Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2007ko ekainaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3382

92/2007 DEKRETUA, maiatzaren 29koa, borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeen jarduera jakin batzuk arautzeko dena.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak, bere 10.23 artikuluan, erabateko eskumena ematen dio Autonomia Erkidegoari Gizarte Segurantzan sartuta ez dauden mutualitateen arloari dagokionez.

Aipatutako artikulu hori betez, borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeak arautzen dituen urriaren 27ko 25/1983 Legea eman zen. Honen lehentasunezko helburuak eta informazio-printzipioak ziren, alde batetik, erakunde horien jardute-askatasuna eta garapena sustatzea eta, bestetik, erakunde horien kideen (aurrerantzean bazkide osoen) eta onuradunak diren pertsonen (aurrerantzean onuradunen) eskubideak, une oro, zaintzea. Aldi berean, lortu nahi zuena zen erakundeak kudeaketaren gardentasunaren eta gobernu-jardueretan bazkideen parte-hartze demokratikoaren irizpideen arabera ari zitezen.

Europar Batasunak gizarte-babeseko sistema publikoek Europako gizartearen bilakaera demografikoaren aurrean dituzten ahuleziek sortutako kezka jaso egin du eta aurreikuspeneko osagarriko sistemen sustapena bultzatu du, batez ere, enpresen baitan hartutako hitzarmenetatik eratorriak eta hitzarmen kolektibotik eratorriak, azken hau gizarte-aurreikuspena ezartzeko tresna estrategiko bezala hartuta, hain zuzen.

Testuinguru honetan sartzen da enpleguko pentsioen funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzko ekainaren 3ko 2003/41 EB Zuzentaraua. Zuzentarau honen asmoa da, pentsiodunak izango direnen eskubideen mesederako, enpleguzkoak, sektorialak deritzen zein enpresek bultzatutakoak diren eta beren kontura ari diren langileen partaidetza ere ahalbidetzen duten pentsio funtsak eratzen dituzten erakundeen kudeaketa eraginkorra eta finantzazko kaudimena laguntzea.

Zuzentarau horren arabera, enpleguko pentsioen funtsa da, duen forma juridikoa kontuan hartu gabe, kapitalizazio sistemen bitartez diharduen erakundea, enpresa edo arlo sustatzailearekiko juridikoki independentea dena, eta lehen aipatutako lan-harremanean sorburua duen lan hitzarmen edo kontratu baten oinarritutako prestazioak ematean datzan jarduera duena.

Definizio horrek eta lehendik aipatutako lortu nahi diren helburuek irudikatzen dute aurreikusitako eredu europarra bat datorrela borondatezko aurreikuspen sozialeko gure erakunde gehienek bereganatu duten autonomiako ereduarekin.

Hain zuzen ere, erakundeak, edo horiek osatzen dituzten aurreikuspen-planak, enpresen baitan negoziazio kolektibotik eratorritako hitzarmenak hartzeko baliabide egokia izan dira, gizarte-aurreikuspen neurriak ezartzeko tresna estrategiko bezala hartuta.

Europar Batasunaren jarraibideen azterketatik eta kontuan hartuta ezarritako neurri guztiak erretiro baita heriotza, ezintasun iraunkorra, iraupen luzeko langabezia edo gaixotasun larriko prestazioak ematen dituzten aurreikuspen sozialeko erakunde guztientzat beharrezkoak direla eta horiek bazkide osoen nahiz onuradunen babesa hobetuko dutela, horien eduki zati handi bat zabaldu egiten zaie estaldura horiek eskaintzen dituzten gainontzeko erakundeei. Zuzentarauan zehaztutako estandarrak funtsezkotzat jotzen dira BASEen kaudimena baita bazkide osoen (aktiboen, pasiboen edo etendura egoeran daudenen) eta aurrekoen kausadunak diren onuradunen eskubideak ere bermatzeko garaian, horiek guztiek konfiantza baitute Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte aurreikuspenean. Horregatik, dekretu honek enpresen baitan sortutako gizarte aurreikuspena arautu ez ezik, aipatutako prestazioak ematen dituzten aurreikuspen sozialeko erakunde guztietan ere aplikatu beharko da.

Urriaren 27ko 25/1983 Legearen lehenengo azken xedapenak Jaurlaritzari ematen dio ahalmena, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak horrela proposatuta, lege hura garatzeko arauzko xedapenak eman ditzan.

Dekretu honen xede diren gaiek urriaren 27ko 25/1983 Legearen edukia garatzea dute helburu, honako hauei dagokienez: BASEen prestazioak eta aurreikuspeneko mota ezberdinak, horien sustatzailea den bazkide babesle ezberdinaren arabera (11.2 artikulua); estatutu guztiek bete behar duten eduki minimotik eratorritako zehaztutako ekarpen edo prestazio sistemen sorrera (8.4 artikulua); bazkideek eta onuradunek duten Erakundearen egoerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea (lege horren 13.e artikulua); gobernu organoen, batzar nagusiaren (15. artikulua) eta gobernu batzarraren eskumenak baita azken horren eraketa (16. artikulua); baita erakundeen jardueraren eta ekonomia eta finantzazko egoeraren jarraipenaren gaineko administraziozko kontrolerako gaitasunak (18.2, 20.b artikuluak) eta funtsak inbertitzeko irizpideak (24. artikulua) ere. Halaber, kideak izan daitezenentzako informazioa eta horien babesa hobetzeko neurriak arautzen dira, borondatezko aurreikuspen sozialeko erakunde jakin batzuen publizitatezko jarduerei dagokienez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsari eta publizitateari buruzko eskumen autonomikoaren arabera.

Araudi honekin, borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeek eta horiek osatzen dituzten aurreikuspen-planek jarduera-esparru eraginkorragoa, kaudimen handiagokoa eta zorrotzagoa eskain dezaten lortuko da, bazkide osoen eta prestazioen onuradunen onurarako.

Aldi berean, dekretu honek borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeei buruzko legearen araudia onartzeko den otsailaren 20ko 87/1984 Dekretua aldatzen du, erakunde hauek eman ditzaketen gaurko errealitatearekin zerikusi gehiago duten gertakizun eta prestazio batzuk aipatuz eta borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeen eta bazkide osoen nahiz onuradunen kaudimenaren bermearen mesederako diren arauak sartuz.

Horregatik, urriaren 27ko 25/1983 Legearen lehenengo azken xedapena garatuz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin eta gainontzeko organo aholkulariekin bat etorriz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko maiatzaren 29an egindako bileran arteztu eta onartu ondoren, honako hau,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Aplikazio eremua.

1.– Dekretu hau aplikatuko zaie erretiro, heriotza, ezintasun iraunkor, langabezia edota gaixotasun larrirako aurreikuspen-planak batzen dituzten aurreikuspen sozialeko erakundeei (aurrerantzean BASE edo Erakundea) betiere ulertuta erakunde horien kideak direla bazkide babeslearekin lan lotura gordetzen edo gorde dutenak edo kooperatiba-elkarteen eta lan-elkarteen alorreko (aurrerantzean enplegu modalitatea) langile bazkideak edo lan-bazkideak; edo, bestela, gizarte segurantzako edozein araubidetan edo sistema publikoaren alternatiba diren mutualitateetan kotizatzen ari direlarik elkarren artean lan-harremana edo elkartezko lotura dutenak (bazkidetutako mota).

2.– Halaber dekretu honi jarraitu beharko dio beste edozein borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundek baldin eta erakunde horretan sartuta daudelarik pertsona fisikoak diren bazkide osoentzat eta onuradunentzat haren bazkide babesleak edo sustatzaileak garatzen baditu aurreko 1. paragrafoan azaldutako estaldura-jarduerak (aurrerantzean banan-banako modalitatea).

3.– Aurreikuspen-planak deritzenak dira, hain zuzen, kontratuzko edo bazkidetutako itxuraz hartutako akordio haiek non ezartzen diren hainbat kontingentzia lortzeko baldintzak, betiere ulertuta plan horietan bertan eratzen eta arautzen direla kontingentzia horien ekarpenen eta prestazioen jardunbidea, eta kontingentzia horiek direla erretiroa, ezintasun iraunkorra, heriotza, epe luzeko langabezia, eta gaixoaldi larria. Aurreikuspen-planak laguntza arautegi itxuraz eratuko dira eta laguntza horiek zehaztu ahal izateko kapitalizatzeko finantza sistemak eta aktuarialak aplikatuko dituzte.

4.– Lehenengo paragrafoan adierazitakoez gain BASE batek beste jarduera batzuek ere betetzen baditu, horiei atxikitako aktibo eta pasibo guztien multzoa argi zehaztuta egon beharko da eta erretiro, ezintasun iraunkor, heriotza, epe luzeko langabezia eta gaixoaldi larriko kontingentziengatiko prestazioekin loturiko eragiketekiko murriztuta. Atxikitako aktiboak eta pasiboak kudeatu eta antolatuko dira BASE horiek gara ditzaten gainontzeko jarduerak kontuan hartu gabe, jarduera desberdinen artean eskubideak eta obligazioak transferitzea erabat ezinezkoa delarik.

2. artikulua.– Gobernu Organoen prestakuntza eta formazioa.

1.– Dekretu honek ukitutako BASEak zuzendaritza eraginkorra eduki beharko dute eta behar adina esperientziaz eta prestakuntzaz jantzia gainera. Zuzendaritza lanetan benetan jardungo duena Erakundeko Gobernu Batzarra bera izango da edo bestela hartarako Zuzendaritza organo bezala izendatuak izan daitezen pertsonak.

2.– Gobernu Batzarreko zein Zuzendaritzako kide guztiek gizarte aurreikuspenetan gutxieneko jakinduria frogatu beharko dute. Beharrezko gaitasuna lortzearren, gutxienez honako baldintza hauetako bat bete beharko da:

a) Titulazio nahikoa izatea edo gizarte aurreikuspen alorrean prestakuntza edukitzea. Izangaiak titulazio nahikoa duela ulertuko da baldin eta lizentziatua edo diplomatua bada edo antzekorik badu. Gizarte aurreikuspen alorrean prestakuntza egiaztatzeari dagokionez, BASE baten benetako zuzendaritzan diharduten pertsonek lortu beharko dute gizarte aurreikuspen alorrean hartarako egiten diren ikastaroek ematen duten egiaztapena. Emateko gaitasuna dutenek emandakoak izan behar dira ikastaro horiek eta jakina, horretarako beharrezkoa da instantzia horiei Autonomia Erkidegoak behar bezala baimendu izana.

b) Egoki egiaztaturiko esperientzia gizarte aurreikuspen alorrean, gutxienez hiru urtekoa.

3.– Beharrezko prestakuntza honek ez ditu baldintzatuko BASEko gobernu organoetako kideek botoa ematerakoan hautagai eta hautatzaile izateko dituzten eskubideak. Hartarako, aipatutako organoetan sar daitezen kargu berriak urtebeteko epea izango dute beharrezko prestakuntza lortzeko.

4.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak prestatuko du arau hura non gara dadin aurreikuspen gaietan artikulu honetan aipatzen diren ikastaroei buruzko inguruabarrak eta nondik norakoak.

3. artikulua.– Urteko kontuak eta kudeaketa txostena.

Gobernu Batzarrak urtero Batzar Nagusiari beronek onetsi dezan aurkeztu beharko dizkio urteko kontu ikuskatuak baita ekitaldiko kudeaketa txostena ere.

Kudeaketa txostenak gutxienez honako hau jaso beharko du:

a) Ebaluaketa bat finantza merkatuei buruz.

b) Erakundeak eta plan bakoitzak ekitaldian lorturiko errentagarritasun garbia eta gainera erkaketa bat plan bakoitzeko urtean espero zen errentagarritasunari buruzko helburuarekiko (helburu hori inbertsio printzipioen adierazpenean bildutakoa da).

c) Plan bakoitzeko bazkide osoei eta onuradunen kopurua.

d) Bildutako kuotak, metaturiko ondarea eta modalitateen eta planen arabera ordaindutako eta xehatutako prestazioak.

e) Estatutuetan edo arautegietan izandako aldaketak.

f) Plan bakoitzeko altak, bajak, joan-etorriak eta lekuz aldatu izanak.

g) Plan bakoitzeko inbertsio xehatuak, dekretu honetako 11. artikuluaren 4. idatz-zatiko d) hizkiak aipatzen dituen inbertsioak xehaturik datozela.

h) Erakundearen nondik norakoei buruz jakingarri eta aipagarria izan dadin beste edozein informazio hura.

Hala urteko kontuek nola kudeaketa txostenak Erakunderen aktiboak, pasiboak eta finantza egoera zintzo islatu beharko dituzte.

4. artikulua.– Bazkide osoen eta onuradunen informazioa eta defentsa.

1.– Oro har, dekretu honek ukitutako BASE guztiek bazkide osoen eta onuradunen eskueran honako informazio hau ipiniko dute:

a) Erakundearen estatutuak, beraiek atxikitako planaren arautegia eta gobernu organoen eraketa.

b) Hala estatutuei nola arautegiari buruzko aldaketak baita gobernu organoen eraketan gertatutakoak ere.

c) Inbertsio Printzipioen Adierazpena eta honek bere baitan jaso beharko du inbertitu diren aktiboen ondorioz edo horien kudeaketan erabilitako teknikak direla medio zein arrisku profila (handia, ertaina edo txikia) dagoen.

d) Aurreikuspen-plan bakoitzean aplikatu beharreko portzentajea zehaztuko da. Portzentaje hori izango da otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz administrazio gastu kontzeptu moduan aplikatu beharrekoa eta planaren ondarearen gainean hainbat gastuk — balore higiezinak saldu eta erosteagatik bitartekaritzan izandakoek, alegia— ekarritako ehunekoa, eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailak zehaztutako baldintzen arabera balore horien zorroaren errotazio-ratioaren ondorioz izandakoak.

e) Erakundearen auditoreen nortasuna.

f) Eboluzio historikoa honako gaiei buruz: aurreikuspen-planaren ondarea; errentagarritasunari dagokionez urtean ezarritako helburuak; eta hiru ekitaldietatik bakoitzean, edo ekitaldiak hiru baino gutxiago izango balira, plana dagoenetik ekitaldi itxietan zehar planak lorturiko errentagarritasuna. Errentagarritasun historikoari buruzko informazioak bere baitan aitormen adierazi bat jaso beharko du non adieraziko den errentagarritasun horrek ez duela bermatzen ezta determinatu ere geroko errentagarritasunik. Honetarako, lortutako errentagarritasun kalkulua dekretu honen 13. artikuluko 5. idatz-zatian ezarritakoari egokituko zaio.

g) Kasuan kasuko kontingentziei dagozkien ekarpenei eta prestazioei aplikatu beharreko zerga araubideari buruzko informazioa.

2.– Zehaztutako prestazioko sistemaren aurreikuspen-planentzako, gutxienez urtean behin Erakundeak bazkide oso eta onuradun bakoitzari bidaliko dio ziurtagiri bat honako gaiei buruzkoa: aldi bakoitzean eginiko ekarpen zuzenak edo egotzitakoak; bazkidearen eskubide ekonomikoek, betiere eskubide horiek badaude, aldi horren amaieran eduki dezaten balore ekonomikoa; eta aldian beteriko prestazioen zenbatekoa. Halaber, beren bazkideekin harreman telematikorik gordetzen duenean salbu, kudeaketa txosten labur bat egin beharko da.

Zehaztutako ekarpeneko sistemaren aurreikuspen-planentzako, gutxienez sei hilez behin Erakundeak bazkide oso eta onuradun bakoitzari bidaliko dio ziurtagiri bat honako gaiei buruzkoa: aldiaren hasieran, bere eskubide ekonomikoen balioa, zenbat den eragindako ondarearen zati alikuoten kopurua eta zati alikuota bakoitzaren balioa, aldian eginiko ekarpen zuzenak edo egotzitakoak eta baita eginiko mobilizazioak eta aldian beteriko prestazioen zenbatekoa ere; eta aldi horren amaieran, bazkidearen eskubide ekonomikoen balioa, zenbat den eragindako ondarearen zati alikuoten kopurua eta zati alikuota bakoitzaren balioa. Halaber, beren bazkideekin harreman telematikorik gordetzen duenean salbu, kudeaketa txosten labur bat egin beharko da.

3.– Informazio hau bazkide osoen eta onuradunen eskura ipintzeko, honelako bide hauetako batera joko da:

a) Baldin eta bazkide oso eta onuradunak bostehun baino gehiago badira, banan bana bidalketa salbu, bide telematikoetara joko da haien kopurua bostehun baino handiagoa ez denean, aldiz, beste bide batzuk erabili ahal direlarik.

b) Edonola ere, enplegu modalitateko erakundeentzat informazio hori bazkide oso eta onuradunen eskura ipini daiteke bai haien ordezkari sindikalen bitartez, enpresa bazkide babesleen bidez, behar bezala seinaleztaturiko iragarki taulak direla medio edo egoki iritzitzako baliabide telematikoak erabiliz.

c) Edonola ere, bazkide osoak edo onuradunak Gobernu Batzarrari berariaz eskatzen badio, informazio hori dagokionari emango zaio eta ez beste inori.

4.– Ogasun eta Herri Administrazio Sailak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak 25/1983 Legeak eta 87/1984 Dekretuak –BASEak direlakoei buruzkoak– bildutako kontrolak beteko dituzte nolabait gordeta eta zainduta gera dadin artikulu honetan adierazitako eskubidea, bazkide osoaren eta onuradunaren informazio eta defentsarakoa, alegia. Beren eskubideak babesteko, edozein jarduera baino lehenago bazkide oso eta onuradunek BASEko Gobernu Batzarraren aurrean erreklamazioa aurkeztu beharko dute baita hark dagokion erantzuna eman ere. Hori dela eta, aipatutako prozedurari buruz informazio nahikoa eman beharko zaio bazkide osoari prestazioen Arautegian edo atxikitzeko buletinean.

5.– Banan-banako modalitateko BASEek Batzar Nagusiaren bitartez Bazkidetuaren Defendatzaile bat izendatu beharko dute. Beronek bazkide babeslea alde batera utzirik bazkide oso eta onuradunen eskubideak babestuko ditu.

Aurreko paragrafoan adierazitakoari uko egin barik litekeena da kontsumitzaileek eta erabiltzaileek erabiltzea indarrean dagoen legedian nor bere burua babesteko aurreikusten diren beste bide batzuk eta batez ere kontsumo alorreko arauetan erregulatzen diren bitartekaritza eta arbitrajea.

5. artikulua.– Inbertsio Printzipioen Adierazpena.

1.– Gobernu Batzarrak Erakundearen inbertsio politika onetsiko du, gutxienez hiru urtean behin Batzarrak berak berrikusiko duen Inbertsio Printzipioen idatzizko Adierazpen baten bidez, eta hori aldatu ahal izango da merkatuen bilakaeraren edo beste faktore batzuen arabera, beti ere estatutuetan jasotako arauak aplikatuko direla zainduz eta erabaki horretatik eratorritako erantzukizunak bere gain hartuz.

2.– Adierazpen horrek gutxienez jaso beharko ditu inbertsioek berez daramatzaten arriskuak neurtzeko metodoak eta arrisku horien kudeaketa kontrolatzeko ezarritako prozedurak, inbertsio politikaren mugak barne daudelarik. Halaber jasoko ditu BASEak hartutako konpromisoen izaera, epe eta iraupenari dagokienez inbertsiorako estrategia eta hala dagokionean, konpromiso eta inbertsio politikaren arteko kongruentzia aztertuko du. Era berean jasoko du planaren ondarea inbertitzearen xede izan daitezkeen aktiboen adierazpena, eratorritako tresnez eragiketak baimentzen den ala ez eta eragiketa horiek estaldura izaera edo inbertsioarena daukaten zehaztuko du adieraziz, ordea, tresna horiek arrisku profilean erabiltzeak zein ondorio ekar dezakeen eta, hala badagokio, kontrataturiko tresna eratorrietatik datozen konpromisoen zenbatekoa. Azkenik, espero den errentagarritasunari buruz urteko helburua ere jaso beharra du.

3.– Inbertsio Printzipioen Adierazpen aldatzeko beharrezkoa izango da Gobernu Batzarrak halako akordioa hartzea eta horren berri eman beharko du egiten den hurrengo Asanblada Nagusian.

4.– Halaber, finantza tresnak arau ditzan araubidea ezarri beharko da honako helburuekin: Erakundearekin zerikusia duen edozein transakzio berreraikia izan dadin bai bere jatorria bai parte hartzen duten alderdiak bai noiz egin den eta tokia kontua hartuta; eta estatutuei eta indarrean dauden legezko xedapenei jarraituz, gizartearen aktiboak inbertitzea.

Ogasun eta Herri Administrazio Sailari ahalmena ematen zaio kudeaketa kontroleko eta arriskuen kontroleko sistemek (aurreko paragrafoan aipatutakoak) gutxienez bete behar dituzten baldintzak ezartzeko baita sistema horiek badaudela eta badabiltzala jakinarazteko beharrezko modua ere.

6. artikulua.– Administrazioari aurkeztu beharreko informazioa.

Dekretu honek ukitutako erakundeek ahalmena duten aginpideei gutxienez eman behar dieten informazioa honako hau da:

a) Inbertsio Printzipioen Adierazpena.

b) Urteko kontu ikuskatuak eta kudeaketa txostena.

c) Txosten aktuariala, hala badagokio.

d) Aktiboak kudeatzeko helburuz nahiz baloreak gordailatu eta zaintzeko eta berraseguratzeko beste hirugarren pertsonekin eginiko kontratuak.

Ogasun eta Herri Administrazio Sailak ezar dezanarekin bat etorriz baliteke informazioa ematea arrisku profilari buruz baita administrazioak ekarritako gastuei eta aurreikuspen-planen errentagarritasun historikoari dagokienez ere.

7. artikulua.– Barruko kontrolerako prozedura.

Dekretu honek ukitutako BASEek bermatuko dute kontabilitate eta administrazio alorretan antolamendua egokia izan dadin. Halaber, BASE horiek beren antolamendu eta jardunari buruz barruko kontrolerako prozedurak edukiko dituzte. Prozedura horiek zainduko dute Erakundearentzat lana egiten duten langileen ibilera eta jarduna egokiak izan daitezen eta, halaber, BASEek bere bazkide oso eta onuradunekiko zintzo joka dezaten hala erakundeei beraiei dagozkien gaietan nola informazioari eta partaidetzari buruzkoetan.

8. artikulua.– Zuzkidura teknikoak.

1.– Arrisku biometrikoak beren gain hartu edota inbertsioaren emaitza zein prestazio maila jakin bat bermatzen duten BASEek, aurreikuspen-plan bakoitzerako, beren gain hartutako betebeharrekiko nahikoa zuzkidura tekniko eratu beharko dute.

2.– Zuzkidura teknikoen gutxienezko zenbatekoa urtero kalkulatuko da prospekziorako metodo aktuarialak erabiliz _ nahiko zentzuzkoak eta zuhurrak direnak _ eta kontuan hartuko dira prestazio eta kotizazio gaietan dauden konpromiso guztiak Erakundearen pentsio modalitate guztiekin bat etorrita. Zenbateko hori nahikoa izan behar da uneko prestazioak finantzatzeko baita bazkide osoek sortutako eskubideetatik erator daitezen konpromisoak islatzeko ere. Zuhurtziaz ere aukeratuko dira pasiboak baloratzeko hipotesi ekonomikoak eta aktuarialak, kontrako desbideratze marjina egokia kontuan hartuta.

3.– Zuzkidura teknikoen kalkuluan erabilitako interes-tasa teknikoa izango da aurreikuspen-planari esleitutako inbertsiotako errentagarritasunaren barruko tasaren arabera zehatutakoa, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak ezar ditzan baldintzekin bat etorriz. Interes-tasa teknikoak inola ere ezin du portzentajezko hiru puntuz gainditu aurreikusitako inflazio hipotesia, zuzkidura teknikoak zehazteko erabilitakoa, bere gehienezko muga % 5ekoa delarik.

4.– Zuzkidura teknikoen kalkuluan erabiltzen diren taula biometrikoek ofizialak behar dute izan eta behar bezala eguneraturik egongo dira gainera. Era berean, kolektiboaren beraren esperientzian oinarrituriko taulak ere erabil ahal izango dira baldin eta haren eboluzioari egokituak direla egiaztatzen bada eta aurrekoak bezain onak badira.

5.– Txosten aktuarialak prestatzea ez dagokio baldin eta prestazioak berraseguraturik badaude.

9. artikulua.– Zuzkidura teknikoen finantzaketa.

1.– Aurreko 8. artikuluaren 1. idatz-zatian aipatzen diren erakundeek aurreikuspen-plan bakoitzerako gorde beharko dituzte aktibo nahikoak eta egokiak hartarako presta daitezen azterlan aktuarialetan zehaztutako zuzkidura teknikoak asetzeko helburuz.

2.– Hiru urtez jarraian beharrezko zuzkidura teknikoak asetzeko adina funts eraturik ez dagoenean edo ekitaldi bakoitzean dauden funtsak zuzkidura teknikoen % 90etik beherakoak direnean ezinbestez berrorekatzeko plan bat egin beharko du baita hori bazkide oso eta onuradunei jakinarazi ere. Plan hori Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren oniritziaren menpe egongo da baina lehenago Ogasun eta Herri Administrazio Sailak txosten lotesle bat emango du.

3.– Berrorekatzeko planak bere baitan programa bat eramango du eratutako funtsak eta zuzkidura teknikoen artean egon dadin defizita amortizatzeko.

Eratutako funtsak zuzkidura teknikoak asetzeari esleitzen zaizkion aktiboen merkatu-balorea bezalakoa definitzen dira.

Kalkulua egiteko garaian bazkide oso eta onuradunen aurrean igarotako zerbitzuengatik eta, hala badagokio, hartutako obligazioengatik sortutako eskubideen kontzeptuan aitortzen den zenbatekoa, betiere eratutako funtsei badagozkie, haietako bakoitzari banaka egotziko zaio.

Berrorekatzeko planak bere baitan bazkide pasiboekiko eta onuradunekiko obligazioak badaramatza bazkide aktiboei ezin zaizkie eratutako funtsak esleitu lehenengoekiko obligazioak funts horiekin ase arte.

Hala dagokionean, igarotako zerbitzuengatik aitortutako eskubideak eta dagozkien eratutako funtsen artean suertatutako alde positiboa defizit bat dakar, bazkide oso bakoitzarentzat banaka kalkulatuko dena.

Bazkide pasibo edo onuradunen kasuan, esleitutako banako defizita sortuko da prestazioaren balore aktuariala eta esleitutako funts eratuaren arteko aldea bezalakoa.

Berrorekatzeko planak aurreikusi beharko du aurreikuspen-planak ekarpenak jaso ditzan, une oro, diruzaintza moduan edo merkatu antolatuetan ohiz kotizatzen duten finantza-aktiboak bezala. Horien zenbatekoa ezin da izan ekitaldi bakoitzean bazkide pasibo edo onuradunei dagozkien prestazioengatik ordaindu behar diren kopuruak baino txikiagoa.

Bazkide oso bakoitzaren banan-banako defizita amortizatuta egon beharko da aurreikuspen-planak babesten dituen gertakarietakoren bat suertatzen den unean.

Oro har, defizita amortizatzeko prozesuak dirauen urteetan zehar, urte bakoitzean amortizatu beharko da, gutxienez, hasierako defizitaren ehuneko 12,5a, berrorekatzeko planean aurreikusitako amortizaziorako epearen erdian defizit globalaren erdia, gutxienez, amortizaturik egon behar delarik.

10. artikulua.– Fondo propioak eduki beharra.

1.– Arrisku biometrikoak beren gain hartu edota inbertsioaren emaitza zein prestazio maila jakin bat bermatzen duten BASEek beren zuzkidura teknikoak gauzatzekoenak baino aktibo gehiago izan behar dituzte beti, erreserba modura. Aktibo hauek aurreikus daitekeen edozein konpromisotik kanpo egongo dira eta gastuen eta prestazioen, aurreikusitakoen nahiz errealen, arteko desbideraketak xurgatzeko kaudimen margen erabilgarri bezala balioko dute.

2.– Kaudimen margenaren zenbatekoa zuzkidura teknikoen gutxienez % 4 izango da.

3.– Berraseguratutako aurreikuspen-planak ez dute kaudimen margenik eratu behar izango.

11. artikulua.– Inbertitzeko jarraibideak.

Dekretu honen eraginpeko BASEen inbertsioek eta horiek osatzen dituzten aurreikuspen-planek ondorengo printzipio hauek jarraituko dituzte:

1.– BASEen aktiboak beraien bazkide oso eta onuradunen onerako bakarrik inbertituko dira. Interes-gatazkarik balego, erakundeak zaindu beharko du inbertsioa bazkide diren pertsonen onura defendatzeko bakarrik egingo dela.

2.– BASEen aktiboak batez ere araututako merkatuetan inbertituko dira. Inbertsioak gauzatzerakoan BASEek jarraitu beharko dituzten irizpideak segurtasun, errentagarritasun, likidezia, dibertsifikazio, barreiatze, moneta-kongruentzia eta bere helburuak lortzeko egokiak diren eta epeetakoak izango dira.

BASEek titulartasuna eta erabiltzeko askatasuna eduki beharko dituzte ondasun eta eskubideengan non inbertsioak gauzatuko dituzten.

3.– BASEen inbertsiorako aktibo egokiak honako hauek dira:

a) ELGAren alorreko merkatu araututan negoziatzeko onartutako errenta finko eta aldakorreko balore eta eskubideak, haiek harpidetzeko edo erosteko eskubidea sor dezatenak barne.

b) Finantza-aktibo egituratuak. Finantza-aktibo egituratutzat hartuko da bi aktibo edo gehiagoen konbinazioak, bitarteko eratorriek edo negozio juridiko bakar batez antolatutako bi horien konbinaketak osatutako aktiboa.

c) Jarraian adierazitako akzio eta partaidetzak:

i) Inbertsio kolektiboko erakundeetakoak eta aktiboak titulatzeko funtsetakoak, bai batzuk eta bai besteak Europako Ekonomia Espazioan ezarrita eta, balore higigarrietako inbertsio kolektiboko erakunde (BHIKE) jakin batzuei buruzko lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak koordinatzen dituen 85/611/EEE Zuzentarauari jarraituz, koordinaziopean daudenak.

ii) Inbertsio kolektiboko erakundeetakoak, baldin eta aurreko atalean sartuta ez egon arren, inbertsio kolektiboko erakundeei buruzko 35/2003 Legean, eta berau garatzeko gainontzeko xedapenetan, araututa badaude.

iii) Europako Ekonomia Espazioan ezarritako higigarrietako inbertsioko funtsetan, beti ere Europako Ekonomia Espazioaren edozein estatukideren kontrolerako aginte baten baimena eta ikuskapenaren menpe badago.

d) Ageriko gordailuak edo hamabi hilabete edo gutxiagorako epekoak, kreditu erakundeetan, beti ere horien egoitza Europar Batasunaren estatukide batetan badago eta ELGAren dibisa merkatuetan negoziatzen den dirutan izendatuta badaude.

e) Ondasun higiezinak eta higiezinen gaineko eskubide errealak.

f) Hipoteka-kredituak, baldin eta hipotekari buruzko legediak eska ditzakeen baldintza guztiak betetzen dituzten higiezinen gaineko lehenengo hipoteka bada.

g) Kreditu pignoratizioak, beti ere bermearen objektua, bere aldetik, aktibo egokiak baitira.

h) Europako Ekonomia Espazioko estatukideren batetan helbideratutako elkarteei emandako kredituak edo horien kuota-zatiak, baldin eta elkarte horien akzioak ELGAren eremuan merkatu arautu batetan negoziaketara onartuta badaude.

i) Europako Ekonomia Espazioaren estatukideren batetan kokatuta egoteagatik jarduteko baimena duen kreditu-erakunde edo aseguru-entitate batek bermatutako kredituak.

j) Europako Ekonomia Espazioko estatu, autonomia erkidego, toki-erakunde edo baltzu edo erakunde publikoei emandako finantziazioak, baldin eta segurtasunari dagokionez bermeak ematen badira, bai mailegu-hartzailearen kalitatea bai emandako bermeak direla eta.

k) Kapital-arriskuko sozietate edo funtsek jaulkitako akzio edo partaidetzak, kapital-arriskuko erakundeak eta bere sozietate kudeatzaileak arautzen dituen azaroaren 24ko 25/2005 Legearen arabera Espainian jarduteko baimena dutenek jaulkitakoak, hain zuzen.

l) BASEren konturako aktiboak kudeatzea jarduera esklusiboa duten sozietateetan akzioak eta partaidetzak, baldin eta kapitalaren % 90a gutxienez borondatezko aurreikuspen sozialeko erakunde bat edo batzuena bada.

m) Akzioak eta partaidetzak kapital-arriskuko erakundeetan, aurreko k) letrakoak ez diren erakundeak, beraien izena edo estatutua edozein izanda ere, ELGAko estatukide batetan helbidea dutela, azaroaren 24ko 25/2005 Legearen 2. artikuluan aurreikusitako kapital-arriskuko erakundeen jardueretan jarduten badira, aplikagarri duten araudiari jarraituz, beti ere hurrengo ń) letran ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

n) Bitarteko finantzario eratorriak. Ondorengo bitarteko finantzario eratorri hauetan inbertitzeko aukera egongo da: gerokoak, opzioak, eperako salerosketak, finantza-permutarako eragiketak. Erakundeek eratorriekin egiten dituzten eragiketak merkatu-prezioen arabera baloratu beharko dituzte egunero.

Merkatu antolatuetan negoziatutako bitarteko finantzario eratorrietan eginiko inbertsioa zorroa modu eraginkorragoan kudeatzeko inbertsio bezala egiteko aukera egongo da, zorro osoan edo horren zati batetan bere gain hartutako arriskuen estaldura egokia bermatzeko helburuz, edo errentagarritasun helburu jakin bat lortzeko bideratutako kudeaketa baten barruan.

Merkatu antolatuetan negoziatu ez diren bitarteko finantzario eratorrietan eginiko inbertsioa hurrengo 4. paragrafoaren c) letran aurreikusitako mugen pean egongo da eta bakarrik zorro osoan edo horren zati batetan bere gain hartutako arriskuen estaldura egokia bermatzeko edo errentagarritasun helburu jakin bat lortzeko bideratutako kudeaketa baten barruan egin ahal izango da. Jarraian adierazitako baldintza hauek bete beharko ditu:

i) Beste alderdiak ELGAko estatukideetan helbidea duten erakundeak izatea, mota honetako eragiketak ohiz eta profesional moduan burutzen dituztenak eta kaudimen nahikoa daukatenak.

ii) Eragiketak edozein momentutan bertan behera geratzeko aukera egotea BASEren eskariz, hortaz, eragiketa bakoitzaren kontratu-klausulek horien kitapena edo hirugarren batentzako lagapena ahalbideratu behar dute eta, horretarako, beste alderdia edo, hala badagokio, konpromiso hori hartu duen finantza-bitartekaria, erosketa eta salmentako eguneko kotizazioak eskaintzera behartuta egongo da, horiek zehazteko balorazio metodoa zein izango den zehatz-mehatz adieraziz.

ń) Errenta finko eta errenta aldakorreko baloreak, merkatu arautuetan negoziaziorako onartuta ez daudenak, eta ondorengo baldintza hauek betetzen dituztenak.

i) Ezingo dute mugarik izan aske eskualdatzeko.

ii) Horien jaulkitzaileek ELGAko estatukideren batetan helbidea duten erakundeak behar dute izan.

iii) Baloreak jaulki dituen erakundeak bere finantza egoera-orriak ikuskatu beharko ditu kanpokoa eta independentea den ikuskatzaile baten bitartez eta, inbertsioa egiteko unean, azken horren aldeko iritzia jaso beharko da erreferentziazko azken ekitaldiari dagokionez.

4.– Aktibo egokietan eginiko inbertsioa ondorengo dibertsifikazio, barreiatze eta kongruentzia irizpideei jarraituz egin beharko da:

a) Aurreikuspen-plan bakoitzeko aktiboaren % 70a gutxienez aurreko 3. paragrafoaren a), c), d), e) eta f) letrek aipatzen dituzten aktiboetan eta merkatu antolatuetan negoziatutako bitarteko finantzario eratorrietan inbertituko da.

b) Aktiboak behar bezain dibertsifikatuta egongo dira, aktibo bat, jaulkitzaile zehatz bat edo enpresa talde batekiko gehiegizko menpekotasuna saihesteko. Merkatuta arautuetan kotizatzen dituzten enpresa batek jaulkitako aktiboetan eginiko inbertsioak ezin izango du BASEren aktiboaren % 5a gainditu, ezta % 10a ere talde bereko enpresek jaulkitako aktiboak direnean.

c) BASEek ezingo dute beraien aktiboaren % 2a baino gehiago inbertitu enpresa batek jaulkitako merkatu arautuetan kotizatzeko onartuta ez dauden baloreetan, ezta % 4a baino gehiago ere talde bereko enpresek jaulkitako baloreak direnean.

d) Aurreikuspen-planen sustatzaile edo babesleek jaulkitako merkatu finantzario arautu batetan negoziatu ez diren baloreetan eginiko inbertsioak ezingo du planaren aktiboen guztizkoen % 2a gainditu.

e) Higiezinetan eta higiezinen gaineko eskubide errealetan eginiko inbertsioak ezingo du aurreikuspen-planaren aktiboaren guztizkoaren % 20a gainditu. Higiezin edo higiezinen gaineko eskubide erreal bakar batetan eginiko inbertsioak ezingo du aurreikuspen-planaren aktiboaren % 10a gainditu.

f) Kapital-arriskuko sozietate edo funtsek jaulkitako baloreetan edo partaidetzetan eginiko inbertsioak ezingo du jaulkitako tituluen edo zirkulazioan dauden partaidetzen guztizkoaren % 20a, balio izendatuan, gainditu.

g) Aurreko 3. paragrafoaren c) letran aurreikusi direnetako erakunde bakar batean eginiko inbertsioa aurreikuspen-plan bakoitzaren aktiboaren % 20ra arte hel daiteke.

h) Bitarteko eratorriak, aurreko b) letran aurreikusitakoaren arabera, azpikoaren bilakaerari loturiko merkatuaren arriskuarengatiko barreiatzearen mugen eraginpean egongo dira. Aipatutako muga horiek aplikatzeko, estaldura-bitartekotzat jotzen diren bitarteko eratorriak kokapen garbiaren arabera hartuko dira kontuan.

i) Aurreko 3. paragrafoaren l) letrak aipatzen dituen sozietateetan eginiko inbertsioa bada, aurreko dibertsifikazio eta barreiatze mugen neurketarako, BASEren zuzeneko titulartasunpeko aktiboen maila bakoitzaren balioari metatuko zaio sozietate horiei beraien partaidetzaren portzentajearen arabera dagozkien aktiboak neurtzetik ateratzen dena.

j) Aurreko a) eta g) letren artekoetan aurreikusitako mugak ez dira aplikatuko aurreikuspen-planaren Inbertsio Printzipioen Adierazpenean ezartzen bada planak merkatu baten edo batzuen adierazgarri den burtsako edo errenta finkoko indize jakin bat bai islatu edo erreproduzitu bai hura erreferentziatzat hartzen duen inbertsiorako politika bat garatzea helburu duela.

k) Arriskuaren kontzentrazioaren maila altua dela irizten denean edo aurreikuspen-planen finantza-zabalkuntza arriskuan jar daitekeenean, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak enpresa bazkide babesle edo sustatzaileen edo horien taldekoak diren enpresen pasiboan ager daitezen BASEi artikulu honetan zerrendatutakoen osagarri diren baldintza bereziak ezarri ahal izango dizkie.

5.– Artikulu honen 1etik 4rako ataletan zehaztutako arauak bai BASEek bai horiek beraien inbertsioak gauzatzeko erabilitako edozein baliabide edo tresnak gorde egin beharko dituzte.

6.– Aktibo egokiak aintzat hartuko dira honako irizpide hauen arabera:

a) Balore negoziagarriak, errenta finkokoak zein aldakorrekoak, diru bihurtzeko balorearen arabera baloratuko dira, hurrengo irizpide hauei jarraituz:

i) Merkatu arautu batetan negoziatzeko onartutako balore haientzat, diru bihurtzeko baloretzat hartuko da horien zenbatespenari dagokion egunaren itxieran duten kotizazioa edo, zenbatespenik ezean, azken argitaratutakoari edo batez besteko kanbio haztatuari, itxieran prezio ofizialik ez balego. Merkatu batetan baino gehiagotan negoziatu denean, negoziazio-bolumen handiagoa izan duenari dagokion kotizazioa edo prezioa hartuko da.

ii) Merkatu arautu batetan negoziatzeko onartu ez diren errenta finkoko tituluen kasuan edo, negoziatzeko onartuak izan direnean, horien kotizazioa edo prezioa nahiko adierazgarriak ez direnean, diru bihurtzeko balorea zehaztuko da haien etorkizuneko finantza-emariak, errenboltso balioa barne, beraien ezaugarriak direla-eta balore horiekin parekagarri den zor publikoaren merkatuaren interes-tasen arabera eguneratuz, delako baloreen likidezia mailaren, jaulkitzearen baldintza zehatzen, jaulkitzailearen kaudimenaren, herrialde arriskuaren edo tituluari datxekion bestelako arriskuaren adierazgarri den prima edo margen batetan gehituz.

iii) Bestelako baloreak direnean, aurreko letretan adierazitakoak ez direnak, diru bihurtzeko baliotzat hartuko da praktikan onartutako baloratzeko arrazoizko irizpideak aplikatzetik eratorritakoa.

b) Higiezinak beraien tasazio-balioaren arabera baloratuko dira. Higiezinak gutxienez urtero tasatu beharko ditu horretarako baimena duen erakunde tasatzaile batek. Hipoteka duten edo ordainketa atzeratuaren bidez erositako higiezinen kasuan, tasazio-baliotik ordaindu gabe dagoen hipoteka-erantzukizuna edo ordaintzeke dagoen prezioaren zati atzeratuaren egungo balioa kenduko da. Hori eguneratzeko erabiliko da zor publikoaren interes-tasa hura, dagokion obligazioaren hondakinak duen iraupenetik hurbilen dagoena.

c) Kredituak baloratuko dira egun duten balioaren arabera, bermeak duen balioaren mugarekin, eta hori eguneratzeko kredituaren hondakinak duen iraupenetik hurbilen dagoen zor publikoaren merkatuaren uneko interes-tasa erabiliko da, kontratazioaren baldintza zehatzen, jaulkitzailearen kaudimenaren, herrialde arriskuaren edo kredituari datxekion bestelako arriskuaren adierazgarri den prima edo margen batetan gehituz.

d) Hala ere, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak errenta finkoa baloratzeko berariazko arauak ezar ditzake, enplegu modalitateko aurreikuspen-planetarako, aurreikuspen-planaren aktiboan duen iraupena kontuan hartuta.

7.– Halaber, aurreikuspen-plan bakoitzaren aktiboa honako hauetan gauza daiteke:

a) Herri Ogasunaren aurkako kredituak, zergen gaineko atxikipen eta kitapenengatik.

b) Kredituak berraseguratzaileen aurrean, horniduretan duten partaidetzengatik, horiengatik gordailurik jaso ez duen zatian.

c) Aldatzeko dauden funtsei edo berrorekatzeko planen ondorioz amortizatzeko dauden defizitari dagozkien bazkide babesleen zorrak.

8.– Ogasun eta Herri Administrazio Sailari ahalmena ematen zaio aurreikuspen-planei loturiko beste aktiboen inbertsioei, alegia, aurretik zerrendatuta eza daudenei, dagozkien erregimen eta baldintzak ezartzeko.

12. artikulua.– Kudeaketa, gordailu eta zaintza.

1.– BASEek aurreikuspen-planen ondarea gauzatu deneko finantza-aktiboen kudeaketa kontratatu ahal izango dute kreditu erakundeekin, inbertsio kolektiboko erakundeen sozietate kudeatzaileekin, inbertsio enpresekin edo bizitza alorrean jarduten duten aseguru erakundeekin.

Aurreko paragrafoak aipatzen duen kontratazioa ondorengo baldintza hauen menpe egongo da:

a) Kontratuak idatziz egin beharko dira, Gobernu Batzarrak berariazko erabakia hartu ondoren.

b) BASE baten finantza-aktiboen kudeaketa erakunde baten edo gehiagoren esku utzi daiteke, zorro ezberdinen gaineko kontratu independenteen bitartez.

c) Kontratu bakoitzetik eratorritako mugimendu ekonomikoak eskudiruzko eta baloreen kontu espezifikoetan antolatuko dira, eta horien helburu bakarra kontratu horiek sortutako eragiketak antolatzea izango da.

d) Kontratuek zehaztu beharko dituzte kontratatu den erakundeak bete behar dituen aldizkako informazioaren betebeharrak eta kontrol-tresnak, BASEak kontratuaren helburu diren finantza-aktiboen kudeaketa eta egoera kontrola ditzan eta horien informazio egokia eduki dezan. Horretarako, kontratuan ezarri beharko da eginiko eragiketen eta kontratuaren xede diren aktiboen eguneroko balorazioa jakinarazteko erakunde kontratatuak duen betebeharra, gutxienez hilabetero, eginiko eragiketei buruzko txosten oso bat emanez.

e) Kontratuek ezarriko dituzte, kudeatutako ondarearen kudeaketa zuhur bat eta kontrol egokia bermatzeko beharrezkotzat jotzen diren inbertsioen dibertsifikazio eta barreiatze mugak baita baldintza kuantitatibo eta kualitatiboak ere.

2.– Halaber, BASEek erakunde gordailuzainekin kontratatuko dituzte aurreikuspen-planen ondarea gauzatu deneko finantza-aktiboen gordailu eta zaintza, indarrean dagoen araudiari jarraituz.

3.– Orobat, kudeaketa, gordailu eta zaintzari buruzko kontratu guztiak erregistro liburu batean jaso beharko dira. Liburu hori eguneratuta eta eskumena duen Administrazioaren eskura egongo da beti.

13. artikulua.– Publizitate-jarduera.

1.– BASEek publizitate-jarduera egin dezakete.

2.– Horretarako, BASE batek eginiko edozein komunikazio-mota publizitate-jarduera edo publizitatetzat joko da baldin eta horren helburua bada pertsona fisikoak Erakundera atxikitzea zuzenean ala zeharka sustatzea edo Erakundeari buruzko informazioa hedatzea, horretarako erabiltzen den publizitate bide edo euskarria edozein izanda ere.

3.– Publizitateak jasotzaileei informazio egiazkoa, eraginkorra, nahikoa eta gardena eman behar die, haren eduki eta mezu publizitarioari buruzko zalantzarik sortu gabe. Aukeratutako bide edo euskarria edozein izanda ere, mezuak duen publizitate izaera argi geratu behar da.

4.– Publizitate guztian BASEren izena argi jaso behar da. Halaber, haren bazkide babesle edo sustatzailearen izena jasoko da baita, hala badagokio, aurreikuspen-planari atxikitako ondarearen kudeaketaren ardura duen ala duten erakundearena edo erakundearenak ere.

5.– Publizitateak errentagarritasunari buruzko aipamenak jasotzen dituenean, ondoren azaltzen diren baldintzak bete beharko ditu:

a) Kalkulatuko da, kasu guztietan, urteko kopurutan, bi hamartar erabiliz, formula honen arabera:

	ZABn-ZABn-1

En = 	—————— 	x 100

	ZABn-1

Formula horretan,

En: n urteari dagokion errentagarritasuna.

ZABn: Ondarearen zati alikuotaren balioa n urteko abenduaren 31n

ZABn-1: Ondarearen zati alikuotaren balioa n-1 urteko abenduaren 31n

b) Inola ere ezingo dira publizitatean erabili urtebetetik beherako aldiei dagozkien errentagarritasunak ezta horiei dagokien urteko tasa ere. Halaber estrapolazioa ezin da egin ez aurreko aldietan lorturiko errentagarritasunei ezta zenbatespen batzuk oinarri hartuta kalkulatutakoei buruz ere.

c) Errentagarritasun historikoak argitaratzen badira adierazi beharko da zein aldiri dagozkion baita argi jakinarazi ere emaitza historikoek geroko emaitzarik ez dutela bermatzen ezta baldintzatu ere.

d) Errentagarritasun positiboak ziurrak direlako ustea hartzaileei agian ekarriko dieten adierazpide haiek inola ere ezin dira erabili BASEz kanpoko pertsonak batek aseguraturiko edo bermaturiko gutxienezko errentagarritasuna ez badago salbu. Azken kasu honetan argi eta garbi adierazi behar dira kanpoko bermearen nondik norakoak eta egiten duen pertsona juridikoa.

e) Kanpoko pertsona juridikoak aseguraturiko edo bermaturiko gutxienezko errentagarritasuna dauden kasuetan edo ordaina gauzetan egiten denetan, aseguraturiko edo bermaturiko errentagarritasunean urteko tasa baliokidea (UTB) modu nabarian sartu beharko da eta gainera adibide esanguratsu bat ere. Baldin eta litekeena bada publizitatean adierazi beharreko benetako errendimenduari edozerk eragitea orduan errendimendua zein tarte esanguratsutan mugitu ahal den adierazi beharko da. Halaber, baldin eta publizitatutako errentagarritasunak bere baitan badarama gauzetan ordain osoa edo partziala ematea, orduan artikulu honen 6. atalean aipatzen den jakinarazpenari erantsi beharko zaio ordainetan eskainitako gauzaren kostuaren xehetasuna, produktuaren balioa osatzen duten kontzeptu bakoitzari buruz azalpen zehatza ere ageri behar delarik.

6.– Hedatu baino lehenago edozein publizitate Ogasun eta Herri Administrazio Sailari jakinarazi beharko zaio. Hedabidearen arabera publizitate-kanpainetarako egitasmoek zintzo islatuko dituzte iragarkiak, testuak, kartelak, liburuxkak, irrati-iragarkiak, filmazioak edo beste edozein bide edo euskarri. Halaber, egitasmo horiek bere lurralde eremua zehaztuko dute baita beraien iraunaldia ere.

7.– Ogasun eta Herri Administrazio Sailak ahalmena izango du BASEei eskatzeko artikulu honetan bete ez dezan publizitatea zuzendu edo kentzeko, indarreko arauei jarraituz erakunde horiei eskatu ahal zaien erantzukizunen kalterik gabe.

8.– Jakinarazpenei eta gainontzeko informazioari dagokienez, baldin eta horiek badira enplegu modalitateko BASEek beren langile bazkide oso eta onuradunei eginikoak edo erakunde horietan lan-taldeak integratzeko helburua dutenak, Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailak xedatu dezanari begiratuko zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeen Erregistroan izena emanda dutelarik dekretu honen eraginpean ezinbestez dauden borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeek, dekretuan ezarritakoaren arabera eta arau hori indarrean sartzen denetik urtebeteko epean egokitu beharko dituzte beren estatutuak eta dekretuaren aurka joan daitezen xedapenak —arauzkoak nahiz estatutukoak— indargabeturik gabe geratuko dira. Xedapen iragankor honen 3. puntuan ezarritakoa epe hau aplikatzetik salbuetsita dago.

2.– Estatutuak dekretu honetara egokituko dira Estatutuak aldatzeko gaian otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuak (Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeen gaineko Legearen arautegia onesten duenak) ezartzen duen moduan.

3.– Dekretu honetako 2. artikuluaren a) atalean aipatzen egiaztapena dekretua indarrean sartzen denetik gehienez hogeita lau hileko epean egin beharko da. Epe horretatik aurrera gobernu batzarretara kide berriak sar daitezen 2.3 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

4.– Baliabide telematikoen bidez informazioa eskura ipintzeari dagokionez, ipintze hori, dekretu honetako 4. artikuluaren 3. ataleko a) hizkian aipatutakoa, alegia, gehienez hogeita lau hileko epean egin beharko da.

5.– Dekretu honen 11. artikuluan ezarritakoa betetzea 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera eskatu ahal izango da.

6.– Dekretu hau argitaratzen denean indarrean egon daitezen berrorekatzeko planek eutsiko diete aurretiaz onartutako epe eta estaldurei.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta daude dekretu honetan xedatu denari aurka egiten dioten lege-xedapen guztiak baldin eta maila berekoak edo apalagoak badira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeen gaineko Legearen arautegia onesten duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 5. artikulua honela geratzen da idatzita:

«1.– Beren estatutuetan ezarritakoarekin bat etorrita, aurreikuspen sozialeko erakundeek badute pentsioak ematerik baldin eta honako kontingentziak gertatzen badira:

a) Erretiroa.

b) Heriotza.

c) Ezintasun iraunkorra.

d) Iraupen luzeko langabezia.

e) Gaixoaldi larria.

2.– Halaber, honako prestazio hauek eman ditzakete:

a) Osasun laguntza, ebakuntzak eta egonaldiak osasun zentroetan.

b) Aldi baterako ezintasuna.

c) Ehorzketa.

d) Mendekotasuna.

e) Bazkide osoen ondasunetan izandako kalteentzako ordainak, baldin eta etxebizitza, etxeko arreoa, lanabesak, abereak edo mutualisten beste edozein ondasun motakoak badira eta ondasunok bazkide osoaren lan-jardun edo lanbide jarduerarekin lotura badute.

f) Gizarte aurreikuspenarekin zerikusia duten beste batzuk».

Bigarrena.– Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeen gaineko Legearen arautegia onesten duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 12. artikuluaren b) hizkia honela geratzen da idatzita:

«b) Erabilitako interes-tasa eta, halaber, beronen justifikazioa.»

Hirugarrena.– Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeen gaineko Legearen arautegia onesten duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 16. artikulua honela geratzen da idatzita:

«1.– Borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeen administrazio gastuak dagokion erakundearen estatutuetan esleitutakoak izango dira eta inola ere ezingo dituzte gainditu, prestazio motaren arabera jarraian adierazten diren ehunekoak:

1.1.– Borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeen administrazio gastuak, betiere ulertuta estaltzen dituztela zehatutako ekarpen sistemaren eraginpean diharduten kontingentziak, alegia, erretirokoa eta

halaber ezintasun iraunkorrekoa, heriotzakoa, epe luzekoa, langabeziako edo gaixoaldi larrikoa, ehunekoetan emanda idatzita ageri beharko dira dagokion arautegian eta bere estatutuekin bat etorriz. Administrazio gastuak ezarriko dira aurreikuspen-plan bakoitzari atxikitako gastuen arabera edo beronen eta bere errendimenduen arabera eta urteko zenbaketan honako muga hauek ezingo ditu gainditu:

a) Bakarrik planari atxikitako ondarearen arabera kalkulatzen badira ondarearen % 2.

b) Bi aldagai erabiltzen badira, atxikitako ondarearen % 1 eta errendimenduen gaineko % 10.

Lortutako errendimenduen gaineko ehunekoa bakarrik aplikatu ahal izango da baldin eta artikulu honetako 1.5 paragrafoak aipaturiko aldirako kalkulatuta zati alikuota bakoitzeko baloreak portzentaje hori aplikatu ondoren gainditzen badu aurreikuspen-plana sortu zenez geroztik hark lorturiko gehienezko balorea.

Halere aurreko paragrafoan ezarritako eskakizuna ez betetzeagatik bost ekitaldietan zehar errendimenduen gaineko ehunekoa aplikagarria gertatuko ez balitz, gainditu beharreko balore berri gisa bosgarren ekitaldiaren azkena ezarri ahal izango da.

Plana formalizatua izan dadin akordiotik edo plana aldatzeko akordiotik aurrera kontatzen hasita hamar eguneko epean BASEek Ogasun eta Herri Administrazio Sailari jakinarazi beharko dizkio administrazio gastu kontzeptu moduan aplikatu behar dituzten ehunekoak. Akordioaz hartutako ehunekoak ezingo dira aplikatu aipaturiko jakinarazpena egiten ez den artean. Ogasun eta Herri Administrazio Sailak ahalmena izango du aipaturiko ehunekoak argitaratzeko.

1.2.– Ondorio horietarako, administrazio gastutzat hartuko dira baloreen salerosketatik eratorritako artekaritza-gastuak salbu zuzeneko nahiz zeharkako gastu guztiak baldin eta horiek badira aurreikuspen-plan bakoitzari atxikitako ondarearen administrazioak ekarriak. BASEak inbertsio kolektiboko erakundeetan edo kapital-arriskuko erakundeetan inbertitzen badu, aurreko 1.1 paragrafoan ezarritako mugek batera eragingo dute kudeatzaile, gordailuzain edo erakunde desberdinek jaso behar dituzten komisio metatuen gainean.

1.3.– Aurreikuspen-planari atxikitako ondaretzat hartuko da prestazioak, mobilizazioak edota erreskateak kenduta, ekarpen guztiek —kalkuluari dagokion aldian eginikoak salbu— zehazten duten kapitalizazio funtsa hura gehi inbertituriko baliabideek eta aktiboen gainbalioek edo minusbalioek sortutako errendimenduak ken aurreko 1.1 atalarekin bat etorriz aurreikuspen-plan bakoitzerako ezarritako administrazio gastuak. Aipaturiko errendimenduei dagokienez, kalkuluari dagokion eguneko merkatuaren prezioan baloratuko dira edo, kalkulu hori egongo ez balitz zuhurtzia handieneko irizpideei jarraituz eta oro har baloratzeko erabili ohi diren bideak aplikatuz haren benetako balorearen arabera. Atxikitako ondarea zati alikuotetan banatuko da.

1.4.– Bazkide oso eta onuradun bakoitzaren eskubide ekonomikoak eragiketa baten emaitza dira, zati alikuota bakoitzaren balorea bazkide horietatik bakoitzari egozgarri izan dakizkion zati kuoten kopuruarekin biderkatuz lortzen dena, hain zuzen.

1.5.– Banakako modalitatean atxikitako ondarearen zati alikuota bakoitzaren balorea egunero zehaztu beharko da. Enplegu modalitatean edo bazkidetutakoan balore kitagarria hilean behin gutxienez zehaztu beharko da eta hil bakoitzeko azken egunean.

2.– Zehaztutako prestazioko sistemaren eraginpean bere jarduera gara dezaten borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeen administrazio gastuak, erakunde horien estatutuetan ezar dadinarekin bat etorriz idatzita azaldu beharko dira dagozkien arauetan, ehunekoetan emanda. Gastu horiek urteko kopuruan ezingo dute % 2 gainditu ez urteko hornidura matematikoen guztiarekiko ezta, halakorik balego, bazkide oso eta onuradun bakoitzari egotzi dakizkionarekiko, berauek, hain zuzen, dira beren eskubide ekonomikoak osatzen dituztela. Ondorio horietarako, administrazio gastutzat artikulu honetako 1.2 atalean ezarritakoak hartuko dira.

3.– Borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeen administrazio gastuak, betiere ulertuta horien xedeko jarduerak ez direla ez erretiro alorreko aurreikuspen-planak, ez ezintasun iraunkor alorrekoak, ez heriotzakoak, epe luzeko langabeziakoak ezta gaixoaldi larrikoak ere, beste jarduera batzuk baizik, estatutuetan idatzitakoak izango dira eta inola ere gastu horiek ezingo izango dira zenbateko hauek baino handiagoak:

a) Itxitako azken ekitaldian sortu diren kuota eta derramen zenbatekoaren % 15.

b) Zuzkidura teknikoen zenbatekoaren urteko % 2,6.

Ondorio hauetarako, administrazio gastutzat hartuko dira langileen gastuak, amortizazioekiko zuzkidurak eta kanpoko zerbitzuengatiko gastuak.

4.– Salbuespeneko izaeraz, eta betiere Erakundeak behar bezala justifikatu badu, Finantza Zuzendaritzak ahalmena du nolabait artikulu honetan ezarritako gehienezko mugak baino gastu portzentaje bat handiagoa aldi baterako baimentzeko».

Laugarrena.– Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeen gaineko Legearen arautegia onesten duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 31. artikuluaren c) hizkia honela geratzen da idatzita:

«c) Metaturiko erretserben itzulketa.»

Bosgarrena.– Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeen gaineko Legearen arautegia onesten duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 21. artikuluaren d) hizkia kentzen da eta artikulu horri paragrafo berri bat gehitzen zaio. Paragrafoa honela idatzita ageriko da:

«Halaber, aurreikuspen-planetan sartuta dauden borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeek bere estatutuetan ezarriko dute bazkide osoaren eta onuradunaren eskubidea beren eskubide ekonomikoak beste aurreikuspen-plan batera mugitzeko honako arau hauei jarraituz:

a) Banakako modalitateko aurreikuspen-planetan eskubide ekonomikoen mugimendua preskripzio hauen arabera egingo da:

i) Baldin eta onuradunak hala eskatzen badu eta betiere prestazioaren berme eta aseguramendu baldintzek horretarako aukera ematen badute, onuradunen eskubide ekonomikoak beste aurreikuspen-plan batzuetara mugitu ahal dira.

ii) Bazkide osoak edo onuradunak bere eskubideen hartzaile izan nahi duen erakundera idatziz zuzendu beharko da bazkidea ez den kasuan bazkide bezala hartzeko xedez eta funtsak hartzea onar dezan. Gainera, Erakundea identifikatuko du eta plan hura nondik mugimendua egin nahi den. Halaber, xedeko erakundeari baimen bat erantsiko dio bere izenean jatorriko erakundeari zenbateko zehatz bat edo bere eskubide ekonomiko guztiei dagokiena eska diezaion. Orobat, ziurtagiri bat ere eskatu beharko dio non agertuko den aipatutako eskubide ekonomikoak sortu zituen lehenengo ekarpenaren data.

iii) Eskubide ekonomikoak aurkezteko gehienezko epea bost egun baliodunekoa izango da jatorrizko borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundean dokumentazio guztia aurkezten den egunetik aurrera.

b) Bai zehaztutako ekarpenari bai zehaztutako prestazioari dagokienez, enplegu modalitateko aurreikuspen-planetan eskubide ekonomikoak mugitzeak –betiere eskubide horiek hala aitortuta badaude – baldintza bat izango du, jardunean edo etendura egoeran dagoen bazkide osoak bazkide babeslearekin duen lan-harremana amaitzea, alegia. Eskubideen mugimendua —eskubide guztiei egokitu beharrekoa — lehentasunez beste enplegu plan batera egingo da eta hala ez denean beste edozein aurreikuspen-plan batera, betiere baldin eta betetzen baditu jatorrizko BASEren estatutuetan aurretiaz ezar daitezen prestazioen kobrantza moduaren gaineko baldintzak eta ezaugarriak. Bazkideak mugimendurako eskubideaz baliatzen hasteko estatutuetan ezarriko den epea ezin da izan bi urtekoa baino luzeagoa lan harremana amaitzen denetik kontatzen hasita. Doakionak mugitzeko eskaera egin ondoren, Erakundeak betetzeko duen epea bi hilekoa baino laburragoa da. Enplegu aurreikuspen-planen bazkide pasibo eta onuradunek, eskubideak mugitzeari dagokionez, beren estatutuetan ezarritakoari jarraituko diote. Enplegu modalitateko aurreikuspen-planek bidezko tratamendu bat eman beharko diote etendura egoeran dauden bazkideek aitorturik eduki ditzaten eskubide ekonomikoen baloreari. Ulertuko da tratamendua bidezkoa dela baldin eta gutxienez eskubide ekonomikoen balorea egokitzen bada etendura egoerako bazkidea sartuta dagoen aurreikuspen-planaren aktiboen inbertsioagatik lortzen den errendimendu tasaren arabera.

c) Bazkidetutako motako BASEek beren estatutuetan ezarriko dute bazkide osoak eta onuradunak bere eskubide ekonomikoak beste edozein aurreikuspen-planetara mugitzeko izango duten eskubidea, edo bestela ezarriko dute mugitze horrek bazkidetzeko lotura haustearekiko izango duten baldintza. Lehengo kasua bada, aurreko a) hizkian ezarritakoari jarraituko zaio eta, bigarrena bada, aurreko b) hizkian ezarritakoari.

d) Eskubide ekonomikoak mugitzeak bazkide osoari edo onuradunari ez dio gastu bat ere sortuko ezta aipaturiko eskubide horiei inolako gutxitzerik ezta kalterik ekarri ere».

Seigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko maiatzaren 29an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala