirigintza eta Ingurumen sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 9a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketa-eremua.

Mugaketak eraikina bera eta haren inguru hurbilena hartzen ditu.

Beraz, ondorengo muga hauek dira mugaketa-eremua zehazten dutenak: ekialdean, fatxada nagusiaren aurrealdean, fatxada horretatik bertatik 30 metrorako lerro paraleloa, Zalduondo eta Agurain lotzen dituen errepideraino; mendebaldean, higiezinaren ondoko atzealdeko bidea; eta gainerako norabideetan eta fatxadetan, eraikina osatzen duten harresiak berak.

b) Mugaketaren arrazoiak.

Proposatu dugun mugaketaren justifikazioa Zalduondoko Udaletxeko ingurumen- eta estetika- eta ikuste-balioak babestu beharra da, baita espazioak berreskuratzea eta horiei balioa ematea ere. Ingurunea mugatzea beharrezkoa da, ondasuna behar bezala babesteko eta horri balioa emateko. Beraz, mugaketa horren bidez, ondoan dituen espazioak babestuko dira, eta alboko eraikuntzek eta udaletxearen parean eraikitzeko dagoen espazio libreak zehazten dute.

Mugaketak, hortaz, udaletxearen eraikina bera eta haren aurrealdeko espazio libre publikoa hartzen ditu.

II. ERANSKINA
DESKRIPZIOA

Eraikin zibila eta zerbitzuetarakoa da, soila eta apaindura urrikoa. Eraikina oinplano angeluzuzenekoa da, fatxada nagusia albokoak baino txikiagoa da eta sakonera handiko bolumena osatzen dute; zeramikazko teila arabiarrez egindako bi isurkiko estalkia du eta ertzak harlanduzkoak. Gailurra fatxada nagusiarekin paralelo dago. Behe solairua, lehen solairua eta teilatupeko solairua ditu.

Fatxada nagusia ekialdera begira du, espazio publiko batera eta Zalduondo eta Agurain lotzen dituen errepidera ematen du; azken horretatik, Done Jakue bidea pasatzen denez, oso nabarmen geratzen da. Fatxada laua da, simetrikoa eta ardatz zentralekoa; ia erabat hareharrizko harlanduz egina. Elementuak antolatzeko modua oso ordenatua da: baoak hiru ardatz bertikaletan eta solairuak hierarkikoki jarriak. Behe solairuko elementu esanguratsuena ate nagusia da, handia eta dinteldua, orejetak inguratuta osatuta, lauak jarrita. Solairu horretan bertan, sarbidearen bi aldeetan leiho dinteldu bana irekitzen dira, orejeta eta guzti, pixka bat bertikalean eta burdin landuaz itxita. Solairu horretan bertan, sarbidearen ezkerraldean, bada beste bao bat ere, baina ez da jatorrizkoa. Behe solairuaren eta lehen solairuaren arteko banaketa eta forjatu-lerroa zehazten duela, inposta horizontal laua eta jarraitua dago, eta horma-ataletik pixka bat irtena geratzen da. Lehen solairuan, hiru bao dinteldu daude, behe solairuko antzeko fakturakoak; hirurak oso antzekoak dira, eta hiruretan ez balkoirik, ez burdina-lanik. Solairu horretan bertan, duela gutxi jarritako armarri bat dago. Lehen solairuaren eta teilatupearen artean, berriz ere inposta lau horizontal bat ageri da, solairuen arteko lerroa markatzen duena. Teilatupeak oso altuera txikia du, hiru bao txiki ditu, etzanak, eta harlandu-ilararen parean eta ardatz bertikalaren parean geratzen dira.

Alboko fatxaden ezaugarria da bigarren mailakoak direla, harlangaitzezkoak baitira, entokatuak; ez dute inpostarik, ezta aparteko dekorazio-elementurik ere; gainera, ez dira hainbeste ikusten, bi aldeetan eraikinak baitituzte. Bao oso gutxi dituzte, eta horiek txikiak; fatxadak ia erabat itsuak dira. Baoak dintelduak dira eta harlandua erabiltzen da horien inguruan jartzeko; erregulartasuna nabaria da, antolatzeko moduari dagokionez.

Atzealdeko fatxadak, eskuinaldeko ertzean, sarrera dinteldua du. Behe solairuan gutxi landutako harlandu txikiak ageri dira eta faktura desberdineko hiru bao ditu, lehen aipatutako sarbidearen ezkerraldera. Goiko solairuak entokatuta daude, eta lauki formako hiru bao txiki, horizontalean jarriak, nabarmentzen dira; horietako bakoitza harlanduzko lau pieza handiz inguratuta daude. Solairu horretan, bao bertikal bat dago, eta, badirudi, ez dagokiola jatorrizko eraikuntzari.

Egitura-sistemari dagokionez, egurrezko forjak ditu, eta hiru karga-horma fatxada nagusiarekin paralelo daude. Harresi batek higiezina bi zatitan banatzen du; harresi hori fatxada nagusiarekin paralelo dago, gailur-lerroarekin bat egiten duela. Aurrealdeak, halaber, beste barne-harresi paralelo bat du, eta ageriko zurez forjatuta dago, eta behe solairuko sarbiderako ezkaratza nagusi txikiagatik bereizten da; sarbide horrek harresien arteko eskailerara ematen du, goiko solairura joateko. Baoak harlanduz inguratuta daude. Atzealdean ez dago barne-harresirik, bao baten bidez lotzen da aurrealdearekin; zurezko egitura du ezaugarri.


Azterketa dokumentala