Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2007ko azaroaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
6046

EBAZPENA, 2007ko urriaren 4koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Añanako (Araba) Zambrana-Herran sendiaren Jauregia, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea —kultura interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena— onartu zen.

Añanako (Araba) Zambrana-Herran sendiaren Jauregiak daukan kultura interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko ebazpen pProposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Añanako (Araba) Zambrana-Herran sendiaren Jauregia, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskinean egindako mugaketa eta II. eranskinean egindako objektuaren eta bere osagaien deskripzioaren arabera, hala nola III. eranskinean atxikitzen den babes araubidea ere kontutan hartuz.

Espediente honi hasiera emateak Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak sailkatutako ondasunentzat ezartzen duen babes-araubidearen behin-behineko aplikazioa eragingo du Añanako (Araba) Zambrana-Herran sendiaren Jauregian.

Bigarrena.– Añanako Udalari eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei honako honen berri ematea: prozedurari hasiera ematearekin batera eten egingo direla eragindako eremuan lur-zatiketak, eraikuntzak edo eraisketak egiteko emandako udal-baimenak, eta ez dela aurrerantzean horrelako baimenik emateko biderik izango eremuan. Inguru horretan gerorako utzi ezin daitezken lanak -ezinbestekoak direnak- egin behar badira eta, betiere, dagokion Foru Aldundiaren baimena izan beharko da.

Hirugarrena.– Añanako (Araba) Zambrana-Herran sendiaren Jauregia, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituz, II. eranskineko deskribapena kontutan hartuz eta Babes Araubide gisa III. eranskinean agertzen dena ezarriz. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan jasotzen denari jarraiki. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).

Laugarrena.– Interesdunei, Monumentu izendapenaz Añanako (Araba) Zambrana-Herran sendiaren Jauregia, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientearen mugaketa, deskribapena eta babes-araubidea jakinaraztea, jakinarazpena jasotako egunaren biharamunetik hasi eta 15 eguneko epean beren eskubideak defendatzeko egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin eta dokumentuak aurkez ditzaten.

Bosgarrena.– Indarrean dauden xedapenen arabera espedientearen izapideak jarraitzea.

Seigarrena.– Ebazpena interesdunei, Añanako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea.

Zazpigarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 4a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Mugaketa-eremua.

Bi eremu mugatzen dira; alde batetik, eraikina bera, eta, bestetik, eraikinaren ingurua, multzo bat osatuz. Horrenbestez, hauek dira mugaketa-eremuaren mugak: ipar-mendebaldean, Carrera kalea; ipar-ekialdean, Carrera eta Perruchico kaleen arteko lotunea; hego-ekialdean, partzelak Perruchico kalean duen itxitura, San Juan kaleko eraikinak aintzat hartu gabe; eta, hego-mendebaldean, jauregiko partzelaren itxitura, judutegiko arkuko eraikina barne.

Mugaketaren arrazoiak.

Mugaketa hori proposatzeko arrazoia izan da beharrezko ikusten dela Zambrana-Herran sendiaren Jauregiaren ingurumena eta ikus-bista zaintzea. Ingurunea mugatzea beharrezkoa da ondasuna behar bezala babesteko eta balioa emateko; hala, mugaketa horren bidez, jauregiko inguruak eta eremu funtzionalak babestuko dira. Jauregiaren izaera bereizgarria babestea eta balioa ematea da helburua.

Hori dela-eta, jauregia ez ezik, jauregi-ingurua ere sartzen da mugaketan.

II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Zambrana-Herran sendiaren jauregiaren etxe nagusia Gesaltza Añanan dago, Carrera kalearen 14. zenbakian. Etxe horrek, San Juan kaleko etxeak eta bi horiek Cantarranasekoarekin eta Perruchicokoarekin lotzen dituzten pasabideek mugatzen dute jauregiko orubea. Ipar-ekialdean, zabalgune handi bat zegoen, azokako plaza zaharrari zegokiona.

XVII. mendeko jauregi bikaina da, eta haren trazadura kultua (herrian dauden bizitegirako eraikinen artean, soilik Ozpinastarren jauregiak parekatzen duena) erraz nabarmentzen da inguruko eraikinen aldean, konposizioaren kalitateagatik. Jauregia 1695. urtean hasi zen eraikitzen, Pedro de Zambranak aginduta. Jauregiaren trazatua Phelipe del Castilloren lana izan zen, eta hainbat lagunen artean exekutatu zuten: Mahias Castillo, Matheo del Rio, Juan Garcia Blanco, Santiago Lasecada eta Pelayo Labin.

Eraikin nagusiak kubo-formako bolumena du eta lau isurialdeko estalkia. Estalki horren gailurrean, berez, linterna txiki bat zegoen erdian, baina, egun, txapitula zabar bat dago. Hormak harlangaitzezkoak dira, eta kareorea erabiltzen da junturak estaltzeko, izkina, inposta, hegalaren azpiko erlaitz eta bao-inguruetan izan ezik, silarriak piezaz pieza jarrita daude-eta. Kalitate ertaineko hareharriz egin zen eraikina, eta esan daiteke, petrografia-analisirik egin ez den arren, kareharri hori, ziur asko, herrian bertan edo, jauregia egiteko kontratuak adierazten duen moduan, Bergondako harrobian lortu zela.

Jauregiaren lau aldeek, oinarrian, egitura bera dut: hiru solairu, bi zerrenda leunez eta taulamenduz errematatuak. Taulamendua, obra egiteko betebeharra finkatzeko eskriturak adierazten duen moduan "arkitrabe, friso eta erlaitzez osatua da, ordena toskanarrari jarraiki". Horren gainean bermatzen dira hegal handiaren harburuak, oso landuak uso-bularrez, sokadun eta oinarridun kiribildura bikoitzez, listelez eta goletaz. Izkinetan, emakume-aurpegi ederrak jarri dira laugarren dozelaren ordez.

Baoak lerroan jarrita daude eraikinaren fatxada-alde guztietan (aldaketa txiki batzuk ditu, halere, hego-mendebaldeko fatxadan), hiru ardatz bertikaletan kokatuak. Erdiko ardatzeko lehen eta bigarren solairuko leihoak gainerakoak baino zertxobait altuagoak dira (alboetako leihoen inguru-eremuaren amaieratik abiatzen da leihoburua), eta behe-solairuan, berriz, ate handi bat dago erdian, leiho txiki eta altuak dituelarik bi aldeetan. Solairu horretako albo-leihoak gainerakoak baino pixka bat txikiagoak dira, baina goiko solairuetako proportzio eta ardatz berdinak dituzte. Ate nagusi handia izan ezik, bao guztiak daude belarridun zinta lau etengabeko marko batez inguratuak, eta, behe solairuan izan ezik, arku zuzen batez amaituak. Behe-solairuan, pieza bakarreko karga-habez amaitzen dira. Leihoek bi leiho-orri dituzte, gaztelar paneldunak, eta bigarren solairuan bi leiho txiki daude goiko aldean, mainel batez bereiziak. Bolutez eta landare-motiboz apaindutako mentsula sendoak ere ikus ditzakegu, erlaitz horizontalaren gainean, eta azken horrek faszia lauak eta laugarren bozelak konbinatzen ditu, ziur asko, intxaurrondo-egur margotuan. Konposizio-aldaera txikiak dituzte horietako batzuek. Egongela nagusikoek kurbadun moldurak eta kapera-formako erremateak dituzte, eta jauregia eraiki ondorengo garairen batekoak izan daitezke.

Oin nagusian nabarmentzekoak dira hegada eginez irteten diren balkoiak (ez da halakorik hego-mendebaldeko fatxadan), eta, bereziki, bigarrena, horma-gainarekin berdinduak baititu barandak. Bederatzi dira guztira, burdinazko plataforma batez eginak, eta forjatuzko kartelak dituzte oinarrian. Hiru fatxadetan, ardatz nagusikoek sei kartela dituzte eta alboetako ardatzekoek lau. Ipar-ekialdeko fatxadan, salbuespenez, modu irregularrean jarritako lau kartela daude sei behar luketen lekuan; ziur asko, gerora gertatutako galeraren edo egindako konponketaren baten ondorioz. Mentsulek "S" formako barrote sendoak dituzte, kusku bikoitz itxiak osatuz eta ertzetan bolutak dituztela. Forjatuzko barandek zilindro-formako balaustre lauak dituzte, ertzetan izan ezik; han, landare-motiboak dituzte. Barroteen apaindura osatzeko, bost eraztun ikusten dira, kokapen erregularra dutela. Txapa kurbatuz eta molduraz eginda dago esku-anda, eta metalezko bolak ditu ertzetan. Barandaren beheko aldean, txapazko hegal bat ikus daiteke zulatua, hura lorez eta laukizuzen txikiz apaintzeko.

Ipar-mendebaldeko fatxadak Carrera kalera ematen du, eta apaingarri gehiago ditu. Behe-solairuko ate handiak moldura bikoitza du inguruan, eta garai batean ipar-ekialdean izan zen atearen antzeko neurriak izan ditzake. Barruko atea laua da, eta mailaz maila jarritako bi anerek inguratzen dute baoa. Kanpokoak bozela eta eskozia ditu, eta belarriak nabarmentzen ditu ertzetan. Intxaurrondo-egurrekoa da atea, panel laukizuzenak eta karratuak diru ilaraka, eta ate-orri txikiagoak erdian, finkoarekiko zentratuta. Zambrana sendiaren bi armarri daude, oso landuak, nobleen armarriak jartzeko balkoiaren alde banatan.

Ipar-ekialdeko fatxadak alde bat du aurrekoarekiko: atea, egun itxita dago eta leiho bat jarri da ordez. Ate hori, gainerako baoek bezala, belarridun anere sinple bat du markotzat. Fatxada horretan ez dago armarririk. Horiek horrela, neurri-proportzioak, konposizioa, apaindurak (arotzeriak, hegalak eta forjatuzko barandak barne) igual-igualak dira, baoen erdiko ardatza gainerako fatxadetan baino zertxobait ezkerrerago izan arren. Behe-solairuko bao txiki eta altuak gainerako fatxadetakoak baino txikiagoak dira fatxada horretan.

Hego-ekialdeko fatxada aurreko biak bezalakoa da dimentsioei eta trazadurari dagokionez, nahiz eta atetzarra, aurrekoetan ez bezala, goiko leihoen neurriekin bat etorri. Hala, ipar-ekialdeko fatxadan gertatzen den moduan, baoak inguratzen dituzten markoak anere sinplez eginak daude, eta ez da armarririk ageri. Bigarren solairuan, bi leiho txiki ageri dira erdiko baoaren alde bietan. Leiho horiek ez daude behekoen lerro berean, eta, ziur asko, gerora egindakoak izango dira. Gerora egindakoa da, halaber, oin nagusiko ezkerreko balkoian izan zen begiratokiaren maila-gaina.

Ipar-ekialdeko fatxadaren trazatua eta apaindura berdinak ditu hego-mendebaldeko fatxadak. Fatxada horren egiturari jarraituz, alde batera mugitua du erdiko ardatza (eskuinalderantz, hain zuzen), baina baditu, konposizioaren aldetik, zenbait aldaketa. Baratzera daraman ateak, hego-ekialdeko fatxadakoaren eskemari jarraituz, goiko leihoen zabalera bera du, baina ez du leihotxo alturik alde banatan. Ez du balkonerarik ezkerreko ardatzean, 12. zenbakiko alboko eraikinarekin bat egiten duen eremuan (ikusteko moduan daude garai batean mehelina izandakoaren hormaren gainean teilatuaren eta luzituen aztarnak, bigarren inpostaraino). Balkoneraren ordez, bao txiki bat dago lehen solairuan, baina bao hori ez dago ardatz horizontal simetrikoaren parean, zertxobait beherago baizik, eta, gainera, ardatz bertikalean ere nabarmen egiten du ezkerrerantz. Hala ere, albokoen eta goikoen moduan, zinta batez inguratua dago eta belarriak ditu. Apaindurei dagokienez, ez dira ageri oin nagusiko forjatuzko balkoi irtenak, ezta goiko solairuan ere. Erdiko baoko arotzeriak ere mainela eta erlaitza ditu goiko aldean, baina gainerako baoek ez dute horrelakorik. Fatxada horretan, hegadan jarria dago garbigela latz bat.

Barruko egiturak hiru hormarte ditu, paralelo jarriak fatxada nagusiarekiko, urrutien dagoena zertxobait estuagoa da. Halaber, beste hiru hormarte perpendikular ditu. Erdiko ardatzekoa beste biak baino zabalagoa da, egongela nagusia eta ataria osatzen baititu. Azken hori ezkaratz zabal bat da, eta harri txiki lauez egindako zorua du, motibo geometrikoak eginez eta bi kolore-tonu nahastuz. Alboetan, bi gelara joateko pasabideak daude. Aurrean, bi bao daude irekita: eskuinekoa barne-leiho bat da, forjatuzko burdin hesia duena, eta ezkerrekoa, berriz, erdiko eremura daraman atea; hau da, hiru ataleko eskailera dotorera. Eskailerako abiaburu-mailak harriz moldatuak daude, eta, lehen solairutik aurrera, zeramikazko lauzez estalita ageri dira. Forjatuzko baranda dotorea du eskailerak, bost apaindura-ataleko balaustreak baititu, kopa bikoitzeko forma hartuz; gainera, burdinazko esku-bandak eta urre-koloreko bolak ikus daitezke ertzetan. Zokalo margotu bat dago eskaileraren ibilbide osoan (hemeretzigarren mendean egindako dekorazio erantsi bat izan daiteke). Eskailerak hutsune bat uzten du erdian, eta sabaiko adreiluzko ganga trenkatu luzangak erdian duen idi-begitik datorkio argia. Ganga lau petxinatan bermatzen da, troxez markatutako eta erlaitz bikoitzeko arkuen gainean. Tarte bakarreko eskailera zuzen bat abiatzen da solairuarteko eskailera-burutik, eta zerbitzu-geletara darama. Eskailera hori sukaldean amaitzen da. Sukaldeak fabrikazko suburua du, eta haren gainean egurrezko armairu bat du, etxeko animalien kaiolatzat erabiltzeko. Komunikazio bertikalen kutxarako sarbide-ateak behatxulo bat du, bestaldekoak ikusteko. Nabarmentzekoa da egongelak horma-pintura sinpleak dituela, XIX. mendearen amaieran egindakoak izan daitezkeenak. Irudi horiek motibo geometrikoak eta paisaiak adierazten dituzte. Egitura orokorra jatorrizkoa dela dirudi, aldaketa nabarmenik jasan gabekoa. Hala ere, egun, eraikineko estalkia aurri-egoeran dago zati batean, eta badira hamar urte kalte handiak eta hezetasun-orbanak sortzen ari direla.

Eraikinak, ipar-ekialdeko fatxadan, 12 zenbakiko etxea du erantsita, baina ez du hormarik partekatzen harekin. Jauregiaren hormetan ageri diren horma-zuloei erreparatuta, esan daiteke etxe horrek behe-solairua, lehen solairua eta, ziur asko, ganbara bat izango zuela bi isurialdeko teilatupean; hala ere, gaur eraitsita daude denak. Etxearen oina laukizuzena zen.

Garai bateko harlan-gaitzezko bi fatxada ikus daitezke oraindik, juntak kareorez elkartuta dituztela, eta atzekoaren zati bat ere ikus daiteke. Carrera kalera ematen duen fatxadak hiru ardatz bertikal eta apaindurarik gabeko hiru bao txiki ditu. Erdiko ardatzak atetzar bat du behe-solairuaren erdialdean (auzo duen Ozpinastarren jauregikoaren antzeko forma du), eta goiko aldean zerrenda lauko erlaitz batez amaitzen da, hegala bertan bermatzeko. Hego-mendebalderantz eginda, aurrekoak baino atal txiki eta estuago bat du, eta bertan irekitzen da arku bikoitz bat (pasabide baten kanpo- eta barne-horman), Cantarranas eta Carrera kaleak lotzeko. Atal horrek ere bi solairu ditu; goikoak hegadan du atzeko aldea, zati batean egurrezko egitura du, xoborrez betea eta berdindua dago, eta egurrezko zutoin batean bermatzen da. Kale nagusira ematen duen bao txiki bat du lehen atalean, eta atzeko aldera ematen duen beste bat. Egoera txarrean badago ere, oraindik ez da galdu bi isurialdeko estalkia, fatxadarekiko gailur paralelo bat duela.

Jauregiaren ekialdeko ertzari erantsita horma bat dago (ate bat irekitzen da bertan), eta isurialde bakarreko estalki-inklinazioa du, hego-ekialdeko fatxadaren lerroari jarraituz, eta, agian, haren perpendikularrari, hego-ekialderantz, itxia eta egun finkaren itxituraren parte dela.

Baratzean ubide airoso bat eta hari dagokion iturria ikus daitezke. Iturria egoera txarrean dago gaur egun, baina garai batean bideratutako iturburu batek hornituko zuen urez.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
BABES-ARAUBIDEAREN XEDAPEN

OROKORRAK

1. artikulua.– Babes-erregimenaren helburua.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluak araututakoa du oinarri babes-araubide honek, eta Gesaltza Añanako Zambrana-Herran sendiaren jauregia monumentu sailkatu izendatzeko hasitako espedientearekin bat etorriz egin da.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Ondoren zehaztuko den babes-erregimena Gesaltza Añanako Zambrana-Herran sendiaren jauregiari ezarriko zaio, I. eta II. eranskinek eraikin horri buruz jasotzen duten mugaketaren eta deskribapenaren arabera.

3. artikulua.– Bereziki babestu beharreko elementuak.

Eraikin sailkatu horretako elementu hauek babes berezia izango dute:

– Jauregiaren jatorrizko bolumetriak.

– Jauregiak berak, haren jatorrizko elementu guztiak barne.

– Jatorrizko egitura-sistemak.

– Espazioaren banaketak eta antolaketak.

– Kanpoko nahiz barneko apaindura-elementuek: hegal, baranda, forjatu, egurrezko arotzeri, zoru, horma-pintura, armarri eta abarrek.

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-erregimen honetako preskripzioak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, erregimen honetako preskripzioek lotu egiten dituzte hirigintza-plangintzako tresnak, eta, beraz, horiek ere bete egin beharko dute babes-araubide hau, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatu arau hori betetzeko, babes-erregimenaren helburu den eraikinari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak onartu aurretik nahitaezkoa izango du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.

5. artikulua.– Xedapen orokorrak.

1.– Babes-erregimen honek babesten duen eraikina Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezartzen denaren mende egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Babes-erregimen honen eraginpean dagoen ondasunaren jabeek bete egin beharko dituzte Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 20. eta 35. artikuluek, Lurzoruaren 6/1998 Legeko 19. artikuluak eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeko 199. artikuluak araututako kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak.

3.– Euskal Kultur Ondareari buruzkoa den uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 36. artikuluak ezartzen dituen baldintzatan besterik ezingo da eraitsi eraikina, osorik edo zati batean.

II. KAPITULUA
ERABILERAK

6. artikulua.– Baimendutako erabilerak.

1.– Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, ondorengo erabilerak baino ez dira baimenduko: jauregiaren ezaugarrietara egokitzen direnak eta eraikina modu egokian zaintzen uzten dutenak, eta horrekin batera, babesteko araubide honen 3. artikuluan aipatzen diren osagaientzako babes zuzen eta berezia eskainiko duten erabilerak.

2.– Debekatuta egongo dira aurreko paragrafoan aipatzen ez diren gainerako erabilera guztiak.

7. artikulua.– Irisgarritasuneko eta suteen aurkako babesari buruzko araudiak xedatutakora egokitzea.

Eraikina edozein erabilera berritara moldatzeko eta ondasunaren gain egin nahi den edozein esku-hartze burutzeko, irisgarritasuneko eta suteen aurkako babesari buruzko arautegiak ezartzen dituen betebeharrak bete beharko dira; betiere, babes-erregimen honetako III. kapituluak eraikinarentzat ezartzen dituen jarduera-mugak errespetatuz.

III. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK

8. artikulua.– Esku hartzeko proiektuak.

Babes-erregimen honen xede den ondasunean inolako esku-hartzerik egin aurretik, dagokion esku hartzeko proiektua beharko da. Proiektu horrek ondorengo edukia izan beharko du:

a) Egungo egoerari buruzko dokumentazio grafiko zehatza: oinak, fatxadak eta sekzioak 1/50 eskalan, eta arkitekturako zehaztasunak 1/20an; fotografia-dokumentazio osoa, plano historikoak eta abar; bereziki landu beharko da egitura-sistema, neurri eta akotazioak zehaztasunez jasoaz.

b) Agiri grafikoak. Agiri grafikoek alderdi hauek azalduko

dituzte: egin beharreko esku-hartzeak, erabili beharreko materialak, lanak egiteko faseak, eta lehen aipatutako eskaletan proiektatutako azken egoera.

c) Kontserbazio-egoeraren azterketa. Azterketa horretan, besteak beste, honakoak jasoko dira: egitura-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologiei buruzko azterketa bat eta osagaiak babesteko erabaki diren neurriak.

d) Agiri idatziak, hauek azalduko dituztenak: zein lan egingo diren, zein teknika erabiliko diren, zein kalitatetako materiala erabiliko den, erabilitako materialak zenbateraino diren egokiak, eta material horiek gainerako osagaiekin nola lotzen diren eta zer-nolako eragina duten elkarrekiko.

e) Eraikinaren iraupena ziurtatzeko eta behar bezala zaintzeko zein teknika eta baliabide behar diren zehaztea.

f) Esku-hartzearen aurrekontua, esku-hartze hori babes-araubide honek ezarritako aginduen arabera burutzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak barne hartzen dituena.

g) Arabako Foru Aldundiko Ondare Historiko eta Arkitektonikoko zerbitzuak aukera izango du, proposatutako esku-hartzearen neurriari erreparatuta, azterketa estratigrafikoak edo aurkeztutakoak baino agiri zehatzagoak eskatzeko.

9. artikulua.– Debekatutako esku-hartzeak.

Eraikinean egin daitezkeen esku-hartzeak mugatuta daude, eraikinaren balio historikoak eta arkitektonikoak babesteko. Hori dela-eta, babes berezia behar duten oinarrizko osagaien ezaugarriak aldatuko lituzketen esku-hartzeak debekatu egin dira, ezaugarri horiek ematen baitiote balioa eraikinari, eta, hain zuzen ere, babes-erregimen honetako 3. artikuluan aipatzen direnak dira osagai horiek.

Oro har, galarazi egingo dira jarraian aipatuko diren esku-hartzeak, eta, berariaz, Gesaltza Añanako Zambrana-Herran sendiaren jauregiaren balio historiko eta arkitektonikoei kalteak edo galerak ekar diezazkienak eta babes-erregimen honen edozein zehazpenen aurka doazenak. Horrenbestez, berariaz debekatzen da jarduera hauek egitea:

1.– Jatorrizko bolumenak aldatzea.

2.– Jatorrizko eraikuntzari erantsitako eraikinek dakartzaten azalera-aldaketak egitea, edota oin-azaleraren luzera edo zabalera handitzea ekartzen dutenak. Salbuespenez, esku-hartze txikiren bat egin daiteke, errementeria zaharreko itxiturako fabrika-hormak eta judutegiko arkukoak sendotzeko.

3.– Jatorrizko fatxadak, fatxada horietako osagaiak, horien tratamenduak eta hutsarteen jatorrizko kokagunea eta kopurua aldatzea. Baoen jatorrizko tamaina eta proportzioa mantendu beharko da.

4.– Teilatuaren jatorrizko itxura aldatzea; esate baterako, etxea jasotzeko obrak egitea, malda, bolumen edo kasetoi irtenkariak aldatzea, eta isurki triangeluarrak aldatzea, bai antolaketan bai kopuruz.

5.– Jauregiaren egituraren eta haren elementuen antolaketa aldatzea.

6.– Jauregiaren barruan aldaketak egitea, baldin eta ez aldaketa horiek ez badute jatorrizko banaketak, banaketako barne-hormak eta komunikazio-ardatzak ikusten uzten. Ezingo dira, halaber, ezkaratzetatik eta jauregiaren erdian dagoen monumentu izaerako eskaileratik egiten diren banaketak eta komunikazioak aldatu; berariaz, zerbitzu-eskaileraren eta eskailera nagusiko eskailera-buruaren artekoa eta sukaldearen eta jauregiko gelen perimetro-komunikazioaren artekoa.

7.– Eranskinak, estaldurak edo bestelako elementuak paratzea, baldin eta honako hauen itxura eta materialak estaliko badituzte: egiturarena, horma-pinturena, jatorrizko zeramika-zolena, harri txiki lauez egindako zoruarena, baranda eta errementeria-lanena, egurrezko arotzeriaren aldaera guztiena, eta, oro har, jauregiari gaur egungo itxura ematen dioten jatorrizko apaindura-elementuena.

8.– 3. artikuluan bereziki babestu beharreko elementuez esaten denari dagokionez, ondorengoak ere debekatuta egongo da: estiloa aldatzea, nahiz eta amaitutako obraren itxura zein izan beharko litzatekeen adierazten duten agiri grafiko edo plastikoak egon.

9.– Errementeria zaharraren eta judutegiko arkuko eraikinaren fatxadak aldatzea, baldin eta konposizioa edo egitura-tipologia aldatzen bada.

10.– Inguruan esku-hartzeak egitea, baldin eta interbentzio horiek murriztu egingo badute jauregia ikusteko eremua edo batzaren inguruan dagoen lorategiko espazio librea desagerraraziko edo narriatuko badute.

11.– Oro har, babes-erregimen honetako 2. atalean (esku hartzeko irizpide espezifikoak) aurreikusten ez den esku-hartze oro egitea, babes bereziko elementuen gain egiten badira.

2. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK.

10. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.

Babes-erregimeneko atal honetan adierazten diren esku hartzeko irizpide espezifikoek ezartzen dute nola eta zer mugen barruan esku hartu behar den Zambrana-Herran sendiaren jauregiko elementuetan.

1.– Babes-erregimen honetako 3. artikuluan babes bereziko modura azaldutako eta dorreari dagozkien elementuen gain, 317/2002 Dekretuan Berriztapen Zientifikorako ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuak arautzen ditu.

2.– Eraikina beste zerbaitetarako erabili behar bada, egokitze-lanak ahalik eta txikienak izango dira, eta, betiere, eutsi egin beharko zaio fatxaden jatorrizko konposizioari. Halaber, ez da aldaketa nabarmenik egingo barne-egituraren antolaketan.

3.– Baimendutako lanak burutzerakoan, ondorengo baldintza hauek bete beharko dira nahitaez:

a) Garbiketa-tratamendurik erabiltzekotan, eraikineko egurrezko eta harrizko elementuen kanpoko testura eta akabatuen osaera atzera-bueltarik gabe aldatzen ez duenen bat erabili behar. Garbitu aurretik eta materialen analisia egin ondoren, elementu hauskorrenak babestu egingo dira, eta dauden junta eta pitzadurak itxi.

b) Hormak eta, oro har, egiturazko elementuak: Gaizki badaude, sendotzeko erabil daitezkeen teknikak aztertuko dira. Desmuntatzea eta berriro eraikitzea azken aukera izango da.

c) Jauregiko teilatua eta harekin lotutako elementuak (apaindurako harburuak dituzten hegalak edo ganga trenkatu luzanga) lehenbailehen berritzea.

d) Instalazioak: Instalazioen bideratzeak egiterakoan kontuan izango da iristerrazak izan behar dutela, eta gainera, ez direla nabarmendu behar. Ezingo dira horma-egitura barruan egin. Kendu egingo dira fatxadako zorrotenak, linea elektrikoaren euskarriak eta fatxadaren egiturari itsus dezakeen elementu oro (kableak, erregistro-kutxetak, antenak, esekitokiak eta antzeko elementuak). Ildo horretatik, debekatuta dago teilatu-hodiak edo euri-uren zorrotenak egitea. Eraikinari beste erabilpen bat eman nahi bazaio eta estalkian tximiniaren bat edo kanal-hodiren bat jarri nahi bada, ahalik eta gutxien eta txikienak jarriko dira. Eraikinari beste erabilpenen bat eman nahi bazaio, Carrera edo Perruchico kaleak urbanizatzeko obrak egin behar badira edo monumentu-multzo osoa berritzeko obrak egin behar badira, kendu egingo da partzelaren iparraldeko mugaren ondoan dagoen transformadore elektrikoa.

e) Babestutako ondasunean esku hartzeko jarduera orok berriz jarri behar ditu jatorrizko baoak, eta kendu egin behar ditu harlangaitzezko itxiturak, desitxuratu eta narriatu egiten baitute jauregiaren izaera eta osaera. Hain justu, behe-solairuan sarbiderako zegoen baoa eta ipar-ekialdeko fatxadako lehen solairuko ezker baoa berreskuratuko dira.

f) Kendu egingo da hego-mendebaldeko fatxadan hegadan jarrita dagoen garbigela eta ondoko bi leihotxoak. Hala, fatxadaren jatorrizko egitura berreskuratu eta eraikinaren balioa egokituko da. Egun fatxada horrek dituen bao itsuak landu egingo dira, harik eta errementeria zaharreko aztarnekin izan dezaketen lotura egokitzen diren arte.

g) Ondare babestuan egindako esku-hartze orotan, etorkizuneko birgaitzeko esku-hartzeak oztopatuko ez dituzten teknika eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna zaharberritzeko lanak enpresa espezializatuei esleituko zaizkie, lan horiek berme guztiekin burutzeko behar besteko gaitasun teknikoa badaukatela behar bezala egiaztatzen duten enpresei, alegia.

h) Judutegiko arkuko higiezinean eta errementeria zaharreko horman egiten diren esku-hartzeek finkatu egin behar dute egungo eraikina, eta aldatu egin behar dira egoera txarrean dauden egitura elementuak, antzeko ezaugarriak dituzten materialak jarriz.

11. artikulua.– Eraikuntzako esku-hartze baimenduak.

Zambrana-Herran sendiaren jauregian esku-hartze hauek egitea baimentzen da, baina eraikinaren elementu tipologiko eta formalak errespetatzekotan beti.

a) Arkitektura-espazioa zaharberritu eta aldatutako zatiak berriz jatorrizko egoeran jarri.

– Kanpo- eta barne-fatxadak berritu, eta, ahal den neurrian, aldatu egin diren jatorrizko baoak berreskuratu eta gerora egin diren bao berriak itxi.

– Eraikinaren apaindurako edo zurgintzako elementu interesgarriak edo berezkoak birgaitu, fatxadako bao, eraikinaren barru eta ate, burdin sare, dekorazio eta abarrekoak. Beharrezkoa bada, aipatutako elementuen ordez material eta diseinu berdineko elementuak jarri, horrek eraikinaren konposizio-baloreak berreskuratzeko aukera ematen badu.

– Desagertu egin diren eta interesekoak izan daitezkeen elementuen berreraikitze filologikoa egin.

b) Eraikina finkatu, eta berreskuratu ezin diren zatiak ordezkatu, jarraian adierazitako egitura-elementuen eta 3. artikuluan adierazitako babes bereziko elementuen posizioa edo kota aldatu gabe:

– Kanpoko eta barruko euste-hormak.

– Forjatuak, egurrezko zutabeak eta gainerako egitura-elementuak.

– Eskailerak.

– Estalkia, jatorrizko estaldura-materiala berrezarrita.

c) Kalte egiten duten gehigarriak kendu, baita interesik ez duten edo eraikinaren jatorrizko ezaugarri arkitektonikoekin bat ez datozen lan guztiak desegin ere.

d) Funtsezko instalazio teknologikoak eta instalazio higieniko nahiz sanitarioak jarri; betiere, babes-araubide honetako gainerako xedapenak bete eta bigarren mailako eremuetan kokatuz gero, 3. artikuluan adierazitako elementuei ukitu gabe.

e) Jauregiaren banaketa eta barne antolaketan aldaketa minimoa egin, baldin eta beste erabilpen bat eman behar bazaio eraikinari, eta, betiere, jatorrizko banaketa erraz ikus eta uler badaiteke eta ez badira ukitzen 3. artikuluan aipatutako elementuak.

f) Akabatuaren elementu hondaturen bat konpontzeko helburua duten obrak egin, egitura-lanik edo ezeri eusteko lanik egiten ez badute.

g) Barruko lanak egin; esaterako, entokatu- eta pintura-lanak, zoladura egin eta konpondu, zurgintzako barne-lanak, iturgintzako lanak, berogailua eta sukaldeko elementuak jarri, eta aparatu sanitarioak jarri, baina, betiere, babes-erregimen honetan xedatutako arauak urratu gabe.

h) Jauregiaren baratzeko hego-mendebaldeko eremuan, Cantarranas eta San Juan kaleak lotzen dituen bidearen ondoan, egungo espazio librea aldatu, jauregiari balioa emateko egiten badira.

12. artikulua.– Ondasun babestua berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak egin.

Ondasun babestua narriatzen edo hondatzen bada, honako operazio edo berrezarpen-eragiketa hauek egin; betiere, aurreko artikuluan araututakoa beteta:

1.– Dokumentu bidez egiaztatutako egitura-zatiak leheneratzea. Horretarako, kasuaren arabera, edo leheneratu beharrekoaren ingurunea argi zehaztuko da, edo bestelako materiala baina harmonikoa dena erabiliko da, lehen begiratuan zaharretik bereizteko modukoa, batez ere zati zaharrekin bat egiten den puntu horietan.

2.– Obrako dekorazio-elementu puskatu edo zatituak berriro osatzea, eta zatiren bat galdu duten lanak finkatzea; hutsune txikiak berreraikitzeko, lehen begiratuan bereizten diren teknikak erabiliko dira, edo jatorrizko zatiekin lotzen diren maila ezberdineko zona neutroak jarriko dira, edo jatorrizko euskarria agerian utzi. Ez dira inoiz integratuko "ex novo" zonalde figuratiboak edo figurazioaren elementu nagusiak.


Azterketa dokumentala